Dozenaka mila herritar, Euskaraldiaren olatuan, hizkuntza ohiturak astintzeko ariketa egitetik gatoz, eta beste milaka euskaldun eta euskaltzale kalera ateratzen dituen Korrika bete-betean gaude. Bien helburua euskaldunak aktibatzea, hizkuntzaren erabilera lehen lerrora ekartzea. Euskalgintzako hiru eragile handirengana jo dugu "aro berria" deitu izan zaion garaiotan urratsak nondik eman behar diren aztertzeko asmoz.
Esaten da, euskalgintza, apalaldiaren ondoren garai berri baten atarian dagoela. Zein dira garai berri horren adierazleak?
Hasteko, nik neuk ez nuke hainbeste azpimarratuko apalaldia; esango nuke euskalgintzak lanean jarraitu duela, baina nork bere esparruan, eta, sarritan, egindako lan horiek ez direla ikusi edota baloratu euskaldunon zirkuluetatik harago. Esaterako, euskaltegietan ikasle-kopuruaren beherakadari aurre egin diogu, bi urtean behin Korrika arrakastatsuak antolatu ditugu… Hori esanda, egia da garai berri baten aurrean egon gaitezkeela, eta hori esateko zantzuen artean hauexek nabarmenduko nituzke: administrazioen eta euskalgintzako eragileen artean elkarlanerako zabaldu den bidea –Euskaraldia edota hedabideen arloan sinatutako hitzarmena, esaterako–, eta Korrikara eragile berri askotxo hurbildu izana, konpromisoak hartzeko gogotsu.
Zein dira euskalgintzako eragileen erronkak hemendik aurrera?
Argi daukat betikoak ez duela balio. Horrez gain, uste dut erronkak ez direla euskalgintzako eragileontzat bakarrik, euskararen normalizazioa ez dagoelako bakar-bakarrik gure lanaren baitan. Halere, euskalgintzako eragileon erronkak arlo hauetan daudela uste dut:
· Ezagutzaren unibertsalizazioa: Nahitaez sakonago jorratu beharreko gaia da. Euskal Herriko biztanleen erdiak oraindik ez daki euskaraz. Egoera hori irauli ezean, nekez izango da jauzi itzela erabileran.
· Lan munduaren euskalduntzea: Aukera paregabea dugu lan munduan eragiteko! Administrazioan, esaterako, datorren hamarkadan jubilazio andana aurreikusten da. Orduan sartuko diren langileek bermatuta izango dute euskararen ezagutza, neurri batean, bederen. Lanean hasteko harrera-prozeduretan euskaraz lan egiteko bideak ziurtatuta egon behar du, ezinbestean. Horrez gain, enpresa askotan zuzendaritza-aldaketak izango dira, eta haietan beharrean hasiko diren pertsonek ere euskararekiko atxikimendua izango dute. Ezbairik gabe, mimoz eta arretaz zaindu beharreko arloa dugu.
· Hizkuntza-politika integrala eta publikoa garatzea: Arlo guztiak eta Euskal Herri osoa aintzat hartuko dituen plangintza behar dugu.
· Etorkinen uholdeari ere berandu baino lehen heldu beharko diogu: Etorriko diren horiek euskaraz bizi den herri batera etorri direla ikusi behar dute. Euskarak herritarren integraziorako tresna izan behar du. Euskal Herrian, berton jaio ez diren belaunaldi asko ezagutu ditugu, eta ezagutuko ditugu; askok, gainera, ez dute izan euskararen berri, edo hortik kanpo geratu dira. Euskara duen herri batean bizi direla jakin behar dute, eta bereziki, uste dut euskarak asko laguntzen ahal duela gizartea bera kohesionatzen.
Zein dira korapiloak?
Diagnostikoak partekatuta daude, esango nuke horretan asko sakondu dugula. Orain, neurriak jarri behar dira, eta hain zuzen eginkizun horretan, maiz, trabatu egiten gara. Hortxe ikusten dut korapilo bat, denboraz askatuko dena.
Euskaraldiaren ondorengoan gaude. Zertarako balio izan du eta zertarako ez?
Balio izan du hizkuntza-ohituren gainean hausnartzeko; nik balio handia ematen diot horri. Balio izan du elkarlana areagotzeko, hainbat lekutan, behintzat. Zertarako ez duen balio izan? Bada, euskararen geroa ziurtatzeko bidea izan dadin; horretarako, Euskaraldiarekin batera, beste gauza asko egin behar dira.
Gizarte eragileen eta erakunde publikoen arteko harremanak hobeak diren garai honetan, euskararen normalizazio bidean ez al dago epelago aritzeko arriskurik?
Egon daiteke, bai, baina arriskua ekiditea gure esku dago. Hori lortzeko gakoa da bakoitzaren lana aitortzea eta zintzo jokatzea, eta kritikak egin behar direnean, egitea, norbere lana hobetzeko modutzat hartuta. Ondo egindako lanak aitortu behar direlakoan nago. Nik, arriskuak baino, aukerak ikusten ditut; alabaina, horretarako, lan-moldeak ere aldatu beharko dira, gobernantza partekatuak izan behar dira, elkarrekin lan egiteko guneak sortu, elkarrekin landutako plangintzak abiatu… Lehen esan bezala, bakoitzaren lanaren aitorpena beharrezkoa da.
Esaten da, euskalgintza, apalaldiaren ondoren garai berri baten atarian dagoela. Zein dira garai berri horren adierazleak?
Noraezaren sentsazioa izan dugu euskalgintzako eragile askok, horrenbeste lan egin ondoren geneuzkan helburuak lortzetik urrun ikusi baititugu euskararen inguruko adierazleak. Biribil honetatik ateratzeko gogotsu eta prest gaudela esango nuke eta ikusten ditudan sintomen artean honakoak aipatuko nituzke: euskalgintzaren baitako konfiantza giro berritu eta indartua, herritar euskaltzaleen aktibazio freskatua, diskurtso berrien azaleratzea, instituzioekin lankidetza sendotua eta elkarrekin desafio berriei heltzeko gogoa. Inoizko oinarri eta baldintzarik onenak ditugu jauzi berriak emateko.
Zein dira euskalgintzako eragileen erronkak hemendik aurrera?
Lehentasunezko bi erronka nagusi aipatuko nituzke: lehena premiarekin lotuta, lan mundua, eta bigarrena gozamenarekin lotuta, aisialdi eta kulturgintzako esparru askea. Patxi Saezek 2015ean aurkeztu zigun “elefante”tik hona ezer gutxi mugitu da. Odolustearen adierazle nagusia aipatzekotan, esango nuke milaka eta milaka gaztek haurtzarotik euskara ikasteko egindako ahalegina, alferrik galtzen dela lan mundura heltzerakoan, nagusiki erdaraz jarduten baita. Eskolaren bidez haurrak euskalduntzeko hamarkadatako inbertsio publikoari etekina ateratzeko ardura daukagu eta gaztetxoengan euskara erabiltzeko motibazio iturri funtsezkoa izan daiteke gainera. Baina beharra beharra da, eta gazteok lan mundura heldu orduko eskolaz kanpo dute benetako bizitza gozagarria, eta garai hau gero eta luzeagoa da. Hortaz, aisialdi eta kulturgintzaren eremu gozagarri eta sortzailea aipatuko nuke lan munduarenarekin batera. Estrategikoak izan daitezkeen gai potolo gehiago badaude aurrekoez gain: euskararen ulermenaren unibertsalizazioa, euskaltzaleen aktibazioa, euskarazko komunikazio sistema integral baten bultzada, etorri berrientzat eta hizkuntza aniztasunaren kudeaketarako plangintza orokor bat… Euskalgintzaren etapa berrian ezin dugu bertan goxo gelditu.
Zein dira korapiloak?
Aldaketa sakonak eskatzen ditu egoera berriak eta oro har pertsonok eta zer esanik ez eragile eta instituzioek aldaketari erresistentzia jartzen diote. Akordio soziopolitiko berriak behar ditugu eta horretan guztian askoren arteko adostasunak eraiki bide berean bultza egiteko.
Euskaraldiaren ondorengoan gaude. Zertarako balio izan du eta zertarako ez?
Balio izan du ilusioa pizteko, euskaraz bizitzeko herritarren gogoa eta lana ikusarazteko, lankidetza berriak saretzeko, Euskal Herriko lurralde guztietan batera aritzeko, hizkuntza praktika berriak esperimentatzeko, arau berriak gizarteratzeko… Ez du balio izan euskararen erabileran jauzi handi bat emateko, edizio asko beharko ditugu horretarako. Ez du balio izan sortutako lankidetza sare berriak blindatzeko, lankidetza batzuk hauskorregiak baitira oraindik.
Gizarte eragileen eta erakunde publikoen arteko harremanak hobeak diren garai honetan, euskararen normalizazio bidean ez al dago epelago aritzeko arriskurik?
Arriskua beti dago baina aitzakia horrekin urratsik ez ematea al da bidea? Harremanak txarrak badira, txarrak direlako eta hobeak badira arriskuak daudelako. Erne egon behar dugu eta arrisku hori eta beste hainbat aurreikusi eta kudeatu beharko ditugu, baina baldintza hobeak baditugu gure ardura da euskararen mesedetan aukera horiek baliatzea.
Esaten da, euskalgintza, apalaldiaren ondoren garai berri baten atarian dagoela. Zein dira garai berri horren adierazleak?
Egia esan, ez dut gustuko apalaldia kontzeptua, benetan uste baitut Euskalgintza lanean aritu dela azken urteotan. Akaso, egin/eragin binomio horretan egiteari jarri zaio arreta handiagoa eragiteari baino.
Bestalde, egia da gizarteko beste sektore batzuetatik, feminismotik esaterako, lan-molde berriak erakusten ari zaizkigula, are gehiago, zehar-lerro diren gaiak ertzetatik zentrora ekartzeko estrategia eragingarriak ari gara ikusten. Kontua da horiek nola aplikatu euskararen normalizazio-prozesuan.
Zein dira euskalgintzako eragileen erronkak hemendik aurrera?
Gure ustez normalizazio-prozesuaren hanka politikoa sendotzea da erronkarik nagusiena. Horretarako, adostasun soziopolitiko berriak eraiki behar direla iruditzen zaigu. Ziklo berri bati hasiera eman behar bazaio, hizkuntza-politikari lotutako adostasun soziopolitiko berri eta berrituak behar dira.
Zein dira korapiloak?
Tamalez, euskara eta hizkuntza-eskubideak ez daude kokatuta agenda politikoaren erdigunean. Euskararen normalizazioaren beharraren zirimiriak ez du behar bezala gizarte osoa busti. Egia da, bai, batzuetan euri-jasak izaten direla eta Korrika da horietako bat. Halere, afera da euskararen normalizazioaren tentsioa urte osoan mantendu behar dela.
Euskaraldiaren ondorengoan gaude. Zertarako balio izan du eta zertarako ez?
Modu orokorrean, batetik, Euskaraldiak balio izan du euskararen normalizazio-prozesuaren hanka soziala indartzeko edo giharra erakusteko. Bestetik, Euskaraldiaren bidez erakutsi da euskararen gaia guztion afera dela eta guztiok badugula zer egina. Hirugarrenik, lanerako harreman-eredu berriak sortzeko balio izan du. Eta, uste dut azterketen emaitzek hizkuntza-ohiturak aldatzeko baliogarria izan dela erakutsiko dutela.
Bere buruari jarritako helburuak bete dituela iruditzen zait. Kontua da Euskaraldiari ezin eska diezazkiokegula horrelako dinamika bati ez dagozkion helburuak. Horrexegatik esan dut dinamika berri bat behar dugula hizkuntzaren normalizazio-prozesuaren alde politikoa indartzeko. Hizkuntza-eskubideak bermatzeko prozesu politikoa zehaztuko duten adostasunak eraiki behar ditugu berandu baino lehen. Horri lotuta, Kontseiluak beste behin jarri nahi du mahai gainean inoizko adostasun sozialik handiena lortu duen proposamen politikoa, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Asmoa dugu, oinarri hori hartuta, hurrengo hilabeteotan adostasun horiek jorratzen hasteko.
Gizarte eragileen eta erakunde publikoen arteko harremanak hobeak diren garai honetan, euskararen normalizazio bidean ez al dago epelago aritzeko arriskurik?
Printzipioz kontrakoa beharko luke. Hau da, berez, gizarte eragileen eta erakunde publikoen arteko harremanek hobera egiteak normalizazio-prozesuaren azkartzea ekarri beharko lukete. Eragileen eta instituzioen arteko konplizitatezko harremanek itsasontziari abiadura handiagoa hartzera lagunduko liokete.
Horretarako, harreman-eredu berriak aztertu behar ditugu hizkuntza-politikari dagokionez. Gobernantza da azken boladan bolo-bolo dabilen hitza, eta zinez uste dut hizkuntza-politikatik hizkuntza-gobernantzarako jauzia egin behar dugula. Argi dago, instituzioek eta eragileek funtzio desberdinak betetzen dituztela hizkuntza baten normalizazio-prozesuan, baina ezin dira bi zutabe independente gisa agertu. Lan egiteko modu eta formula berriak aurkitzen hasi behar dugu hizkuntza-politiketan eragileen iritziak pisu handiagoa izateko. Uste dut euskalgintzak erantzukizunez jokatuko duela horrela aukerak sortzen hasten badira
Donostiako Udalak 2024ko irailean helegitea jarri zuen, urte bereko urtarrilean epaileek bi udaltzainen B2 hizkuntza eskakizuna baliogabetu zutelako. EAEko Auzitegi Nagusiak helegitea ez du tramitera ere bideratuko, “kasaziorako interes objektiborik” ez dagoelako... [+]
"Etorkizuneko zubiak" eraikiz, azpimarratu dute "garai nahasi hauetan" euskararen aldeko aldarriak ozen entzun behar direla aurrerantzean: "Bada garaia euskarari dagokion tratamendua, lekua, emateko".
Antolatzaileek Biltzar Nagusian harturiko erabakia da: aurten ez dute Lapurtarren Biltzarrik antolatuko Uztaritzen. Motibazio eskasa da erabakiaren oinarrian dagoen arrazoia.
Tipi-tapa mugitzen ditugu euskaltzaleok gure oinak Korrikaren lekukoaren atzetik, gure hizkuntzaren alde, desio dugun Euskal Herri euskalduna helburu, herri euskaldun gisa biziraun nahi dugula aldarrikatzeko.
Tipi-tapa ematen ditu lehen urratsak Afrikako, Hego Amerikako edo... [+]
Urtarrilaren 4an hil zen Robert Hirigoien euskaltzalea (Larresoro, Lapurdi, 1944). Ostegunean eskainiko diote azken agurra, jaioterrian (10:00etan). Herri Urrats festaren sortzaileetako bat izan zen, baita Lapurtarren Biltzarrarena, Kanboko ikastolarena eta euskara eta euskal... [+]
Herriko elkarte eta eragileek antolatzen dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen, sorreratik. Goizetik gauera jakin dute udalak hartu duela ekitaldiaren jabetza eta beraz, ekitaldiaren inguruko azken erabakiak haren gain geratu direla: “Udalari eskatzen diogu... [+]
Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.
Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]
Euskaltzaleen Topaguneak hasiera berri bat irudikatu du. Hemendik aurrera Taupa, euskaltzaleen mugimendua izena hartuko du. Euskara elkarteen topagunea izatetik, Euskal Herri osoko euskaltzaleak aktibatzea eta saretzea izango du helburu. Topaguneko kideek adierazi dutenez,... [+]
Euskal Herri osoan euskara eta hiztun komunitatea larrialdi egoeran daudela berretsi zuen azaroan Kontseiluak eta, ostegun honetan, egoera hori Nafarroan zertan datzan azaldu du Iruñean. Era berean, herrialdean ataka horretatik ateratzeko egin beharrekoak azpimarratu ditu.
Irungo Udalak barkamena eskatu eta asteazken honetarako bilerara deitu ditu hiriko elkarte euskaltzaleak, baina beste norabide bat hartu du aferak eta gaia ez du berehalakoan itxiko. Gabonetako ekitaldian euskara baztertzeagatik udala salatu duten elkarteak zeuden deituta... [+]
Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean egin du manifestazioa larunbatean Euskal Herrian Euskarazek, Landako gunetik abiatuta. Euskal Errepublika aldarrikatzera, indarrak batzera eta euskararen aldarria lau haizetara zabaltzera deitu dute Durangoko kaleetan... [+]
Teilatura igo, eta hainbat instituziok Euskararen Nazioarteko Eguna “aurpegi zuriketarako aprobetxatu ohi dutela” salatu du bikote aktibistak. Frantziako eta Espainiako Konstituzioak “supremazistatzat eta euskaldunentzat baztertzailetzat” jo dituzte, bi... [+]
Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]
Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.