“AHT-ren dosierra zerotan dago, epe ertainean ez da mugituko”

  • 1960, Landibarre (Baxenabarre). Laboraria eta politikaria. Akitania Berriko kontseilaria Alderdi Sozialistaren (PS) izenean eta ezkerreko independentez osatu zerrendan. Lanaldiaren bi heren hautetsi gisa ari da eta beste herena baserrian: “Ikasle laborari gazte mugimenduan barneratu nuen ezkerreko sozialista izatea, eta ezkerrekoa nintzelako bilakatu naiz abertzale”, erran digu.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zergatik aurkeztu zinen Frantziako Alderdi Sozialistarekin 2015eko Akitania Eskualdeko bozetan?
Hemezortzi urtez geroztik engaiatua egon nintzen Ipar Euskal Herriko ezker abertzaleko kide gisa. Abertzale Batasuneko (AB) bozeramaile lanetan bukatu nuen nire ibilaldia. 2012an, ABren barruan ildo estrategikoa eta programatikoa landu genituenean, bi ildo garbi agertu ziren: hauteskundeei begirako desadostasunak zeuden. Ez ziren baitezpada, oinarri estrategiko ideologikoei buruz ezberdinak. Ildo batekoek abertzale ez diren ezkerreko indar politikoekin bidea lantzea defendatu genuen. Gehiengoak kontrakoa erabaki zuen eta utzi nion AB eta EH Bain militatzeari.  

Anartean, Ipar Euskal Herriko Laborantza Ganbarako zuzendaritzan (EHLG) ari nintzen. Hautetsiekiko harremanen ardura nirea zen eta EHLGren bitartez hautetsiekin harremanak sakondu nituen. Akitania Berriko Kontseilu Nagusiko zenbait hautetsirekin kontaktuak lotu nituen, baita Alain Rousset presidentearekin ere.

Harremanak nolakoak izan ziren? Ustekabean gertatu al ziren?
Bai, gutxien uste nuenean... 2015ean bozak heldu ziren eta Roussetek hautes-zerrendetako lehen lekuetan ezkerreko beste mugimenduei aukera eman zien. PSk, Bearnon, CGTko kide bat onartu zuen, baita EHLGtik hurbil zegoen kide bati lekua irekitzea ere deliberatu zuen. Rousset bera enekin jarri zen kontaktuan modu nahiko naturalean, ados ginen eta ez ginen puntuak eztabaidatu genituen eta akordio bat sinatu genuen. Nik hainbat baldintza jarri nituen: abertzale izateari uko egin gabe, Ipar Euskal Herriari laborantza politikari dagozkion hainbat proiektu eraikitzaileei lotzeko nahikaria adierazi nion. Akitania Berriko konpetentzien bidez lan horri ekiteko kuraia banuela ikusi nuen, banuela nahikari aski ere. Proiektuen diruztatzaile nagusietariko bat da Bordeleko Kontseilu Nagusia.   

“Hemezortzi urteetan ikasle laborarien mugimenduan ibili nintzen, hor barneratu nuen ezkerreko ikuspegia, eta oro har ezkerreko sozialista izatea, ezkerrekoa nintzelako naiz abertzale bilakatu”

Abertzaleen artean nolako harrera ukan zuen zure erabakiak? Ia lau urteren ondoren zein da esperientziaren balorazioa?
Banekin abertzale mundutik ohar ezberdinak ukanen nituela, baina harriduraz, uste baino jarrera ezkor gutxiago ukan nuen, aipamen gehienak errespetuz eta normaltasun osoz jaso nituen. Kontrakoak ere izan ziren, baina gehienek ulertu zuten nire desmartxa politikoa. Esperientziaz bi hitz: nahiz eta kontseilari lanetan denbora asko eman behar dudan, ez dut kontseilari izatea ofizio esklusibo bezala hartu, laborari gisa eta baserriarekin lotua izateko beharra daukat oraindik.
 
Ontsa, beraz?
Bai. EMAko kide, IK-ko preso politikoen sustengu komiteen bozeramaile, ABn eta EH Bain aritu naiz. Hogei urte inguru nituelarik abertzale bilakatu nintzen, aitzinetik ezkerrekoa nintzelako. Hemezortzi urteetan gazte ikasle laborarien mugimenduan ibili nintzen, hor barneratu nuen ezkerreko ikuspegia, eta oro har ezkerreko sozialista izatea, ezkerrekoa nintzelako naiz abertzale bilakatu. Beste batzuek agian alderantzizko bidea egin dute, ene ikuspegitik bederen. Politikoki betiere izan dut nahikaria ezkerreko sektoreengana hurbiltzeko, nahiz eta abertzaleak ez izan.    
 

Zure ideiak Akitaniako Kontseiluan aitzina eraman ditzakezu, beraz?
Bai. Ohartu naiz agian une ona zela bide hori urratzeko, nahiz eta batzutan nekadura fisikoa ere sentitzen dudan Akitania Berria eremu zabalean ibiltzean. Haatik, banuen aski indar, nire oinarri politikoetatik aldendu gabe, nire asmoak aitzina eramateko. Ardura politiko horren hartzeak betetzen nau. Lortu nahi nuen ordezkaritza badut: mendiko laborantzaren eta artzaingoaren ardura izatea. Ari naizen lekuan baliagarria naizela iruditzen zait.    

EH Bai uztean, “atera behar da nolabaiteko absolutismo abertzaletik”, erran zenuen. Bizi izan dugun aro politikoaren aldaketaren ondoren, nola ikusi duzu EH Bairen bilakabidea?
Egun ez nuke “absolutismo” hitza erabiliko. Egoera politikoaren aldaketak politika egiteko molde berrituak ekarri ditu. Nik ez dut nire burua abertzaletasunetik kanpo ikusten, ez naiz erabat barnean ere, ez naiz EH Baiko kide, baina hainbat atal programatikoetan bat egiten dut EH Bairekin. Aipatu duzun aldaketa politiko orokorra aldatzeak “absolutismotik” aldentzea ekarri du poliki-poliki. EH Bildu Hegoaldean eta EH Bai Iparraldean bide horretatik doaz. Badago ere hurbiltze bat haien artean, koherentzia eta errespetu osoz eman behar dena seguraski. Oro har, bakoitza bere rolean ari da.

Akitaniako PSko kideek zer-nolako jarrera izan dute zurekiko?
Batzuek, hasieran, animalia edo kabala arraro bat deskubritu zuten... Gero, denbora joan ahala normaltasunez hartu ninduten. Barne debateetan neure ikuspegiak azaldu ditut, inolako arazorik gabe, bazekiten haiek ados izan edo ez, nire ikusmoldea atxikiko nuela. Rousset presidentearekin hori adostu nuelako.

Urteak joan ahala ohartu naiz bestei buruz joateak duen eragin handia, baita debatearen kontraesanetan ere sartzeak: AHT-z, gizarte gaiez, Iparraldearen egituratze politiko administratiboaz aritzeak. Areago nabari dut hori ingurumena, mendiko politika eta ekologiaz ari garenean, kudeatzen ditudan gaiak direlako. Abertzale izateak edo ez izateak ez du eraginik debate horietan. PSk, Europa Ekologistak (EELV), PStik aldendu den Génération.s eta ezker ainitzekoez osatuta dago Akitaniako Gobernua eta gehiengo politikoa. Halaber, komisioetan ez gara bakarrak, eskuineko alderdiak ere badaude, baita eskuin muturra ere, oposizioko talde indartsuena bera da. Debateak gogorrak dira batzuetan, baina eraikitzaileak. Politika aberatsa eta irekia da.

Eskualdeko kontseilari kargutik nola baloratzen duzu Frantziako Estatuaren lurralde erreforma?
Eskualde Kontseiluak gero eta konpetentzia gehiago eta handiagoak ditu, bereziki Estatuko NOTRe legea –Estatuaren lurralde erreformarako legea– onartu zenetik. Oro har, Eskualdeei eta Herri Elkargoei eskuduntzak handitu zaizkie. Eskualdeek Estatuari konpetentzia atal batzuk kendu dizkiote, hala ere, nire gusturako gutxi. Eskuduntza asko kendu zaizkie departamenduei. NOTReren abiaburuan zegoen departamenduak kentzea eta hori garatu behar da oraino, baina Estatuaren barnean lobby indartsuak daude, departamenduei atxikitzeko ahalegin handiak egin dituzte. Izan ere, departamenduetako eskuduntzak hustuz joan dira, nekazal konpetentzietatik %80 kendu diete departamenduei eta eskualdeetara pasa dira. Departamenduetan gizarte konpetentziak geratu dira, eta gainerako gehienak eskualdeetara pasa.

Bizkitartean, Ipar Euskal Herrian Euskal Hirigune Elkargoa sortu da eta ondorioz konpetentzien banaketa inportanteagoak izan dira. Nire kasuan, Eskualdeko kontseilari izanki, aldaketa horiek harrapatu naute bete-betean. Ipar Euskal Herriko gutienezko instituzio hori sortzeak Akitania Berria mega-eskualdean eragin du ere. Euskal Elkargoa Akitania Berriko bigarren hirigune elkargo haundiena da, politikoki oso garrantzitsua. Politika publiko berriak garatzea eta instituzio hori eraikitzen hastea Iparraldean aurrerapen handia izan da. Pisu politiko berri horretaz kontziente izan behar dute eragile guztiek, baita Alain Roussetek ere.

Mendigunearen eta Artzaingoaren ordezkaria zara. Kontseilari gisa zein dira zure xedeak?
ELBko eta EHLGko kide nintzen eta beti naizenez gero, ene xedeak EHLGko asmoak Kontseilura eramatea izan da, ahal nuen neurrian. Horretan ari naiz, ez esklusiboki. Bi norabide agertzen dira argiki: laborantza politika publikoa eraman daiteke ikuspegi produktibista eta liberaletik, FNSEAk egiten duen bezala. Edota beste ikuspegi politiko eta sindikala dituen Confédération Paysanneren ildoan, Iparraldeko EHLGk lantzen duena. Nik bigarren ildo hori lehenesten dut. Hala izanik ere, mendiko laborantza eta artzaingo politikari buruzko proiektu guztiak ez dira baitezpada EHLGn lantzen, Paueko Laborantza Ganbarak daramatzan ildo batzuk ere kontuan hartu behar ditut. Gure lurralderako proiektu eraikitzaileak eta osagarriak izanez  gero, bi ildoak uztartzen saiatzen naiz.  

Bi laborantza ganbara dira. Bitxia.
Orokorrean erran nezake, panorama berezia eta berezitua dela, bakoitzak bere lekua hartu du aski naturalki. Azken hauteskundeek Ipar Euskal Herriko laborantza ikuspegiaren ordezkaritza berdintsua atera dute. Emaitzen polemikaren gainetik, ELBk gehiengoa dauka. Debatea kontrajarria da laborantza munduan, demokratikoa, batzuetan noziboa izaten ahal da, baina baita eraikigarria ere, bi aldeak ditu, politika orokorrean bezala funtsean.

EHLG zer da ilegala, alegala, legala? Hori bai fenomenoa!
Hori gai funtsezkoa da niretzat. Rousseten proposamena onartzeko arrazoietako bat izan zen. 2015ean, eskualdeko ezkerreko gehiengoa bidelagun eraginkorra zen EHLG ofizialtzat hartu ahal izateko. Hautagai izatea onartzeko hori oso inportantea izan zen, eta harrez gero, xumeki erran dezaket indartuta atera garela elkarlan horretatik. Eskualdeko Kontseiluarentzat Euskal Herriko Laborantza Ganbara bidelagun premiazkoa da, sinesgarritasuna irabazi du. Laborarien dosierrak lantzen ditu, noski ondoan Paueko Ganbera dagoelarik. Proiektu batzuetan laguntza bientzat ekartzea ezinbestekoa da Eskualdeko Kontseiluaren aldetik.

Mendiko eta ordokiko laborantzak daude. Aise al da biak akomeatzea?
Gaia biziki minbera da. Nire jokamoldea sindikalgintza politikotik dator, dirutza publikoaren laguntza handienak, nolabait, ordokietako laborantza handiei joaten zaizkie, arto eta zekale egileei, Akitanian estatuan baino gutxixeago, baina nire gusturako gehiegi halere.  Eskualde Kontseilua den “botere gune” horretatik badut aurrekontu bat kudeatzeko ahalmena, eta saiatzen naiz oreka bat ekartzen diru laguntza horiek banatzerakoan. Nik uste, iraganean baino diru publiko gehiago banatzen zaiola mendiko laborantzari, baita hurbileko eta kalitatezko ekoizpenei ere. Horretan ari naiz agintaldian.

“Estatuak bere legediaren bitartez Iparraldeko instituzio politiko baten sorrera ahalbidetzea ez da gauza tipia izan”

Garraioa hizpide. Nola ikusten duzu AHTren proiektua?
AHTri baino garrantzia handiagoa ematen diot Baiona eta Donibane Garazi arteko trenbideari. Lorpen handiak izan ditugu tokiko klase politiko orokorraren kontra, Estatuaren kontra, Roussetek jakin izan du eraberritzen trenbide hori eta orain eguneroko trenen frekuentzia handiago ematea dagokigu. Baina egina dago. Bestalde, AHTren dosierra zerotan dago. Nire iritziz, epe labur eta ertainean ez da mugituko, ez Rousseten ikuspegia aldatu delako, inondik inora ere, berak baditu argudioak proiektua erabat ez baztertzeko: egunero autobidetik pasatzen diren milaka kamioak nahi ditu kendu eta haien merkantzia trenbidean ezarri. Baina, badaki ere Akizetik Hendaiara doan AHT garestiegia dela, baita abiadura handiko trena egungo trenbidetik pasa daitekeela ere, burdinbidea moldatuz gero. Eztabaida orokorra da Frantziako Estatuan eta tren mota horiek ez dute premiazko dirua lortuko, dirua ez dagoelako mega-proiektuentzat eta bereziki Europatik heldu behar den sosa ere eskas delako.

Akitaniako presidente Alain Roussetek zer iritzi du Euskal Herriaz?
Roussetendako Euskal Herria urruna bezain hurbila da. Urruna, bera ez delako euskalduna, ez delako hemengoa, hemengo errealitatea behatzen duelako eremu zabalago batetik, beraz, bere ikuspegia horren araberakoa da. Dosier asko ditu trenkatzeko, hala ere, hurbila da, hemengo indar harremanak, gutxi-asko, ezagutzen dituelako. Roussetek , apaltasun osoz diot, Akitania Berrian dinamika eta bizia inon bada –soziala, ekonomikoa, kulturala eta identitatearen aldekoa– berak badaki hori Ipar Euskal Herrian dagoela. Eta, oro har, Euskal Herrian osagai horiek badaudela, bere lurraldea euskaldun gisa aldarrikatzen duen populua, nahiz eta hiru eremu administratiboetan banatuta izan, eta badaki ere lurralde horren parte bat administratzen duela, areago ezagututa Euroeskualdeak hartu duen pisua. Akitania Berria zabala izanda ere, EAE, Nafarroa eta Iparraldea, eta azken finean Euskal Herria, Euroeskualdearen iparrorratzak direla badaki, proiektu eraikitzaile nagusiak bertatik abian baitira.  

Euskal Hirigune Elkargoa hizpide orain. Aldarrikatutako Lurralde Elkargoren ordez, abertzale gehienek onartutako erakundea da. Abertzale batzuen frustrazioa agerikoa izan zen halere. Zein da zure aburua?
Euskal Elkargoak hastapenean ez du denon gogoa ase, eta egun ere ez, hala ageri da EH Baiko hainbat kideren erranetan. Baina, oro har, frustrazio horrekin batera, bidezkoak diren aldarrikapen politiko abertzaleak bideratzen ari dira, sektore guztiak kontuan hartuta. Nire aburuz ez dago kontraesanik, aipatu dugun egoera politikoaren aldaketak ekarri zuen absolutismo hartatik ateratzea, eta ondorioz, ekarri du ere Euskal Elkargoaren bidean jarraitzea. Hau da, gauza konkretuetan zerbitzu publiko politikoa gauzatzea, pragmatismotik bide egitea, eta azken hitz hori ez da hitz itsusia ere. Pragmatismoa sartzen dugu eguneroko gure bizitzan, –etxeko sukaldea kudeatzeko moldean, haurrak eskolaratzean, edo auzoarekin harremanak lantzean–. Pragmatismo dosi batzuk politikan sartzea ezinbestekoa da. EH Baik Euskal Elkargoaren eskuduntzaz harago joan nahi du, funtsean nik ere bai, eta hori ere etorriko da bere momentuan. Estatuak bere legediaren bitartez Iparraldeko instituzio politiko baten sorrera ahalbidetzea ez da gauza tipia izan. Euskal Elkargoari denbora eman behar zaio osatzen joateko, lan horretan ari da. Iparraldean dagoen potentzialtasunak ekarriko du edo ez Lurralde Elkargoa izatea.  

Edonola ere, ezker abertzaleko zenbait militante historikoren hala nola berrien kritikak ere badaude: euskararen arloan arrenkurak daude. Nola akomeatu horiek?
Horietako asko ene aspaldiko bidelagunak dira. Nik iraultzaile erreformistatzat dut nire burua. Alta bada, nahitaez, militantziako urteen pilatzeak adinarekin gure arteko errespetua handitzen du. Zuk bezala pentsatzen ez duenarekiko errespetua anitzez handiagoa da 50-60 urtetan 20-30 urtetan baino. Ni 30 eta 40 urteetan baino askoz fiteago aspertzen naiz ehunetik ehunean nirekin ados denarekin. Loriatzen nau debate kontrajarriak eta nolabait betetzen nau enekin ados ez dagoenak, horrek ontzen nau eztabaidaren bukaeran ados ez izanik ere. Hark zerbait ekarri didala uste dut eta nik ere hari agian beste piska bat. Nire kargu politikoa eramateko zereginetan egunero bizi dut errealitate hori.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ipar EH-ko politika
2024-10-02 | Leire Ibar
Baxoan ahozko proba euskaraz egiteko eskubidea bermatu zuten irakasleak, ikerketapean

Uda aurretik, irakasle talde batek ekimen bat jarri zuen martxan ikasleek proba euskaraz erantzun ahal izateko. Kazetak adierazi duenaren arabera, orain gertatutakoa ikertzeko prozesua zabalik dago.

 


Miarritzeko auzapez ohi Didier Borotra zendu da

Politikari zentrista ezaguna, 1986tik 1991ra Departamendu kontseilari izan zen, 1991tik 2014ra Miarritzeko alkate eta Frantziako senatari 1992tik 2011ra. 86 urte zituela zendu da abuztuaren 21ean, infartu baten ondorioz.

 


Euskal herriarentzat nolako Estatu bat nahi dugu?

Bagira prozesuaren emaitza, Herri bidea bide-orria izan zen. Bide-orri honetan, abertzaleen helburua herriari boterea itzultzea dela aipatzen da, eta boterea itzultzeko, herriari burujabetza maila maximoa emanen dioten instituzioak herriari eskaintzea adierazten da. Zehazten da... [+]


2024-07-08 | Pauline Guelle
Analisia
Hesi istorio

Nork aurreikusten ahal zuen 2024an Peio Dufau –Marie Heguy-Urain duelarik ordezko–  EH Baiko hautagaia, diputatu izanen zela? Eskuin muturraren kontrako kanpainak eta estrategiak funtzionatu du. Ipar Euskal Herriak ez du faxistarik bidaliko Frantziako Asanblea... [+]


Iñaki Echaniz, laugarren barrutiko irabazlea
“Itxaropen haizea dakar Fronte Herritar Berriaren dinamikak”

Iñaki Echanizek irabazi du Zuberoa, Nafarroa Beherea, Hazparne eta Biarnoko zati bat barnebiltzen dituen laugarren hautesbarrutian. 2022an bezala, garaile atera da, ezkerreko Fronte Herritar Berriaren izenean.


Ezkerrak hirukoiztu egin dio aldea ultraeskuinari Ipar Euskal Herrian

Ekainaren 30ean, lehen itzulian, 11.000 boto eskas gehiago lortu zituen Fronte Herritar Berria koalizioak Batasun Nazionalaren aldean. Orain, 30.000 boz atera dizkio. Parisera joango diren hiru hautesbarrutietako ordezkariak Fronte Herritar Berrikoak izanen dira.


2024-06-30 | Estitxu Eizagirre
Laugarren barrutian: Fronte Popular Berriko Iñaki Etxaniz irabazle, eta eskuin muturra bigarren lehen aldiz

Nafarroa Behereko zati bat, Zuberoa eta Biarnoko zati bat hartzen dituen laugarren hautesbarrutian %73ko parte-hartzea izan da (Frantziako estatukoa %65,5). Ezkerreko Fronte Popular Berriko Iñaki Etxaniz nagusitu da bozen %38,01ekin. Eskuin muturreko Batasun Nazionaleko... [+]


Ehunka lagun elkartu dira Baionan eskuin muturraren kontra

Sindikatuek eta Alda elkarteak deituta karrikara atera dira herritarrak eskuin muturraren gorakada salatzeko.


2024-06-13 | Euskal Irratiak
Mixel Esteban hautetsi ekologista
“Ekologia ez da modan, gure bozkak alderdi sozialistara joan dira”

Bigarrenetik seigarren postura erori da Berdeen alderdia Ipar Euskal Herrian, Europar legebiltzarreko hauteskundeetan. 2019ko hauteskundeen datuekin alderatuta, 10.000 boz galdu dituzte; hots, %17tik %7ra pasa dira.


Le Penen eskuin muturra irabazle Ipar Euskal Herrian

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herri gehienetan nagusitu da Batasun Nazionala, Pirinio Atlantikoetako Departamentuko prefekturak emandako datuen arabera. Nagusitasuna ia erabatekoa da Lapurdin.


2024-05-24 | Euskal Irratiak
Peio Etxeleku, Elkargoko bere kargugabetzeaz: “Ez didate ene burua defendatzeko aukerarik eman”

Jean René Etxegaraik Peio Etxeleku baztertu du Errobi lurraldeko arduretatik. Etxeleku Kanboko hautetsia eta EAJren Ipar Buru Batzarreko lehendakaria da. Joan den astean Hirigune Elkargoko buruak jakinarazi zuen poloko hamaika auzapezetatik seik galdegin ziotela... [+]


Euskal Konfederazioak haserrea adierazi du EEPren batzar nagusian, euskararen aldeko politikei diru gehiago ez bideratzeagatik

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) batzar orokorra izan du astelehenean 2024ko aurrekontua bozkatzeko. Alain Iriart, Euskal Elkargoko ordezkaria kontra bozkatu duen bakarra izan da.


2024-01-31 | Euskal Irratiak
Peio Etxeberri Aintxart
“Estatuak heriotza heroikoa eskaini zion gainbeheran zen Enbatari”

Mende erdia bete da Enbata legez kanpo ezarri zutenetik. Frantziako gobernuak Enbatak Hego Euskal Herriko ETA erakunde armatuarekin zuen balizko lotura ezarri zuen estakuru bezala. Horren ondorioz,Ipar Euskal Herriko lehen mugimendu abertzalearen azken kideak HAS Herriko Alderdi... [+]


Eguneraketa berriak daude