Dudarik gabe azken hilabeteetan gehien entzun dudan diskoa izan da Lisabören Eta Edertasunaren Lorratzetan Biluztu Ginen. Harreman berezia sortu dut berarekin, nire baitako lainoen uxatzeko erremedio biziki on bezala agertu delako, introspekzio terapia ilun bat, taldearen lan guziak bezala funtsean...
Baina nehoiz ez nintzen izan Irungo banda zuzenean ikusten, beraien isilunetik atera direnetik paradak ez direlako trumilka. Eta aukera aurkeztu zen apirilaren 13an, Iruñeko IndaraClub aretoan. Erran beharra dut baldintza guziak hor zirela Lisabören hardcore-a barnetik bizitzeko: akustika goxoa, musikarien hurbiltasuna eta publikoaren musikarekiko maitasuna.
Seikotea Nomaden Zirkulu Tematia kantuarekin hasi da, Marshall anplifikadore lerroaren burrunbek eta zinbalen ziztu saminek agindurik. Publikoa eta taldea bata bestearen energiaz elikatu eta segundo erdi batez areto guzia elektriko bihurtu da. Bi bateria jotzaileen joko xeheak harritu nau, ariketak inposatzen dien zuzentasunak ez diolako botatzen duten energiari deus kentzen. Soinu indartsua ekartzeaz gain, mugimenduen uniformaltasunak bisualki presentzia ikaragarria du.
Ahots eta gitarra lanetan ari diren Txap eta Javik soinu homogeneoa dute, gordin bezain gizena, distortsioa maisu. Hauek ere sekulako presentzia dakarte, mikrofono zangoak etengabe kulunkatu dira oholtzaren dardaren pean, ene inguruko buruak astindu diren bezainbat, Martxel Mariskalen hitzak oihukatu ondoan. Publiko fidela dela sendi da, musikarien plazererako.
Bi bateria, bi ahots, bi gitarra… eta bi baxuk osatzen dute Lisabö. Borjak baxu bat eta Squier VI bat, sei sokako baxu eta gitarraren arteko tresna, uztartzen ditu. Bi baxuek frekuentzia apal anitz ekartzen diote soinu orokorrari, zinbalen eta ahotsen zorroztasuna leunduz eta gure bular kaiolak astinduz.
Disko berriko kantu franko zuzenean aurkezteaz gain, lan zaharragoetako riff pisuez baliatzeko aukera ere eskaini digute, besteak beste Ezlekuak diskoa ohoratuz. Baina niretzako kontzertuko klimaxa Oinazearen Intimitatea izan da. Bi bateriek goia jo dute, gitarren akorde disonanteek tentsioa zintzilik atxikiz, dena bota arte. Publikoak lagundurik, “animalia lotsatuen lokatz-putzuetan” errepikatu dute bi kantariek, kaos hutsa lortu arte.
Lehen esperientzia hau ez dut uste azkena izango denik, Usopop festibalean ikusteko parada izanen delako maiatzaren 25ean. Bidehutsen bideak ez dira hain hutsak, Lisabö eta Joseba Irazokiren lanen ondotik ALBA eta Jupiter Jon taldeen diskoak plazaratuko dituzte ondoko hilabeteetan. Adi...
Moskuko taberna batean geratu gara talde irundarrarekin. Paretan zintzilik, Rockdelux musika aldizkari espezializatuaren azken azala, Lisaböri eskainia. Lau urteko isiltasunaren ostean, Animalia Lotsatuen Putzua diskoarekin arrakastatsu bueltatu dira, kritikak goretsiak,... [+]
2020ko martxoaren 7tik 14ra bitartean ospatuko da Gernikako Lekuek festibala. Jaialdiaren 7. edizioaren kartela publiko egin dute ostiral honetan.
Eta edertasuanaren lorratzetan biluztu ginen (Bidehuts) diskoarekin itzuliko da Lisabö: larunbat honetan aurkeztuko du Irungo taldeak lan berria.
Martxel Mariskalen testuak, ostegun honetan aurkeztu duen Azken zakatzak liburuaren aurretik, kantuen bidez egin dira ezagun.
Lasa eta Zabalaren erailketen 30. urteurrenaren harira, Kareak erre ez duena poesia emanaldia eskainiko dute hainbat sortzailek Tolosan, hilaren 11n.
Beasaingo Jazpana Fest jaialdiak egitarau oparoa prestatu du aurten ere. “Izen handiak, gorantz doazen talde gazteak eta banda mitikoak” izango dira jaialdian ostiral eta larunbatean, antolatzaileek nabarmendu dutenez.