Suedian gero eta bidaiari gehiagok hautatzen omen du trena hegazkinaren ordez, klimaren krisiaz kezkatuta, atmosferara CO2 gutxiago isuri nahian. Suediaz harago ere gertatzen ari da: suedieraz flygskam deitzen dutena ingelesez diote flight-shame, nederlanderaz vliegschaamte, alemanez flugscham... Euskal Herrira iristen bada, hegaldatzeko lotsa. Baina nola ahalgetu hegan egiteaz, Baionatik Parisera –pentsa urrunago...– merkeago bazoaz hegazkinez trenean baino?
Europako gazteria aspaldian inork gutxik bezala inarrosarazi duen Greta Thunberg apirilaren 25ean itzuli zen Suediako bere etxera Europan zehar 11 eguneko bira eginda. Stockholmeko geltoki nagusian hartu zuen lurra eta ez aireportuan, bidai osoa trenez egina zelako: apirilaren 14an abiatuta, 16an hitzaldia Estrasburgon Europako Legebiltzarrean, 17-18an Erroman eta tartean Vatikanoan Frantzisko aita santua ikusten, 21-23an Londresen Extinction Rebellionekoekin egotera eta 25ean etxera.
Thunberg ez da hegazkinari uko eginez trena hartu duen bakarra. BBC telebista ingelesak kontatu ditu Suediatik Espainiako Andaluziaraino trenez bidaiatzea hautatu duten familien istorioak. Beste herrialde batzuetan bezala Suedian ere herritar askok sentitzen du hegaldatzeko lotsa, klimaren aldaketari hainbeste kalte egiten diola jakin arren hegazkina hartu izanagatik errudun sentitzetik abiatuta.
Bidaiariok ohiturak aldatu eta trenez egiten dituzte beren joan-etorri profesionalak eta bakantzak, harro aldarrikatuz sare sozialetan. Facebooken daukaten orria aurten bertan 4.000 zaletutik 77.000ra handitu da BBCk dioenez. Herritarron elkarrizketetan aipatzen dira hegaldatzeko lotsa [flygskam], trenaren harrotasuna [tagskryt] eta ezkutuka hegazkina hartzea [smygflyga], iruzurra.
Neguan eguzki bila atzerri urrunetara bidaiatzeko ohitura zabaldua daukan Suedian azken urteotako lehenbiziko aldiz gutxitu egin dira hegaldiak, 2019ko lehe hiru hilabeteetan iaz epe berean baino 378.000 gutxiago irten dira hegan, adituek diotenez hango herritarren artean klimaren krisiaz zabaldu den kontzientzia hartzearen lekuko. Antza denez, suediarrek bereziki nabaritu dituzte tenperaturen igotzearen lehen eraginak naturaren erritmoen aldaketetan bezala jendeen eguneroko bizimoduan, eta sakrifizio pertsonal batzuk beren gain hartzea deliberatu dute, edo gutxiago bidaiatuz edo bidaiatzekotan garestiago den trena hautatuz.
Hegazkinek kutsadurari eta klimaren krisiari dagioten kaltea kalkulu ofizialetan oso azpitik jota dagoela aspalditik ari dira salatzen zenbait aditu. Berrikitan The Conversation webgunean Aurelien Bigo unibertsitariak honakoa idatzi du: “Hegazkinezko bidai batek 1.500 aldiz gehiago kutsatzen du trenez egindako batek baino”. Xehetasun argigarriak eskaintzen ditu.
Garraiobideen alderaketa egiteko gehienetan bakoitzak kilometroko zenbat CO2 emititzen duen kalkulatzen da.
Horren arabera, hegazkina da kutsatzaileena, automobila ia maila berekoa eta trenaren kutsadura 45-ez biderkatzen dute biek. Baina hegazkinak bien aldean oso distantzia handiak korritu ditzakeenez denbora berean, ez ote da komeni beste faktore bat ere zaintzea?
Kalkulua bidai-orduko egin dezagun. Euskaldun bat prest baldin badago bakantza lekura iristeko 10 orduz bidaiatzeko, autoz Espainia edo Frantzia zeharkatu ahal izango ditu, baina hegazkina hartzen badu kontinente osoa eta gehiago. Bigoren kalkuluetan, hegazkinezko bidai batean herritar batek autoz joandako batek baino 125 bider CO2 gehiago isurtzen du eta trenez bidaiatu duenak baino 1.500 gehiago. Zer ikusirik ez soilik kilometroka egindako alderaketetatik.
Kutsadurak eta zergak barkatuta
Baina merezi ote du herritarrak kezkaraztea beren ametsezko asteburu batean Londresera edo Bartzelonara hegazkinez joateagatik, ibilgailu horri ez badagokio kalkulu ofizialetan klimaren aldaketa eragiten duen CO2-aren isurketen %0,8 baizik? Frantziako datuak dira, ez galdetu existitzen ez den Euskal Herriko estatistikarik, arren. Nazio Batuen klimari buruzko biltzarretan itsas eta aireko garraioak kontabilizatzen ez badira, zergatik beldurtu herritarra?
Kontua da, dio Bigok, nazioarteko hegaldiak kalkuluetan sartuz gero garraioei dagokiela planetako CO2 isurketen %1,5 –Frantziak isurien %4,4, euskaldunok ez gara atzetik ibiliko–, ez da mesprezatzeko kutsadura. Baina, gainera, CO2a ez da hegazkinen kutsaduraren atal bat baizik, gehitu behar zaizkio klimarentzako txit kaltegarriak diren NOx nitrogeno oxidoa eta gas gehiago, atmosferaren oso goiko geruzetan isuriak, denetara garamatzatenak kopuruak bi halakoz biderkatzera.
Alabaina, IATA Aire Garraioko Nazioarteko Elkarteak aurreikusi du 2050 bitartean bidaiarien trafikoa bikoiztu egingo dela. Bidaiariak %3,5 ugarituko omen dira urtero baina hegaldien industriak eraginkortasun energetikoa hobetuko du urtero... %1,5. Klimaren krisia arintzerik ezin horrela espero.
Industriaren arrakastaren neurritzat balio dezake Europar Batasuneko hegazkinen kutsaduraren handitzeak: 1990tik 2014ra artean %110 gehiago. “Nola ulertu hegazkinaren arrakasta hau?”, galdetu du Olivier Maryk Reporterre aldizkarian plazaratutako “Les avions ne payent pas d’impôts mais polluent au maximum“ [Hegazkinek ez dute zergarik pagatzen baina kutsatzen nagusi dira] analisian. “Erraza da: urte luzez industria aeronautikoak metatu dituen pribilegioei esker. Batetik abantaila fiskalak eta bestetik CO2 kuoten sistema, sektorea bizi da sasoi aldirik onenean”.
Hegazkin konpainien arrakasta oinarritzen da Chicagoko 1944ko Itunean, zeinetan estatuek hitzartu baitzuten nazioarteko hegaldietarako kerosenoak zergarik ez edukitzea. Geroztik salbuespen hori zabaldu zitzaion estatu barruko hegaldietarako erregaiari, kerosenoa bihurtuz fiskalitate orotatik libre den erregai fosil bakarra.
Europar Batasunak, horrela galdu ditu urtean 10.000 miloi euro kobratu gabeko zergatan. Baina, hori gutxi balitz, hegaldien industriak urrea atera dio klimaren aldaketaren kontrako estrategiari ere: 2012ko kopuruak aipatuz, Maryk dio CO2 kuoten merkatuan 700 milioi eta 1,36 miliar euro artean irabazi zutela.
Horiek eta gehiago dira lanean hasi aurretik gazte europar asko ikasketa bidaian Cancunera ez bada New Yorkera edo Baliraino joatea korriente bihurtu duten abantailak, hurbileko mugimenduetan ere abioiak gero eta garraiobide ohikoago bilakatu dituztenak, kalte gutxiago eragiten duten garraiobideei preziotan irabazita.
Alabaina, batetik hegazkin eta autobusen konkurrentzia subentzionatua, bestetik AHT berrietarako desbideratutako inbertsioak, trenbide sare klasikoak gain behera etorrita daude. Gaur, garestiago ordaindu arren Europa trenez zeharkatzen tematu bazara, senperrenak ikusi behar dituzu ibilbide eta ordutegiak jakiteko ere. Esnobismoa, burugogorkeria ala erresistentzia baketsua? Flygskam sentitzen dutenek, hegazkinaz lotsatutako suediarrek, elkarri sare sozialetan laguntzen diete zailtasunak gainditu eta trenezko bidaiak antolatzen.
Hizkuntza matematikoa ondo ulertu eta interpretatzeak badu garrantzia ikasketa prozesuan; horixe esan ohi diegu guk geure ikasleei, bederen. Matematiken lengoaia unibertsala da, eta oro har, interpretaziorako errore marjina txikia izan ohi da. Nekez marraztuko genuke hiruki bat... [+]
Bide honetatik jarraituta, mende amaierarako, 5.000 milioi pertsona baino gehiago biziko dira lur idorretan. Arazo humanitario, ekonomiko eta sozial ugari eragingo lituzke horrek.
Duela gutxi, larrialdi klimatikoa zertan zetzan galderaren aurrean, zientzialari batek erantzun bikain hau eman zuen: “Begira, larrialdi klimatikoa hauxe da, zure mugikorrean muturreko fenomeno meteorologikoei loturiko gero eta bideo gehiago ikusten dituzu, eta konturatzen... [+]
Hegosudandar gehienak txirotasun larrian bizi izan dira azken bi mendeotan gutienez, eta zoritxarrez, estatu independente bihurtzeak ez die egoera hobetu, munduko herrialde txiroena baita, hainbat gerra tarteko. Testuinguru oso hauskor horretan klima aldaketak zailtasun berri... [+]
Azken asteotan, arkitekturan dihardugunontzat ez da posible izan Valentziako klima gertaera gure lan hizketaldira ez ekartzea. Uraren ibilbidea eraikinen estalkietan, estolderietan, plazetan eta parkeetan pentsatu eta diseinatu behar ditugulako. Ongi dakigu giza eskalako ur... [+]
COP29 hasi da astelehen honetan Bakun, Azerbaijanen hiriburuan. 197 herrialde dira foro honetako kide eta horiez gain mundu osoko sare zibilaren milaka pertsona hurbilduko dira bertara, gobernuen jarduna jarraitzeko. Aurtengo gai izarra finantzazioa izango da.
Copernicus ingurumen behategiaren arabera 2024ak errekorra hautsiko du Lurreko tenperaturari dagokionez, eta hori bakarrik ez, industria aurreko garaiko batez bestekoa baino 1,5ºC altuagoa izango da lehen aldiz.
Gero eta egoera larriagoan daude munduko oihanak, klima aldaketak ekarritako bero uhin eta lehorteek bultzatzen dituzten suteengatik, bertzeak bertze. Latitude ertain eta borealetan klima jadanik aldatu arren, oihanak orain arte oso guti prestatu ditugu aldaketari, batez ere... [+]
Valentzian denboraleak eragindako hildakoen eta kalteen atzean faktore meteorologiko hutsak daudela pentsatzea inozoegia litzateke. Generalitateak larrialdia nola kudeatu duen salatu du askok, baita multinazionalen negozio egarria lehenetsi dela ere. Eta gune pobreenak kaltetu... [+]
Denborale batek hondamendia eragin du Mediterraneo mendebaldean, eta gutxienez 92 dira hildakoak eta dozenaka desagertu daude. Halako ekaitz bortitzen arrazoiak kostaldearen txikizioan bilatu behar direla ohartarazi zuen Millán Millán meteorologoak. Eta soluzioa... [+]
Txorien migrazioen mapak argi uzten digu hegazti migratzaileentzat pasabide interesgarri eta aberatsa dela Euskal Herria. 350 bat hegazti espezie zenbatzen ditugu negurako kanpora doazenen zein bertara datozenen eta migrazio-bidean atseden hartzeko pausagune dutenen artean. Bizi... [+]
Pertsona batzuek kapitalismoa "besarkatzen" dute, konturatu gabe arazoa sistema berean dagoela; planeta mugatu batean hazkundea etengabe bilatzean. Energia intentsiboak ekoizteko modu guztiak mundua irensten ari dira.
Karibea eta Ipar Amerika jo dituen Helene urakanak erakutsi bezala, klima aldaketak indarturiko muturreko eguraldien kostua kolosala da. Hainbertze, non eta aseguruak horren arabera garestituko diren, arrisku berriei aurre egiteko asmoz. Klimaren bilakaera hori gelditu ezean,... [+]
Artikoari begira jarri eta XXI. mendeko erronka eta arazo handienez hitz egiten bukatzen dugu aski fite: geopolitika, edo hobeki erran gerlak eta klima larrialdia. Horretaz kontziente, Artikoko Batzarraren baitan egin ahala eraikitzaile eta bakezale izateko jarrera izan dute... [+]