Kalearen ahots, “aldaketa”-ren akuilu

  • Ahotsa.info hedabide nafarrak 2014an ekin zion bere ibilbideari, oraindik UPN Nafarroako Gobernuaren jabe zela. Corralitoa-ren erorketa bultzatu, egoera berria dastatu eta gaur egun ere jarraitzen du orduko aldaketa akuilatzen. Egunotan 5. urteurrena ospatzen ari dira.


2019ko apirilaren 12an
Argazkia: Ekin Klik
Argazkia: Ekin KlikArgazkia: Ekin Klik

2014ko otsail hotz hartan, Kontuz elkarteak deitutako manifestazioan 35.000 lagunek Yolanda Barcinaren dimisioa eskatu zuten; Nafarroako Legebiltzarrak UPNren ‘Goikoetxea auzia’ ikertu zuen; PSNko buru Roberto Jimenezek agur esan zion Nafarroako politikari eta, UPN-PSNren corralitoa kolokan egon arren, bi alderdiak prest agertu ziren hurrengo legealdirako enegarren ituna lotzeko.

Baina 2015eko maiatzean zenbakiek ez zuten halakorik ahalbideratu eta aldaketa eman zen. Hori izan zen Ahotsa.info-ren sorrerako helburuetako bat: aldaketa posible egitea eta elikatzea. Bost urte geroago pozik dira, “asmatze eta akats guztiekin” aldaketa hori abian delako. Horri indarra ematea eta herri mugimenduen ahotsa izatea komunikabidearen geneetako dago.

23.000 euro bildu zituzten crowdfunding bidez eta ekin zioten berriz ere sareko lanari. Berriz ere? Bai, hala esan liteke, nondik zetorren kontuan hartuta. Ahotsa.info ez zen zerotik abiatzen, Apurtu.org –2007-2011– eta Ateak ireki –2011-2013– webguneen oinordeko baita. Espainiako Auzitegi Nazionalak agindu zuen bien itxiera, bietan euskal preso politikoen sostengu lanetan aritzea leporatuta, eta Espainiako Estatuaren “dena da ETA” estrategiaren baitan. Ahotsa-k berak ere behin baino gehiagotan sentitu du Estatuaren jazarpena, azkena 2018an: Auzitegi Nazionalak ikerketa ireki zuen medioak urte hartako uztailean egindako bi albistetan “euskal preso politikoak” erabili zuelako. Salaketa Espainiako Poliziaren ekimenez egin zen eta epaileek ez zioten biderik eman.

Apurtu-ren itxieraren ondorioz, hedabide hartako kazetari Miguel Angel Llamas Pitu-k urte eta erdi eman zuen espetxean. Ateak Ireki-n ere aritu zen eta gaur egun Ahotsa-ren arimetako bat da. Bera eta Iñigo Orduña Majaris dira proiektuko soldatapeko langile bakarrak. Haien inguruan ari dira beste dozena erdi kolaboratzaile, besteak beste, Nagore, Nekane, Unai eta Jon.

1.000 bideotik gora

Iruñerriko herri mugimenduren baten jarduera edo kale mobilizazioren bat badago han dira Pitu edo Majaris euren kamera eta mikrofonoekin, edo baita Nagore edo besteren bat ere, sakelakoaz jaso eta sare sozialetan informazioa astinduz. Gutxi baina emankorrak, edonon dira. Kazetari honek gogoan du 2017ko irailaren 29an –urriaren 1ean Kataluniako erreferenduma zen– Batzelonako Sants auzoko Can Batlló gunera iritsi zela ARGIAko lan taldea, han erreferendumaren gaineko informazioa egongo zegoelakoan eta… “hemen ere bai?”. Han ziren Ahotsa-ko hiruzpalau kazetari Ekin Klikeko argazkilariekin batera.

Bideoa da euren arma sekretua: gertaera jaso eta handik ordu gutxira lana argitaratuta dago haien webgunean eta sare sozialetan dabil bolo-bolo. Dagoeneko 1.000 bideotik gora ekoiztu dituzte. Horietako batzuek sutan jartzen dituzte sare sozialak, esaterako Maravillas Gaztetxearen lehen hustuketak eta haren inguruko liskarrenak. Kanporatze haren bideoak, adibidez, 232.000 ikustaldi izan ditu You Tuben eta joan den martxoaren 24ko Altsasuko manifestazio erraldoiko argazkia zeraman txio batek 1.000 bertxio lortu zituen Twitterren. Hedabide askoz handiagoei ere asko kostatzen zaie kopuru horietara iristea. Twitterren 21.700 jarraitzaile dituzte, Facebooken 20.000 eta You Tuben 7.300 bazkide.

Kazetaritzak kontrol izaera ere baduela erakusten du haren jardunak, bereziki segurtasun indarren lanari dagokionez. Ahotsa-ren bideo asko oso garrantzitsuak izan dira hainbat epaiketatan auzipetuaren alde egiteko, haiekin gehienetan poliziaren bertsioa gezurtatu delako. Aro digitalean, ostera, txanponaren beste aldea da haien lanak erabili nahi izan dituztela hainbat pertsonaren aurkako salaketak egiteko; oraintsu, esaterako, Nafarroako Espainiako Gobernuaren ordezkaritza Ahotsa-ren txio batez baliatu da Xabier Rey presoaren heriotzaren lehen urteurreneko ekitaldia debekatzeko.

Argazkia: Ekin Klik

Kalea, medioaren marka

Katakraken gaude solasean Pitu eta Majaris-ekin. Galdera mahaiaren gainean geratu da: Eta zergatik bideoa? Pitu-k dio formatu modernoa dela eta sareetan ongi mugitzen dela, “horrez gain, Nafarroan egon da bideoaren inguruko kultura bat, besteak beste Eguzki Bideoekin. Gainera, ez da tresna zaila, baliabide asko dauzka eta, formakuntza eta sormen pixka batekin gauza asko egin daitezke”. Edozein kasutan, biek argi dute zer den garrantzitsuena: “Kalean egotea da gure marka eta gertatzen ari dena kontatzea”.

Dena ez da urre ordea, gaur egungo gizartean eta kazetaritzan hain latza den prekarietateak ongi ezagutzen ditu Ahotsa-ren barrenak. Soldata txikiak eta lan ordu asko egin behar izaten dituzte, “baina sikiera guk nahi duguna egiten dugu”, zehaztu du Pitu-k. Hedabideak hainbat finantzazio iturri ditu eta horietan bizkarrezurra beren 200 bazkideak dira. Publizitatea eta bideo komertzialen ekoizpena ere baliatzen dute finantzabide gisa. Azken legealdian, halaber, bi urtetan 3.000 euro jaso izan dituzte Nafarroako Gobernuko diru-laguntzen ataletik haien edukien artean euskara ere erabiltzeagatik. Gaur egun, ekoizpenaren heren bat euskaraz dute, “eta joera goranzkoa da”, dio harro Pitu-k. ARGIA sarean jarraitzen duenak sarri ikusiko ditu bertan Ahotsa-ren albiste eta bideoak, copyleft politika medio gurera ekarrita.

Hauteskundeak datoz berriz maiatzean eta aldaketa kolokan gera liteke. Prekario dabilenaren geroa ere hala moduzkoa izan liteke. Beraz, iragana ahaztuta, etorkizuna nola dakusaten jaurti diegu: “Ez dago denborarik etorkizunean pentsatzeko, partiduz partidu ari gara eta kito”.

Eleok jaurti eta hurrengo partidurantz atera dira Donibane auzorantz, han arratsaldeko 20:00etan Angel Berrueta ren hilketaren 15. urteurreneko omenaldia da eta ekitaldia jasoko dute. Gu haiekin goaz. Lehia izan da, baina euri jasak eta hotzak ez dute estali omenaldiaren beroa. Ordu eta erdi geroago bueltan gara Iruñeko Alde Zaharrerantz. Gaurko lana Majaris-ek sareratuko du. Ez diot galdetu afaldu aurretik ala ostean egingo duen, baina gauerdirako Angel Berruetaren alaba Aitziberren hitzak sarean zeuden: “Hil zintuzten, Espainiako gobernu batek gizartea berotu zuelako martxoaren 11ko atentatuak ETAk egin zituela esanez”. Edozeren gainetik, haien ahotsa baita garrantzitsuena.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ahotsa
Artxibatu egin dute Ahotsa.info-ko kazetari bat gezurrekin salatu zuen udaltzainaren aurkako kereila

2021eko protesta batean Poliziaren jarduna grabatu eta zabaltzeagatik, Mozal Legea urratu izana leporatu zion udaltzainak kazetariari. Salaketan hainbat gezur esan zituen agenteak, grabatutako bideoan egiazta daitekeenez. Agiriak faltsutzeagatik kazetariak kereila jarri zuen... [+]


Hedabideen boterea eta boterekeria aztertuko dituzte ostiralean Iruñean

Mahaingurua ostiralean izango da, 19:00etan, Iruñeko San Frantzisko eskolan. Inna Afinogenova, Jonathan Martinez eta Ricardo Feliu izango dira hizlariak, eta Juan Kruz Lakasta arituko da moderatzaile lanetan. 


2022-11-25 | Ahotsa.info
Ahotsa.info-k kereila kriminala aurkeztu du, Mozal Legea erabilita, bere kazetari baten aurkako salaketa faltsua egin zuen udaltzainaren aurka

Iñigo Orduña Ahotsa.info-ko kameraria protesta bat grabatzen ari zenean, udaltzain batek salatu egin zuen. Kontakizun faltsua egin zuen salaketan, kazetariaren aurkako zigorra larriagotzeko asmoz. Dena grabatuta geratu zen, poliziaren gezurrak agerian geratuz... [+]


Ahotsa-k Iruñeko udaltzain baten aurkako salaketa jarri du gezurra erabilita Mozal Legea aplikatzeagatik

Ahotsa.info hedabideko kazetari Iñigo Orduñari mozal legea aplikatu eta zigorra jarri nahi diote Iruñean Gazte Komunisten ekimen baten berri emateagatik. Berak, ordea, agenteari leporatu dio berariaz egiari bizkar ematea eta ikerketa eskatu du, aztertzeko ea... [+]


2021-09-22 | ARGIA
Mozal legeaz zigortu dituzte Ahotsa eta Ekinklikeko kazetari bana, Aroztegiko protestez informatzeagatik

Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak seirehuna euroko isunarekin zigortu ditu Ahotsa.info eta Ekinklik-eko bi kazetari grafiko. Guardia Zibilak dago isunaren atzean; kazetariei leporatzen die agenteak identifikatzea errazten duten irudiak publikatu izana.


2019-06-27 | ARGIA
Auzitegi Nazionalak Ahotsa.inforen aurkako salaketa artxibatu du

Espainiako Poliziak terrorismoa goratzea leporatu zion hedabideari, 2018ko bi berritan “euskal preso politikoak” esamoldea erabiltzeagatik. Auzitegiak esamoldea adierazpen askatasunaren mugen barnean dagoela ebatzi du.


2019-04-24 | Ahotsa.info
Deklaratzera deitu dute Ahotsa.info-ko kide bat bi albistetan “euskal preso politiko” kontzeptua erabiltzeagatik

Komunikabideko kide batek Agoizko epaitegian deklaratu beharko du asteazken goizean pare bat albistetan “euskal preso politikoak” terminoa erabiltzeagatik.


2019-02-28 | ARGIA
“Ahotsa.info”-k bosgarren urteurrena ospatuko du martxoaren 30ean Iruñean
Ahotsa.info hedabide nafarrak bosgarren urteurrena ospatuko du martxoaren 30ean Iruñean antolatutako festarekin. Hedabideak azaldu duenez, beren zeregina da "Nafarroako eraldaketa politiko eta sozialaren alde lan egiten duten herri mugimendu eta eragile ezberdinei,... [+]

Euskal preso politikoei buruzko bi albisterengatik Ahotsa.info ikertuko du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Ahotsa.info-k jakinarazi duenez, EPPKko kideei buruz informatzeagatik "terrorismoa goratzea" leporatu die Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak. Kazetari bat Espainiako Poliziak Iruñean duen komisaldegira deitu dute deklaratzera. Bertan izan da,... [+]


2017-02-24 | ARGIA
Grabatzea ez da delitua

Azken urteotan, teknologia berriak ematen dituzten aukerei esker, Poliziak egindako eskubide urraketen eta jardun biolentoen grabatzea eta sareratzea biderkatu egin da. Telefono mugikorren kamerekin irudiak jaso eta sare sozialen bitartez zabaltzen dira lehen ezkutuan mantendu... [+]


2016-11-16 | Info 7 irratia
Miguel Angel Llamas 'Pitu'
“Ahotsa.info itxi nahi dute, alarma gorria piztu beharrean gaude”

“Helburu haundia da, baina gu partida jolasteko prest gaude, ez dugu toalla botako”, dio Pitu-k Info7 Irratian egindako elkarrizketan. Batzarra deitu dugu ostegun honetarako Iruñean.


2016-04-11 | ARGIA
ARGIAri babesa adierazi eta Mozal Legea kritikatu du Nafarroako Parlamentuak

EH Bildu, Geroa Bai, Ahal Dugu, Izquierda-Ezkerra eta PSNren aldeko botoekin adierazpen instituzionala onartu dute Nafarroako Parlamentuan. Mozal Legea kritikatu eta ARGIAri babesa adierazi dio erkidegoko gehiengo parlamentarioak.


Eguneraketa berriak daude