“Kilometro zeroko biolin bikainik ezin da egin”

  • 3D inprimagailuen garaian, Patxi Atozki Iruñeko luthierrak jarraitzen du palo santo zuhaitzen egurrez, Dolomitetako egurrez, erretxina egosiaz eta Mongoliako zaldi-zurdez biolinak egiten, Stradivarius erara. Zerbaitengatik izanen da.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Patxi Atozki Zubeldia (1963, Iruñea)

Luthierra, artisaua eta musikaria. Irakasle izan ondoren, luthier ikasketak egiteari lotu zitzaion Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga kontserbatorioan. Ondoren, Cremona (Italia) Stradivariren herrira, joan zen eraikuntza tekniketan eta bernizatuan sakondu nahian. 1992an, tailerra Iruñean ezarri zuen, eta harez geroztik, hari-kuartetoa eskuz zaharberritzeari eta egiteari emana bizi da. 1993an, Pablo Sarasate nazioarteko lehen biolin lehiaketaren karira, Sarasateren beraren Villaume biolina doitzeko aukera izan zuen.

Nola iritsi zinen luthierra izatera?

Kontserbatorioan biola ikasi nuen. Horrekin batera irakasle ikasketak egin nituen eta maisu aritu nintzen, baina neure burua ez nuen ikusten eskolan betiko. Garai hartan Iruñeko Javier Fernández tailugilearekin hasi nintzen zura eskuz lantzen; artisau lana eta musika nire zaletasun handiak izan direlako betidanik.

Eskolak ematen lau urte neramatzala, kasualitatez jakin nuen Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga kontserbatorioan luthier ikasketak eskaintzen hasiak zirela. Gainera, Fernando Lakunza, Kale Nagusiko Haizea dendakoak, esan zidan aukera polita izan zitekeela niretzat, hemen Iruñean halako profesionalik ez zegoelako. Nire bi pasioak bat egiteko aukera ikusi nuen. Beraz, dena utzita, hara joan nintzen. Izugarri ikasi nuen, besteak beste, Jesús Alonso Moral akustika doktorea zenarekin. Bera akustikaren fisikan eta biolinaren akustikaren inguruan aditu handia zen nazioartean eta Stockholmeko Teknologia Errege Institutuan egina zuen doktoregoa.

Bilbon hiru urte egin ondoren, 1991n Italiara joan nintzen, Cremonara, [Antonio] Stradivariren herrira, hain zuzen ere. Gaur egun han oso luthier onak daude eta haietako bat, Pierangelo Balzarini, Bilbora etorri zen ikastaro bat ematera. Berak gonbidatu ninduen hara joatera eta urtebeterako joan nintzen Cremonara eraikuntza-tekniketan eta bernizatuan sakondu nahian. Ondoren, Iruñera itzulitakoan, tailerra zabaldu nuen.

Hiriaren bihotzean, ezta?

Bai. 1992an ekin nion lanari, Jarauta kaleko pisu txiki batean. Handik bi urtera, Gazteluko Plazara aldatu nintzen, eta han aritu naiz gaur egunera arte. 2010eko abenduan, lantoki berria zabaldu nuen, Kale Berrian, bezeroei zerbitzurik onena eskaintzeko.

Lantoki berria irisgarriagoa da, eta badago autoz ailegatzerik ateraino bertaraino. Handiagoa denez, lana hobeki antolatuta dago: denda, tailerra eta biltegia. Aukera ematen dit, gainera, instrumentu gehiago eta handiagoak erakusteko: biolontxeloak eta haien zorroak, esaterako. Lekua handiagoa denez, produktuak ederki daude ikusgai eta eroso-eroso probatzeko parada ere badago.

"Biolinen tapakiak izeiez egiten dira, Alpeetako edo Dolomitetako izeiez. Stradivarik eta bere garaiko luthierrek ere handik eramaten zuten egurra. Arkuetarako egurra Pernambucotik, Brasildik, ekartzen dugu eta hariak Mongoliatik"

Lan handia izaten duzu?

Garaiaren arabera. Ikasturte hasieran lan handia izaten dut ikasle askok haien tresnak eskoletarako prestatu nahi dituztelako. Halako sasoietan tresna berriak egiteari uzten diot eta bete-betean aritzen naiz konponketetan.

Zer musika tresnekin egiten duzu lan?

Hemen adituak gara instrumentu arkudunen eta atal osagarrien salmentan, baita biolinak, biolak, biolontxeloak eta kontrabaxuak konpontzeko lanetan ere.

Beraz, arku-instrumentuekin egiten dut lan. Hariari bibrarazteko, arku izeneko tresna erabiltzen dutenak dira. Nagusiak dira, batetik, antzinako biolaren familiakoak (viola da gamba, viola da braccio, viola d’amore...), eta bestetik, biolin modernoaren familiakoak (biolina, biola, biolontxeloa eta kontrabaxua). Orain, adibidez, viola da gamba soprano bat egiten ari naiz, biolarik txikiena.

Tresna berriak enkarguz egiten dituzu?

Normalean bai. Beste batzuetan, aldiz, lehenbizi tresna egiten dut eta gero halakorik erosteko interesa izan dezaketen musikariei erakusten diet, ea gustuko duten. Eztia muturrean jartzen diet.

Batzuetan berriak egin eta askotan zaharrak konpondu. Biolinen sendagilea zara zu?

Bai, sendagilea eta zirujaua. Batzuetan biolinaren arima pixka bat ukitzea aski da soinua erabat aldatzeko.

Argazkia: Dani Blanco.

Arima?

Bai. Biolinean eta kideko hari-instrumentuetan, taula harmonikoa eta beheko azala elkartzen dituen zurezko piezari arima esaten zaio. Zubiaren behealdeko oinetik gertu ezartzen da eta harien tentsioari eusten dio, bibrazioak instrumentuaren gorputz osora transmitituz. Pieza hori presioan sartuta dago, baina mugi daiteke eta bere kokapenaren arabera soinu bat edo bestea ateratzen du biolinak.

Eta zubia zer da?

Sokak igurtzitakoan sortzen den bibrazioa kutxara pasatzen duen egurrezko pieza da. Kutxa soinua handitzen duen anplifikadorea da, azken finean. Zubiak indar handia egiten du eta batzuetan hori mugitzean arima eror daiteke.

Tresna guztiak desberdinak dira?

Kutxak eta zubiak egiterakoan eboluzio handia izan da eta egiteko modua bateratzen joan da. Hasieran, XVI. mendean, biolin eredu desberdinak zeuden, baina instrumentu arkudunen eskulangintzak Cremonako eskolaren eskutik jo zuen goia XVIII. mendean eta luthierrok, orduz geroztik, maisu handiek lortu zuten doinura eta egiteko molde hartara hurbiltzen saiatzen gara. Asmo hori gogoan, oihan berberetako zura erabiltzen dugu, lehortze onenarekin eta ezaugarri akustiko hoberenekin.

Zein langai erabiltzen dituzu?

Soinua formen eta materialen arabera aldatzen da. Biolinak egiteko modua oso zehaztuta dago, baina ez da gauza bera gertatzen beste tresnekin. Biolak egiterakoan ez dago eredu bakarra eta zubi mota asko erabiltzen dira, adibidez. Orain egiten ari naizen pieza honetarako Balkanetako astigarrez egindako zubia lantzen ari naiz. Han baldintza oso onak dituzte musika-tresnak egiteko egurra lortzeko. Guk oso egur trinkoa behar dugu eta han duten klima hotzarengatik zuhaitzak oso motel hazten dira.

Beraz, pinuz edo eukaliptoz ezin dira halako piezak egin?

Ez, baina goiko tapakia bai. Biolinen tapakiak izeiez egiten dira, Alpeetako edo Dolomitetako izeiez. Stradivarik eta bere garaiko luthierrek ere handik eramaten zuten egurra. Hemengo izeiek, Pirinioetakoek, ez dute horretarako balio.

Arkuak zerekin egiten dituzu?

Arkuetarako egurra Pernambucotik, Brasildik, ekartzen dugu eta hariak, aldiz, Mongoliatik. Mongoliako zaldien buztaneko zurdak dira.
Gaur egun zaldiak propio hazten dituzte horretarako. Enpresa europar batzuek garbitu, moztu eta komertzializatzen dituzte. Arkuaren zurdak normalean urtean behin aldatu behar dira, denborarekin haien propietateak galtzen dituztelako.

"Sarasateren biolinak armairu baten barruan zeramatzan 80 urte baino gehiago eta tresna jotzen ez bada lokartu egiten da. Orain beira-arasa batean dago, baina nire ustez hobe lukete berriro erabiltzea, ez lokartzeko"

Garestia da arkuari hariak aldatzea?

Arku baterako sei gramo ile erabiltzen dira eta zurda kilo laurdena guri 300 euroan ateratzen zaigu.

Angulak Eguberrietan baino gehiago…

Bai ba!

Nola eskuratzen dituzue material hauek guztiak?

Orain saltzaileak askotan etortzen dira egurra eskaintzera tailerrera. Horrez gain, mundu osoko hornitzaile orokorrak interneten aurkituko dituzu arazorik gabe. Frantzian, adibidez, badira bi enpresa ia mundu osoan zubiak erdi eginak saltzen dituena, gero nahi bezala bukatzeko.

Zubien bukaerako dekorazioa eta diseinua zuk zeuk erabakitzen dituzu?

Normalean musika-tresnen museoetan dauden antzinako ereduak kopiatzen ditugu edo haietan oinarritzen gara.

Kilometro zeroko langairik ez duzu erabiltzen?

Ezpela bai. Tresnetako zenbait atalek egur oso gogorra eskatzen dute eta horretarako erabiltzen dira ebanoa, palo santo eta ezpela. Hemengo ezpela, Pirinioetakoa, oso ona da. Giltzak egiteko bikaina. Mendian hartzen ditut ezpel adarrak, uzten ditut idortzen hainbat urtetan eta tornuarekin ematen diet forma. Beti egur zaharra erabili behar da, egur berria mugitzen da eta arazoak ematen ditu.

Bestalde, Ultzamako behorren ileak ere erabili izan ditut arkuak egiteko, baina ez biolinetarako, oso lodiak direlako. Javier Colinaren kontrabaxuaren arkuari jarri nizkion proba egitearren eta funtzionatu zuen. Ile ilun eta gogorrak behar dira horietarako eta hemengo zaldi-zurdek balio dute. Argi dago kilometro zeroko biolin bikainik ezin dela egin.

Eta bernizak nola eskuratzen dituzue?

Geuk prestatzen ditugu. Badira bernizatzeko modu asko: alkoholarekin, olioarekin… Zuhaitzetako erretxina hartu eta egosi egiten dugu, gero olioarekin nahasteko. Soinurako oso garrantzitsua da bernizak malgutasuna izatea bibrazioari bidea emateko. Normalean Uztarrozen, emaztearen herrian, egiten dut lan hori, tailerrean ezin delako. Udan herrian egoten garela aprobetxatuz, urte osorako bernizak prestatzen ditut. Gero koloreak nahasten ditugu nahi bezala, baina beti Stradivariusen ereduari jarraikiz.

Argazkia: Dani Blanco.

Hemen, oro har, berrikuntza gutxi, beraz?

Bai, hala da. Saiatzen gara ahalik eta hobekien imitatzen Cremonan Stradivarik, Amatik, Guarnerik… bere garaian egiten zutena. Konpetentzia handia zegoen haien artean eta izugarri garatu zen teknika. Gaur egun Europan tradizio handia dago eta toki guztietan daude orain egile bikainak.

Zure bezeroak nongoak dira?

Hemengoak, Euskal Herrikoak eta kanpoko batzuk ere bai. Aragoitik eta Errioxatik, esate baterako, etorri ohi dira.

Zenbat balio du biolin berri batek?

Eskuz egindako baten prezioa 6.000 eta 15.000 euro artean dago. Fabrikan eginak eta guk bukatutakoak 3.000 euro inguru balio ditzake; fabrikan eginak eta jotzen hasteko balio duenak, 300 euro inguruan. Merkeagoak ere badira, noski, baina kalitaterik gabeak. Tresna berriak besterik egiten ez dituzten luthierrek, agian urtean lau edo sei pieza egiten dituzte. Hor neurtu daiteke zenbat lan ordu behar diren tresna bakoitza egiteko.

Zure ebakuntza mahaitik Sarasateren biolin bat pasa zen, ezta?

Bai. 1993an Jean Baptiste Vuillaumek XIX. mendean Sarasaterentzat egin zuen biolina ekarri zidaten konpontzera. Nahiko ongi zegoen, baina giltzak egokitu behar izan nizkion eta arima ere nahiko eroria zuen. Biolin hori Udalarena da eta Sarasateren lehiaketan Ruggiero Ricci biolin jotzaile handiak eman behar zuen azken emanaldirako doitzeko ekarri zidaten. Armairu baten barruan zeramatzan 80 urte baino gehiago eta tresna bat jotzen ez bada lokartu egiten da. Orain beira-arasa batean dago, baina nire ustez hobe lukete berriro erabiltzea, ez lokartzeko.

Zure irudikoz ofizio hau behar bezala baloratua dago?

Bai. Artisau lana asko baloratzen da, batez ere musikari profesionalen artean. Haien musika-tresna ofizioaren ardatza da beraientzat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-11-22 | Iker Barandiaran
Burmuinen borborra ezin eutsi

Deus
Kaskezur
Usopop, 2024

-----------------------------------------------------

Deus dugu galtzeko” diote baztandarrek. Eta hala da. Disfrutatzeko egin dute beti musika, haziz joan diren lau musikari trebeen arteko joko eta jolasean. 2008an taldea sortu zutenetik... [+]


Añube
Elkar besarkatzeko musika

Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]


Fermin Muguruza
“Aldatzeak eta mugitzeak pizten dit grina”

Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]


2024-11-19 | Jon Torner Zabala
Fermin Muguruza: “Pradales lehendakaria bere Justizia Sailarekin ados dagoen jakin nahiko nuke”

Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]


Kronika: Artea eta politika
Hoberena etortzeko dago-eta

Oasi bat hiri erdian

Kutixik jaialdia
Non: Intxaurrondoko Kultur Etxean, Donostian.
Noiz: Urriaren 26an.

---------------------------------------------

Donostialdean sortutako musika ekimena da Balio Dute, autogestioa zimendu eta lan-tresna gisa hartuta, "musikariak prekario, bakarti eta... [+]


Don Pasquale garaikidea pizza artean

Donizettiren Don Pasquale opera
Taldeak: EOS eta Bilboko Operako Abesbatza.
Bakarlariak: S. Orfila, M.J. Moreno, F. Demuro, D. Del Castillo, P.M. Sánchez.
Eszena-zuzendaria: Emiliano Suárez.
Eszenografia: Alfons Flores.
Lekua: Euskalduna Jauregia.
Data:... [+]


Euskal musika eszena: zer da, baldin bada?

Gasteizen, Jimmy Jazz aretoaren hamabosgarren urteurrenaren harira, hitzaldi-ziklo bat antolatu dute lau astelehenez jarraian. Aurrekoan artez eta politikaz mintzatu baziren, azaroaren 4an euskal musika eszena izan dute hizpide. Ea existitzen den, eta existitzen bada nolakoa ote... [+]


2024-11-05 | Leire Ibar
Juan Mari Beltran musikariak jasoko du aurtengo Manuel Lekuona Saria

Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.


Baigorri-Tafalla senidetze eguna
Liturgia ez-katoliko bat Urdozeko kaperan

Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]


2024-11-01 | Hala Bedi
Gorka Erostarbe (Badok)
“Edukiak gorantz egin du eta sorkuntza aldetik une polita bizitzen ari da euskal musika”

Badok-ek, Berriako musika atariak, 15 urte bete ditu. Bi ekitaldi ezberdin antolatu dituzte urteurrena ospatzeko, bata Hendaian azaroaren 16an eta bestea Durangoko Azokan. Hainbat artista izango dira bertan. Euskal musikaren gaur egungo egoeraren erradiografia txikia ere eskaini... [+]


2024-10-31 | Iker Barandiaran
Izan ginelako… landuko dugu!

Laberintuak
Maniaks
Autoekoizpena, 2024

------------------------------------------

Ohikoa da gaztaroaren borborrean musika taldeak sortzea, eta non eta Arrasaten are gehiago. Baina talde bat sasoian eusteak esfortzu eta konpromiso handia eskatzen du, eta tira egin ezean... [+]


Eguneraketa berriak daude