Turismoa, milioika mundutar aberatsen luxu masifikatu baina lurrak jasan ezin hori
2018an mugaz gaineko 1.400 milioi bidaia zenbatu ziren munduan, duela 50 urte luxua zena zenbateraino demokratizatu den seinale. “Demokratizatu”, diozu? Lurra planetako hamabost biztanletatik batek bisita ditzake gainerako hamalauak, baina hauek ezingo dute joan bakar haren sorterrira... ez bederen opor usainean. Atsedenezko bidaien koste-etekinen banaketak injustizia neurri bera dauka: turismoak jendeen arteko desberdintasunak handiagotzen ditu.
Ikuskizuna Balin: lekuko dantzariak mundu osotik heldu turistei ‘suaren dantza’ antzezten.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Etorkizun oparoa dauka nazioarteko turismoak”, “2018an turismoak markak hautsi ditu”, “Turismoa gehiago hazi da munduko ekonomiaren batez bestekoa baino”... Urtean behin ez baina bi edo hirutan hegazkina hartzera ohitu den herritarrari mezuok iristen zaizkio eten gabe, Turismoaren Munduko Erakundeak berak ere zabalduak. Dena doa primeran aisialdizko bidaien alorrean, kenduta pittin bat kezkatzen gaituela klima aldaketan eduki dezakeen eraginak; baina milaka milioi lekualdatze horien lorratz ekologikoak eragindako kontzientziako karga arintzeko hasi dira aipatzen bidaia jasangarriak, turismo etikoa eta ixtorio.
Askoz balantze kritikoagoa egin dute La domination touristique (Turismoa menderatzaile) azterlan mardulean. Bernard Dutermek koordinatuta, mundu osoko –Hegoalde txirokoak barne– ekonomialari, soziologo antropologo eta turismoan adituek osatu dute fenomeno masibo honen kartografia orokorra, zeinaren emaitza nagusia honetan laburbildu daitekeen: “Panazea dirudienak funtsean berdintasun eza handiagotzen du”.
Turismoaren hasiera XX. mendeko sozialdemokraziari dagokio, oinarrian baitauzka langileen borroken lorpenak, oporraldi ordaindua, hazkunde ekonomikoa, bizi mailaren hobetzea, asti librea, kontsumismo eta espektakuluaren gizartea. Baita ere teknologien garapena, komunikazioen azelerazioa eta lekuen arteko distantzien laburtzea. Laster etorriko ziren aireko trafikoaren eta harreman ekonomikoen liberalizazioa. Eta langile jendearen aisialdia eta ahalduntzea errazteko sorturiko turismo soziala, sarritan langileen sindikatu eta elkarte bidez sustatua, bilakatuko zen masibo eta low cost, jarduera komertzial sendo, konkurrentzia handiko eta txit erasokorra.
Aisialdiko beste hainbat bidaia, bisitaldi edo txangotatik bereizi eta nazioarteko turismoan zentratu dira La domination touristique ikerlanean. Ez dute, noski, turismoa berdin egiten turista denek, baina Dutermek denak ikusten ditu eskema beraren partaide: “Turisten masifikazioari erantzuten zaio bidaiatzeko moduak estratifikatuz: ustez turista ona denak nola edo hala ihes egin nahi dio txarrari (‘horiek artaldea moduan dabiltza’, ‘eguzkitan tripaz-gora jarrita dauden horiek’...). Aberatsak ihesaldiak eta lasaitasuna maite ditu; aberats-nahiak, jendetzak eta ohiko oporraldiak. Hark garrantzia ematen die gizarte, paisaia edo hizkuntzazko aberastasunei; honek dibertitzeari, topikoei eta abantailei”. Alegia, denok turismoa den fenomeno bera darabilgula, gure jokabideekin nork bere klase sozialaren ezaugarriak nabarmenduz.
Turismoaren hartzaile ere denek izan nahi dute, herri, eskualde edo nazio, jarduera ekonomiko etekintsua delakoan. Baina nola erakutsi muturra merkatu lehiakor horretan, nola izan erakargarriago? Neurgailu estandarra Davoseko Forum Ekonomikoak dauka ezarrita: Bidaia eta Turismorako Lehiakortasun Indizea (Travel & Tourism Competitiveness Index), zeinaren gomendioak jarraitzen baitituzte planetako agintari gehienek, hots, zein eskuragarri dauzkan leku bakoitzak aire garraioak, turismo azpiegiturak, nazioartetik bertaratzeko erraztasunak, informazio eta komunikazio teknologikoen maila, segurtasun eta osasun zerbitzuak, prezioen, enpresen eta eskulanaren lehiakortasuna... “Hitz batez: turismoaren merkatuak ere beherapenak sustatzen ditu herrialde guztietan arau sozial, fiskal eta ingurumenezkoetan”.
Mugetako trafiko asimetrikoak
Mundu osoko leku oro ote da turismotarako aproposa? Bai eta ez. Bai, zeren eta planetako edozein zokok nahi du parte hartu denen esanetan pagotxa dakarren jarduera ekonomiko horretan. Eta ez, zeren eta leku guztiek ez baitute erakartze ahalmen berdina turismoak irrikaz bilatzen dituen paisaia, ondare edo gizarte aberastasunei dagokienez. Adibide bat jartzeko, Guatemala den helmuga turistikoak urruneko bidaiariak erakartzen dituzten katalogoetatik kanpo geratzen omen dira herritar indigenek usadiozko janzki ikusgarririk beztitzen ez duten eskualdeak.
“Turismoak –idatzi du Sylvie Brunel geografo eta ekonomialariak– gezurrezko autentikotasun bat sortzen du. Atzerritar arruntak nahiagoko du indigenaren irudi idealizatua, antzeztutako autentikotasuna, bere irudimenean urrutikoaren irudia eraikitzeko prozesuaren emaitza dena –lekuan aurkituko duen indigenaren irudi sinplifikatu, makilatua eta folklorizatua– eta bestela ez dio arretarik jarriko”.
Baina, gainera, ingurumen aldetik oso balantze txarra eskaintzen du turismo uholdeak. Industriak nahi duen adina demokratizatuko balitz, Lurra planetaren jasateko ahalmena askogatik gaindituko luke.
Hasteko, gero eta leku aldatze gehiago hegazkinez egiten delako. Klimaren aldeko greenwashing operazioetan aipatzen ez duten arren, CO2 isurketen hamarrena edo gehiago hegazkinei dagokie. Baina beste atal askotan ere lorratz nabarmena uzten du turismoak: sekulako ur xahuketa eragiten du (golf zelaiak eremu lehorretan, kainoi bidezko elur artifiziala eskiatzeko...), nekazaritzak behar dituen zelai eta soroetako lurzoruen artifizializazioa, gune naturalen suntsitzea, itsas bazterren hondatzea, kudeatu ezinezko hondakin mendiak...
Eta guztia 500 milioi jende baino gutxiagoren urtean behin edo gehiagoko aisialdia asetzeko. Bestela esanda, hamabost mundutarretatik batek beste hamalauak gertutik ikusi ahal izan ditzan. Zeren eta alderantzizkorik ez da gertatuko. Txukun samar irabazten duen europar batek erraza dauka oina Txaden edo Nigerian jartzea, baina hemengo herritar txiro batek...
“Turismoaren korronteek –dio Dutermek– zehatz-mehatz islatzen dituzte munduaren antolaketa eta bere desberdintasunak: mugetan elkar gurutzatzen dute migrazio baimenduek eta debekatuek, ateak zabalik batzuentzat, alanbrezko txarrantxak besteentzat. Giza eskubideen deklarazio unibertsalak jasotzen duen mugitzeko ahalmenak benetan La Fontaineren ipuin hura balekar bezala: ‘Segun eta boteretsua zaren ala errukarria, aduanek munduko herritar bilakatuko zaituzte edo etxean arrestaturik bizitzera kondenatuko”.
Dutermeri galdetu diote ea zerbait konponduko ote duten bidaiatzeko estilo berriek: ekoturismoa, turismo solidarioa, alternatiboa, arduratsua eta abar aipatzen baitira. “Turismo jasangarririk ezin da egon, baldin eta ez badira auzitan jartzen hartzaileei dakarzkien ondorioak: liberalizazioa, arau gabetzea, lekuak eta bizimoduak salgai bihurtzea, lekuko herritarren folklorizazioa, herriontzako funtsezkoak diren espazioak eta baliabideak lapurtzea”.
Turistifikazioaren Aurkako Urria manifestazio jendetsu batekin borobildu zuen igandean desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformak, baina turistifikazioaren inguruko eztabaidak bizirik jarraitzen du hirian. Hain zuzen ere, Donostiako azken urteko turismoaren... [+]
Bizilagunekin plataformak deituta, hiri eredua eraldatu eta herritarren bizi baldintzak erdigunean jar daitezen eskatu dute ehunka lagunek. Etxebizitzaren eskasia eta garestitzea salatu dute, bai eta egoera horren aurrean, Donostiako udalak izan duen jarrera ere.
Uharteetako 25.000 biztanle inguru mobilizatu ziren urriaren 20an turismoaren “gehiegikeriaren”, masifikazioaren eta etxebizitzaren merkatuaren aurka protesta egiteko. Turismoak euren hiri eta herrietatik kanporatzen dituztela salatu dute bertako biztanleek.
Atacamako Desertua Fundazioak eremu horretako geoglifoak suntsitzen ari direla salatu du sare sozialetan; hainbat argazkiren bidez, basamortura 4x4 ibilgailuetan doazen bisitariak eragiten ari diren triskantza erakutsi dute. 1000 eta 1520 urteen artean egindako geoglifo handiak... [+]
EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin taldeek lege egitasmoa adostu dute, Iruñeko Alde Zaharrean etxe turistikoei lizentzia gehiago ez emateko. Akordioak “izaera prebentiboa” duen “hirigintza-aldaketa” du ardatz, hiru helbururen bueltan oinarrituta:... [+]
Kataluniako erkidegoko azken hauteskundeetatik eta Europako Parlamenturako bozen emaitzetatik abiatuta, presio turistiko handiena bizi duten Herrialde Katalanetako herrietan eskuin muturraren botoak nola egin duen gora aztertuko dugu artikulu honetan.
Ordenagailua itxi, txankletak jantzi, eguzki-kremaz laztandu. Nora zoaz oporretan? Oporrak egitea nonbaitera joatea dela normalizatu dugu, deskantsuak distantzia behar duelako, diogu. Eta bidaia egitean, turista bilakatuko gara, izendapen aldaketak deserosotasun bat sortzen... [+]
Donostiako Alde Zaharreko taberna askoren pintxoak alde zaharrean sartzeko baimena duen furgoneta batean datoz zerbitzua ematera. Beste tabernetan, prestatzen duten tortilla patata pintxoa jateko, goizeko furgoneta alde zaharrean sartzen den orduan ilara egin eta txanda hartu... [+]
Etxebizitza turistikoen aurkako kalejira egin dute Zaharraz Harro! jaien barnean, Auzoan Bizi etxebizitza sareak antolatuta. Etxebizitzarekin “negozioa” egiten dituztenak salatu dituzte, bereziki Gustavo Antepara PPko zinegotzia, eta beren atarietan etxebizitza... [+]
"Kaleetatik ezin pasa", hondarribiarrak "masa turistiko honen guztiaren ondorioak pairatzen" ari direla-eta, turista taldeak 25 pertsonara mugatzeko mozioa aurkeztuko du udaleko alkatetza duen Abotsanitz alderdiak: "Azken urteetan agintariek bilatutako... [+]
Donostiako hainbat auzo elkarte eta gizarte mugimenduk osatzen duten Donostia Defendatuz koordinadorak antolatuta, hiri eredu bizigarri baten aldeko manifestazioa egin dute igandean ehunka lagunek. 42 talde sozial eta auzo elkartek egin dute bat deialdiarekin, eta 12:00etan... [+]
Igande honetan egingo dira hauteskundeak Katalunian, maiatzaren 12an. Procésaren ondorenak eta Carles Puigdemonten balizko itzulerak estali ditu zenbait mintzagai. Baina abian dira bi proiektu erraldoi eta esanguratsu, biak ala biak turismoari estuki lotuak: Hard Rock... [+]
Eguneraketa berriak daude
ARGIA.eus - Mastodonen partekatzea
OHARRA: Aukera hau hautatuz gero hurrengo aldietan ez dizu galdetuko ze instantzia erabili nahi duzun.