“Madrilera joan nintzen lan egiteko aukerarik ez nuelako Euskal Herrian”

  • Aktore-ibilbide osoa Euskal Herrian garatu ostean, Espainiara joan zen Itziar Ituño hemen ez zituen lan aukeren bila. La Casa de Papel telesaileko protagonistetako bat da, Goenkalen bezala, polizia buruaren rola hartuta. Netflixek erosi ostean, mundu osora zabaldu den fenomenoa bilakatu da ekoizpena. Hirugarren denboraldia grabatzen ari dira orain. Telesailen urrezko aro honen gozo eta gaziak barrutik nola bizi dituen kontatu digu.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

La Casa de Papel telesailaren hirugarren denboraldian ari zara lanean. Ezkutuan eta filtrazioak saihesteko ahaleginean ari zarete grabatzen. Lan egiteko moduan eragin du horrek?

Grabatzeko orduan ez. Taldea berbera da, ondo ezagutzen dugu elkar eta horrek lasaitasuna ematen digu. Baina beste alde batetik orain Netflix da ekoizlea, eta haien egiteko modua desberdina da. Oso ondo kontrolatzen dituzte denborak, noiz iragarri gauzak eta noiz ez, promozioa… Zaila ari da izaten, jende asko dago zain, eta beti daude filtrazioak. Presio gehixeago ere badugu. Lehen bi denboraldiak grabatu genituenean Antena3-n emateko zen, eta ez zuen horrenbesteko oihartzunik. Orain, aldiz, badakigu egiten ari garena begi askok ikusiko dutela, mundu osoan gainera. Esaten dizutenean Saudi Arabian, Turkian edo Brasilen ari direla zuk egindakoa masiboki ikusten…

Baduzu denborarik beste ezer egiteko?

Egia esan ez. Denbora asko eskatzen du, eta tarte gutxi geratzen da beste ezertarako. Eskaini didate antzerki lanen batean aritzea, adibidez, baina ezetz esan behar izan dut.

Telesailen gorakada hau, gehienok kanpotik ikusten duguna, barrutik bizitzea tokatu zaizu zuri. Kolpetik mundu zabaleko milioika lagunek dute zure berri.

Egia da, bai. Euskal Herrian bizi naiz, lehen bezalaxe, bertan ditut nire harremanak… Baina aldatu dena da sareetan dudan presentzia, adibidez: fan klubak eta halakoak. Zure bizitzan horri ere lekua egin behar diozu, eta kudeatzen ikasi. Jendea ni bisitatzera ere etorri da Euskal Herrira. Badago Buenos Aireseko neska bat euskara ikasten hasi dena ni euskalduna nintzela jakin zuelako. Horrelako historia bitxiak izan ditut, eta hori da alde politena, baina itsusiagoak ere tokatu zaizkit. Sareak bi aho ditu, labanak dituen moduan. Bat oso polita eta bestea ilunagoa. Beti daude zoroak, edozer egiteko prest daudenak. Horrekin bizitzen ere ikasi behar izan dut, zoritxarrez.

Zergatik izan du horrenbesteko arrakasta La Casa de Papel-ek?

“Goenkale amaitu zenetik, euskal aktoreok
oso aukera gutxi izan dugu telebistan
lan egiteko”

Faktore asko elkartu dira. Batetik, akzioa eta umorea oso ondo uztartzen ditu. Gero, horrekin batera, pertsonaiak dira oso bereziak. Estereotipotik harago doaz: oso humanoak dira, ahultasunak dituzte, denok ditugun moduan. Kontatzeko modua ere berezia da, kamera mugimendutatik hasi eta argiztapeneraino, estetika propio bat sortzeko ahalegin berezia dago atzean. Eta kritika sozial puntu bat ere badu, sistema ekonomikoari aurre egin nahi dion talde bat delako protagonista. Horren guztiaren nahasketa izan dela esango nuke.

Zaila izango zen, lanean hasi zinetenean, halakorik irudikatzea.

Bai, noski. Niretzat Loreak-ekin Oscarren ataritan egotea sekulakoa zen, uste nuen ez nuela gehiago antzekorik biziko. Baina, bat-batean, honekin egin dut topo, eta proposamenak hasi dira toki askotatik iristen. Dena den, Netflix tartean sartzea izan da erabakigarria, eta halako plataformek duten gaitasunaren berri bagenuen lehenago ere. Uste dut izan daitekeela bide interesgarria euskal ekoizpenentzat ere. Gertatu da, adibidez, Handia-rekin eta Errementari-rekin.

Garai “berrien” beste aurpegi bat omen da sare sozialetan aktoreek duzuen arrakastari begiratzen diotela ekoizleek lan batean hartu edo ez erabakitzeko.

Begiratzen da bai: zure perfila nolakoa den edo zenbateko oihartzuna duzun. Publizitatea egiteko eskaintzak ere horren arabera jasotzen ditugu. Baina horrek ez du bermatzen proiektu baten arrakasta. Bermatzen duena da hautatzen duzun istorioa, nola dagoen kontatua, baldintzak onak diren… Kalitatea, azken finean. Hasieran hurbilduko dira zure jarraitzaileak, baina egin duzuna ona ez bada, ez diote eutsiko. Alde horri kasu gehiegi egiten diogu, baina oso tranpatia izan daiteke. Gure kasuan, aktore asko ez ginen batere ezagunak.

Pentsatzen dut aktoreentzat, baita lehen lerroan daudenentzat ere, asko aldatu dela lan-mundua telesailen gorakada honekin.

Espainiako Estatuan behintzat, oro har, lehen baino askoz aukera gehiago dago orain lan egiteko. Plataforma asko dago, betiko telebistek ere jarraitzen dute. Aukerak biderkatu dira. Baina paradoxa bada ere, Euskal Herrian ez. Goenkale amaitu zenetik, euskal aktoreok oso aukera gutxi izan dugu telebistan lan egiteko.

Hemen nahiko lan izan bazenu, akaso ez zinatekeen kanpora joango?

Ni Madrilen hasi naiz lanean 40 urterekin. Interesik izan banu, lehenago joango nintzen proba egitera. Hemen nahiko lan izan dut denbora askoan, eta oso gustura aritu naiz. Baina noski, lanik gabe geratzen zarenean bilatu behar dituzu beste aukera batzuk, eta hemen ez badaude, kanpoan bilatzen dituzu. Madrilen sortu zaizkit niri, eta noski, joan behar izan dut. Arrakasta handia izan dut, bai, baina pauso hori ematen duzunean ez dakizu zer gertatuko den. Ez da erraza: etxetik joan beharra, ingurunez aldatzea…

Maiz kanpoan arrakasta izatean aitortzen zaio balioa bertakoari. Zure kasuan hala izan da?

Sumatu dut orain nirekin kontatzen dutela gauza batzuetarako eta lehen ez zutela egiten. Aurpegi bisibleagoa da nirea orain. Lan aldetik, gauza gehixeago eskaini dizkidate, baina ez dut gehiegi igarri. Euskaraz egingo den film batean eskaini didate tokia, baina lan egin dut haiekin lehenago ere.

Gero eta euskal aktore gehiago ari zarete Espainiako ekoizpenetan. Askori euskaldun estereotipatuaren papera egokitu zaie. Zuk lortu duzu horretatik ihes egitea.

Gero eta gehiago gara, bai. Besterik ez duzunean, ez duzunean aukeratzerik, datozen bezala onartzen dituzu gauza batzuk. Niri ere tokatu zait halako paper txikiren bat, baina, oro har, egia da zorte handia izan dudala. Izatekotan, poliziaren paperean sailkatu naute, edo bestela mediku, abokatu eta antzekoetan. Hala ere, pozik nago. Uste dut azkenaldian paper poliedrikoak, interesgarriak eta estereotipotik harago doazenak tokatu zaizkidala.

La Casa de Papel-en kasuan, Raquel Murillo emakume indartsua eta boteretsua da, baina babesgabe sentitu dena genero-indarkeria jasan duenean.

“Duela gutxi arte, adin batetik aurrera, emakumeak desagertu egiten ginen fikziozko istorioetatik”

Emakume boteretsua da, polizia, arma bat ere badu… Baina ez da gai etxean duenari aurre egiteko. Hor bazegoen zer landu, eta oso interesgarria izan da niretzat. Beste alde batetik, lanpostu oso garrantzitsua duen arren, amaren zaintzaz arduratu behar du. Betiko rolean dago, baita goi-kargua izanda ere. Kanpora begira oso indartsua da, baina bere ahuleziak ditu, eta horrek bihurtu du erronka interesgarria.

Berandu bada ere, telesailetan sakontasuna duten emakumezko pertsonaiak topatzea gero arruntagoa dela dirudi. Bat zatoz?

Hala da, bai. Ni probak egiten hasi nintzenean ez nekien zehazki Raquel Murillo nolakoa izango zen. Goenkaleko Nekane etorri zitzaidan burura. Hamahiru urtez aritu nintzen poliziarena egiten eta ez nuen errepikatzeko gogo handirik, egia esan. Baina ikusi nuenean pertsonaiaren arkua, nolako abaniko emozionala duen eta zenbateko garapena duen istorioan zehar, asko erakarri ninduen. Duela gutxi arte, adin batetik aurrera, emakumeak desagertu egiten ginen istorioetatik, eta kasu honetan emakume heldu batek protagonismo handia du. Aldaketa txiki bat antzematen da norabide horretan, baina txikia oraindik.

Nazioartean sarituak izan diren telesailetan ere emakume protagonista asko dago. Beste kontu bat da atzeko lana: gidoilarietan, talde-teknikoan edo zuzendarietan antzematen da joera bera?

Horretan ez da igartzen, ez. Istorioak sortzen dituzten mahaietan oso emakume gutxi esertzen da. Gidoilarien artean ere gutxi dira, zuzendarietan berdin. Talde teknikoan gero eta emakume gehiago ikusten dut, baina kamera lanetan oso gutxi, adibidez. Istorioak sortzen dituztenek gizonak izaten jarraitzen dute, eta hori garrantzitsua da, begirada hor ezartzen delako. Genero ikuspegitik, erakusten dena baino gutxiago aldatu da fikzioaren mundua.

La Casa de Papel-en arrakastak erabat estali du euskal presoen aldeko kanpaina batean parte hartu zenuela-eta zenbaitek aktibatu zuen boikot deialdia. Gogorra da iritzi pertsonalak emateagatik aukera profesionalak galtzeko beldurra izan beharra?

Zenbait gairi buruz iritzi pertsonala emateak lan aukerak mugatzen ditu, bai. Nire kasuan, presoen eskubideen alde azaltzeagatik izan zen. Galdu ditut lan aukera batzuk horregatik. Jende askok hartu duen bidea isiltasuna izan da. Errespetu osoa diet aukera hori egin dutenei, eta ulertu ere ulertzen dut, baina une batzuetan, segun eta jokoan zer dagoen, aurrera egin behar da. Egia da, baita ere, gure irudi publikoa gehiegi erabili nahi izaten dela tarteka. Ardura hori hobe banatu beharko genuke, gutxi batzuek zama guztia daramatelako bestela. Willy Toledori gertatu zaion moduan: ezin du bere bizimodua garatu bere ideia politikoak direnak direlako, eta hori oso larria da. Oso babesgabe gaude. Gogorra da.

Argazkia: Dani Blanco.

Urte askoan ez da telesailik egin Euskal Herrian, eta telesailen industria hainbeste aldatu denetik, ia bat bera ere ez. ETBko arduradunek diotenez, garestiegia omen da, ez omen dago ikuslerik… Nondik aska daiteke korapilo hori?

Bide bat izan daiteke koprodukzioak egitea. Traba da gaztelaniaz egin behar izaten dela horrela denean, baina ez luke zertan. Bilatu beharko lirateke bideak koprodukzioak egiteko euskaraz, zer dakit ba nik, diasporako komunitateek ere esku hartuz edo antzeko formulekin. Aldaketa sekulako abiadan dator eta espabilatu egin behar dugu.

Ideia falta dagoela esaten dute batzuek.

Ez dut uste. Ideiak badaude, falta dena da arrisku hori hartzeko adorea, ausardia. Horretarako dirurik ez dagoela ematen du, baina ziur nago ideiak egon badaudela. Falta dena da horietan sinestea. Serieak inoizko gorakada handienean daudenean, ez dugu telesailik eskaintzeko. Sintomatikoa da, kate generalistek oro har ikusle pila bat galdu dute, nork bere erritmoan ikusten ditu edukiak plataforma hauen bidez, eta horretara moldatu beharra dago. Iruditzen zait ETB ez dela oso bizi ibili horretan.

Zinemaren adibidea argia da.

Bai, baina hor ere laguntza berandu iritsi da beti. Erakundeak pauso bat atzetik doaz normalean. Sortzen dira proiektuak, egiten dute aurrera, eta instituzioek ikusten dutenean ondo ateratzen direla orduan erabakitzen dute babestea. Baina alderantziz behar luke. Ideiak bultzatu behar dira, nahiz eta ez beti ondo atera. Saiatzeko unean behar da bultzada, ostean erraza da. Arrakasta izan dute aurrekontu gutxiko proiektuek, eta horrek frogatzen du badagoela gaitasuna, badagoela interesa. Telesailekin ere, ahalegin berezi bat eginez gero…

Zein ondorio ditu euskarazko telesailen gabezia horrek?

Lehen bazeuden erreferenteak eta orain desagertu dira, krisia dela bestea dela. ETB1 sortu bazen helburu batekin, ez du inolaz ere bete. Gaur egungo gazteek, fikzioan, ez dute euskarazko erreferenterik. Mundu osoa dute eskura, gaztelaniaz, ingelesez, eta zaila da horrekin lehiatzea. Baina saiatu ere ez egitea lotsagarria da. Gainera, lehen, ez bazen hemen ekoizten, bikoiztu egiten zen gutxienez. Orain hori ere ez, pentsa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Telesailak
Lodiek ez dute lekurik film eta telesailetan

Nahiz eta herritarren erdia baino gehiago "normopisua" delakotik gora egon, film eta telesailetako pertsonaien %3,3ak baino ez ditu gorputz horiek ordezkatzen. Apenas dagoen pertsonaia gizenik, eta dagoenean, sarri bere gizentasuna du trama nagusi, bereziki emakumea... [+]


2022-09-05 | Sustatu
Boterearen Eraztunak telesaila euskarazko azpidatziekin estreinatu da

Gertaera nahiko azpimarragarria da, Boterearen Eraztunak telesaila euskaraz ere estreinatu duela munduan Amazon Prime Video plataformak. Streaming plataformen munduan, 2022 honetako fenomenotzat aurkeztu dituzte The Lord of the Rings / Eraztunen Jaunaren prekuela, eta... [+]


Euskarara bikoiztuko dute “The Lord of the Rings” telesaila

Amazon Primek kaleratuko duen telesaila inoiz eginiko garestiena da eta irailaren 2an izango da estreinaldia. J. R. R. Tolkien-en mundua berpiztuko du telesailak.


Heartstopper telesailak agerian utzi du kolektibo oso baten “nerabezaro lapurtua”

Kritika eta publikoaren arrakastatik harago, Heartstopper telesailaren ikusle asko mezu bera uzten ari da sare sozialetan: belaunaldi berrientzat erreferente pozgarria dela bi mutikoren arteko lehen maitasun istorio ezti eta jostari hau, hainbeste eta hainbeste izanik... [+]


Hype kultura, etengabeko frustrazioa

Gertatuko zitzaizuen: leku guztietan sekulakoa balitz bezala iragarri duten pelikula edo telesaila ikusi ondoren, frustrazio pixka batekin, “ez zen hainbesterako” esaten bukatu duzue. Eta azkenaldian inoiz baino gehiagotan gertatzen zaizue. Lasai, ez zaudete seko... [+]


Nazionalismo espainiarraren armak gerra kulturala irabazteko

Hamarkada hau arma sinboliko berriak karga-karga eginda abiatu du nazionalismo espainiarrak. Sumatzen da. Sentitzen da. Zenbatu daiteke. Baina nola lortu dute eztabaida publikoan horrela eragitea? Pablo Batalla Cueto historialari eta idazle asturiarrak iaz argitaratu zuen Los... [+]


2021-08-02 | ARGIA
2021ean gozatzeko hamabi ikus-entzunezko

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait ikus-entzunezko. Beste artikulu honetan beste horrenbeste liburu ere gomendatu ditugu.


2021-02-01 | ARGIA
2021eko ikus-entzunezko Argia Saria: ‘Hondar Ahoak’ telesaila

Txintxua Films ekoiztetxeak ETBrentzat sortutako thrillerra da aurtengo ikus-entzunezko Argia Sariaren irabazlea. Koldo Almandoz zuzendariak eta Marian Fernandez ekoizleak jaso dute saria.


2020-12-10 | Kepa Matxain
Etiketak zauritu du fikziozko begirada

“Tarantinokeriak”, “klima aldaketa” edota “arrazismoa AEBetan”. Ikus-entzunezko streaming plataformek etiketetan sailkatuta eskaintzen dute fikzioa. Kultur industriaren azken jokaldietako bat da: fikzioa tematizatuta sartzen zaigu... [+]


Omar Diop.'Hondar Ahoak' telesaileko aktorea
“Hizkuntza da biderik onena hemen integratzeko”

'Hondar Ahoak' teleisailean agertzen da astero Omar Diop 24 urteko gazte berriatuarra. Senegaletik heldu, eta Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolan hasi zen euskara ikasten. AEKn ere aritu zen.


‘Hondar ahoak’ telesailak mugarri bat jarri du ETBrentzat sortutako fikzioan

Buelta askorik eman gabe esango dut: bart gauean Hondar ahoak-ek inflexio-puntu bat markatu zuen euskarazko telesailen historian. Koldo Almandozek zuzendutako serie berriaren lehen kapitulua ikusi ondoren, ikusle askok izan dute sentsazioa, eta hala adierazi dute sare... [+]


Eguneraketa berriak daude