Urtebete igaro da, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean, 70 herrialde baino gehiagotan greba feminista deitu zenetik. Milaka izan ziren 2018ko martxoaren 8an lantegietan, etxeetan, merkatuan eta hezkuntzan beren jarduna gelditu zuten emakumeak*. Borroka feministak tinta morez data historiko bat markatu zuen egutegietan, eta mugarria jarri bere bidean. Iazko planteamenduaren ildo beretik tira eginez, pauso bat harago doa aurtengo greba deialdia: egun osoz planto egitea. Emakumeek egiten dituzten lanen faltan sostengatzen ez den sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialistari hordago zuzena.
Sistemak gure bizitzak zeharkatzen dituenez gero, berau desafiatzean geure buruak ere desafiatzen ditugu ezinbestean, ordea. Emakumeek egun batez planto egiteko planteamenduak, sistemaren oinarrietan ez ezik, gu guztion egunerokotasunean ere eragiten baititu trabak eta deserosotasunak: iaz egiaztatu zenez, espazio publikoan zein pribatuan emakumeek egin ohi dituzten lanak airean geratzen direnean, azaleratu egiten dira jendartearen erdia menderatu ezean bizitza antolatzeko ditugun ezintasunak. Horrek geure bizitzetan ere egiten du isla, bizi dugun desparekotasuna nabarmen egiteraino. Horregatik da, hain justu, greba feminista eraldaketarako tresna boteretsu: norbere kateen kontzientzia hartzeak eragiten duen deserosotasuna iraultzarako erregai izan daitekeelako. Euskal Herriko Mugimendu Feministak grebari begira publiko egin duen dossierrean ohartarazten duenez, eraldaketa feminista eman dadin gatazka beharrezkoa baita, "bereziki gatazka politikotik kanpo geratu diren eremuetan”. Zaintzarena da eremuotako bat, eta iaz hasitako lanari jarraiki, berau arrakalatzera dator aurtengo greba.
Zaintzaren eremua gatazka politikotik at geratu bada, logika kapitalista heteropatriarkalak espazio publikoan eta pribatuan egiten diren lanak bereizten dituelako da. Bereizketa horrek publikoan kokatu eta balioa eman die lan-merkatuan egiten diren soldatapeko lanei (lan produktibo deituak), eta bizitzaren sostenguari dagozkionak (lan erreproduktibo deituak) eremu pribatuan kokatu ditu, ikusezin eta doako –edo prekario– bilakatuz, bizitzaren sostengurako eta kapitala produzitzeko baliotsuak ez balira bezala. Ondoko datu pareak gauzak beste modu batera ikusten lagundu dezakete: 2016ko Etxeko lanaren kontu satelitearen (Eustat) arabera, EAEn 21.342 euroko gainbalioa ateratzen da bizitzaren erreprodukzioarekin eta zaintzarekin, BPGren %32,4. 2013ko estatistiketan zehaztuta ageri da lan horiei dagokienez generoaren araberako banaketa: %66,7 emakumeak dira eta %33,3 gizonezkoak. Amaia Perez Orozco ekonomialari feministak Subversión feminista de la economía (Ekonomiaren subertsio feminista) lanean argi dioenez: “Bizitza sostengatzeko ardura feminizatua dago feminizatuak dauden baloreekin lotzen delako”. Ez besterik. Zaintzaren feminizazioa ulertuko bada, beraz, termino politikoetan izango da.
Euskal Herriko Mugimendu Feminista: "Horretara
goaz grebara, sistemarekiko haustura
eragiteko eta paktu sozial berri bat eskatzeko”
“Emakumeon* esplotazioari esker lan horiek dohainik ateratzen zaizkio sistemari, zer esanik ez arrazakeriarekin gurutzatzerakoan (…) Kapitalak ezingo luke horrenbesteko aberastasuna metatu lan horiek guztiak dohainik edo lan baldintza okerretan egingo ez balira”, salatu du Mugimendu Feministak. Zaintzaren berrantolaketa soziala eman ezean, ezein emakume ez dela aske izango argi izanik, zera diote: “Badakigu kapitalismoa ezin dela berregin emakumeak* azpiratu gabe. Emakumeok planto egiten badugu, dena gelditzen da. Beraz horretara goaz grebara, sistemarekiko haustura eragiteko eta paktu sozial berri bat eskatzeko”. ‘Bizitza erdigunera’, aurtengo greba feministaren aldarria denak helburu horri jarraitzen dio hain justu: bizitzak erdigunean jarriz berauen sostengua ardura kolektibo bilakatzea, gizarte egituraketa osoan eraginez. Emakumeek bizitzak eusteari planto eginez gero, derrigorrezkoa bilakatzen baita bizitza kolektiboki nola sostengatu pentsatzea, bai beroni eutsi nahi badiogu bederen. Eta horrek zuzenki interpelatzen gaitu guztiok. Bizitzan zehar, momenturen batean edo bestean, denok eman eta jaso behar izaten baititugu zaintzak.
Hasi instituzioetatik eta gizonezkoetaraino, grebak paretaren kontra jartzen du zaintzen banaketa desorekatuarekin lotura zuzena duen oro, airean geratutako zaintzak nola kudeatu pentsatzera derrigortzen baititu. Zentzu honetan, iazko greba feminista proba pilotu gisakoa izan zen, eta zaintzen ardura kolektibizatzeari dagokionez, zenbait saiakera eredu utzi zituen.
Hezkuntzaren eremua izan daiteke, familia esparruarekin batera, zaintzak kudeatzeari dagokionez greba egunean buruhauste gehien izan ditzakeen eremuetako bat. Zaintza lanen beharra duen populazioaren zati handi bat biltzen du, ikastetxeetan igarotzen baitituzte haur eta gazteek eguneko ordu dezente. Eta horri, irakasle lanbidea feminizatua dela gehitu behar zaio. Hala bada, ikasleen amek eta emakumezko irakasleek planto egiteak, zaintza lanen kudeaketari dagokionez kinka larrian jartzen ditu ikastetxeak. Iaz, inprobisazioa izan zen nagusi, eta tokian-tokiko ikastetxeek erabaki zuten nola moldatu greba egunean: zentro batzuetan, kolektiboan antolatu beharrean, norbanakoaren esku utzi zen greba egiteko aukera; beste zenbait tokitan klaustroak egin zituzten, eta zenbait zentrotan soilik gizonezko irakasleak lanera joatea erabaki zuten, irakaskuntzaren gainetik zaintza lanak lehenetsiz; bestalde, zuzenean ikastetxeak ixtearen alde agertu zen ikastetxerik ere egon zen.
Askotariko erabaki horien aurrean ikastetxeetan lanketa garrantzitsua egiteke geratu zela iritzita, 2019ko grebara begira aitekin zaintza kolektiboak antolatzeko beharra azpimarratu zuen Steilas sindikatuak iaz. Ildo horretan lanean ari diren galdetuta, azkenean gizonek egin beharrekoak ez bideratzea erabaki dutela azaldu du Nagore Iturrioz sindikatuko kideak. Gizonezkoen arteko antolakuntza grebaren aldarrikapenen artean egonik, egiteko hori beraien esku uztea zentzuzkoena dela iruditu zaie: “Guk bideratzea, azken finean, berriro ere lana guk (emakumeak*) egitea litzateke”. Hala bada, ikastetxeak zaintza eremu bilakatzeko gonbidapena egitera eta greba lantzeko unitate didaktikoa osatzera mugatu da Steilas, nahiz eta behar duenari laguntza eskaintzeko prest azaldu: “Autonomoki antolatu beharko lirateke, baina informazioa behar izanez gero laguntzeko prest gaude”.
Laguntza behar izatearen aurrean ulerkor agertu da Iturrioz: “Guk bota ditugu hainbat proposamen gizon bezala identifikatzen direnentzat, baino praktikara eramatea zaila da. Nola saretu ezezaguna den jendeak umeak zaintza eremu bilakatutako ikastetxeetara eraman ditzan? Ez da hain erraza, eta horregatik diot herritik, auzogintzatik, atera behar den zeozer dela. Hori ondo egituratu beharra dago”. Zentzu horretan iazko martxoaren 8an Donostiako Egia auzoko gizonezkoek egindako lanketa komunitarioari eredugarri deritzo, eta aurrekari hori izanik, ikastetxeei berau ezagutzera ematekotan direla azaldu du, interesa duena “beraiekin harremanetan jarri eta antolatzeko”.
Auzolana ardatz, Egian bezalaxe antolatu ziren gizonak Bilboko San Inazio auzoko Errondoko Auzo Etxean ere. Greba Feministaren baitan gizonek zein paper bete behar zuten hausnartu ostean, zaintza lanak eta eguneko kostu ekonomikoak beren gain hartzea erabaki zutela azaldu du Auzo Etxeko kide Adrián Gómez Yaguek. Hala bada, egun guztian zehar espazioa irekita mantendu zuten, eta bazkariaz kargutu. “Emakumez* osatutako 35-40 bat pertsonako taldeari bazkaltzen eman genion, eta askari orduan haur bat gurekin utzi zuten”, gogoratu du. “Bagenekien jendea bazkaltzera hurbiltzea posible izan arren, inor gutxi egongo zela familiako kide bat gure kargu uzteko prest. Agian anbizio handiko planteamendua zen”, egin du hausnarketa. Auzolanetik jardun arren, Iturriozek mahaigaineratutako erronkarekin egin zuten topo Auzo Etxeko gizonek: nola lortu jendearen konfiantza, zaintzapean dituzten pertsonak halako tokietan eta ezezagunen esku uzteko?
Aurtengo greba egunean ere gizonen artean antolatzeko proposamena asanbladara eramateko asmoa dutela aurreratu du Gómezek, eta iazkoak baino harrera handiagoa izatea espero du. Argi dauka grebak gizonei ere paper bat exijitzen diela: “Uste dut martxoaren 8koa bezalako greba batean gizonezkoon papera garrantzitsua dela, inolaz ere ez printzipala, baina bai beharrezkoa gure diskurtsoan ‘feminismoaren aliatu’ bagara. (…) Halako ekintza txiki batek, sinbolikoa izan arren, greba egitea erraztu diezaieke emakumeei*”.
Plantoaren beste aldea, zaintza lanen ardura soltatzeari dagokiona, nola bizi izan zuten kontatu dute Leire Medrano Asenjo eta Ane Labiano Etxebarriak. Biak dira ama, baina bakoitzaren egoera desberdina izanik, ezberdin planteatu zuten greba. Medrano bananduta dago, eta egun horretan haurraren aita ez zen zaintzaz kargutu. Hala bada, familian antolatu ziren zaintzei bide emateko. Bere aita haurrak –ahizparenak barne– zaintzeko prest azaldu zela dio: “Ohikoan, nire aitak zaintzen ditu ilobak, eta egun horretan ere bere ardurapean geratu ziren”. Etxeko emakumeak kalera atera ziren, eta gauez etxeratu arte, aitona arduratu zen haurrez. “Aitak nirekin hartu ez zuen ardura, ilobekin hartu du orain, aitita moduan. (…) Jubilatu zenetik disfrutatzen ikasi du, baita zaintzak ematen duen alde positiboaz ere”, egin du hausnarketa. Aurten era berean moldatuko direla aurreratu du.
Labiano erditu berri zen, eta bere kasuan “zaintza alorreko greba ezinezkoa izan zen”. Haurra gainean atera zen grebara, garrantzitsuagoa iruditu baitzitzaion honek titia izatea, greba egitea baino. Etxeko lanak bai, bikotekidearen esku geratu ziren, nahiz eta nobedadea izan ez: “Ia beti banatzen ditugu lanak horrela: berak etxeko lan gehiago egiten ditu, eta nik denbora gehiago eskaintzen diot haurraren zaintzari”. Hori bai, egun hartan bikotekideak bere amari ere bazkaria egin ziola kontatu du, biak batera grebara joan zitezen. Etxeko eta zaintza lanen gaineko hausnarketa ohikoan presente daukatela dio, nahiz eta “egunerokotasunean gauzak zailtzen direla” aitortu. Aurtengo grebari begira, haurraren zaintza tarte batez beregain ez hartzea bideragarri ikusten du, baina ez egun osoz, haurra oraindik txikia delako.
Aurten, iaz ez bezala egun osoko greba deitu denez, emakumeek greba egiteko aurkituko dituzten oztopoak gehiago izango direla aurreikusi daiteke. Iazkoan norbere kateen kontzientziak pizteko balio izan bazuen, katea motzago ala luzeago lotuta dagoen erreparatzeko aukera luzatu dezake aurtengoak. Alabaina, erronka mailaz igotzeko beharrik barik, iazko deialdian bertan greba egitea eragozterainoko mugekin topo egin zuen hainbatek.
Ziurrenik, greba egiteko zailtasun gehien duten emakumeen sektorea etxeko zaintzaileena da gurean. Gehienak migratzaileak izanik, zapalkuntza hirukoitzaren –arraza, klasea eta generoa– ajeak pairatzen dituzte: inork egin nahi ez dituen lanak egiten dituzte, adinekoen zaintza lanak kasu. Malen Etxea elkarteko Silvia Carrizo argi mintzatu zitzaion honen bueltan Malen Aldalur kazetariari: “Emakume atzerritarrak menpekotasun eta esklabotza egoeran behar ditugu, Euskal Herriko gure zaintza sareak hornitzeko”. Greba eguna ez da salbuespena.
2017ko uztaileko data daraman 64. Euskal Soziometroan adierazten denez, adineko pertsonak zaintzeko modurik egokiena zein den galdetuz gero, familiarteko zaintzaren aldeko iritzia gailentzen da. Aukera honen atzetik, adinekoa kontratatutako pertsona batek etxean bertan zaintzeko aukeraren alde egiten du gehiengoak, eta hor sartzen dira jokoan etxez etxeko zaintzaileak edo etxeko langileak. Lehenengoen kasuan, zaharren egoitzetan gertatzen den moduan, langileak enpresa pribatuen bitartez azpikontratatzeko joera nagusitu da, hauen lan baldintzak kaskartzea eragin duena. Etxeko zaintzaileen egoera ez da inolaz ere hobea, datuak eskandalagarriak dira: Bizkaiko Etxeko Langileen Elkartearen (ELE) 2018ko estatistiken arabera, etxeko langileen laurdena ez dago Gizarte Segurantzan alta emanda, gutxienez %80a atzerritarrak dira, eta %75 inguruk astean 60 ordutik gorako lan jarduna du. Baldintza horietan greba egitea ez da edonolako erronka.
“Etxeetako langileak greba egiteko prest badaude ere, zaila da hauen inplikazioa, bizirautea baitute helburu. Gure aldarrikapenak, batzuetan, exijitzen ditugun aldaketak gehien behar dituztenengandik urruti gelditzen dira”, azaldu du emakume migratzaileen eskubideen aldeko Bidez Bide elkarteko Katia Reimberg-ek. Etxeko langile diharduen Oneyda Sáenz-ek azaldu duenez, “gure arazo nagusietako bat elkarrekin batzeko tarterik ez daukagula da, malabarismoak egin behar ditugu ahalik eta emakume gehien biltzeko, etxeetako langileok ez baitaukagu denborarik, lan hau esklabutza delako”. Horrez gain, greban parte hartzea oztopatzen dien beste arazo nagusi bat ere aipatu du: kaleratua izateko beldurra. Izan ere, “printzipioz langile izate hutsagatik greba eskubidea dugun arren, ez gaituzte langile bezala hautematen”, eta horren adierazle argia da lan eskubideei dagokienez daukaten berme falta. Lana galtzearen beldurrez, “denak ez daukate planto egin eta kexatzeko ausardia", eta hargatik saiatzen da Sáenz “isiltzen diren horiei ahotsa ematen”. Oztopoak oztopo, martxoaren 8an kalera aterako dira: “Ahal dugunok joango gara, baina gaurdanik dakigu gutxi izango garela. Beraz kalera ateratzeko silueta batzuk ari gara egiten, falta direnak errepresentatzeko”.
Katia Reimberg: “Asko hitz egiten dugu zaintzen kate globalaz, baina zer egiten dugu kateokin? Zein da gure papera?”
Iaz, etxeko langileak ikusgai egiteko asmoz, Portugaleteko (Bizkaia) Bizkaia Zubian burutu zen ekintza batek eman zion greba eguneko egitarauari hasiera Bilboaldean. Itsasadarraren Ezkerraldetik Eskuinaldeko etxeetara lanera igaroko ziren emakumeak bistaratzea zuen xede, azpimarratzeko etxeko zaintzaile askok ezingo zutela greban parte hartu. Aipatu ekintza alde batera, Sáenzen iritziz, iaz greba antolatzerakoan beraien kolektiboa ez zuten kontuan hartu. Hala ere pozik dago urtebetean gauzak aldatu direlako, ordutik beraien egoera mahaigaineratzen aritu baitira, feminismoaren agenda politikoan txertatzeko. “Kontzientziak sortu ditugu, bizitzen ari garena ikusarazi, geu ere pertsonak garela argi utzi”, dio.
Reimbergen ustez ere, geroz eta agerikoago ari da bilakatzen etxeko zaintzaileen egoera. Hala ere, oraindik nahikoa ez dela iritzita, gehiago borrokatu behar dela uste du: “Hainbat gauza aldatzeko indarrak batu behar ditugu, ez baitago aldaketok egiteko borondate politikorik. Politikan diharduten pertsonek etxeko zaintzaileen egoera aldatzeko legeak egin behar dituzte, egoera ez baita jasangarria (…) Europari ahaztu egiten zaio zaharra dela”. Etxeko langileen egoera hobetzea politika alorreko jendeari bakarrik ez, guztioi dagokigula azpimarratu du, hausnarketara mugatu beharrean, esku hartu beharra nabarmenduz: “Asko hitz egiten dugu zaintzen kate globalaz, baina zer egiten dugu kateokin? Zein da gure papera?”. Ildo horretan martxoaren 8ko greba borrokan jarraitzeko bultzada ikaragarritzat du, baina “egunero martxoaren 8an bezala” borrokatzeko beharra dagoela dio. Bere “utopietako” bat, momentu hauetan, martxoaren 8an denak kalera ateratzea baita. Utopia ortzi-muga, badago norantza ibili eta zer borrokatu.
"Zaintzaren arloko aldarrikapenak"
Zaintzaile eta etxeko langileen lana duindu eta balioesteko xedez, hainbat elkartek erreibindikazioen zerrenda plazaratu dute. Idatzian ondokoak aldarrikatzen dira:
• Profil profesionala duten zaintzaileen eta etxeko langileen lanak egoki definitzea, eta bakoitzaren eginkizunak zehaztea.
• Zaintzailearentzako zein zainduarentzako lan baldintza duinak bermatzea.
• Zaintzaileentzako kontratua aldarrikatzea, eta lanok duintzeko legeak hobetu eta aldatzea.
• Erregulazioa lan eremu honetan diharduten emakumeak kanporatzeko neurria ez bilakatzea.
• Emakume etorkinek bizi dituzten indarkeria eta abusu egoerak kontuan hartzea.
• Zerbitzu sektore pribatuan enpresek langileentzako lan baldintza duinak bermatzea.
*’Emakume’ izendapenak genero sistema bitarraz gaindiko gorputz eta identitate askotarikoak barne hartzeko orduan mugak jartzen dituen arren, artikulu honetan aniztasun hori barne hartzen du. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren dossierrean bezalaxe, “emakume* hitza erabiltzen dugunean heteropatriarkatuak zapaldutako subjektuez ari gara”.
Frantziako Estatu mailan bideraturiko greba feministari lotu dira Ipar Euskal Herriko sindikatuak eta talde feministak ere. Soldatapeko lanean, zaintzan eta kontsumoan bideratu dute greba.
Hilabeteren buruan feministok emakume* langileon egunean kaleak hartzera aterako gara. Urteroko zita dugu, urtez urte gogoz antolatu eta prestatu duguna. Pasa den astean atzera begirada arin bat egin genuen Portugaleteko asanbladan, 2018ko eta 2019ko greba feministak... [+]
Guardia Zibilak informazio faltsuak eta adierazpen manipulatuak sartu zituen M8ko manifestazioari buruzko txostenean, Espainiako Gobernuari pandemiaren hedapenaren errua leporatzeko, manifestazioa baimendu izanagatik. Txosten horrek ekarri du Moncloak Madrilgo erkidegoan duen... [+]
"Oso azkar goaz", "baina helduta goaz" esan zion emakume batek beste bati Gasteizko Olagibel kalean, justuki Ertzaintzaren komisaldegiaren parean. Eguerdiko 12:30ak ziren gutxi gorabehera. Aldi berean, toki berean, "Gora borroka feminista!" oihuak... [+]
Dani Blanco ARGIAko argazkilariak igandez Donostian ateratako argazki sorta duzue ondoren.
Azken urteetan mobilizaziorako gaitasunari dagokionez nabarmendu den mugimendurik bada, feminista da horietako bat. Bi urtez segidan, greba tresnatzat, martxoaren 8 arrakastatsuak burutu ditu; kapitalaren logikari bizitzarena gainjartzea exijitzeko, milaka emakumek lan orori... [+]
Martxoaren 8an Leitzaldean egin zen greba feministan parte hartu zuten bi lagunek 600na euroko isuna jaso dute. «Mobilizazio egunari hasiera emateko gauerdian egin zen kazeroladan herria aztoratu, errepideko ibilgailuak oztopatu eta ondorioz bai gidarien baita beraien... [+]
2018ko otsailaren 2an kazkabarra gogor jotzen ari zen Donostiako kaleetan. Euskal Herriko Mugimendu Feministak martxoaren 8ko greba feministaren deialdia egiteko agerraldi publikoa abian. Garai bateko Tabakalerako zigarrogileen borrokari aitortza zen hura: dozenaka emakumek*,... [+]
Ekonomia ikastean ez dut inoiz greba kontzeptua ikusi, nahiz eta hauen arteko lotura erabat zuzena izan. Arrazoia agerikoa da: botere ekonomikoak definitzen du zer den ekonomia. Emakumeek egindako grebatan ikusezintasuna bikoitza da, analisia gizonen eta kapitalaren... [+]
Ikusi dugu lehenago. Ekologismoa da adibide paradigmatikoa. Halaber, pink washing-a edo gaypitalismoa. Merkatuak gure borrokak irentsi, digeritu eta gorotz moduan produktu kapitalista bat iraizten digu, salmentarako prest, sistemari funtzionala egiten zaiona.
Hedabideek... [+]
2018ko Martxoak 8ak aurreikuspenak hautsi zituen. Aurtengo greba feministan ere, txiki geratu dira egindako kalkuluak. Begi-bistakoa izan da. Hiriburuetan zer gertatuko geunden, eta horietako indar erakustaldiek iazkoa gainditu badute, aurtengo sorpresa auzoetakoa eta... [+]
Bi greba feminista bizi izan ditut. Bi baino ez dira izan, baina dagoeneko urrun geratzen zaizkit bestelako martxoaren 8ak, “zorionak” ematen zizkigutenak, lore edo bonboi forma zutenak, etxeko zaintzailerik onena izaten jarraitzera gonbidatzen zintuztenak. Ez dago... [+]