Ihia zer den galdetu dit lagun batek berdantzart. Landareei buruz irakurtzen ari zela, ihiarekin topo egin du. Nire erantzuna hauxe izan zen: belar mehe, borobil txorrotx, belaunetarainokoa. Euskarazko Wikipediak honela dio: “Ihiak alde hezeetan hazten diren belarki bizikorrak dira (Juncus generoa), zurtoin zuzena eta malgua dutena. Orokorki 1,5 metroko garaiera dute”. Euskal Herrian ihi mota ugari dugu eta denak Juncus generoan biltzen dira, bai. Arrazoi du, hezetasuna bada, ihia izateko arrisku handia. Hortik esaera: “Zia lez edan”. Beste bat ere bada polita: “Jan idiak legez, edan ziriak legez”. Ihiari zia eta ziria ere esaten zaio. Azkue sonatuaren aita Eusebio Maria de los Dolores Azkueren Parnasorako bidea liburuan, Gabon afari bat kopletan ere ageri da: “Ea tragu bat, bai ta bi bere / edan maitea zia lez; / balitz sarritan gabon eguna, / bein baino urtean eztalez!”.
Langintza askotarako erabili izan da ihia: teilatuak moldatzeko, koipeztatu eta argia egiteko, saskigintzan, lokarri gisa, zerriak egiteko… Juncus generoaren izena latineko “jungere” hitzetik dator, eta elkartu-lotu esan nahi du, eta bere erabileraz asko argitzen du.
Inguru hezeetan ugari, erabilera ugari; gurekin urte asko daramatza ihiak. Hortik berea esateko izen ugaritasuna ere: ihi, ina, iz, ixa, iha, zia, zii, ziri, zipor… Hiztegiren batean marmaro, alpitz eta sarratxi ere jasotzen dira… Sorgin-kilo ere esaten zitzaion Larraunen. Oñatin argi-mutila. Jaunkilatze ere jasota dago ihiaren izentzat, nire iritziz oker; Pierre Lhandek bere hiztegian lilipa edo nartzisoaren izena dela jasoa du.
Ihia ugaria den tokiak adierazteko ere izen mordoxka dugu: ihiztoki, ihiztoka, ihintzola, ihidi, ihitegi, ihidoi, ixedoi, inadia, ziiporra, zi-porro, ziadi, ziduri, zidoi, ziridoi...
Garatxoak kentzeko erritu bat jasoa dio Zornotzako Maria Luisa Artabe Barrenari Ziortza Artabek: ihia erritugileak hartuko du, ez garatxodunak, behe-behetik atera, punta zorrotza moztu eta beste zatian sartu gurutze bat eginez; hiru gurutze egin garatxoaren gainean hitz sekretuak esanez eta errezatu. Garatxo bakoitzeko ihi bat. Bide gurutze batean lurperatu, eta usteltzen denean garatxoa desagertuko da.
Ihitia etxea ezagutzen dut, Saran. Iñaki Azkune Mendia zestoar jantziak irakatsi zidan gure etxearen izenaren oinarrian ere ihia dagoela: ihi mendi hotz.
Sits bat bizi da Ipar Amerikan, hegal berdeetan marra mehe zuri izurtu batzuk erakusten dituena. Synchlora aerata du izen zientifikoa, eta sits esmeralda izurtua edo sits kamuflatua esaten zaio. Sitsaren ezaugarri nabarmenena bere hegalen esmeralda kolore hori da. Sitsak hego... [+]
Gero eta dolda gutxiago antzematen da kalean. Alkoholak eragindako dardarizoa da dolda. Ez da kalean grosarik ikusten. Grosa, ardo beltzetik edan duenaren ezpainetan geratzen den orbana da. Ez beltza edo alkohol gutxiago edaten delako, ez; mokoa zuritzen, txorroxten ari zaigu... [+]
Udako oporrak antolatzeko beste proposamen batekin nator. Ekainetik irail erdira arteko tarte horretan goza daitekeen aukera bat. Mediterraneoaren ekialdeko bazterrean, Ekialde Hurbila deitzen dugun horretan, duela 2.000 urte inguru ziren landareen bilduma bat ezagutzeko... [+]
Kaixo Jakoba. Ezpelaz egindako hesi luze bat dugu etxean eta azken hilabeteetan gaixorik dago. Inguruko landare-denda batean esan ziguten gaitz hori oso zabalduta dagoela eta Belthirul izeneko hauts batzuk saldu zizkiguten. Hiru aldiz eman diogu azken hiru hilabeteetan, baina... [+]
Ile-apaintzaile eta artista ugari dago lorazainen artean. Landareak espaloi lehorretako zulo-ziega-kartzeletan sartu eta nola-hala bizitzera kondenatzea nahikoa ez eta berezko forma naturala ere ezin eraman. Kaleko aldameneko etxekoak, sofan edo besaulkian zangoak zabal-zabal... [+]