Zomorroa da kokoa, bakterioa, intsektua. Izaki inozo, zoro, ganoragabea. Arrotza den hori, desberdin den hori, zu ez zaren hori. Edo, nork begiratzen dizun, zu zeu ere izan zaitezkeena, akaso. Koko deitzen omen zieten Nafarroa iparraldeko ibarretako herritarrek hegoalderago zeudenei: Baztangoek Lantzekoei, Lantzekoek Odietakoei... Batzuek besteei, Kokoerrira heldu arte: Iruñera.
Izen horrek inspiratu du martxoaren 3an Iruñean eginen den libertimendua: Iruinkokoa. Baina zergatik libertimendu bat, non eta Iruñeko Alde Zaharrean? Baxenabarretik datorren inauteria izanik ere, mugak iragateko gaitasuna izan du maiz, baina oraingoan Iruñeko elkarte euskaltzaleei egotzi behar diegu errua. Zaldiko Maldiko, Euskaldunon Biltoki, Karrikiri eta Dugunaren arteko elkarlanak piztu zuen inauteriei beste elementu bat eransteko ideia. Ez da Iruñetik Iparraldera begira jartzen diren lehen aldia, hor baitago Bidador, Iruñeko euskaldunak pastorala aurrekari gisa, baita urteetan elikatutako harremanak ere. Iruinkokoa, baina, lau elkarte horiez harago doan ekimena da, izan ere, komunitate txiki bat antolatu da libertimenduaren prestaketaren baitan. Komunitate euskalduna eta, bereziki, gaztea.
Gazte horietariko bat da Ihitz Iriart Casenave, logistika taldean buru-belarri aritu dena azken hilabeteetan. Haren hitzetan, ekimenak Alde Zaharreko inauteriei beste dinamika bat eman nahi die, tokikoa eta tokikoek sortua, bertako identitatearekin lotura indartu nahi duena eta egunean bertan dibertsioa helburu izanen duena. Libertimenduen gisako esperientzia asko daude Euskal Herrian, antzerkia eta dantza oso presente egon baitira beti herri ugaritako tradizioetan, Nafarroa hegoaldeko paloteadoetan, esaterako. Tradizio hori Iruñera hurbildu nahi izan da ekimen honekin, orain arte herri antzerki horrek ez baitu pisu handirik izan. Iriarten ustetan, aukera polita izan daiteke aurtengo proposamena, euskara plazara ekarri eta inauteriei beste buelta bat emateko. Izan ere, urteari errepaso satirikoa egiteaz gain, libertimenduak inauterien jatorriari egiten dio keinu: boterea kolokan jarri, mugak zeharkatu, gizartearen ordena irauli. Eta hori, gazteek euskaraz sortua, euskaratik eta euskararendako. Iraultza txiki bat, azken finean.
Urteari errepaso satirikoa egiteaz gain, libertimenduak inauterien jatorriari egiten dio keinu: boterea kolokan jarri, mugak zeharkatu, gizartearen ordena irauli. Eta hori, gazteek euskaraz sortua, euskaratik eta euskararendako
Iruinkokoaren muntaketan libertimenduak zein paloteadoak izan dituzte inspirazio-iturri, eta naturala denez, erabaki askotan horien arabera gidatu dira. Ekimenaren bidez, harremana ere estutu egin dute Baxenabarreko libertimendu sarean dabiltzanekin: iaz hango emanaldiak ikustera joan ziren, aholkua eskatu zaie, eta haiek ere etorriko dira Iruñera, Iruinkokoa ikusi eta elkarrekin bazkaltzera. Hala ere, asmoa ez da izan bertakoa hartu eta Iruñera ekartzea, ez du libertimenduen edo paloteadoen kopia huts bat izan nahi. Iruñeko kulturaren bidez eta Iruñean inspiraturik sortu da: bertako pertsonaiak gorpuztu dituzte eta jaikialdiak tokiko gai, erreferentzia eta moldeekin osatu; jarri dituzte, beraz, Iruinkokoa errotzeko zimenduak.
Inprobisatua den guztiak atzetik bere lana baduenez, hilabeteak pasa dituzte talde-lanean prestatzen. Libertimenduak berezko egitura du, lau-bost jaikialdi egiten dira eta bakoitzean patroi bera errepikatzen da: dantza-antzerkia-bertsoak. Hori dela eta, sortzaile talde bakoitzak bere kabuz landu du libertimenduan eskaini beharrekoa, nahiz eta ezin dugun ukatu sorkuntza-prozesuak komunitate txiki bat sortu duela ezinbestean: bakoitzak du bere funtzioa Iruinkokoan, bakoitzak bere interes eta bere mugak, baina denek behar dute elkar libertimenduak funtziona dezan. Ekosistema bateko harreman-sarea dirudi. Alde batean daude koko-xuriak, dantzariak, plaza lehenbizi hartuko dutenak. Dantza berriak sortu dituzte propio inauterirako, Iruindarrak jauzia kasu. Eta dantza berria osatzeko, musikak ere berria behar du izan. Berria eta berritzailea, dantza-tradiziotik urrun mugitzen diren Iruñeko zenbait musikarirengana jo baita laguntza eske. Jazzaren eta jauzien arteko negoziazio-prozesuak luze jo badu ere, emaitzak ez omen du inor epel utziko.
Bestalde, koko-xuriek koko-beltzak behar dituzte ezinbestean, plaza azkar ostuko dieten izaki baldarrak, kontraesanak azaleratuko dizkieten zirtzilak. Indarra dute koko-beltzek, bizkortasuna, grina eta, bereziki, lotsa gutxi. Ideiak ere, faltan izaten dituzte batzuetan, eta horiek eskaintzen saiatu da idazle-taldea. Urtean zehar pasatakoari begirada kritikoa eman eta nork bere buruaz barre egiteko heldulekuak oparitu dizkiete idazleek, koko-beltzek horiekin nahi dutena egin dezaten gero. Elkarrekin egon dira azken asteetan testua ekintzara ekartzen eta ekintzak hitz bihurtzen.
Baina, horrez gain, lagunak ere behar dituzte kokoek, edozein zirtzilkeritan laguntzeko prest izanen duten kokofauna, eta goizeko kalejirako pertsonaiei bizia emanen dien taldea. Baina nondik atera dantzari, zirtzil, eta pertsonaia denentzako jantziak? Inauterian gaude eta, nola ez, zomorrotu beharra dago. Denen meneko ibili da horretan jostun-taldea, izan dotore zein zarpail, denek joan nahi baitute apain igandeko zitara. Badira ere, azken momentura arte ekosistema horretatik kanpo egonen direnak: bertsolariak. Haiek izanen dira publikoaren ahotsa, jaikialdi bakoitzaren ostean ikusitakoa komentatu, kritikatu edo goratuko dutenak. Baina ez dira Iruinkokora informazio gehiegirik gabe joanen diren bakarrak, koko-xuri zein koko-beltzek ere sorpresa asko izanen dituzte, ez baitakite zehatz-mehatz zer eginen duten besteek.
Komunitate bat jarri du martxan Iruinkokoak, baina taldea bere horretan ez da aski, eta publikoa behar du. Libertimenduak ez du balio emanaldia ikusi, kritikak jaso, zirtzilen txantxak jasan eta erreakzionatuko duen publikorik ez badu. Hala, Iruinkokoaren bidez, inauterietan parte hartzeak eta parte izateak duen garrantziari ere balioa eman nahi zaio. Ez da publikoa ikusle arruntzat hartu nahi, butaka batean eserita edo desfile batean begira egon daitezkeenen gisa. Iruinkoko osoaren parte izanen dira ikustera doazenak, interakzioa etengabea izanen baita kalejiran, puska-biltzean, emanaldian eta bazkarian, noski. Badira, beraz, Iruinkokoa ikustera joateko aski arrazoi.
ZORRETAN
Testua eta zuzendaritza: Agurtzane Intxaurraga.
Aktoreak: Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza, Jabi Barandiaran.
Noiz eta non: Urriaren 25ean, Donostiako Gazteszenan.
----------------------------------------
Bere argi propioa bilatzen ari den loreari... [+]
MIÑAN
NORK: Artedrama. Sambou Diaby, Ander Lipus, Eihara Irazusta, Mikel Kaye.
NON: Bilboko Arriaga Antzokian.
NOiz: Urriaren 25ean.
----------------------------------------------
Euskaraz kontatu zuten Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek Miñan 2019an. Bost urte... [+]
Autoan noala hasi naiz artikulua zirriborratzen, mentalki. Ideiarik onenak autoan izan ohi ditut, bakarrik gidatzen ari naizela. Bilborantz noa, Arriaga antzokira. Artedrama konpainiak Miñan antzezlana taularatuko du gaur. Urriak 25 ditu, ostirala da.
Antzokiko atarira... [+]
Eucalyptus
Testua: Nerea Ibarzabal, Jon Ander Urresti, Matxalen de Pedro eta Beñar Urrutia.
Zuzendari eta dramaturgoak: Matxalen De Pedro eta Jon Ander Urresti.
Aktoreak: Jon Ander Urresti eta Beñat Urrutia.
Non: Lugaritz kultur etxean (Donostia).
Noiz:... [+]
Tristezia ez, ondokoa. Eta etsipen handia. Aurten bi sorkuntza erditu ditugu ("Lurrez Estali" eta "Bidasoa Mintzatuko Balitz"), arrakasta handia bildu dugu eta, hala ere, sentimendu garratz batek tinkatzen dit zintzurra.
30 bat urte daramazkit antzerkian... [+]
Alzheimerraren inguruan haurrekin naturaltasunez hitz egitea du helburu ‘Arrain bat bezala’ antzezlanak. “Zenbat eta lehenago landu orduan eta gutxiago estigmatizatzen da”, nabarmendu du Ana Maestrojuán zuzendariak.
TABERNARIA. INSTRUKZIOAK BOTATZEKO ONDO BAT KAÑA
Egilea eta zuzendaria: Patxo Telleria
Aktorea: Mikel Martinez
Noiz: Irailaren 20an
Non: Biltxokon (Baiona)
--------------------------------------------------------
Bezeroak kontua eskatzen duenean izan ezik,... [+]
Azken aukera asteburu honetan 'Inexa de Gaxen' pastorala ikusteko.
OSCARRA OSCARRENTZAT
AKTOREAK: Mikel Laskurain, Jon Plazaola, Oihana Maritorena eta Ane Gabarain.
PRODUKZIOA: LaMandanga Producciones, Txalo Produkzioak
NOIZ / NON: martxoaren 2an, Donostiako Antzoki Zaharrean.
Lehen aldiz ekainean antzeztu zuten Inesa de Gaxen pastorala, Bastidan (Nafarroa Beherea). Izan zuen arrakasta ikusita, xarnegutarrek irailean berriz biziberrituko dute Gaxengo Inesaren historia, irailaren 21 eta 22an, Bardozen (Lapurdi). 1.000 sarrera jarri dituzte salgai... [+]