Eneko Gorrik (Angelu, 1983) Erabileraren aroa: begirada bat Ipar Euskal Herritik hitzaldia eskaini zuen Topaguneak urtarrilaren 31n antolatutako Euskaltzaleen mugimendu berritura bidean jardunaldietan. Gorrik uste du gazte sektore ameslarienean euskararekin sekula baino konektatuagoak direla. Kudeaketa lanak zaharrei utzi eta haien militantzia eredua sortzea proposatzen die.
Ondoko lerroetan Eneko Gorriren hitzaldiaren bigarren zatia duzue, alegia, erabilerari eta militantziari buruz aritu zen zatia. Jardunaldiko hitzaldi guztien bideoak helbide honetan dituzue.
Eneko Gorri: Ezagutzatik erabilerara egiteko izan dugu ariketa sozial bat, Euskaraldia. Horren aitzin izan dira hainbat iniziatiba Ipar Euskal Herrian eta Baiona-Angelu-Miarritze (BAM) hiri eremuan. Euskaraldiari egiten ahal zaizkio nahi ditugun kritika guztiak, baina gurean izan du funtsezko ekarpen bat, eta hau da: euskaraz bizitzeko ditugun korapiloak, zailtasunak edo mugak azaleratu dizkigu.
Mende erdiz tresnak garatu ditugu, transmisio kanalak sortu ditugu, alfabetatu gara, nirea bezalako familia erdaldunetan seme-alabak euskaldundu dira, mirakulu batzuk sortu ditugu, eta hau kristorena da, baina oraindik korapiloak baditugu, euskaldunak gara baina oraindik ogia euskaraz erosten ez dakigu. Teknikoki badakigu galdetzen, baina korapiloz beteak gara erdaldun baten aitzinean gure lehen hitzak euskaraz emateko. Ezezagun baten aitzinean, baita etxe barnean ere. Gure bikotean ere, euskara ez delarik hasierako hizkuntza, sekulako zailtasunak ditugu pasatzeko beste hizkuntzara. Euskaraldiak kontzientzia-hartzea bideratu du, bai kostalde urbanizatuan, frantsesean, baita ere barnealdean, euskaldunagoa eta landatarragoa. Mintzatzen ginelarik barnealdeko lagunekin erraten ziguten Euskaraldia ez zela haientzako ariketa, hirietakoa zela, bazekitela herri txikian norekin euskaraz ari ziren eta norekin ez. Ados, eta zergatik frantses hiztun batekin ez ginateke euskaraz ari izango? Eta Baigorritik ateratzean, gure herri txikitik ateratzean, zer hizkuntza portaera dugu?
Ber denboran entzuten genuen hirietako jendea erraten: “Hirietan euskara ezin da praktikatu, ez da aukerarik, debaldetakoa litzateke lehen hitzak euskaraz egitea edo euskarari eustea, edo elkarrizketa elebidunak plantan ematea. Horrek balio du Hegoaldearentzat edo herri euskaldunentzat, baina gurean ez du balio”. Azkenean, fede txar horren gibelean, euskaraz bizitzeko ditugun zailtasun indibidual eta kolektiboen kontzientzia gordetzen da. Biziki erregai interesgarria da etorkizunerako.
Badakit orain erranen dudana zalantzagarria dela eta pixka bat hausten duela eraiki nahi dugun adostasun sozial printzipioarekin, baina uste dut euskararen erabileraren apustua egiten dugun momentutik, Ipar Euskal Herrian behintzat, norma berri bat eraikitzen hasten garela, eta norma berria eraikitzea inportantea da euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa lortu aitzin ere. Erabileraren apustua egiten dugularik, lehen hitzak eta ondokoak euskaraz ematen ditugularik, erabakitzen dugu euskaldun gisa ez garela gehiago bigarren mailako hiztunak. Hor gibelean, bada desobedientzia puntu txiki bat, niretzat biziki erakargarria.
15-25 urte genituelarik euskaltzale izatea abertzale deskafeinatua izatea zen. Guk bagenituen beste borroka askoz nobleagoak: internazionalismoa, iraultza, eraikuntza nazionala, feminismoa... Euskara kontuetan oldarkortasuna berreskuratzea biziki interesgarria iruditzen zait, bereziki belaunaldi gazteek euskararekiko ez baitute guk dugun lotura. Oroitzen naiz 5 urte nituelarik ikastolaren aldeko manifestazioak matrakaz eta gas negar eragilez bukatzen zirela. Gaur egun gazteek ez dute ber harremana, ber konfliktibitatea euskararekin, baina euskaltzaletasunari berriz ere kutsu hori ematen badiogu, iruditzen zait beste logika bat elikatzen ari garela. Beharbada Jonen [Jon Sarasuak goiz hartan emandako hitzaldiaz ari da] alderantzizkoa errango nuke, Ipar Euskal Herrian gazte sektore ameslarienean euskararekin sekula baino konektatuagoak direla iruditzen zait eta hori ikusten dudalarik sekulako esperantza iturria da. Euskal Herria Zuzenean musika jaialdian, 18 urte genituelarik, gure norma frantsesa zen, herri mugimenduetan norma frantsesa zen. Iraultzaileak ginen, frantsesez mintzatzen ginen, kito.
Adin piramidearekin oroitzen bagara, gazte belaunaldia izanen da euskararen zama bizkar gainean izanen duena eta bera izan behar da gidari prozesu horretan. Ez da erraza izanen haientzat, baina haien aitatxi-amatxientzat ikastola sortzea ez zen erraza izan. Beraz, lortuko dute gure aitatxi-amatxiek lortu duten bezala. Ez nuke belaunaldien arteko lehian sartu nahi. Gaur egungo gazteek ez dute eginen aitzinekoek baino hobeto edo okerrago. Haiena eginen dute. Mezu bat umilki helarazten ahal badiegu: ez mugatu aitzinekoek sortu dituzten tresnak kudeatzera, zuen tresnak asmatu. 18 urtetan ez dira kudeatzaileak izan behar, lan horiek gu bezalako zaharrei utzi behar dizkiegu.
Euskararen berreskuratzearen bataila zaila izanen da irabaztea, ez baldin badugu ekintzailetzaren edo militantziaren bataila berriz irabazten. Saiatuko naiz ideia hau garatzen. Beti ari gara erraten militantzia Ipar Euskal Herrian ere krisian dela, gaurko gazteak indibidualistak direla, gaurko jendarteak likidoagoak direla... Ados naiz, baina euskalgintza beti analizatzen dugu pesimismoaren betaurrekoetatik sektore batzuetan. Militantzia ez da hainbeste desagertu, militantzia aldatzen ari da, eta guk ezagutu duguna edo gure aitzinekoek ezagutu dutena desberdina da. Adibide batzuk hartu eta beti horiei begira egoten gara eta hori da sintomatikoena.
Uztaritzen 50 urtez Lapurtarren Biltzarra egin da, eta pasa den urtean krisi baten ondorioz desagertu da. Baina desagertu den urte berean, Uztaritzeko dantza taldeak 30 urteak ospatu ditu eta horretarako 130 herritar mobilizatu dituzte zortzi hilabetez kabalkada bat osoki muntatzeko euskaraz. Bi aldiz eman dute eta 2.500 pertsona hurbildu dira. Sekulako proiektua sortu dute. Kabalkada horren sortzeko behar izan duten energiaren ehuneko bat eman bazuten biltzarraren alde, biltzarra berriz joaten ahal zen. Baina jende guztiak atxiki du biltzarra desagertu dela.
Herri mugimendua eta militantzia ez da desagertzen ari, desplazatzen ari da, eta nire ustez, sobera kudeaketara mugitzen ari da.
Bigarren adibidea hartuko dut. 5 urte nituelarik bost ikastola zeuden Ipar Euskal Herrian, 36 urte ditudalarik 36 ikastola. 36 ikastola kudeatu behar dira: bada festa batzordea, euskaraz bizi batzordea, obra batzordea, apainketa batzordea, bulegoa, administrazio kontseilua… Hori ez da militantzia? Badira ehunka guraso egunero lanean 36 ikastolatan. Beraz, militantzia desplazatzen ari da kudeaketara.
Gazte belaunaldira itzulita, gure belaunaldian ez genuen planteatzen jarrera desobedientea Frantziar Estatuko azterketa ofizial batean. Pasa den urtean, kasik ikasgela oso batek breveta (ziurtagiria) euskaraz pasatzeko erabakia hartu du, desobedientziaz. 16 urte dituzte. Haiei ari gara aurpegiratzen militantziaren krisia. Aitzinekoek sekula egin ez zutena egin dute; baxoarekin egin zen, baina zortzi ikasle ziren. Ken ditzagun betaurreko horiek, euskaltzaletasuna eraldatzen ari da, nostalgiak ez du ezertarako balio.
Zenbat komunikazio egoeratan ateratzen da galtzaile euskara? Arduradunak ez duelako aurrez pentsatu hizkuntzak nola kudeatu, erresistentziak egoten direlako eta haiei erantzuteko argudioak prest ez daudelako… Soziolinguistika Klusterrak jendaurrean.eus gida ipini du... [+]
Argantzonera (Araba) iritsiko da asteazkenean Euskarabentura espedizioa, Gesaltz-Añanatik pasa ostean aurreko egunean. Hamar egun dira espedizioa hasi zela Atharratzen (Zuberoa). 15-17 urte bitarteko 125 Jzioquitar (Euskarabenturako parte-hartzaileek jasotzen duten izena... [+]
Erripako kaian euskaltzale ugari bildu dira euskaraz libre aritu ahal izateko sortu den mugimenduaren aurkezpenean. “Urte luzez bilbotarrek egindako lan ikaragarriaren ondorio eta ondorengo” izango dela adierazi dute.
Inoiz baino jende gehiago bildu da Iruñerriko III. Mintzodromoan. 180 pertsona inguru aritu dira euskara praktikatzen eta sare euskalduna zabaltzen.
Jaime Altunak Hizkuntzaren funanbulistak. Hizkuntza-sozializazioa kirol eremuan adin eta generoan ardaztuta doktoretza tesia uztailean bukatu du. Gaiaren ezagutza sakonetik eta aurrez beste ikerlariek idatzitakotik hurbildu da begirada berezi bezain zorrotzaz Gipuzkoako zenbait... [+]
Audiogidak frantsezez, alemanez, ingelesez eta gaztelaniaz daude. Biarritzeko turismo bulegoko zuzendari Genevieve Fontainek argudiatu du euskara ez dela “berehalako eskarietako bat”.
Haurren aurrean helduok heldu ekimena urriaren 19tik 29ra egingo da Hego Euskal Herriko 80 herritan. Protagonistak, batez ere, gurasoak izango dira eta bi helburu azpimarratu ditu Euskaltzaleen Topagunea antolatzaileak: batetik, gurasoek hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoak... [+]
Euskarafobia legalaren historia legez lege eta arauez arau aztertu du Iñigo Urrutiak (1966, Jatabe-Maruri), Xabier Irujorekin batera. Horren emaitza da Historia Jurídica de la Lengua Vasca (1789-2023) liburu mardula. Irujo atzerrian zegoenez, Urrutiarekin mintzatu... [+]
Umap Twitterreko euskarazko jardunaren biltegia 2010eko urrian hasi zen martxan, CodeSyntax-en eskutik. 2023an, hil egin da. Elon Musk-ek hil du, berak zer garen eta nor garen ez dakien arren. Umap-en hainbat zerbitzuren oinarri izan da, euskarazko txiolarien, hedabideen eta... [+]
Ekainaren 24an bigarrenez egingo da Euskara jalgi hadi plazara lagunarteko futbol txapelketa Lezaman. Euskal Herri osoko lau kirol elkartek hartuko dute parte, eta helburua kirolean ere euskararen erabilera sustatzea izango da.
Erronkaribarreko ehunka lagun biltzen duen urteroko zita ospatuko dute maiatzaren 20an Erronkariko herrian bertan. Uskararen Egunak 26. edizioa du aurtengoa, eta ibarreko herritarrak kohesionatzeko eta jendartea biziberritzeko ezinbesteko ekimena bihurtu da.
Errealitatea eraldatzeko, gauzak ahalik eta zehatzen ezagutu behar direla sinetsita dago Iñaki Iurrebaso Biteri (Legazpi, 1967). Soziologoa ikasketaz, ofizio horretan aritu izan da beti, hasi Donostiako Udalean, Aztikerren ondoren, eta bere kabuz gero. Azken zortzi urteak... [+]
Nafarroako 7. Inkesta Soziolinguistikoaren datuak eman ditu jakitera Euskarabideak, Nafarroako Gobernuaren euskara zerbitzuak. 2021ekoak dira neurketak, eta bertan jasotako datuak laburbilduz, Kike Amonarriz soziolinguistak egin duen bezala, "ezagutzan irabaziak, erabileran... [+]
Amikuzeko Zabalik elkarteak aste honetan ekingo dio euskara hutsezko Otsail Ostegunak hitzaldi zikloen 26. edizioari. Aurtengoan, gainera, ekitaldia otsailetik martxora zabaldurik lau ez baina bost ostegunez burutuko dira hitzaldiak Donapaleuko Bideak gunean, duela gutxi arte... [+]