Menturaz ez zaizu inoiz burutik pasa poeta izan daitekeela kafea zerbitzatu dizun errumaniar hori, karrikako zuloan telefono sarea ikuskatzen duen perutarra, ama zaharra zaintzen dizuen nikaraguarra edo igeltseritzan ari dela entzun duzun pakistandar hori, ostiralez jantzi apainenez beztituta gurutzatzen duzuna. Nork esan dizu ez direla bertsolari edo kantari, agian margolari oso finak, gure seme-alabentzako nahi ez ditugun lanbideetara kondenatutako etorkinok?
Asiako muturrean, Singapur uharte-estatu ñimiñoa da munduko aberatsenetakoa, Barne Produktu Gordina biztanleka banatuta planetako lehen bosten artean daude singapurtarrak: sei familiatatik batek milioi bat dolarretik gorako jabegoak dauzka. Alabaina, ekonomiaren motorra Singapurren –aditu askok paradisu fiskalik handienen artean daukaten horretan– atzerritik ekarritako langile prekarioek mugiarazten dute gehien bat: lau langiletik bat aldi baterako baimenez ari den etorkina da.
“Singapurreko barrakoi honetan berarekin bizi diren 30 lankideetatik gutxik dakite MD Sharif Uddinek idatzi egiten duela. Uddin, Bangladeshen liburudenda baten jabe zena, Singapurrera etorri zen 2008an beste milaka herrikide bezala eraikuntzan lan egitera, ohore horren truke agente bati 10.000 dolar pagatuta”. Nikkei Asian Review aldizkarian honela hasi du Peter Guestek “Singapurrek literatur uzta bildu du kultura etorkinetatik” kronika, zeinetan aurkeztu baititu herrialdean literatur sariak eskuratu dituzten etorkinak.
Mohammad Sharif Uddinek Singapore Book Award saria irabazi du ez-fikzioko obren artean, hamar urtetan eraikuntzako obreroen barrakoietan bizi izan dituenak bildu dituen “Stranger to myself” [euskaraz Neure larruan arrotz eman lezakeena] liburuarekin. “Liburu hau idaztea erabaki dut sigapurtarrek jakin dezaten herrialde hau ez dela gauetik goizera aldatu, ez dela izan mirakulua, jendea dago eraikinen eta azpiegituren atzean eta beste herritarrek ere ezagutu behar dute horien istorioa”.
Ezkon berritan helduta, egunean 18 dolar irabazten zituen, horietatik ahal zuen guztia emazteari eta haur jaio berriari bidaltzeko. 12 orduz lan egin ostean gau eskolan ikasita lortu zuen eraikuntzako segurtasun begirale titulua eta gaur egunean 60 dolar irabazten ditu, 12 orduz arituta beti. Eta atsedenaldi laburrak dauzka oharrak hartu edo poemak idazteko.
2014tik urtero jokatzen da lehiaketa, Indian sortutako Shivaji Das idazle eta argazkilariak sustatuta. Liburua publikatu diotenean, Gwee Li Sui poeta, artista grafiko eta literatur kritikoak idatzi dio sarrera. “Shafi ohartzen da langile migratzailearen bizimodua ez dela naturala. Oinarrizko bortxaren poderioz gertatzen da. Langilea komunitate nahasi baten kide da, bi aldiz urrundua, bai sorterritik eta bai lanerako hartu duen herrialdetik. Bere gogoa eta gorputza bi lekuren artean banatu zaizkio, izaera berri bat ernez. (…) Behin eta berriz aipatzen duen sumendiaren irudiak irudikatzen du bere barneko egon ezina. Bizimodu hobe baten ametsak lausotu ahala, zinikoago bilakatuz doa eta hala ere aurkitzen du indarra bultzaka jarraitzeko, argiagoa da burubidean eta ziurragoa haserrean. Guk ere sentitzen dugu haren aldaketako mina, bakardadea, herrimina eta ezintasuna. Ikusten dugu Singapur bihurtu zaiola borrero eta irakasle”.
Sariaren finalisten artean, How Weik poesia txinatar klasikoa idazten du, Ramasamy Madhayanek poesiaz gain filmak egiten ditu gai ilun eta zailetaz, Menik Sri Suyati indonesiarrak sustrai indiar eta arabiarrak dauzkan dangdut estiloko musikak abesten ditu eta Sy Lhen Esposok erotismoa lantzen du bere literaturan: “Jende zuriak egin baldin badezake, zergatik ez dugu guk egin behar?”.
Peter Guest kazetariak –bera ere atzerritarra Singapurren– aitortuko du zintzo: “Nire agiriek pribilegio izugarri bat ematen didate. Zuria naiz, unibertsitatean hezia eta halako estatus bat ematen dizun lanbide batean ari dena; horregatik Singapurren etorkina baino gehiago ‘expat’ [atzerrira joandako] bat naiz, ez naiz aldi baterako baimenez iritsitako langilea. ‘Nomada digitala’ naiz ni. Baina, hala ere, nahi eta nahi ez egiten zaizkit ezagunak partekatzen ditugun esperientziok: urruntasunak eta mugek handitzen duten tristezia, bi lekutan aldi berean bizitzeak dauzkan poz bitxiak”.
Ametsak hildakoan, idatzi
Singapurrek 5,6 milioi biztanle dauzka, horietatik lau bertako herritarrak eta bertan mugarik gabe bizitzeko baimena daukaten atzerritarrak. Hortik gorako gehienak, 1,4 milioi, atzerritik ekarritako etorkinak. Hauen artean milioi bat langile kalifikaziorik gabeak dira, tartean eraikuntzan ari diren ia 400.000, Bangladesh, India, Myanmar eta Txinatik etorriak, eta etxeko lanetan ari diren 250.000, gehienak emakumeak.
Legez soldata minimorik ezartzen ez duen herrialde honetan, benetan izugarria da profesional kualifikatuen eta eraikuntzan bezala garbiketan, etxeko lanetan eta abar ari diren atzerritarren soldaten arteko arrakala. CNN kateak Deutsche Bank aipatuz iturritzat, erakutsi du Singapurreko batez besteko soldatak 3.077 dolarretan (2.743 eurotan) daudela, baina Bangladesh eta Indiatik ekarritako langileek 400-465 dolar (356-410 euro) kobratzen dituztela.
Populazioaren %17 eta esku-lanaren laurdena osatu arren, langileok erabat itzalean geratzen dira propagandak erakusten duen Singapur distiratsuan eta bertan turista bezala –agian ofizio kualifikatuan ari den senide bat bisitatzera– direnek ere apenas aipatzen dituzten uharte-estatura egindako bidaiaren kontakizunetan. Singapurrera dirutzak gastatu eta zorpetuta iritsi diren langileok han lortu duten ofizio kualifikazio gabearen preso bizi dira, hari lotuta daukate bertan bizitzeko baimena, eta horrek are estuago kateatzen ditu ekarri dituen agentziaren eta laneko ugazabaren kontrolari.
Ohikoak dira lan harremanetako iruzurrak, sorterrian agenteak hamar agindu eta bertan hiru kobratuz isildu beharra, hilabete luzez soldata barik gabe aritzea, ordutegien kontrolik eza, behartuta bizi diren barrakoi edo gelen prezio izugarriak… Horien kontra borrokatzeko tresnarik gabe, singapurtarren begietan langile atzerritarrok betirako dira temporary. Baita kontratuak kateatuz familia batek belaunaldi baten ondoren bigarrena osatzea lortuta ere. Kontratuak Singapurren erruki gabeak dira: egin ezazu lan eta ondoren... alde hemendik.
Singapurreko etorkin prekario masaren erdian ari diren idazleon esperientziak gero eta unibertsalagoak dira, dio Guestek. Aldi baterako lana, ofizio klase guztietan, gai orokorra da mundu osoan eta gehiago ugarituko da teknologiaren jauziekin eta populazioen lekualdatzeekin.
Idazle etorkinen lehiaketan fikziozko obren saria Sugiarti Mustiarjok irabazi du, sexu abusuei buruzko pieza batekin eta kazetariari esan dio: “Sortzea da gure modua esateko jendeari bagarela beste zerbait ere, langile etorkinez gain. Badagoela zerbait gehiago lan baimenaren atzean: idazlea, kantaria…”.
The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.
2024ean batez beste eguneko 30 migratzaile baino gehiago zendu dira Espainiako Estatuko kostaldeetara iristeko ekinean. 10.457 heriotza errejistratu ditu Caminando Fronteras erakundeak eta "arrastorik utzi gabe" desagertu diren beste 131 ontzi zenbatu ditu. Kopuru hau... [+]
Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]
Valentziako tanta hotzaren kudeaketa txarrak aldaketa ekarri du muturreko eguraldiagatik izan daitezkeen alerten inguruan, “neguko” lehenengo denboraldian agerian geratu den bezala. Hego Euskal Herrian ibaiek gainezka egingo zutelako mehatxuaren aurrean, hainbat... [+]
20 urte zituela, Alberto Flores-Uranga Mutrikutik Idahora (AEB) joan zen artzain. Bakardadean, mendietan galduta, maiz koiote eta hartzak begira zituela."Berriro egingo nuke, zalantzarik gabe", dio, garai haiek gogoratuta.
Andoaingo institutuan izan da Pape Niang, bere migrazio-esperientzia kontatzen. 16-18 urteko gazteek, aurrez Pape Niang, hasiera berri bat liburua irakurria zuten ikasleek, jakin-minez, gogoetez eta galderez bete dute aretoa. Bejondeiela, pertsona kritikoak heztea baita... [+]
Korrika kari, 36 migratzaileri muga trabeskatzeko laguntza bideratzeagatik epaituko dituzten zazpi ekintzaileei elkartasuna adierazteko batu dira hainbat eragile J´accuse [Salatzen dut] kolektiboan. Urtarrilaren 26an eginen dute manifestazioa Irungo Ficobatik Hendaiara... [+]
Entitate sozial honen langileek Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken batzordean agerraldia egin dute haien lana azaltzeko. Hizlariek etxebizitza duinak, bizileku zein lan baimena erraztea eta osasun mentaleko baliabide publiko gehiago eskatu dizkiote Foru Gobernuari... [+]
Gasteizko Errotako (Koroatze) auzoan izan diren manifestazio "anonimoek" kolokan jarri dute auzokoen arteko elkarbizitza. Azalera atera dituzte ere hauetan parte hartu duten partidu politiko batzuen eta beste kide batzuen izaera faxista eta arrazista.
Astelehen arratsaldean gutxienez 478 pertsona erreskatatu dituzte Kanarietako uretan, eta asteburuan gutxienez beste 1.893 lagun artatu zituzten uharteetako salbamendu ontziek. Duela hiru aste Mauritaniatik pateretan abiatuta ihesi zetozen 48 pertsona hil dira gutxienez,... [+]
Arazoa munduaren ipar-hego banaketan dagoela azaldu dute Tinkuyko kideek, eta pertsona migratzaileen eskubideen alde borrokatzeko zortzi puntuko manifestua aurkeztu dute. Klima aldaketaren inguruan ere kontzientzia sortzeko konpromisoa hartu du taldeak, iparraldeko herrialdeen... [+]
Autoan noala hasi naiz artikulua zirriborratzen, mentalki. Ideiarik onenak autoan izan ohi ditut, bakarrik gidatzen ari naizela. Bilborantz noa, Arriaga antzokira. Artedrama konpainiak Miñan antzezlana taularatuko du gaur. Urriak 25 ditu, ostirala da.
Antzokiko atarira... [+]