Apenas behar du aurkezpenik Silvia Federicik (Parma, Italia, 1942). Militante feminista, pentsamendu marxista eta feminista garaikideari egindako ekarpenengatik aski ezaguna da. Iruñean izan da Sorgin-ehizaren historiari buruzko I. topaketa feministan, eta bisita aprobetxatuz Mundua berriz liluratuz: Feminismoa eta komunen politika bere lanaz jardun dugu, Katakrak argitaletxeak euskaratu berri duena. Kapitalismo basatiaren aurrean, feminismoa eta komunen politika proposatu ditu aterabidetzat.
Titulutik hasi eta amaieraraino, egungo gauzen ordena aldatzera dei egiten duen lana da honakoa. Baina gauzak argi uzte aldera: zer da zuretzat mundua berriz liluratzea?
Niretzat mundua berriz liluratzea da kapitalismoak ezberdindu dituen hainbat kontu berriz elkar lotzea. Bai jendarteari zein norbanakook naturarekin dugun harremanari begira.
Saiakerak komunen politikari buruz dihardu, oso garrantzitsua bilakatu den kontua delako, hainbat talde sozialen politikaren erdigune baita. Politika hori feminismoaz nola harremantzen den ere hartu dut hizpide, eta komunen aldeko feminismoaz jardun.
Komunen politika bueltan da. Zerk eragin du?
Politika neoliberalek masa pobretzea eragin dute, gehienbat emakumeoi eragiten diguna. Pobreziaren feminizazioaz, desjabetzaz, desplazamenduez edo migrazio olatuez hitz egiten da, besteak beste. Praktikan, ondasun eta erlazio komunal guztienganako eraso bat ematen ari da, zeinaren ondorioz espazio komunitarioen gaineko kontzientzia garatu den, baita espazio publikoaren gainekoa ere. Geroz eta gehiago ari baita murrizten espazio publikoa, bizitzako aspektu orori eragiten dion pribatizazio bortitza tarteko. Behinola gure kontrolpean egondako bizi eremuak merkantilizatzen ari dira. Ondorioz, estatuak edo kapitalak gure biziraupena bermatzen ez dutenaren kontzientzia garatzen ari da. Uste dut horregatik datorrela bueltan komunen diskurtsoa.
"Politika neoliberalek masa pobretzea eragin dute, gehienbat emakumeoi eragiten diguna"
Goraldia bizi badu ere, komunen diskurtsoak izan ditu joan-etorriak, mugimendu iraultzaileen erdigunean egoteari dagokionez.
Kuriosoa da: XIX. mendera arte komunen diskurtsoa oso oinarrizkoa zen mugimendu iraultzaileetan. Adibidez, XVI. eta XVII. mendeen bueltan, Diggers deiturikoak aurkitu ditzakegu: lurrak okupatu eta landatzeari ekiten zion Ingalaterrako talde erradikal bat zen, lurraren pribatizazioari eta laborarien kanporatzeari aurre egin ziona. Frantziar iraultzaren osteko garaietan ere baziren komunen kontzeptua zerabilten iraultzaileak, lurra guztiona eta pribatizatu ezina zela aldarrikatu zutenak. Baina XIX. mendetik aurrera, eta industrializazioa tarteko, aldaketa bat eman zen. Komunen diskurtsoak oinarri izateari utzi zion trantsizio momentua antzeman nahirik nabil, honi buruz beste lan batean jardutea gustatuko bailitzaidake. Sozialismoaren, fabrikaren, iraultza industrialaren, proletalgoaren eta marxismoaren garapen unean, komunen diskurtsoa desagertu egin zen. Honen arrastorik ez da soldatagatiko edo lan jarduna zortzi ordura murriztearen aldeko borrokan. Diskurtso iraultzailea asko aldatzen da XVIII. mendetik XIX. menderako igarobidean, eta komunen diskurtsoa orain dator bueltan.
Bueltan dator, baina komunaren ikuskera berriak ari dira sortzen. Hau positiboa da zuk defendatzen duzunari begira: aldez aurretik pentsatutako eta zaharkitutako komunen ideiez harago joan behar dugula.
Gaur eguneko komunan pentsatzen dugunean iraganera itzulera irudikatzeak ez dauka zentzurik. Iragana ez da errepikatuko. Gainera, ez dago komuna eredu unibertsal bat. Ereduak borrokaren bidez garatzen dira, borrokaren ondorio izan behar dira, eta adierazten digute zer den posible. Borroka esperimentazio prozesu bat ere bada.
Hainbat aspekturi begira, ezinbestekotzat dituzu komunak.
Komunen sorkuntza garrantzitsua da ez bakarrik bizirauteko, baita borrokarako eta erresistentziarako ere. Antolakuntzarako lehentasuna dira, harremanak eta produkzio ereduak aldatzeko gai diren antolakundeen sorrera ahalbidetu dezaketenak. Komunen eraikuntza indartu gaitzakeen bide ahaltsua da, elkartasuna sortzea ahalbidetuz. Ez bakarrik bizidunekiko elkartasuna, baita hildakoenganakoa ere: historia berreskuratuz, gure borroka esperientzia testuinguru zabalagoan, zerbait handiagoan, kokatuz. Komuna iragana eta oroimen historikoa berreskuratzeko bidea ere izan baitaiteke, isolamendu indibidual zein historikoa ekidin diezagukena.
Komunak, zerbait izatekotan, harreman sozialak direla diozu.
Komunan pentsatzen dugunean ez dugu lur zati batean pentsatzen, baizik eta antolamendu sozialerako printzipio batean, sistema sozial batean, estatuaren eta merkatuaren oso bestelako logika batean. Komunan pentsatzean aberastasun naturala eta ekoitzitako aberastasuna nola elkarbanatu hausnartzen dugu, besteen bizitzekiko erantzule eginez eta indibidualismoa gaindituz, eta erabakiak modu kolektiboan eta asanblearioki hartzeari bide emanez. Hori da niretzat komuna: Estatuaren eta merkatuaren oso bestelako logikaz antolatutako jendarte bat, zeinetan autogobernurako elementuen eraikuntzari ekiten zaion.
Antolamendurako asanblearismoan oinarritzen den jendarte baten aldekoa zara. Alabaina, kontsentsuarekin kritikoa ere bazara.
Kontsentsuak demokratikoa dirudien arren, sarri ez da hala. Adibidez, erreprodukzioarekiko harreman ezberdin batetik abiatzen bagara, guztiok ezin gaitezke hamar orduko eztabaidetan murgildu. Horregatik esaten da sarri, kontsentsuak aproposa dirudien arren, indartsuenari zaiola lagungarri: familiarekiko betebeharrik ez duenari, gau osoa eztabaidan eman dezakeenari. Garrantzitsua da kontu hauek guztiak mahaigaineratzea.
"Hori da niretzat komuna: Estatuaren eta merkatuaren oso bestelako logikaz antolatutako jendarte bat, zeinetan autogobernurako elementuen eraikuntzari ekiten zaion"
Komunen diskurtsoa are gehiago hedatuz joango dela baieztatu duzu.
Derrigorrean hedatuko dela iruditzen zait, geroz eta jende gehiago ari baita ohartzen estatuak, kapitalismoak eta merkatuak ez dutela biziraupena bermatzen. Krisi erreproduktibo ikaragarri baten ateetan gaudela ohartzen ari den era berean. Izan ere, etxetik kanpo lan egin, lana bukatutakoan merkatuan erosketak burutu, eta ostean garbiketa lanetan eta sukaldean aritzearen logika ez da sostengarria. Aurrez sukaldatutako janaria erosi dezakegu, ados, baina haur bat izanez gero, zer egingo du merkatuak beronen biziraupena bermatzeko? Bestalde, aurrez prestatutako janaria aipatu dugula aprobetxatuz: janari zatar eta merke horrek gorputza eta bizitza suntsitzen dizkigu, gaixotasun berriak azaleratzen dira, minbizi epidemiak kasu. Eta honekin ez naiz ari esaten bizitza aurrera atera ahal izateko aurrez prestatutako janaria erosten duen emakumea erruduna denik. Esaten ari naizena da erreprodukzio modu ezberdinak behar ditugula.
Emakumeak dira erreprodukzio lanez arduratu ohi direnak, lan indarra sortzeko oinarrizko egitekoa, eta hargatik, zure hitzetan, iraultzaren “zero puntua”. Bere garaian, Soldatak Etxeko Lanentzat mugimenduko partaide izanik, erreprodukzio lanentzako soldata aldarrikatu zenuen.
Ezbairik gabe, etxeko lanengatiko soldataren aldarrikapena oso garrantzitsua izan zen 70eko hamarkadan. Mugimendu feministak indar handia zuen garai hartan, harreman berriak kontratatzeko indarra zeukan: izan emakumeen artean, emakume eta gizonen artean, emakumeen eta kapitalaren artean, zein emakumeen eta estatuaren artean. Gure bizitzak aldatu zitzaketen lorpenak egiteko indarra geneukan. Soldatapeko lanak lanaldi bikoitza dakar, kapitalismoari mesedegarri zaiona, sekulako aberastasuna ahalbidetzen baitio. Egun, emakumeen %80ak etxetik kanpo lan egiten du eta hala ere txiroenak, eta ondorioz beldurtuenak, beraiek dira. Hala bada, etxeko lanengatik soldata exijitzen dugu, nahiko da ordaindu gabeko lanak egiteaz. Kapitalismoa egiten ari garen lanak ordaintzera derrigortzen dugu. Ez emakume izateagatik, baizik eta gizonek egiten ez dituzten lanen ordainetan.
Gaur egun, gatazkak bere horretan dirau. Postura berbera mantentzen duzu?
Batetik, baliabideen problematika dago. Jendeak lan eta lan dihardu, eta lan esparruaz kanpoko beharrizan oro lanean irabazten duenarekin erosi behar du derrigor: baita haur eta nagusiak zainduko dituen pertsona bat ere. AEBetan emakume askok bi lan dituzte, eta zorpetu egiten dira hala ere, hilabete amaierara heltzeko zailtasunak medio. Halako egoeretan, baliabideak eskuratzeari dagokionez gatazka sortzen da.
Bestetik, lanen berrantolaketaren problematika dugu. Hortxe dago lanak gizonekin elkarbanatzearen aukera, baina zer gertatzen da ez badugu ondoan gizon bat? Bakarrik bizi bagara? Edo beste emakume batekin? Noski gizonek lanak emakumeekin elkarbanatu behar dituztela, baina hori ez da konponbidea. Gakoak antolatzeko modu komunitario eta kolektiboagoan datza. Erreprodukzio modu komunitarioagoak sortzeak sare soziala sendotzen du, baita emakumeen arteko harremanak ere. Are gehiago, estatuari aurre egiteko botere gehiago eta aberastasunaren birjabetzarako modu gehiago ahalbidetzen ditu. Hori da nire gaur eguneko postura.
Komunaren eredu berri bat eraikitzeari begira, lan erreproduktiboen berregituraketak oinarrizko egitekoa behar luke. Zure iritziz, emakumeek egin beharreko lana da.
Emakumeak izan behar dira lan hori egiten dutenak, emakumeak direlako albo kalte gehienak pairatzen dituztenak. Gizonak ez dira lan horretaz arduratuko. Ezagutzen duzu haurren haziera berregituratzeaz arduratzen den gizon talderik? Beren programa sozialaren baitan haurtzaindegiei buruzko eztabaida txertatzen duenik? Bada, ez. Horregatik, lan hori gizonek egiteko zain bagaude, hil gaitezke. Gainera, nik uste emakumeak baduela belaunaldiz belaunaldi jasotako esperientzia. Trebatuenak eta interesatuenak gara. Honek ez du esan nahi gizonek berregituraketa prozesuan parte hartu ezin dutenik, baina erabakitzeko ahalmenak emakumeena behar luke.
"Noski gizonek lanak emakumeekin elkarbanatu behar dituztela, baina hori ez da konponbidea"
Marx-ek metatze primitibo deitu zuena indarrean da gaur egun ere, komunen diskurtsoaren itzulera testuinguruan presente. Gainera, globalizazioarekin eta neoliberalismoarekin, normalizatu ez ezik muturrera eraman dela diozu. Zein aspektutan antzeman dezakegu?
Egun metatze primitiboaz hitz egiten da kapitalismoaren azken fasera mugaturiko zerbait ez zela izan adierazteko. Hortxe dirau, eta une erabakigarrietan ematen da, atzera-egite uneetan, kapitala bere oinarriak berreraikitzera derrigortzen duten krisialdietan. Egungoa kapitalismo basatia da, zeina modu ezberdinetako desjabetzeaz baliatzen ari den. Lurraren desjabetzea ematen ari da. Berriz ari dira gertatzen masa desplazamendu ikaragarriak. Erabateko desjabetze batez ari gara, milioika norbanako egoera guztiz zaurgarrietan lan merkatura bideratzen dituena, eta produkzio merkatuaren mendeko bilakatzen gaituena, derrigorrean. Hala bada, desjabetu egiten gaituzte, merkatuarekiko geroz eta menpekoago bilakatuz. Horrek esan nahi du geroz eta diru gehiago irabazi beharrean aurkituko garela bizitza sostengatzeko, eta esklabutza egoerak sortzen ditu, pobretze kondizioak. Guzti honengatik hitz egiten dugu gehienbat emakumeak kaltetzen dituen metatze primitiboaren itzuleraz.
Metatze primitiboak hainbat modutara kaltetzen ditu emakumeak, lurren desjabetze bidez, kasu. Horren adierazle, munduko hainbat tokitan emakumeak gehiengoa dira lurraren desjabetzaren kontrako borroken lehen lerroan. Itsasoz bestaldeko kide hauek erresistentzia eredu berriak ari zaizkigu aditzera ematen?
Bai, noski. Gaur egun, iraganean bezala, hainbat tokitan emakumeak dira komunak sortu, defendatu eta lurra babesteko borroken buru. Ohartzen baitira behin lurra kutsatutakoan komunitatea osorik galtzen dela, petrolio-konpainia batek esku hartzen duenean, adibidez: laborantzan jarraitzea eragozten du, bertan bizitzea galarazi. Bestetik, txirotzearekin eta jendartearen urbanizatzearekin, komuna berriak sortzen ari dira. Jendea landa eremutik hirira kanporatzeak kolektiboagoak diren erreprodukzio modu berriak sortu ditu: jantoki herrikoiak, hiri baratzeak,… sare komunitario oso bat sortzen dutenak. Liburuan hizpide ditut Hego Ameriketako zein Afrikako emakumeak, hiriguneetan espazio publikoa okupatzen dihardutenak, lur horretan erein eta bertatik uzta jasotzeari ekin diotenak. Fenomeno berria da, hiria eta landagunearen arteko bereizketa ezabatzen duena. Hala bada, interesgarria da adibideoi erreparatzea, antzemateko nola indartzen duten bai erresistentzia zein estatuari aurre egiteko gaitasuna, nola ahalbidetzen duten zaurgarritasun egoeratik indar gehiagoko posizio bat hartzera igarotzea. Dagoena defendatzeko balio die, baita birjabetze prozesuak antolatzeko ere.
Elkarren artean batu, antolatu eta komunitatean bizitzearen aldeko ideia hedatzen ari bada ere, bidean oztopo handi bat identifikatu duzu: teknologiarekiko erakarpena.
Gatazka daukat teknologia digitalarekin zerikusia duen oro ospatzen duen ikuskerarekin, mugikorra, iPad-a eta antzerakoak komunitate eraikitzaile gisara ulertzeko joerarekin. Berez ez dira hain eraikitzaileak, izatez harreman sozialak indibidualistagoak bilakatzen ari dira, elkarrengandik urruntzen gaituzte. Gaiarekin loturan, oso garrantzitsua den beste aspektu bati erreparatu behar zaio: tenologia horren ekoizpenak ondasun komunal asko eta asko suntsitzen ditu, baliabide naturalen suntsiketa baitago ekoizpenaren oinarrian. Honetaz ozen hitz egiten ez bada ere, teknologia berri hauek lan esklabuz ekoizten dira, babesgabetsun bortitza bizi duten langileen eskulanaz. Odol asko isurtzen da aparailu teknologiko hauen ekoizpen prozesuan. Nola, bada, ospatu dezakegu teknologia hauen erabilera? Birpentsatu beharko genuke zeri deitzen diogun aberastasuna, zer den balioa eta zeri ematen diogun.
Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]
Azaroaren 20an Donostiako Le Bukowski tabernan abiatuko dute elkarlanean egindako jaialdia. 40 artista, aktibista, pentsalari eta kolektibok hartuko dute parte. Amaiera Gasteizen izango da, ZAS espazioan.
Egin berri dira Euskal Herriko Emakume* Abertzaleen Topaketa Feministak, azaroaren 16an, Laudion. Trantsizio feminista dimentsio guztietan lelopean 500 feminista elkartu ziren. Egun osoz amets egin zuten, utopiak lortzeko bidea marrazteko eta mugimenduko kideak ilusioz betetzeko.
Sexologian eta zoru pelbikoan aditua den Juncal Alzugaray Zurimendi fisioak zenbait gako eman ditu klimaterioa eta menopausia hobeto ulertzeko.
Entitate sozial honen langileek Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken batzordean agerraldia egin dute haien lana azaltzeko. Hizlariek etxebizitza duinak, bizileku zein lan baimena erraztea eta osasun mentaleko baliabide publiko gehiago eskatu dizkiote Foru Gobernuari... [+]
2023ko abuztuaren 4an atxilotu zuten etxean Teherango Inteligentzia Ministerioko agenteek. Desagerrarazi eta gero, fisikoki nahiz psikologikoki torturatu zuten Evingo espetxean. Orain heriotza-zigorra ezarri diote, eta espetxekideek haren aldeko defentsa eskutitza argitaratu... [+]
Igeriketa, patinetean ibiltzea eta irakurtzea gustuko ditu Leire Manzanares Etxeberriak (Donostia, 2005). Garapenaren nahasmendua dauka eta Zereginak Ikasteko Gelan (ZIG) dago. Gurasoekin batera informazioa bilatzen aritu da ikasten jarraitzeko aukerak aztertzeko, baina oztopoz... [+]
Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.
Garbiñe Larreak Kosmetikoak sendabelarrekin liburua aurkeztu du azaroaren 7an Donostian. Azala, ilea eta gorputzeko hainbat atal garbitzeko eta zaintzeko behar ditugun produktuak guk geuk egiteko argibide eta informazio osoa ematen du liburuak. Auzi hau ez da azalekoa,... [+]
Baionan Loverdose eta Atharratzen Bekat’uros egin den bezala, Oztibarren (Nafarroa Beherea) Debrien Figurak feminismoaren eta transfeminismoaren inguruan antolatutako egunak arrakasta izan du.
Urriaren 24tik Espainiako Estatuko hedabide guztietako lerroburuak eman dizkiote Iñigo Errejóni, eta maiztu arte erabili dute haren izena, ezker-eskuin. Gutxitan ikusten den zarata mediatikoa lortu du, eta badirudi oihartzunak luze jarraituko duela. Orain... [+]
‘Xoka. Jite disidenteak’ jardunaldiak antolatu ditu Ehgam Nafarroak. Hiru saio eginen dituzte Iruñeko Laban: azaroaren 5ean, 13an eta 19an.
Artea eta zientzia elkarrengandik oso urrun egon daitezkeela dirudien arren, biak gustuko ditu Maider Mimi (Maider Triviño) zientzialari eta artistak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1997). Ikerkuntzan, antzerkian, musikan, bakarrizketetan, poesian eta beste gauza askotan dabil... [+]
91 urte zituela, urriaren 27an hil da Heletan jaio eta Baionan bizi zen militante feminista, abertzalea eta ekologista. Ehorzketa urriaren 30ean izango da Heletako elizan.
Seme-alabari lehenengo abizena amarena jartzea baimentzen du legeak Hego Euskal Herrian, duela urte batzuetatik, baina sozialki oraindik urrun dago parekidetasuna. Tradizio patriarkalak, inertziak, aitak (eta haren familiak) gaizki hartzeak, baita ofentsatzat ere… pisua... [+]