101 ikastetxe betaurreko moreak janzteko prest

  • Euskal Autonomia Erkidegoko II. Hezkidetza Plana aurkeztu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. 2023. urtera arte “berdintasunaren eta tratu onen” bidean egin beharreko bide orria markatu dute. Planak ikastetxeko komunitate guztiari eragin nahi dio, langileei, ikasleei, irakasleei eta familiei.

Duela urte batzuetako argazkia da, Zaldupe Ondarroako eskola publikoan ateratakoa. 
Jolas-orduan daude haurrak eta ezin dute futbolean jolastu egun horretan. Mutilak jabetzen dira baloiaz eta patioaren erdigune osoa hartzen dute. Mota horretako esperient
Duela urte batzuetako argazkia da, Zaldupe Ondarroako eskola publikoan ateratakoa. Jolas-orduan daude haurrak eta ezin dute futbolean jolastu egun horretan. Mutilak jabetzen dira baloiaz eta patioaren erdigune osoa hartzen dute. Mota horretako esperientziak probatzen ari dira eskola askotan gaur egun. Argazkia: Dani Blanco.

Ikastetxe guztia bustitzen duen euria izan behar da Hezkidetza Plana”, azaldu du Lucía Torrealday Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak. Hala irudikatzen du berak plan berria. Hiru fasetan banatutako prozesu luze baten ostean atera dute labetik, eta datozen lau urteetan eskoletako berdintasun oinarriak ezarriko ditu. Dena den, ez da ezerezetik jaio. 2013tik 2017ra bitarte I. Hezkidetza Plana egon da indarrean eta haren oinarrietatik abiatuta eraiki dute II. plana, “ahulguneetatik ikasiz eta indarguneak errotuz”.

Izan ere, planak aldatu diren arren, helburuak berberak direla gogorarazi du Torrealdayk: “Hezkidetza eredua sustatzeko egitura eta pertsonak jartzea; ikastetxeek genero ikuspegia beraien kulturan, politikan eta jardueretan txertatzeko bultzada ematea; eta, azkenik, emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean prebentzio, detekzio goiztiarra eta erantzun eraginkorra lortzeko mekanismoak martxan jartzea”.

Aurreko planaren ahultasunen artean bi nabarmendu ditu Torrealdayk: “Hasteko, gauzatu beharreko ehun jarduera zerrendatu genituen eta horiek egiteko epea urtebete luzatu bagenuen ere, ez genuen halakorik lortu; bigarren oztopoa jarduera horien asetze maila ebaluatzeko topatu genuen”. Ahultasun horiei aurre egiteko estrategiak diseinatu dituzte plan berrian: “Jarduera kopurua, esaterako, 100etik 41era pasa dugu eta nik uste dut planaren balio erantsi gisa aipatzekoa dela erreminta eta egiturak jarri ditugula jarduera horiek ikastetxeetara eta ikasgeletara heltzeko”.

Bestalde, plana osatzeko prozesuak ere eduki du berezitasunik. “Ez da lan erraza izan planaren diseinua egitea”, eta zirriborro bat baino gehiago eduki dute esku artean, azken bertsioa lortu arte. Planean lanean aritu dira, besteak beste, Berritzeguneko ordezkariak, ikuskaritza, ISEI Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea, berdintasun teknikariak eta zerbitzu zentraletako ordezkariak. Jende ugarik hartu du parte, baina Torrealdayren hitzetan nabarmentzekoa izan da, bereziki, Emakunderen parte hartzea.

Lucía Torrealday, hezkuntza berriztatzeko zuzendaria: “Ez dut sinesten martxoaren 8-ko ospakizunetan, atzetik behar bezalako lanketa ez bada egiten. Hezkidetza Plana ikastetxean nabaritu behar da atetik sartzen zarenetik irteten zaren arte: ikasgelan, jantokian, jolas-orduan eta beste leku guztietan”
 
Aldaketa ikasgeletan

Torrealdayk azpimarratu du aurreko plana “oso indartsua” bazen ere, geletara heltzeko zailtasunak zituela eta plan berrian horretan jarri dituztela indarrak. Bat dator horretan Marian Moreno hezkidetza gaietan aditua ere: “Planak praktikara eramateko duen erraztasuna da berritasun nabarmenetako bat”. Ikastetxeei hezkidetza transbertsalki lantzeko ahalik eta material gehien eskaintzea izan da planaren helburua Morenoren ustez. Hain zuzen ere, horretan aritu da bera II. Hezkidetza Planean. Aurretik Nafarroako Skolae programaren diseinuan aritu zen eta han asko ikasi zuela dio: “Ilusio handia egin zidan parte hartzeko deitu nindutenean. Nire lana, bereziki, ikasgeletan hezkidetza lantzeko irakasleentzako materiala prestatzea izan da”.

Ikasgeletan lantzeko materialak zortzi zutaberen baitan osatu dituzte. “Guk materialak prestatu ditugu zutabe bakoitzaren inguruan, eta gero ikastetxe bakoitzak bere hezkidetza plana egin beharko du zutabe horiek oinarritzat hartuta”. Honakoak dira zortzi zutabeak: pentsamendu kritikoa sexismoaren aurrean; hezkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista; emakumeen jakituriaren integrazioa eta haien ekarpen sozial eta historikoa; gatazken konponketa baketsua, hezkidetzako elkarbizitzarako proiektuen bidez; autonomia pertsonala eta independentzia ekonomikoa; espazioak ikastetxean eta eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak; berdintasunezko hezkuntza afektibo eta sexuala; eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa eta indarkeria kasuetan esku-hartzea.

Baina zein motatako jarduerak aurreikusten ditu planak zutabe horietarako? Ikastetxe mailan, esaterako, honakoak aipatu ditu Morenok: “Jolastokiak hezkidetza identitatearekin berreraikitzea, eskolako liburutegian indarrak jartzea, ikastetxeko jardueretan genero ikuspegia txertatzea, familiekiko harremanak eta informazioak genero ikuspegiz egitea, material hezitzaile guztiak errebisatzea, eta ikastetxeko kartelak gainbegiratzea, besteak beste”.  Dena den, zentrotik harago irakasle bakoitzak bere ikasgelan ere badu zeregina: “Emakumeek historian, kulturan, kirolean eta beste hainbat arlotan egin dituzten lanak ikusaraztea; patriarkatuaren eta ezberdintasunen zergatia eta ondorioak aztertzea; hezkuntza eta lan orientazio okerrak ez bideratzea; curriculumean esplizituki ageri diren estereotipoak apurtzea; LGTBI fobiaren kontra borrokatzea; sexu heziketa berdinzalea ematea, eta beste hainbat kontu”. Bestalde, planak tratu onez hitz egitearen garrantzia ere azpimarratzen duela dio: “Askotan nola jokatu behar ez dugun erakusten diegu haurrei, nola jokatu ordez”.

Argazkia: Juanan Ruiz / Foku.

Morenok uste du irakasleek gauza asko egin ditzaketela beraien egunerokoan eta adibide gisa etxeko lanen inguruko jakintza hezkuntza arloan sartzearen garrantzia azpimarratu du: “Etxeko lanak egiten jakiteak ezinbestekoa den autonomia ematen digu. Etxeko lanetan ez da erantzunkidetasunik egon. Gu lan munduan sartzen gara, baina gizonak ez etxeko lanen esparrura”. Horregatik, uste du garrantzitsua dela erantzunkidetasuna, pertsonen zaintza eta gurasotasun berdinzaleak bezalako gaiak eskolara eramatea.

Dena den, argi dute gakoa zein den Torrealdayk eta Morenok: “Gai guztiak genero ikuspegiarekin lantzea”. Morenok azpimarratu du material guztietan daudela hainbat gai perspektiba feminista transbertsalki lantzea ahalbidetzen dutenak. Horretarako, uste du garrantzitsua dela hezkidetzaren oinarri diren hainbat gako aintzat hartzea: “Adibidez, emakumeen ikusgaitasuna, maskulinitate berdinzaleak,  feminitate ahaldunduak, eta autonomia pertsonala eta enpatia lantzea”.

Formakuntzaren garrantzia

Hala ere, jakin egin behar da edukiak nola egokitu genero ikuspegia txertatzeko, eta horretarako giltza “formakuntza, formakuntza eta formakuntza gehiago” dela uste dute Torrealdayk eta Morenok. Horretan jarriko dituzte indarrak, eta saioak eskainiko dizkiete bai hezkuntza eragileei baita familiei ere.

“Berdintasunean irakasteko, lehenengo berdintasun horrek norberaren barruan egon behar du; pertsona bat berdinzalea denean, transmititu egiten du, eta berdintasunean eta berdintasunetik irakasten du”, dio Morenok. Horregatik uste du edonork ezin duela berdintasunean hezi: “Badago irakasleen artean ideologia matxista duen jendea eta horiek ezberdintasuna eta diskriminazioa transmititzen dute. Arrazista den inork ezingo du inklusioan eta justizian hezi, berdintasunarekin berdin gertatzen da”.

Marian Moreno, II. Hezkidetza Plana eta Skolae diseinatzen aritu den aditua: “Kasu batzuetan kontua ez da irakasleak matxistak direla baizik eta inork ez diela hezkidetza zer den azaldu, eta azaltzen dietenean ezberdintasunak ikusten hasten dira”
 

Uste du irakasleen arreta lortzeko ezinbestekoa dela formakuntza, izan ere, nabarmendu du hezkidetzan prestakuntza eskaintzen denean irakasleen begirada aldatu egiten dela: “Kasu batzuetan ez da hainbeste matxistak direla baizik eta inork ez diela hezkidetza zer den azaldu, eta azaltzen dietenean ezberdintasunak ikusten hasten dira”. Beraz, uste du diskriminazioa lantzen hasteko lehen urratsa kontzientzia hartzea dela eta hori irakasleen trebakuntzarekin egin behar dela. “Onena litzateke formakuntza hori unibertsitatetik hastea, baina ez denez hala, hezkuntzatik egin behar da ahalegina”. Bestalde, uste du horrek hainbat zailtasun ekartzen dituela, izan ere, irakasleei prestakuntza gehigarriak hartzea eskatzen zaie, “eta horretarako, beharrezkoa da zentroetatik erraztasunak ematea”.

Hezkuntza alorrean lanean diharduten eragileei formakuntza eskaintzeko egiturak sortuko dituztela dio, berriz, Torrealdayk, eta horretarako, Bizikasi egitasmoa erabiliko dute adibidetzat. Egitasmo honek elkarbizitza positiboa sustatu eta eskola jazarpenaren aurka egiten du: “Bizikasi egitasmoan trebakuntza asko egin ditugu eta gainera irakasleei material ugari eskaini diegu gaia ikasleekin modu errazean landu ahal izateko”. Hori izango de Hezkuntza Sailaren hautua, irakasleen lana errazteko materiala eta formakuntza eskaintzea eta Berritzeguneen bitartez egingo dute hori, besteak beste. Torrealdayk dio Bizikasi egitasmoak balorazio oso ona jaso duela ikastetxeen aldetik eta horregatik erabiliko dutela formula bera. Bestalde, ikastetxeetan hezkidetza arduradun bat egongo da eta aktiboki parte hartuko du ikastetxeko gainerako komisio eta jardueretan.

Dena den, hezkuntza sistemaren motor nagusia, edo bakarra behintzat, ez dira irakasleak. Hala azaldu du Morenok. “Hezkuntza arloan botere kargua duten horiek ardura handia dute. Beraien esku dago arautzea, ikuskatzea eta irakasleak heztea”. Azpimarratu du dena dutela eskura berdintasuna lehenesteko, eta ez dela nahiko tiritak jartzen ibiltzea: “Arazoa da botere karguetan dagoen jende askok ere formakuntza behar duela. Karguak dituztenak ere pertsonak dira, eta pertsonak diren heinean beraien motxilak dituzte, beraien bizi esperientziekin”. Uste du horregatik dela garrantzitsua hezkidetzan kontzientzia duten pertsonak botere karguetara iristea, horrela baliabideak bideratuz hezkidetza behar den bezala ikasgelaz ikasgela eramateko modu sistematiko eta orokorrean.

Baina horrela ere ez da arazoa konpontzen Torrealdayren ustez. Ikastetxeak ez dira irla, maiz hori pentsatzen badugu ere: “Batzuetan uste dugu ikastetxeak kontainerrak direla eta hor botatzen dira gizartearen kaka guztiak guk antolatzeko eta konpontzeko”. Uste du erantzunkidetasun pixka bat behar dela. Badaki ikastetxeek agente aktiboak izan behar dutela arazo horien konponketan, baina bestelako erakundeek, elkarteek, eragileek eta familiek ere zeresana dutela uste du. Horregatik, II. Hezkidetza Plana behar bezala aurrera eramateko familien eta ikastetxe inguruko gainerako agenteen inplikazioa ezinbestekoa dela dio.

Bat dator horretan Moreno ere. Uste du familia sozializazio prozesuko arlorik garrantzitsuenetakoa dela, besteak beste, lehenengoa delako: “Den den, familia ez dago legez behartua modu berdinzalean jokatzera, ikastetxeak, aldiz, bai”. Egokiena familien eta ikastetxeen artean kolaborazioa batera iristea litzatekeela uste du, eta horrela, eskolan lantzen den hori ondoren etxean landu, baina badaki ez dela lan erraza. Beste arlo garrantzitsu bat aisialdia dela nabarmendu du: “Ikasle guztiak berdintasun irizpideetan heztea litzateke egokiena, horrela egunerokoan sexismoa identifikatu ahal izateko. Gakoa errealitatea ikuspegi feministatik aztertzen erakustean dago”.

Argazkia: Dani Blanco.
Aurrera begira

Hezkidetzaren garrantziaz jabetuta, berdintasuna ikasgeletara eramateko ahalegin handia egin dutela dio Torrealdayk: “Hezkidetza garrantzitsua da nahi dugun gizarte mota eraikitzeko; guztion eskubideak errespetatuko dituen gizartea eraikitzeko. Horregatik, niretzako ezinbestekoa da”. Hori dela eta, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak nabarmendu du espero duela ahalik eta ikastetxe gehienek parte hartzea proiektuan: “Datuek behintzat hala erakusten dute, iaz hogei ikastetxe inguruk eman zuten izena gure deialdian, eta aurten 101 ikastetxek”. Izan ere, adierazi du berak ez duela sinesten martxoaren 8ko ospakizunetan baldin eta atzetik behar bezalako lanketa ez bada egiten: “Hezkidetza Plana ikastetxean nabaritu behar da atetik sartzen zarenetik irteten zaren arte: ikasgelan, jantokian, jolas-orduan eta beste leku guztietan”.

Morenorentzat, berriz, egiteko garrantzitsuenetako bat legea betetzea da. “Berdintasun legea betetzea ezinbestekoa da. Gertatzen ari dena da oraindik hezkuntza agintariek ez dutela legea betearazteko adorerik”. Nafarroako Skolae proiektua jarri du legea bete daitekeenaren adibide gisa: “Skolaek erakutsi du posible dela formakuntza, baliabideak, materialak eta estrategiak martxan jartzea ikastetxeetan”. Baina argi du horretarako beharrezkoa dela gizartearen alderik atzerakoienari aurre egitea:  “Agintariek legea alde dute hezkidetza proiektu integralak abiatzeko. Ez da behartze kontua, legala izate kontua baizik”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkidetza plana
“Eskolako patioa aldatzeak ekarri du neskek zentralitatea irabaztea”

Ikastetxeko kanpo espazioa aldatzeak Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleengan zein eragin izan duen aztertu du Haizea Egiartek; ikasleen arteko harreman, gatazka eta jarrerei nola eragin dien jaso du ikerketan, Asier Huegun zuzendari duela. Eta jaso du, baita ere, zein neurritan... [+]


2023-05-04 | Estitxu Eizagirre
II. Hezkidetza eta Pedagogia Feministen Jardunaldia
Bi egun, ikuspegiak zabaltzeko eta pausoak gozamenetik emateko

Ekainaren 26 eta 27an Igeldoko hotel dotorean egingo dute II. Hezkidetza eta Pedagogia Feministen Jardunaldia. Itsasoa etengabe bistan izanik eta goizetik arratsalderako denbora osoa eskifaia berarekin emanaz, buru-belarri murgilduko dira gaian. Euskarak lehentasuna izango du... [+]


2019-07-01 |
“Berdintasunean hezi daitekeenaren adibide garbia da Skolae”

Skolae izeneko Nafarroako hezkidetza programaren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren II. Hezkidetza planaren diseinuan parte hartu du  Marian Moreno (Leon, 1964) irakasle, idazle eta hezkidetzan adituak. Orain, Skolae hezkidetza programa prestatu izanagatik... [+]


2018-08-21 | Nahia Ibarzabal
“Berdintasunean bizi gara gaur egun baieztapena, zoritxarrez, ez da errealitatearen isla”

Gizarte parekidea lortzeko prozesu hezitzailean, zenbait elementuk duten garrantzia azpimarratu du Kalaka enpresako Ilazki Gainza formatzaile feministak Hik Hasin.


Genero berdintasuna ikasgaia emango dute Galiziako ikastetxeetan

Irailetik aurrera, eta hala eskatzen duten ikastetxeetan, genero berdintasunari buruzko ikasgaia izango dute 12-14 urteko ikasleek Galizian. Astean ordubeteko iraupena izango du eta erabaki aitzindaria da Espainiako Estatuan.


Hezkuntza
Ikastolako jolastokia amesten

Grisa eta iluna dela, futbolak protagonismo larregi duela, natur gune gehiago nahi dituztela… Haurrek beraiek eskolako jolastokia aztertu eta eraldatzeko proposamenak egin dituzte Durangoko Kurutziaga ikastolan. Jolaserako eta harremanetarako espazio anitzak eta aberatsak... [+]


Urtxintxa
Aisialdia desprogramatzen

Jakina da: jolasa eta aisialdia bitarteko ezin hobeak dira balioetan hezteko eta hazteko. Baina nola egiten da hori praktikan? Aurreiritziak alboratu, eskema zaharrak gainditu eta erronka berrietan murgildu dira azken urteotan begirale eta hezitzaileak. Etengabeko trebakuntza da... [+]


Haziak
Harreman osasuntsuak ereiten

Botere erlazioek kutsatzen dituzte gure eguneroko harremanak. Haur eta gazteen artean harreman desorekatuok iraultzea helburu, Haziak proiektua abiatu dute Oiartzungo ikastolan: ikasleen barruak mugitzeko, denetariko sentimenduak azaleratzeko eta elkarren arteko hartu-emanen... [+]


Ipuin eta jostailu ez sexistak
aukeratzeko gidak Lekeition

Gabonak datozela eta ipuin eta jostailu ez sexistak aukeratzeko gidak argitaratu ditu Lekeitioko Udalak. Hainbat liburu eta jostailuren bidez genero estereotipoak transmititzen dira. Baina berdintasunean oinarrituriko baloreak zabaltzeko material ugari dago, horietako asko... [+]


2013-11-19 | Estitxu Eizagirre
Hezkidetza hezkuntzan
Eskola mistotik hezkidetzara
jauzi egiteko garaia

Lege mailan onartutako berdintasuna errealitatean aplikatzeko jauzia egin nahi du Eusko Jaurlaritzaren Hezkidetza eta Genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida-Planak. Ikasle bakoitza osotasunean garatu dadin eta ez neska-mutil izatearen arabera. “Irakasle eta... [+]


2013-10-02 | ARGIA
EAEko eskoletan generoa lantzeko plana aurkeztu du Hezkuntza sailak

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak hezkidetza lantzeko eta eraso sexistei aurre egiteko plana jarriko du martxan EAEko ikasgeletan. Besteak beste, “genero eta gizarte eraldaketa” ikasgaia bultzatuko du.


Eguneraketa berriak daude