“Lagunak baino ez gara” esaldiaren gisakoak adibidetzat, monogamia harremanak hierarkizatzen dituen sistema piramidala dela defendatzera dator Brigitte Vasallo (Bartzelona, 1973) bere azken argitalpenarekin. Oveja Roja argitaletxearekin Pensamiento monógamo, terror poliamoroso (Pentsamendu monogamoa, polimaitasun terrorea) saiakera aurkeztu berri du idazle eta ekintzaile feministak. Monogamiaz, polimaitasunaren desbideraketa neoliberalaz eta harremantzeko paradigma berrien beharraz mintzatu gara berarekin.
Zure liburua irakurtzean kontzeptu batzuk gaizki ulertuta zituela konturatzen da bat, “monogamia” kasu. Praktikatzat jotakoa, sistema da izatez.
Oraintsu arte maitasun kontuak zokoratu egin dira, eztabaidarako espazio nagusiak publikoak —eta ondorioz maskulinoak— izanik, ez zen gaiaz hitz egiten. Monogamia praktikatzat jo izan da zuzenean, eta ez da hala. Praktika bat balitz, nola azaldu denok praktika berbera izatea? Hori era sistemikoan besterik ezin daiteke azaldu. Monogamia sistematzat jotzeak, derrigortu egiten gaitu egiten duguna eta gertatzen zaiguna eremu kolektiboan eta politikoan kokatzera.
Monogamiaren egitura piramidalaz ohartu ezean, polimaitasuna berau errepikatzera kondenatua dagoela diozu.
Hala da, eta ondorioz monogamian ematen diren bazterketa berdinei ematen zaie bide polimaitasunean ere. Piramidea existitu bitartean, gailurrean ez da denontzako tokirik izanen. Era berean, denontzako tokia egitea ez da dirudien bezain sinplea, problematikoa da oso. Egiteko horretan, sarri justiziaren etika agertzen da zaintzaren etikaren ordez, eta harremanak, besteak beste, modu patriarkal eta kapitalistan ulertzen hasten gara oharkabean: “Zuk bost harreman badituzu nik ere horrenbeste nahi ditut” bezalako logikak agertzen dira, indarkeria mordoari bide ematen diotenak. Agian ez ditut behar edo ezin ditut neure gain hartu bost harreman, beharbada hirurekin hobeto nago eta errazagoa zait dena.
Polimaitasuna logika neoliberalaren arabera ulertzeko joera nagusitu dela kritikatu duzu. Diozunez, buffet bat bailitzan antzematen da, zeinetan norbanakoak kontsumogai bilakatzen diren.
Polimaitasunean, buffetean bezala, sarri nagusitzen den pentsamendua da hurrengoa: “Libre denez, guztiarekin aurrera”. Nahiz eta digerigarria izan ez, zerbitzariei gutxi ordaintzen zaiela jakin, edo kontsumo mota hori jasangarria ez dela begi bistakoa izan. Ordura arte urritasunean eta giltzapean bizi izan garela ondorioztatuta, kontsumo arduragabearen bidez desastrea eragiten dugu “aske” sentitzeko. Nik nahiago dut hain aske ez sentitu, horrela guztiok lasaiago eta emozionalki lagunduak bagaude.
Polimaitasunaren izenean, aldiberean edo seriean harreman monogamoak izaten dituenik ba omen da.
Monogamia apurtzeko saiakeran bikotekide kopuruari bakarrik erreparatuz gero, monogamia praktikatzen jarraituko dugu. Etengabe ikusten ditugu halako adibideak: norbanakoak horrela harremantzen dira bizitzako aro “abenturazalean”, baina egiaren ordua heltzen denean, erreproduzitzeko asmoa izan ala ez, bikote erreproduktorea eta bizitza egonkorra eratzen dituzte. Iraultzailetzat jotako hura anekdota huts bilakatzen da, ziurrenik burgesak izango diren ilobei kontatzeko modukoa.
"Polimaitasuna modan jarri da, eta horrek eragin du identitate baten bueltan eraikitzea, ez ezinbestez praktika batzuen bueltan"
Izatez monogamoak diren praktikak infiltratu zaizkio polimaitasunari?
Polimaitasuna modan jarri da, eta horrek eragin du identitate baten bueltan eraikitzea, ez ezinbestez praktika batzuen bueltan. “Etikoa bada polimaitasuna da, polimaitasuna bada etikoa da” baieztapena horren adierazle. Guzti hau maila identitarioan ematen ari da, baina non daude praktikak? Non dago eta zein da etika? Nork definitzen du?
Monogamia naturaltzat jo dugu, nahiz eta hau indarrera inskribatu diguten araua izan. Beronen ezarpena historian non kokatzen den behatzeko ariketa egin, eta Estatu klerikal eta kapitalistaren sorrerarekin topo egin duzu. Nola eragin zuen harremanetan?
Behin betikotasunez. Eraikitze prozesuan zen estatu kapitalistaren eta eliza kristau katolikoaren botereen artean aliantza argia eman zen Europako hegoaldean. Zehazki, beraien beharrizanekin bat egiten zuen jendarte mota eraikitzeko batu zituzten indarrak. Hala bada, elizak bizitzeko era ezberdinak suntsitu zituen, kristauak asko. Beraien interesekin bat ez zetozen bizimoldeei ‘sekta heretiko’ deitu zieten, izatez ez sekta ez heretiko ez baziren ere. Inkisizioak eman zien izen hori, hauen suntsipenari ekiteko.
Sektatzat jotako komunitateetan sexu harreman askotarikoak ematen ziren, era komunitarioan eta erreprodukzio helbururik izan beharrik gabe. Generoak lausoagoak ziren gainera, ez bilakatu diren bezain zurrunak, eta desparekotasuna askoz txikiagoa zen. Baina hori guztia suntsitu egin zen, kapitalismoak oso gizonak diren gizonak eta oso emakumeak diren emakumeak behar baititu. Eta hori monogamiaren bidez eraikitzen da.
Gizon oso gizon eta emakume oso emakume horiez mintzatzeko erregistro marka darabilzu liburuan.
Bai, zeren erregistro markadun emakume© eta gizonetaz© ari garenean, ez gara mintzo gutako inortaz. Erregistro markadun gizon eta emakumeak gure bizitzetan daude, baina eredu gisa, eta eredu hortara bultzatzen gaitu etengabe sistemak. Horrek, alde batetik, gure bizitzetan eragiten du; bestetik, gure bizitzek eredua bera elikatzen dute. Zirkulu biziotsu bat da. Erregistro marka baliagarria iruditzen zait hau guztia bistaratu eta gizon zein emakume eredu horiek kapitalismoarekin lotzeko.
‘Disney maitasuna’ deitu duzunari ere jarri diozu erregistro marka.
Zure maitasun istorioa, besteena ez bezala, betierekoa eta letra larriz idazten den horietakoa dela pentsatzeko joeraren oinarrian dago Disney maitasuna©. Horren adierazle da, adibidez, buruan darabildan Jennifer Lopezen abesti bat, zera dioena: “Ez nik ez zuk, ez daukagu kontrola”. Eta nire buruari galdetzen diot: nork dauka kontrola orduan? inork ez? bietako inork ez badu kontrola, argi eta garbi, sistemaren eskuetan dago. Disney maitasuna ez dela existitzen ohartu behar gara, eta maitasun kontuen gainean daukagun erabakitzeko gaitasunaz jabetu. Horrez gain, bai gure zein gurekin harremantzen diren pertsonen afektuen gaineko ardura dugula argi izan behar dugu.
"Bai gure zein gurekin harremantzen diren pertsonen afektuen gaineko ardura dugula argi izan behar dugu"
Kontzientzia hartzeari dagokionez lan ederra daukagula, alegia.
Ikerketa batek zioen maitemintzen den garunak kokaina kontsumitzen duenak bezala jokatzen duela. Hala bada, ulertzen da kokaina kontsumitu edota maitemintzearen ondorioz, garunak jokabide jakin bat duela. Eta diot nik: ez da izango maitasunarekin drogekin bezala harremantzen garela, eta horregatik jokatzen duela garunak jokatzen duen moduan maitemintzean? Sintomei behatuz gero, esan daiteke hala dela: insomnioa, arnasa falta, sabela itxita, antsietatea, paranoiak, memoria falta, eta abar. Nola liteke maitemintzea bezalako gauza eder batek hainbesteko ondoeza sorraraztea?
Interesgarria deritzot hau guztia sistemaren baitan kokatzeari, beronen gainean hausnartzeko. Uste dut hitz egin beharra daukagula, ezinbestekoa da maitasun arloko deskalabruak denoi gertatzen zaizkigula onartzea. Halakorik egin ezean, eman dezake sistematik ateratzeko gai den jendea badela, eta horrek ez dauka inolako zentzurik, denok bizi baikara honen baitan, gauzak ahal ditugun hobekien eginaz. Gainera, komunitateak berebiziko garrantzia dauka hemen: norbera heltzen ez den hausnarketetara heldu daitezke besteak, eta horrek ahalbidetu egiten du maitasun harremanetan ikusten ez ditugun zenbait gauzetaz ohartzea, komunitateari esker. Hainbeste indarkeria barnebiltzen dituen maitasunaren esparruan, hau oso garrantzitsua da. Ez baikara ari gure maitasun buruhausteez soilik, feminizidioez ere ari gara.
Nik asko zirikatzen ditut sare sozialetan beraien bikotekideekin ateratako argazkiak jartzen dituzten feministak. Nahikoa da, utzi maitasun erromantikoaren propaganda egiteari, ardura kolektiboa dugu kontu honi dagokionez.
Komunitatearen garrantzia azpimarratu duzu. Honen gainbeherak ere lotura zuzena du Estatu klerikal eta kapitalistaren sorrerarekin.
Garai hartaz diharduen Caliban eta Sorgina (Elkar) saiakeran Silvia Federicik ez du monogamiaz hitz egiten, baina bai sexu harremanak barnebiltzen zituzten komunitate festez. Sexu harremanok komunitarioak ziren eta ez zuten helburu erreproduktiborik, harremantzeko era bat gehiago besterik ez zen sexua, hori baita izatez. Baina kriminalizazioaren eta desparekotasunaren bitartez gorputzen eta sexualitatearen gaineko kontrola ezarri zen, plazera eta existentzia bera konplikatu dizkiguna.
Sistema monogamoaren baitan, norbanakoak identitatea bikotekidearen arabera eraikitzen duela diozu. Hala bada, hausturak identitate galera bezala bizi ditugu.
Haustura kodeak finkatuta daude, oso argiak eta biolentoak dira, eta zorrozki jarraitzen ditugu honetaz guztiaz kontzientzia hartu eta bestelako hausturak planteatu ezean. Nire bizipenetan oinarrituta esan dezaket bestelako hausturak posible direla, nahiz eta sistemaren aurka egitea eskatzen duten, baita ingurukoek esaten dizutenaren kontra aritzea ere maiz. Aukeratu dezakegu bikote izandakoaren kontrako gudarik ez hastea, eta haustura polit bati bide ematea. Horrek ez du esan nahi mingarria izango ez denik, mina sentitu eta dolua pasa behar dira. Kontua da aukeratu egin daitekeela mina eta dolua nola pasa. Harreman bat etetea eta norbaiti bihotza erdibitzea gauza ezberdinak dira.
Monogamoa sistema zapaltzailea den heinean, erresistentzia egin behar zaiola defendatzen duzu.
Bai, maitasunetik ahal izatera. Erresistentzia egiteak ez baitu ezertarako balio gure kontra etorriko bada. Ibilbide luzea daukagu aurretik, segidan akitzea ekidin behar dugu. Egunerokoa eta etengabea den erresistentzia behar dugu, kontzientzia eragiten duena. Ez gaudela prest? kapitalismoa suntsitzeko ere ez, nor dago halako ezertarako trebatua? Baina nire ustez hori ez da aitzakia ez borrokatzeko eta indarkeria eragiten duen sistema hau elikatzen jarraitzeko. Eta sistema monogamoaren kontra borrokatzeak ez du esan nahi zazpi bikote izan behar dituzunik. Sinplista litzateke halakorik ondorioztatzea, hain konplexua den arazo baten aurrean. Gure arrazoiketa errealitatearen konplexutasunaren mailan egon behar da.
Nik antikapitalismoarekin alderatzen dut: kapitalismoaren dimentsioaz eta honek gure bizitzetan daukan eraginaz ohartzen gara, eta aterabideak bilatu. “Mendira noa bizitzera, eta behar dudan oro neure kabuz ekoitziko dut” bezalako irtenbideak ez dira aproposenak. Alabaina, kapitalismoari egunez egun erresistentzia egiteko praktika ugari badaude, berau arrakalatzeko asmoz martxan jartzen ditugunak. Monogamiaren kontuarekin berdin egin behar dugula uste dut.
Bestetik, indarrean den polimaitasun neoliberalaren aurrean, komunitatea eta zaintza ardatz dituen bestelako paradigma bat aldarrikatzen duzu.
Ez da gauza berria sistemak disidentziak bereganatzeko duen joera. Borroka bat modan jartzea berau harrapatzeko ahalegina da. Hor sartzen dira jokoan egunerokotasunean eta gure sareetan praktikan jarri ditzakegun erresistentziak. Ez da erremedio magikorik existitzen, baina baditugu martxan jarri daitezkeen prozesuak, txikiak diruditen arren oso eraginkorrak direnak. Monogamoak ez diren harreman mota asko egon badaude, esanguratsuak iruditzen zaizkidanak. Eta espero gabeko tokietan eraikiak izan dira: bazterretan. Paradigma berriak ez baitira sistemaren bazter modernoetan sortuko. Benetan baztertuak izan diren izkinetan, hor sortzen dira erresistentziak, beharrizan hutsagatik. Eta asko erakutsi diezagukete.
“Polimaitasun terrorea” aldarrikatuz ixten duzu liburua. Zeri egiten dio erreferentzia termino horrek?
Terminoak ildo asko ditu: batetik, izua eragiten dugu polimaitasunaren aldeko diskurtsoarekin, ideia edo diskurtso sinplista bat hedatu delako honen bueltan, jendeari pentsarazten diona gaiaren inguruko hausnarketei bide emanez gero bikotekidea izateari utzi beharko diola, edo aldi berean hainbat harreman mantendu beharko dituela; bestetik, polimaitasun neoliberala praktikatuz geure kontra darabilgun terroreari egiten dio erreferentzia; erlazioak mantentzeari, inguruari edo hauskor izateari diogun terrorea ere barnebiltzen du, oso gogorrak iruditzen zaizkidan terroreak.
Baina batez ere, terrorea hedatzeko deia da, beti ere patriarkalak ez diren bideetatik. Terrorea ereitea, gobernagaitz bilakatu gaitezen. Horretarako, ordea, arrakalak egin behar zaizkio sistemari, eta beronen kontrako praktiken bidez egin erresistentzia, ez diskurtsoaren bitartez.
Laura Macayaren liburua ekarri du euskarara Katakrakek. Amaia Astobizak itzuli du, feminismoaren baitako eztabaidak ireki eta beste begirada batzuetatik ekiteko helburuarekin.
Indartsua, irribarretsua eta oso langilea. Helburu pila bat ditu esku artean, eta ideia bat okurritzen zaionean buru-belarri aritzen da horretan. Horiek dira Ainhoa Jungitu (Urduña, Bizkaia, 1998) deskribatzen duten zenbait ezaugarri. 2023an esklerosi anizkoitza... [+]
Pippi Kaltzaluzeren istorioak lehenengoz kaleratu zirenetik 80 urte bete direla-eta, leku berezia eskaini diote Boloniako Nazioarteko Haur eta Gazte Liburu Azokan. Azkarra, independentea, errebeldea, lotsagabea, menderakaitza, apur bat basatia, sormen handikoa, ausarta eta... [+]
Gozamen aparta bezain deskribatzeko zaila dakar, norbaiten hitzak irakurri edo entzun ostean, zera pentsatzeak: “Horixe zen neu aurreko hartan azaltzen saiatu nintzena!”. Idazlea eta itzultzailea da María Reimóndez, eta galegoz aritzen da, hizkuntza... [+]
Bai ikastetxeek antolaturiko eskolaz kanpoko jarduerek, bai aisialdiari loturiko ekintzek eta udalekuek desgaitasunen bat duten haurrak kanpoan uzten dituzte maiz, eta hain justu, jarduera horiek bereziki onuragarriak dira premia bereziak dituzten haurrentzat. Hala dio... [+]
Orain arte desgaituak ez diren pertsonekin lehiatu da Uharteko Ipar Eski Taldeko Eneko Leyun eskiatzailea (Iruñea, 1998). 2024-2025 denboraldian, lehenengo aldiz parte hartu du Adimen Urritasuna duten Pertsonentzako Iraupeneko Eskiko Espainiako Txapelketan. Urrezko... [+]
Joan den urte hondarrean atera da L'affaire Ange Soleil, le dépeceur d'Aubervilliers (Ange Soleil afera, Aubervilliers-ko puskatzailea) eleberria, Christelle Lozère-k idatzia. Lozère da artearen historiako irakasle bakarra Antilletako... [+]
Endometriosiaren Nazioarteko Eguna izan zen, martxoak 14a. AINTZANE CUADRA MARIGORTAri (Amurrio, 1995) gaixotasun hori diagnostikatu zioten urtarrilean, lehen sintomak duela lau urte nabaritzen hasi zen arren. Gaitz horri ikusgarritasuna ematearen beharraz mintzatu da.
Duela aste batzuk, gurean egon ziren El Salvadorko eta Kanarietako emakumeen eskubideen aldeko hainbat aktibista. Sexu- eta ugalketa-eskubideez eta eskubide horiek urratzeak emakumeengan dituen ondorioez aritu gara; hala nola El Salvadorren berezko abortuak izanda homizidio... [+]
Zuberoako ohiturei buruzko bi liburu ditut gogoan. Batek XX. mendean aritu izan diren 180 dantzari eta soinulari aipatzen ditu. Haien artean, emakumezkorik ez da agertzen. Besteak, pastoralei egiten die errepasoa eta hor emakumeak aipatu aipatzen dira, baina omisio esanguratsuak... [+]
1984an ‘Bizitza Nola Badoan’ lehen poema liburua (Maiatz) argitaratu zuenetik hainbat poema-liburu, narrazio eta eleberri argitaratu ditu Itxaro Borda idazleak. 2024an argitaratu zuen azken lana, ‘Itzalen tektonika’ (SUSA), eta egunero zutabea idazten du... [+]
Donostiako Tabakaleran, beste urte batez, hitza eta irudia elkar nahasi eta lotu dituzte Zinea eta literatura jardunaldietan. Aurten, Chantal Akerman zinegile belgikarraren obra izan dute aztergai; haren film bana hautatu eta aztertu dute Itxaro Bordak, Karmele Jaiok eta Danele... [+]
Antifaxismoari buruz idatzi nahiko nuke, hori baita aurten mugimendu feministaren gaia. Alabaina, eskratxea egin diote Martxoaren 8ko bezperan euskal kazetari antifaxista eta profeminista bati.
Gizonak bere lehenengo liburua aurkeztu du Madrilen bi kazetari ospetsuk... [+]
Pertsona lodiek lodiak izateagatik bizi izan duten eta bizi duten indarkeriaren inguruan teorizatzeko espazio bat sortzea du helburu ‘Nadie hablará de nosotras’ podcastak. Cristina de Tena (Madril, 1990) eta Lara Gil (Fuenlabrada, Espainia, 1988) aktibista... [+]