“Etxejabe handiei milaka pisu kentzeko legea bozka dezakete Berlinen”, informatu zuen hedabide honek aurtengo otsailean. Etxebizitzen garestitzeari aurre egin asmoz, tabu bat hautsi da Alemaniako iritzi-publikoan: etxejabe handien pisuak jabego publikora itzularazteko erreferenduma egitea mahai gainean dago. Herritarren bultzadari esker lortu da eztabaida sortzea pribatizatutako esparru bat gehiengoaren eskuetara itzuliko luketen politiken premiaz.
Andrej Holm (Leipzig, 1970), soziologoa eta Humboldt unibertsitateko irakaslea da. Urbanismoan eta gentrifikazioan aditua, Berlingo Udaleko etxebizitza idazkari izendatu zuten 2016an. Handik gutxira, presio politikoen eraginez, eta Stasin izan zuen iragana medio, Udaletik eta unibertsitatetik kaleratu zuten arte. Soziologiako ikasleek fakultatea hilabetez okupatu eta gero onartu zuten berriz. Egun Udaleko etxebizitza saileko aholkulari gisa ere badihardu. Berlinen higiezinen esparruak bizi duen egoeraz hitz egin dugu berarekin, baita erreferendum proiektuak izan dezakeen potentzialaz ere.
Urteak dira Berlin hiri gisa hazten ari dela. Egun sekulako abiadan. Higiezinak al dira urre berria?
Hala da. 2009tik, finantza krisiaren ostean, higiezin enpresen aktibitatearen bolumena sei mila milioitik egungo hogei mila milioira igaro da Berlinen. Hirukoiztu egin da. Eta ez da higiezinen kantitatea bereziki igo, baizik eta daudenen prezioa. Higiezin enpresen sektorean “betoizko urrea” esaera erabiltzen dute. Betoian inbertitzea. Honek Berlinen badu beste ondorio politiko bat: hiri osoaren balioa handitzea; eta Berlin bezalako alokairu-hiri batean ondorio sakonak ditu.
Inbertsio eta diru asko iristen ari da hirira. Gentrifikazioa arazo nagusietako bat bilakatu da. Zein neurritan eragiten du auzokideen bizitzan?
90eko eta 2000ko hamarkadetan gentrifikazioa auzo-arazo gisa behatzen genuen. Eztabaidatzen genuen ea zein auzotan gertatzen zen edo ez; eta ikusten genuen auzokideen kanporatzea gertatzen zela beste auzo batzuetara alokairuak eta bizi-kostua igotzen zirelako. 2012tik argi dugu alokairuen prezioen igoera ezin dela auzo batzuetara mugatu eta hiri osora zabaldu dela. Kanporatze prozesuak hiri barruti osoa barnebiltzen du eta probintziaren zati batzuetara ere hedatu da. Jada ez dago tokirik non esaten ahal den “hau merkea da, hona etor daitezke txiroak”. Gure ikerketek azaleratzen duten egoeran, alokairua igotzen ari da eta jendea txiroegia da kanporatua izateko. Mudantza bera ezin dute ordaindu. Ondorioa da auzokideek kanporatze prozesuari uko egin eta euren etxe propioak defendatzen dituztela.
Bestalde, gentrifikazioarekin diru gutxien dutenak dira beti kolpatuenak alokairua igotzean. Soldataren erdia edo %60 etxebizitzarako bada, diru gutxiago dago lagunekin egoteko, janaria erosteko, eskolako liburuetarako edo oporretarako. Aldi berean, jendeak gehiago egiten du lan, bi edo hiru lanpostu hartuz, horrekin alokairua ordaintzeko, ez bizitza hobetzeko. Gentrifikazio prozesuaren beste aurpegia bizi mailan gertatzen den kanporatze edo jaitsiera da: auzoetan dugun adierazle ikusgarriena denda txikien edo komertzioaren desagertzea da. Auzokideek baino babes mekanismo gutxiago dituztelako. Irabazien bila, lokal hauen jabeek errazago moztu diezaiekete kontratua bere dendan produktuak merke saltzen dituzten saltzaileei. Gero datoz Starbucks bezalako kate ezagunak edo ostalaritza orokortua. Auzokideek ez dute jada merke erosteko edo elkarrekin topo egiteko lekurik.
Etxegabetzeak dira gentrifikazioaren ondorio gogorrenetariko bat. Asko dira Berlinen ere. Zergatik ez da lortu hirian hauen aurkako eztabaida edo borrokarik zabaltzea?
Beno, Bartzelona bezalako hiri batekin alderatuta zenbakiak baxuagoak dira Berlinen. Etxegabetze asko dugu halere, 7.000 edo 8.000 urtero. 23 bat genituen egunero. 2015etik jaitsi egin dira eta egun hamar bat ditugu hiru milioi eta erdi biztanleko hiri batean. Kaltetuentzat dramatikoa da, baina ez da arazo nagusi gisa ikusten. Gehienentzat alokairuen prezioen igoera da arazo nagusia. Eta horren ondorio nabarmenena, bizitzaren beste esparruetatik aurrezten dela alokairua ordaintzeko beharrezkoa dena. 2014an egin ziren saiakera militante batzuk, kaleak moztuz etxegabetzeak geldiarazteko; arrakastatsuak izan ziren, baina ez zuten lortu beste estatu batzuetan bezala epe luzerako izaerarik. Bada etxegabetzeen aurkako elkarte bat, PAHren antza handia duena eta laguntza zuzena eskaintzen duena, baina ez da masa mugimendu bat.
"Etxebizitzaren auzian definizioaren bataila auzokideek irabazi dute, politikak arazoa ez zuelako ikusi nahi izan"
Airbnb bezalako plataformak aspaldi bilakatu dira, etekin izugarri baina betebehar gutxirekin, hirigintzan errotik eragiten duten aktore.
Bai, ia Europa osoko hirietan bezala, berdin Paris edo Amsterdam izan, Berlinen 24.000 edo 25.000 alokatzen dituzte plataforma horren bidez. Airbnb bidez alokatu pisuek etxebizitza beharraren egoera zailtzen dute, ez baitaude eskuragarri; eta auzo zehatzetan arazo argia dira, oporretarako ehunka pisu gertu direla. Hiri mailan, ordea, arazoaren %0’8a besterik ez dira. Askoz garrantzitsuagoak dira ehunka milaka etxebizitza alokatu edo eraikitzen dituzten higiezin enpresa handiak. Egungo gobernuak (sozialdemokratak, sozialistak eta berdeak) argi adierazi du legedian, formula horretan etxe bat urtean soilik 30 egunez alokatu daitekeela.
Zaila da mugak ezartzea. Badira izen propio baten atzean berrehun etxebizitza alokatzen dituzten enpresak eta badira alokairua ezin ordainduta asteburuetan euren pisua alokatzen duten auzokideak ere.
Hori arazoari gehitzen zaio. Hor bada zatiketa bat, hiri askotan bezala. Esparru askotan Airbnb garestituriko alokairua ordaintzeko erabiltzen da. Eta beste esparru askotan, negoziorako eredua da etxea alokatzea. Horregatik saiatu behar dugu negozioa egin nahi dutenak mugatzen, ez bere etxeko gela bat alokatzen duen amona. Legea nahiko berria da eta hor zuzenketak egin behar dira. Adibidez, kalean bizi diren etxegabeei aterpea ematen dien norbaitek ez luke arazorik jasan behar.
Alokairuen merkatuan eraikuntza enpresa erraldoiak sartzeak gentrifikazioaren arazoa gaindiezin bilakatzen al du?
Arazoa larritu eta alokairuen igoeraren problema eremu berrietara zabaldu dute, gentrifikagarriak ez zirela uste genuen eremuetara. Nondik lortu dituzte egun dauzkaten jabetzak?Lehenago politikatik eman zen etxebizitza sozialen pribatizazioan dago jatorria. Higiezin enpresa handiek ez dituzte soilik etxe zaharrak berritu eta garestitu. Ehunka milaka pisu dituzte langile auzoetako blokeetan. Bertan bizi da hirian beste inon alokairua ordaindu ezin duen jendea; eta halere, prezioak igo dituzte. Gentrifikazioa zabaldu dute eta ez dago nora joan. Etxebizitza sozialen parkea zena burtsan darabilte.
Askotan idatzi duzu auzokideen ahalduntzeaz eta borroka amankomunen beharraz, bereziki ikuspegi migrantetik. Azpitik sorturiko aliantzak erabakigarriak suertatzen ari dira?
2010ean, alokairuen igoerak etxebizitzaren krisia eragin zuenean, bere estatistikei begira, gobernuak adierazi zuen egoera ez zela larria. Egunerokoan, baina, sentsazio orokorra bestelakoa zen: alokairuen igoera eta kanporatua izatearen bizipena. Auzokide elkarte ugari antolatu eta etxebizitzaren arazoa publiko egiten hasi ziren. Denbora luzez medioetan etxebizitzaren arazoaren inguruan idatzi zena elkarte hauek idatzia zen. Edo kazetariek auzia lantzen zutenean auzokideek egindako ikerketa eta salaketak zeuzkaten soilik eskura. Etxebizitzaren auzian definizioaren bataila auzokideek irabazi dute, politikak arazoa ez zuelako ikusi nahi izan.
Bestalde, auzokideek euren pisu eta blokeetako arazoak hain zehazki lantzean eta konponbide zehatz eta egingarriak aurkeztean eraikin eta auzoetarako, etxebizitza politika orokor bat oratu dute apurka. Egungo gobernuak etxebizitza programan berez gutxi idatzi eta ia dena egina jaso du auzo elkarte eta auzokideen ekimen hauetatik. Azpitik osatutako antolaketak finean eraldaketa potentzial handiena ekarri du etxebizitza politika aurrerakoi honetara. Azken aldarria ere, Berlingo higiezin enpresa handien desjabetzea, azpitik dator gobernuaren politikara.
Hiriko lurzoru legearen oinarrizko erreforma eta borondate politikoa lirateke konponbidea lortzeko beste osagaiak?
Berlinek 90eko hamarkadatik hiri politika neoliberal drastiko bat jasan du. Lursail publiko ugari, eta asko ziren hirian, erosle hoberenari saldu zitzaizkion. Gero lursail hauek ez zeuden eskura hiria ongi garatzeko, eta behar izanez gero, berreskuratzeko ia ezinezkoak ziren. Egun, saldu beharrez gero, ikuspegi sozial batekin banatzen dira, ez erosle hoberenari, eta aldi berean bada duela hiru lau urte poltsa bat etxebizitza sozialak eraiki behar balira lursail berriak erosteko. Ez da, beraz, lurzoru legearen erabateko erreforma, zeinean hiriko lurra ez dagoen jada salgai; baina bai 180 graduko aldaketa bat.
Aspaldian auzokideen protestek ez zuten eragin politikorik lortzen. Azken urteotan osatutako legeak antzuak izan dira higiezinen prezio burbuila geldiarazteko ere. Nolatan da oraingoan dena ezberdina?
Ez da hala baina. Berlinen historian eraldaketa politikoak ia beti protesten bidez ezarri dira. Adibide argi bat: 70eko hamarkadan hiriaren berritzea etxebizitza historikoak bota eta bloke berriak eraikitzean zetzan. Baina 1980an protesten eta ehunka etxebizitzaren okupazioaren bidez, etxebizitza zaharrak babestu eta lortu zen, pausoka, eman beharreko hiriaren berritzea. Egun ere, hiriko parke handiena erreferendum baten bidez mantendu da, politikak etxebizitzen eraikitze espekulatiboari ia emana baitzion. Hiriko politika duela urte asko azpitik datozen protesta mugimenduek landutako auziekin osatu da. Horregatik behatu behar zaio itxaropenez. Berlingo higiezin enpresa handiena desjabetzeko saiakera aurrera ateratzen bada, ez da salbuespena izango baizik eta eraldaketa mugimenduen harian kokatu beharreko arrakasta.
Nola gainditzen da mugimendu sozialen edo auzokideen protesten eta politika profesionalaren arteko harreman zaila?
Dagoen fase zailenetariko bat da. Ezkerra eta berdeak azken urteetan oposizioan egon dira, oinarrian dauden mugimenduekin elkarlanean. Orain harremana aldatu da. Kalean zegoen jende bat gobernuan dago. Orokorrean, bada aukera bat emateko jarrera, dagoen koalizioa eratzen ahal den ezkerreko koalizio hoberena delakoan. Mugimendu sozialek duten indarra kontuan hartuta, ez dakarte kritika gogorrik. Gehiago egiteko galdegiten zaio baina ez da gobernuaren dimisioa eskatzen. Norabide egokian doala baina azkarrago joan beharko lukeela diote. Ez zegoen orain arte horrelako hartu-emanen esperientziarik, ez gobernuan ez mugimendu sozialetan. Denek azkar ikasi behar izan dute mugimendu bat ez dela gobernua; eta gobernua ez dela mugimendu bat. Hirian ahal bezain eraldaketa sakonenak lortzeko hartu-emanak nola osatu, horixe da denek orain abiatu duten ikasketa prozesua. Desjabetzearen inguruko erreferenduma saiakera ona da. Azpitik sakon landu eta irabazitako erreferendum bati ezin dio gobernuak uko egin. Ikusiko dugu, luzera begirako prozesua da erreferendumarena.
Berlingo higiezin enpresa nagusien ehunka milaka etxebizitzaren aurkako udal desjabetze edo bergizarteratze baten aukera dago mahaiaren gainean. Gaia duela gutxira arte tabua zen.
Bai. Arrazoietako bat da politika neoliberalaren garaian gestio pribatua gestio publikoaren aurretik lehenetsi zela ia leku guztietan. Gainera, historian zehar, jabetza pribatuak publiko bihurtzea soilik gobernu sozialistetan gauzatu da. Lurraren erreforma iraultzaren ostean lortu da, edota Armada Gorria Alemanian sartu eta ekialdean ahalbidetu ostean. Interes kontua da. Milaka milioiko negozioa dugu hemen. Tabua dator, higiezin enpresek eta euren lobbyek lortu zutelako desjabetzearen ideia diktadura sozialisten politikarekin lotzea. Egungo auzokideen ekimenek, baina, auziaren eztabaida objektibo bat erdietsi dute. Eztabaida askotan, ahoa aparretan dutela “komunistak bueltan datoz!” diotenen aurrean, argi geratu da auzokideek dakartzaten proposamenen erradikaltasuna ez dela ispilu bat besterik, jasaten duten arazo larriarena, alokairu igoerena eta kanporatzeena.
"Berlinen historian, eraldaketa politikoak
ia beti protesten bidez
ezarri dira"
Diskurtsoa harrigarriki mugitu da etxebizitzaren eztabaidan. Bestela ere, gaur egun asko hitz egiten dugu alemaniar gizartean diskurtsoaren lekualdatzeez, baina betiere parlamentuan eskuin populistarantz edo migrazioaren gaian arrazismorantz hausten ari diren tabu humanistei buruz. Alegia, eztabaidetan gizartea eskuinerantz doalako sentsazioa dago. Eta etxebizitzaren auzian, kontrara, aurkako norantzan oso bizkor doan burbuila bat dugu. Esperantza badugu etxebizitzaren auziaren eta eguneroko politikaren eztabaiden bidez, gizarte-eraldaketen aukerara hurbiltzeko. Ardura publiko edo amankomunaren inguruko eztabaidaren bidez neurriak finkatzen ahal baditugu, eskuin populistak askoz zailagoa izanen du bere ideiak zabaltzeko.
Kapitalismoaren ondorioek era hain argian bizitza eta hiriak txikitzen dituztela, zergatik da oraindik ere hain zaila eredu ekonomikoari buruzko eztabaida bat zabaltzea? Ez al du alemaniar ekonomiaren osasun onak gizartearen zati handi baten estutasun ekonomikoekin talka egiten?
Desjabetzearen tabuaren antzera, Alemanian antikomunismoa oso presente dago. Gerra Hotzaren garaian ereina, 1990eko batasunaren itzalpean eta Alemania ekialdeko bizipena izan zenaren mespretxuan hazi da. Sozialismoarekin zerikusia duen edozer zuzenean Stasirekin, harresiarekin edota tiroekin lotzen da. Halere, eta etxebizitzaren auzian adibidez, sekulako potentziala dago, esaten ahal baitugu hiri honetan bertan beste praxi bat ere eman zela. Egon zen benetako esperientzia bat, zeinean higiezinak eta hiria beste era batera antolatzen ziren. Ez da zergatik dena berriz ere berdin saiatu behar, baina publikoki etxebizitzaren auzia antolatzen hasteko adibide ona da. Beste ekonomia eredu batzuen eztabaida oraindik ere zaila da, baina etxebizitzaren auzian errealismo zentzudun batek bidea egin du, zeinak argi duen ekimen pribatuak ez duela arazoa konponduko. Inor ez da ari etxebizitza politikan eredu sozialista bat ezartzeaz, baina “ardura soziala” edota “ongizate amankomunaren arautzea” berriz ere agertzen ari diren kontzeptu ederretako batzuk dira.
Gentrifikazioa arazo globala da. Euskal Herrian ere ari da sakontzen. Badira protesta antolatuak, baina politikari gehienek oraindik ere modernizazio prozesu positibo gisa dakusate. Protesta, erreferendum eta desjabetzeaz konponbide bat lortzeak ordea aukera berri bat dakar. Izan liteke Berlin adibide bat munduarentzat?
Beste inon ematen den mugimenduaren eragina etxean ezin da ziur neurtu. Baina hiri askotan gertatzen den prozesua da hasieran gentrifikazioa politika ofizialetik garapen positibo gisa ulertzea. Zerikusia du oraindik ere nagusi dugun neoliberalismoaren lehia eta hazkunde logikarekin. Diotenez, hazkunde oro, inbertsio pribatu oro, ona da eta eragin positiboak ditu. Bestelakoa da zuzeneko esperientzia masa turismoarekin edota higiezinen espekulazioarekin, ordea. Lisboan luzez esan zuen ezkerreko gobernuak ona zela mundu mailan erakargarriak izatea, alde zaharra salbatuko zutelakoan. Gero, baina, ostu dizuten antzoki batean esnatzen zara. Argi utzi behar zaie politikariei gentrifikazioak ez duela garapenarekin zerikusirik, arazo bat dela. Hori lortuta etorri ohi da politikarien aitortza: arazo bat dela onartzen dute, baina beste biderik ez dela argudiatu. Horren aurka, Berlingoa bezalako ekimenak garrantzitsuak dira, argi baitago beste bide posible bat izan, badela.
Valentziako tanta hotzaren kudeaketa txarrak aldaketa ekarri du muturreko eguraldiagatik izan daitezkeen alerten inguruan, “neguko” lehenengo denboraldian agerian geratu den bezala. Hego Euskal Herrian ibaiek gainezka egingo zutelako mehatxuaren aurrean, hainbat... [+]
Palestinatik aberriratu eta urtebetera, Espainiako Gobernuak jakinarazi du familien harrera programa ez duela gehiago finantzatuko eta aterpetxe eta hostaletako egonaldia abenduaren 31n etengo diela. Urtarriletik aurrera Gasteizko Udalak Gazako bost familien ostatuaren gastuak... [+]
Lau hilabeteko eta lau urteko bi ume dituen familia bat etxetik bota dute astelehen goizean Bilbon. AZET Etxebizitza Sindikatua azken egunotan etxegabetzea bide judizialetik geldiarazten saiatu bada ere, astelehen goizean bota ditu poliziak etxetik. Manifestazioa deitu dute... [+]
Abenduaren 14an etxebizitzaren negozioaren aurkako manifestazioa egingo dute Bilbon, etxebizitza sindikatu nagusiek deituta. “Doako eta kalitatezko etxebizitzaren alde eta politikarien eta instituzioen fartsaren aurka” mobilizatzera dei egin dute. Ane Salvador... [+]
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]
Abenduaren 14an Bilbon etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazio nazionala antolatu dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak. Ia 200 izan dira auziarekiko elkartasuna adierazi duten eragileak.
Horren nabarmenki izan ez bada ere, Gipuzkoako gainontzeko lurraldeetan ere gora egin du etxebizitzaren prezioak. Modu berean higiezinen salerosketa ere handiagotu egin da, antza inflazioaren eta interes tasen jaitsiera dela eta, Gipuzkoako Higiezinen Jabetzako Agenteen Elkargo... [+]
Alokairuen bidezko espekulazioa oztopatzeko neurria azaroaren 25etik goiti izanen da indarrean Ipar Euskal Herrian. Momentuko, tentsiopean diren Lapurdiko 24 herriei eraginen die: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu,... [+]
Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]
Polizia etxegabetzea geratu nahi zituzten herritarren aurka oldartu da eta hainbat lagun zauritu ditu. Azkenean, etxegabetzea atzeratu duela jakinarazi du epaitegiak.
Enplegua izanik ere hipoteka ordaindu ezin dutelako Laboral Kutxak etxegabetuko dituela salatu du Auzoan Bizik. Ostegun goizean "erresistentzia” egitera deitu du etxebizitza sareak.
Lanaren Ekonomiaren 8. denboraldia etxebizitzaren gatazkari helduz hasi da, Karla Pisano, Roser Espelt, Miguel Virizuela eta Argiako Jon Tornerrekin. Bi barikutan behin 11:00tan izango da irratsaioa.