Mato Grosso do Sul estatuak irudikatzen du Jair Bolsonaro ultraeskuindarrak Brasilen ezarri nahi duen nazio asmoa. Soja eta okelaren esportatzaile nagusi izaki, beste inon baino bortitzagoak dira hemen lurraren erabileragatiko borrokak, zeinetan talka egiten duten alde batetik milaka urtez bertan bizi izan diren jatorrizko biztanleek eta kolonialismoak ekarritako beltz eta nekazari txiroek, eta bestetik agro-industriarekin aberasten diren lur harrapatzaile handiek.
Brasilgo hego-mendebaldean, Hegoaldeko Mato Grosso estatuak 2,3 milioi biztanle dauzka 18 Euskal Herri adinako lur azalean (358.000 km2). Bere klima tropikalarekin eta sabana gisako landarediarekin, esportazioari begira antolatuta dauka jarduera ekonomiko guztia, bai nekazaritza (soja, arto, kotoi, arroz, azukre kainabera... gehi haragitarako aziendak) eta bai meatzaritza (burdina, manganesoa, karea...).
“Hegoaldeko Mato Grosso da Bolsonarok amesten duen Brasilen hezur-mamitzea. Mato Grosso da, bestela esanda, lehendakari berriarekin brasildarroi datorkiguna”. Oiara Bonilla antropologoaren hitzak dira, Terrestres aldizkarian plazaratu duen “Posibleen sasoia Brasilen ultra-eskuinaren aurrean“ analisian. Hemen laburbilduko dugu.
“Zentimetro bakar bat lur gehiago ez indigenei!”, oihukatu zuen urte hasieran Mato Grossoko Dourados hirian Jair Bolsonarok, inguruko lur jabe handiekin bilera egin aurretik. Horrela berretsi zuen hauteskunde kanpaina osoan agindutakoa: lehendakaritzara iritsitakoan, indigenen lurrak eta quilombolak desegingo zituela, bertan bizi direnekin batera: “Ez dute ezer egiten, umeak egiteko ere ez dute balio eta sekulako dirutza kostatzen zaizkio Estatuari”. [Quilombola: antzinako esklabo beltz ihes eginek antolatutako etxaldea, auzolanean kudeatua, gaur komunitate indigenatzat jotzen dena].
Douradoseko hitzaldian –dio Bonillak– Bolsonarok aurreratu zuen bere agintaldiak lurraren kudeaketan eta ingurumenarenean egingo duena: etniaz eta kulturaz ezberdinak direnekiko mespretxuz, azken hiru hamarkadotan Brasilek eskubide sozialetan aurrera eginiko guztia atzera botatzen ahalegingo dela, gauza bera ingurumenaz eta jatorrizko herrien eskubideez Brasilek sinatutako nazioarteko itunetan.
Douradosen konplizitatezko mezua bidali zien ere agro-industriaren ordezkariak diren diputatu ruralista deituei. Hauek osatzen dute Bancada BBB deitzen dioten gehiengo nagusia Brasiliako legebiltzarrean: Bala, Boi (idia) eta Biblia ordezkatzen dituztenak, militarren, lur-jabe handien eta kristau ebanjelikoen interesen zaindariak.
Mato Grosson dago agrobusiness brasildarraren bihotzetako bat, ingurumena eta nekazari txikien sarea suntsituz esportazioari begira antolatutako soro izugarri zabaletan oinarritua. Horretarako lur eremu handiak kontzentratu dituzte esku gutxi batzuetan, indigenei kenduta askotan, basoak eraitsita besteetan, ongarri kimikoz eta pestizidaz lepo, ibai, erreka eta lurpeko urak kutsatuz eta ehizakiak bezala arrainak desagerraraziz. Amazonia Real elkarteak kalkulatu du jendeen %3 dagoela pestizidaz zuzenean kutsatua, asko haur eta nerabeak.
Lurra lapurtzeko handiek beste inon baino bortitzago jotzen dute hemen. Azken 15 urteotan Brasilen hil dituzten lider indigenen erdiak hemen kalitu dituzte, Conselho Indigenista Missionário ren kalkuluetan. XIX. mendean amerindiarrei sistemaz lurrak kendu eta kolono zuriei eman zitzaizkien. Hasieran mate belarra hazteko, gero abelazkuntzarako. Erreserba txiki batzuetara mugatu zituzten Guarani eta Kaiowa jendeak. Laster zeuden erreserbok jendez gainezka, alkoholismo eta suizidio tasa handiak nozituz.
Gutxiengoak: edo makurtu edo suntsitu
1970eko hamarkadan hasi ziren Guarani eta Kaiowa jendeak beren antzinako lurretan berriro sartzen, retomada direlakoak antolatuz. Estatuak beren jabegotzat aitortzea nahi duten alorrok gehienetan sasiak hartutako eremuak dira, bide bazterretakoak edo etxalde handien hesien albokoak; indiarrek okupatu eta egokitzen dituzte manioka, artoa eta sendabelarrak hazteko. Badute antzarik landa lurraren erreforma aldarrikatuz MSTko lurrik gabeko baserritarrek egiten dituzten okupazioekin.
Azken aldian, ordea, etxalde handien jabeak beren eskuz hasi dira okupatzaileoi aurre egiten. 2013an enkante bat antolatu eta bildutako diruarekin retomaden okupazioak zanpatzeko milizia pribatua antolatu zuten. Guarani, Kaiowa eta Teren etnietako baserritar txiroen kontrako eraso armatuak ugaritu dira. 2016ko udan, Caarapó herrian, miliziek kanpaleku bat inguratu eta gazte bat hil zuten, beste asko zaurituz.
Eraso hura Ascuri etniako jendeak Retomada Te’ykue dokumentalean bilduta dauka. Filmaren hasieran entzun daiteke Bolsonaro, orduan diputatua, iragartzen 2019an lehendakari baldin bada lur jabeek tiroka bidali ahalko dituztela okupatzaileak.
Baina milizia pribatuez gain, Estatuaren poliziak ere parte hartu du indigena txiroen zanpaketan, beste zenbait bideok frogatu dutenez: helikopktero eta guzti iritsitako poliziak etxolak bezala baratze eta tresneriak suntsitu eta jendeak kanporatzen, jendeari fusilez tiroka... Irudiok oroitarazten dituzte, neurri txikian, Rio de Janeiroko faveletan polizia eta militarrek burututako erasoak, jomugan gehienbat gazte beltzak dauzkatenak.
Indigenak, quilombolak, antigoaleko bizimodua daramatenei –latexa biltzen duten seringueiroak, intxaurrak biltzen dituzten castnheiroak...– edo lur gabeko baserritarrei erasoz, Bolsonarok beretzat aldarrikatzen du gizarte kreolea, XIX. mendetik Hego Amerikako estatu-nazioen oinarria dena, afroamerikarren eta amerindiarren eragina lausotu eta populazioa zuritzen ahaleginduz.
Elite kreolearen eredu ekonomiko eta sozialak beti behar izan du eskulan merke eta eskubiderik gabea; gaur ere bai, Brasilgo manufaktura industrian oraindik dagoen esklabo lanak erakusten duen moduan. PT Langileen Alderdiaren gobernua, dio Bonilla antropologoak, saiatu den arren gizarte sistema justuago bat ezartzen aberastasuna banatzen duen Estatuaren logikan, ez du lortu ihes egitea Estatuaren aparatuaren atzaparretatik eta Brasilgo elite ekonomiko eta sozialaren interesen aurrean makurtu da. Eliteek, ordea, PTren esperimentua bukatutzat eman zuten.
Bolsonarok behin eta berriro esana da: “Gehiengoentzako izango da Brasil. Gutxiengoak, edo egokitu daitezela edo desagertu!”. Beste antropologo batek, Eduardo Viveiros de Castrok honela ulertu ditu haren hitzak: “Gerra bat dago gaur Brasilgo herri indioen kontra, eta Estatuak lotsarik gabe laguntzen die erasotzaileei, nahiz eta bere betebeharra litzatekeen indigenak eta beste herriak zaintzea eufemismoz ruralistak deitu arren benetan burgesia agro-industriala denaren eta nazioarteko kapitalaren erasotik. Baina hor zegoen hirietako klase ertainaren atal faxista ere: lehengo hauteskundeetan nahiko oharkabean pasatzen zen atal faxista hori erabakigarria izan da Bolsonaro agintera eramateko”.
Pippi Kaltzaluzeren istorioak lehenengoz kaleratu zirenetik 80 urte bete direla-eta, leku berezia eskaini diote Boloniako Nazioarteko Haur eta Gazte Liburu Azokan. Azkarra, independentea, errebeldea, lotsagabea, menderakaitza, apur bat basatia, sormen handikoa, ausarta eta... [+]
Euskal Herriko Mugimendu Feministak aurtengo Martxoak 8ko mobilizazioak "faxismoaren, erreakzionarismoaren eta zapalkuntzaren aurkako aliantzak" ehuntzean ardaztu ditu.
Kepa Kortak Naiz-en idatzitako “Musikariaren jakituria” artikuluan faxismoa definitzeko... [+]
Martxoak 8an egindako pintaketak gainetik margotu dituzte ikur faxistekin Zuberoako hiriburuan. Horren aurrean elkarretaratzera deitu dute, astelehenean.
Martxoaren 8a Getxo bere bizitokian igaro du: kumbia dekolonial eta antiarrazista topaketa antolatu du Algortako Herriko Tabernan, Abianen, Hija del Nopal DJrekin batera.
Argentinatik Getxora migratu zen Celeste Agüero, kantutegi herrikoi batekin eta poesia xuxurlatzeko... [+]
Leporaturikoa ez onarturik, eta sare sozialetako kontuak "lapurtu" zizkiotela erranik, salaketa jarri zuen Arabako campuseko Farmazia Fakultateko irakasleak. Gernikako auzitegiak ondorioztatu du ez dagoela modurik frogatzeko mezu horiek berak idatzitakoak diren ala ez.
Martxoak 8a heltzear da beste urtebetez, eta nahiz eta zenbaitek erabiltzen duten urtean behin beren irudia morez margotzeko soilik, feministek kaleak aldarriz betetzeko baliatzen dute egun seinalatu hau. 2020an, duela bost urte, milaka emakumek elkarrekin oihukatu zuten euren... [+]
Ibilgailu baten bidez, Ver.diren protesta batean zeuden manifestariak aurretik eraman ditu. Duela egun gutxi, supremazista zuri batek 11 pertsona erail zituen Suedian.
Eraso faxistak, xenofoboak edo homofoboak gero eta ugariagoak dira Euskal Herrian ere, eta kezka barreiatu da han-hemenka. Behe Bidasoa da eraso horiek pairatzen dituen eremuetakoa, eta hor, zehazki, eraso edota ekintza gehienak Devenir Europeo (Europaren bilakaera) izeneko... [+]
96 urte zituela eman du azken hatsa Jean-Marie Le Penek aurtengo urtarrilaren 7an. Heriotza bat festatzea ez bada ohikoa ere, hori gertatu da beretzat: milaka herritar batu dira Frantziako Estatuko hainbat hiritan, suziri, kantu eta xanpai botila artean, eskuin muturreko... [+]
Eraikin osoan zehar egin dituzte margoketa faxistak. Erasoa salatzeko, protesta bat antolatu dute larunbaterako.
Mendebaldeko agintariek gerraren aldeko apustua egin dutela salatzeko mobilizazioak antolatu ditu Gazte Koordinadora Sozialistak Bilbon eta Iruñean. Faxismoaren gorakadaren aurrean mobilizatzeko deia egin du.
Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.
Euskal Herriko Unibertsitateak jakinarazi duenez, gutxienez astebetez ez du eskolarik emango Zuzenbide Fakultateko irakasleak. Astelehen goizean Leioako campuseko ehunka ikaslek sare sozialetan frankismoa goraipatzea eta mezu xenofobo, matxista eta homofoboak hedatu izana salatu... [+]