Eta, zinea pelikulak baino gehiago balitz?

  • Zine eskola batean pentsatzen dugunean askotan pelikulak datozkigu burura zuzenean. Zein pelikula egiten irakasten diete zine eskola horretan? Zein pelikula egingo dituzte zine eskola horretako ikasleek? Zeintzuk izango dira etorkizuneko pelikula horiek? Nola irakasten da pelikulak egiten? Elías Querejeta Zine Eskolak bederatzi hilabete daramatza martxan bere lehenengo berrogeita bost ikasleekin eta galdera zerrenda horri beste bat gehitzera behartuta gaude: eta zinea pelikulak baino gehiago bada?

Argazkia: Elias Querejeta Zine Eskola.
Argazkia: Elias Querejeta Zine Eskola.

Sarrerako galdera hori erantzuten saiatzeko, irudimen ariketa bat proposatzea gustatuko litzaidake:

1. SEKUENTZIA:
Barruan – Zine eskolako gela bat – Egunez

Mikel Gurrea zine zuzendaria zine eskolara iritsi berri da. Teknikariak lagunduko dio oraindik hutsik dagoen aretoan ordenagailu eramangarria proiektorera konektatzen. Pixkanaka ikasleak agertzen joango dira. Baten batek baso bete kafe darama eskuan asteleheneko lehen orduko klaseetan ikusi ohi den bezala. Guztira hamabost ikasle dira, hogei-hogeita bost bat urtekoak. Mahai handi baten inguruan eseriko dira guztiak. Sorkuntza espezializazioko taldea da.

Finantzazio-ereduak ere zinema dira: Oliver Laxek 2010ean 30.000 euroko diru-laguntza zuzena jaso zuen lehenbiziko film luzea egiteko. Aurten, epaimahaiaren saria jaso du Cannes-en

Mikel taldearekin biltzen den lehenengo aldia den arren, orain dela aste batzuk bidali zien beraiekin lantzea gustatuko litzaiokeen materiala. Ez libururik, ez artikulurik, ez filmik. Mikelek bere lehenengo film luzearen gidoiaren azken bertsioa bidali zien ikasleei: Suro (Artelazkia). Zinegileak hilabete luzeak daramatza Suro pelikula idazten eta prestatzen. Dagoeneko aktoreak eta ekipoa itxita ditu eta dena ondo badoa, 2020ko udan filmatuko du. Gidoiaren azken fasea lau eskutara idatzi du eta pozik dago azken bertsioarekin. Ikasle taldearentzat ariketarik politena iruditu zaio gidoia beraiekin partekatzea, ikasle bakoitzak nolabait gidoia bere egin dezan, nahi duen guztia hankaz gora jarriz. Ekainean aktore protagonistetako bat joango da zine eskolara eta Sorkuntza ikasleetako bakoitzak Suro gidoian oinarritutako eszena bat filmatu beharko du berarekin, antzezlea zuzenduz eta eszena bakoitzaren sorkuntzak dakartzan erabaki guztiak hartuz. Mikelek gidoiaz gain, taldearekin partekatu ditu bere beste lan-material batzuk ere: lokalizazioak, aktoreekin egindako saioak, erreferentziak, ideia eta zirriborroak.

Ikasleak jabetu dira daukaten zorteaz: Mikelek sorkuntza prozesu bat zuzenean bizitzera gonbidatu ditu. Filma oraindik existitzen ez denean, filma oraindik bere irudimenean bakarrik eusten denean, behin eta berriro oraindik zalantzek jan zaitzaketenean.  

2. SEKUENTZIA:
Barruan – Zine eskolako laborategia – Egunez

Silvia Casagrande eta Clara Sánchez-Dehesa artxibo adituak laborategian daude material filmikoarekin lan egiteko tresnaz inguraturik: lotailuak, argi mahaiak, bobinatzeko makinak, mobiolak eta abar. Mahai handiaren erdialdean, beraien parean, herdoildutako zenbait lata biribil handi daude. Biek eskularruak jantzita dauzkate. Bost ikasle iritsiko dira. Urduri xamar daude. Pozik. Kutxa batetik eskularruak hartu eta hitz egiten duten bitartean jantziko dituzte. Egun berezia da. Joan den udan Javier Odériz errealizadore nafarrak bere artxibo pertsonalean zituen 1924. urteko bi film muturen bobina batzuk zine eskolara eraman zituen nahi izan ezkero ikertu zitezen. Oso pelikula bereziak dira. Bata, The Price of the Party estatubatuarra, Charles Giblynek zuzendua; Amerikako Estatu Batuetako Kongresuko liburutegiaren arabera, munduan dagoen kopia bakarra da. Bestea, Die Vier letzten Sekunden des Quidam Uhl alemaniarra. Zuzendaria espresionismo alemaniarraren aitzindarietako bat izan zen, Robert Reinert. Oso film bereziak dira garai horretan egin ziren ekoizpenen %80a desagertu baita. Nitratozko pelikulak ziren eta nitratoa material sukoienetako bat da –Quentin Tarantinoren Inglourious Basterds-en ikus daitekeen bezala–. Beraz, mahai handiaren erdialdean, beraien parean dauden herdoildutako lata horiek bitxikeria bat gordetzen dute. Bitxikeria delikatu eta hauskorra, oso erraz sutan kiskali daitekeena. Gaur lehenengo aldiz irekiko dituzte herdoildutako lata horiek.

Bost ikasleak Artxibo espezializaziokoak dira eta This film is dangerous ikerketa proiektuan parte hartzen dute. Zine eskolan egon diren lehenengo hilabeteetan bi pelikula hauen inguruko ikerketari ekin diote munduko zenbait artxiborekin hitz eginez eta bi filmei buruzko ikerketa historikoan murgilduz. Besteak beste, badakite pelikula alemaniarraren beste bobina batzuk Municheko Filmategian daudela eta zine zuzendariak efektu bereziak egiteko makina bat asmatu eta eraiki zuela. Pauso horiez gain, Artxibo espezializazioan materiala aztertzen, konpontzen eta zaharberritzen ikasi dute. Gaur, azkenik, prest daude herdoildutako lata horiek ireki eta agian zinearen historia betirako aldatzeko. Eskularruz babestutako beren eskuetan dago.

Argazkia: Elias Querejeta Zine Eskola.

3. SEKUENTZIA:
Barruan – Biltegia – Egunez

Apalez betetako biltegi batean Pablo La Parra ikerlaria eta zine eskolako zortzi ikasle daude. Ikasleetako hiruk argazki albumak aztertzen dituzte mahai batean eserita. Eskularruak jarri berri dituzte. Beste hiruk, bakoitzak Festival aldizkariaren ale bat daukala, kontuz pasatzen dituzte orriak. Beste biak zutik daude arbela txuri baten parean. Batek bertan idazten ditu besteak esaten dizkion datuak. “Alice Guy Taldea!” esango du aldizkaria irakurtzen ari den ikasleetako batek eta gainontzekoak berarengana hurbilduko dira.

Zinemaldia 70. istorio posible guztiak ikerketa proiektua garatzen ari den taldea da. Ia guztiak Komisariotza espezializaziokoak. Zinemaldiak zenbait urtetan Martuteneko biltegi batean gorde duen materiala ikertzen ari dira Zinemaldiaren 70. urteurrenean jendearentzako eskuragarri egon dadin. Proiektuaren lehenengo fase hau Trantsizioaren lehenengo urteen inguruan egitea erabaki dute, bai momentu historikoaren garrantziarengatik, baita aldaketa momentu bat izan zelako ere Zinemaldiaren izaeran.
Azken aurkikuntza liluragarria 1978 urtean antolatu zen Emakumeek egindako zinea izeneko ziklo bat da. Mirentxu Loyarte, Chantal Akerman, Agnès Varda edo Vêra Chytilová zinegileen pelikulak proiektatu ziren Donostian. Gainera, mahai inguru bat antolatu zen non, besteak beste, emakumeek egindako zineak forma edo lengoaia zinematografiko ezberdin bat behar zuen sutsuki eztabaidatu zen.

“Alice Guy Taldea!”. Festival aldizkarian Alice Guy Taldeak sinatutako idatzi bat aurkituko du ikasleetako batek: “Zinema egiteko andre talde bat eratzeko asmoa, andreek espresio eta komunikabide bakoitzaz jabetzeko konbentzimendutik dator. Gure taldeak zinemagile-autokontzientzia nahi du izan; geure baitatik kanporatu nahi genuke; irudimena, fantasia, gauzak gure erara nabaritu eta ikusi, eta kamera bidez komunikatu. (...) Gure helburu nagusia pelikula bat errealizatzea da, zerbait berria nabaritu ahal izateko, bai lan egiteko eran, bai mintzaeran”.

Baina, nor ziren Alice Guy taldeko kideak? Proiektua garatzen ari diren ikasleak kalera atera beharko dira elkarrizketak egitera eta garai horretan zikloa antolatu zuten Donostiako emakume asanbladako kideekin biltzera, hitz egitera, egin zuten guztian sakontzera. Horrela, biltegi batean gordeta zegoen aldizkari batean aurkitutako hitzei jarraituz iritsi daitezke gaur egun aldarrikatuak izatea merezi duten iraganeko ahotsetara.  

Argazkia: Elias Querejeta Zine Eskola.

4. SEKUENTZIA:
Barruan – Cannes-eko antzokia – Gauez

Jendez gainezka dago Canneseko antzokia. Pantaila izugarriak argi laranja zabaltzen du aurtengo Agnès Vardaren omenez egindako kartelak bezala. Un certain regard (Halako begirada bat) sailaren sariak banatuko dituzte. Epaimahaiko bost kideak eszenatokian daude. Lehenengo saria: interpretazio onenari. Chiara Mastroianni Chambre 212-rengatik (Christophe Honoré). Txalo bero bat. Bigarrena. Zuzendari onena. Txalo bero bat. Hirugarrena. Epaimahaiaren aipamen berezia. Txalo bero bat. Laugarrena. Epaimahaiaren saria: Oliver Laxe O que arde-rengatik. Txalo bero bat. Galizieraz Canneseko historian parte hartu duen lehenengo pelikula. Txalo bero-bero bat.

Kontraesana dirudi pelikula batekin bukatzeak “eta, zinea pelikulak baino gehiago balitz?” galderari erantzuteko saiakera hau. Oliver Laxeren O que arde pelikularekin hain zuzen ere. Kontua da, O que arde-ren atzean Galiziako zenbait historia daudela. Kontua da, pelikula baten atzean lurralde oso baten kultura zinematografikoa dagoela. Galiziaren kasuan, NUMAX bezalako kooperatiba garaikide bat posible egin duen zine kluben historiaren aldarrikapena, adibidez. Baita 2005. urtean Axencia Audiovisual Galegak martxan jarri zituen sortzaile berrientzako laguntza zuzenak ere. Oliver Laxek, besteak beste, 2010ean 30.000 euroko diru-laguntza zuzena jaso zuen neurri hauei esker bere lehenengo luzemetraia eginez (Todos vós sodes capitáns) eta bederatzi urte geroago, zinearen historia aldatuz, lehenengo aldiz entzun eta ikusarazi du galiziera Cannesen. Beraz, zinea pelikulak baino askoz ere gehiago bada. Zinea ikerketa, idazketa, irakurketa, neurriak, eztabaidak, elkarrizketak, oroimenak eta aldarrikapenak ere badira. Eta zinea, noski, pelikulak ere badira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2025-02-19 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Arkitekto aktorea

Madrilen arkitektoentzako kongresu bat burutu berri da, arkitekto profesioaren krisiaz eztabaidatzeko. Arkitekto izateko modu tradizionala eta gaur egungoa desberdindu dute. Zertan den tradiziozkoa? Oscar bidean den The Brutalist filmean ageri den arkitekto epikoarena. Nor bere... [+]


2025-02-19 | Estitxu Eizagirre
Francisco Vaquero
“Euskal Herria makroproiektu berriztagarrien aurka borroka gehien egiten ari den lurraldea da”

Makroproiektu "berriztagarriek" sortzen dituzten ondorioak filmatu ditu Vidas irrenovables (Bizitza ez-berriztagarriak. Euskarazko eta frantsesezko azpitituluak prestatzen ari dira) dokumentalean Extremadurako (Cabeza del buey, Espainia, 1985) landagunean hazitako... [+]


Goya sariak eta esaten (ez) diren hainbat kontu

Euskal herritar ugari saritu ditu Espainiako zine akademiak pasa den asteburuan banatu diren Goya sarietan. Artikuluaren bigarren partean, zeresana eman duten hainbat kontu aletuko ditugu.


'Itoiz, udako sesioak' filma
“Itoizek eragindako emozioen bideari eutsi diogu, Juan Carlosek egin duen benetako prozesua jaso dugu”

Itoiz, udako sesioak filma estreinatu dute zinema aretoetan. Juan Carlos Perez taldekidearen hitz eta doinuak biltzen ditu Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andrakaren filmak. Haiekin mintzatu gara Metropoli Foralean.

 


Nolakoa zatekeen sekula eraso gabeko Palestina?

Zeresana ematen ari da Rami Younis kazetari eta aktibista palestinarraren LYD animaziozko film-dokumentala. Fikziozkoa da, Israelek inoiz okupatu gabeko Lyd hirian kokatua, zeinean ez den sekula ere britainiarren koloniarik egon, eta juduak eta arabiarrak elkarrekin bizi diren;... [+]


2025-01-14 | Sustatu
“Dragoi Bola” maratoia, atalak Makusin ikusgai jarriko dituztela ospatzeko

"Dragoi Bola" maratoia egingo da EITBren Bilboko egoitzan datorren larunbatean urtarrilak 18; 16:00etatik 21:00etara. Motiboa da Dragoi Bola euskaraz bikoiztuaren atalak Makusi plataformara iritsiko direla, euskaraz eta doan, ostiralero atalen batzuk gehituz joango... [+]


2024-12-17 | ARGIA
Itsasertzaren kudeaketa Jaurlaritzaren esku geratuta, proiektuak “bizkortu ahal izango dira”

Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.


Euskararen Egunean ‘Bizkarsoro’ filma “kontraprogramatzea” egotzi diote ETBri

ETB1ek Bizkarsoro filma estreinatu zuen Euskararen Egunean iluntzean. ETB2ri aldi berean gaztelaniazko azpidatziekin ematea proposatu bazioten ere, kate horretan Tasio eskaini zuten gaztelaniaz azkenean, eta horrek haserrea sortu du euskaldun askorengan sareetan.


2024-11-27 | Onintza Enbeita
Aran Calleja. Filmetako musika egilea
“Musikan, emakumeok lan handia egiten ari gara ikus gaitzaten”

Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]


Fermin Muguruza
“Aldatzeak eta mugitzeak pizten dit grina”

Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]


‘Bizkarsoro’ Donostiako zinemetara iritsiko da, Bageraren, udalaren eta SADEren elkarlanari esker

Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]


Bazterkeria egoeran dauden pertsonen inklusioa lantzen duen zinema festibala abian da Bilbon

Bizitegi elkarteak 2016a geroztik antolatzen duen duen film eta antzerki jaialdia jada abian da Bilbon.


2024-10-23 | Julene Flamarique
Zinebik 44 herrialdetako 132 film proiektatuko ditu Bilbon astebetez

Azaroaren 8tik 15era egingo dute zine jaialdia. Euskal Herriko zinema lanak ere izango dira pantaila aurrean, besteak beste Tasio filmaren bertsio zaharberritua eta La Muerte de Mikel, filmaren estreinalditik 40 urtera.


Eguneraketa berriak daude