Polimaitasunaz erreportajea kaleratu genuen, harreman sexu-afektiboak ulertu eta praktikatzeko modu anitzak bistaratuz. Pozetan zentratu ginen arren, minez eta arriskuez hitz egin beharra ere azpimarratu genuen, eta horren emaitza da polimaitasunari eskaini diogun bigarren artikulu hau. “Sistema bakarrik ez, barrenak ere jartzen dira kolokan”, ohartarazi digute solaskideek.
Aurreko erreportajetik gogoratuko duzunez, sei mintzakiderekin aritu gara gaiaz: Sara, Mikel, Estitxu, Eguzki, Jesus (izenak aldatu dizkiegu) eta Elena Scaratti. Beraiek edota beraien kideek sentitu izan dituzten min nagusiak aletzea eskatu diegu. “Tripako mina sortzen du jelosiak, bakarrik geratzeko beldurrak, harremanean beste norbait sartuz gero besteak zu berezi gisa sentitze hori galtzeak”, dio Estitxuk. Sarak bereak eta bere bi kideenak jartzen ditu mahai gainean: “Nire kasuan min handiena errua da, zalantzarik gabe. Mina eragiten ari zarelako –bera da pertsona-giltzarria Arkaitz eta Maiteren artean eta berak planteatu zuen hiruko harreman modu berria–. Arkaitzek beldurra aipatu digu: “Elementu berria sartzean, non geratzen naiz ni? Gustuko baduzu ni utziko nauzu”. Maiteren min nagusia berriz, honakoa: “Ni naiz sartu den azkena, gainera bollera, azken pieza naiz eta ezabatzen errazena”. Eguzkik ere erruduntasuna jarri du lehen lerroan. Mikel, Elena eta Jesusen esperientzian sufrimenduak presentzia gutxi izan du, jelosiak aipatzen dituzte edonola ere. “Hasieran izan nituen, duela hamasei urte. Ordutik, lehenengo aldiz orain bi hilabete inguru”, dio Mikelek; Jesusek bereak ez, harremankide batenak ditu gogoan; Elenak propioak, tarteka oso biziak.
Sistema monogamotik haragoko harreman moduen alde egiteko arrazoietako bat, erlazioen –pertsonen– arteko hierarkiak eta konpetentzia logikak desaktibatu nahia da: bikotea eta lagunak; familia nuklearra eta auzoak; “gu” eta “besteak”. Baina ez da zeregin erraza, logika monogamoa adierazpide kontaezinak hartu ditzakeen mundu ikuskera baita, naturalizatua duguna.
Zentzu horretan, Sarak nabarmendu du bikotekidea izan eta beste norbaitenganako erakargarritasuna sentitzean sortzen den sufrimendu klasikoa: “Berri hau maite badut, bestea ez? Bestearekin ez nago ondo?”. Bakoitzak sarean eta harremanean duen posizioak ere sor ditzake hierarkiak edo botere harremanak, beti ere toki horiek kudeatzeko moduen arabera: batekin bizitokia konpartitzea eta beste batekin ez; harremanetako bat ikusgarriagoa izatea besteen aldean; hiruren arteko pertsona-giltzarria izatea; generoa, klasea, arraza edota praktika sexualak... “Uste dut ikasi dudala, baina egia da hainbat gauza erreproduzitu egin ditudala”, dio zintzo Eguzkik. Azken finean, jendartearen presio arautzailea handia da. Jesusek eta Sarak kontatu digute bi maitasun harreman izan eta etxebizitza horietako batekin baino ez partekatzeak jendartean lehentasunezko tokia ematen diola.
Maitasun askotarikoen alde egiten dute Estitxuk, Eguzkik, Elenak, Jesusek, Sarak eta Mikelek. Baina ez edonola, ez edozein baldintzatan. Elkar zaintzea oinarri beti
Nola orekatu desoreka? Denborak edo harreman kopuruak berdintzea bide bat izan daiteke, baina sufrimendu asko ekarri dezake horrek, egiatan desio ez diren tokietara behartzeagatik nork bere burua edo kidearena. Solaskideak ados daude, ordea: helburua da une bakoitzean pertsona bakoitzak dituen behar eta desioei erantzutea, eta pertsona bakoitzarenak ezberdinak izango dira.
Sendabideak
Lanketa pertsonala ezinbestekoa da minak iraultzeko. “Gako nagusia: utzi zure buruari sentitzen duzuna sentitzen. Onartu, eta hasi hortik lantzen” dio Eguzkik. “Eta sentimendu hori nondik datorren kokatzea ere garrantzitsua da –gehitu du Estitxuk–, niri behintzat batzuetan gertatzen baitzait mina datorkidala eta harritu egiten naizela, ‘non ostiatik atera zait hau?’”. Jelosien atzean beti egoa dagoela uste du Elenak, eta sentimenduak arrazionalizatuz lantzen dela hori.
Sufrimenduari kolektiboki heltzea ere ezinbestekoa da, eta hor gabezia handiagoa izan ohi dugu. Laguna jeloskor dagoenean, esaterako, ez utzi bakarrik, bion artean landu, dio Jesusek: “Zalantzak kentzen saiatu, konfiantza eman, maitasuna mahai gainean jarri”. Mikelek bikotekidearekin batera landu zituen harreman hasierako jelosiak. “Sarri beste pertsona entzutea baino ez da, bere minarekin konektatzea”, dio Sarak. Hasiera bateko min larrienak igarota, Arkaitzi eta Maiteri balio izan diena kontatu digu: “Arkaitzek denborarekin ikusi du maitatua eta zaindua sentitu dela berdin-berdin. Minak edukita ere pozik dago harreman honetan. Maiterekin aitortza bide bat ari gara lantzen, inguruan, lagunekin eta Arkaitzekin”.
Kolektiboki heltzea, baina, ez da soilik harremanean inplikatuta daudenen artean egitea. Ulertuz edo gutxienik epaitu gabe entzungo zaituzten lagunak eta espazioak beharrezkotzat dituzte, baita bestelako erreferenteak ondoan izatea ere. Batzuek badituzte, beste batzuei ez zaie erraza suertatu horiek aurkitu edo eraikitzea.
Aukeran, minak heldu aurretik horiek aurreikustea eta lantzea litzateke aproposena, “baina egia da ondo nagoenean joera dela ez hitz egitea, ‘ongi gaude eta zertarako hasi kaka nahasten’ logikan”, dio Eguzkik. Ez hitz egiteko uneak ere defendatu ditu, dena den; mina bere gordinean dagoelarik, denbora bat emateko aukera: “Minak eta segurtasun ezak lantzeko une egokiena da horiek ez daudenean, ondo gaudenean. Mina duzunean dena puztu egiten baita eta burua argi izatea zailagoa da”. Praktika, ordea, bestelakoa izan dute nahi baino gehiagotan. “Sentsazioa dut uneoro inprobisatzen ari naizela. Hanka sartzen joan naizela ikasten”, dio Sarak.
Polimaitasuna? Segun eta nola, segun eta noiz
Bi pertzepzioren artean mugitzen dira gure solaskideak, eta biek sortzen diete ardura. Batetik, diskurtsoak diskurtso, ezer gutxi aldatu dela harremanak eraikitzeari dagokionez; bestetik, zenbait esparru ezkertiarretan ez-monogamia “arau” bihurtzen ari ez ote den. Ezer hausnartu edo politizatu gabe; “sexu-kontsumoa liberalizatuz eta ez maitasuna”, dio Elenak.
Maitasun askotarikoen alde egiten dute Estitxuk, Eguzkik, Elenak, Jesusek, Sarak eta Mikelek. Baina ez edonola, ez edozein baldintzatan. Elkar zaintzea oinarri beti; norberaren eta kideen beharren, desioen, ahalen eta ezinen kontziente izanik, ahal dela; kanpoko eta barneko arauak urratzeak eskatu dezakeenaz hausnartuta, aukeran; gozatzea ipar. “Bakoitzak dagoen puntutik abiatu behar du. Teoria oso ongi dago, baina egun batetik besterako talka-terapiarik ez dut nahi”, dio Estitxuk, pixkanakako trantsizioen alde. “Mundu guztiak egin behar du bat honekin? Berez da eraldatzailea praktika hau? Bai edo ez, gauza askoren arabera”, Sarak.
Aurreko erreportajea hala hasi genuen: kontua ez da gehiagotan eta pertsona gehiagorekin txortan egitea; kontua pertsonen arteko harreman osasuntsuagoak, askatzaileagoak, gozagarriagoak, komunitarioagoak eraikitzea da. Zaintza sareetan, bizitoki kolektibotan eta oro har bestelako bizitza-alternatibak saiatzerakoan agertu ohi diren mugak ere presente daude harreman sexu-afektiboetan. Sendotasun falta, hauskortasun handia, borrokatu nahi diren “kanpoko” miseriak “barruan” iraultzeko ezintasunak. Egitura komunitarioak eraikitzea da erronka eta gure solaskideen gozamen eta sufrimenduetatik, lorpen eta porrotetatik lor ditzakegu horretarako tresna batzuk.
Lagun hitzak euskaraz esanahi asko dauzka. Pertsona izan liteke, kidea, hurkoa, kamarada, laguntzailea, bikotekidea, adiskidea. Azken finean, bizitzan zeharreko edo momentu puntual batzuetako bidaidea dela adierazten digute berbok: bidean laguntzen diguten horiek. Akonpainatu,... [+]
Maitasun erromantikoari buruzko mitoaz aritu nintzen azken kolaborazioan, hari buruz egiten ditugun espektatiba okerrez, ematen diogun zentralitateaz, horrek ekarri ohi dituen min eta frustrazioez, bikote instituzioak dauzkan pribilegio bidegabeez. Hala ere, kide... [+]
Antzutasuna tabu eta estigma den gizarte honetan, zenbat galdera erantzun bila: haurdun geratu nahi eta ezin lortu, noiz arte luzatzen dira saiakerak, eta bide horretan zenbaterainokoa da nekea, bakardadea, erruduntasuna, lotsa, beldurra, obsesioa? Nola eragiten die etxeko eta... [+]
Gehiago entzuten da orain maitasun erromantikoaren auziaz hitz egiten, eta gainera eta zorionez, modu kritikoan. Azkenean, harreman sexu-afektiboen gaia bere sakonean hasi gara aztertzen, zein handiak diren bikote harreman batek izan eta eman behar duenari buruz egiten ditugun... [+]
Grazia egiten dio Itxaro Bordari Olentzeroren emazte berriak. Mari Domingi Olentzeroren laguna dela diote, ordea, Mari Domingi taldeko kideek. Olentzerok alboan emakumearen beharrik ez duela dio, berriz, Fernando Oiartzunek; Olentzero bera izan baitaiteke emakume. Eta... [+]
Gizartean, eta batez ere gazteen artean "ghosting" egiteak duen eraginaz mintzatu da Ainara Aizpurua Perez psikologoa.
Musuei buruzko lehen erreferentziak hinduek duela 3.500 urte idatzi zituztela uste genuen, baina daniar ikerlari talde batek Science aldizkarian jakinarazi duenez, duela 4.500 urte sumertarrek jaso zituzten lehen erreferentzia esplizituak.
LoverDose izena jarri diote eta maiatzaren 19, 20 eta 21ean iraganen da Baionan. Hitzaldiak, tailerrak, performantziak zein kontzertuak, eskaintza zabala proposatu dute, bide ezberdinetatik heltzeko gaiari. Izen-ematea apirilaren 30ean irekiko dute.
Herrietako elizen zaintzaz arduratzen ziren emakumeak ziren serorak eta Euskal Herri osoan ezagunak izan ziren, Erdi Arotik XX. mendera arte. Baina bete zuten funtzioa ez zen berdina izan lurralde guztietan, ezta garai guztietan ere. Emakume haiek publikoki nabarmentzen ziren... [+]
Hezkuntza aurkezten dugu jendarte eraldaketarako ezinbesteko moduan. Etorkizuneko jendartea eraikiko duten haur eta gazteek (oraina eta etorkizuna eraldatzea helduon esku egongo ez balitz bezala...) pentsamendu, jarrera eta ekintza zapaltzaileetatik urrundu eta harreman... [+]
Tokioko epai batek asteazkenean berretsi du ezkontza horiek debekatzea ez dela legez kanpokoa, ezkontzaren definizioan ez baitira sartzen. G7ko herrialde bakarra da genero berekoen arteko ezkontzak onartzen ez dituena.
Sexualitatea askapen pertsonalerako eta iraultza kolektiborako motorra izan daitekeela defendatzen du Sandra Bravok, Hablemos de poliamor (Hitz egin dezagun polimaitasunaz) plataformaren abiarazleak. Kontzientzia feminista da ez-monogamia eraldatzailea izateko bermea,... [+]
Harreman toxikoek badute beren isla sare sozialetan: kontrola, irainak, mehatxuak, bikotekideari buruzko informazio negatiboa, pasahitzen lapurreta… Bikotekide nerabeen arteko ziber-indarkeriari aurre hartzeko programa pilotua jarri dute martxan EAEko hiru ikastetxetan.