Hizkuntzari gorazarre zientziaren begietatik

  • 2019an 50 urte beteko dira Nafarroako Diputazioak Fontes Linguae Vasconum aldizkari zientifikoaren lehenengo zenbakia argitaratu zuenetik. Erreferentziazko tresna izan da, hamarkadaz hamarkada, euskararen ikerketen inguruko berrikuntzak ezagutzeko. Azkenaldian ahalegin berezia egin du aldizkari akademikoei nazioartean eskatzen zaizkien parametroetara egokitzeko eta ikertzaile gazteek dituzten beharrei erantzuna emateko. Hori izan da, hain zuzen ere, duela bi urtetik zuzendari lanetan dabilen Ekaitz Santazilia Salvador hizkuntzalari iruindar gaztearen erronka nagusia. Urteurrena ospatzeko erakusketa eta nazioarteko biltzarra antolatu dituzte.

Argazkia: Josu Santesteban.
Argazkia: Josu Santesteban.

Nola sortu zen hori bezalako aldizkari bat frankismoaren azken txanpan?

Nafarroako Foru Diputazioaren Bianako Printzea erakundeak aldizkari zientifiko hau abian jarri zuen euskararen inguruko azken ikerketak ezagutzera emateko asmoz. Urtetan Jose Mari Satrustegi etnografo sakandarra izan zen aldizkariaren arima. Berak kontatzen zuen nola Jose Esteban Uranga, orduan erakundeko zuzendaria zena, Urdianera joan zitzaion Etniker ikerketetako emaitzak bilduko zituen argitalpen proiektu bati buruz hitz egitera. Ordurako Satrustegik bi urte zeraman Bianako Printzea erakundearen Euskararen Bizkormen Sailean lanean.

Zer zen hori?

Diputazioak berak 1957an sortu zuen atala euskarari bultzada emateko. Horren buru Pedro Díez de Ulzurrun mediku ezaguna zen eta hor bildu ziren ekintzaileen eskutik ekimen oso interesgarriak gauzatu ziren, gerra aurreko mugimendu euskaltzaleari jarraipena emanez: etenda zeuden bertso txapelketak antolatzen hasi ziren berriro, lehen ikastolei laguntza eman zieten, euskara eskolak antolatu zituzten lehen euskaltegian, euskaraz ongi mintzatzen ziren haurrei diru sariak ematen zizkieten, zenbait argitalpen plazaratu zituzten eta postu publikoetan euskara meritu gisa hartua izan zedin hainbat ekimen bultzatu zuten, besteak beste.   

Beraz Diputazioak saritzen zuen euskaraz hitz egitea?

Bai, hala zen. Zenbait urtetan 6.000 haur ingururi egin zizkieten azterketak herriz herri. Haurrei 200 pezeta arteko kartillak irekitzen zizkieten Nafarroako Aurrezki Kutxan eta haurrak ez ezik, euskararen alde lan egiten zuten apaizak eta maisu-maistrak ere diruz saritzen zituzten. Euskararen prestigiorako oso ekimen garrantzitsua izan zen.
Frankismoa nahiko berezia izan zen Nafarroan eta, jakina, Diputazio frankistaren barrenean euskararekiko sentiberatasuna zuen jendea ere bazegoen, abertzale izan gabe.

Argazkia: Josu Santesteban.

Zein izan da 'Fontes'-en langaia urte hauetan?

Satrustegi berehala ohartu zen Urangak gehiago hitz egiten zuela hizkuntza kontuez ikerketa etnografikoez baino, eta proposatu zuen Studia et documenta azpititulua gehitzea, modu honetara hizkuntzaren inguruko ikerketa lanak ez ezik, testu zaharrak ere argitaratzeko, corpus hori ezagutzera emateko asmoz. Satrustegik berak nahikoa material zuen alor honetan aldizkaria elikatzeko eta horrela jarri zuten abian.
Etnografia gaiak biltzeko beste aldizkari bat sortu zuten aldi berean: Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra.

Nolakoa izan da aldizkariaren berritze lana azken urte hauetan?

Fontes, Príncipe de Viana, Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra eta Cuadernos de Arqueología dira Nafarroako Gobernuak argitara ematen dituen lau aldizkari akademikoak. Nafarroako Gobernuak denak mantentzeko eta indartzeko apustua egin du eta, nahiz eta nazioarteko aldizkari handiekin lehiatzerik ez izan eta baliabide gutxiagorekin funtzionatu, aldizkari "txiki" izateak baditu abantailak. Azkarrago argitaratzen dugu, argitaratzeak dohainik dira autoreentzat, artikulu guztiak edonorentzat eskuragarri daude...

Fontes-en hiru zenbaki plazaratzen genituen urtean eta orain bi ateratzen ditugu. Honetaz gain, formalki betetzen ari gara ahal bezainbeste eskakizun, eta ondorioz, zenbait datu-basetan sartzen ari gara. Horrek sailkapenean gora eramaten gaitu. Horrek esan nahi du hemen argitaratzea baliogarria suertatzen zaiela egileei haien curriculumak osatzeko. Gaiak ere zabaldu ditugu: Fontes-en ohiko gai izan dira dialektologia, filologia edo euskararen historia, baina horiez gain, gaur egun euskalari gazteek zer ikertzen duten kontuan hartu behar da eta Fontes-ek horiek lagundu behar ditu.

Honekin batera berrikuspen sistema egokitu dugu. Artikulu guztiek behar dituzte bi adituren aldeko txostenak, aldizkari zientifikoetan ohi bezala. Gu doi-doi ibiltzen gara aldizkaria betetzeko eta sistema horren ondorioz artikulu bat atzera botatzea arazoa izan daiteke. Prozesu gogorra da eta gainera ez da goxoa ezagun bati ezetz esan behar izatea. Jende gaztea ohitua dago, baina eskola zaharrekoek ez dute ohiturarik.

Erredakzio kontseilu akademikoak ere berritu dira. Emakume gehiago sartu dira eta beste unibertsitate batzuetako kideak ere batu dira, NUP eta EHUz gain Baiona eta Illinoiseko unibertsitateetako irakasleak ditugu.

Jauzi digitala ere eman duzue.

Bai. Paperezko formatua aldatu dugu, webguneak ere berritu dira eta orain artikulu guztiak interneten daude. Bianako Printzea erakundeak mugarik gabeko on line sarbidea jartzen du eskura bere aldizkarien eduki guztietara, argitaratzen diren puntutik, Creative Commons lizentzia baten azpian. Diru publikoz egiten direnez aldizkariak doan kontsultatu ahal izatea ezinbestekoa iruditzen zaigu.

Digitala indartzearen aldekoa naiz, baina papera mantenduz, besteak beste ukigarritasuna garrantzitsua delako, baita kontserbazio aldetik ere. Rankinetan gainera desberdina da soilik aldizkari digitala izatea edo ez.

 

Giro euskaltzalea

Ekaitz Santazilia: Argazkia: Dani Blanco.

"Frankismoan euskara sustatzeko eta ikertzeko abiatu ziren ekimen publikoak oso ezezagunak dira eta zuzenean euskara debekatu zela esatea sinplistegia da. Abertzaletasunetik zetorren edozer arbuiatzen zen, baita giro horretan zegoen euskarari buruzko ikuspegia edo proiektua ere, baina ez zuzenean euskara. Beraz, abertzale giroaz kanpo ere izan zen ekimenik. 50eko hamarkadan Salamancako Unibertsitateak euskara katedra sortu zuen eta Julio Urkixo mintegia abiatu zuen Gipuzkoako Diputazioak; 60koan beste katedra bat zabaldu zen Nafarroako Unibertsitatean. Giro horretan abiatu zen Euskararen Aldeko Saila 1957an eta esan behar da sariak ematera joaten zirenean, askotan herrietako euskaldunak berak zirela ekimena ulertzen ez zutenak. Ordurako guraso askok nahiago zuten umeek gazteleraz ongi ikas zezaten, eta euskara ahaztu".

 

Zer den eta zer ez den "Fontes"


Ekaitz Santazilia, Fontes-eko zuzendaria: "Fontes ez da aldizkari dibulgatzailea, zientifikoa baizik. Ikerketa unibertsitarioan izan behar du oinarria, baina 50 urte hauetan beste formakuntza zuen jendeak egin duen ekarpenari meriturik kendu gabe. Bere garaian lan garrantzitsua egin zuten Satrustegik berak, Ondarrak, Aingeru Irigaraik… besterik ez zegoenean ekarpen itzela egin zuten Fontes elikatzeko eta gorazarrea egin behar zaie. Gaur egun ere, ikerlari mota hori, formazioz hizkuntzalari ez dena, ez dugu inondik ere kanpoan utzi nahi. Oreka bilatu behar da.

Gainera, aldizkariaren gaitegia zabaldu nahi izan dugu. Uste dut hizkuntzalaritzaren esparru guztietara zabaltzea ezinbestekoa dela: soziolinguistika, didaktika, literatura, tipologia, neurolinguistika…  Beti ere euskararekin lotutako ikerketak izanez gero, jakina.

 

“Fontes Linguae Vasconum, paperezko altxorrak” erakusketa


Nafarroako Artxibategian, otsailaren 15etik martxoaren bukaerara arte


Nafarroako Artxibategian eta beste hainbat tokitan gordetzen diren dokumentu garrantzitsu eta testu zaharrak erakutsi dituzte, denak originalak. Antolatzaileen ustez, sekula ez dira hainbeste batera egon. Filologoaren ikuspegitik, euskararen historiarako zergatik diren baliotsuak azaldu nahi dute antolatzaileek.

Fontes linguae vasconum aldizkariaren sorrerako garaitik dituzte gordeta Euskararen Aldeko Sailak antolatzen zituen haurrei egiten zitzaizkien euskara azterketetako agiriak, argazkiak, diplomak… eta bertso txapelketetakoak. Erakusketan ikusgai dira.
Testu zahar garrantzitsuenak ondokoak dira: Leireko kartularioa, Martin de San Martinen eta Matxin de Zalbaren gutunak, Joanes Leizarragaren Testamentu berria-ren itzulpena, Joan Amenduxen epitafioa, Lazarragaren eskuizkribua, Pedro Agerre 'Axularren' Gero, Bonaparteren mapa, erronkarieraz idatzitako dotrina bat eta Nafarroako Forua.

 

Eremu kultuetako euskara bideoklipean

Berpizkundean, goi-mailako jendeak ere euskara erabiltzen zuela erakusteko bideoa grabatuko dute.
Aziti Bihia elkarteko hizkuntzalarien proiektua da, Kideka musika elkartearekin batera. XVI. mendeko Joan Amendux iruindarraren euskarazko epitafioari  berpizkunde garaiko musika egokitu diote eta bideoklipa grabatu dute Iratxeko monasterioan. Interneten hedatuko dute. Aldarrikatu nahi dute euskara testuinguru kultuetan ere erabiltzen zela, normalean ahoz soilik bazen ere. Euskara ezinbestean herri musikarekin edo baserri giroarekin lotu beharrik ez dagoela azpimarratu dute.

 

Metodo eta joera berriak (euskal) hizkuntzalaritzan


Nazioarteko biltzarra, martxoaren 6an eta 7an


Biltzarra Euskarabideak antolatu du eta bi helburu ditu: euskararen inguruko hainbat ikerketa-alorretan erdietsi diren azken emaitzen berri izatea eta euskararen ikerketari aplikagarriak zaizkion metodo eta lanabes berriak ezagutzea.
Hiru osoko hitzaldiz gain, bederatzi mintegi tematiko antolatu dira. Lyle Campbell, Hawaiiko Unibertsitateko irakaslea izango da. Hizkuntzen tipologian aditua da eta euskararen ikerketarako interesgarriak izan daitezkeen beste metodologiak azaltzeko gonbidatu dute. Lola Pons Sevillako Unibertsitateko irakaslea da, gaztelaniaren historian aditua, eta antolatzaileen esanetan oso ona dibulgazioan. Joaquin Gorrochategui ere izango da, hala definitu du Ekaitz Santazilia Fontes aldizkari zientifikoko zuzendariak: "Urte luzetan egin zuen lan [Koldo] Mitxelenarekin. Oso ongi ezagutzen du Fontes eta indoeuropeista bikaina da".
Ondoko adituek mintegi bana gidatuko dute: EHUko Blanca Urgell, Mari Jose Olaziregi, Ibon Manterola, Iván Igartua, Iñaki Camino eta Joseba A. Lakarra. Deustuko Unibertsitateko Esti Amorrortu, Université de Pau et des Pays de l’Adour-eko Aritz Irurtzun eta Céline Mounole eta NUPeko Patxi Salaberri Zaratiegi. 70 hizkuntzalaritik gora bilduko dira mintegi horietara.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntzalaritza
Ekin eta jarrai

"Ekin eta jarrai" da Euskaltzaindiaren goiburua. Ez dakit Akademia zergatik ez zuten ilegalizatu, hiru berba horiek agertuta bere logotipoan. Gutxiagorekin egin dira salaketak-eta (adin batekook La orquesta Mondragón-en kasetearena gogoan dugu, Martxoaren 11ren... [+]


2024-08-12 | Sustatu
Kip- eta Chep- izen horiek norenak diren

Faith Chepngetich Kipyegon keniarrak 1.500 metroko atletismo proba irabazi zuen larunbatean, Paris 2024ko azken-aurreko egunean, bigarren emakumezkoa bilakatuz historian atletismoan urrezko hiru domina olinpiko erreskadan lortu dituena. Gauzatxo bati ere erreparatu... [+]


2024-06-25 | Euskal Irratiak
Pantxoa Etxegoin
“Euskararen diagnostiko bateratu bat erdietsi nahi dugu Iparraldean euskara biziberritzeko”

Euskararen biziberritzea Ipar Euskal Herrian jardunaldia antolatzen du ostiral honetan Baionan Euskaltzaindiak. Euskararen alde egiten dena eta ez dena eztabaidatzeko mementoa izango da. Eragileak eta politikariak bilduko dira egun osoan.


Mañeruibarko haur euskaldunak sarituko dituzte Iruñeko Komunikabideak Fundazioak eta Euskaltzaindiak

Euskara galdua zen eremu mistoko eta ez-euskalduneko herrietako familien ahaleginak aitortuko dituzte ekitaldian. Oskar Alegria zinemagilearen bideoak emango dio hasiera ekitaldiari 11:30ean udaletxean.


Maitena Duhalde hizkuntzalaria
“Lapurdiko itsas hegian egun 80-90 urte duen belaunaldiaren hizkera deskribatu dut”

Donibane Lohizunen jaio zen Duhalde 1987an, baina Uztaritzen bizi eta hazi da, eta etxean zein herrian entzundako euskararen aldaerek bultzatu dute Lapurdi itsas hegiko euskarari buruzko tesia egitera. Gaur egun, EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultatean ari da irakasle lanetan... [+]


Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


2024-01-05 | ARGIA
Mikel Perez
“Euskara eta gaztelania nahastearen arrazoi bakarra ez da hizkuntza gaitasuna”

Mikel Perez Gonzalez hizkuntzalaria hitz egiterakoan erabiltzen den kode alternantzia aztertzen ari da, alegia, euskaldunek nola nahasten dituzten euskara eta gaztelania. Alternantziaren arrazoietako bat euskara gaitasuna da, baina Perezek gehiago ere kontatu ditu.


2023-08-31 | Ilargi Manzanares
Andorrak gutxieneko katalan maila eskatuko du bertan bizitzeko

Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.


2023-07-20 | Cira Crespo
Anik Nandi, soziolinguista
“Uste zen hizkuntza sartzen bazenuen hezkuntza sisteman jendeak hitz egingo zuela, baina ez”

Anik Nandi Indiako soziolinguista da, Mendebaldeko Bengalan jaioa. Gaur egun doktoratu ondoko ikertzailea da EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketen Sailean, eta kolaboratzailea, berriz, Galiziako Errege Akademiako (Real Academia Galega) Soziolinguistika Mintegian eta... [+]


2023-07-12 | ARGIA
Mikromatxismo, egia berdadero, afariketan… Euskaltzaindiaren Hiztegiak 646 forma berri jaso ditu

Euskaltzaindiak Hiztegia sarean eguneratu du: 646 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan, eta 1.130 forma moldatu edo findu. Lehendik dagoena txukuntzeari ere garrantzia eman diote. “Adibideak ere berrikusi ditugu, batez ere berdintasunari dagozkionak: emakumeen... [+]


Itxaropen-zerrenda

Bikotea osatzen duten bi lagunekin topo egin, haiekin hizketan hasi, eta haietako batek itxaropen-zerrenda esan du, nahastuta, itxaron-zerrenda beharrean. Haren bikotekidea konturatu da, konturatu denez, baina ondo disimulatu du. Hiztripuaren autorea euskara ikasten ari da, eta... [+]


Elena Martínez de Madina. Egiazko izenen bila
“Toponimia aberastasun ikaragarria dugu Araban eta zer gutxi errespetatzen den!”

Bizialdia darama Gasteizko toponimia ikertzen. Bateko eta besteko toki izenak jasotzen, forma zuzena eskaintzen... Eta toponimiaz galdezka hasi, eta bizi-historia kontatu digu, Gasteiz eta Nuarbe (Azpeitia) loturik, Alizia ahizparen eta Anjel Otaegiren ama Maríaren... [+]


Eguneraketa berriak daude