Mobilizazio anitzak, aldarrikapen politiko zehatzak

  • 2018ko Martxoak 8ak aurreikuspenak hautsi zituen. Aurtengo greba feministan ere, txiki geratu dira egindako kalkuluak. Begi-bistakoa izan da. Hiriburuetan zer gertatuko geunden, eta horietako indar erakustaldiek iazkoa gainditu badute, aurtengo sorpresa auzoetakoa eta herrietakoa izan da. Txokorik txoko antolatu dira eta iaz mugimendurik egon ez zen herrietara ere heldu da olatua. Ez da kasualitatea izan, mugimendu feministak mobilizazio deszentralizatua akuilatu du eta emaitza ikusi da.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Kalera atera diren emakume kolektiboak eta indibidualak oso anitzak izan dira, kontuan hartzen baditugu jatorria, adina, arraza, klasea eta abar. Kalean ez ezik nabarmena izan da aniztasuna hiriburuetan mugimendu feministaren izenean hitza hartu dutenen artean. Mugimendu feministak emakume ororen aldarrikapenak eta zapalketak lehen lerrora ekartzeko ahalegina egin du eta ahotsa hartu dute aniztasun funtzionala duten emakumeek, migratzaileek, arrazializatuek, pentsionistek, ikasleek, sektore feminizatu eta prekarizatuetan lan egin eta astetan greban diren emakumeek. Aurten, inoiz ez bezala, zaintza lanen auziaren alde latzenetakoa bizi duten etxeko langileek ahotsa izan dute.
Eskakizun oso zehatzak egin dira, neurri politiko feminista ausartak egiteko eskatu zaie agintariei. Emakumeak anitzak, eskakizunak ere bai, eta mezua bat eta argia: feminismo antikapitalista eta intersekzionala jarri da oinarrian, gizarte eredu honi uko egin eta bizitza erdigunean jarriko duen gizarte antolaketa eskatu da.
Indar erakustaldia beste behin. Kalera atera den emakume kopurua kalkulatzea zaila da, mobilizazioak oso deszentralizatuak izan dira, baina azpimarra daiteke, herratzeko arrisku handirik gabe, gaur-gaurkoz Hego Euskal Herrian mugimendu sozial sendoena eta trinkotuena dela.
Hego Euskal Herria diogu, Ipar Euskal Herria beste abiada batean baitoa, motel dabilela esan genezake. Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean ere martxoaren 8an emazteak kalera atera dira, baina urrun dira urte luzez mugimendu feministak landu eta antolatu duen Hego Euskal Herriko eztanda kolektibotik.

 

Greba egiteko aukerarik ez duten etxeko langileak gogoan izan zituzten Donostiako manifestazioan kartoiz egindako irudien bidez. Argazkia: Dani Blanco.

Manifestazioaren buruan izan gara

2019ko M8 hasiera bikaina izan da Gipuzkoako etxeko langileen eskubideen borrokan. Zalantzarik gabe, aurreikusitakoa gainditu dugu, kontuan izanda zein etxeko langile gutxik parte har zezakeen greban, lanak ezartzen dizkien mugengatik.
Aurten, iaz ez bezala, antolaketa taldetik bertatik izan dugu parte-hartzea. Donostiako manifestazioaren buruan izan gara eta agerikoak diren arrazoiengatik mobilizazioan parte hartu ezin izan duten emakumeen siluetak eraman ditugu. Gure gaiaz hedabideek interesa agertu izana estimatzen dugu, eta horrela agerian geratu dira gure aldarrikapenak. Eztabaida guneetara eraman da gure gaia, hau da, sektorearen prekarietatea, eta zapaldutako eta ahaztutako sektore honen bazterketa.
Isiltasunak apurtu ditugu eta borroka zail bat hasi izanaren ondorioez jabetu gara. Genero eta eskubide berdintasunaren alde urte luzez tinko ari diren emakumeen babesa bilatu dugu.

Oneyda Saenz, etxeko langilea

 

 

Gasteizko mobilizazioak. Argazkia: Luis Jauregialtzo / Foku.

Gora borroka feminista eta antiarrazista!

Niretzat, migratu eta arrazismoaren kontrako feminista gisa, aurtengo M8 oso berezia eta garrantzitsua izan da. Gasteizko Mugimendu Feministan ekintza antiarrazista gauzatu dugu: emakume migratu eta arrazializatuek hitza hartu dute, sistema heteropatriarkal, kapitalista eta arrazistak egunerokoan haiengan eragiten dituen zapalkuntzez mintzatu dira, haien esperientzietatik eta tradizioetatik abiatuta jantzi eta solastatu dira, bloke antiarrazistan joan gara manifestaziora gure bertoko lagun feminista eta antiarrazistekin batera, eta elkarrekin ahots batez esan dugu: “Feminismoa antiarrazista izango da edo ez da izango!", “Gora borroka feminista eta gora borroka antiarrazista!”, “Migratuak eta aliatuak, barrikadetara!".

Emakume migratu eta arrazializatu ugarik lehendabiziko aldiz parte hartu dute M8an eta oso ondo sentitu direla adierazi digute, borroka feminista antiarrazista honetan jarraitu nahi dute! Zoragarria da, izan ere, ostiralekoa landutako aliantzen ondorioa da. Feminismo bakarraren hegemoniatik eta pribilegiotik kanpo sortutako aliantza da; zapalkuntzak modu aktiboan entzutetik eta ulertzetik abiatu gara, gainerako emakumeen borroka ereduak begirada dekolonial batetik aztertuta.

Mundu osoko feministok ulertu behar dugu, Angela Davisek dioen moduan, ez dagoela feminismo bakarra baizik eta asko; baina feminismo eraginkorra arraza, klase eta genero zapalkuntzen kontra borrokatu behar da, eta horrez gain, antikapitalista eta antikoloniala izan behar du. Hemendik aurrera ez dira bi M8 berdin egongo, gero eta emakume gehiago baikaude bazterretan eta iraultza horren parte garela sentitzen ari gara.

Tania Siriany, Amar Feminista Antiarrazistak Taldea

 

 

Pentsionistak Donostiako kaleetan. Argazkia: Dani Blanco.

2019ko martxoak 8, egun historikoa

Aurtengo martxoaren 8a egun historikoa izan da feminismoarentzat eta Euskal Herriarentzat. Iaz emakumeek urrats handia eman genuen kalera irtetean, eta ez zen egun bateko kolpea izan. Argi geratu da kolpe horrek iraun duela eta sendotu egin dela. Urte oso bateko lanaren emaitza agerian geratu da.

Egunean zehar ikusitakoen artean, asko dira nabarmendu beharrekoak: adin guztietako pertsonak, tartean pentsiodunak; aldarrikapen inteligenteak, ideologikoak edota umoretsuak; mendeetan idatzi den historiatik ezabatua izan den kolektiboa kaleak hartzen eta ikusgarri bilakatzen.

Urteetako lanak ekarri du lorpen handi bat: feminismoaren aldarrikapenak, emakume kuadrilla batenak izatetik, jendarte zabal baten aldarrikapenak izatera pasatu dira. Ikuspegi feministak zapalkuntza guztiak batzen dituelako: langile, arraza edota genero zapalkuntzak. Beraz, feminismoa planeta honetako populazioaren erdiak baino askoz jende gehiagok behar du, sistema kapitalista-hetereopatriarkalak eraiki duen estereotipotik kanpo geratzen garen guztiok behar dugu, ukatutako eskubideak exijitzeko eta lortzeko.

Kexa bakarra daukat: euskararen presentzia nik nahi bestekoa ez da izan. Lastima! Indartu beharko genuke “Emakumea* eta euskalduna, bi aldiz errebeldea!” leloa.

Urte osoa dago hurrengo M8rako. Guk denok, eragile guztiok, benetako politika feministak egiten jarraitu behar dugu. Urratsak egiten, besteak beste, zaintza lanak sortzen dituen desberdintasunak ekiditeko eta eskubideak lortzeko. Feminismoak sistema honen iraulketan ekarpen handia egin dezakeelako.

Ana Mezo Basaras, Oneka Plataformako pentsionista

 

 

Iruñeko mobilizazioak. Argazkia: Jaizki Fontaneda / Foku.

Ertzak gainezka, erdigunea hartzeko

Iazko Greba Feministak "Hemen gaude!" ozen esateko balio izan bazuen, esan dezaket aurtengoaren oihua "Eta asko dugu esateko!" izan dela. Ez da erraza Greba Feminista baten balorazioa egitea, eta are gutxiago bizipen pertsonaletatik hausnarketa orokorrak egitea. Hala ere, antolakuntzaren periferian ibili denaren begietatik botako ditut lau ideia. Laburpen gisa, iazko Greba Feministak "Hemen gaude!" ozen esateko balio izan bazuen, esan dezaket aurtengoaren oihua "Eta asko dugu esateko!" izan dela. Diskurtsoan heteropatriarkatuaren, kapitalismoaren eta arrazismoaren kontrako oinarriak jarri dira eta alternatiba feminista eraiki, ez dago Euskal Herriko Mugimendu Feministak prestatu zuen txostena ikusi besterik. Iruñean gorputzean bizi izan genuen diskurtsoak barnebiltzen duen erradikaltasuna eta aniztasuna, manifako blokeetako (dibertsitate funtzionaldunak, landa eremukoak, migranteak, gazteak, pentsionistak, presoak) ordezkariek hitza hartu zutenean.

Baina, Nafarroa feminista izanen bada, herri eta auzoei esker izanen da. Aurtengo apustu handiena deszentralizazioa izan da, eta esan beharra dago Nafarroako herrien antolakuntza maila izugarria izan dela. Iparretik hegora, ekialdetik mendebaldera, ez da egon mobilizazio gabeko ibarrik. Sare sozialak mugitzea egokitu zitzaidan, eta izugarria izan zen herri bakoitzak igotzen zituen argazkiak ikustea. Zuek zarete Nafarroa feministaren indarra! Azpimarratu beharra dago, iazko arrakastaren ostean, alderdi politiko, hedabide eta enpresetan zuriketa feminista areagotu dela, eta aurtengo grebak horri ere aurre egin behar izan diola. Iruñeko manifestazioan esan zen bezala, argi izan dezatela: feminismoa ezin da domestikatu, aurrean izanen gaituzue!
Ezin dut amaitu antolakuntza aipatu gabe. Nire miresmenik handiena hilabeteetan zehar ohiko bizitza bazter batean utzi duzuenoi, guztion bizitzak erdigunean jartzen saiatzeko. Mobilizazioetatik harago, josi dituzuen sareak ez ditu neoliberalismoak hautsiko. Mila esker. Ahizpatasuna eta antolakuntza!

Irati Majuelo Itoiz, Bilgune Feminista

 

 

Baionako manifestazioa. Argazkia: Ekhi Erremundegi.

Beharrak sortutako berezkotasuna

“Greba eginen duzu bihar?” “Ez dakit, guttik egiten dute nire enpresan...”. Baiona. Martxoak 8. 12:30. Merkatuko plaza emeki-emeki betetzen ari da. Emazteok* gelditzen gara. Anitz ez ginen bildu afarirako; ‘anitz’ ez beste Euskal Herriko hiri eta herriei parekatuz. Denak bildu ginen bata bestearen ondoan, metan, plaza handi honetan –erdia saltzailez betea, erdia grebalariz*–. Molde horretan indartsuago sentitzen bagina bezala. Bazkari lasai bat, gehienbat lagun edo lankideen artean. Gure artean bortxaketaz, inpunitateaz, hiltzeetaz, sexismoaz, matxismoaz, patriarkatuaz edo kapitalismoaz ez zen asko mintzatu, gure arrazoiak ebidenteak balira bezala. Egun polita aurreikusia zen: bazkaria, pankarten tailerra eta manifa, arratsaldeko 18:30ean.

Eta bat-batean, aldaketa. Lasaitasunetik ekintzara. Indarra.

Grebalari batzuen arteko solasetik atera zen ideia. Angeluko supermerkatuak egindako publizitate sexista kentzera joan, gure kexa adieraziz. Taldea martxan zen. Komisioak sortu ziren: esloganak asmatzeko taldea, komunikazio taldea eta abar. Ordu batez plana egina zen: hara joanen ziren. Ekintza egin zen. Ilusioa piztu zen.

Bazkaria. Koordinaketa. Ekintza. Manifa. Hara nola iragan zen eguna.

Mugimendu feministak ekintza sortu zuen. Mugimendu feminista emaztez* osatutako mugimendua baita, etiketarik gabeko eguna baita, menpekotasun orokor baten salatzeko eguna baita. Aurreikusiarena irauli, batu eta egin. Pauso ttipiz grebak hartzen du baina oraindik manifak du jende gehien gehiena batzen. Euskal Herriko xinaurriak gara beti. Lapurdi, Zuberoa eta Baxe-Nafarroan emazte* talde ezberdinak badira, baina noiz deituko dugu gure burua “Mugimendu Feminista”?

Bagaitun.

Pauline Guelle

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: M8 greba feminista
Greba feminista burutu dute Ipar Euskal Herrian

Frantziako Estatu mailan bideraturiko greba feministari lotu dira Ipar Euskal Herriko sindikatuak eta talde feministak ere. Soldatapeko lanean, zaintzan eta kontsumoan bideratu dute greba.


Kaleak betetzeko antolatu gaitezen

Hilabeteren buruan feministok emakume* langileon egunean kaleak hartzera aterako gara. Urteroko zita dugu, urtez urte gogoz antolatu eta prestatu duguna. Pasa den astean atzera begirada arin bat egin genuen Portugaleteko asanbladan, 2018ko eta 2019ko greba feministak... [+]


Gezurrak, iruzurrak eta manipulazioak Guardia Zibilak M8ko manifestazioaz idatzitako txostenean

Guardia Zibilak informazio faltsuak eta adierazpen manipulatuak sartu zituen M8ko manifestazioari buruzko txostenean, Espainiako Gobernuari pandemiaren hedapenaren errua leporatzeko, manifestazioa baimendu izanagatik. Txosten horrek ekarri du Moncloak Madrilgo erkidegoan duen... [+]


2020-03-09 | Zuriñe Rodriguez
Zuriketa morea Gasteiztik at

"Oso azkar goaz", "baina helduta goaz" esan zion emakume batek beste bati Gasteizko Olagibel kalean, justuki Ertzaintzaren komisaldegiaren parean. Eguerdiko 12:30ak ziren gutxi gorabehera. Aldi berean, toki berean, "Gora borroka feminista!" oihuak... [+]


2020-03-09 | Dani Blanco
Argazki galeria-Martxoak 8

Dani Blanco ARGIAko argazkilariak igandez Donostian ateratako argazki sorta duzue ondoren.


Martxoak 8
Greba deitu zein ez, borrokarako eguna

Azken urteetan mobilizaziorako gaitasunari dagokionez nabarmendu den mugimendurik bada, feminista da horietako bat. Bi urtez segidan, greba tresnatzat, martxoaren 8 arrakastatsuak burutu ditu; kapitalaren logikari bizitzarena gainjartzea exijitzeko, milaka emakumek lan orori... [+]


2019-06-03 | Erran .eus
Martxoaren 8an Leitzaldeko greba feministarekin bat egin zuten bi kidek 600 euroko isuna jaso dute

Martxoaren 8an Leitzaldean egin zen greba feministan parte hartu zuten bi lagunek 600na euroko isuna jaso dute. «Mobilizazio egunari hasiera emateko gauerdian egin zen kazeroladan herria aztoratu, errepideko ibilgailuak oztopatu eta ondorioz bai gidarien baita beraien... [+]


Zuriketa moreari talka

2018ko otsailaren 2an kazkabarra gogor jotzen ari zen Donostiako kaleetan. Euskal Herriko Mugimendu Feministak martxoaren 8ko greba feministaren deialdia egiteko agerraldi publikoa abian. Garai bateko Tabakalerako zigarrogileen borrokari aitortza zen hura: dozenaka emakumek*,... [+]


Greben hari morea

Ekonomia ikastean ez dut inoiz greba kontzeptua ikusi, nahiz eta hauen arteko lotura erabat zuzena izan. Arrazoia agerikoa da: botere ekonomikoak definitzen du zer den ekonomia. Emakumeek egindako grebatan ikusezintasuna bikoitza da, analisia gizonen eta kapitalaren... [+]


Kapitalismo morerik ez, eskerrik asko

Ikusi dugu lehenago. Ekologismoa da adibide paradigmatikoa. Halaber, pink washing-a edo gaypitalismoa. Merkatuak gure borrokak irentsi, digeritu eta gorotz moduan produktu kapitalista bat iraizten digu, salmentarako prest, sistemari funtzionala egiten zaiona.
Hedabideek... [+]


Loreak eta aholkuak

Bi greba feminista bizi izan ditut. Bi baino ez dira izan, baina dagoeneko urrun geratzen zaizkit bestelako martxoaren 8ak, “zorionak” ematen zizkigutenak, lore edo bonboi forma zutenak, etxeko zaintzailerik onena izaten jarraitzera gonbidatzen zintuztenak. Ez dago... [+]


Medusak 8

Greziar mito zaharrak dio Medusa emakume ezinago eder eta erakargarria zela. Poseidonek Medusa bortxatu ostean, Atenea Jainkosak, amorruaren amorruz, Medusa zigortu eta munstro bilakatu zuen. Ilearen partez hamaika sugedun mataza ezarri zion buruan eta begietara begiratzera... [+]


Eguneraketa berriak daude