Maria Antonia Barrenetxea dimoztarrak epaitegietara eraman zuen ezagutu zaharra ez zuen Manuel de Carredano portugaletetarra. Elebakar euskalduna izan dimoztarra, eta hizkuntza aferak agerian geratu ziren epaiketan. XVIII. mendeko Artziniegako egoera soziolinguistikoaren zantzuak antzematen laguntzen dute orduko agiriek.
Artziniegako Udal Artxiboan gordeta dauden agirietan azaltzen denez, 1771ko urtarrilaren 17ko arratsaldean hiru emakume heldu ziren Uretako bentara ostatu eske. Lorenzo de Urizar zen bentako ugazaba, eta Lorenzok emakumeei entzun egin zien haietako bat haurdun geratu zela irailean, Arteko ferian, eta haurdun utzi zuen gizonaren bila zebilela. Emakumeak bizkaitarrak ziren eta euskaraz ari ziren euren artean. Baina Lorenzo ere euskalduna zen, dena ulertu zuen eta horren berri eman zien agintariei. Maria Antonia izeneko emakumea engainuz haurdun utzi zuenaren bila zebilen lagun bigaz lagunduta. Eta topatuko zuen, esan bezala, kontua auzibidera joan eta bertan ebatzi zen eta.
Hurrengo egunean bertan, Pablo Antonio de Aldama alkatea buru zela, Lorenzo eta hiru emakumeak auziaren berri ematera agertu ziren. Alkateak galdetu zuen zein zen Maria Antonia izenekoa eta beste biei ateratzeko eta itxaroteko esan zien. Berehala konturatu zen ez zela gaztelaniaz moldatzen. Ikusita Maria Antoniak ez zekiela gaztelaniaz –edo behintzat, ondo ez zekiela– alkateak interprete izendatu zuen Lorenzo bera, euskalduna zelako. Maria Antonia Dimakoa zen, hogeita hamar urte zituen eta Joseph de Goioagaren alarguna zen. Bere testigantzan ederto kontatzen du nola sukaldari modura joana zen Arteko Landako feriara “pelo postizo” (sic) esaten zioten Bilboko emakume batentzat lanean, eta nola Portugaleteko Manuel de Carredano ezagutu zuen bertan. Carredanori Maria Antonia gustatu ei zitzaion eta, esanez bera ere alarguna zela eta emakume bat behar zuela, Maria Antoniaren testigantzaren arabera, ohera eroatea lortu zuen irailaren 20aren bueltan.
Ikusita umedun zegoela, Maria Antonia Carredanoren bila joan zen Portugaletera. Bertan ikusi zuen kontatutakoa gezurra zela eta Carredano gizon ezkondua zela. Gizonak dirua eskaini zion isiltzearren, eta Maria Antoniak halakorik onartzeko prest ez zegoenez, justizia eske joatea ebatzi zuen.
Baina utzi dezagun alde batera epaiketa eragin zuen afera sentimental-sexuala eta gatozen atzera hizkuntzaren harira. Geroago ikusiko dugu auzia zertan geratu zen.
Artziniegako historia soziolinguistikoak asko du oraindik ikertzeko, konplexua da eta azkenaldian han-hemenka pistak batzen ari gara, argia eman nahian. Oraingoan hizpide dugun kasua berezia da, orain arte halakoren berririk ez dugulako izan.
Aztertu dezagun arretaz, beraz, zer erakusten digun 1771ko epaiketa honek panorama soziolinguistikoaren aldetik: Zergatik behar izan zuten interprete bat? Erdaldunak ziren agintariak? Nor zen interprete hori?
Hasteko eta bat, gogora ekarri behar dugu XVIII. mendean euskararen atzerakada nabarmena gertatu zela Aiaraldean –Arabako beste leku askotan lez– bai eta Gordexolako haranean. Artziniega berezia zen alde horretatik, bi hizkuntzak lehenagotik bizi izan zirelako elkarren ondoan, baina ezinbestean nabaritu behar zuen atzerakada: Manuel de Mezcortarekin Batzar Nagusietan gertatutako arazotik ehun urtera, ez dirudi Aiaraldeko mendebaldean euskaldun elebakarrak izango zirenik. Euskaldunak, ostera, bai, baita Artziniegan bertan ere. Lorenzo Urizar (edo Ulizar) Uretako benteroa da adibide. Hari buruz esaten zaigu hiriko bizilaguna eta euskaldunzaharra zela (“las oyo y entendio de su vascuence, en que dho Lorenzo es natibo”). Baina artziniegarra zen? Badirudi ezetz; erregistroetan begiratuta, ikusi dugu Lorenzo Urizar Etxebarria arratiarra zela; Gordexolako Martina Zabalburu Mendibilegaz ezkonduta zegoen eta Artziniegan hil zen epaiketa izan eta 10 urte geroago, 1781ean. Beraz, ez gaude bertoko euskaldun baten aurrean, kanpotik etorritakoa baitzen. Bide batez esanda, bitxia da zelan bere abizenak “aiarartzen” diren erregistroetan, sarri Lorenzo Ulizar Chavarria modura azaltzen baita.
Bertan zeudenek, orduan, ez zioten Maria Antoniari ulertzen eta horregatik behar zuten itzultzaile bat? Ikusi dezagun arretaz agiriak dioena:
“Nombro a Lorenzo de Ulizar vezino de la dicha villa por ynterprete, a quien tomo también juramento, y rezibiendole de nuevo a la dicha Maria Antonia, la hizo presente el tenor del auto de oficio, por medio de dicho ynterprete y por él mismo, como también por muchas palabras de castellano que combenian con lo que manifestaba el ynterprete ante mi el escribano”.
Zati honi erreparatuta, ematen du alkateak gaztelaniaz hitz egin zuela, baina baita euskaraz ere, zuzenean Maria Antoniari –“por medio de dicho ynterprete y por él mismo, como también por muchas palabras de castellano”–. Aketza Merino historialariari kontsulta eginda, eta garai bateko epaiketekin duen eskarmentua baliatuta, uste dugu baietz, Pablo Antonio Aldama alkatea euskaraz eta gaztelaniaz aritu zela eta interpreteak eskribauarentzat jardun zuela, eskribaua erdalduna zelako. Zaila da egoeraren “argazki” zehatza irudikatzea, baina hala izan zelakoan gaude.
Halandaze, lekukotasun honek berresten du euskararen presentzia Artziniegako hirian XVIII. mende amaieran. Bestelako ondorio sakonagorik ezin dugu atera momentuz, baina baditugu agirian; batetik, kanpotik joandako euskaldun elebakarrak –Maria Antonia eta bere bi lagunak–; bestetik, berton bizi den elebidun bat –Lorenzo Urizar–; eta azkenik, itxura batean euskaraz ere badakien artziniegar bat, Pablo Antonio Aldama alkatea (1739an jaioa). Azkenik, eskribau erdaldun bat azaltzen zaigu, baina ez dugu oraindik asmatu nor izan ote zen argitzen.
Lekukotasun garrantzitsua da, hortaz, euskarazko interprete bat erabili izanaren lehena delako Artziniegan, eta nahiko berandukoa delako, inguruotan euskararen atzerakada handiena jazo zen garaikoa, hain zuzen ere. Seguru gaude agiriotan zenbat eta gehiago arakatu, gehiago azaleratuko direla.
Nahiz eta artikulu honen xedea ez den Maria Antonia Barrenetxea dimoztarraren eta Manuel Carredano jarrilleroaren arteko aferaz xehetasunak ematea, kulebroiak izan zuen amaieraren berri behintzat emango dugu: frogatu zen Juan Manuel Carredano gizon ezkondua zela eta Maria Antonia engainuz utzi zuela haurdun Artziniegako ferian izandako izarapeko tratuen ondorioz (“actos sensuales”, dio agiriak). Atxilotzeko agindua eman zuten eta adulterioa egiteagatik epai gogorra ezarri zioten: espetxera sartu ala ejerzitoetan zerbitzua ematera behartuta joatea. Maria Antoniak ordaina eta justizia jaso zituen, orduan? Ez bada; ahultasuna eta bestelako faltak egotzita (fragilidad, lascivia, amancevamiento) giltzapetzeko agindua eman zuten, hau da, etxe batean atxilo egotekoa. Aurrerantzean Artziniegako Tomasa de Ulibarriren etxean egongo zela giltzapean ezarri zuten, eta jaiegunetan elizkizunetarako baino ez zela aterako.
Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]
Urriaren 26an Iruña-Veleia Argitu, ez suntsitu jardunaldian Zenbat esku daude Iruña-Veleian aurkitutako ostraken testuetan? ponentzia aurkeztu zuen Joseba Lizeagak
“Ikae” edo “igae” bezala transkribitu ditu aurkituriko ikurrak Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko ikertzaile taldeak. Duela 2.000 urteko "baskoierazko" idazkun bat izan daitekeela diote ikerleek, baina garai hartako hizkuntzei... [+]
“18 urte pasatu dira indusketan 400 bat grafito agertu zirenetik, 16 urte froga zientifikorik gabe Lurmen indusketa eremutik kaleratu zutenetik eta 4 urte gaia argitu barik epaiketa egin zenetik eta berdintsu jarraitzen dugula esan genezake: gaia argitu nahi genuenok... [+]
Gaur egun, gure munduan eraiki diren hierarkia guztiak mundu mailako kolonizazio prozesu baten emaitza dira. Menderatze-hierarkia global horiek elkarren artean txirikordaturiko beste hierarkia zehatzagoek osatzen dituzte, hau da, klasekoek, etnikoek, estetikoek, eta baita... [+]