Osasun arloko diziplina da logopedia. Hizketa, komunikazio, ahots eta irenste zailtasunak prebenitzeaz, detektatzeaz, ebaluatzeaz eta artatzeaz arduratzen da. “Zenbaitentzat, ordea, R-a ongi ahoskatzen irakasten dutenak gara, oraindik ere”. Itziar Portabales (Donostia, 1985) logopeda eta irakasleak izen bereko kabinetean dihardu “gizartean bere lekua egiten ari den jardun ezezagun hau” garaiko beharretara egokitzen.
Une honetan aurrez aurre ari gara baina, hona iritsi arte, email eta wahatsapp mordoa bidali diogu elkarri. Kosta egiten da, egun, komunikazioa txatik, mezularitza elektronikorik eta sare sozialik gabe ulertzea. Geroz eta gehiago idatzi eta gutxiago egiten dugu hitz. Nolako eragina du lengoaiak trantsizio honek gure komunikazio gaitasunean?
Oraindik goizegi da balizko ondorioak baloratzeko. Ahozko komunikazioak eskaintzen dituen baliabide askoren erabilera murrizten ari gara: ahotsaren tonua eta intentsitatea, gorputz jarrerak, keinuak, aurpegierak, begirada eta abarrak; gehienak desagertu egiten dira mezu, atsegin dut edo iruzkin bidez komunikatzen dugunean, nahiz eta emotikonoetan eta halakoetan bilatzen ditugun ordezkoak. Komeni da trantsizio honetaz jabetzea, baina ez dut uste gure belaunaldikook gaitasun horiek galtzera iritsiko garenik. Aldiz, jada giro honetan jaio, hazi eta hezten ari diren ume batzuen kasuan, ahozkoari lotutako lengoaia-gaitasun asko leku txikia izaten ari da garapen prozesuetan, eta horrek bai baldintzatuko du heldutasunean izango duten komunikatzeko manera. Ez dakigu nolakoa izango den, baina desberdina izango da, ziur.
Bat-batekotasunari beldurra hartu al diogu? Testu, argazki eta audio bidezko elkarrizketa ez-jarraien atzean ezkutatzen garela dirudi.
Alde batetik, denbora nahieran kudeatzeko aukera eskaintzen digute; elkarrizketa edo kontu jakin bati nahi dugunean, ahal dugunean edo komeni zaigunean kasu egiteko, aitortzen diogun garrantziaren arabera. Baina bada gehiago: ahotsa, ahoskera, gorpuzkera eta lehen aipatzen genituen gainerako baliabide horiek, baldin eta erabilera menperatzen badugu, aliatu onak izan daitezke nahi duguna komunikatzeko edo helburu jakin batekin aritzeko. Baina salatari handiak ere badira, informazio asko darielako. Zentzu horretan, baliteke testu, argazki eta audioen lubakietan babesa bilatzea, hain justu, gure nahien neurrirako komunikazioa ahalbidetzen digutelako.
"Kasu askotan, gurasoek ez dute astirik eta pazientziarik izaten haurrei esperimentaziorako tartea uzteko"
Gure proiekzioak elikatzeko erabiltzen ditugu, hortaz?
Baliteke. Mezu bat behin eta berriz idatzi eta ezabatu dezakegu hitz komenigarrienak aurkitu arte. Gauza bera argazkiekin. Hiru sevillana jarri eta pozik eta alai gaudela ulertarazi dezakegu, nahiz eta gure gogoa agian oso bestelakoa izan; pantailaren beste aldekoak ez ditu gure begi bustiak ikusiko. Eta, hala, konbenientziazko mezuak eraikitzen ditugu, kasu batzuetan errealitatetik urrunekoak. Baina gurpil zoroa da. Modu honetan zenbat eta gehiagotan jardun, orduan eta gutxiago trebatzen garelako aurrez aurrekoan; neurria eta ohitura galtzen ari gara, eta geroz eta bertigo handiagoa emango digu filtrorik gabe aritzeak, gure salatari guztiekin. Ondorioz, geroz eta gehiago, lubakien atzean ezkutatuko gara; gu edo gure alderdi batzuk. Hala ere, ez dut ezkorregi azaldu nahi. Beste kasu askotan, seguru aski, inertziaz jokatzen dugu horrela, honen guztiaren zergatiei eta ondorioei erreparatu gabe.
Hitz egidazu pantailen kulturan, tabletari begira hazten ari diren umeen gabeziez. Ba al da ondoriorik gaur egun?
Gurasoen arreta eta estimulazio faltaren ondoriozko kasuak iristen zaizkigu tarteka. Nagusiki ahozko trebetasun komunikatiboekin zerikusia duten zailtasunak edo atzerapenak izaten dituzte: batez bestekoa baino geroago hasten dira hitz egiten eta esaldiak eraikitzen, ez dute ingurukoekin elkar eragiten. Honek, gerora, adin berekoekin harremantzeko arazoak dakartza, eta ume menpekoagoak izaten dira, komunikatzeko gaitasunak ematen duen autonomia falta zaielako: eskatzeko, galdetzeko, kexatzeko, edozer adierazteko. Ikasketa prozesuan motelago aritzen dira erronka berri guztien aurrean: idazketa eta irakurketa, eragiketak eta abarrak. Esan bezala, etxeko hutsuneekin zerikusia duten kasuak izaten dira. Gauza jakina da txikiei hasiera-hasieratik hitz egitea komeni dela, abestea, irri egitea, kontuak kontatzea; ezer ahoskatzeko gai ez diren arren entzuten dutelako, eta ahots eta tonu ezberdinak identifikatzen has daitezkeelako, lengoaiarekin zerikusia duten garapen-mekanismoak martxan jarriz. Aurrerago, garrantzitsua da elkarrizketak bideratzea, esateko dutena entzutea. Umeak sehaskan beren baitan, telebistari nahiz tabletari begira edota bideokoekin jolasean bakarrik uzten baditugu, nekez gertatuko da halako ezer.
Zergatik jokatzen dute gurasoek horrela?
Tira, ezjakintasunagatik behintzat ez da izango! Sarean bese inoiz baino eskurago dago heziketa eredu eta metodo ezberdinen inguruan teorizatutako guztia. Batez ere kontziliaziorako ezintasunek eta trabek daramatzate helduak euren erritmoa seme-alabei inposatzera. Zorionez, nahiz eta osagarri bat besterik ez lukeen izan behar, eskolak betetzen ditu zenbait etxetan dauden gabeziak, indarrean den curriculumak garrantzia eta leku handia aitortzen diolako gaitasun linguistiko eta komunikatiboen lanketari.
Beste zein mailatan islatzen da aipatzen zenuen erritmo inposaketa hori?
Beste kasu batzuetan gurasoek ez dute astirik eta pazientziarik izaten haurrei esperimentaziorako tartea uzteko. Esate baterako, oso garrantzitsua da umeak testura nahiz zapore ezberdinetara ohitzea, murtxikatzen ikastea, liseriketak bideratzea. Horretarako, jakina, otorduei denbora eskaini behar zaie, eta beti ez da erraza izaten. Askoz azkarragoa izan daiteke haragia, barazkiak, arroza... dena pure bilakatu eta azkar batean irentsaraztea. Baina ohitura horretatik degluzio arazoak erator daitezke, mingain hipotonikoa (indarrik gabekoa) edota liseriketa-aparatuari loturiko konplikazioak.
Beste adibide bat: pixoihala uzteko prozesu horretan, umeak berak bere azalean bizi behar du komunera joatearen beharra eta onura, eta horretarako onena pixa gainean egin dezan uztea da! Haurrak eskatu gabe, aita edo ama aurreratzen bada eta txikia komunean esertzen badu, ikasketa ukatzen ariko zaio. Txupetearen erabilera gurasoen erosotasunaren mesedetan gehiegi luzatzea ere, arazo-iturri izan daiteke: malformazioak hortzaduran nahiz masailezurretan; hozka, artikulazio, arnasketa zein ahoskatze arazoak; amigdala hipertrofikoak, dependentzia... eta abar.
Oso ezkor aritu gara teknologia berrien eta pantailen inguruan. Dena ez da negatiboa izango, ordea. Baliabide bisualago hauek onura itzelak dakartzate ahozko edota idatzizko mintzamenerako zailtasunak dituzten pertsonentzat, ala?
Jakina. Eta pertsona hauekin aritzen garen profesionaloi, eta baita senitarteko eta lagunei ere, izugarri erraztu digute zubiak eraikitzea. Irudietan oinarritutako programen bitartez, adibidez, askoz errazagoa da Autismoaren Espektroko Nahasmenak (AEN) edota Lengoaiari loturiko Nahasmen Espezifikoak dituztenengana hurbiltzea, haien mundua ulertzea. Eta eurek ere baliabide hauetan aurkitu dute hitzen bidez komunika ezin zezaketena helarazteko bidea; ictus baten ondorioz hitz egiteko gaitasuna osorik edo partzialki galdu duten pertsonek bezalaxe.
Zaharturiko gizartea ate joka dugu. Bizi-itxaropena luzatu da, baina adinari loturiko gaitzak –Alzheimerra, Parkinsona edota endekapenezko zenbait– izugarri hedatu dira. Zer nolako erronkak dakarzkio horrek logopediari?
Geroz eta gehiago, halako gaitzen ondoriozko kalteen garapena mantsotzea egokituko zaigu. Logopedon kasuan, nagusiki irensketa nahiz arnasketa arazoak eta jariotasunaren galera izaten dira. Baina tratamendutik harago, ahalegin handiena kontzientziaziora eta prebentziora bideratu behar dugu. Jendarteak barneratu du kirola egitea eta elikadura zaintzea ezinbestekoak direla gorputza osasuntsu mantentzeko. Eraman dezagun logika bera adimenaren esparrura; gure buruak ere entrenamendua eta zaintza behar ditu. Eragiketa txikiak buruz egitea, sudokuak eta letra-zopak, telefono zenbakiak edota erosketa-zerrendak buruz ikastea, adibidez. Halako keinu txikiek aipatu ditugun gaitz horiek agertzea atzera dezakete, edota hauen ondoriozko kalteak mugatu eta mantsotu dagoeneko diagnostikoa dutenen kasuan.
"Ahalegin handiena kontzientziaziora eta prebentziora bideratu behar dugu"
Garaiko gizartearen zein beste bereizgarri islatzen dira zure kontsultara jotzen duten pertsonen beharretan?
Lehen baino pertsona transexual gehiago izaten dugu orain, eta maizago. Gehienek ahotsaren tonua aldatzeko laguntza nahi izaten dute, edota hormona bidezko tratamenduak berak ahots-kordetan eragindako aldaketak kudeatzeko aholkularitza bilatzen dute. Bestalde, tratamendu estetikoak izugarri zabaldu dira azken urteotan, eta botoxaren eta antzeko infiltrazioen ondorioen lekuko izaten ari gara: aurpegiko muskulaturaren mugikortasuna blokeatzen dute, eta hau berreskuratzeko guregana jo ohi dute.
Maiz hezitzaileak, medikuak, psikologoak, fisioterapeutak eta logopedak aritzen zarete kasu beraren inguruan lanean. Zer moduzkoa da diziplinen arteko harremana?
Zorionez, eta pixkanaka bada ere, harremana aberasten eta normalizatzen ari da. Dena dela, gure diziplina aspaldikoa bada ere, logopedian espezializatutako profesionala nahiko berria da lehen beste batzuek hartzen zutelako beren gain. Oraindik ezjakintasuna antzematen dut, tarteka gureganako mespretxua ere bai, eta batzuetan, kasuak guregana zuzentzeko ohitura edo erreflexu falta.
Eta jendarteak? Ezagutzen al zaituzte?
Azken urteotan ikerketa pila bat kaleratu dira logopediaren alorrean, formakuntza etengabean ari gara, eta dibulgazio mailan ere lan handia egin dugu. Profil anitzeko jendea ohartu da ahotsa, ahoskera, arnasketa eta aipatu ditugun beste hamaika kontu zaindu eta lantzeko beharraz, eta guregana jotzen dute: kazetariak, coacherrak, irakasleak, ile-apaintzaileak, bertsolariak, abeslariak, mota guztietako hizlariak eta abar. Beste batzuentzat, ordea, “R-a ongi ahoskatzen irakasten dutenak” gara oraindik ere.
19 urte ditu Maddik, Matematika Gradua ikasten ari da Leioan, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean, musika ikasketak eginak ditu, eta gazteagatik ere, bertsolari iaioa da. Eta bertsolari ona baino hobea izateko zumitzak ditu, bateko eta besteko plazetan ikusi dugunez... [+]
Egunik goibelenetan ere, Larraulgo (Gipuzkoa) eskolako ateak ireki orduko irauli egiten da aldartea. Haurreskolako haurrengandik gertu, metro eskasera dago liburutegi-txokoa. Ordenagailuaren parean topatu dugu neskato bat, entzungailuak jantzita, arkatzez idazten eta koadernoari... [+]
Hezkuntzaren Soziologian bada galdera klasiko bat: zertarako existitzen da hezkuntza sistema gizarte batean? Galderari emandako erantzunak ugariak dira, eta aldatuz doaz garaiaren arabera. Baina horien artean nabarmentzekoak ondoko hauek izan ohi dira: eskolak nagusiki... [+]
Bi ordu edo bi ordu eta erdiz haur eta gazte andana hartzen ditu jantokiaren tarteak eskoletan. Jateko, jolasteko eta elkarbizitzeko espazio horretan jantokiko arduradunak esku hartzeko dituen mugez, jarraitzen diren irizpideez, begiraleen rolaz eta duten formazioaz arituko... [+]
Azaroak 20an, Haurren Nazioarteko Eguna, ikastetxe sarreretan krespoi belzdun bandera palestinarra eta bi zapata pare jartzea proposatu du hezkuntza arloko ekimen herritarrak. Azaroaren 30etik urtarrilaren 31ra bitartean haur palestinarrentzako elkartasun mezuak jaso eta ondoren... [+]
“Te Siklârel Romanipen” ikasketa plana prestatu dute Ijito Herriaren historia eta kultura Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan txertatzeko. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sortu du proiektua, EHUrekin eta Amuge Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartearekin... [+]
Bitartekaritzaren eta pertsonen arteko komunikazio zuzenaren bidez, izaera penaleko gatazka bati konponbidea aurkitzea da Justizia Errestauratiboaren helburua. NUPek eskainiko duen prestakuntza 100 ordukoa izango da eta ikasleei titulazioaren gastuen %90 ordainduko zaie.
Eskola publikoko eragile gehienen kontra EAEn onartu den Hezkuntza Lege berriak irakaskuntza kontzertatuaren doakotasuna bermatzea du helburu, beti ere botere publikoen finantzaketaren bidez, jakina. Espainiako Estatuan ere gobernukideek... [+]
Entitate sozial honen langileek Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken batzordean agerraldia egin dute haien lana azaltzeko. Hizlariek etxebizitza duinak, bizileku zein lan baimena erraztea eta osasun mentaleko baliabide publiko gehiago eskatu dizkiote Foru Gobernuari... [+]
Doako unibertsitatea aldarrikatu eta EHUren erantzukizuna seinalatu dute 10.549 ikaslek, Unibertsitateko Indar Batasunak abiatutako sinadura bilketaren bidez.
Igeriketa, patinetean ibiltzea eta irakurtzea gustuko ditu Leire Manzanares Etxeberriak (Donostia, 2005). Garapenaren nahasmendua dauka eta Zereginak Ikasteko Gelan (ZIG) dago. Gurasoekin batera informazioa bilatzen aritu da ikasten jarraitzeko aukerak aztertzeko, baina oztopoz... [+]
Guraso elkartean mugikorren inguruan bigarren hezkuntzarako protokoloa lantzen dabiltzala eta, protokoloaz galdetu dit Bilboko guraso batek.
Jaurlaritzaren webgunean irakurri dudanez, EAEn, 2024ko urtarrilean ikastetxeetan mugikorren erregulazioaren inguruan adierazi zena... [+]
Biarnoko Lestelle-Betharramgo ikastetxe katolikoan ikasleek urtetan sufrituriko indarkeria fisikoa eta sexu-abusuak argitara eman ostean, biktimen eta Betharramgo kongregazioko ordezkarien lehen topaketa lotu dute, biktimei entzutea helburu. "Betharram ez da libratuko... [+]
Azken hamarkadotan euskalgintzan jardun izan dut, dela helduen euskalduntzean AEKn, dela hizkuntza-eskubideen defentsan Behatokian, dela euskararen normalizazioaren alde Euskalgintzaren Kontseiluan. Den-denetan egokitu zait euskalgintza edota herrigintza auzitan jartzen zutenen... [+]
Modu iraingarri eta mespretxagarrian, komunismoari loturiko ustezko atxikipen-politikoak egozten zizkion, besteak beste, Guillermo Quindós egungo errektoreordeak eta Eva Ferreiraren hautagaitza zerrendan dagoen kideak hauteskundeetara aurkeztuko den beste taldeari,... [+]