“Kazetaritzan garai zailak datozela dirudi”

  • 2018ko maiatzaren 21ean, Donostiako kaleetan, ARGIAko kazetari Lander Arbelaitzek hizkuntza eskubide urraketa baten berri eman izana “iraintzat” jo dute bi ertzain erdaldunek. Ertzaintzak barkamena eskatu du egun horretan gaizki jokatzeagatik eta ARGIAk euskaltzale eta kazetarien babesa jaso du egindako lanagatik. Halere, martxoaren 20an, berriro ere, hedabide batek kazetaritzaren eta informazio askatasunaren defentsa egin beharko du epaitegietan.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco

Berriz ere kazetari bat albiste. Ez da oso seinale ona izaten.
Bai, oso gutxitan izaten da sari bat jasotzeko. Gehienetan arazoak dira. Batek agian pentsa lezake kazetariaren gustukoa izan daitekeela protagonismo hori, baina ez, oso desatsegina da.

“Kazetaritza ez da delitu” diogu, baina ez dirudi alderdi edo multinazionalen menpeko hedabideek arazo handirik dutenik lan egiteko.
Arazoak dauzka boterearentzat deserosoa den informazioa argitaratu nahi duenak. Kazetaritza hori da jazarria, salatua eta isundua munduan eta Euskal Herrian.

Ez da lehen aldia Poliziak ARGIAko kazetari baten aurka jotzen duena. Ezta zure kontra ere.
ARGIAk 100 urte bete ditu eta denetarik bizi izan dugu. Zentsura, Euskaldunon Egunkariaren itxieraren harira tortura, Mozal Legearekin zigorrak… Azken urteotan kaleko protesten berri ematea izan da arazo iturri nagusia. Donostiako herri harresian niri gertatutakoa, atxiloketa baten berri emateagatik zuri jarritako isuna edo Gipuzkoa Zutikeko kide batzuen identifikazioez informatzeagatik Gorka Bereziartuari egindako erasoa, batzuk aipatzearren.

Ez da dinamika ona. Kazetariak beldurtzeko nahia dago, baina zorionez babestuta sentitu gara eta horri esker ahaldunduta atera gara komunikazio proiektua indartzen jarraitzeko gogoz.

Kasu hau ez da oso ohikoa. Gutxitan ikusten da Polizia publikoki herritarrei barkamena eskatzen eta ondoren horiek zigortzen.
Horrek erakusten du Ertzaintza barruan dagoen koordinazio eta komunikazio falta. Donostiako ertzain-etxeko buruak barkamena eskatu zuen esanez pertsona bati hizkuntza eskubideak urratu zizkiotela. Jende asko poztu ginen albiste horrekin. Zerbait berria zen. Baina gerora, hizkuntza eskubideak urratu zizkioten pertsonari, Eneka Alvarezi, isuna jarri diote Mozal Legea erabiliz, eta gertatutakoa grabatu zuen kazetariaren aurka salaketa jarri dute. Areago, nire aurkako salaketan bi ertzainek diote sare sozialetan gezurrak esaten jarraitzen dudala, adibidez, esan dugulako haiek barkamena eskatu dutela. Ez da batere serioa. Broma bat dirudi guztiak. Ertzaintza barruan arazoak eta kontraesanak dituzte, autoritatearekin, komunikazioarekin eta euskararekin lotuta.

“Berariaz eskatu digute bi ertzainen partez barkamena helarazteko”, zioen Ertzaintzaren komunikatuak. ARGIAren aurkako salaketan, aldiz, bi ertzainek diote ezetz, ez dutela inoiz inori barkamenik eskatu horrengatik.
Horrek erakusten du Ertzaintzaren barkamen ofizial horretan gezurra esan zutela, bi ertzain horiek barkamena eskatu nahi zutela adierazi zutenean. Eraso euskarafoboa egin eta gainera beraiek azpimarratu dute ez diotela inori barkamenik eskatu nahi. Oso argigarria da. Euskaldunok, tamalez, ohituta gaude horrelako jarrerak sufritzen.

Zein da zure aurkako salaketaren tesi nagusia?
Bi ertzainek jarritako salaketan diote ARGIAk esan duela Eneka Alvarezen identifikazioaren arrazoia izan zela ertzainei euskaraz hitz egin eta hala artatzeko eskatu izana. Hori haien aurkako iraintzat jotzen dute. Bideoa oso argigarria da, ordea. Beraiek diote, Alvarezek prentsaurrekoaren arduradunen identifikazioa oztopatu zuela. Hori gezur borobila da, Alvarezek ez zuen ezer oztopatu. Arduradunak hogei minutu lehenago identifikatu zituzten. Hori ere bideoan jasota dago, gainera. Alvarez hizkuntza gatazka baten ondorioz identifikatu zuten. Horrela ulertu genuen han ginen guztiok eta horrela ulertu dute gerora bideoa ikusi duten guztiek.

Argazkia: Dani Blanco

Han zeundeten asko identifikarazi zintuzteten, baina ertzainak identifikatu al ziren?
Ez, baina han gertatzen ari zena grabatzen hasi zen jende guztia sistematikoki identifikatu zuten. Argi eta garbi utziz, beren protokoloetan dagoela polizia operazioren bat grabatzen duen edozein pertsona, izan kazetaria ala ez, identifikatu behar dutela. Azken urteotan joera hori oso agerikoa da. Niri askotan gertatu zait. Lana oztopatzeaz gain, sarri, beldurra ere eragiten dizute. Eta gainera, behin baino gehiagotan gezurra erabiltzen dute “ezin da grabatu” esanez.

Salatu zaituen ertzain batek hori bera esan zizun, ezta?
Bai, horrelako eztabaida bat izan genuen ertzain horietako batekin. Grabatzen ari ginenean, esan zigun ezin genuela grabatu. Nik erantzun nion baietz, grabatu genezakeela, gure eskubidea dela eta zabaldu ere egingo genuela, eta bere burua bideotan ikusteak min egiten bazion, estal zezala aurpegia. Gordin samarra izan zen, baina grabatzen jarraitu genuen.

Hemerotekari begira, euskaraz ari denari, “que sí, que sí, lo que te de la gana, pero identifícate” moduko erantzun euskarafoboak ez dira salbuespen.
Bai, horrelakoak esan zizkion ertzain batek Eneka Alvarezi. “Me da igual que hables en castellano o en euskera, que te voy a identificar aquí o en base” edo “me estas entendiendo perfectamente”. Legeak dio herritarrak eskubidea duela berak hautatutako hizkuntza ofizialean artatua izateko. Baina une horretan lege eta eskubide horiek ertzainei ez zitzaizkien axola.

Tamalez, euskaldunok badakigu horrelako gauzak gertatzen direla, baina ez gaude oso ohituta salatzera. Urrunetik datorkigun zerbait da. Oso geureganatuta dugu euskaraz hitz egitea bigarren mailako zerbait dela, eta autoritateen aurrean ahaldunduta agertzea arazo iturri bat izan daitekeela. Eta guk, bi hizkuntza dakizkigunez, azkenerako gaztelaniara jotzen dugu. Niri asko gustatu zait Eneka Alvarezek ARGIAn esandakoa: “Hizkuntza eskubideak errespetatu arte, talka izango da”. Euskal Herrian milaka pertsona prest gaudelako hizkuntzari eusteko. Talka horretan arazoa ez dauka herritar ahaldunduak, administrazioak baizik.

Datuak argigarriak dira: 8.000 bat ertzainetatik, 400 inguruk soilik zuten EGAren pareko titulaziorik 2018 hasieran.
Arkaitz Zarragak hala salatu zuen bere kasuaren harira. Euskaraz egiteko eskatzea ofentsatzat hartu zuten Bilboko udaltzain batzuek. Zarraga euskaltegiko irakaslea da, eta jende asko ikusi du, tartean udaltzainak eta poliziak, euskara ikasten duena bakarrik titulua lortzeko, euskaldunon eskubideak bigarren mailan utzita. Polizien kasuetan formazio lan handia dago egiteko. Eta hori gure esku dago. Hemengo instituzioen esku, Madrili ez zaio baimenik eskatu behar hori egiteko. Bertako agintariak galtzak bete lan dabiltza, eta hobe lukete autogobernua hitzez hainbeste goraipatu beharrean, praktikan jartzea. Hasteko eta behin, kaleko agenteei euskarari dagokion legea zein den erakusten. Onartezina da poliziak izatea legea urratzen dutenak. Zarragak ondo zioen moduan, isuna jarriko baliote hizkuntza eskubideak urratzen dituenari agian egoera bestelakoa litzateke. Baina daukaguna kontrakoa da, zigortutakoak ahaldundutako euskaldunak dira. Ertzaintzak kasu hauetan korporatibismoz jokatzen du eta goikoek azpikoak babesten dituzte.

Polizia denek jakin beharko lukete euskaraz, eta hala ez den bitartean, kalean herritarrekin harreman zuzena duten patruiletan, gutxienez, polizia euskaldunak egon behar lukete.

Polizia eredu sasimilitar, itxi eta opaku horri noizbait eskua sartuko al zaio?
Astindu bat behar du, argi dago. Ziklo historiko bat amaitu da Euskal Herrian. Gustatu ala ez. Garaiak aldatzen doaz, eta gu gaur egungo seme-alabak gara. Ingurua aldatzen ari den bezala, Ertzaintzak ere egokitu beharko du bere burua. Polizia ereduaz eztabaidatu beharko dugu, ezta? Hortaz ezin al da hitz egin? Ala hor daudenek bere postua eta botereari nola eutsi da kontua? Bada, hala bada, herritarren eta administrazioaren arteko tartea gero eta handiagoa izango da. Egin beharreko lan handi bat dago hor, herri bezala.

Edonola ere, bere lan publikoaren berri ematea ez dirudi asko gustatzen zaionik Poliziari. Ez hemengoari, ez inongoari.
Ez zaio inori gustatzen bere lana fiskalizatua izatea. Baina hori da gure lana. Guk baliabide gutxi dugu, talde txikia gara, baina kalean gaudenean eta gure begi aurrean zerbait gertatzen denean, zer da egin behar duguna? Gure ardura hori kontatzea da.

Baina, begira, arazoa handiagoa da. Hizkuntz eskubide urraketa hori gertatu zenean, ARGIAk eta Irutxuloko Hitzak bakarrik informatu zuten gertatutakoaz. Ez zen beste inon ezer argitaratu, nahiz eta bideoa oso argigarria izan eta sare sozialetan asko zabaldu. Horrek ere zer pentsatua ematen du, ezta?

Horregatik ARGIAn gure lanetako bat da zabaltzea hedabide handiek kontatu gabe uzten dutena. Eta horrek arazoak dakartzala? Batzuetan bai. Etxe honetako beteranoek diotenez, independentzia garesti ordaintzen da, alde guztietatik.

Beraz, Polizia grabatu behar al dugu?
Noski, baina ez haien aurkako erronka gisa. Kalean gertatzen denaz informatzea eskubidea delako eta herritarrek eskubidea dutelako informatuta egoteko, polizia operazioez barne.

Poliziei deseroso egiten bazaie haien aurpegiak bideoetan edo argazkietan ikustea, orduan konponbide erraza daukate: aurpegia estali eta kito. Baina noski, aurpegia eman nahi ez duen Poliziak nekez esan ahal izango du herritarren gertukoa dela.

Hortaz, ertzainen, guardia zibilen, espainiar edo frantziar polizien aurpegiak lausotuta zabaltzeak ez dirudi oso ariketa gardena.
Polizien identitatea ezkutatzeko ardura hori kazetarion bizkarren gainean uzten saiatu dira. Hori ezin dugu onartu. Kalean zerbait gertatzen ari denean, ezin al dugu zuzenean ezer kontatu? Etxera joan eta polizien aurpegiak banan-banan estaltzeko, bi minutuko bideo bat editatzen bost ordu pasa behar al dugu? Hori ez da zilegia. Aurpegia ez ikustea nahi badute, hori funtzionario publikoen ardura da, ez kazetariona. ARGIAn erabaki dugu hori ez dugula egingo.

Espazio publikoan zer egin dezakegun eta zer ez argitzeko, Mozal Legearen moduko legeak ez dira oso lagungarriak.
Oso argigarria izan zen Mozal Legearen sustatzaile nagusietako batek, Espainiako barne ministro ohi Fernández Díazek, esandakoa Salvados saioan. Jordi Évolek galdetu zion ea Polizia grabatu daitekeen, eta haren erantzuna borobila izan zen: “Bai”. Kito eztabaida.

Polizien jardun publikoaren berri ematean kazetariok ez dugu inoren segurtasuna arriskuan jartzen. Horretan irmo jokatu behar dugu, bestela gure buruari harrika ariko gara, gure lana zailtzen.

Mozal Legeari dagokionez, hipokresia izugarria da hemen duguna. Eusko Legebiltzarrak ez zuela aplikatuko esan zuenetik, ia astero argitaratu dugu albisteren bat isunei buruz. Espainiatik inposatutako legea dela diote eta gaia beste era batera kudeatzeko aukera badute ere, Ertzaintza sistematikoki ari da aplikatzen Mozal Legea. Antzerki horretan sinesgarritasuna galtzen dute.

Informazio askatasunaren urraketei aurre egiteko, ondo antolatuta al gaude Euskal Herrian?
Hobeto antolatu gaitezke. Topatuko Iraitz Salegiren kasua datorkit burura. Terrorismoa goratzea leporatu zioten ekitaldi publiko baten berri emateagatik eta ehunka kazetarik adierazi genion babesa. Badago eskubideen alde agertzeko prest dagoen kazetari multzo handi bat, baina ez dago antolatuta. Eman genezake pauso bat aurrera informazio eskubidearen defentsa egiteko. Garai zailak datozela dirudi.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetarien aurkako jazarpena
2024-12-04 | Leire Artola Arin
Kapitalismo berdearen izenean, lurraren defendatzaileak kriminalizatuta

2023an ezagutu genuen Solway Investment Group multinazional suitzar-errusiarraren boterea noraino iristen den. Guatemalan duen Fenix meategiaren gehiegikeriak agerian uzten zituen ikerketa baten berri eman zigun Prensa Comunitariako kazetari batek, eta elkarrizketa hori [+]


Pablo Gonzalezen aurkako mendekua ikusten du haren abokatuak, Poloniako Gobernuaren jarreran

Pablo Gonzalezek Errusian jarraitzen du, Poloniako Gobernuak pasaporteak konfiskatu zizkion kazetariari eta "Poloniako autoritateen esperoan" daude, Euskal Herrira bueltatzeko. Hala azaldu dio Gonzalo Boyé abokatuak Berriari.


Pablo Gonzalez espioitzagatik ikertzen jarraituko du Poloniak

Poloniako Fiskaltza Nazionaleko bozeramaileak adierazi du euskal kazetaria oraindik formalki akusatu ez badute ere, “legearen arabera auzi-ihesean akusatua” izan daitekeela. Gonzalez preso trukean sartzeko erabakia Washingtonetik etorri zen, baina Poloniako zerbitzu... [+]


Pablo Gonzalezek salatu du torturatua, mehatxatua eta presionatua izan dela Poloniako espetxean

Kazetariak adierazi du ez diotela argi azaldu zergatik espetxeratu zuten, eta espetxean zegoela “bere buruaz beste egitea” iradoki ziotela, Russia Today-n izandako elkarrizketa batean. Esan du laguntza “gutxien espero zen tokitik” etorri dela.


2024-08-07 | Euskal Irratiak
Oihana Goiriena
“Haserre gara, Polonia airos atera baita Pabloren kontrako salaketa frogatu gabe”

Osasun artak biltzen ari da Pablo Gonzalez Moskun une honetan. Joan den astean, Poloniako Radomgo segurtasun handiko espetxetik atera zen kazetaria bi urte eta bost hilabeteko preso egon ondoan. Poloniak leporatzen zion espioitza frogatu gabe libre atera da.


Pablo González kazetaria aske utzi dute, Polonian bi urte eta erdi kargurik gabe espetxeratuta egon ondoren

2022ko otsailaren 28an atxilotu ondoren, aske utzi dute bere aurkako frogarik eta bistako epaiketarik gabe. Bizkaiko kazetariaren talde juridikoak informatu du “preso dauden hainbat kazetari libre uzteko” Errusiak eta Poloniak adostu duten trukeagatik geratu dela... [+]


2024-07-24 | Axier Lopez
Artxibatu egin dute AraInfo-ko bi kazetariren eta Zaragozako zinegotzi baten aurkako kereila

"Kereilatuei –Chorche Tricas eta Iker González kazetariak– egotzi eta iraingarritzat jotzen zaizkien artikuluak "adierazpen- eta informazio-askatasunaren barruan daude", eta Zaragoza en Común-eko zinegotzi Suso Domínguezen kasuan... [+]


Israelek kazetari palestinarrak hiltzeko patroi bat jarraitzen duela erakutsi dute

Kazetarien Babeserako Batzordeak adierazi du 103 kazetari hil dituztela sionistek urriaren 7tik eta 150etik gora zenbatu ditu Gazako Osasun ministerioak. Txosten batek ohartarazi du kasu batzuetan nahita hil zituztela, kazetariak zirela jakinda.


Aske geratu da Julian Assange, AEBekin akordiora iritsita

Erruduntzat joko du bere burua Euskal Herrian gauerdia denean egingo den epaiketan. Erresuma Batuan espetxean egon den denborako –bost urte eta bi hilabete– espetxe zigorra ezarriko diote. Horrela, aske geratuko da.


Nazio Batuen Erakundeko 193 kide hil ditu Israelek urritik, inoizko gehien

Palestinar errefuxiatuei laguntzeko UNRW agentziako kideak dira hildakoak. NBEko langileen heriotza tasa altuena dela jakinarazi du agentziak. Israelek momentu oro jakin du non zeuden laguntzaile humanitarioak, eta “berariaz” egin die eraso, salatu duenez. 122... [+]


2024-06-18 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Benetako espioia ote da ba Ewan Gerxkovitx kazetari estatubatuarra?

Errusiako epaileek leporatzen diote, besteak beste, Armata errusiar tanke modernoenaren ekoizlea den Uralvagonzavod enpresako dokumentu klasifikatuak gainean zeramatzala harrapatu zutela. 20 urteko zigorra jaso dezake. Baina benetako espioia ote zen? Zoritxarrez, ezetz esango... [+]


2024-04-29 | ARGIA
Pablo Gonzalez kazetaria aske uztea eskatu dute beste behin Nabarnizen

Apirilaren 28an 42 urte bete ditu Pablo Gonzalezek. Kazetariak 26 hilabete daramatza Poloniako kartzela batean, Errusiaren alde espioi aritu dela egotzita. Gonzalezek idatzitako gutun bat irakurri du Oihana Goirienak. “Hor zaudetela eta ez nagoela bakarrik jakitea... [+]


Jesús Rodríguez kazetariak erbestera jo du Auzitegi Nazionalaren jazarpenaren aurrean

Joan den azaroaren 6an Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel García-Castellón epaileak hamabi pertsona auzipetu zituen Tsunami Democratikoa auzia dela eta. Ostegun honetan ezagutu zen hiruk atzerrira ihes egin dutela, tartean Jesús Rodríguez La... [+]


Eguneraketa berriak daude