Martxoaren 15erako dagoelarik deituta mundu osoko eskoletan Klimaren Aldeko Greba, milaka gazte irtengo dira kaleetara ikasketak utzita. Udazkenetik ostiralez ostiral zabaltzen doan protestaren protagonistak 15-17 urteko gazteak dira, Greta Thunberg suediarra hartu dutenak erreferentzia nagusi. Belaunaldi berri baten lehen aldarria? Klimaren krisiari irtenbide hiper-teknologizatua eman nahi dion kapitalismo berdearen manipulazioa? Piztu bezain fite itzaliko den memea?
Guk, lizeoko ikasleek, badugu gure iritzia emateko gu baino zaharragoak diren gehiengoa geldirik delarik. Gure etorkizuna dago jokoan. (...) Ikusten ote duzu zeure burua izanen ez den etorkizun baterako ikasketak egiten? Bakoitzak bere heinean parte har dezake, baina helduek, gure eginahalak peko errekarat eramaten badituzte beren abantailen babesteko eta geldirik egonez, gure indarrak alferrikakoak izanen dira. Dolua ere ezinezkoa izanen da. Geldirik egoteak, jendartearen bukaerarantz garamatza, ekin dezagun elkarrekin orain, bihar bizitzeko”.
Horrela mintzo dira Ipar Euskal Herriko lizeoetako 15-17 urteko ikasle gazteak, Bizi! mugimenduak hedatu duen agirian, gazte guztiei dei egiteko martxoaren 15ean munduko hiri eta bazter askotan deituta dagoen Klimaren Aldeko Greban parte hartzera. Irakurleak azpimarratua izango du: “Baina helduek, gure eginahalak peko errekarat eramaten badituzte beren abantailen babesteko eta geldirik egonez“...
Ikasle protesta berria hasi zen Greta Thunberg gaztearen inguruan. 2018ko abuztuaren 20an, ostirala, orduan 15 urte zituen neskatoak eskola utzi eta Stockholmgo parlamentuaren atarian eserialdia egin zuen, alboan zeukala “Skolstrejk för klimatet“ (Eskola-greba klimaren alde) zioen afixa. Irailaren 8an esan zuen Suediako Gobernuak klimaren aldeko Parisko ituna sinatu eta karbono isuriak murrizteko erabakia hartu arte, ostiralero egingo zuela eskola-greba.
Thunbergek Fridays For Future –Etorkizunaren aldeko ostiralak– bataiatu grebak laster bildu zituen jarraitzaileak eskola askotan. Azaroan milakoetan konta zitezkeen Australiako ostiraletako grebalariak. Abendurako uhinak senti zitezkeen mundu osoan: Austria, Belgika, Kanada, Herbehereak, Alemania, Finlandia, Danimarka, Japonia, Suitza, Britainia Handia, AEBak...
Greta Thunbergen hitzak TED famatu batek bildu ditu eta geroztik zuzenean entzun dituzte Nazio Batuen Erakundean bezala Davoseko Forumean, munduko elitearen gailurrean: “Nire asmoa ez da zuek etsitzea: zuek ikara sentitzea nahi dut. Nahi dut zuek ere sentitzea nik egunero sentitzen dudan beldurra eta jokatzea etxean sutea bageneuka bezala, larrialdi horixe baita daukaguna”.
Hilabeteekin, ordea, azaldu dira zalaparta hau dena hain espontaneoa ez dela diotenak. Suedian ikerketa kazetaritza egiten duen Andreas Henriksson izan zen lehenbizikoa adierazten We Don’t Have Time (Ez dugu astirik) enpresaren operazio bat dela, eta susmo horiek zabaldu dira geroztik bazterretan. Berrikitan Isabelle Attard diputatuak Reporterre hedabide ekologistan bildu ditu titulu honen pean: “Kapitalismo berdea ari da erabiltzen Greta Thunberg”.
Laburtuz, We Don’t Have Time startup-ak [negozio-ideia berritzaileetan oinarrituta sortutako enpresak] ematen ei dio haize Thunbergi, 100 milioi kideko sare sozial bat antolatu eta klimaren beroketaren kontra gehiago egin dezaten presio egiteko enpresaburuei bezala politikariei. Enpresaren buru den Ingmar Rentzhog omen da garapen iraunkorraren alde ari den Global Utmaning think-tank-aren zuzendari ere eta Davoseko forumeko handikiekin legoke lotuta, hau da, planeta mundializazio gehiagoz eta soluzio teknologiko are sofistikatuagoz salbatu nahi luketenekin.
“Gaztetxo honen eta bere jarraitzaileen borroka –dio Attardek– osasungarria da eta kontzientzia hartze ekologistarentzako itxaropen iturri. Alabaina, ez dugu inozoak izan behar inguruan dituen heldu batzuen jokabideaz”.
“Justu Aspergerra dudalako”
Greta Thunbergek bere Facebookean erantzun die mesfidatiei otsailaren 2an. Hasten da kontatzen nola entzun zuen eskola-greba baten ideia beste gazte baten ahotik eta ondoren nola garatu zuen berak bakarrik, inguruko gazte kezkatuek bestelako bideak hobesten zituztelako. “Baina inor ez dabil –dio Thunbergek– nire atzean, neu ez besterik. Nire gurasoak ere urrun zeuden kezka hauetatik nik ohartarazi nituen arte”.
Bere izaeraren berezitasun hau ere ez du ezkutatzen: “Batzuek irri egiten dute ezberdina naizelako. Baina Aspergerra ez da gaixotasun bat, dohain bat da. Horrela ari direnek diote Aspergerra dudanez ezin izan dudala neuk bakarrik erabaki honetan hasi. Baina justu horrexegatik egin dut, zeren eta ni izan banintz normala eta lagunartekoa, orduan elkarte batean sartuko nintzen edo beste bat antolatuko nuen neuk. Baina lagunartekoa ez naizenez, plaza erdian egin dut eskola-greba”.
Beste erantzun hau neskatoa heldu baten gisa hitz egin eta idazten duelako kritikatzen dutenei: “Uste duzue 16 urteko gaztetxo batek ezin duela bere kasa hitz egin? Eta gero badira gauzak gehiegi sinplifikatzen ditudala diotenak ere, esate baterako diodanean “klimaren krisiak erantzun sinplea dauka: edo dena beltz edo dena zuri”, “negutegi eragina duten gasen isurtzea gelditu behar dugu” edo “nahi dut zuek ikaratzea” [I want you to panic]. Baina horrela mintzo naiz egia delako. Klimaren krisia da inoiz aurrean aurkitu dugun arazorik konplexuena eta denetik egin beharko dugu horri aurre egiteko. Baina soluzioa sinplea da: negutegi eragineko gasen isurketa gelditu beharra daukagu”.
Neska, diote besteek, zuk dena ikusten duzu edo zuri edo beltz? “Edo zuri, edo beltz: edo mugatzen dugu beroketa industri aroa baino lehenagoko mailarekiko +1,5ºC-ra, edo ez dugu mugatzen. Hau da, edo iritsiko gara haustura puntu batera zeinetan hasiko den erreakzio kate bat gizakiaren kontrolari ihes egingo dioten gertakizunekin, edo ez gara iritsiko. Edo gure zibilizazioak iraungo du, edo ez du iraungo. Bizirauteari dagokionean ez dago grisarentzako tarterik”.
Beste hitz bat jendeak izutu beharra kritikatzen diotenentzako: “Ikaratu behar duzuela diodanean esan nahi dut krisiarekin jokatu behar dugula krisi batekin bezala. Etxea sutan baldin badaukazue, ez zarete eseriko eta hitz egiten hasiko garrak itzalitakoan nolakoa berreraikiko duzuen eztabaidan. Etxea sutan badaukazue, korrika irtengo zarete, ondo zainduko duzue denak kanpoan egotea eta suhiltzaileei deituko diezue. Honek paniko maila bat eskatzen du”.
Horrela mintzatzen da Greta Thunberg eta milaka gaztek jarraitzen diote. Sare sozialek –gibeletik norbaitek sustatuta– haizatu eta laster ahaztuko duten memea ote den? Irakurleak LARRUN batetik ezagutzen duen Ugo Bardik dio: “Gure biziraupena dago jokoan eta armak behar ditugu: historian zehar inongo gerrarik ez da inoiz irabazi nagusitasun morala erabiliz arma bakartzat. Greta Thunberg baldin bada arma memetikoa, meme on bat da helburu onez sortua. Beraz, goazen eta borroka dezagun”.
Munduan gutien aipaturiko krisi humanitarioa da Angola hego-mendebaldean 2019az geroztik irauten duena. Klima aldaketak indarturiko lehorte luze baten ondorioz milioika pertsona janari eskasean edo desegokitasunean bizi dira eta ura bilatzeko ahalegin handiak egin beharrean... [+]
Lurrak guri zuhaitzak eman, eta guk lurrari egurra. Egungo bizimoldea bideraezina dela ikusita, Suitzako Alderdi Berdearen gazte adarrak galdeketara deitu ditu herritarrak, “garapen” ekonomikoa planetaren mugen gainetik jarri ala ez erabakitzeko. Izan ere, mundu... [+]
Eskola inguruko natur guneak aztertu dituzte Hernaniko Lehen Hezkuntzako bost ikastetxeetako ikasleek. Helburua, bikoitza: klima larrialdiari aurre egiteko eremu horiek identifikatu eta kontserbatzea batetik, eta hezkuntzarako erabiltzea, bestetik. Eskola bakoitzak natur eremu... [+]
Agintari gutxik aitortzen dute publikoki, disimulurik eta konplexurik gabe, multinazional kutsatzaileen alde daudela. Nahiago izaten dute enpresa horien aurpegi berdea babestu, “planetaren alde” lan egiten ari direla harro azpimarratu, eta kutsadura eta marroiz... [+]
Biologian doktorea, CESIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikerlaria eta Madrilgo Rey Juan Carlos unibertsitateko irakaslea, Fernando Valladares (Mar del Plata, 1965) klima aldaketa eta ingurumen gaietan Espainiako Estatuko ahots kritiko ezagunenetako bat da. Urteak... [+]
Nola azaldu 10-12 urteko ikasleei bioaniztasunaren galerak eta klima aldaketaren ondorioek duten larritasuna, “ez dago ezer egiterik” ideia alboratu eta planetaren alde elkarrekin zer egin dezakegun gogoetatzeko? Fernando Valladares biologoak hainbat gako eman dizkie... [+]
Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]
Desagertzeko arriskuan dauden izotz-masak dokumentatzen dituen nazioarteko erregistro batek Pirinioetako Monte Perdido sartu du zerrendan.
Aurtengo urtarrila 1850. urteaz geroztik beroena izan dugu. Gainera, aurreko hilabeteen joera mantentzen du, azken hemeretzi hilabeteen artean, hemezortzigarrena da bero erregistroak apurtzen.
Nature Medicine aldizkarian publikatutako artikuluaren arabera, berotegi efektuaren ondorioz handiagoa izango da beroak eragindako heriotzen igoera hotzak eragiten duen heriotza jaitsiera baino. Gainera, beroarekiko egokitze onenak ere ez luke arazoa guztiz konponduko.
Igande arratsaldean Greenpeace-ko 30 kide inguruk Urdaibaiko proiektuaren kontrako ekintza burutu dute Bilboko Guggenheim museoan. Hamar landare eta animalia-espezie errepresentatu dituzte.
Munduko landa eremu periferikoetan 4 milioi kilometro koadro laborantza lur abandonatu dira azken 75 urteotan. Orain arte arrazoi ekonomikoengatik uzten baldin baziren nagusiki, gerora, klima aldaketak ere horretara bideratuko ditu geroz eta gehiago. Bioaniztasuna babesteko xede... [+]
AEBetako Ozeanoko eta Atmosferako Administrazio Nazionalaren (NOAA) ikerketaren emaitza zabaldu du Nature Climate Change aldizkariak: bereganatzen zuen karbono dioxido eta metano kopurua baino gehiago isurtzen du orain tundrak.