1963-1993: euskal zarataren genealogia txiki bat

  • Xabier Erkiziak kontatu digu nola Julio Caro Baroja antropologo eta historialariak lapiko-jotzeen iturburua zenbait euskal herrietako ohituretan topatu zuen. Jakina da 70eko hamarkada bitarte Lesaka eta inguruko herrietan, esaterako, ezkontzera zihoazen bikote gazteak omentzeko haien etxepean tobera jotzea usadioa izan dutela. Kontua da, hainbat mende lehenago, txalapartaren antzeko tresna metaliko hura lapiko eta antzekoez ordezkatzen zutela ezkongaiak alargun zahar bat eta neska gazte bat zirenean. Halakoetan, gazte berberek zalaparta eta iskanbila sortzea izaten zuten nahiago, beraien mespretxua adierazi asmoz.

El Desvän del Macho taldeko kideak 2017ko argazki batean. 1990eko hamarkadaren hasieran, Cancer Moonekin batera, talde honek jarri zituen oinarriak Euskal Herrian gerora jorratuko zen rock zikin eta aldrebestuarentzat.
El Desvän del Macho taldeko kideak 2017ko argazki batean. 1990eko hamarkadaren hasieran, Cancer Moonekin batera, talde honek jarri zituen oinarriak Euskal Herrian gerora jorratuko zen rock zikin eta aldrebestuarentzat.

Bistan da, euskal zarataren genealogia bat osatzerakoan, nahi beste egin genezake atzera. Dena dela, euskal kultura garaikideak onespen zabaleko erro argirik badu, horixe Ez Dok Amairu da eta haiengan kanonekiko arbuioa ere bada elementu garrantzitsu bat, euskal tradizioen biziberritzeaz gaindi. Artzeren lanak badu hortik, adibidez, eta Laboaren ekarpena agerikoa da. Izen handiez harago, Zabala anaien eragina azpimarratu digu Xabier Erkiziak urte horiez aritzerakoan. Jose Mari Zabalak Axut film esperimentala zuzendu zuen 1977an, baina aurretik jada bere sormena gitarraren aukera ezberdinak aztertzera eta soinu esperimentaziora bideratu zituen Mikel Laboarekin egindako lanean. Bat-Hiru diskoko Zaude lasai eta Haika mutil bezalako abestiek gordetzen dituzten elementu ezerosoak entzun besterik ez dago gogo hori somatzeko. Jose Luis anaia, bitartean, Artzerekin aritu zen jada Isturitzetik Tolosan barru (1969) lan ezagunean eta Gizon haundia da mundua, eta mundu ttikia gizona (1988) eta Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat (1998) diskoak ekoitzi eta hots eta soinu anitzez ere hornitu zituen.

Artzek Dakienak ba daki kantan honakoa dio: “Dakienak badaki nora dijoan jakiteko, behar duela nondik datorren jakin”. Horretarako, euskal kulturgintzaren gainazalera inoiz heldu ez diren izenei ere jaramon egin behar zaie, ordea. Xabier Erkiziak dio 60ko hamarkadan “oraindik argia inoiz ikusi ez duten lan oso potenteak daudela”, norbaitek noiz zabalduko zain. Nolanahi ere, halakoetara jo gabe, Luis de Pablo konpositoreak 1970. urtean argitaratutako We lanaren garrantzia azpimarratzea ekidinezina iruditzen zaio. Soinu collage-aren teknikaren bitartez, disko honek “soinu musikal eta ez musikalen arteko zubiak eraiki zituela” baitio Erkiziak. Musika konkretua delakoaren erabilpenean oinarrituriko lan honez gain, aldarrikatzekoak iruditzen zaizkio, halaber, Esther Ferrer donostiarraren eta ZAJ taldearen ibilbideak. Espazio kontuengatik haien lanaren nondik norakoak ezin garatu ditzakegun arren, musikaren mugak zabaltzeko asmotan haiek egindakoek merezi dute, bederen, aipamenik.

Munduan sortzen ari ziren molde berriak geure musiketan txertatzeko ahaleginak ere egin ziren 70eko hamarkadan. Horretan Herri Gogoa diskoetxeak egindako saiakerei aitortza egin behar zaie, William S. Fischer, Shegundo Galarza edo Tomas Aragüesen lanen bidez geure mugen barnera estereotipoak hausteko gogoa ekartzen saiatu baitzen zigilua. Halakorik lortu ote zuen, noski, besterik da.

Erradikal askeak

Folk eta rock progresiboan oinarritutako taldeek ere jolastu zuten zaratekin –Haizeak, adibidez– baina punkaren eztandak joko-arauak birdefinitu eta arreta guztia aldendu zuen halakoetatik. 80ko hamarkadako abarrots hori deskodetu nahian luze idatzi izan denez, geure egitekoa fenomeno hark itzalpean utzi zuenari so egitea izango da. Punkaren garaipen erabatekoak bestelako soinuak jorratzen zituzten taldeen aukerak mugatu zituen, baita paradoxikoki garai berean iritsi zen post-punka lantzen zutenenenak ere. Arrasaten RIP taldearen garai berean, adibidez, Matrona Impúdicakoak ere aritu ziren. Haien musikak kutsu ilunagoa zuen, letra poetikoagoak zituzten eta garai hartan gurean oihartzun handirik izan ez zuten beste estetika batzuei erreparatzen zieten José Izcuek gidatutako proiektu hartan. Taldearen errautsetatik sortuko zen Jugos de Otros, Tercero en Discordia izeneko taldetik etorritako lagunekin osatua. José Izcue eta bere anaia Francisco, Jesuis Suinaga eta Josetxo Anitua arituko ziren bertan, eta taldearen ibilbide laburraren ondotik beste bi talde berri sortuko ziren: El Desvän del Macho eta Cancer Moon.

Cancer Moonen Hunted By The Snake (1990) eta El Desvän del Machoren Hermana violencia (1992) diskoek gerora jorratuko zen rock zikin eta aldrebestuaren zutabe nagusiak ezarriko zituzten. Bi talde hauek ez ziren, halere, rockaren eta punkaren mugetan arakatzen aritu ziren bakarrak izan eta horretan jardun zutenen artean Donostia inguruko Buenavista lokaletako hainbat talde –La Perrera–, Bilbokoak –La Secta, Los Clavos– edota Iruñekoak –Los Bichos– ere aipa genitzake.

Punkaren ertzetan bestelako eredu batzuk ere jaiotzen hasiak ziren garai hartarako, era paraleloan bidea egiten ari zirenak. Noise-ak eta soinu industrialek bere garrantzia izan zuten arren –Línea Táctica proiektu misteriotsua edota Syntorama fanzine eta irratsaioa izan daitezke horren bi adibide–, batez ere Gipuzkoan sortzen ari zen hardcore mugimendu indartsuaren eragina izan zen, agian, azpimarragarriena. Araban ere ale interesgarririk utzi bazuen ere –Vitu´s Dance–, Andoain eta Tolosa artean gertatutakoak utzi du arrastorik nabarmenena ondorengoengan. Ruido de Rabia eta BAP!! aipa genitzake, desioak gidatutako jardunean rockari abiadura eta indar dosi bortitzago bat itsasteaz gain, beste iruditeria eta filosofia batzuk –dela zuk zeuk egin jarrera, anarkismoa edota ekologismoa– batu zizkiotenen artean. Iparraldean, bitartean, Voodoo Muzak taldeak bere ibilbide oparoa hasi zuen 80ko hamarkadako bigarren zati hartan, gerora fruitu ezin ugariagoak emango zituena.

90eko hamarkada iritsiko zen gero, estetika zaratatsu batek inoizko arrakastarik handiena lortu zuen garaia. Bilbo eta Getxo inguruak eta Bidasoako bailarak izango ziren horren adierazle nagusi, baina ez bakarrak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Noise
2019-04-10 | Jon Urzelai
1993-2018 - Euskal zarataren azken mende laurdena
Antibirtuosismotik, herri musikara

1993. urtean eratu zen Gutariko Bat taldea, baita Dut ere. Urte hartan argitaratu ziren Beti Muganen Oreka desorekan eta Ama Say taldearen Ikusi ditut umeak kalean ametsak akatzen diskoak. Urte berekoak dira, halaber, Getxo Sound delakoaren gakoak izan ziren El Inquilino... [+]


Eguneraketa berriak daude