Sexismoak gutxietsitakoa feminismoak suspertu al dezake?

  • Ezertarako balio ez duena, baserrikoa, gizon plantak egitekoa, zakarra, zatarra, mari mutilena, bortitza, harrotutakoan erabiltzekoa, baita bekatua ere. Nokari halako ‘harribitxiak’ atxiki zaizkio urte luzez. Emakume femenino eta aratza izan nahi zuenak ahalik eta urrutien bidaliko zuen hizkera. Sexismoak gaur egunera arte iraun du eta noka ia hil da. Han eta hemen ordea, txanpinoiak ateratzen ari dira. Emakume gazteak, feministak ia denak, hika berreskuratu eta nokaz jabetzeaz hasi dira hizketan. Emakumeen ahalduntzerako tresna garrantzitsua izan daitekeelakoan daude. Batean eta bestean ikastaroak antolatzen hasiak dira. Galeraren arrazoiak bilatzen lagundu digute Arratia bailarako Bedia herriko Karlos Aretxabaletak, Azpeitiko Garbiñe Bereziartuak, Antzuolako Onintza Legorburuk eta Hernaniko Eli Pagolak. Susperraldi xumeaz ere aritu gara.

Hika baldartzat, oso herrikotzat jo izan da, izatekotan ere baserri giroan erabiltzekoa. Orain baserriak ez du halako konnotazio ezkorrik baina hika hiztunak baserrietan ere urri dira. Argzkia: Dani Blanco.

 

Onintza Legorburu. Argazkia: Dani Blanco.

Antzuolatik

Onintza Legorburu Larrea

Euskal Herriko Unibertsitatean Gizarte Langintzan graduatua

Antzuolako Ugarte-Torre baserrian jaio zen 1993an. Etxe askotan ez bezala, bere familiak hitanoa transmititu zien bi ahizpei. Hala ere, zuka aritzen ziren elkarren artean eta kalean. Amaren egoskorkeriaz lehenengo eta hautu politiko gisa ondoren, gaur egun noka eta toka ari da. Hainbat elkarrizketa eta behaketa bidez “Antzuolan noketan: zer gertatzen ari da?” ikerlana egina du ikasketa feministak eta generokoak masterrean.

 

 

 

Hika hiztunak euskaldun autentiko ote dira Antzuolan?

Onintza Legorburuk ama du hika talibana. Zale amorratua bera da, baina etxeko gainerakoak ez dira atzean geratu. Aitak ere hika egiten die Onintzari eta bere ahizpari, baita osaba-izebek ere. Gutxiena amandreak. Etxetik jaso arren, ahizpen artean zuka egiten zuten, baita kalean ere. Duela hiru urte hasi ziren bi ahizpak elkarri noka egiten, amaren temak irabazi zuen. Lehengusina batu zitzaien gero. Galderak etorri zaizkio Legorbururi berak nokarekin izan dituen bizipenak errepasatuta: “Antzuolan 50-60 urtetik gorako askok egiten dute hika. Nire adineko neskak zuka ari dira, talde mistoak zuka edo toka ari dira, eta mutilak toka. Mutilek ez dute etxean ikasi, kalean baizik. Guk berriz, etxean jaso dugu eta gure artean zuka ari gara. Generoak zer pisu dauka hor? Generoak zein eragin izan du nokaren galeran edo tokaren biziraupenean?

Galderei erantzunak aurkitzeko asmoz hamabi elkarrizketa egin zituen, eta bi behaketa Antzuolako poteo ibilbidean. Tabernak aukeratu zituen 19-20 urtetik gorako gizonezkoak leku horietan biltzen direlako herrian. Gizonok umetan zuka aritzen dira, kalean behinik behin, eta Legorburuk jakin nahi zuen hizkuntza mudantza edo aldaketa noiz egiten duten. Aldaketa egiteko bi faktore aurkitu ditu. Batetik, nerabezaroan kuadrilla aldaketa egiten dute mutilek, hiru-lau adinekoak batera ibiltzen hasten dira. Bestetik, jakineko tabernan elkartzen dira mutilak, neskak ez. 18 urtetik 40ra artekoek topo egin dezakete taberna berean. Zukatik hikarako aldaketa helduarorako aldaketarako giltza bihurtzen da nolabait esatearren, gizontasuna sendotzeko balio du, nortasuna eraikitzen laguntzen du. Prestigioa du testuinguru horretan.

“Mutilek ez dute etxean ikasi, kalean baizik. Guk berriz, etxean jaso dugu eta gure artean zuka ari gara. Generoak zer pisu dauka hor? Generoak zein eragin izan du nokaren galeran edo tokaren biziraupenean?”

Ikuspegi orokorragoa osatu nahian, Antzuolan hika erabiltzen den edo erabili den bizitzako hiru eremu landu ditu Legorburuk.

Aisialdian tabernako erabilera aztertu du. Iruditu zitzaion mutilek hitanoa azkartasunarekin, bizitasunarekin, mugimenduarekin, lotzen zutela. Esaldi motzak, erantzun azkarrak… eta gorputz adierazpena. Tabernan emakumeak eta gizonak nola mugitzen diren behatu zuen. Gizonek toki gehiago hartzen zuten hitz egiterakoan eta gehiago mugitzen zuten gorputza. “Beraz, halako gorputz bati hobeto ote datorkio hika egitea?”.

Lan munduan baserriko lanak eta industriako lana bereizi ditu. Baserriko lanetan generoen arteko bereizketaren adibide politak ditu. 59 urteko emakumeak kontatu zion nola bere garaian Bergarara joaten zen etxeko gauzak saltzera eta nola erosleei zuka egiten zien, “nola egingo nion bada erosleari hika?”. 90 urteko andreak ordea, bere aita azokara joaten zenekoak kontatu zizkion eta aitak izaten zituen tratuak hika erreproduzitzen zituen alabak, “zelan egingo zuen ba, besterik ez zekien eta?”. Gizartean ditugun kortesiazko arauek hizketan ere eragiten dute. Bergarara saltzera zihoan andreak eroslearekin distantzia markatu nahi zuen eta zuka erabiltzen zuen. Azokara zihoan aitak berriz, adiskidetasun harremana izan nahi zuen eta hika erabiltzen zuen. Kortesiazko legeek, zein hitanoak dituen legeek, desberdin eragiten die emakumeei eta gizonei.

Herriko lantegietan diharduten gazteek adinaren arau soziala apurtu dute. Gehienek ez dakarte etxetik hitanoa, baina lantokian zaharrenek hika egiten dute. Beraz, gazteak ere hika egiten hasten dira eta zaharragoei berdin egiten diete.

Eskola giroari dagokionez, elkarrizketatutako emakumeek esan diote ez dutela hitanoa erabili, eta gizonek berriz baietz, ikaskideekin egiten zutela. Emakumeak men egin du, baita eskolan ere. Hitanoa ez da hezkuntzan araua izan eta litekeena da emakumeak araua ez den horretatik aldentzea, hitanoa uztea, eta zuka erabiltzea. Gizonek berriz, errazago egingo zuten arauaren kontra, edo besterik gabe lehendik zerabilten hitanoari eutsiko zioten.

Onintza Legorburu, bere ahizpa eta lehengusua. Duela hiru urte hasi ziren noketan beraien artean. Argazkia: Dani Blanco.

Solaskideei zuzenean galdetu zergatik galdu den noka eta hiru argudio nagusi jaso ditu Legorburuk:

Transmisioan etena: solaskide emakumezkoek adierazi diote ez zutela jaso etxetik. Legorbururi ez zaizkio kontuak ateratzen: “Mutil askok ere toka kalean ikasi dute, ez dute etxean jaso. Orain kalean ezin da noka ikasi, baina garai hartan zergatik ez zuten kalean ikasi?”. Jone Miren Hernandez antropologoak euskarari buruz ari denean egiten duen galdera kopiatu du egoera honetarako: Zer ematen die tokak gizakumeei? Eta hala dio Legorburuk: “Nortasuna garatzen laguntzen die, anaitasun harremanak eraikitzeko tresna itzelezkoa da. Nokak ez dauka halakorik”. Beraz, transmisioaren etenak ez du dena azaltzen.

Euskararen galera: hitanoaren galeran euskararen galerak zeresan handia duela, alegia, frankismo garaian adibidez. Baina Antzuolan, beste herri batzuetan bezalaxe, emakumeek gehiago jo zuten erdarara. Emakumea da hizkuntzaz aldatzen dena, edo hikatik zukarako jauzia ematen duena. Boterearekin lotzen du Legorburuk hizkuntza aldaketa hori: “Botere gabeak prestigioa daukanari heltzen dio, edo gaztelaniari edo kasu honetan zukari”.

Eremu publiko eta pribatuaren arteko banaketa: emakumeak eremu pribatuetan sozializatu dira. Etxeko etena egon bada, noiz eta non hasten dira hika gazteak? Aisialdian eta lantokietan, eremu maskulinizatuetan.

Hitanoa: baserrikoa, zakarra…

Hitanoaren gaineko uste eta balio ugari negatiboak izan dira. Solaskideek ondoko terminoekin lotu dute hitanoa: erabilgarritasun eza, zakartasuna, baserritartasuna, herri txikiko kontua… Hala dio Legorburuk: “Azken hiru terminoak ez dira ezkontzen feminitatearekin. Nik señorita izan nahi badut, zer egingo dut? Hizkuntza tratamendu horretatik aldendu! Bestalde, maskulinitate hegemonikoarekin ez dago kontraesanean”.

Balio eta uste positibotzat dituzte solaskideek konfiantza eta gertutasuna. Baina bitxia da etxean hitanoa jaso ez duten emakumeek esandakoa. Hau da, gurasoek hitanoa gertuegikotzat iritzita errespetu faltatzat zuten, eta elizgizonek ere neurri horretan hitz egiten zuten. Moralitatearekin talka egiten zuen horrek, eta emakumeek, hizkuntzaren bidez ere, moralitatea zaintzeko ardura zuten.

Gazteak labeldun sentitzen dira

Paradigma aldaketa baten zantzuak dira, toka ari diren bi mutilek eta noka ari diren bi neskek esandakoetatik tiraka antzemandakoak. Hitanoa berba egiteak nortasun bat ematen die gazteei, eta horrekin lotuta, autentikotasuna edo label moduko bat. Herriko nortasuna: “Antzuolakoa naiz eta hika egiten dut”. Euskal hiztun jatorra izatearekin lotzen dute, euskaran matrikula lortzea bezala.

Hautu politikoa da Legorbururentzat noka berreskuratzea. Toka erabiltzen ere hasia da. Sinbolikoki bada ere, harremanak berdindu bezala egiten direla ohartu da: nik toka egingo diat, eta hik bi aukera dauzkak, edo zuka egin edo noka ikasi eta egin.
Hitanoa emakumeak ahalduntzeko tresna izan daiteke?

Legorbururen ustez bai, eta ahalduntzeko bi modu aipatu ditu. Batetik, hizkuntza ohiturak aldatuz gero hiztun aktibo bihurtzen gara eta agentzia baten erakustaldia egiten dugu. Agentzia hori, emakumeei, urte askoan galarazi zaie. Gainera, emakumeak eremu zeharo maskulinizatuan sartzen direla dio, noka ikastea ere mundu maskulinoan sartzea dela iruditzen zaio, neska gazteek noka eta toka, biak galdu baitituzte. Bestetik, paralelismoa egin du euskaldun berriaren bizipenekin: lotsa galdu, boteretu, ikasi, erabiltzera ausartu…

Amagatik hasi zen dena… orain feminismoak hauspotu du

Hautu politikoa da Legorbururentzat noka berreskuratzea. Orain toka erabiltzen ere hasi dira hiru senideak. Sinbolikoki bada ere, harremanak berdindu bezala egiten direla ohartu dira: nik toka egingo diat, eta hik bi aukera dauzkak, edo zuka egin edo noka ikasi eta egin. Talde mistotan gizonek emakumeen aurrean toka hitz egiten segitzen dute. Legorbururen ustez, lehenengo emakumeek egin behar dute ahalegina noka berreskuratzeko, eta gero bideari segi beharko liokete gizonek: “Gizonek bi hizkuntza trataera erabiltzen dituzte, eta guk bakarra. Generoak pisu handia izan du horretan. Feminismoa ikaragarrizko tresna da berreskurapen horretarako eta galarazi zaigunaren aurka egiteko, eta mugimendu sozial potenteena feminismoa da Euskal Herrian, euskalgintzatik askoz harago dago”.  

Hitano neutroa?

Hitanoak bi genero bereizten ditu, horretan oinarritzen da. Hori hala izanda, Legorburuk ulertzen du feminismo batzuentzat hitanoa balekoa ez izatea, baina berak subjektu politiko moduan, emakume den neurrian, hitanoaren berreskurapena aldarrikatu nahi du. Teorikoki ados dago hitano neutroa asmatzearekin, baina praktikan ez zaio egingarria iruditzen: “Hiztun gutxi gara eta hitanoa berreskuratzeko hitano neutroa sortu behar dugu? Hitanoaren berreskurapena kontzientzia osoz egina eta behartua izango da, balia dezagun prozesu hori”.

 

 

Garbiñe Bereziartua. Argazkia: Dani Blanco.

Azpeititik

Garbiñe Bereziartua Etxeberria

Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta ikerlaria

Azpeitian jaio zen 1977an. Nerabezaroan noka baztertu eta prestigioa zuen toka erabiltzearen alde egindakoa da. Urte batzuk geroago konturatu zen noka desagertzen ari zela genero diskriminazioaren ondorioz. Gaur egun noka egiten du kontzientziaz eta “Hitanoa Azpeitian: erabilera, egoera eta biziberritzeko esku-hartze proposamena” ikerketa lana egiten ari da Beñat Muguruzarekin batera. Donostiako Irakasle Eskolako Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika Sailean dihardu lanean.

 

 

 

Seguru hitanoa osasuntsu dagoela Azpeitian?

Azpeitia 10.000 biztanletik gorako Euskal Herriko herririk euskaldunena da. Euskara oso indartsu dago Urola bailarako herri horretan eta hitanoa ere osasuntsu dagoela esan daiteke. Hala ere, Garbiñe Bereziartua eta Beñat Muguruza ikerlariek osasun egoera bikaina erlatibizatu nahiago dute. Hala, horrela galdetu diote euren buruari: “Zenbateraino hika Azpeitian?”. Nahi bezain osasuntsu ez dagoela iritzita, azpeitiarrei galdetzea erabaki dute. Emaitzek usteak baieztatu dizkiete: gazteak helduak baino gutxiago ari dira hika eta emakumeak gizonak baino gutxiago.

Soziolinguistika Klusterrak kale erabileraren metodologia erabili zuen Azpeitiko kaleetan hikaren erabilera neurtzeko, eta Bereziartua-Muguruza bikoteak bestelako metodoa landu du emaitzak jasotzeko, hau da, herritarrei galdera sorta egin die. 850 helduk hartu dute parte, %67 emakumeak. Ikastetxeetan dauden 12 eta 18 urte arteko gazte guztiek erantzun dituzte galderak, alegia, 397 gaztek. Lehen Hezkuntzako 4. eta 6. mailako 333 gaztetxok ere eman dituzte erantzunak.

Emaitza esanguratsuenak dituzue goiko bi tauletan. Ikerlariek hainbat ondorio bildu dituzte:

1.    Aurrez espero zuten moduan, nesken eta mutilen artean alde izugarria dago bai egiten duten horretan, baita jasotzen duten horretan ere. Neskei gutxiago egiten zaie, eta neskek gutxiago egiten dute. Esanguratsuak dira hika hainbeste ez egiteko arrazoiak galdetutakoan gazteek eman dituzten erantzunak. Nesken %43,3k dio ez dakiela nahi bezain ondo egiten, aldiz mutilen %12,3k dio gauza bera. Nesken %40,4 arraro sentitzen da; mutilen %12,9. Nesken %24,5ak dio lagunek ez dutela egiten; eta gauza bera dioten mutilak %3,2 besterik ez dira.

2.    Adinaren arabera ere, desberdintasunak handiak dira. Zenbat eta gazteago orduan eta gutxiago erabiliko du hika.

3.    Neskei toka egiteko joera handia dago. Mutilek toka egiten diete, baina neskek neskei ere toka egiten diete. Ikerlarien ustez, hausnarketa sakonagorako bidea ematen dute datu horiek.

4.    Egiten dutena baino gehiago egiteko desira dute. Batik bat emakumeek esan dute hori. Emakume gazteen %65,4k adierazi du desira hori eta gizon gazteen % 46,7k. Kontuan izan behar da gizon gazteek emakume gazteek baino gehiago hitz egiten dutela hika.

Emaitzok epe luzeko ikerketaren lehen fasea amaitu dela adierazten dute. Ikusi dute bereziki noka dagoela osasun egoera kaskarrean eta bigarren fasean horren arrazoiak aztertu nahi dituzte. Udaberrian dira horretan hastekoak. Banakako elkarrizketak, talde eztabaidak eta kasu azterketak (hitanoa erabili ez duten herritarrak hika egiten jarriko dituzte eta jarraipena egingo diete) egingo dituzte. Hirugarren fasean, informazio hori guztia bilduta, hitanoa berreskuratzeko Azpeitian zer egingo luketen aztertuko dute eta martxan jartzen ahalegindu ere bai.

Argazkia: Dani Blanco.

 

 

Karlos Aretxabaleta. Argazkia: Dani Blanco.

Arratiatik

Karlos Aretxabaleta Ormaetxea

Bigarren Hezkuntzako irakaslea

Ruandan jaio zen 1990ean. Gaur egun Arratia bailarako Bedia herrian bizi da. “Arratiako noketaren galera XX. mendean zehar” ikerlana egina du. Arratiako hainbat herri eta auzotako baserrietan ibili da noka hiztunen arrantzan. Bailara horretan nokaren galera handia izan da eta emakume nagusiak baino ez ditu aurkitu noka aritzen direnak. Magisteritzako eta Euskal Filologiako ikasketak eginak ditu.

 

 

 

 

Arratian iratxoek baino ez dute egiten noketan

Karlos Aretxabaletak Arratia bailaran nokak izandako erabilera galera aztertu du. Bizkaiko eskualde horretan, agerikoa da hitanoaren galera, eta are nabarmenagoa nokarena. Noiz eta zergatik galdu den jakin nahi zuen Aretxabaletak. Gaian sakontzen hasteko gogoeta paregabea egin digu berak: “Bailaran hitanoa dakiten emakumeak altxor modukoak dira, oso gutxi dira, eta gainera, kontua ez da noka egiten badakiten ala ez, baizik eta lotsatu egiten direla hizketarako gai direla onartzen. Gizonek hitanoz egiten dute, neuk ere egiten dut, eta ez gara lotsatzen. Zergatik lotsatzen dira emakumeak? Zergatik ez dute lasai berba egiten?”.

Baserriz baserri ibili da Aretxabaleta Arratiako lurretan. Hizketaldi luzeetan, etxeko sukaldean, emakume zaharrek kontatu diote nola garai batean hika egiten zen, edo egiten zuten. Elkarrizketatzailearekin konfiantza egindakoan, bat-batean han hasi da emakumea ondoan duen lagunarekin noketan. Gaueko iratxoak deitzen die Aretxabaletak emakumeoi, ikertzailea aurrean dutenean nokaren galeraz mintzatzen dira, baina beraiek hizkera horretan berba egiteko gai direla ezkutatuta. Berriz ere baserriz baserri hasi behar duela dio ikertzaileak, iratxoen bila.

“Historia laburra ezagutuko bagenu eta jakin zergatik galdu dugun, jakin gizarte patriarkalak bultzatuta galdu dugula, beharbada, berreskuratzeko ahalegina egingo genuke"

Argi zuen Aretxabaletak nokaren galera baserri munduaren hausturarekin estu lotuta zegoela. Arratia bailaratik erruz alde egin zuten baserritarrek Bilboaldera lanera XIX. mende amaieran. Batez ere emakumeak joan ziren neskame, ahalik eta azkarren diru apurrak biltzeko. Ohikoagoa izan zen gizonak baserriko lanetan geratzea. Bilbon, testuinguru arrotzean, eta erdaldunean, emakumeek errazago jo zuten gaztelaniara, eta hika galtzera. Genero diskriminazioa larruazalean bizi zuen emakumeak gizartearen arauetatik kanpo ez geratzeko jokabideak azkarrago hartzen zituen: hitanoak baserritar egiten banau zuka egingo dut, eta euskaraz egiteak ere baserritar egiten banau, gaztelania hartuko dut hizkuntzatzat.

Alabaina, baserritik hirirako jauzia ez zen izan arrazoi bakarra noka galtzeko. 70 urtetik gorako emakumeei galdetu die ea ondorengoei erakutsi dien eta erantzun ohikoak ondokoak izan dira: “Zertarako? Zergatik? Gogorra da hika; ez du ezer ekartzen; baserri munduan ibiliz gero agian; gu betikoak gara, herrikoak, baina bestela…”. Baserrirako beharbada balio zezakeen, baina han ere… Izan ere, oso ohikoa zen baserrietan semeei hika transmititzea eta alabei ez. Hika egiten zuten emakumeez galdetu die emakumeei beraiei, eta batez ere Bedia herriko Ibarra auzokoez gogoratu dira: “Andratona fama zuten, emakume mugiduak, fuertetxoak ziren, Ibarra auzokoek beti eduki dute harrikada terriblea”. Emakumeak fina izan behar zuen, femeninoa, eta hika baldartzat zuten. Aretxabaletak galdera bat du horri lotuta: “Beti egon da noka txarto ikusita baldarra zelako? Juan Manuel Etxebarria idazleak esan izan duen moduan gizonak gai dira hika ortuko porruez hitz egiteko eta gaur egungo arazoez hitz egiteko, eta zergatik ez emakumeekin edo emakumeen artean?”.

Arratia bailarako Bedia herrian. Argazkia: Dani Blanco.

Elizak bere aletxoa jarri zuen debeku bidean. Hitanoa gizonkeriarekin, gordinkeriarekin, ia bekatuarekin, lotzen zuen. Emakumearentzako rola oso markatuta zegoen eta eremu horretan hitanoak ez zuen lekurik. Elkarrizketatutako emakume batek baino gehiagok aipatu du, etxean gurasoek errieta egin izan ziela hikaz aritzeagatik, eta beste hainbeste abadeak. Aretxabaletak ez luke esango emakumeek hika erabiltzea tabua zenik, baina estigma zuen.

Izaera sendoko emakumeek, oso gutxi batzuek, mantendu dute hika eta erabileraren alde zilegitasunetik hitz egiten dute, “zergatik ez dut bada noka eta toka hitz egingo?”. Haiek erabiltzeak ez du esan nahi ordea ondorengoei irakatsi dietenik, ia inork ez du halakorik egin. Konfiantzan oinarrituta hikaz aritzen diren ahizpak aurkitu ditu Aretxabaletak eta naturaltasunez egiten duten itxura eman dute. Ikertzaileak galdera prest du, ordea: “Zuen artean egiten duzue konfiantzan, eta beste inorekin ez duzue konfiantzarik hika egiteko?”. Oso harreman mugatutan ageri da noka jo atea baserri batean, jo bestean.

Gazteek helduko diote?

Aretxabaletak ezagutzen dituen neska gazteek hitanoa ez dute nortasuna erakusteko bide moduan ikusten, ez da dohain bat haientzat, gizonek egiten duten kontutzat dute. Ikertzailearen ustez, bi aukera daude, edo baztertu edo zeure egin. “Historia laburra ezagutuko bagenu eta jakin zergatik galdu dugun, jakin gizarte patriarkalak bultzatuta galdu dugula, beharbada, berreskuratzeko ahalegina egingo genuke”. Entzun du 50-60 urte inguruko emakumeek ikastarotxoa egin nahi dutela, belarriz dakitena erabiltzeko intentzioz. Ez baitute jarrera bera hitanoaz Aretxabaletak elkarrizketatu dituen 80 urtetik gorako emakumeek eta 50-60 ingurukoek. Zaharrenentzat hitanoak ez du baliorik, eta gazteagoek berriz, ez erabili ezta transmititu ez badute ere, galeraren kontzientzia badute.

 

Eli Pagola. Argazkia: Dani Blanco.

Hernanitik

Eli Pagola Apezetxea

Bertsolaria eta energia berriztagarrietako graduatua

Hernaniko Ereñotzu auzoan jaioa da 1995ean. 18 urterekin hasi zen hika hitz egiten, ordura arte entzuna baino ez zuen hizkeran, alegia. Kontzientzia feministatik eusten dio hikari, eta batez ere nokari. Lagunartean aritzeaz gain, bertsolariekin ere ari da hizkuntza ohiturak aldatzen, eta bertsotan ere probatua da. Hernaniko bertso eskolako irakaslea da 2011. urteaz geroztik. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko hezkuntza arautuko irakaslea izan da 2017-2018 ikasturtean.

 

 

Feminista gazteen ale xumea, Hernanin

Eli Pagolak eta bere inguruko lagunek bazekiten Hernaniko Udalean norbaitek egina zuela hitanoa irakasteko proposamena. Ez zen ordea, abian jartzen. Ikastaroa atera bitartean beraiek ahalegintxoa egitea erabaki zuten. 30 urte bueltako emakumeak ziren. Hika, eta batez ere noka, berreskuratu nahi zuten. Gehienak mugimendu feministatik zetozen. Ia hutsetik hasi ziren ikasten hitanoa. Dena dela, ikastaroan emakume helduak batu zitzaizkien, hitz egiten bazekitenak, baina eguneroko hizkera ez zutela izan nabari zutenak. 4-5 eguneko saioak egin zituzten, gramatikari berebiziko garrantzia eman gabe, saio dinamikoak antolatuta.

Zergatik hasi ziren hika berreskuratzen?

Ikastaroan ez zuten maila ideologikoan landu hitanoaren erabilera. Alabaina, Eli Pagolak egina du hausnarketa gai honen inguruan: “Gogoan dut nola Onintza Legorburuk kontatu zuen [Hitanoa eta generoa: aberastasuna ala sexismoa? 2018ko Jardunaldiak, Udako Ikastaroak, EHU] Antzuolan mutilentzat toka aritzea label moduko bat zela. Gure interesa ez zen hori, baizik eta hizkuntza forma hori gureganatzea, gurea ere bada eta. Hizkuntzak generoa markatzeak horixe du ona, markatzen duela, eta nokaren bidez lehen lerroan jartzen duzu emakumea”. Pagola bertsolaria denez, ahozko jardun mota hori etortzen zaio adibide. Bertsolariak buruan daukan pertsona emakumezkoa izan daiteke, baina generoa ez badu markatzen, hartzaileak gizonezkotzat har dezake. Noka tresna erabilgarria iruditzen zaio, emakumea azpimarratzeko aukera ematen duelako.

Noka indartu? Generoak bereizi?

Feminismo batzuek bi sexuak eta bi generoak banatzearen aurkako diskurtsoa landu dute. Nola uler daiteke feministak nokaren berreskurapenean aritzea? Pagolak dio dagoeneko eztabaida sortu dela: “Ikusi behar dugu ea hika baliogarria zaigun, ea hitano neutroa sortu behar dugun. Jakina, gaur egungo erronkei erantzun behar die hitanoak, bestela berriz galduko da, eta agian galdu behar du!”. Mugimendu feministaren zati batek erabiltzen duen emakume* kontzeptua ekarri du gogora Pagolak. Asterisko horrek, emakumeez gain, heteropatriarkatuak zapaldutako beste giza taldeak ere barnebiltzen ditu. Noka emakumeentzako eta baztertutako beste giza taldeentzako hizkera izan daitekeela proposatu du Pagolak: “Hika egiterakoan adinaren arau soziala zabaldu den bezala, generoarena ere lausotu edo birdefinitu beharko da”.

Noka berreskuratzeko ahalegin xumeak badira hainbat herritan, aldiz, hizkera neutroaren eztabaida oso berria da. Hernaniko bertsolariak aztertzeko gaien zerrendan idaztea proposatu du.

Kalean zaildua

Belaunaldi bereko askok bezala ez du etxean hitz egin hika Pagolak. Entzun bai, etxean eta kalean. Batik bat toka. Belarriz ikasia, mingainera ekartzen saiatu da 18 urteez geroztik. Hala erabakita, lagun batzuekin hasi zen noketan, karreran ere aurkitu zuen norekin egin. Hala ere, bere egunerokoan hikak pisu gutxi duela aitor du, are gutxiago nokak, baina inoiz aritu dena baino gehiago egiten du hika. Bertsolariekin, esate baterako, zuka hasitako hainbat harreman hikara ekarri ditu. Hitz eginez ikasi du hitanoa, ez du gramatika libururik gau-mahaian.

Hernaniko erdigunea. Argazkia: Dani Blanco.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hitanoa
2024-11-25 | Leire Ibar
Euskal Herriko I. Hikadromoa antolatu dute Durangoko Azokan

Durangoko Azokako berrikuntzetako bat izango da ZirHika taldeak sortu duen hikalarien bilgunea. Hika hitz egitea eta ongi pasatzea izango da helburua, abenduaren 7an Landako ikastetxean.


2024-09-10 | UEU
Aiora Eizmendi Otaegi
“Haurrek parekoekin praktikatuz ikasten dute hitanoa”

Aiora Eizmendi Otaegik (Errezil, 1997) Administrazio eta Finantzako Goi-mailako Zikloa egin zuen eta urte batzuetara Lehen Hezkuntzako Gradua egin zuen EHUn. Uztaro aldizkarian argitaratu ditu "Arnasgune bateko haurrak eta hitanoa: hastapena eta helduen begirada"... [+]


Urrezko arau bat

Hika edo hitanoari buruz ari garela, edo, hobeto esanda, hitanoa “zuzen” erabiltzeari buruz ari garela, tarteka-marteka pizten denez debate txikiren bat –dela sare sozialetan, dela oraindik bizitza erreala deitzen diogun horretan–, ez ote den komeni hemen... [+]


Hitanoak generoan eragiten dituen zapalkuntzak, gogoetagai

Zergatik ari dira gizonak, lagun talde batean, euren artean hitanoa erabiltzen, gizonak ez diren bestelako gorputz eta identitateak ere zirkulu horretan baldin badaude? Zer esan nahi du horrek? Zer sentsazio sortzen dira? Eta horri aurre egiteko, emakumeek ere hitanoa erabiltzea... [+]


%11k baino ez du uste bere herrian hitanoa egoera onean dagoenik, inkesta baten arabera

Badihardugu euskara elkarteak egindako inkestaren arabera, parte-hartzaileen %55,6k dio bere herrian hitanoaren egoera kaskarra edo oso txarra dela. %5ak baino ez du uste bere herrian nokaren egoera ona denik eta tokaren kasuan %24k.


2023-12-04 | Sustatu
Aldaera berriak hitanoa sustatzeko Appa Hi aplikazioan

Hitanoa praktikatu eta ikasteko Appa Hi aplikazioak aldaera desberdinekin probatzeko aukerak gehitu ditu azken egunetan. Batetik, Eibarko hitanoa gehitu zaio, eta bestetik Leintz haraneko zenbait herritako formak ere bai: Arrasateko, Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Leintz... [+]


2022-11-21 | Sustatu
Hikaldia ere martxan da Goierrin Euskaraldiarekin batera

Euskaraldiarekin batera, Goierri aldean Gipuzkoan beste ekimen batean ari dira egun hauetan: Hikaldia. Aittu euskara elkarteak antolatzen du, bikoteka aritzeko lehiaketa bezala. Hitanoz egiteko ariketa batzuk proposatu dira, eta audio bidez grabatu behar dituzte... [+]


2021-11-26 | Sustatu
Appa Hi! aplikazioa, hitanoa (Oñatikoa) ikasteko

Aste honetan jarri da app dendetan Appa Hi! aplikazioa, Oñatiko hitanoa ikasten laguntzeko sortua. Aplikazioa da Ingo Xonau! proiektuaren parte da, hitanoa herri hizkeratik ez desagertzeko ekimen bat, Oñatin garatua.


Garena erakutsi nahian

Gaueko hamarrak dira Axular kultur elkartean. Edalontzien txilin-hotsek bat egiten dute noizbait jendearen berbaroarekin, eta ingurumarian nagusi dira garagardoa, kea eta Arratiko gazteen itzalak. Azken horiek hor-hemenka dabiltza, barreka, kontu kontari, Igorreko herriko... [+]


Hitanoa berreskuratzen
Ia 400 noka hiztun zenbatu dituzte Oñatin

“Xaukena xauk!” esaten omen dute oñatiar gazteek “besterik ez zegok!” adierazteko. Boladan jarri omen da esaera. Hikako forma horren erabilera, ordea, ez da hitanoaren osasun onaren adibide. Mutilek hala moduz darabilte toka, “xaukena... [+]


Oñatiko nokaren galeraren arrazoiei buruzko bideoa sarean

Ingo Xonau! proiektua aurkeztu genuen larunbat goizean, Oñatin. Hika dakiten emakumeen argazkia atera, Lazarraga lorategian, eta ondoren ekitaldia egin genuen Santa Ana antzokian. Emanaldian erakutsitako bideoa sarean ipini dugu gaur!


Hitano ikastaroen gorakada
Aparraldia ote den

“Hitano ikastaroa egin dut”; “Hara ba, ni neu oraintxe hastekoa naiz!”; “Beste hari entzun diot bere herrian ere antolatu dutela”. Batean eta bestean, halako elkarrizketak entzuten dira, beti ere, Gipuzkoan. Ikastaroak inoiz baino gehiago... [+]


2019-04-01 | Uztarria
Noka hitzetik hortzera, Emakumeen Txokoan egin dituzten jardunaldietan

Hitanoa, emakumeak ahalduntzeko tresna izenburupean, egun osoko jardunaldiak izan ziren atzo, zapatua, Emakumeen Txokoan.


Eguneraketa berriak daude