Larre motzean zaildutako laborari tematiak

  • Lurrari, ekoizle txikiei, baserriari eta elikadura burujabetzari lotutako proiektu ugari ari da sortzen Euskal Herrian azken urteotan, kontsumo elkarteak eta baserritarren sareak esaterako. Baina, ez al da kontraesankorra ustezko garai "oparo" honetan proiektu agroekologiko ugarik ateak itxi behar izatea? Edo nekazari asko egoera oso zailean egotea? Ba al dakigu nola bizi diren gure hurbileko ekoizleak?


2019ko martxoaren 15ean
Josebe Blanco EHKOlektiboko kidea bere ardiekin Bergarako Pikunieta baserrian.
Josebe Blanco EHKOlektiboko kidea bere ardiekin Antzuolako Pikunieta baserrian.Dani Blanco

Ez da erreportaje honen asmoa, ezta bertan ageri diren ekoizleena ere, pena ematea, nekazariak etengabe negarrez ari direnaren irudia eman izan baita askotan. Beharrezkoa da, ordea, sarritan erakusten ez den nekazaritzaren beste aldea argitara ateratzea, postalean ageri diren zelai eta baserri eder horien atzean dagoen errealitatea erakustea. “Kalean, azoketan edo prentsan ateratzen garenean nekazal munduaz ematen den irudia askotan oso idilikoa eta folklorikoa izaten da, ez dugu atzean dagoena gehiegi erakusten”, azaldu digu Ramon Roa Arabako barazki ekoizle eta EHKOlektiboko kideak.

Eta, zer dago bada, postalaren —edo otzararen— atzeko aldean? Badira euren lanak asebetetzen dituen ekoizleak,  baina badira ere bai egoera zail eta prekarizatuak bizi dituztenak: egitasmo agroekologiko ugarik hasi eta berehala itxi behar izaten ditu ateak. Hasiberriek soilik ez, urte luzeetako ibilbidea duten proiektuek ere arriskuan ikusten dute euren ibilbide osoa kateko edozein elementuk huts egiten duenean. Zaurgarritasun egoera etengabean bizi dira nekazariak. Horren erakusle da, esaterako, Frantziako Estatuko datu gordin hau: bi egunetik behin nekazari batek bere buruaz beste egin zuen 2007-2011 urteetan, Frantziako Osasun Publikoak eta MSA nekazal-mutualiak 2016an plazaratutako txostenaren arabera.

Hari batetik zintzilik

Ahuldade egoera sektore osoan eta modu orokorrean gertatzen dela diote EHKOlektiboko Ramon Roak eta Josebe Blancok. “Jakin badakigu kalean ere kontua latz dagoela eta prekarietatea nagusi dela, baina baserri munduan egoera are gogorragoa da”, kexu da Blanco. Gure jendartean estrukturala den prekarietatearen domino-segidan, nekazariak koxka bat beherago daude, euren iritziz, hirian bizi den jendeak diru-sarrera duinik ez badu, baserritarron produktuak nekez erosiko dituelako.

Azken urtean uholdeak sufritu dituzte baratzeetan, eta euren asmoak hankaz gora jarri ditu horrek. “Aurten pasa dugun guztiak behartu gaitu proiektu osoa –Salcedo herrian kokatutako Tierrapapeltijera ekimen agroekologikoa– bizkar gainean hartzea eta esatea ‘animo, goazen aurrera!’. Baina, zenbat aldiz egin dezakegu hori?”, galdetzen du. Proiektua abiatu berritan, indar eta ilusio handia dagoenean, aurrera egitea errazagoa dela diote. Baina nekatuago edo animoz baxuago egonda horrelako egoera batek harrapatuz gero, dena pikutara bidaltzeko aukerak biderkatu egiten dira.

Aner Garitaonandia, Axpeko (Atxondo) baserrian lanean. "Baserrian ari zarenean, edozein lan txiki zeuk bakarrik egiteak asko zailtzen du dena, baina hori baino gehiago, nire bakardade sentsazioa da inork ez nauela ulertzen", dio. / A. Garitaonandiak utzia

Antzeko bizipena izan du Atxondoko (Bizkaia) Aner Garitaonandia Berasaluze baratzezainak. “Baserri ondotik pasatzen diren bi errekek gainezka egin eta uholdeak izan genituen: ortu guztia eta lurra urak eraman zituen, landatuta neukana, itxiturak eta hesiak…”. Lauzpabost hilabetez diru-sarrerarik gabe egon da, eta lehengaiak eta azpiegitura berritzeko beharrezko materiala berriro erosi behar izan ditu; gastua ezezik, lan karga ere bikoitza izan da. Hala eta guztiz ere, azokara tomaterik ez eramatea leporatu dio bakarren batek.

Gipuzkoako esne behizain batek –izenik ez jartzea eskatu digu– azken urtean bizitakoak ere sektorearen zaurgarritasuna agerian uzten du. Urteetan, gaztagile txiki batek erosten zion bere hamar behietatik ateratzen zuen esnearen parterik handiena, baina egun batetik bestera, gaixotasun bat medio, ekoizleak esnea hartzeari utzi eta esnegileak bere tankeak goraino beteta zituen, produktua atera ezinik. “Proiektua jada egonkortua zegoela eta denbora luzez horrela jarraituko nuela uste nuenean, bat-batean, kanpotik kolpea iritsi eta berriz hutsetik hasi beharra izan dut”, dio. Kolpe ekonomikoa dago batetik, baina askotan emozionala are okerragoa dela kontatu digu ekoizleak.

Pozik, baina zailtasunekin

Elkarrizketatu guztiek behin eta berriz errepikatzen dute egiten duten horrekin oso pozik daudela eta ezergatik ere ez luketela ofizioa aldatuko. “Pasioz bizi dugu gure lana, eta ia-ia, pasiotik bizi gara”, dio Maite Sanchez Goizuetako (Nafarroa) behizainak. Pasiotik eta poztasunetik soilik ezin da bizi, dena den, eta sektorea horretan besterik ez bada oinarritzen zail izanen du etorkizunean bizirautea. Behin kalkuluak egin zituzten Sanchezek eta bere seme-alabek, eta soldata orduko eurotik dezentez beherago ateratzen zitzaien. “Guk ekoizten dugun horretatik jateak salbatzen gaitu, bestela ezinezkoa litzateke horrela bizitzea”, esan digu.

Ildo berean mintzo da EHKOlektiboko Blanco: “Guk asumitzen dugu gure soldata osoa ez datorrela eurotan, egindakoarekin pozik sentitzeak ere balio handia duela. Baina horrek ez digu jaten ematen”. Lan karga eta ardura handiak hartu behar dituzte nekazariek soldata txiki bat atera ahal izateko, eta kanpo faktore ugarik diru-sari horretan eragin itzela dute: klimak, txakurren edo bestelako harrapakarien erasoek, gaixotasunek eta istripuek, furgoneta edo makinaren bat izorratzeak, erosleen partetik aldaketak... Hamaika dira proiektua zapuztu dezaketen faktoreak.

Maite Sanchez abeltzain goizuetarra bere behiekin / DANI BLANCO

Ekoizleek salatu dute jendeak produkzio-modu bera espero duela nekazariengandik eta fabrika batetik: lineala, beti bera. Naturarekin lan egiteak, baina, ezinezko egiten du hori. “Gertatzen zaizkigun arazoak normalak dira, naturak eragindakoak askotan; hari kontra egiterik ez dago, baina aintzat hartu behar dugu edozein ezuste txikiren ondorioz proiektu osoa kolokan jar daitekeela”, dio Roak.

Zein da arazo horien guztien aurrean agroekologian diharduten nekazari txikiei administrazioak ematen dien konponbidea? Bada, bat eta bakarra, ekoizleek diotenez: “Handitu zure produkzioa, industrializatu”.

Eredu agroekologikoa, babesgabe

“Nekazari txikiok behartuta gaude makinak bezala funtzionatzera; horregatik ezin gara gaixotu, ezin dugu istripu bat izan, ezin zaigu ezertxo ere gertatu”, dio Blancok. Ekoizleen hitzetan, administraziotik nekazaritza industriala soilik hartzen da kontuan, ekoizle txikien kalterako: egiturak, diru-laguntza sistemak, aseguruak, eskakizun sanitarioak… guztia dago nekazaritza eta abeltzaintza eredu industrialera begira. “Administrazioak dio denentzat tokia dagoela, industriarentzat eta ekoizle txikiontzat. Baina horrek tranpa du atzetik, guk ezin dugulako inolaz ere horien prezioekin lehiatu”, esan digu EHKOlektiboko artzainak.
Akatsik handiena, ordea, bi ereduak ez desberdintzea da, ekoizleen ustez. Alegia, hogei gazta egin nahi dituen artzain txikiari eta esnekien enpresa erabat industrializatu bati eskakizun berak egitea. “Bi ereduak erabat ezberdinak badira, administrazioak biei eskatu eta eskaini beharrekoa erabat ezberdina izan beharko luke”, dio Roak. Horri lotuta, agroekologiaren inguruan dagoen “erabateko ezezagutza” salatzen dute: eskoletan eta unibertsitateetan ez da agroekologia erakusten, eta teknikariak ez daude prestaturik eredu horretan diharduten proiektuen gainean balorazioak egiteko.

Gauza bera gertatzen da aseguruekin. Gipuzkoako esnetarako behi ekoizleak hitz egin digu ‘agroaseguru’ delakoen inguruan: “Oso subentzionatuta daude, diru publiko mordoa sartzen da hor, baina parametro erabat industrialetan jokatzen dute”. Esaterako, Gipuzkoako esnetarako behien biziraupena lau urtetakoa da batez beste, eta aseguruentzat adin horretatik gorako behiek ez dute ezer balio, horiei zerbait gertatuz gero ekoizleei ez diete ia ezer ematen. Aldiz, eredu agroekologikoan ari diren baserritarren ukuiluetako behien batazbesteko adina altuagoa da eta, beraz, aseguruek ez diete askorako balio.

Sanchez, Goizuetako behizaina, oso kritikoa da egungo diru-laguntza sistemarekin. Azaltzen duenez, milioiak balio dituen pabilioi bat egiteko laguntzak oso erraz ematen ditu administrazioak, baina aldiz, oso zaila da desbrozagailu baterako laguntza lortzea. Blancok ondoko hausnarketa egiten du: “Guk, ekoizle txikiok, hirugarren munduko baldintzak dauzkagu, baina lehenengo munduan bizita. Desoreka horiek estaltzeko sortu dute diru-laguntza sistema”.

Laborarien bakardadea

Bakartuta eta kasu askotan isolatuta bizi direla kontatu digute laborariek. Bakardade fisikoa ere bai, baina bereziki bakardade emozionala da aipatzen dutena. “Baserrian ari zarenean, edozein lan txiki zeuk bakarrik egiteak asko zailtzen du dena, baina hori baino gehiago, nire bakardade sentsazioa da inork ez nauela ulertzen”, dio Garitonandia baratzezainak. Bizitza soziala edukitzea konplikatua dela diote guztiek, baita familia eta lana uztartzea ere. “Nik bikotekidearen babesa dut, ez soilik ekonomikoa. Udan baratzean jo eta ke lanean ari naizenean norbaitek egon beharra du umeekin. Beraz, zama hori ez da soilik nekazariarena, ondokoarena ere bada”, dio ekoizle bizkaitarrak.

Zentzu horretan, baserria mendian eta hirigunetik urrun egoteak suposatzen diena azaldu digu Blancok: “Goizero 60 kilometro egin behar izaten ditugu haurrak eskolara eramateko. Bi auto izan behar al ditut etxean horretarako? Ez al da derrigorrezko hezkuntza?”. Haren ustez, arazoa da administrazioak baserritarrak beren osotasunean aintzat ez hartzea, beraiek lan ezezik bizi ere han bizi direla kontuan izatea. Kasu askotan, baserritarrek ez dute garraiorako eta bestelako zerbitzu publikoetarako sarbiderik.

Eta gaixotuz gero zer? Guztiek antzeko erantzuna ematen dute: “Gaixotu? Zer da hori?”. Ez gaixotzeko modurik onena autonomo izatea omen da. Baserritarrek badute, dena den, beste lanbideetako autonomoengandik desberdintzen dituen zerbait: kanpo faktoreekiko erabateko dependentzia. “Elektrizista batek badaki egiten duen lanagatik kobratuko duela, guk ezin dugu hori jakin: lehenik, ez dakigu barazkiak ongi aterako diren, ondoren salduko ote ditugun, eta saltzen baditugu zein preziotan…”, dio Garitaonandiak. Ziurtasun falta erabatekoa da.

Aterabidea, kolektibotasunetik

Euskal Herriko nekazariek bizi duten errealitatearen alderik ilunena da erreportajean azaldu dena. Ekoizle guztiek argi dute, baina, jende oso gutxi dagoela egiten duenarekin haiek bezain pozik. Ez dago zalantzarik, egoera zailenetan bizibide horrekin jarraitzea erabakitzen baitute laborari gehienek. “Badirudi dena dela errentagarritasuna. Noiz neurtuko dute jendearen poztasun maila?”, galdetzen du barazkigile bizkaitarrak.

Aipatutako zailtasun eta oztopo horiek guztiak kontuan izanik, argi dago jendarteak eta administrazioak gaia seriotasunez hartu eta zerbait egiteko ordua ere badela, baserriaren desagerpena saihestu nahi bada behintzat. “Agian jendeak ez du nekazari txikirik nahi, baizik eta dena industrializatzea eta kito”, dio EHKOlektiboko Roak. Agian, baserria nahi dugu mugatu postaleko argazki horretara, eta baserriko bizimodua urtean behin jai folklorikoetan janzten dugun jantzi dotoreetara.

Asmoa bestelakoa bada, ezinbestekoa izanen da baldintzak hobetzea. Nola? Ez dago formula magikorik, baina ekoizleek zenbait pista eman dute: proiektu kolektiboa(goa)k sortzea, baserriaren etorkizuna bermatzeko eredu eta modu berriak bilatzea, baserritarren arteko elkartasuna bultzatzea eta administrazioek zein jendeak euren ardura asumitzea. Blancok argi azaldu du: “Galdera ez da zer egin behar dugun guk, baizik jendarteak zer egin behar duen. Zeren nik ez dut ulertzen aparte gaudenik, puzzle bereko bi pieza garela baizik”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nekazariak
2024-11-20 | Gorka Menendez
Euskal baserria, esplotazio sistema?

Sanmartinak gure baserrietan oso ezagunak dira, txerria hiltzeko garaia baita. Jende askok, ordea, ez du jakingo antzina San Martin egunak nekazaritza urtearen amaiera ezartzen zuela. Eta hori ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula. Izan ere, urte amaierarekin etxeko ugazabari... [+]


2024-10-09 | Onintza Enbeita
Xabier Arriaga, 'Txiplas'. Baserritarra
“Gipuzkoako ENBA-k eta EHNE-k nekazaritza eredu bera defendatzeak asko esaten du”

Emakume bat ikusi zuen Xabier Arriagak Gernikako kafetegi batean kafesnea esne gaingabetuarekin eta gurinezko opil batekin hartzen. Orduan konturatu zen nolako kontraesanetara ohitu nahi gaituen sistema kapitalistak.


Baserritarren oporrak

Baserritarrek badute oporrik? Galdetu dute eskolan. Ezezkoa erantzun dute ikasleek. Orduan, egunero lanean, baserritar izan nahiko zenukete etorkizunean? Eta inork baserritarra izan nahi ez badu, nork egingo du guretzako janaria? Airean gelditu da galdera.

Pertsonaren osasun... [+]


2024-07-17 | Gorka Menendez
Zenbateraino izan behar dira txikiak nekazari txikiak?

Gaur egungo ezker mugimenduaren zati handi batek, intuitiboki bada ere, eskala txikiko nekazaritza aldarrikatzen du zalantza askorik izan gabe. Hala ere, txikitasunaren aldarrikapen horrek baditu bere kontraesanak: tamaina txikiko ustiategi batek, definizioz, ezingo du elikagai... [+]


Ana Iriarte
“Nekazaritzaren erritmoa ez dator bat gaur egungo gizartearen abiadurarekin”

Titulu handia iruditzen zaio “nekazari”. Bera “mahastizain” omen. Baina, izan, da nekazari mahastizaina. Eta da, izan, emakume nekazari mahastizaina. Eta mahatsaren orpotik mama goxoa nola, halaxe aletu ditu Ana Iriarte Bañezek lanbidearen... ez... [+]


Laborariek Biriatuko muga itxi diete garraio astunei

Asteleheneko goizeko 10:00etatik hasita 24 orduz itxi nahi dute muga. Nekazariek salatu dute martxotik ez dela aurrerapausurik eman beren eskaeren inguruan.


2024-03-28 | Itxaro Borda
Open Bar

Ikusi ditugu alimaleko traktoredun nekazariak, bideak, zubiak, mugak blokeatzen, eta bihotzak “krak!” egin zigun elkartasunez, geu ere laborari haurrak garelako eta anaiak, oraino, etxaldeak aitzina eramaten tematzen direlako. Manifestariak entzun ditugu normak... [+]


Semilla y Belarra elkartea sortu dute Nafarroako O6 nekazarien mugimendutik

Aste honetan sortu da elkartea eta datorren astelehenean, hilaren 18an, laborarien sindikatuek Jose Mari Aierdi kontseilariarekin izango duten bileran egongo da.


Nekazari talde bat Nafarroako Parlamentuan indarrez sartzen saiatu da

Ostegun goizean, traktoreekin elkarretaratzea egin dute kanpoaldean, eta saioa hasi denean hainbat nekazari ateraino hurbildu dira. Tirabirak izan ondoren, Foruzaingoak atea ixtea lortu eta manifestariek ezin izan dute barrura sartu.


Indiako nekazariek hiribururako martxari eutsi diote

Indiako Poliziak bonba negar-eragileak jaurti dizkiete New Delhira bidean diren milaka nekazariei, gobernuak egin dien eskaintzari uko egin ondoren.


2024-02-14 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Traktoreak hirian

Arto zelaietan aise eta trebeki mugitzen den traktorea hiriko pasealekuetan agertzeak irudi-txoke bat ekartzen du, lekuz kanpo dagoen gailuak bere dotorezia eta indarra galtzen du hirian, orpo altuko zapatek mendialdean paseoan ikustean galtzen duten bezalaxe. Traktorearen... [+]


ELBko laborariek Baionako portua blokeatu dute

Aste osoan Frantziako Estatuko laborariak egiten ari diren mobilizazioen testuinguruan egin dute ekintza, merkatu librearen baldintzek Ipar Euskal Herriko laborariei duin bizitzeko ezartzen dizkieten zailtasunak salatzeko. 6:00etatik ari dira blokeatzen Baionako portua.


Eguneraketa berriak daude