Jaka Horien mobilizazioei polizia frantsesak emandako erantzunak balantze latza utzi du bi hilabetetan: 100 lagun larriki zauritu ditu, horietatik lauk eskua galdu dute eta hamalau gehiagok begia. Gobernuak orokortu du kautxuzko pilota eta GLI-F4 granaden erabilera, ordenari eusteko estrategia gogortzearekin batera. Erreakzioz, manifestari zaurituak artatu eta laguntzeko boluntario talde berriak zabaldu dira. Urruneko kolonietako matxinada eta errepresio giroa Hexagonoko hirietan.
“Mugikorrarekin Champs-Elyseetan [Parisko kale nagusian] filmatzen ari nintzen eta halako batean jendea aztoratu zen. Atzera egin nuen eta orduantxe sentitu Flash-Ball [gomazko pilota] hura nire buruan. Sentitu nuen eskuineko masaila lehertu zidala”.
Horrela mintzo da Axelle Marquise, 28 urte, Mediterraneo ertzeko ostatu batean zerbitzari ari dena, abenduaren 8an Parisen zauritua: erredura larriak masailean, masailezurraren haustura bikoitza, hagin birrinduak, inguruko giharren kontraktura...
Marquiseren zauriak eta lekukotasuna ikus-entzun ditzakezu Youtuben Mutilés pour l’exemple [Besteak zentzatzeko mutilatuak] kolektiboak eskegi duen bideoan. Badira irudi gogorragoak. Thomas batek aurpegia orbainez beteta dauka, beste pilotakada baten ondorioz, 25 puntu, sudurra hautsita, ezpain handitua, ezkerreko begia ukituta. Antoinek, 26 urte, eskumutur moztua erakutsiko dizu, GLI-F4 granada batek txirtxilatu zion eskuineko eskua.
Gertakizunen behatzaile asko harrituta daude. “Flipatu dut polizien bortizkerien irudiak ikusita eta hedabideetan bortxa hori ukatzeko dagoen nahiarekin”, esan dio Reporterre hedabide ekologistari David Dufresne kazetariak, 2013an Maintien de l’ordre [Ordena zaintzea] liburua plazaratu zuenak. Jaka Horien gaineko zanpaketaren balantzearen pareko beste bat ikusteko “atzera egin beharra daukagu 1968ko maiatza arte. Egia da 68an hildakoak izan zirela, baina oraingoan ere Marseillan hil da 80 urteko emakume bat”.
Egoeraren larriaz kezka bera dauka Desarmons-les [Desarma ditzagun] Estatuaren bortizkeriaren aurkako kolektiboko jendeak. 2012an hasi ziren antolatzen, 2000. urtetik poliziak erabilitako armek, batik bat granadek, zenbat herritar zauritzen zuten oharturik. 2014an osatu zuten poliziek zaurituen batzarra, hauei laguntzeko armen kontrako borroka politikoan, biktimoi beren zauri larriak artatu eta horiekin bizirauteko bide nekezean laguntzeko eta horientzako kalte-ordainak eta erantzukizunen argitzea ere lortzeko. “David Goliaten kontra bezala ari gara”, esan dute Ballast aldizkariak elkarrizketaturik.
Desarmons-leseko kideek zaurituen kontabilitatea ere badaramate. “2001etik 2018ra arte manifestarien artean hiruk galdu zuten eskua eta bik oina. Iazko uztailaren 14an, egun bakarrean, hiruk galdu zuten begia. Oraingoan, Jaka Horien mobilizazioen lehen hiru asteetan gutxienez lauri moztu zieten eskua! Zaurituen kopurua bikoiztu egin da. 18ri lehertu diete begia; urtean pare bat aldiz gertatu ohi zen lehen. Pilotakadek haustura asko eragiten dituzte. Beste zauritu asko zenbatu ere ez dira egiten... Marka guztiak hautsi dira iaz: esan dezakegu 2018a izan dela mutilazioen urtea”.
Ordena zaintzeko eredu frantsesaren oinarri nagusietakoa izan da –Desarmons-lesen analisian– poliziak eta manifestariak aparte edukitzea, zauriturik egon ez zedin. Horrek esplikatuko luke gasaren erabilera hedatua. Harrien jaurtiketak ez zuen, berez, polizien jokabidean aldaketa berezirik ekartzen, bai ordea Molotov koktelen jaurtiketak: erantzunaren hurrengo graduan, granada negar eragileez gain hedatze-uhinezkoak sartzen ziren, leherkariak.
Maalox, bendak eta geolokalizatzailea
Duela 20 urte arraroa zen mobilizazioak sakabanatzeko GLI-F4 bezalako granada eztandagile bat erabiltzea. TNTa darama eta mutilazioak eragin ditzake. Errepresioaren azken graduan usatu zezaketen poliziek, justu talde armatuei tiroka militarki erantzuten hasi aurrekoan.
Lehen graduan erabilitako gasezko granadaren eta TNTdunaren artean zegoen gomazko pilota, Frantzian ingelesez Flash-Ball deitzen diotena. Arma post-kolonial tipikoa da, diotenez Desarmons-leseko kideek, berunezko tiroen alternatiba lightagoa, bainan gutxitan hil arren zauri larriak eragiten dituena. Metropolietako auzune txiroetan erabiltzen zuten, arabiar jatorrizkoen eta beltzen kontra, ez ordea mugimendu sozialek deitutako manifestazio jendetsuetan ordena jartzeko.
Hori guztia iraganeko kontua da: Jaka Horiei aurre egiteko denak erabiltzeko baimena dauka orain poliziak, gasa, gomazko balak eta granada leherkariak. Gehiago eta gogorragorik ere badauka, ordea: poliziak blindatuak atera ditu kalera Parisen mobilizazio egunetan.
Aspaldiko borroka antinuklearretan ikusiak ziren, berrikitan Notre-Dame-des-Landeseko eremuetan ere bai, “baina oso berria da hirian ateratzea, oso kezkagarria. Joan den abenduaren 8an lehenbizikoz eduki dut irudipena sedizio bati aurre egiteko prestatuta zetozela, jendeari tiro egiteko prest. Ez dut uste suzko armaz horniturik zeudenik, baina indar erakusketak balio izan zien: blindatuak agertu ahala jendea desagertu zen! Sinbolikoki esan nahi ziguten: ‘Gaur manifestatzen baldin bazarete, armada edukiko duzue aurrez aurre, bere tresna guztiekin’. Horrela heldu gara fase militar batera”.
Analisiok iritziak dira, azkenean, baina mobilizazioetan poliziek zaurituak bai direla errealak. Desarmons-les elkarteak ospitaletik etxeratu ondoko ibilbide mingarrian eskaintzen die laguntza, aholkularitza juridikoa eta medikua baina batez ere laguntza psikologikoa. Biktimok sarritan aurpegia konpondu behar dute, onartu aurpegi berria, edo mutilazioa, eguneroko sekuelak. Onartze eta sendatze bidea arantzatsua da eta hurbilekoak ere ez dira aski ohartzen. Elkarteak laguntzen die beste zaurituekin harremanetan jartzen, bileran bezala kafetegian, ezin esanak adierazten, nork bere sendabidea bilatzen, umorea eta ironia barne.
Boluntario talde gehiago sortu dira han eta hemen mobilizazioetan bertan zaurituak artatzeko. AEBetan Vietnamgo gerraren kontrako manifestazioetatik ezagunak izan dira street medic karrikako sendagileak. Hari horretatik antolatu dira gehiago Frantziako Estatuan. Okzitaniako Tolosan, Jaka Horiek mugimendu handia eragin duten hiriburuan. Alde batetik, dozena bat boluntario dabiltza Gurutze Urdina taldean, –Street Médic Toulouse-31 Facebooken– nabarmen militanteenak. Bestetik, Gurutze Gorria marrazturik daramaten ziento bat sorosle inprobisatu, zauritu oro artatzeko prest, poliziak barne.
Laguntzaileok talde txikietan dabiltza mobilizazio egunetan, tartean beti dauzkatenak sorospenetan adituak, suhiltzaile, mediku edo erizain. Motxiletan daramatzate oinarrizkoenak, farmaziek edo jendeak donatuak: suero fisiologikoa, gasak sumindutako begietan jartzeko Maalox antiazidoa, bendak, gasak, guraizeak... eta telefono mugikorrak, geolokalizatzailez mugitzeko. Tolosa Ramallah bailitzan ordu batzuez.
Frantziako Jaka Horien mugimenduari buruzko tesia egiten ari da Aldo Rubert soziologoa: klase popularren politizazio heterogeneoa ulertzea interesatzen zaio, herritarrek politikarekiko daukaten harremana ezin baita murriztu hauteskunde-garaian gertatzen den –edo gertatzen... [+]
Hiru urte dira jaka horiek lehen protestak egin zituztela. Urtemugarekin loturan ekintza egin du hogei pertsona inguruko taldeak Biriatuko pasabidean, auto ilarak sortuz.
Herria eliteen aurka. Edo beharbada errealitate konplexuagoa, historiaren barrunbeetan sartzen zarenean. Horrela islatzen dute Éric Vuillarden liburuek. 2017an Frantziako letren saririk handiena, Goncourt saria jaso zuen L’Ordre du jour liburuarengatik.
CRS eta jendarmeen barne-oharretan kritikatua izan da Didier Lallement buruzagiaren gestioa. Bere praktikak “legalki zalantzagarriak eta politikoki kaltegarriak” direla diote.
Le Média Pour Vous komunikabide independentekoa da kolpaturiko kazetaria. Larunbateko Parisko Jaka Horien manifestazioaren jarraipena egiten ari zela jaso du aurpegira Poliziaren granada bat.
Jaka Horiak mugimendua kale eta bideetara atera zela urtea beteko da azaroaren 17an. Mugimenduak badu zer ospatua, izaera sendoa agertu baitu, baina badu ere zer pairatua. Horren lekuko, hona datu bat: Frantziako justiziak 3.000 zigor ezarri dituzte iazko azarorik aurtengo... [+]
Jaka Horien (Gilets Jaunes, frantsesez) mugimendua 2018ko urrian abiatu zen eta urtebete beranduago bizirik dirau. Ekarri dituenen eta huts egindakoen balantzea egiteko goizegi ote da? Itsasoaren beste aldetik, Ingalaterratik, Simon Fairlie saiatu da eta LARRUNerako euskaratu... [+]
Eztabaida Nazional Handiaren berri eman bezperan, Notre Dame katedrala sutu zen. Jaka Horien oldeari aitzi egiteko Errepublikako presidente Macronen asmoak ezagutu gabe geratu ginen. Ostegunean agertu zen Frantziako nazioaren aurrean, baita bere gobernuaren neurri politiko... [+]
Azken sei hilabeteotan arreta bereziarekin jarraitu ditut Jaka Horiek Estatu frantsesean sortu duten zurrunbilo politikoa eta eragin duten egoera berria. Haien inguruan idatzitakoak ere irakurtzen saiatu naiz, batez ere, sare sozialetan. Izan ere, Estatu frantseseko... [+]
Txaleko horietatik moreak eramatera igaro zen Paris iragan astean. Lorea Ibañez egon zen, besteak beste, Pariseko Korrikan. Zer gertatu zen jakin nahi?
Txaleko Horien mugimendua, altxatu bezain laster, itzaltzera kondenatzen zen. Hor dirau. Bazirudien ez zuela deus lortuko. Zerga soil baten kontra altxatzen zelako, agian? Ala ez zuelako sarien eta aberastasunen birbanaketa seriosa planteatzen? Orain jada diskurtsoa jantziagoa... [+]
Jaka Horien mobilizazio soziala Frantziako Estatu osoan zabaldu da, baita Ipar Euskal Herrian ere, eta Macronek gidaturiko gobernuaren politika hankaz gora ari da jartzen. Baina orain, arriskua dago herri sektore horiek mahairatu duten sakoneko problemari soilik errepresioz... [+]