“Oraindik ere sentitzen dugu kriminalizazioa, bai etorkinekiko bai herri gutxituekiko”

  • Camarade curé filma euskal preso politikoei eskainia da, Kanboko Lorentxa Beyrie presoari bereziki. Urtarrilean estreinatu zen Donibane Lohizuneko Le Sélect zinematokian. Martxoan, Donapaleu, Donibane Garazi, Donibane Lohizune, Kanbo eta Maulen emanen dute berriz ere. Pierre Prouvèze egilea elkarrizketatu dugu kari horretara.

Kantuak liluratutako irakaslea (Argazkia: Dani Blanco).
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Dokumentalak izan duen harrerarekin hunkituta dago egilea. Donostian eta Bilbon ematea ere igurikatzen du. Frantzian barrena zabaltzea, berriz, nekezago ikusten du, zabalkundean diru asko behar baita: “Euskal Herriko lagunen lana baitezpadakoa izan da filma plazaratzeko: Mikel Epalza, Gexan Lantziri, Pantxika Erramusperi esker, besteak beste...”. Euskal Kultur Erakundearekiko (EKE) eskerreko hitzak ere adierazi dizkigu.

Nor da Pierre Prouvèze?

Lyonen sortutako marseillarra naiz, lau urte nituela familia aldatu baikinen Marseillara bizitzera. Irakaslea izan naiz bizitza osoan eta hezkuntza aldarrikatu dut oroz gainetik. Marseillako iparraldeko auzoetan jardun nuen irakasle: banlieue delako aldirietan, auzo zailak eta gatazkatsuak. Frantsesa erakutsi nien migratzaileei. 54 metro koadroko gelan, 50 atzerritar hizkuntza entzuten nituen. Lan dorpea zen. Zorionez, musika baliabide baitezpadakoa bihurtu nuen hizkuntza irakasteko. Kantak sortzen nituen –beste lankideekin batera–, baita hitzak ere.  Laupabost urterekin jada amak kantarazi gintuen eskolara bidean, musika erraietan daramat txikitatik. Gero, helduaroan, 1985ean, trenbideetako langilea eta pertsona xumea izan zen Alain Laurance-rekin Les Amis de Chansons de l’Evenement (Gertakarien Kantuen Lagunak) elkartea sortu genuen.

‘Camarade Curé’ eta
‘Ez, ez dut nahi ‘ kantak bizirik daude, euren garaiko eta egungo problematikak ez
dira aldatu

Zein da elkarte horren izaera?

Jendartean baztertuta dauden sektoreen alde lan egitea izan da elkartearen ideia sorreratik. Egun ere, “dena ongi dago” entzuten dugu ingurune aberatsetan, baina guk oraindik ere, jende askorekiko arrazismoa eta kriminalizazioa sentitzen ditugu, bai etorkinekiko bai herri gutxituekiko. 1968 urte aldean, Euskal Herrian bizi zen zapalkuntza zela eta –Francoren diktadura garaian–, hainbat kanta idatzi genituen. Kantak bereziki karrikan abesteko eginak ziren. Horixe zen gure berezitasuna, kalean aritzea, “kalea hartzea”. Aste barruan lana gogotik egiten genuen, eta larunbat eta igandeetan, portu eta alde zaharrean jarduten genuen kantu kantari.

Irakasle laikoa izan al zara? Erlijioa nola bizi zenuen?

Erlijioa nire nerabezaroko heziketaren partea da. Seminarista izan nintzen sei urtez. Eliza utzi nuen eta hogei urte betetzerako irakasle nintzen. Ezkerrekoa nintzen eta naiz, baina berezitasun batez: 1968ko maiatz ospetsuaren aurretik nintzen ezkertiarra. Alegia, ni eta nire ingurukoak ez ginen Alderdi Komunistaren aldekoak. Maoistak ginen batez ere. Gure borroka lurrari atxikia zen, auzo eta lantegietako borrokari lotua.  Auzoz auzo, lantegiz lantegi, atez ate ibiltzen ginen, baita laborarien inguruan aritu ere. Hala ere, aitortu behar dut, militantea izan arren, borroka hura zeregin “zaila” zen niretzat. Ohartu nintzen ez nintzela “borrokarako” jaioa, ez nintzela ohiko militantea. Kantua, musika eta hitza hautatu nituen borrokatzeko.

Euskal Herriaren lehenbiziko berria noiz izan zenuen?

Hamabost urte nituela, 1963an, seminarioan nintzela. Henry Tomei apaiza ezagutu genuen, berak ordurako neukan kantuarekiko grina areagotu zidan. San Franciskotik [Kalifornia] etorri berria zen, eta euskaldunei buruz hitz egin zigun. Eskatu genion euskaraz abestea, baina berak ez zituen euskarazko kantak ezagutzen, alabaina, neska musikari baten partitura erakutsi zigun, baita hura abestu ere. 5/8 delakoa euskal zortzikoa zela ikasi genuen, hau da, euskal dantzaren eta musikaren erritmo ospetsua. Horixe izan zen euskaldunei buruz  izan nuen lehen ezagutza.

Berantago, 1978-1979an euskal preso eta deportatuen aldeko komiteetan parte hartu nuen. Mikel Goikoetxea eta Martin Apaolaza errefuxiatuak Valensolesen konfinatuta zeuden, Espainiako Gobernuak haien estradizioa eskatu zuen. Epaiketatik libre atera zirenean ni kanpoan nengoen euren zain, autoa zeukan bakarrenetakoa neroni nintzelako. Aix en Provencera eramatea eskatu zidaten. Mikel, Izaskun Ugarte bikotekidea eta Apaolazarekin egin nuen bidaia. Iritsi eta “zein da zuen lehen nahikaria?”, galdetu nien. “Izozkiak jan nahi ditugu”, erran zidaten.

Camarade curé dokumentalean zentratuko gara. Noiz ezagutu zenituen filmearen oinarri diren Ez, ez dut nahi eta Camarade curé kantak?

Marseillako Toursky antzokian entzun nituen bi kantak lehen aldikoz, 1975ean. Colette Magnyk Camarade curé kantan Le pêtre interdit... (Debekatutako apaiza) abesten zuen gartsuki. Niretzat izugarria izan zen kantak zioena entzutea: “Ez, ez dut nahi halako zibilizaziorik”. Magny-ren kantaren baitan Gogor diskoaren Ez, ez dut nahi... entzuten zen, abesbatzaren ahotsean, ozenki. Lehen aldikoz euskarazko hitzak entzutea zirraragarria izan zen niretzat, euskal errealitatea areago ezagutzea liluragarria izan zen guretzat. Orduan, gure gustuko kantariak François Béranger, Léo Ferré edo Jean Ferrat ziren, eta horien artean Colette Magny.  Gertakarien Kantuen Lagunak elkarteko kideek Camarade curé gure errepertorioan sartzea erabaki genuen. Alabaina, azpimarratu nahi dut erabaki hori hartzea ez zela erraza izan. Camarade curé kanta ez zen sektore guztietan onartua izan. Colette Magny-ri kanta abestea debekatu zioten zenbait aretotan.

Nola abiatu zenuen dokumentala gauzatzeko egitasmoa?

Martine bikotekidea eta biok interes berezia genuen Magnyren kantaren jatorria (Julen Lekuonaren Ez, ez dut nahi kanta) ezagutzeko. 2016an, [Lapurdiko] Bokalen, omenaldia egin zioten Collete Magnyri. Beñat Achiaryk gonbidatu gintuen, eta euskal kantarien mundura hurbildu ginen. Achiary lehenago ezagutzen genuen, Collete Magnyk abesten zuen Black Panthers-en ereserkia Marseillan abestu zuelako 2014an, Magnyren omenez.

Halaber, Baionan Kantuz karrikako taldeak Ez, ez dut nahi kantatzen zuela jakin genuen. Guillaume Irigoien kudeatzaileari idatzi nion “karriketan edo leku publikoetan abesten zuten bitartean filmatzeko baimena”, eskatuz. Aldi berean, Euskal Kultur Erakundearekin (EKE) bildu nintzen, eta proiektua aurkeztu nion. Kanta tradizionala zela esan zidaten, harriturik so egin zidaten. Agorila diskoetxera joateko gomendatu zidaten. Diskoetxearen arduradun Manex Meyzencek “kanta kolektibo bati atxikia da, herrikoia da, egile berezkorik gabea”, erran zidan. Gogor diskoan horrela ageri zela zioen Meyzencek. Bazterrak arakatzen segitu nuen, eta kanta “Julian Lekuona”-rena zela jakin nuen. “Hara, egiletasuna lapurtu diote, eta kanta herrikoi gisa izendatu”, pentsatu nuen. Xabier Amurizak kantaren egilea Julen Lekuona zela baieztatu zidan geroago. Kantaren inguruko guztia argitzea eta ikastea ez da erraza izan niretzat.  

Zergatik diozu hori?

Konparazionera: Xabier Amuriza ezagutu nahi nuela erran nien EKEko lagunei. Haren e-posta eman zidaten eta berehala idatzi nion. Egun batzuk joan ziren arraposturik ukan gabe. EKEko idazkariarekin gurutzatu nintzen berriz, eta: “Amurizaren erantzunik jaso al duzu?”. Nik: “Ez”. “Zein hizkuntzan idatzi diozu?”, hark. Nik: “Frantsesez”. Dudazko keinua egin zidan. Ulertu nuen ahalegin berezia egin behar nuela. Interneten hiztegi bat bilatu nuen: Frantsesa/Euskara. Testua berriz ere igorri nion itzulita. Pentsa zer-nolako euskaran idatzita zegoen. Baina biharamunean, Xabierren erantzuna jaso nuen, euskaraz. Eta nik berriz, euskaratik frantsesera. Uste dut, “zoro” baten kontutzat hartu zuela hasieran. Alabaina, zorionez, Mikel Epalza apaiza bitartekari bilakatu zen. Epalzak lagundu zigun. Alabaina, nire ustez, ez batak ez besteak ez zuten espero Camarade curé egitasmoa filma izatera iritsiko zenik.

Herri eta kultura gutxituekiko omertà egoera ezagutzen dugu,  euskal arazoaz mintzatzea
ez da erraza

Nolakoa da filma?

Teknikoki film xumea da, ez da arte lana inola ere. Nire lagunek diotenez, “gure nahia herri kulturaren balioa transmititzea da, hori egiten dugu batez ere”. Zinegile amateurra naiz, herri kulturan hezia. Guretzat –filma ez dut nik bakarrik egin–, historiaren parte hau kontatzea gure nahi eta xedeen bidean zegoen. Magny eta Lekuonaren bizitzak aztertu ditugu, landu eta –neurri txiki batean– jendeari ezagutzera eman diogu film honen bitartez.

Zaila egin al zaizu gauzatzea?

Zailtasunak izan ditugu, hasteko ez dagoelako garai hartako artxiborik. Juan Mari Arregiri esker argazki batzuk eskuratu ahal izan ditugu, Amurizak ere bateren bat pasa digu, baina Derioko Seminarioko garaitik ez dago ia deus. Arregik dioenez, garai hartan kaleko manifestazioen argazkiak egitea oso zaila zen, batetik kamera gutxi zegoelako, eta bestetik, polizia beti gainean zegoelako. Poliziaren helburuetako bat argazkiak galaraztea zen. “Argazki kamera ez zen agerian eraman behar instante bat bera ere”, erran dit Juan Marik.

Bestalde, filma egiteko ekoiztetxe bat bilatu nuen Marseillan: “Historia polita da, oso adierazgarria, baina, zu ez zaude gure lerro editorialean”, erantzun zidaten. Alegia, euskal gaia ez da euren agendan, ez dute gustukoa. Nik proposamen asko egin arren, eragozpenak baino ez ditut aurkitu. Orduan, egiari zor, ez dut baliabiderik izan, eta molde xumean egitea erabaki nuen, baliabide gutxirekin. Nik egiten dakidana egin dut eta lagunen laguntzaz.

Collete Magny eta Julen Lekuona kanta baten bidez uztartu dituzue.

Hori ez da zaila izan, ezta ulergaitza ere. Biak kantagintzaren logika berean aritu baitziren. Lekuonak eta Magnyk biek bizi zituzten egoera soziopolitikoari buruzko kantak idatzi zituzten, antzeko egoerak biek, beren kantak “galdetzaileak” ziren, “protesta” kantak egiten zituzten, kantari engaiatuak ziren, langileria itauntzen zuten… Areago, Julenek herria “ea nahi ote zuten bizi egoera hilgarri hartan”, itauntzen zuen. Bere herria hiltzear zegoen eta “zer egin?”, galdetzen zuen. Filmean bi historiak batu ditugu, berez historiaren ildo berean zeuden. Ekoiztetxe handiek baliabide handiekin egin lezakete film hobeago bat, autore edo kultuzko film bat. Gurea ez da holakoa, baina egin beharra zegoen. Bi kultura ezberdinetako kantariak eta militanteak batu nahi izan ditugu. Camarade Curé eta Ez, ez dut nahi kantak bizirik daude, euren garaiko eta gaur egungo problematikak ez direla aldatu erakutsi dugu.

Ondo bidez, Marseillan emanen duzue filma. Nola ikusten dute marseillarrek Euskal Herria?   

Marseillan badago Euskal Etxea. Marseillan 30.000 abizen euskaldun omen daude. Euskal Etxean bazkide gutxi dira hala ere, 30 lagun inguru, arras gutxi. Behinola, guri [Les Amis de Chansons de l’Evenement] abesteko deitu ziguten. Orain ere, filma aurkeztea eta hari buruz hitz egitea nahi dute. Baina ez da kontu kolektibo bat, Euskal Etxeko kide bakarren batek eskatuta baizik. Denek ez gaituzte begi onez begiratzen. Esaterako, bazkide baten partetik nire asmoa “propaganda politikoa egitea dela”, entzun behar izan dut. “Ezetz”, esan diot. Ni ez naizela euskalduna, ez diedala ez hemengo ez hango euskaldunei inolako leziorik eman nahi. Eta erran diot, “harrigarria da kanpoan bizi zareten euskaldunak horren gutxi interesatzea Euskal Herrian gertatzen denaz”.

“Euskal arazoa” deitua ulertzea zaila da Frantzian...

Bai. Gu Frantziako hainbat eskualdetan ibiltzen gara eta herri eta kultura gutxituekiko omertà ezagutzen dugu, omertá oso ebidentea da, euskal arazoaz mintzatzea ez da erraza. Marseillan, ezagutzen dudanarengatik, euskaldunak zatituta daude, baina hori ez da bakarrik zuen artean gertatzen. Ezagutzen ditudan komunitate gehienetan, ia denetan, beti daude zatiketak. Mundu guztiak ez du berdin pentsatzen, baina gutxienez ikasi behar dugu elkar entzuten. Euskal Etxeko euskaldun horri, edo jatorrizko euskalduna den horri, adeitasunez erran nion: “Ez dugu berdin pentsatzen, akort, alta, zuri oihartzun ‘interesatu’ batzuk baino ez zaizkizu iritsi filmaren inguruan. Nik baina, kanta baten bitartez bat egin zuten bi kantari horiei gorazarrea egin nahi diet. Izan zirena ezagutzera ematea, besterik ez”.  

Baliteke batzuei iruditzea, gatazkaren alde batekoen mesederako dokumentala egin izana.

Bi gauza azpimarratu nahi ditut, eta filmean ere halaxe agertu nahi izan dut. Batetik, euskal presoak, preso politikoak bezala hartu behar direla, eta horregatik berarengatik, ezin ditugu ahaztu gatazkan izan diren biktimak. Biktimek merezi dute errespetu guztia, eta haiekiko enpatia. Guk bake prozesuari lekua eman diogu filmean, gaurko presoen egoera latza aditzera emanez.

Egia da, presoen aldeko ekitaldi bat jaso dugu filmean, preso horiekiko eta familiekiko gure atxikimendua agerrarazi nahi izan dugu. Presoen aldeko ekitaldi horrek 90 minutu iraun zuen. Guk Lorentxa Beyrie presoaren historia aintzat hartu dugu, bereziki. Ekitaldi horretan Lorentxak margotutako koadroak erakutsi zituzten. Bere ama han zegoen, eta “zentzuzko hitzak” erran zituen. Hala ere, beste arrazoi bat ere bazegoen. Mikel Epalzak Ez, ez dut nahi kanta abestuko zutela erran zidan. Egungo presoen aldeko ekitaldi batean kantak sorrarazten zuen egoera bildu nahi genuen filmean, besterik ez. Ziur aski, gatazkak sorrarazi dituen biktimen aldeko elkarteek haiekiko gisa bereko begirunea nahi dute. Mikel Epalzari erran diodanez, “dokumentala irekita dago. Gatazkak kolpatutako jende guztien testigantzek leku izatea nahi nuke”.

Julen Lekuonaren "Ez, ez dut nahi", Gogor diskoan argitaratu zen. LPa hamabost kantak osatuta dago. Kantek ez dituzte egileen izenak, frankismoko errepresio giroa zela-eta.

 

Pierre Prouvèze (Lyon, 1948)

Marseillarra da. Irakasle aritu da 37 urtez. Irakastea izan da bere leitmotiva. Musikak eman dizkio irakaskuntzaren zentzua eta bizitasuna. Ez du bizitza ulertzen musikarik gabe. Kantuak berriz, Camarade Curé dokumentalaren egilea izatera ekarri du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Dokumentalak
Jesús Carrera, frankistek torturatu eta fusilaturiko buruzagi komunistaren bizitza pantailara

Hari buruzko aipamenik apenas iritsi zaigu historia liburuetan, baina Jesús Carrera Olascoaga (Hondarribia 1911 – Alcala de Henares 1945) Espainiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izatera iritsi zen. Frankistek atxilotu, torturatu eta fusilatua, bere... [+]


'Bi arnas' proiektuaren ziklo amaiera ospatu dute
“Torturak ama eta alabarengan sorturiko zauria arintzen lagundu du dokumentalak”

Torturatu zuten Iratxe Sorzabal presoa eta haren ama ditu protagonista Bi arnas dokumentalak. Duela bi urte abiaturiko prozesua borobiltzeko ekitaldia egin dute eta bide horretan lortutako etekin ekonomikoak bi elkarteri eman dizkiote: Harrera eta Axut! Ekitaldiak une... [+]


Kronika
“Bidasoan barrena, beti dira bide berak”

Bidasoa 2018-2023 dokumentalaren proiekzioa

Non: Martuteneko espetxean, Donostian

Noiz: Abenduaren 22an, ostirala, 16:00etan

Sarean ikusgai: Primeran plataforman

------------------------------------------------

Gabonak dira. Ostiral bazkalostea. Martuteneko... [+]


2024-01-12 | Euskal Irratiak
Italia eta Afrika ardatz Miarritzeko FIPADOC festibalaren seigarren edizioan

FIPADOC Nazioarteko dokumental jaialdia berriz heldu da Miarritzera. Urtarrilaren 19tik 27ra ospatuko dute, eta seigarren edizio honetan «Italia eta Afrika» izanen dira protagonistak.


Netflixek iragarri du Cabezudoren auziari buruzko dokumentala emango duela

En el nombre de ellas dokumentalean agertzen diren biktimek eta ekoiztetxeak eskerrak eman dizkie plataformari "ausardiagatik" eta beren historia kontatzeagatik. Disney+ 2022ko azaroan zen dokumentala estreinatzekoa, baina atzera egin zuen. 


2022-11-11 | Leire Artola Arin
Olga Rodríguez, Ekialde Ertainean aditua
“Matxismoa Egiptoko estatuaren muina da, eta armadak beti aplikatu du”

Egiptoko matxinadetan emakumeei egin zizkieten sexu erasoak ditu abiapuntu As I Want (Neuk nahi bezala) 2021eko dokumentalak. Samaher Alqadi zuzendariak lehen pertsonatik eta gordin erakusten ditu 2011 eta 2013 artean bizitakoak, besteak beste, Kairon piztu ziren emakumeen... [+]


2022-09-06 | Kepa Matxain
Dolutik sortutako bidaia tantrikoa

Hilabete gutxiko tartean hil zitzaien ama Irati Gorostidiri (Eguesibar, 1988) eta Mirari Echavarriri (Iruñea, 1988), biak 1978an Lizason egonkortutako Arco Iris komunitate tantrikotik igarotakoak. Lehendik ere esperientzia hari buruzko interesa bazuten, dolu prozesuan... [+]


Marek Kozakiewicz, zine zuzendaria
“LGTB mugimendua dagoen etsairik handiena balitz bezala ulertzen dute poloniar politikek”

Apirilaren hasieran estreinatu zen Marek Kozakiewicz zinemagilearen Silent Love filma Suitzako Visions Du Réel jaialdian. Urte luzez filmaturiko dokumentalak islatzen du gizarte homofobo batek ezkutatzera behartzen duen maitasuna, alde batetik; bestetik, familia eredu ez... [+]


Sorzabalen kasutik abiatuta, tortura ardatz duen ‘Bi Arnas’ dokumentala ostegunean Iruñean

Iratxe Sorzabal eta bere ama Mari Nieves Diazen arteko harremana da Bi Arnas dokumentalaren kontakizunaren ardatza. Iruñean proiektatuko dute ekainaren 2an. 19:00etan hasiko da, Golem zinemetan eta hori izango da Nafarroako aurkezpen saioa. Maiatzaren 22an estreinatu... [+]


Iragana eskuetan

Eskuek askotariko sinbologia dute. Eskuekin gidatzen da mundua eta ukabil sendoekin bermatu agintea. Ukabilekin borrokatzen da boterea ere, atzamarrak bilduz eta eskuak gora altxatuz. Eskuak beharrezkoak dituzte bizitzan beti galtzaile izan direnek, hori baino ez baitute izan... [+]


2022-01-18 | Leire Artola Arin
Crowdfundinga abiatu dute Iratxe Sorzabalen kasuari buruzko ‘Bi arnas’ dokumentala egiteko

Lana finantzatzeko diru bilketa abiatu dute; ahalik eta gehien zabaldu nahi dute ikus-entzunezkoa, protagonistak sufritutakoa ezagutarazteko eta torturak salatzeko. Bi arnas kontatzen dira, torturaren eraginez itxi gabe dauden bi zauri: Sorzabalena eta haren ama Maria Nieves... [+]


2021-12-15 | Ahotsa.info
“Non dago Mikel?” filmak AtlantiDoc Saria irabazi du Uruguaiko Nazioarteko Zine dokumentalaren jaialdian

Mikel Zabalzari buruzko Non dago Mikel? filmak Urugaiko Nazioarteko Zine dokumentalaren festibalaren sari nagusia irabazi du, AtlantiDoc Saria hain zuzen ere, dokumentu-film luzerik onenarentzat.


2021-10-25 | ARGIA
Astelehenean estreinatuko da Arantza Santestebanen ‘918 gau’ DOC Lisboa nazioarteko dokumental jaialdian

Batasunako arduradunen aurkako Segurako sarekadan atxilotu zuen Poliziak Santesteban, 2007an, eta 918 egun eman zituen preso. Espetxearen eguneroko bizitza islatu nahi du Santestebanek bere lanean.


Eguneraketa berriak daude