Sukaldeak errekuperatu, elikadura egokia bermatu, balio hezitzaileak transmititu. Asko dira hezkuntzako eragileek jantokietako zerbitzuak hobetzeko dituzten eskariak. Ez daude konforme catering enpresa handiek kudeatutako orain arteko ereduarekin, baina ezta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak urtarrilean egindako proposamenarekin ere: 2019-2020 ikasturtetik aurrera, hala nahi duten EAEko guraso elkarteek aukera izango dute ikastetxeko jantoki zerbitzua zuzenean kudeatzeko.
2000. urtean abiatu zuten orain arte martxan egon den eskoletako jantokien kudeaketa eredua. Garai horietan ikastetxe gehienek ez zuten jantoki zerbitzurik eskaintzen. Hori dela eta, jantoki zerbitzua ahalik eta ikastetxe gehienetara iristea zen helburua. Hogei urteren ondoren hezkuntza eremuko eragile ugarik jartzen dute zalantzan catering enpresa handien bidez funtzionatzen duen eredua, eta behin eta berriz eskatu diote aldaketa Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, jarraipen batzorde bat abiatu zuten 2017ko abenduan, euren artean proposamenak adostu eta Hezkuntza Sailari helaraziz. Orain, “zur eta lur” geratu dira Hezkuntza Sailak “aldebakarrez” hartutako erabakiarekin.
“Informazio oso gutxi daukagu. Esaterako, dirulaguntza deialdiek ez dute ziurtasunik ematen, eta ez dakigu dirulaguntza zenbatekoa izango den”, nabarmendu du Lurdes Imaz EHIGE guraso elkarteko koordinatzaileak. Tentuz begiratzen diote etorri daitekeenari: “Gestio guztia guraso elkarteen esku geratuko litzateke, eta ez zaigu egokia iruditzen. Jantokia zerbitzu publiko bat da, beraz, Eusko Jaurlaritzak dagokion ardura hartu beharko luke”.
Gogor kritikatu du proposamena Pello Igeregi ELAko kideak ere: “Gure ustez Eusko Jaurlaritzaren asmoa eskola jantokien kudeaketa alternatiboek porrot egitea da. Horregatik ezarri du ardura guztia guraso elkarteen gainean, berak inolako laguntza eta baliabiderik ezarri gabe”. Gaineratu du, Eusko Jaurlaritzak badakiela –proba pilotuak egin dituelako– horrelako planteamendu bat neketsua eta konplexua dela: “Gurasoei ardura guztia emanik bere asmoa gertuko jaki osasuntsuetan oinarritutako eskola jantoki eredua pikutara bidaltzea da”.
Hezkuntza eragile gehienak bat datoz: jantoki zerbitzua hezkuntza komunitatearen barruan egon beharko litzateke eta eskola jantokietan lanean diharduten pertsonei izaera hezitzailea aitortu behar zaie
Catering sistematik kanpo
Dena den, bada jantokien kudeaketa osoa guraso elkarteen esku uzteari onurarik ikusten dionik ere. Ikastetxeetako jantokietan beraien seme-alabei ematen zaien elikaduraren kalitateaz arduraturik dauden Durangaldeko hainbat ikastetxetako gurasoek sortutako egitasmoa da Berton Bertokoa. Urteak daramatzate eskualdeko jantokietan sukalde propioak edukitzeko beharra aldarrikatzen eta bertako elikagaiak sustatzen dituen zerbitzu propioa eraikitzen. “Eskola hauek frogatu dute gure eredua eraginkorra dela. Frogatuta gelditu da catering bidezko sistematik kanpo, eta gurasoentzat inongo ekonomia kostu gehigarririk gabe, posible dela gure haurrei elikadura osasungarria ematea”. Hori dela eta, argi dute Jaurlaritzako arduradunek onartu behar izan dutela beraiek planteatutako ereduak alternatibak dituela.
Hainbat hutsune ikusi dizkiote Jaurlaritzaren proposamenari, garbi baitute eskola jantokien kudeaketa osoa ezin dela guraso elkarteen esku utzi: “Guraso elkarteen osaketa aldakorra da eta beraz, haien ondoriozko erabakiek zalantzan jar dezakete jantokien kudeaketak eskatzen duen egonkortasuna”. Gainera, uste dute zaintza zein sukaldaritza zerbitzuek administrazioaren ardurapean egon beharko luketela.
Lau proiektu pilotu hezkuntza publikoan
Eusko Jaurlaritzak abian jarritako lau proiektu pilotuetako bat da Markina-Xemeingo Bekobenta eskola. 2016an jarri zuten abian egitasmoa eta orain kezkatuta daude Hezkuntza Sailak egindako proposamenarekin: “Hordagoa izan da, ez dute horrelako proiektuek aurrera egitea nahi, eta hordagoek balio dute mahai jokoetan, baina hemen gure haurren elikaduraz ari gara”. Zuriñe Egia Bekobentako guraso eta jantoki batzordeko koordinatzaileak gogoratu du mahai sektorialean aritu direla Eusko Jaurlaritzarekin hitz egiten eta uste du orain “beraien hitzei jaramonik egin gabe eta aldebakarrez” hartu duela erabakia administrazioak.
Abian jarritako eredu pilotuarekin oso gustura daudela azpimarratu du Egiak: “Kostu ekonomiko gehigarririk gabe gure haurrei kalitatezko elikagaiak eskaintzen dizkiegu”. Baina Eusko Jaurlaritzaren proposamena entzun ostean beldur dira: “Beldurtuta gaude, ez dakigu proba pilotuaren ostean zer gertatuko den. Dagoeneko hurrengo ikasturteko menua prestatzen eta elikagaiak lortzen hasi beharko ginateke, baina ez dakigu zer gertatuko den gurea moduko ereduekin eta paralizatuta gaude”. Uste du proposamen hau “bere burua zuritzeko modu bat” izan dela Jaurlaritzarentzat.
Jaten ere ikasi daiteke
Gaur egungo ereduarekin jantoki zerbitzua hezkuntza komunitatearen barruan txertatzea “ia ezinezkoa” litzatekeela diote. Izan ere, catering enpresa handiek sukalde industrialetan prestatutako janaria eskoletan banatu besterik ez dute egiten; baina, gaineratu dute, Eusko Jaurlaritzak proposatzen duen ereduarekin “ezinezkoa” litzatekeela. Eta hezkuntzako eragile gehienak bat datoz: jantoki zerbitzua hezkuntza komunitatearen barruan egon beharko litzateke eta eskola jantokietan lanean diharduten pertsonei izaera hezitzailea aitortu behar zaie. “Uste dugu beharrezkoa dela zentroko proiektu hezitzaileetan eskolako jantokia sartzea, duen eduki hezitzailea azalduz, eta proiektuaren gainerakoarekin koherentzia mantenduz”, dio Berton Bertokoa egitasmoak. Eskola jantokiak eta haurren otorduak haurren heziketaren parte dira eta horrek isla zuzena izan beharko luke curriculumean: “Ezin dira haurraren hezkuntza eta jatorduak gai berezi gisa tratatu”.
ELA eta STEILAS sindikatuko kideek ere garbi dute. “Jantokiak ikastetxearen planaren barruan egon behar du, gune hezitzailea baita eta hainbat gai jorratzeko aukera ematen du: besteak beste, ikasleen zaintza eta auto-zaintza, elikadura osasuntsua eta jasangarria, eta bertako janaria”, azpimarratu du Ana Perez STEILASeko kideak. ELAko Pello Igeregik ere ildo berean hitz egin du: “Gure ustez jatekoa hezkuntzaren parte da, batetik gure seme-alabei elikatzeko ohitura osasuntsuak barneratzeko aukera delako eta, bestetik, ingurunea zaintzeko elikadura subiranotasuna oso elementu garrantzitsua delako eta balio hau umeei transmititzea ezinbestekoa iruditzen zaigulako etorkizunean bizigarria den planeta batean bizitzeko aukera izan dezaten”.
Lurdes Imazek Katalunia jarri du adibide: “Katalunian arlo pedagogikoa oso landuta dute. Kontuan hartzen dute, esaterako, jantokiko langileen erdia gizonezkoak izatea, horrela estereotipoak hausteko”.
Lan baldintzak kolokan
Jantokien kudeaketa osoa guraso elkarteengan uzteak hainbat ondorio ekar ditzake jantokietako zaintzaile eta zerbitzarien lan baldintzetan ere. Horrekin kezkatuta daude sindikatuak. “Gai honek argi erakutsi du Eusko Jaurlaritzari langileak bost axola zaizkiola”, dio Igeregik. Salatu du ez direla aipatu ere egiten eredu aldaketak izan ditzakeen ondorioak eta gogorarazi du bestelako eredu batzuetan langileen lan eskubideak kaltetu dituztela: “Gure ustez jantokia proiektu pedagogikoetan barneratu behar da, horretarako lanean arituko diren langileen lan baldintzak egokiak izan behar dira eta ezin da martxan jarri gaur egun lanean dauden langileak kaleratuz”. Perezen esanetan ere, tentuz ibili behar da: “Momentu honetan zehaztasun falta handia dago, baina argi dugu pertsonalaren kudeaketa ezin dela familien ardurapean geratu”. Proposamen hau hezkuntza publikoaren azpikontratazioan eta pribatizazioan beste urrats bat dela dio, langileak “bazterkerian” uzten dituena.
Bestalde, lanaren balio hezitzaileak lan baldintzetan eragin zuzena izan dezake: “Langileen formazioa eta lan baldintzak funtsezkoak dira, jatekoa zerbitzatzeaz gain balio horiek eta beste batzuk transmititzea beren ardura zuzena izango baita”, azaldu du Igeregik. Dena den, uste du beste eredu baterako trantsizioa egitekotan egungo langileek lanean jarraitzeko bermeak izan beharko lituzketela: “Horretarako trantsizio prozesu bat diseinatu beharko litzateke. Proba pilotu batzuk egin dira eskola batzuetan, baina sarri langileen lan baldintzak kontuan hartu gabe”.
Jantokiak zerbitzu publikoak direla aldarrikatzen dute behin eta berriro. EHIGEko bozeramaile Imazek nabarmendu du jantokiak ezinbestean publikoa behar duela izan, eta beraz, langileen kontratazioa Jaurlaritzaren ardurapean geratu behar dela. Berton Bertoko egitasmoko kideak ere bat datoz horretan eta uste dute administrazioaren egitekoa dela, esaterako, jantokietako langileei formakuntza eskaintzea; besteak beste, nutrizioan edo elikagaien jatorrian.
Bekobenta eskolaren kasuan langile batzuk Jaurlaritzak kontratatzen ditu eta beste batzuk guraso elkarteak: “Gure kasuan sukaldariak administrazio publikoak kontratatzen ditu eta guk zaintzaileak azpikontratatzen ditugu beste enpresa baten bitartez”, argitu du Zuriñe Egiak. Kontratazioen ardura guztia guraso elkarteengan uzteak langileen lan baldintzetan eragina izango lukeela azpimarratu du.
Azpikontratazioaren ondorioekin nazkatuta, otsailaren 26rako grebara deitu dituzte eskola jantokietako enpresa pribatuetako langileak, Hezkuntza Saileko sukaldarien baldintza berberak exijituz. Homologazioa lortzea da helburu nagusia, baina azpimarratu dute jantoki zerbitzua guraso elkarteen esku uzteak ere kezka handia sortzen diela. Proposamen hori "fundamenturik gabe" egin izana salatu dute langileek.
Alternatibak mahai gainean
Catering enpresa handiek kudeatutako jantokien eredutik at hainbat saiakera egin dira Euskal Herrian. Horietako asko nazioarteko ereduetan oinarrituta. Imazek azaldu du EHIGE guraso elkarteak bultzatutako Gure platera gure aukera ekimenak, esaterako, hainbat eredu ezagutu dituela: “Kanariar Uharteetan aspaldi ari dira Nekazaritza eta Hezkuntza sailak elkarlanean eskoletan kalitatezko eta bertako produktuak eskaintzeko asmoz”. Nabarmendu digu Frantziako Estatuan ere kontzientzia handia dutela eta asko direla bertako janari ekologikoarekin hornitzen dituzten jantokiak, eredu hezitzaileari begiratzen diotenak eta haurrek janaria nondik datorren ikasteaz arduratzen direnak.
Eredu berriak beren kabuz martxan jarri dituztenen artean, aitzindari dira Larrabetzuko eta Erandioko ikastetxeak. Baina Perezek dio bestelako ereduak gutxi direla Euskal Herrian, Hezkuntza Sailak hasieratik oztopoak jartzen dituelako: “Adibidez, kudeaketa zuzena onartu ez zieten eskolei dirulaguntzak kendu zizkieten, hau da, zigortuak izan ziren. Trabak traba, batzuek horretan jarraitu zuten; Larrabetzukoa izango da ezagunenetakoa, baina apurka-apurka beste ikastetxe batzuk ere eredu inposatutik atera dira. Inguruko nekazariekin lan egiten dute eta gertuko produktuak eta sasoikoak kontsumitzen dituzte”. STEILASeko kideak uste du Hezkuntza sailak kudeaketa catering enpresenen bidez egitea lehenesten badu, enpresa txikiei ere aukera eman beharko zaiela: “Eguneko 8.000 menu prestatzeko aukera edukitzea beharrezkoa bada, enpresa txiki eta gertukoek ez dute zereginik lehia horretan”.
Ildo berean hitz egin du EHIGEko koordinatzaileak ere. Haren ustez, erraz egin daitezkeen hainbat aldaketarekin posible da jantokietan bertako produktuak eskaintzea: “Adibidez, lizitazioetan bertako produktuak eskaintzen dituzten enpresei puntuazio handiagoa emanda”. Gogorarazi du egungo ereduak balio izan duela jantoki zerbitzua unibertsalizatzeko, baina trantsizio eta aldaketa garai baten aurrean gaudela. Zuriñe Egia ere bat dator: “Horretarako, beharrezkoa ikusten dut sukalderik ez duten eskolei sukaldeak jartzea eta catering enpresa txikiei lehian sartzeko aukera eskaintzea”.
Bi ordu edo bi ordu eta erdiz haur eta gazte andana hartzen ditu jantokiaren tarteak eskoletan. Jateko, jolasteko eta elkarbizitzeko espazio horretan jantokiko arduradunak esku hartzeko dituen mugez, jarraitzen diren irizpideez, begiraleen rolaz eta duten formazioaz arituko... [+]
Catering-enpresarik gabe jardun nahi duten eskolentzat bestelako eredu bat arautzea adostu zuen Eusko Legebiltzarrak 2019an. Horren ordez, catering-enpresen bidezko zerbitzua ematera derrigortzen ditu ikastetxeak Eusko Jaurlaritzak berriki argitaratu duen aginduak. Bitartean,... [+]
Nekazariak protestan ari dira, baina eredu agroindustrialak hartu du lidergoa. "Itun Berdea" ere, Europar Batasunaren hurrengo hamarkadako estrategia nagusia zena, pikutara bota dezakete, begirik kliskatu gabe. Bitartean, euskal eskoletan zorriak eta harrak... [+]
Ikasturtean zehar enpresaren jantoki-zerbitzuak hainbat ikastetxeetan sortutako “arazoengatik” eten dute kontratua.
Herriko ikastetxe eta ikasle guztientzako bestelako jantoki eredu bat bideragarria ote litzatekeen aztertzea izango du helburu lanketak. Hernaniko ikastetxe bakoitzeko gurasoen ordezkariarekin elkarlanean egingo dute.
Arantzabela, Errekabarri eta Salburua ikastetxeek sukalde propioa nahi dute, auzoko eskoletako jangelak hornitzeko, baina hilabeteak joan hilabeteak etorri, administrazioaren erantzunik gabe jarraitzen dutela salatu dute: "Arduragabekeria eta utzikeria zantzuak sumatzen... [+]
Hernaniko ikastetxe guztietako Haur Hezkuntza zikloan eta ikastetxe bateko Lehen Hezkuntza zikloan jangelan oihalezko ahozapiak erabiltzen hasi dira, paperezkoen ordez. Udalak izan du ekimena eta berak erosi ditu 213 ikaslerentzako kotoizko zapiak herriko oihal denda batean... [+]
Aurretik beste eskola batzuetan gertatu bezala Serunion enpresa da zerbitzuaren arduraduna. Murgiako Bigarren Hezkuntzako Institutuak ohartarazi du asteartean lehen platera zerbitzatzeari utzi diotela jantokian, eta “aurrekoetan bezala” Hezkuntza Ordezkaritzari... [+]
Hernaniko Langile Ikastolako gurasoek jakinarazi dute iragan ostiralean haurretako batek har bat aurkitu duela zerbitzatutako janarian; eta Duranako Ikasbidea Ikastola zentro publikoan ere joan den asteazkenean bigarren platera erretiratu behar izan dute, ohi baino garratzagoa... [+]
Eskola-jangeletako elikaduraren kalitatea kritikatu du guraso elkarte ugarik, eta gaiaz galdetu dio EH Bilduk Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari. Catering enpresen inguruko intzidentziak helarazi zaizkienean, auditoretza-kontrolak egin dituztela erantzun... [+]
Eskolako jangelan menu osasungarriak, kalitatezkoak eta jasangarriak eskaintzeko lehen urrats gisa, menu horiek ikastetxean bertan prestatu ahal izateko eskolan sukaldea eraikitzea eskatu diote EAEko hamazazpi eskola eta institutu publikok Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.
Eskola jantokietan haur eta gazteei eskaintzen zaien janariaren inguruan “ezin konta ahala dei, kontsulta eta kexa” jaso ostean, inkesta egin du Bizkaiko Ikasleen Guraso Elkarteak. 96 ikastetxetako guraso elkarteek erantzun dute eta jakien kalitate, kopuru eta... [+]
Nafarroa hegoaldean nekazaritza-ekoizpena eta euskara sustatzeko xedea duen Errigora ekimenean parte hartzen duten ekoizleen produktuak hamar jantoki kolektibotan baliatu dituzte ikasturte honetan. Hurrengo urteetan ere ildo horretan sakontzeko asmoa dute.