Justiziarik ezak elikatzen du oroimena. Zenbat eta injustuagoak izan zauriak orduan eta gehiago gogoratzen ditugu eta daramatzagu bihotzean haiek jasan zituztenak. Gladys Del Estalekin antzeko zerbait gertatzen zaigu, lehen minututik sumatu baitzuten herritarrek heriotza bidegabe baten aurrean zeudela, heriotza bidezkorik existitzen bada. 1979ko ekainaren 3an hil zuen guardia zibil baten subfusilak ekintzaile ekologista Tuteran, bilkura bakezale batean zela, eta hilketa horrek piztu zuen erreakzioa nekez ahaztuko dute askok: greba orokorrak geldiarazi zuen Euskal Herria, eltze antinuklearrak gainezka egiteraino. Biografia honetarako, bera ezagutu zuten lagunekin hitz egin dugu, arakatu ditugu orduko dokumentuak, hemeroteka, buletinak, aktak, mezuak... eta argitara ekarri ditugu ezezagunak ziren datuak.
Berrogei urte hauetan inpunitatearen itzala gailendu zaio egunsentiari, Gladys hil zuen agenteak ez baitu egindakoagatik ordaindu, bai dominak jaso. Bertsio ofizialaren tindu beltzak orbandu du kontakizuna. Baina... ez ez ez! Hura ez zen zorigaiztoko istripua izan, urte haietan gure bazterrak ke-botez eta berunez josi zituen errepresio kalkulatu baten ondorioa baizik. Eta Gladys ez zegoen Ebroko zubi hartan kasualitatez, bere konpromiso eta izaerak eraman zuen haraino.
Irriño bat nabari zaio ezpain-masailetan. Bere-bereak zituen betaurreko biribilen atzean begirada animosoa. Ilea luze eta solte darama, haizeak ferekaturik pedalei eragiten dien bitartean. Eskulekuan puxika, eguzki antinuklearra marraztua. Eta zelaren atzealdean haur batek laguntzen dio. Gladys Del Estalek ez zuen okasioa galdu larunbat hartan Donostiako kaleetan bere Orbea Cometarekin txikientzako bizikleta martxan parte hartzeko, Tuteran egingo zen mobilizazio handiaren atariko. Halaxe harrapatu zuten kamerek eta halaxe ekarri Egin egunkariak bere azalera hurrengo egunean. Hil zuten egunean.
1979ko ekainaren 3an Energia Nuklearraren Kontrako Nazioarteko Ekintza Eguna antolatu zuten mundu osoan. Europako mendebaldeko herrialdeetan, Japonian eta AEBetan protesta eta manifestazio handiak egin ziren, Harrisburgen bi hilabete lehenago gertaturiko istripu larriak ipurdibistan utzi baitzituen nuklearren gezurrak: ez zegoen zentral segururik. Euskal Herrian, Tutera izan zen mobilizazioen nukleo nagusia. Handik zazpi kilometro eskasera, Arguedaseko Soto de Vergara izeneko inguruan, zentral nuklear bat eraikitzea aurreikusten zuen frankismoko energia planak.
Antolatzaileek egun osoko egitaraua prestatu zuten, jai eta ospakizun giroan. Baina poliziaren kontrol eta probokazioei erreparatuta, laster jausi ziren kontuan ez zela egun lasaia izango. Hain gutxi ere. Arratsaldeko lehen orduan, jendetza autobusetara itzultzen ari zela, Ebro zeharkatzen duen zubiaren beste aldean guardia zibil batek Gladys Del Estal hil zuen buruan tiroa jota. 23 urte zituen. Hortik aurrerako partea ezaguna zaigu: biharamuneko greba orokorrak, Donostiako hiletako errepresio poliziala, hiltzailea errugabetzeko estoldetako azpilana…
Geroztik, ekintzaile donostiarraren heriotza bilakatu da mugimendu ekologistaren ikur. Urtero gogoratu dute Egiako Gladys-Enea parkean edo Bardeetako tiro-poligonoaren kontrako ibilaldian, eta bere irriñoa ikusi dugu makina bat pegatina eta afixatan eguzki laranja baten ondoan. Baina nor zen Gladys Del Estal?
Herri berdeago bat
nahi zenuen defendatu
eguzkiarekiko harremanak
beharrez kantatu...
Hala dio bera hil ostean egindako poema batek.
...Landaretik lore
loretik hazi
hazitik fruitua
eta berriz hasi.
Gladys Del Estal Ferreño Venezuelan sortu zen 1956an. Haren gurasoak 1936ko gerra ostean exiliatu ziren herrialde hartara.
Enrique Del Estal Añorga bizikletari lotua jaio eta hil zen. Gerraurrean Bartzelonan ibili zen lasterketetan, eta faxistak Gipuzkoaren jabe egin zirenean bi gurpilen gainean ihes egin behar izan zuen Donostiatik. Eusko Gudarostean eman zuen izena bere borondatez, eta Meabe batailoi sozialistan ibili zen fronteko lehen lerroan, Legutiotik hasi eta Kantabriaraino. Gero kontzentrazio zelaiak eta lan-esklabutza. Aita Montjuïcen preso, anaia nagusia fusilatua... Halaxe joan zen erbestera. Kuriosoa da, beste anaia bat, aldiz, kontrako aldean borrokatu zen. Gerraren tragedia.
Ahal zuen aldi oro garajeko buzoa erantzi eta mailota jartzen zuen Enriquek. Alabarena gertatu ostean ere bizikleta martxen buru ikusiko genuen beti. Koadroa eta erradioak txiki eginda geratu ziren 1989an, errebolta bateko zuhaitzak hil zuenean.
Eugeni Ferreño Rodriguezek, Gladysen amak ere Caracasen amaitu zuen gerraren ondorioz. Gipuzkoako Jantzi Industriaren sindikatuan afiliatua, Euzkadi Roja egunkari komunista sostengatzeagatik hartu zioten aurpegia frankistek eta Euskal Herritik ebakuaturiko pertsonen zerrendetan ageri da bere izena. Aita, Gladysen aitona, fusilatu egin zuten eta ondoren taberna kendu.
Gure ekologistaren enpeinatzeko grina ez zen hutsetik sortua, hainbat belaunalditako zilborreste batek elikatzen zuen.
Lau urteko alabarekin erabaki zuen Del Estal-Ferreño sendiak Euskal Herrira itzultzea 1960an. Donostiako Egian jarri ziren, Aldakonea kalean hasieran, baina azkar kanbiatu ziren Atotxako dorreko hamalaugarren solairura. Hantxe jarri zuen Gladysek lehen aldiz banderola antinuklearra bere koartoko leihotik zintzilik, denen bistan, Realaren partidu mitikoetan ikusi zedin.
Baina apenas daukagu txikitako bere berri, Presentación de María ikastetxean ibili zela baino ez: “Harrigarria da, galdezka hasi garenean, konturatu gara Donostiako jendeak ez zuela ezagutu haurtzaroan”, dio Gladysekin Egiako herri mugimenduan aritutako Sabino Ormazabalek. Berandu da gainera. Anaia Pablo albo batera geratu zen eta ez du sekula arrebaz hitz egin nahi izan. “Gurasoak hil zirenean informazio hori galdu genuen”.
Lehen talde ekologistako kide
Pertsona azkarra eta “hiperaktiboa”, ikastea zuen gustuko. Halaxe hasi zen ezagun egiten unibertsitateko lagunen artean. Informatikako karrera amaitu zuenean –fakultate horretako gela bati bere izena jarriko diote eta erakusketa ere antolatu dute–, Kimikako lehen kurtsoari ekin zion. Baina Biologia zuen berak buruan, naturarekin zerikusia zuen orok sortzen baitzion interesa, eta ikasketa horiek ordaintzeko programatzaile hasi zen lanean enpresa txiki batean. Etxeko gelako apalategian, kutsadurari edo nuklearrei buruzko liburu eta txostenek gainezka egiten dute txuri-beltzeko argazkian: “Gladys autodidakta zen, asko irakurtzen zuen eta oso kontziente zen nolako gizartea genuen –azaldu digu Ormazabalek–. Hitzaldiak ere ematen hasi zen koordinadoran hasi zenean”.
Ekologistaren enpeinatzeko grina ez zen hutsetik sortua, hainbat belaunalditako zilborreste batek elikatzen zuen
Hango eta hemengo naturzaleak antolatzen ziren koordinadora horretan. Bi lagun aritzen ziren hitzaldiak ematen, haietako bat Gladys, Egiako partaide gisa. Ez alferrik sortu zuten auzo horretan lehenengotako talde ekologista, 1976 inguruan.
Pello Lizarralde idazleak barrutik bizi izan zuen talde hura: “Orduko neskalagunak eta biok kezka handia genuen guretzat oso berria zen hitz batekin: ekologia. Ez genekien nondik zetorren, baina bagenekien zer esan nahi zuen. Baziren arazo latzak Euskal Herrian, ikusi besterik ez zegoen zer gertatu zen industrializazioarekin edo zenbat pinu zegoen bazterretan. Ez genekien nora jo, eta halako batean Madrilgo Alfalfa aldizkarian irakurri genuen Egian talde bat sortu zutela. Han ezagutu nuen Gladys”.
Iragarki hartan, ekologiari buruzko publikazioak besterik ez zituzten eskatzen, auzoan saltzeko. Baina urrats txiki hura ibilbide oparo baten hasiera izan zen. Gipuzkoa osoan ez zegoen antzeko talderik –Urola eta Goierri inguruko zenbait mugimendu salbu– eta “hain gutxi zegoenez, edozeinekin biltzen ginen”. Arian-arian, talde txiki horiek oso eraginkorrak izan ziren. Lizarraldek gogoan du Orain antzerki taldearekin 60 funtziotik gora egin zituztela herrietan, “kaleko antzerkia egiten genuen, bagenekien ez zela oso findua, ekintza bat egitea bezala zen”. Jende apur batek, auzoz auzo eta herriz herri zabaldu zuen olatu antinuklearra.
Hasiera haietan, gainera, mugimendu hura ez zegoen inongo alderdiri lotua, politikariak oso urrun zeuden: “Hor zebilen jendeak kezka libertarioak zituen, zentzu zabalenean harturik, abertzaleak baino –dio Lizarraldek–. Nik uste gaur ez litzatekeela gertatuko, alderdiek beti bere aldera ekarri nahi baitute gidaritza, baina orduan oraindik ez zegoen horrelakorik. Horregatik zabaldu zen hainbeste. Lemoizen kontrako manifestazio izugarri hura, nik egun zoragarri bat bezala gogoratzen dut, eguzkitsua, alaia... Eta gure artean esaten genuen, ‘hauek [ETA] noiz sartuko dira?’ Jokoz kanpo zeuden, mugimendu politikoak berak ez zuelako kezka hori”.
Francoren erregimenak 1964an onartu zuen Espainiako nuklearizazioa bultzatzeko legea eta Iberdueroren itzal luzea laster zabaldu zen euskal kostaldean: 25.000 megawatteko potentzia nuklearra instalatu nahi zuen, Lemoizen, Tuteran, Ispasterren eta Deban. Azkeneko hiru proiektuak gelditu egin zituzten, besteak beste herritarrak azkar jabetu zirelako konpainia elektrikoaren jukutriez. Aldiz, Lemoizkoa eraikitzen hasita zeuden. Halaxe sortu zen 1976ko maiatzean Euskal Kostalde Ez Nuklearraren Aldeko Batzordea, hainbat herritako familia elkarteen eskutik.
"Ohiturazko bideak agortzen direnean, herriaren irudimenak deuseztatzen du korapiloa eta borrokarako bide berri bat hartzen du: desobendientzia zibila
(Ez ez ez aldizkari antinuklearra)
Lizarraldek gomutan duen egun eguzkitsu eta alai hura 1977ko uztailaren 14a zen eta 200.000 pertsona bildu ziren Bilbon. Aurretik, ETAk hiru lehergailu jarri zituen Basordako kalako obretako jantokian, eta handik hilabete batzuetara zentralera sartzen saiatu zen komando baten eta guardia zibilen arteko tiroketan ETAko kide bat oso larri zauritu zen –handik gutxira hil zen David Peña–. Hurrengo urteetan atentatu, bahiketa eta hildako gehiago izan zen. Nuklearrak gatazka armatuaren erdigunean jartzeak oposizio politikoa indartu zuen. 1979ko apirilean, Euskal Kontseilu Orokorrak –egungo Eusko Jaurlaritzaren erakunde aitzindariak– adostu zuen zentralaren inguruko kontsulta bat sustatzea; antinuklearren ustez ekimen hori “zehazgabea, eskasa eta desegokia” zen eta herritarrak desmobilizatzea zuen helburu.
Bitartean, zamaketariek boikot orokorra hasi zuten zentralaren erreaktoreko materiala ez lehorreratzeko. Ez ez ez aldizkari antinuklearrak mezu garbia zekarren: “Ohiturazko bideak agortzen direnean, herriaren irudimenak deuseztatzen du korapiloa eta borrokarako bide berri bat hartzen du: desobedientzia zibila”.
AEBetako Penssylvanian Harrisburgeko istripu nuklearra gertatu zenean –ustez “ezinezkoa” zena–, informazio gose handia sortu zuen eta gero eta zailagoa zen proiektu atomikoa irentsaraztea. Jose Allende Landa katedradunak gutuna idatzi zion Caracasetik nuklearren aurkako mugimenduko burkide bati: “Iberduero SA paperezko tigre bat da. Ez du argumenturik, eta erabiltzen dituen arrazoiak infantilak eta inozoak dira, Lemoizko errealitateari ihes egiten diote. Baldar horiei beti irabaziko diegu konfrontazioan. Gu konbentziturik gaude argumentuekin eta hori da gure arma handiena”.
Zerbait nahi bazuen gogor egiten zuen hura lortu arte. Nik uste dut bere heriotzaren arrazoietako bat hori izan zela”. Tuteran poliziak jaialdia zapuztu zuenean, zenbaitek erabaki zuten Ebroko zubian esertzea protesta baketsu moduan. Haien artean zen Gladys. Horregatik dio Rafa Aldayk izateko modu horrek ere eragin zuela bere heriotzan: “Ez zegoen ados eta zerbait egin behar zuen”.
Aldayk Egiako hainbat mugidatan ezagutu zuen Gladys Del Estal. Besteak beste, Maria Reina ikastetxean klaseak ematen zizkieten eskola-graduatua lortu nahi zuten helduei. Pertsona serio eta militantea iruditu zitzaion. Ekologista donostiarra ezagutu zuten beste askok ere esan digute gauza bera: zorrotza zen hizketan eta ideietan tinkoa, eztabaida bururaino eramaten zuena, baina aldi berean xumea bezain irribera.
“Euskaraz mintzatuko
natzaizu Gladys,
hil zaituztela entzun dut
hilik zaudela...
–idatzi zuen bere ikasleetako
batek hil ostean egin zioten
poema liburuxkan–
...Baina ezagutu zaitugunentzako
bizirik zaude.
Bizirik izango zara beti”.
Gau eskoletan euskara ikasten hasia, auzoko hirigintza eta ingurumen batzordeko kide, haurrentzako talde ekologista baten arduradun, 1979ko ekainaren 3an Egiatik Tuterara irten zen autobusa Gladysek antolatu zuen. Baina bere eserlekua hutsik itzuli zen.
Jaialdia ez zen Tuteran halabeharrez antolatu. Teknologia nuklearraren arrisku militarra ere ikusarazi nahi zen, eta Bardeetako bonbardaketak hor zeuden: “Hain justu garai hartan inguruko sei alkatek idatzia kaleratu zuten Arguedaseko proiektuaren eta Bardeetako poligonoaren kontra –dio antolakuntzan aritu zen Ormazabalek–; sinadura bilketa ere hasi zuten eta Mario Gabiria zegoen tartean. Horrela pentsatu genuen zerbait egitea ADMAR (Erriberako Ingurumenaren Defentsarako Elkartea) eta Euskadiko komite antinuklearren artean. Kartelak mezu hori zekarren: Zentral nuklearrik ez. Fuera yankis de las Bardenas”.
Hasten bazara arakatzen Euskal Kostalde Ez Nuklearraren Aldeko Batzordearen barne artxiboan, “kontaktu interesgarrien” zerrenda aurkituko duzu kartoizko karpeta baten estalkian errotulagailu lodiz apuntatuta. Hor daude garai haietan nuklearren ikerkuntzan zebiltzan askoren izen eta telefonoak: Jose Allenderena, Pere Carbonell erradiofisikoarena eta baita Mario Gabiria soziologo eta ekologista nafarrarena ere.
Asterix eta Obelixen istorioetako txiste hark laburbiltzen du garai hartako Nafarroako ingurumen politika: basoa moztuko dugu eta parke natural bat egin. Gatazka anitz zeuden erreinu zaharrean (Arga ibaiaren kutsadura, autopistaren bigarren fasea, Belaguako eski-pistak…). Gabiriak, ADMAR elkartea sortu zuen 1975ean Kaliforniatik bueltatu zenean. Hango mugimendu antinuklearretik ikasitakoa ekarri zuen Ebro bazterrera, Milagros Rubio eta beste batzuk ondoan zituela. Eta hala hasi zuten Arguedaseko zentrala ez eraikitzeko sokatira, baita arma fabrika baten, Ablitasko aerodromoaren eta tiro poligonoaren kontrako borroka ere.
“Zertara joan ziren ekologistak Tuterara? Zentralaren eta tiro eremuaren kontra protestatzera. Militarren eta militarren aurkakoen arteko borroka sinboliko horretan, gertatu zen egiazko borroka bat, ez sinbolikoa” (Karlos Irujo)
Ekologismoaren eta antimilitarismoaren barrikada Erriberan jartzeak, zer punturaino bihurtu zuen Estatuarentzat mugimendu hura arriskutsu? Wikileaksek filtraturiko kableetan ere ageri da tiro eremuaren inguruko orok AEBei eragiten zien kezka. Bestetik, lurraldetasunaren afera puri-purian zegoen, eta Tuterako jaialdi “nazionalaren” egun berean Gernikako Estatutuaren proiektua eztabaidatzeko bilkura egin zuten Gasteizen.
Koktel horrek osagai gehiegi zituen poliziaren gustuko izateko. Eta poliziak bazituen aurrekariak halako tragoetarako, amnistiaren aldeko astean edo 78ko Sanferminetan erakutsi bezala. Tutera inguruan kontrolak jarri zituzten eta autobusei 50 kilometroko itzulia eginarazi Ebroren beste aldera bidaltzeko. “Txoferrei mapa bat eta guzti ematen zieten!”, dio Ormazabalek. Bere ustez hura militarki prestatu zuten, toki “sensiblean” zegoelako. Iritzi berekoa da Karlos Irujo: “Zertara joan ziren ekologistak Tuterara? Zentralaren eta tiro eremuaren kontra protestatzera. Militarren eta militarren aurkakoen arteko borroka sinboliko horretan, gertatu zen egiazko borroka bat, ez sinbolikoa”.
Irujo NUPeko Lera Ikerguneko kide da eta Nafarroako Gobernuarentzat Gladys Del Estalen oroimenaren inguruko txosten antropologikoa osatu du, Txuri Ollo eta ikerguneko beste hainbat kiderekin. Azaldu digutenez, Gladysen heriotza ekintza baketsu batean gertatzeak ez zuen atze onik ekarri: “Herritarrak nazka eginda zeuden halakoekin, jende gehiegi ari ziren hiltzen bakarrik kalean egoteagatik”, dio Ollok.
Baimen administratibo guztiak zituzten arren –besteak beste Tuterako PSOEko ordezkariak ere eskatuta–, aurreikusita zeuden ekintzak bi orduz atzeratu ziren egun hartan kontrolen oztopoengatik. Hala ere, orduko kroniken arabera 6.000 eta 10.000 lagun artean elkartu ziren Prado pasealekuan. Hitzaldiak, otartekoak eta jotak. Aldarte onean zihoan udako egun sargoria, bazkalostean poliziaren autobus bat eta hainbat berebil jai gunean arrapaladan sartu ziren arte. Segituan lehertu zen ekaitza: lehen istiluak, atxilotu bat, jendearen protesta, pilotakadak, izua –“zelai batean geunden!”–. Alferrik saiatu ziren negoziatzen zinegotzi eta antolatzaileak, ospakizuna bertan behera geratu zen, baita arratsalderako pentsatuta zegoen tiro poligonoranzko martxa ere.
Poliziak ordea, segada militar hura ondo marraztuta zuen. Tuterako erdigunera joateko trenbide azpiko pasabidea itxi eta Ebroko zubirantz bidali zituen korrika zihoazen herritarrak, familiak eta haurrak. Zubian trafikoa etenda zegoen eta kamioi baten inguruan taldetxo bat eserita, berriketan eta meriendatzen. Ibaiaren beste aldean, errepideak zaintzeko patruiletako guardia zibilak hitz erdirik esan gabe hasi ziren kolpeka; ilea urdintzen hasitako batek kulata-ukaldia eman zion saihetsetan altxatzen hasi zen emakumeari eta ondoren tiroa jo zion buruan.
“Korrika hasi nintzen tiroa entzutean, auskalo zenbat metro egin nituen beldurra gorputzean sartuta. Zauritua Gladys zela jakitean itzuli nintzen, jakin behar nuen non zeukaten”. Alday zubi ondora bueltatu zenerako Gladys jadanik anbulatoriora eramana zuten, baina agenteek hogei minutuz izan zuten lurrean odolusten inori gerturatzen utzi gabe. Enrique Del Estalek urte batzuk geroago ezin izaten zion prentsari amorrua ezkutatu: “Azkarrago eraman izan balute agian salbatuko zela esan zidaten medikuek. Horregatik, erabat ziur esan dezaket hilketa izan zela”.
“Han gindoazela, nesketako bat jabetu zen Tuterako kaleetan oraindik ez zekitela heriotzaren berri, agenteen aurrean leihatila jaitsi eta oihuka hasi ziren: Gladys hil digute! Gladys hil digute!”
(Rafa Alday)
Gladysen lagun ziren bi emakume gazterekin batera lortu zuen Aldayk poliziaren auto batean eramatea osasun zentroraino: “Han gindoazela, nesketako bat jabetu zen Tuterako kaleetan oraindik ez zekitela heriotzaren berri, agenteen aurrean leihatila jaitsi eta oihuka hasi ziren:
Gladys hil digute! Gladys hil digute!”.
Deiadarra berehala entzun zen. Ordu gutxira, Tuterako korporazioak komunikatua onartu zuen asanbladan aho batez, besteak beste polizia-buruak kargutik kendu eta dimisioak eskatuz, eta greba orokorrera deituz –demokratikoki eratu berriak ziren dozenaka udalek babestu zuten eskaria–. Hurrengo egunean paro masiboak izan ziren Nafarroan eta handik bi egunera Euskal Herri osoan. Makinak kieto fabriketan, milaka lagun kalean, Iberdueroren auto eta bulegoak sutan. Iruñeko Arrotxapean segurtasun indarrek elurra kentzeko makinak erabili behar izan zituzten barrikada erraldoiak desmuntatzeko, Egin-eko monografikoan irakur daitezkeenez.
Bitartean, ekainaren 3an, Gladysen gorpuaren zain zeuden Donostian. “Tuterako hilerriko depositura eraman zuten lehenik –gogoan du Sabinok–. Ikusi nuen. Arropa guztiak odoletan zeuzkan eta udal arduradunen batek bere alabarenak ekarri zituen”. Karlos Trenor, Fito Rodriguez eta hirurak egon ziren han, beste auzokide batzuekin batera, Gladysen gurasoak iritsi arte.
Egian sekula ikusi gabeko jendetza bildu zen hiletetan. Sumindura handia zen eta kalez jantzitako agente bat ere kasik jipoitu zuten. Hilerrirako bidean, berriz ere poliziaren kargak. “Gogoratzen dut espezial, ia minuturo konta nezake. Oso dorpeak izan ziren eraso ikaragarri harekin. Ni txiripaz ez ninduten egurtu, etxe huts batean ezkutatu nintzelako, baina polizia etxeetaraino sartu zen”, dio Lizarraldek oraindik halako hotzikara batez.
Orduko fotografiak geratu dira historiarako: hilkutxan ikur ekologista hori-laranja zuela lurperatu zuten eguzkiaren alaba. “Hor amaitzen da pertsona eta hasten da sinboloa”, argitu digu Irujok.
Gladys Del Estalen irudia ekologismoarekin lotu izan da, baina baita inpunitatearekin ere, bera hil zuen guardia zibilak kondena irrigarria jaso baitzuen –18 hilabeteko kartzela zigorra, nahiz eta ez den ziurra bete zuenik–, eta ondoren birritan kondekoratua izan zen (ikusi 12. orrialdea).
Tuterako komandantziak gertatuaz emandako bertsioa xelebrea da: manifestari batek agenteari metraileta kendu nahi izan zion, eta borroka horretan oreka galduz, tiroa atera zitzaion zuzenean Gladysen burura. Epaileak “delito de imprudencia temeraria con resultado de muerte” egotzi zion hiltzaileari. Areago, errua Gladysena ere bazen nonbait. Hori irakurri dugu Iruñean gordetzen diren espedienteetan, epaiaren helegite bati Espainiako Barne Ministerioak emandako erantzunean: Gladys istiluetan parte hartzen ari zela dio, beste manifestariarekin batera, eta “kooperatu” egin omen zuten heriotza gertatzeko, “a la producción del evento dañoso”.
Ospakizun antimilitarista eta baketsua zena, ekintzaile arriskutsuen sator zuloa balitz bezala aurkeztu nahi izan zuten. Arias-Salgado ministroak ideia horri eutsi zion operazioa justifikatzeko, esanez talde batzuk “ekitaldia desitxuratzeko” helburuz joan zirela Tuterara eta “terrorismoa goratu” zela. Ormazabali oraindik ahotsa trauskiltzen zaio: “Blanco y Negro aldizkarian idatzi zuten ‘komandoak sartzea eragozteko’ jarri zirela kontrolak... gaur konturatzen zara zer urrutira joan ziren”.
Bertsio hori desmuntatzeko, Donostiako lagunek herri-txostena egin zuten, eta galdekatutako zenbaitek baieztatu zuten agenteak tiroa bekondoan jo ziola Gladysi. Aldayk ez daki nahita edo nahigabe egin zuen, bizkarrez baitzegoen, baina gauza bat garbi dauka: “Bertsio ofizialak dio arma kendu nahi izan ziotela guardia zibilari. Hori gezurra da, gezurra. Nik ziurtatu dezaket”.
NUPeko ikertzaileek azaldu dutenez, inguruan jende asko zegoen arren, ez da erraza jazo zena zehatz-mehatz kontatzea: “Entzuten duzu tiro bat baina ez duzu ezer ikusten, giro nahasi horretan hil zuten”, dio Ollok. Nafarroako Parlamentuak ere ikerketa batzordea abiatu zuen berehala, baina emaitza eskasak eman zituen. Parlamentuko akta horietara sarbidea izan dugu eta gure kabuz egiaztatu testigantzen xehetasun falta: batek begiak itxi zituela, besteak kamioia parean zuela... Epaiketan ñabardura txiki horiekin jokatu zuten Gladys hil zuenari zigor arin bat baizik ez jartzeko.
Injustiziak pizturiko oroimena
Berrogei urte igaro diren arren, guardia zibilaren bertsioari eusten diote zenbaitek, heriotza hura “istripua” izan zela esateko –Tuterako UPNko eta PPko zinegotziek hala egin dute 2019ko urtarrilaren 30eko udal bilkuran–. Deigarria da sozialisten jarrera, orduan erakutsitako irmotasuna heriotza salatzerakoan, egun inkonstituzionala omen da berentzat. Memoria ofizial eta instituzionalak badu “egiatasunaren izaera bat”, azaldu digute Lera Ikergunekoak. “Ez dute sekula onartuko Estatua izan zela –dio Irujok–, horrelako heriotzak beti dira jokabide pertsonalen edo istripuen ondorio”.
Trantsizioko urte odoltsu horietan Euskal Herria eskarmenturako laborategi bihurtu zutela uste dutenak ez dira gutxi. Ordena publikoko politikaren atzean aginte-kate oso bat zegoen, hasi tenienteordeetatik eta Rodolfo Martín Villa edo Antonio Ibáñez Freireraino. Azken hori, nazien aldeko militar falangista, Espainiako Barne ministro zen Tuterakoa gertatu zenean.
“Baina igande triste batean
hil zuten guardia zibilek Tuteran...
–aurkitu dugu izkiriatuta
poema liburuxkan–
...
Oraindik paseatzen dabiltza
gure begien bixtan
leporaino armaturik
hiltzeko baimena ematen diotenen
atzean gorderik”.
“Injustiziak pizten ditu mugimendu memorialistak”, diote ikerlariek. Baina nola gogoratzen dugu Gladys? Senideen oroimena eta elkarteena bereizten dituzte: lehenek pertsona bera dute gogoan, bigarrenek aldiz bere aktibismo eta konpromisoa. Gainera, oroimena eta diskurtsoa egokituz joan da garai eta aldarrikapen berrietara.
Aurtengorako, omenaldi berezia ari dira prestatzen Gladys Gogoan ekimenaren bidez. Ekitaldiak egingo dituzte ekainaren 1ean Iruñean, Tuteran eta Donostian. Eguzkik urtero antolatu ohi duen omenaldiaren aurretik, bizikleta martxa ere antolatu dute, 1979an egin zen beste martxa hura gogoratzeko. Gladys Del Estali buruz osatzen ari diren dokumentalerako balioko dute egun horretan grabaturiko irudiek. Sabino Ormazabalek egin du filmaren gidoia eta Bertha Gaztelumendi ari da zuzentzen; Zinebi nazioarteko jaialdian aurkeztuko dute azaroan.
Lehengo irriñoak oraingoekin uztartuko dituzte, iragana eta oraina ez baitaude hain urrun. Garai hartako eskariak eta egungoak ia berdinak direla dio Aldayk: militarren eta energia-enpresen boterearen kontra, adierazpen askatasunaren alde… “Gertatzen da gaur eserialdi bat eginez gero agian kartzelan amaitu dezakezula; lehen kolpeak jasotzen genituen, orain zigorrak. Adierazteko tresnak kendu nahi dizkigute, baina beharrezkoa da gure desadostasuna adieraztea”.
Hori egiten zuen Gladys Del Estalek. Eta horregatik behar genuen bizirik.
[*Argazkiak: Argia artxiboa, Kutxa Fototeka, Foku]
AEBetako Estatu Departamentuari Madrildik bidalitako mezuen bidez jakin dezakegu Bardeetako tiro eremuaren inguruko guztiak garrantzi berezia zuela bi gobernuen arteko erlazioan. WikiLeaksek filtraturiko kable batean azaltzen denez, Tuterako gertaerak baina egun batzuk lehenago –1979ko apirilaren 30ean– Manuel Gutierrez Mellado espainiar presidenteordeak telefonoz hitz egin zuen Edmund Muskie AEBetako senatariarekin, esanez Bardeetako eremua “urte askoan” utzi ziela amerikarrei, eta hori kontuan edukitzeko euren arteko “harreman berezia” estutu zedin.
Mugimendu antinuklearrak ere kezka sorrarazten zuen eta Madrilek azalpenak eman behar izan zizkien AEBei Gladys Del Estalen heriotza zela-eta. Kableetan inplizituki onartzen dute hilketa izan zela, slaying edo killed hitzak erabiltzen dituzte, besteak beste: “...was shot and killed by a civil guard”.
José Martínez Salas guardia zibilari 18 hilabeteko gutxieneko kartzela-zigorra ezarri zion Iruñeko Lurralde Auzitegiak 1981eko abenduan, bere arduragabekeriak Gladys Del Estalen heriotza eragin zuelako –Espainiako Auzitegi Gorenak 1984an berretsi zuen kondena–. Ez dakigu kartzelan egonaldirik egin ote zuen, baina ARGIAk jakin duenez, zigortua izan eta bi hilabete eskasera kondekoratu egin zuten.
Bagenekien Martínez Salasek sari bat jaso zuela 1992an, zehazki Meritu Militarraren Gurutzea, Tuterako alkate sozialistaren eskutik jarria. Erabaki hori oso kritikatua izan zen eta kondekorazio bidegabeen adibide gisa aipatu izan da sarritan. José Luis Corcuera Barne ministroak Madrilgo kongresuan azalpen publikoak eman zituen: guardia zibil horrek kondena beteta zuen ordurako eta 1987tik aurrekari guztiak bertan behera utzi zizkioten “tatxarik gabeko” jokabidea izan zuelako; hortaz, ordainsari hori jasotzeko eskubidea zuen.
Baina Larrun honetako ikerketan deskubritu dugunez, Martínez Salas guardia primero-ak beste domina edo gurutze bat jaso zuen askoz lehenago. 1982ko martxoaren 20ko Estatuko Aldizkari Ofizialean ageri da bere izena: Guardia Zibilaren Merituaren Gurutze Zuria eman zioten 1982ko otsailaren 15ean, Juan José Izarra del Corral Barne idazkariordeak sinaturiko erresoluzio baten bidez. Hau da, zigortua izan eta bi hilabete eskasera.
Corcueraren justifikazioa hankaz gora jartzen du domina horrek, 1982an agenteak oraindik ez baitzuen zigorra beteta, eta legezkoa den argitu beharko litzateke. Epaiketaren ondorioz emandako kalte-ordain baten antza dauka bederen.
Legitimitatea ere oso zalantzagarria da, are gehiago Gurutze Zuria jasotzeko baldintzak irakurrita. Dekretu aurre-konstituzional batean oinarritzen da, eta guardia zibilak “aparteko gaitasun profesional nahiz gizalegezkoak” erakutsi behar ditu eta “jokabide eredugarria” izan.
Bigarren aldiz onartu dute abusu-polizialen biktimak aitortzeko legea, Nafarroako Gobernua sostengatzen duten lau alderdien babesaz. 2015ean beste lege bat onartu zuten, baina Espainiako Konstituzio Auzitegiak baliogabetu egin zuen. Oraingoan saiatu dira legeari izaera administratiboa ematen. Alvaro Baraibar Bake eta Elkarbizitza zuzendariaren ustez talde politikoek “ahalegin berezia” egin dute “onartutako testuak biktimen eskubideei erantzun diezaion eta indarrean sar dadin Konstituzionalak inpugnatu gabe”.
Hedabide honen galderei erantzunez, Baraibarrek azaldu du biktima bakoitzarekin egin dutela lan, “bakoitza bere testuinguruan kokatuz, inongo nahasketa eta diluziorik egin gabe”. Urrats garrantzitsuak eman dituztela dio, “nahiz eta zailtasun asko izan ditugun”.
Hain justu, 2019ko urtarrilaren 10ean erreparazio ekitaldi bat egin zuten Iruñeko Baluarten, José Luis Cano, German Rodríguez, Mikel Zabalza eta Gladys Del Estalen oroimen familiar eta instituzionalaz NUPeko ikerlariek egindako azterlana aurkezteko: “Asko izan ziren bertaratu zirenak –dio Baraibarrek–, gai honen inguruan dagoen interesaren isla izan zen”.
Google Mapsek ez du ezagutzen Gladys Del Estal kalea Tuteran, beste izen bat azaltzen da bilatzailean. Adibide txiki horrek frogatzen du biktimen “existentziarik eza”, Karlos Irujo antropologoren ustez. Ekintzaile ekologista hil zuten zubian monolitoa jarri orduko kendu egin zuten guardia zibilek; haren aldeko plaka txikituta azaldu izan da behin eta berriz.
Donostian, Kristina-Enea parkea Gladys-Enea izendatu zuten egiatarrek berehala. Toki triste eta ilun hura garbitzen aritu zen Gladys auzotarrekin batera. Han dagoen hilarriari ere lehergailua jarri zioten hasieran, baina geroztik bere horretan errespetatua izan den bakarretakoa da. Ofizialki, Gladys Del Estal pasabidea dago orain parke barruan.
Legearen arabera, erabiltzen ez diren zabortegi guztiek itxita eta zigilatuta egon beharko lukete 2008tik. Ekologistak Martxan taldea Eusko Legebiltzarrean izan da legea bete dadila eskatzeko: azaroaren 12an Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren batzordean... [+]
Eragile ekologista ezagutzeko edo gai ekosozialetara hurbiltzeko interesa duen edonor gonbidatu dute aurkezpenetara. Aurkezpenak egiteaz gain, hitzaldiak, proiekzioak eta kontzerturen bat ere eskainiko dute zita horietan. Albistearen amaieran egitaraua.
Ingurumena kaltetzen duten proiektuen aurrean laguntza tekniko, juridiko eta administratiboa eskaintzen du Sustrai Erakuntza fundazioak Nafarroan. Urteetako ibilbidea dute eta hamaika helegite eta informe osatu dituzte hainbat proiekturi aurka egiteko: AHT, harrobiak, zentral... [+]
Latinoamerikako hainbat herri-eragiletako hamabost bat kide izango dira Bizkaia Aretoan azaroaren 14an eta 15ean Latinoamerikako Multinazionalen Behatokia OMAL-ek antolatutako topaketetan. Ekintza guztiak trantsizio ekosozialarekin lotutako alderdi desberdinak lantzen dituzten... [+]
50 inguru herritarrek egun osoko jardunaldia egin dute azaroaren 9an Maeztun, EHn ekofeminismoak gorpuzten lelopean. Goizean Euskal Herriko ekofeminismoak nolakoak diren deskribatzeko hainbat dinamika egin dituzte. Elkarrekin bazkaldu eta kantatu dute eguerdian, eta arratsaldean... [+]
Hendaiako ikastetxean komun klasikoak kendu eta komun idorrak eraiki zituzten martxoan. Ikuspegi ekologikoari tiraka, egitasmo orokorrago baten barne dute aldaketa: hondarrak jangelako konpostari gehitu eta guzia baliatzen dute ikastetxean duten baratze pedagogikoan, Hendaiako... [+]
Urriak 29 goizean egin da Gasteizen, Arabako Mendiak Askeko ordezkari moduan identifikatu eta Mozal Legearen bidez jarri zioten isunari buruzko epaiketa. Lurraren defentsan ari diren kideak atarian batu dira elkartasuna adierazteko eta zera adierazi dute: "Nahikoa da esan... [+]
Asteartean EH sareko partaide batek Mozal Legearen bidez jasotako isun baten harira epaiketa izango du. Mendian, sarraskitu nahi dituzten mendi horietan ibiltzearren eta lurraldearen, lurraren, zaintzan eta defentsan aritzearren ertzaintzaren jazarpena jasan zuen. Beste behin... [+]
Iturrietako Mendietako lehen mendi martxa antolatzen ari zirela, 2021ean, kide bat identifikatu zuen ordezkari gisa ertzaintzak eta Mozal Legearen bidez isuna ezarri zion. "Muntai poliziala" salatu du Arabako Mendiak Askek eta zera aldarrikatu du: "Lurraren eta... [+]
Valle de Odieta etxalde erraldoiaren kontrako ekintza 2021ko martxoan egin zuen Greenpeacek, Nafarroan. Makroetxaldeak 79 txahal gaixotzea leporatzen die ekologistei, orain Greenpeaceren defentsak salaketa ezeztatzen duen albaitaritza-txostena aurkeztu du eta epaiketa atzeratu... [+]
Auzitegi Nazionalean aurkeztu du salaketa eta “proiektua berehala eten dezaten” galdegin du. Bi lege urratzen dituela ohartarazi du: Kostaldeko Legea eta Europako Legea, Red Natura 2000ri dagokiona. Auzitegi Nazionalak Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka... [+]
2021eko martxoan, Greenpeaceko aktibistek nitratoz kutsatutako mila litro ur itzuli zizkioten Caparrosoko Valle de Odieta enpresari. Enpresak isun eta espetxe zigorrak eskatu ditu haien aurka.
Aixeindar SA enpresak "Laminoria" izeneko zentral eolikoa eta fotovoltaikoa eraiki nahi du Arraia-Maeztu, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako lurretan. Proiektu horrek Eusko Jaurlaritzaren ingurumen baimena jasoko ote duen ikusteko dago. ARGIAren eskuetara iritsi da... [+]