Abeltzain txikiek bizi duten une berezia, irudi batean laburbilduta. Baserritar batek bere behiak daramatza bidean aurrera. Ezkerreko sorotik, 1.000 behiko granjen publizitate-afixa erraldoia (“Abereak, benetako profesionalei utzi”) eta ondoan tipo aberats bat nekazariari oihuka: “Zaharkitu baboa!”. Eskuineko zelaitik militante gazte batzuek, “Haragia = krimena” dioen banderola eskuetan, garrasika: “Nazkagarria!”. Abeltzainak, erdian: “Ez da erraza nekazaritza herrikoiaren bidea”.
Confederation Paysanne sindikatu frantsesaren aldizkariari Samsonek egin marrazkian dager mundu aberatseko abeltzain askok bizi duten estuasuna, alde batetik bazter guztiak bereganatzen eta zanpatzen dituen agroindustria, bestetik beganoen, animalisten eta antiespezisten presioa.
Laborari eta abeltzain txikien eredua defenditzen dutenek, alegia frantsesez agriculture paysanne eta Ipar Euskal Herriko Laborantza Ganbarak laborantza herrikoia deitzen dutena, argudio sail osoa dute antolatua aspalditik azken hamarkadotan nagusitzen ari den nekazaritza industrialari aurre egiteko. Aldiz, erronka berria dute giza mugimendu aurrerazaleen artean askoz hurbilagokoak dituztenei, animalien eskubideak defenditzen eta haragiari uko egitea aldarrikatzen dutenei, erantzutea.
Gure inguruan, batik bat ELB Euskal Herriko Laborarien Batasunak egin du urteotan abeltzainen posizioa indartzeko ahalegina. Orain Confederation Paysannek –Conf-ek– liburu batean bildu ditu gai minbera honen inguruko argudioak: “Baserritarrek diotena gizakiaren eta aberearen arteko harremanaz. Abelazkuntza herrikoia aldarrikatuz”. PDF formatuan libre dago eskuragai, eta frantsesik ez dakiena ere interneteko itzulpen tresnekin moldatuko da.
Liburuaren lehen erdi osoa nekazarien lekukotasunei gorde zaie. Behi, ardi, behor, oilo, antzara eta beste animaliak hazi, ugaldu eta jendeen elikagaitarako hiltzen dituzten 46 nekazarik kontatzen dituzte beren bizipenak animaliekin… eta horiek hiltzea edo baita haztea bera galarazi nahi dieten militanteekin. Hona Cote d’Or departamenduan behi eta txekorrak hazten dituen Emile Jeannin gaztearen lekukotasuna.
“Begano hitza lehenbizikoz 2016an entzun nuen, Steak (R)evolution filmaren egile Franck Ribiere zinegileak esplikatu zizkidanean film haragizalea kaleratu ostean jasandako erasoak. Barre egin nuen, irrigarriak iruditzen zitzaizkidan argudioak.
Gero niri tokatu zitzaidan irainak jasotzea, mail su-piztaileak, baita heriotz mehatxuak ere. Ezin nuen ulertu bortizkeria hura. Ezagutzen ez ninduten batzuek nolaz kritikatu zezaketen nire lana, ezagutzen ez zutena, eta, batik bat, niri heriotza opa izateraino gorrotatu nire ideiak? Hiltegi mugikor baten proiektuarekin ari nintzenez, ehizaki erreza bihurtu nintzen muturreko militanteontzako, mehatxu eta irainak eten gabe bidaltzen dizkidate. Erasook, gainera, abeltzain guztion kontrakoak dira, are ulergaitzagoa egiten zaidana.
Badugu gure harremana animaliekin; izen bana ematen diegu, laguntzen jaiotzatik heriotzaraino beren beharrak zainduz, hori uztartuz haien produktuetatik bizitzeko dugun beharrari. Militante horiek ez dute soportatzen guk ‘erdiko bidea’ hartzea haientzako ongia eta gaizkia direnen artean, gaizkia abeltzaintza, ongia horren debekua.
Eraso horiek balio izan didate hausnartu eta gure lanbideaz beste moduan hitz egiteko. Ez daukagu zertan lotsatu edo ezkutaturik. Ikasi behar dugu bortizkeria fisiko edo hitzezko horietatik babesten, hitz egiteari ez uko egiten, gure esperientziak partekatzen, gure ikuspegiak, denok elkar errespetatuz”.
Abereak maitatu, hil eta jan
Jeanninek kontatu du L214, L26life, Brigitte Bardot bezalako taldeen presioa, abereak jatea edo hiltzeaz gain abeltzaintza bera debekatzea ere nahi dutenena. Baina haragiaren eta hazkuntzaren aurkako presioa baserritarrei badatorkie hurbilagoko jendeengandik ere, sarritan borroka askotan kide edo are AMAP, saski eta hurbileko komertzioan erosle eta lagun dituzten beganoengandik. Ez mehatxuzko presioa, bai milaka urteko lanbidea bera kolokan jartzen duen pentsaera bat hedatuz.
Paradoxikoki, baserritar txikiek dute, animalia eta lurra ondoen zaintzen dutenek, nozitzen presioa gehien: hurbilenekoak dira sarritan beganismora jotzen dutenak, eta, aldiz, agroindustriak lasai ederrean jarrai dezake populazioaren gehiengoa zabor-jakiz elikatzen, mundua monolaborezko soroz eta artifizialki elikatutako behi, txerri, untxi edo oilozko granja erraldoiez betez.
Conf-eko nekazariak, zorionez, ez dira erori beganoen edo antiespezisten gibelean agroindustriaren konspirazioa baizik ez dagoela sinesteko arriskuan. Ohartu dira badituztela argudioak eta horietan diren kritiketatik ikasteaz gain erantzun egin behar dietela.
Argudioetako batzuk etikari eta moralari dagozkio: “Inmorala da animaliak plazerragatik hiltzea”, “hiltegiak itxi behar dira”, “animalia espezieak gizaki espeziearen maila berean daude”, “abelazkuntza debekatzeko borroka aurrerapen moralaren bilaketa da, esklabismoaren edo gizonezkoaren nagusitasunaren aurkako borroka den modu berean”.
Begano eta antiespezisten beste argudio sail bat nekazaritza, lurraldea eta kultura ikusteko ereduaz ari da: “Posible da landarez soilik elikatzea, ez dugu abereak hazi beharrik”, “abelazkuntza debekatzea aurrerapena da planetarentzako”, “ganadugintzako baldintzak txarrak dira animalien ongizatearentzako”.
Badituzte ingurumenari dagozkion argudioak: “Abereak elikatu beharrak konkurrentzia egiten dio gizakiak elikatu beharrari”, “abelazkuntzak deforestazioa dakar”, “hainbat kutsadura eragiten ditu uraren eta airearen kalitatean”, “klimaren beroketari laguntzen dio, negutegi eragineko gasak isurtzen ditu”, “ur kopuru oso handiak xahutzen ditu”. Baita osasunari buruzkoak ere: “Haragia kantzerigenoa da, gaixotasun kardio-baskularrak eta obesitatea eragiten ditu”.
Munduaren hiritartze orokorraren poderioz, kaleko jendeek egunerokoan ikusten dituzten animalia bakarrak maskotak dira, dagoeneko ez dira bizi jaiotzen ikusi, hazten lagundu, elikatu, hil eta jan behar dituzten abereekin. Elikagaiak –ia denak– urrundik eta paketetan heldu diren garaiotan, animalien bizimodua eta heriotzari buruzko irudipenak arras aldatu dira. Conf-ek dioen moduan, “hirietako jendeak landa eremuetatik eta nekazarietatik urrundu egin dira eta honek ekarri du hiritarrek ez ezagutzea nola funtzionatzen duen bizitzak [izaki biziek]; horri gehitu behar zaio agro-elikaduraren industriak bere eskandaluekin zabaldu duen mesfidantza”.
Laborari txikiek eztabaidatu nahi dituzte laboreak eta abereak uztartzen dituen nekazaritzak gizarteari dakarzkion onurak. Nekazaritza sistemaren oreka ekologikoari, zuhaitz, zelai, soro eta abere uztartuz. Landa eremuen bizimoduari, enplegu eta ekonomiarekin. Lurralde antolamenduari, kultur ondareari, paisaiari, bio-aniztasunari (hesi biziak, zelaiak, lurzoruen emankortasuna, bazkalekuak...).
Gipuzkoako Plataforma Antitaurinoak deitu zuen mobilizazioa, “Ez da kultura tortura da” lelopean. Donostiako Aste Nagusian zezenketak egongo dira aurten ere, jaietako egitarautik kanpo bada ere, hiru ikuskizun eskainiko dituzte abuztuaren 15,16 eta 17an Illunbeko... [+]
Zezenketez gain, burtzikatzeak, zekorketak eta haztegiak debekatuko dituzte 2027. urtetik aurrera. “Erabaki historikoa” izan dela adierazi du Kolonbiako presidente Gustavo Petrok.
Zezenketarik gabeko besten inguruan mintzatu dira zenbait eragile, Zaunk! Iruñerria antiespezista eragileak Iruñeko Laban antolaturiko 'Zezenketen bidegurutzeak' solasaldian. Alternatibak indartzearen garrantziaz, peñen erantzukizunaz eta legeak... [+]
Zezenak torturatu eta hilko dituzte aurten ere Donostiako Aste Nagusian, hiru egunez. Arte y Cultura BMF enpresak iragarri ditu Illunben aurten egingo dituzten zezenketak, eta Aste Nagusiko bigarren asteburuan izango dira, abuztuaren 15ean, 16an eta 17an (18:00etan).
"Zezenketarik gabeko sanferminetarako trantsizioa errazteko" eskatu die Iruñea Antitaurina kolektiboak Peñen Federazioari. "Festa giroan zezenen presentzia egon behar den edo ez aztertzeko" garaia iritsi dela uste du kolektibo horrek eta ... [+]
Antiespezismoa akademiara hurbiltzeko asmoz zenbait ikertzaile eta ikasleren artean ‘Animalia ikasketa kritikoen EHU/UPVko I. kongresua’ antolatu dute martxoaren 20tik 22ra Leioan.
Herriko festetan, zezenak erabiltzen dituzten ekitaldietan udalek zenbat diru gastatzen duten ikertu dute AnimaNaturalis eta CAS International elkarteek. Hego Euskal Herriko datuei erreparatuz gero, Azkoien eta Azpeitia nabarmendu dituzte.
Ez nuen usteko egun batean zozoarekin komunikatzeko gai izango nintzenik. Miraria duela bizpahiru urte gertatu zen. Atarian geundela, zozo bat zalapartan entzun zen baratzean, zer arraio zen begiratzera joan eta erdiko pasabidean katua, ondoan tomate-makila gainetik txoria... [+]
AnimaNaturalis eta PETA erakundeak antolatu dute protesta, Udal Plazan 12:00etan, festak hasi baino egun bat lehenago. Nafarroako, Espainiako eta Europako aktibistak elkartuko dira. Manifestazioa AnimaNaturalisen “odolik gabeko Sanfermin” kanpainaren barruan dago.
Joan den larunbatean, ekainaren 17an, Bilbon, Animalistak kolektibo antiespezistak Azken erasoaldia lelopean antolatu zuen manifestazioa.