“Marrazketa tresna ezin hobea da edozein ogibidetan aritzeko, baina ez da trebezia moduan lantzen”

  • Hernanin hartu gaitu Ainara Azpiazu Aduriz ilustratzaileak, Andrekaleko bigarren zenbakian. Etxe horretan hazi zen Axpi, eta hantxe dauka orain lokala. Historia polita dakar kale horrek: ofizialki, Kardaberaz deitzen zen, baina, orain dela bost urte, herritarren ekimenez, tradizioz eman izan zaion izena berreskuratu zuen. Toki egokia da, dudarik gabe, gaurko elkarrizketa egiteko. Izan ere, horixe baita Axpiren lanaren ardatzetako bat: iruditeriatik at geratu direnak (emakumeak, adinekoak, haurrak) koloretara ekartzea.

Argazkilaria: Dani Blanco.
Argazkilaria: Dani Blanco.
Ainara Azpiazu Aduriz, Axpi (1980, Hernani)

Soziologia eta Arte Ederrak ikasi zituen Bilbon, eta ilustrazioko master bat egin zuen Italian. Ilustratzaile dabil azken hamar urteotan, hainbat lanetan: komiki-tirak, liburuak, tailerrak eta muralak egiten ditu. Autonomoa da, baina, gaur egun, Kabiene elkarlan gunean dabil, Usurbilen. 2017an Etxepare saria eskuratu zuen, Paula Estévezekin batera egindako Arraroa lanari esker. Tupust! kolektiboko kidea da, eta Txalapartak berriki kaleratu duen izen bereko komiki-liburuan parte hartu du. Haren lanetako batzuk ikusgai daude Donostiako Lugaritz kultur etxean, ekainaren 14ra bitarte.

Badira hamar urte afizioa ofizio bihurtu zenuela, nola gertatu zen?

Txikitatik asko gustatzen zitzaidan marraztea, beste ume askori bezala, eta ez nion sekula utzi. Amak Donostiako denda dotore batean egiten zuen lan, Nerecánen, eta han bulego eta arte material ugari saltzen zen. Opariak handik ekartzen zizkidan, bera ere oso artezalea zen eta tarteka dendatik mimoz ekarritako opariekin garatu nuen zaletasuna haurtzaroan. Iritsi zen zer egin eta nora joan erabakitzeko garaia, eta etxean ez zuten oso begi onez hartu arte ederren aukera, eta erabaki nuen soziologia egitea. Nahiko nota txukunekin bukatu nuen, soziologo lana atera zitzaidan eta ikerketa batzuk egin nituen. Orduan konturatu nintzen soziologiak ematen zidan begirada eta errealitatea aztertzeko giltza hori oso gogoko nuela, baina ez zela izan nahi nuen ogibidea, edo, gutxienez, ez nuela geratu nahi zintzilik utzitako arte ederren bide horri pixka bat heldu gabe, oraindik gaztea nintzen-eta. Zortzi ordu zerbaitetan pasa behar dugu, izan dadila gustukoa. Soziologiak begirada ematen zidan, eta arte ederrek hori plazaratzeko modua.

Arte ederretan ere ez zinen ase, ordea.

Lehen urteak oso dispertsoak ziren, handik eta hemendik probatzen zen, eta nik, ordurako, gauzak nahiko garbi neuzkan, ez nuen denbora gehiago “galdu” nahi. Ahalegin handia eskatzen zidan aldi berean lana eta ikasketak egiteak. Teknikan gehiago sakontzea zen nik behar nuena, nahi nuena egiten segitzeko: munduarekin komunikatzeko. Baina arte ederretan ez nuen ikusten aukera handirik horretarako. Are gehiago, esango nuke oso gutxietsia zegoela modu hori. Komikia, ilustrazioa, gauza figuratiboak egitea… ez zen hori bultzatzen zena. Ilustrazioan topatu nuen nire bidea, ikastaroak eginda lehendabizi eta masterrean ondoren, Italian.

Komunikatu nahi zenuela diozu: zer ordea?

Adibidez, emakumeen irudiak ez nituen ikusten gizartean garrantzitsuak ziren tokietan, irudiak egon ohi diren tokietan: prentsako tiretan, aldizkarietan… Ematen zuen munduaz hitz egitea zela gizonen munduaz hitz egitea. Hala zen. Bazirudien mundua hura zela, baina hori zen munduaren frakzio txiki bat. Faltan botatzen nituen, ez bakarrik emakumeak, adineko jendea, umeak eta bestelakoak ere bai.

Askotariko lanak egiten dituzu. Has gaitezen liburu ilustratuekin. Nolakoa da esparru hori?

Euskal Herrian oso gutxi produzitzen dira, ez baita produzitzeko merkea. Itzulpenak bai, asko egiten dira, ederrak gainera. Bertako produkzioa hastapenetan dagoela esango nuke, badaude argitaletxe batzuk apustu handiagoa egiten dutenak, zorionez, eta uste dut goraka doala. Bestalde, beste herrialde batzuekin konparatuz, Euskal Herrian ez daukagu irudiaren kulturarik, batere ez. Irudia umeen munduarekin lotzen da oraindik ere, eta umeen mundua lotuta dago gutxiago balio izatearekin. Umeen munduari lotuta egotea ez da berez txarra, zoragarria da, niri asko ematen dit: umetako askatasuna, ideien zabaltasuna… zoragarriak dira. Ematen du ume eta heldu ezberdin garela, baina azken batean pertsona berdina da, garapen baten ondoren. Ez dakit zergatik gutxiesten ditugun gauza horiek. Bide bat daukagu egiteko horretan ere.

"Nire etxean bizitza prozesuaren metafora eta irakaspen asko animalien edo landareen bidez ematen ziren"

Zein da zuretzat halako liburuen xarma?

Uste dut jendearengana iristeko ahalmen handia dutela, zeren irudi zoragarriak izaten dituzte eta testuaren eta irudiaren arteko jolasa ere oso polita izaten da. Nolabaiteko sentsazio ona uzten dute, askotan oso sakonak eta zuzenak dira. Liburuaren bidez eduki bat jasotzeko beste modu bat da, eta beste esperientzia mota bat eskaintzen du, oso polita iruditzen zaidana. Sortzaile bezala goxoki bat da.

Testuaren eta irudiaren arteko jolasa aipatu duzu. Nolakoa behar du?

Sortzaileak erabakitzen du nolakoa izan daitekeen. Garbi dagoena da ez duela errepikakorra izan behar, irudiak ez duela errepikatu behar testuak esaten duena, ezta irudiak adierazi testuak esaten duena. Hortik aurrera hainbat harreman sor daitezke. Batetik, kontraesana sor daiteke bien artean, eta horren bidez interesa piztu. Edo, bestela, irudiaren bidez historia zabaldu daiteke, bigarren mailako istorioak sortuz, adibidez. Niri interesgarriak zaizkit testu eta irudien artean jolasa sortzen dutenak, irakurlearekin konplizitatea sortzen dutenak.

Entzuna dizut baduzula gogoa biak zuk egiteko, testua eta irudia.

Orain hasi naiz. Biak iruditzen zaizkit garrantzitsuak. Asko gustatzen zait beste baten buruan sortutakoak ilustratzea, konturatu naizelako niri okurrituko ez litzaizkidakeen gauzak sortzen direla, eta hori oso aberasgarria da. Nire testuak egitea eta beste batekin lan egitea, biak eskatzen dizkit gorputzak.

Ainara Azpiazu, Axpi, Hernaniko frontoian egindako muralaren aurrean. Argazkia: Dani Blanco.

Nola funtzionatzen du elkarlan horrek?

Pertsonaren araberakoa da, oso. Nire ustez Arraroa-k ondo funtzionatu zuen idazten eta marrazten hasi aurretik gertatu zelako elkarrizketa.

Paulak [Estévez] eta biek erabaki zenuten historia zein izango zen, lanean hasi aurretik.

Album batek, azken finean, zerbaiti buruz hitz egiten du bi hizkuntzatan, zerbait osoagoa sortuz. Orduan guk biok adostu genuen gaia, nola enfokatuko genuen eta nondik arituko ginen. Gero batek egingo du testua eta besteak irudia, baina aurretik erabakita dago oinarria. Iruditzen zait, gainera, modu horretan askoz aseago geratzen direla bai ilustratzailea bai idazlea.

Normalean hala izaten da prozesua?

Normalean, lehenengoa testua izaten da. Testua iristen zaizu eta hor bilatu behar duzu nola osatu liburua irudien bidez. Zu atzetik zatoz, nolabait esatearren. Horrek, batzuetan, ilustratzailearen lanari ez dizkio gauzak oso erraz jartzen. Testua nolakoa den, zenbat arnas uzten duen… Modu horretan idazlea izaten da gaia erabakitzen duena, eta tarteka gaia erabaki ahal izateko gogoa sentitzen hasi nintzen, horregatik hasi nintzen nire testuak idazten.

Muralak ere egiten dituzu. Hemen ondoan badago handi bat, Hernaniko frontoiaren atzean. Maitea duzu, ezta?

Bai. Ni hemengoa naiz, Andrekalekoa, eta anaia eta biok txikitan asko joaten ginen hara, aspertzen ginenean, esku-pilotan aritzera. Etxe hau familiako etxea izan da eta senide asko bizi izan dira hemen, eta Tilosetan [Ezkiaga pasealekua] ere asko ibilitakoa naiz gaztaroan. Karga sinbolikoa dauka Hernani delako, Tilosak hor direlako, oraindik imajinatu ditzakedalako nire aiton-amonak eta lagunak paseatzen, emakume pilotari bat agertzen delako horman… Niretzat gauza horiek denak oso garrantzitsuak dira.

Zeuk egin zenuen dena, garabi handi batera igota.

Abentura totala izan zen, odisea txiki handi bat. Prozesua bera oso polita izan zen, jende asko pasatzen zen, aspaldi hitz egin gabeko jende askorekin hitz egin nuen, eta orokorrean asko gustatu zitzaien murala.

Beka batekin egin zenuen, ezta?

Hori da,Hernaniko lehenengo kale arte beka izan zen. Deialdia oso irekia zen. Zuk proiektu bat aurkeztu behar zenuen, diziplina ez zegoen erabat zehaztua, bai ordea gehienez eska zenezakeen diru-kopurua. Pareta ilun-iluna zegoen, goroldio eta lizunez betea… Zoko tankera zuen tokiak, egia esan. Udalari eskatu nion pareta hori txukuntzeko, gainontzeko garabiak-eta proiektuaren kostuetan sartu nituen. Eta udalak onartu! Oso eskertua nago.

Argazkia: Dani Blanco.

Zer gustatzen zaizu muraletatik?

Kalean daudela. Jendea pasa egiten da kaletik, eta ikusi egiten du. Liburu bat irekitzeko joan behar du liburu-dendara, erosi behar du liburua eta eduki behar du denbora liburua leitzeko. Museoan berdin, sartu behar duzu begiratzera. Kalean, hor dago, muralaren gauza garrantzitsu bat iruditzen zait. Geroz eta errespetu handiagoa ematen dit, urteak pasa ahala konturatu naizelako, kalean inguruan dauden elementu guztiekin funtzionatu behar duela. Armoniak bilatu behar direla iruditzen zait, eduki behar zaiola errespetua murala dagoen tokiari. Iruditzen zait dagoen toki horrekin harremanetan egon behar duela. Ez da liburu bat; liburua ixten duzu eta hor bukatzen da, murala ez.

Komikiak, horra hor zure lanaren beste ardatz bat. Tupust! kolektiboko kide zara, eta orain dela gutxi atera duzue izen bereko komiki-bilduma. Usaimena izeneko istorioa osatu duzu. Maiz erabiltzen dituzun gaiak atera dituzu hor ere: natura, animaliak, arbasoekiko lotura, komunitatea, ahizpatasuna…

Naturarena etxetik datorkit. Nire aitona ehiztaria zen, baita osabak, aita, anaia... Batzuek ehiza ikusiko dute begi txarrez, eta ulertzen dut. Nik ere urte luzeetan kontraesan eta borroka handiak izan ditut, eta oraindik ere ez zait kontu erraza egiten, urte luzez ez nuen ehizatutakorik jan. Pentsa, begetarianoa ere izan nintzen. Erruduntasuna sortzen zidan. Hala ere, badu beste alde bat, natura oso barrutik eta oso ondo ulertzeko moduak dituena. Asko hausnartu, familiakoekin eztabaidatu eta sufritu dut gai horrekin, baina nigan arrasto ona ere utzi du. Nire etxean eduki da sen oso handia eguraldiari begiratu eta jakiteko zer giro egingo duen, kasik baserritarrak bezala. Txikitan orduak pasatzen genituen errioan arrantzan. Animalia asko ezagutu dut bertatik bertara: azkonarrak, basurdeak, basahuntzak, orkatzak, azeriak… Garai batean, gure harremanak ez ziren gizakietara mugatzen, gure harremanak ziren landareekin, animaliekin, eguraldiarekin… Gaur egun, munduaren ulerkera honetan, ematen du aparte gaudela, nolabaiteko haustura bizi izan da, baina guk etxean ez dugu inoiz haustura bizi izan. Nire etxean bizitza prozesuaren metafora eta irakaspen asko animalien edo landareen bidez ematen ziren. Gainera, adibideak bilatzen hasita, denetik dago, adibidez, bisigua hermafrodita da. Hori gustatzen zait, naturan ez dago eredu bakar bat, mila modu eta kolore baizik.

Zu orain Igeldon bizi zara.

Naturarekin gertutasuna bilatu dut, behar dut. Ez badaukat, galduta bezala sentitzen naiz. Guk, nahiz eta kalekoak izan, oso presente genuen natura, bailara hau batez ere, hemendik Goizuetarakoa. Belaunaldietan, naturarekin harremanetan bizi izan direnek gordetzen duten hori da interesatzen zaidana, natura irakurtzeko gaitasuna. Guk lehenago bagenuen kultura handi bat, osasuna eta gure burua beste modu batera ulertzekoa, beste norabait begira ginen. Orain ematen du antropozentrismoan murgilduta gabiltzala, baina batzuetan hamsterrak bezala gabiltza, gurpilean, eta ez dakigu soluzioa bilatzen. Kultura horietara asko jotzen dut inspirazio bila. Inkisizioa, esaterako, oso gertaera garrantzitsua iruditzen zait gizartean aldaketa oso garrantzitsuak ekarri zituelako, basakeria handia izan zelako, eta nik aipatu ditudan sustraiak deabrutu zituztelako. Galera handia ekarri zuen horrek.

Marrazketa eta komiki eskolak ere ematen dituzu. Zer iritzi duzu arte hezkuntzaren egoeraz?

Gaiak beste elkarrizketa baterako eman lezake, baina laburrean, esango nuke curriculumean ez dutela leku duinik ez arte plastikoek ez bisualek, eta alboratuta eta mespretxatuta daudela. Marrazketa adibidez, tresna ezin hobea da edozein ogibidetan aritzeko, baina ez da trebezia moduan lantzen. Horrek hutsune handiak sortzen ditu.

Askok uste dute marraztea dohain bat dela, lehen bertsolariekin gertatzen zen bezala, uste zen bertsolaria jaio egiten zela, berezkoa zuela dohaina. Marrazketarekin antzeko irakurketa egiten dela iruditzen zait, ahalmen berezi bat duzu, edo ez duzu, eta kito. Eta ez da horrela, inondik inora. Teknikak daude, trikimailuak, pauso konkretuak, behin ezagutuz gero edozeinek marrazten ikastea ahalbidetzen dutenak. Edozeinek. Uste dena baino askoz denbora gutxiagoan oinarriak oso ondo barnera daitezke. Beharrezkoa ikusten dut hezkuntza programak hori kontuan hartzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sorkuntza
2024-06-12 | Julen Azpitarte
Dada Baroisa jaio zela 150 urte
Dada zamalkatu zuen amazona

Beste hainbat emakume artistaren gisara, Elsa von Freytag-Loringhoven (1874-1927) abangoardien historia ofizialetik erabat ezabatu zuten, bere jardun artistikoaren muina, sutsua bezain berritzailea izan arren.


2023-12-12 | Jon Torner Zabala
Euskal Herriko emakume sortzaile eta ekoizle txikien azoka, 16an eta 17an Biziolan

Dinagu kolektiboak Biziola kooperatibarekin elkarlanean antolatuta, Euskal Herriko emakume sortzaile eta ekoizle txikien Gabonetako azoka egingo da abenduaren 16an eta 17an Lazkaon. Larunbatean 31 sortzaile bilduko dira, eta igandean beste 30 desberdin.


2023-09-28 | ARGIA
Emakume sortzaileen topaketak iraganen dira urriko lau asteburuetan Garaionen

Emakume Sortzaileak Plazara topaketen bigarren edizioa dute aurtengoa. Antzerkia, musika, olerkia ala beste, 25 artisten ezagutzeko aukera izango da Ozaetako Garaion sorgingunean.


2023-08-01 | ARGIA
Sormen bekak eta egonaldiak eskainiko ditu aurrenekoz Aiaraldeko Kultur Faktoriak

Diziplina ugaritako lau proiekturi esleitu berri die beka, eta udazkenean erakutsiko dira publikoaren aurrean. Horrez gain, jakinarazi dute sormen egonaldiak antolatuko dituztela udazkenean.


Barruan daramagun ipuin-kontalaria

Erronka jarri nahi izan dugu ARGIAtik: zenbateraino utzi diezaiokezu sormenari hegan egiten? Zenbateraino bihurritu dezakezu istorio bat eta bilakatu beldurgarria, barregarria, dramatikoa? Gauza al zara euskarak duen aberastasunari etekina atera, hitz-jolasei leku egin eta... [+]


Maitane Azpiroz. 'La Trapecionista'.
“Oso zaila da hain pertsonala den zerbait beste norbaitek gorpuztea”

Zirkuan eta dantzan trebatu da Maitane Azpiroz La Trapecionista dantzaria eta trapezista (Iruñea, 1982). Zamaren ideiatik tiraka Artxipielago obra sortzen ari zelarik, haurdun geratu eta beste kide bati pasa behar izan zion lekukoa. Orain ez du antzezlanean antzezten,... [+]


Amaya Sanz Montes. Makillatzailea
“Pertsona arrunt bat diva bihurtu nahi dut”

Itzalekin jolasten du Amaya Sanz Montesek (Iruñea, 1984). Aurpegiak mihiseak direla dio, eta Luna Femme proiektuaren bidez feminizazioak egiten ditu: “Bere burua nahi duen bezala ikusteko aukerarik izan ez duen jendea zoriontsu egin nahi dut”. Harrotuk,... [+]


Irati Guarretxena Sandamian. @titare_tattoo
“Tatuaje bakarra duen pertsonarik ez dut ezagutzen”

Diseinatzaile gisa, Letitare marka sortu zuen Irati Guarretxena Sandamianek diseinu ikasketak egin orduko. Ordura arte bezala, bizitzaren erritmoak bultzaturik eman zuen horretarako urratsa. Modaren zikloek eta azkartasunak gogaiturik, kontziente zen ez zela gustura ari... [+]


Teknologia
Norentzat sortzen dugu?

Haurrek badute, eta zenbait nagusik ez dugu galdu, sorkuntzan murgiltzeko joera. Agian, sorkuntzan murgiltzeko joera dugun guztiok ez ditugu lan ederrak egingo, baina uste dut esperientzia antzekoa dela: hor zaudenean, mundu honetan bizitza on bat izateko gauza asko alde batera... [+]


2022-05-25 | Leire Artola Arin
#badon proiektuak eskuratu du AEK-Korrika kultur sorkuntzarako beka

Euskal kulturaren transmisioa izango du ardatz, eta 23. Korrika kulturalean aurkeztuko dute diziplina eta artista ugari uztartuko dituen proiektua. Halere, emaitzan baino, bidean jarri dute fokua: hausnarketa artistiko kolektiborako sormen laborategi gisa aurkeztu dute #badon.


2022-03-08 | ARGIA
Emakume sortzaileen “Nomadak gaitun!” azoka ibiltaria, larunbatean Laudion

Emakume sortzaileak biltzen dituen Dinagu kolektiboak azoka antolatu du martxoaren 12an, Aiaraldeko Faktorian (Laudio). Emakume sortzaileen lana bisibilizatzea eta sortzaileen beharretara egokitzen diren ekimenak sortzea helburu, “herriz herri sortzaileak batuko dituen... [+]


2021-12-07 | ARGIA
“Barraka” bideo-jokoak irabazi du Durangoko Azokaren sormen beka

“Barraka” abentura bideo-joko umoretsua garatzeko urtebete izango du Ibai Aizpurua diseinatzaile eta programatzaile irundarrak. Horretarako 15.000 euroko laguntza irabazi du Durangoko Azokaren laugarren sormen bekan.


2021-12-06 | ARGIA
34 emakume sortzailek haien lanak salgai izango dituzte Donostiako Egia auzoko azokan

Dinagu Emakume Sortzaileen Kolektiboa Donostiako Egia auzoan, Teila Fabrikan, izango da abenduaren 18an eta 19an. Kolektiboa emakume sortzaileen lanei ikusgaitasuna emateko sortu zen duela hiru urte.


Teknologia
Sorkuntza digitala

Gaurkoan hiru osagai dituen hausnarketarekin natorkizue. Lehenengo osagaia @hezkuntzanlibre Telegram taldean partaide batek partekatu zuen abestia da: Joseba Irazokiren Galtzen ari da. Bigarren osagaiak harremana du aurtengo Durangoko Azokan Sorkuntza Digitalaren inguruan izan... [+]


2021-10-08 | Leire Artola Arin
‘Nomadak gaitun!’ emakume sortzaileen azoka ibiltaria Gernikara iritsiko da urriaren 16an

'Dinagu' Emakume Sortzaileen Kolektiboak antolatutako azokak Astran egingo du bigarren geldialdia urriaren 16an. Diseinuari eta irudiari lotutako produktuen eskaintza egongo da, besteak beste.


Eguneraketa berriak daude