Jerzy Starzynski (1967, Legnica, Silesia Beherea, Polonia) koreografoa, etnomusikologoa eta historialaria da. Alabaina, ezer baino gehiago lemko komunitatekoa da eta bizitza osoa darama beraien hizkuntzaren eta kulturaren alde borrokan. Umetan, eskolan, jazarria izan zen lemkoa zelako. 1989an Kyczera kantu eta dantza taldea sortu zuen, besteak beste, lemkoek haien identitatea indartu zezaten eta lemko izateaz lotsatu ez zitezen.
Zein zen 1989an, komunismoa amaitu eta Kyczera dantza taldea sortu zenean bizi zen giro soziala?
1989ra arte, Poloniako lemkook identitatea adierazteko aukera oso mugatuak genituen. Ez ginen gutxiengo etniko desberdin gisa ezagutaraziak. Soilik Ukrainako Elkarte Soziokulturalaren egituretako adar bat bezala lan egin genezakeen, lemkook ukrainartzat hartzen gintuztelako. Ez genituen berezko eskolak, lemkera ukraineraren dialektotzat hartzen zen. Egoera horretan, gure identitatea garatzeko eta jarduerak egiteko genuen modu bakarra folklore taldeak ziren.
1989an dantza taldea bildu zenuen.
1989an, Legnican, [Poloniako Silesia Behereko 100.000 biztanleko hiria] gaztez osaturiko lehen taldea bildu nuen. 1991tik aurrera, Lemkowskiego Zespolu Piesni i Tanca “Kyczera” (Kyczera Kantu eta Dantza lemko taldea) izenpean ari gara lanean. Gaur egun gure jarduera, artistikoa baino askoz zabalagoa da. Erakusketak eta biltzar zientifikoak antolatzen ditugu, gazte-trukeko nazioarteko proiektuetan parte hartzen dugu, landa-lanak egiten ditugu, liburuak argitaratzen ditugu, eta gainera, lemkoen kulturaren gainean Polonian eta agian mundu osoan den liburutegirik handiena dugu. Nazioarteko jaialdi handia ere antolatzen dugu.
Urte hauetan guztietan, 500 pertsona baino gehiago pasatu dira dantza eta kantu taldetik. Orain, 80 pertsona baino gehiago ari dira elkartean. Kyczera ezaguna da. Ez Legnican soilik, baizik eta eskualdean, Polonian, eta atzerrian.
Alabaina, hasiera oso gogorra izan zen. Alde batetik, 1947an agintari komunistek Vistula Operazioan, Lemkovynatik [lemkoen aberri historikotik] Polonian barrena deportatu eta sakabanatu gintuztenetik ez genuelako gure dantzak egiteko aukerarik izan. 40 urteren ondoren dantzak ia ahaztuak ziren. Gure zaharrenei galdezka hasi ginen eta gure dantza tradizionalak errekuperatu ahal izan genituen.
Taldea osatzen zuten gazteak bestalde, bere jatorria onartzearen beldur ziren, ondorio desatseginen beldur ziren eskolan eta lantokian. Dena eraiki behar izan genuen “zerotik” hasita: programa artistikoa, taldearen kontzientziazioa, ingurune poloniarrean iritzi onen sustapena. Ukrainarrek aurkako jarrera erakutsi zuten, jarduera separatistatzat interpretatu zutelako gure egitekoa. Hala ere, lana baikor egin dugu eta ondorioak oso ikusgarriak dira gaur egun.
Nola lagundu zuen Kyczera dantza taldeak identitatea eta lemkera indartzen Legnican eta eskualdean?
Kyczera aitzakia perfektua izan zen gazteek elkar ezagutu zezaten. Silesia Behereko hainbat herritakoak Legnicako entseguetara etortzen ziren. Dantza taldeko programa, lemkoei soilik ez, baizik eta beren auzotar poloniarrei ere aurkeztu genien. Gazteek arbasoen kultura ikasi eta beste batzuei transmititu zieten. Lemko zaharrenak konturatu ziren emanaldiak erakunde lokal poloniarrek antolatutako ekitaldietan sartzen zituztela eta beldurra izateari utzi zioten. Poliki-poliki Kyczeraz harro sentitzen hasi ziren.
Kyczeraren emanaldien bidez, poloniarrak eta lemkoak banatzen zituzten estereotipoak apurtzen hasi ziren. Lemkoak aipatzean Legnican, “gure lemkoak” esaten hasi ziren. Kyczera Poloniatik kanpo jaialdietara joaten hasi zenean, ez soilik lemko kulturarena, Legnicako eta Poloniako enbaxadore ere bihurtu zen. Eta haatik, eskoletako maisu eta maistrak gure haurrak sarritan goraipatzen hasi ziren. Horrek harrotasun sentimendua eragin zuen gazteengan. Beldurra izateari utzi zioten, lemkeraz leku publikoetan hitz egiten hasi ziren. Gaur egun inor ez da lotsatzen Kyczera taldeko kidea izateaz.
Kyczera kantu eta dantza taldeak jaialdi garrantzitsua antolatzen du.
Świat pod Kyczerą (Mundua Kyczeratik) Nazioarteko Folklore Jaialdia du izena, Polonian antolatzen diren mota horretako jaialdi handienetako bat da. Mundu guztiak daki lemkoek antolatua dela. Aurten ekainaren 28tik uztailaren14ra bitartean hainbat herritan egingo da, Legnican eta Lemkovynako Krynican ere bai. Jaialdiak komunikabideetan lemkerari buruz hitz egiteko aukera ematen du. Hirietako merkatu-plazetan eginiko gala-kontzertuetan aurkezleek emanaldiak polonieraz eta lemkeraz aurkezten dituzte. Agertokian jarritako pankarta handia, jaialdira joateko gonbite-kartelak elebidunak dira. Kalejiran parte hartzen duten taldeek plaka elebidunak eramaten dituzte herrien izenekin. Horrek guztiak lemkera hizkuntza oso ezaguna izatea dakar.
Lemkeraz dihardugu gure haurrekin entseguetan. Bidaiak antolatzen dizkiegu Lemkovyna ezagutu dezaten, haiek historiara eta arbasoen kulturara hurbiltzearren. Eliza zaharrak, hilerriak, erakusten dizkiegu, eskulangintza lantegi bat antolatzen dugu, museoetara eraman ere bai. Oraintsu Eta egiaz han paradisuan bezala bizi ginen filma egin dugu. Aktoreak gure taldeko kideak dira. Galdutako Arkadiaren galeraz mintzo da filma, eta nazioarteko zinema jaialdietan erakutsi nahi dugu.
Zein da Legnican eta eskualdean lemkeraren ezagutza, adinaren arabera?
Zoritxarrez, gero eta pertsona gutxiagok hitz egiten dute lemkeraz. Polonia osoan ikasgai guztiak lemkeraz ematen dituen eskolarik ez dago. Lemkera eskola-orduen ondoren beste zentro batean ikasten da. Nire seme-alabak lemkera-klaseetara doaz eta lemkera eskola ziurtagirietan nahitaezko irakasgai dute lizeoan. Daniel, seme zaharrenak, iaz batxilerreko azterketa (baxoa) lemkeraz egin zuen. Polonian hala egin duen batxilerreko ikasle bakarra da. Ikasturte honetan, Olga nire alabak, gauza bera egingo du eta harekin batera gure taldeko beste gazte batek, Danielek. Uste dut Kyczera taldeak baduela eragina gazte hauek beren ama hizkuntzan baxoa azterketa egitean, nahiz eta inork horretara ez behartu.
Herrixketan bizi direnek hobeto ezagutzen dute lemkera, bereziki belaunaldi handienetan. Legnican, oso pertsona gutxik hitz egiten dute lemkera garbia. Arazoa ez da soilik poloniartzea, ukrainartzea ere bada. Legnican 1950eko hamarkadaren erdialdetik, eskola ukrainarra dago. Ukrainako hizkuntza literarioa ikasteko, sarritan etxean ikasitako hizkuntza ahazten dute.
Legnicako lemkoen ukrainartzea eliza katoliko-greziarraren bidez ere egiten da. Elizgizonak ukrainarrak dira eta haien nazio-identitate ukrainarra hedatzen dute. Zailtasun handiarekin onartu izan dute lemkoak desberdinak direla. Lemko ugari ere eliza ortodoxoko sinestunak dira, eta kleroa lemko jatorrikoa da. Eliztarrei sermoietan eta etxera egindako bisitetan lemkeraz egiten diete. Hala ere, kontuan hartu poloniartze oso bizia dela arazoa batez ere, eskoletako heziketa sistemaren, komunikabideen eta lantoki poloniarren bidez egiten dena.
Jerzy Starzynski: "Gazteek beldurra izateari utzi zioten, lemkeraz leku publikoetan hitz egiten hasi ziren. Gaur egun inor ez da lotsatzen Kyczera kantu eta dantza taldeko kidea izateaz”
Zeintzuk dira gaur egun Legnicako lemko populazioak aurre egin behar dien erronka eta zailtasun handienak?
Kulturako, zientziako eta heziketako gure berezko erakunde profesionalak izango bagenitu, gure identitatea mantentzea askoz errazagoa izango litzateke. Zoritxarrez, ez dugu inon horrelako erakunderik Polonian. Arazo handia da, zeren eta dena boluntarioki egin behar da, baina hala ere, nonbaitetik atera behar dugu bizimodua. Halako erakundeek asimilazio prozesua geldotu lezakete.
Duela urte askotatik, helburu honengatik borrokan lanean ari naiz. Tamalez, alferrik. Arazoa da gazteak hiri handietara joaten direla eta are azkarrago asimilatzen dira poloniar kulturan. Gure komunitatea zahartzen ari da. Hala ere, oraintsu halako fenomeno bat ikusten ari gara: gero eta gehiago dira hiru seme-alaba edo gehiago mundura ekartzea erabakitzen ari diren lemko gurasoak.
Zoritxarrez, iragarpena ez da baikorra. Gure lurralde etnikotik kanpo bizi gara, atzerrian. Itsaso poloniarrean bizi gara. Gure identitatea mantentzen dugu zale amorratuen talde txikiari esker. Esango nuke “eroak” ere badirela, osasunaren eta familiaren bizkar lan egiten ari baitira. Baina denak bere mugak ditu. 52 urte ditut eta oso nekatuta sentitzen naiz. Nire emaztea duela zazpi urte hil zen eta bakarrik geratu nintzen bost seme-alaba txikirekin. Bidegurutzean geldirik nago. Saiatzen naiz nire ezaguerak eta erantzukizunak gazteei transmititzen. Halako hainbat pertsona baditut inguruan, baina urte asko behar dira ezaguera barneratzeko.
Gaur egun, gehienetan Polonia herri etnikoki homogeneo gisa ikusten da. Egia da, hein handi batean. Halere, badira oraindik bere mugen barnean hainbat gutxiengo garrantzitsu: Lemko komunitatea da horietako bat. 1989an komunismoaren amaierak gutxiengo askoren harrotasun... [+]