“Izenik gabeko disko bat aterako dugu. Eta aurten aterako dugun bigarren baten aurrekaria izango da”, kontatu zigun duela hilabete batzuk Unai Pelayok, Pelax taldeko buruak. Orain arte egindakotik oso urrun nabaritu nuen: “Lokalean inprobisazio saio batzuk egin genituen eta hortik abiatuta atera da ideia”. Lehen zatia maiatzaren 9an kaleratu dute Berriaren Badok atarian, eta bigarrena urtea amaitu aurretik argitaratzea espero dute. Taldearen erronka berri hau hobe ulertzeko, diskoa grabatzen ari ziren Berako Atala estudiora hurbiltzea beste aukerarik ez genuen izan.
Indartsu sartu dira Pelaxeko kideak estudioko lehen egunean. Iñigo Irazoki da estudioko teknikaria, eta oraingo honetan ere analogikoan grabatuko dute. Ordenagailua seinalatu dio Irazokik: “Hori bakarrik dago ondo doan ikusteko. Grabazioa ez da bertatik pasatzen”. Zuzenean zintan grabatuko dute, “lehen bezala”. Lau musikarietako batek akatsik egingo balu, kanta osorik errepikatu beharko litzateke.
Eta zergatik egin nahiko dute horrela, egun digitalki grabatzeak ematen dituen erraztasunak kontuan edukita? Erantzuna argi du Pelayok: “Rocka horrela grabatu behar da, elkarrekin. Bestela ez du zentzurik [isilune bat egin du]. Rocka eta edozer gauza, egia esan”.
Taldearen kontzentrazioa eta giroa ederrak dira. Aurreko egunetan egon dira estudioan soinuak hartzen. Iker Vazquezek lau bateria probatu ditu salako hainbat lekutan kokatuz, eta azkenean gutxien espero zutena aukeratu zuten. Antzekoa egin dute gainerako instrumentu eta anplifikagailuekin ere.
Taldeak bezperan grabatu zuen lehen kanta eta denek elkarrekin entzun dute. “Ederki dago!” bota dute guztiek... “baina hobetu dezakegu!”. Barre egin dute, erronka izango balitz bezala. Jo, entzun, jo, entzun, akatsei barre egin eta hainbesterako ez dela barneratuta daukate. “Modu honetan grabatuta ez dugu perfekzioa lortzen, baina bai bestela lortu ezin daitezkeen sentimenduak erregistratzea”.
20 minutuko bi kanta
Disko bikoitzaren ideia, beste modu batean hezurmamitu dute azkenean. Rock progresibora jo dute, euren artean ia etenik ez duten bi track-ekin ia 40 minutuko iraupena duen diskoa osatuz. Ez da ohikoa Pelaxen musikan horrelako kanta luzeak osatzea. Baina hau ez da orain artekoarekin apurtzea: formak aldatu diren arren, mamiak bera izaten jarraitzen du.
“Benetako aldaketa elkarrekin lokal bat hartzea izan da”, aitortu du Pelayok. “Orduak sartu ditugu errentagarria izan zedin guretzat. Horrek ekarri du beste maila bateko konfiantza sortzea gure artean: baten harrikadari besteok jarraitu diogu”.
"Jendeak musika kontsumitzeko dituen ohiturek amorratzen gaituzte. Jada ez dira diskoak osorik entzuten, jaitsi egin da gauza berriak deskubritzeko grina"
Lokalean inprobisazio saio luzeak egiten hasi ziren eta ideia berriak garatzen. “Musika elkarrekin entzuten jarri ginen” aitortu du Pelayok eta “hori ere izan da erabakigarria. Norabide musikal berean jarri gara”. “King Gizzard and the Lizard Wizzard taldearekin bereziki!”, moztu du Iñigo Ozaetak. Australiako taldeak urte batean bost disko (luze!) kaleratu zituen, “horrek erakutsi zigun edozer egin genezakeela”. Eta erronka bezala planteatu dute: “Gai al gara gustatzen zaigun 20 minutuko kanta bat konposatzeko?”
Ozaetak ere ikusten du aldea: “Riff batetik konposatzen hasi baino, bilatzen duguna adostu dugu lehenik. Intentsitatea igo, jaitsi... eta grafiko batekin lan egin genuen eta horren bitartez joan gara sortzen melodiak”. Vazquezek hausnarketa gehitu du: “Horrek ekarri du gure artean komunikazio hobea eduki behar izan dugula ere, elkar ulertu eta sentsazioak komunikatzen jakitea ez delako hain erraza”.
Talkak egiten du didaktika diskoan “talde bihurtu zirela” adierazi zuten eta ordutik gaur egun arte jauzi itzela egin dutela nabari zaie. Denek hitz egiten dute gainontzekoez miresmenez eta konfiantza osoz. Ederra da hori ikustea, kanta leku batetik bestera mugituz gero elkarri jarraituko diotela sentitzea.
Diskoari dagokionez, A aldearen lehen zatia “nahiko kanta” dela diote. Baina A2 eta B aldeak bi riffetan oinarritu dira, eta horien gainean osatu dira. Vazquezen ustez, “biniloaren hasiera Pelax zenarekin hasten da eta aurrera doan heinean urruntzen doa zenetik. Eta hori bai, bilatu egin dugu, diskoan eboluzioa ikus zedin”.
Hala ere, 2019ko proiektu bezala ikusten dute. “Ez da erabaki bat izan, ez dugu esan ‘rock progresiboa egingo dugu’; orain hau egin nahi dugu eta kito”. Bigarren diskoa, urtea bukatu aurretik kaleratuko dute, eta hau “baina zoroagoa” izango dela aurreikusten dute.
Musika entzuteko astia
Lokalean egindako inprobisazio saio horien gainean bazegoen kontzeptu zentralago bat: “Egun jendeak musika kontsumitzeko dituen ohiturek amorratzen gaituzte. Jada ez dira diskoak osorik entzuten, jaitsi egin da gauza berriak deskubritzeko grina”.
Pelayoren arabera “berehalakotasuna gailentzen da egun”. “Asko kontsumitzen da irudi batekin lagunduta eta horrek eragiten du musika kontsumitzaileengan. Azkenean ohitzen dira irudi batekin kontsumitzera. Ez gaude ohituta kanta bat ulertzeko garunari eragiten, taldearekin eta bere proposamenekin engaiatzen. Beraz, disko hau egitearen atzean badago asmo bat, oinarrizko kontzeptu bat eta da, sentsibilitate artistikoa galtzen ari garela”. Andoni Olaetxeak borobildu du ideia hori: “Gure ustez artearekin ahalegina egin behar da”.
“Nahi dugu jendeak disko hau entzun dezala guk entzuten dugun bezala”, jarraitu du Pelayok. “Hau da, diskoa entzun nahi baduzu, hartu beharko dituzu 40 minutu eta hasieratik amaierara horretan egon. Ez da hainbeste eskatzea ezta? Gure aste luzean, 40 minutuko arreta... gainera, terapeutikoa da!”.
Gailua ez dago erabilgarri
Donostiako Egia auzoa T.A.O. makinaz josi dute duela hilabete gutxi. Egun batean, makinak dirua hartzen ez ziola-eta “gailua ez dago erabilgarri” idatzi zuen tiket batean, isuna ekidite aldera. Gogoeta egin zuen: “Zer gertatuko litzateke –musikarekin adibidez– egunen batean gailu guztiak hondatu ezkero?”
Azkenaldian ohikoa da musikariak –eta gainontzeko artistak, normalean ahots gutxiagorekin– kexatzen entzutea antolatzaileek errentagarriak diren taldeak soilik programatzen dituztelako. Errentagarritasuna zaleek ematen dutenez –zale kopuruak eta euren eros ahalmenak– azkar doaz kexak eurengana: jendea kostunbrista dela, ematen diotena irensten duela espiritu kritikorik gabe... Pelaxtarrek egin duten proposamenetik abiatuta, ordea, beste gogoeta bat ere planteatu daiteke. Ez ote dira musikari gehienak hain zuzen kritikatzen duten hori egiten aritu? Talde guztiak –gehienak– “jendeari gustatuko zaion” singlearen bila, bideoklip ikusgarri bat, “promo” lanketa txukuna, sare sozialetan “kalitatezko edukiak”... Ez ote dira musikariak euren teilatuari harrika aritu, “jendeak ematen diotena nahi du eta nahi duena ematen diogu” horretan, gurpil zoroa elikatzen?
Izenik ez duen disko bikoitz bat, kantak entzuteko, ezinbestean, osorik entzun behar den formatuan. Agian ez dute irratietan pintxatuko. Eta agian ez dute Spotify-ko nik-zer-dakit-ze zerrendatan jarriko, ez eta parrandako dantzalekuetan ere. Baina kontzesio bakar bat egin gabe sortutako lan honekin emozioak pizten jarraituko dute, musikaren bidez gauzak aldatu daitezkeela sinestarazten. Horretarako prest dagoen entzulearengan, behinik behin. Agian oraindik badago esperantzarik.
Garai oparoa izan zen 1980ko hamarkada Euskal Herriko rock musikarentzat. Talde ugari sortu ziren: tartean, Belladona, Matraka eta La Viuda Negra. Hiru horiek soilik emakumez osaturiko musika talde nafarrak izan ziren. Iosebe Garaialde (Iruñea, 1961) lehen bi talde... [+]
'Azken heriotza' biraren eskutik, Anestesia taldeak kontzertua emanen du larunbatean Atarrabiako Totem aretoan.
Nekea eta errelebo falta. Horixe argudiatuta jakinarazi zuen agurra Arizkun Rock jaialdiak martxoaren hasieran. Aurtengo edizioa izango da azkena; ekainaren 23an ospatuko da. Ganoraz despeditzeko gogoz daude. Zerbait berezia antolatzeak satisfazioa ematen du, baina nekatu ere... [+]
"Lan-karga arras handia da hain antolakuntza txikiarendako", jakinarazi du ohar bidez Arizkun Rock jaialdiko antolakuntzak. "Ongi hausnartuta" hartu duten erabakia da: hamar urtez halako mailako ekimena antolatzeak eragiten duen nekea dago batetik;... [+]
‘Azkena gure alde’ izeneko azken bira egingo dute taldeko Gari, Josu Zabala eta Txanpik. Irailaren 29an emango dute xehetasun gehiago.
Orain hiru urte eskaini zuen azkenengoz Vulk taldeak kontzertu bat Bilbon –azaroko emanaldi berezia kenduta–. Hiru urte non mundua eta berau habitatzen dugunok izugarri aldatu garen. Denbora honetan bilbotar laukoteak disko berria kaleratu du, Vulk ez da (Montgri,... [+]
Mutrikuko laukoteak aurre egin dio pandemiaren garai ilunari eta lana sendo eginez bueltan da, taldekide aldaketekin eta crowdfunding bidez (aupa zuek!) landutako bigarren disko luze eta biribil honekin.
2017an sortu zuten Saia Goait beste hainbat taldetan (Keike, Kraussk,... [+]
Kräter, Boa Morte, Transición, Striknina, Artaza Combat, Lavadoras Martin, Yangtze Kiang edota Kikärtor bezalako taldeetatik datoz Ander, Borja, Haza, Iker eta Jon. Ez dira musika munduan hasi berriak, eta ongi ezagutzen dute inguruetako eszena alternatiboa. Ohi... [+]
Euskal kostaldeko errepideetan barrena, ametsetako olatu siku zein handi horren atzean, gure beste ametsetako fabrika baten zaratarekin egin dugu topo, Ginger laukotea buru.
Idles Bilbora zetorrela jakin bezain pronto egin genuen plana, eta sarrerak ere berehala hartu genituen. 2021eko urriaren 14an izan zen. Kontzertua ia lau hilabete beranduago izango zen, Bilboko Santana 27 aretoan, sarrera bakoitza 25,7 euro, eta gu dagoeneko hortzak luze. Egun... [+]
Estreinako diskoa kaleratu du Donostiako Géra taldeak, hiru urtean zehar ondutako bederatzi kanta biltzen dituena. Post-rock zatikatua, erritmo hauskorrekoa, egitura klasikoetatik ihes egin nahi duena, baina abestiak hala eskatzen duenean haietara itzultzen dena. Lau... [+]
Gosaritarako kafea eta tostadak egitea, ilea orraztea, hortzak garbitzea eta makilatzea. Egunari ekiteko eginkizun sinpleak iruditu ahal zaizkionak bati, ez dira denontzat munta berekoak. Aniztasun funtzionala daukan norbaiten azalean jarriz gero konplexutasunean irabazten dute,... [+]
Javier Hernández Boni iruindarrak 58 urte zituen eta Barricada rock taldeko ahotsa eta gitarrista izan zen. Laringeko minbizia zuen eta 2018an ahotsa galdu zuen gaixotasunagatik.
Lau kantako EP batekin plazaratu ziren 2016an. Hegan aurreneko disko luzea atera dute 2019an, eta lehengo bidetik, post-rocketik edaten duten erritmo geldoko doinuak bildu dituzte –euskaraz oraingoan–, batzuetan ilunagoak, besteetan argixeagoak. Swans edota Low... [+]
Azeri-azerian iritsi zaigu Lukiek talde mungiarraren opera prima. Lau urtez zuzenekoak ematen ibili ostean, udaberrian estudiora sartu eta uda pasata argitaratu zuten Lukiek #1 izeneko diskoa. Bertan, Josu Ximun Billelabeitia (gitarra), Antton Goikoetxea (baxua) eta Christian... [+]