Greban eta protestan dira etxez etxeko langileak. Sektore prekario eta feminizatuaren aje gehienak dituzte: lan fisiko gogorra ez da aintzat hartzen; erakundeei merkeago ateratzen zaie senideei prestazio ekonomikoak ematea edo emakume atzerritarrak sektorean aritzea; ez dute igandetako plusik. Eraikuntzako enpresak sartu dira sektorean, menpekotasuna duten pertsonak artatzea zer den ez dakiten azpikontratak.
Pili Larrañagak, Jone Fernándezek eta Ana Martínezek Donostiako Garbialdi enpresarentzat egiten dute lan. LAB sindikatuko kideak dira. Alicia Graña, berriz, Bizkaiko etxez etxeko zerbitzuetan ari da eta CCOO sindikatuko arduraduna da. “Lanbide feminizatua da gurea, eta ondorioz, prekarioa ere bai”, dio Grañak. Bat datoz Larrañaga, Fernández eta Martínez. Azken hiruak iazko irailetik ari dira protestan beraien lan eskubideak hobetzeko asmoz.
Etxez etxeko laguntza zerbitzua lehiaketara atera du Donostiako Udalak. Aurretik, hitzarmena adostu eta sinatu nahi zuten Garbialdi enpresarekin. Hainbat saiakeraren ondoren, eta enpresak inolako aurrerapausorik ez zuela ematen ikusita, greba mugagaberako deia egin zuten: “Sindikatuen eskariak gehiegizkoak zirela esaten ziguten, baina ez zuten bestelako proposamenik egiten”. Azkenean, ez dute akordiorik lortu. Iker Beristain LABeko ordezkariak azaldu du lau enpresa aurkeztu direla lehiaketara eta badirudiela Aztertzen enpresak irabaziko duela: “Aztertzen enpresa egon zen Garbialdiren aurretik eta langileek diote horiekin harremana nabarmen hobea zela; txarrenetatik aukera onena dela esan genezake”. Beraz, esperantzatsu daude lehiaketa Aztertzenek irabaziko balu, hitzarmen berri bat sinatzeko aukera egon daitekeelako.
Baina zeintzuk dira Donostiako etxez etxeko langileek hitzarmenean jasotzea nahiko lituzketen hobekuntzak? Esaterako, soldataren igoera: 1.500 eurotik behera irabazten dutenei 30 euro gehiago eta 1.500 eurotik gora irabazten dutenei 15 euro gehiago. Astean zehar ari direnek astelehenetik larunbatera egiten dute lan, bada lan astea astelehenetik ostiralera izatea nahi dute. Asteburuetako langileei ez diete gehiago ordaintzen igandeetan lan egiteagatik.
Zerbitzu arteko desplazamendua ordaintzea eskatzen dute. Honela azaldu du Beristainek: “Zuk egunean ordubeteko zazpi zerbitzu badituzu, zazpi ordu ordaintzen dizkizute, baina lanean agian bederatzi pasatzen dituzu”. Horregatik, langileak behartuta daude hamaika orduz libre egotera. Larrañagak kontatu du berak Donostiako Amara auzo inguruan egiten duela lan eta Amara, Loiola, Martutene eta Aieteko zati bat egin behar izaten dituela: “Autobusez batetik bestera joaten denbora asko behar izaten dut”. Martínez ere hala ibiltzen da Gros auzoan punta batetik bestera. Bertan behera geratzen diren zerbitzuak ez dizkiete ordaintzen: “15:00etan etxe batera joan behar bazara, baina menpekotasuna duen pertsona ospitalean badago, hurrengo zerbitzura arte zain egon behar duzu eta denbora zati hori ez dute kontuan hartzen”. Egoera onartezina dela dio Beristainek: “Garbiketako lan hitzarmenean, esaterako, jasota geratzen da”.
Bizkaian egoera bestelakoa dela azaldu du Grañak: “Gipuzkoan ez bezala, guk lurralde-hitzarmena daukagu, eta ondorioz, baldintza hobeak dira”. Hala ere, ez daude kontentu: “Hobekuntza sozial ugari aldarrikatzen ditugu”. Sektorean lanean ari den %99 emakumezkoa dela dio eta uste du horrek “ezinbestean” dakarrela lanbidearen “prekarietatea eta prestigiorik eza”. Donostiako etxez etxeko langileen kasuan ere antzera gertatzen da: 350 langile daude eta horietatik 15 dira gizonezkoak.
Ondoko adibidea jarri du Grañak: “Gure lana fisikoki oso gogorra da, pisu handia jaso behar izaten dugu, baina horregatik ez daukagu inolako onurarik. Fisikoki gogorrak diren lan maskulino askotan, adibidez, lehenago jubilatzen dira”. Lanbide feminizatua izateak esfortzu hori guztia ikusezin bihurtzen duela uste du: “Jendea altxatu behar izaten dugu ohetik, garbitu eta mugitu, eta gehienetan geuk bakarrik, inolako laguntzarik gabe”.
Erakundeen jarrera kritikatzea ere beharrezkoa dela dio: “Azken urteetan gure enpresak 500 langile kanporatu ditu. Nola liteke? Menpekotasuna duten gero eta pertsona gehiago ditugu eta haiek zaintzeko gero eta langile gutxiago?”. Uste du erakunde publikoak –batzuetan udala eta besteetan aldundia– ardura gizartearengan uzten ari direla. “Etxez etxeko zerbitzuak eskaintzea baino merkeago ateratzen zaie familiei prestazio ekonomikoa ematea menpekotasun egoeran dagoen pertsonaren zaintzaz beraiek arduratu daitezen”. Gaineratu du, gehienetan, emaztea, ama, ahizpa, arreba edo alaba izaten direla: “Edo bestela, emakume atzerritarra kontratatuko dute oraindik eta baldintza okerragoetan lan egiteko”.
Hori zaintza arloan eta lanbide feminizatuetan baino ez dela gertatzen uste du Grañak: “Esate baterako, kale garbitzaileak udalak kontratatzen ditu eta ez diete herritarrei diru prestazioa ematen beraiek arduratu daitezen euren kale zatia garbitzeaz, ezta?”. Bestalde, horrelako sektore batean 500 lanpostu galdu arren kalean ez dela nabaritzen salatu du: “Zer gertatzen da ontziolekin? Hainbat langile kaleratzen dituzte eta jende guztia kalera ateratzen da”.
Donostiako etxez etxeko langileek ere uste dute erakundeek “arduratsuago” jokatu beharko luketela. “Beraiek azpikontratatzen dituzte etxez etxeko laguntzaz arduratuko diren enpresak, 10 milioi euro ematen dizkiete, eta ez daukate zeresanik beraien erabakietan?”.
Etxez etxeko zerbitzuez arduratzen diren enpresa asko eraikuntzako enpresak direla gogorarazi dute Beristainek eta Grañak: “Nola liteke? Guk pertsonekin egiten dugu lan eta horiek uste dute adreiluekin gabiltzala”. Ildo berean hitz egin du Larrañagak ere: “Pertsonekin aritzen gara horrek dakarren zama guztiarekin, batzuentzat beraien bizitzetako pertsona garrantzitsuenak bihurtzen gara”.
Lana fabrikan ariko balira moduan antolatzen badiete ere, Fernándezek, Larrañagak eta Martínezek behin eta berriro errepikatu dute pertsonekin egiten dutela lan, eta gainera, beraien etxeetan: “Jendearen etxeetara sartzen gara, beraien bizitzetako ateak irekitzen dizkigute eta harremanak sortzen ditugu”, azaldu dute. Gaineratu dute teknikoak pasatzen diren arren, edo gizarte laguntzailearengana jo dezaketen arren, beraiek direla egunero mendekotasuna duten pertsonekin –eta horien familiekin– ordu luzez egoten direnak. “Batzuk zaharrak izaten dira, beste batzuk gazteak eta, kasu batzuetan, baita umeak ere” dio Fernándezek. Langileei asko eragiten diela nabarmendu du: “Inoiz gertatu izan zaigu pertsona bat zaintzen urteak igaro eta eskelaren bitartez jakitea bere heriotzaz”.
Makinekin lan egiten duten enpresen moduan funtzionatzeari utzi behar zaiola uste dute, eta argi dute erakundeak eta azpikontratatutako enpresak ezinbestean moldatu behar direla sektorearen beharrizanetara. Bitartean, sindikalgintzatik borrokan jarraituko dute hitzarmen berriak sinatzeko asmoz, langileen eta erabiltzaileen mesedetan.
Eritasunaren kontrako protokoloa salatzeko eta prefeturarekin hitzordu bat lortzeko asmoz, bideratu dute okupazioa ehun bat laborarik. Tuberkulosia kasu batzuk agerturik Zuberoan, eritasunaren kontrako neurri sanitarioak segitu beharrean dira inguru horietako 280 etxalde... [+]
Hezkuntza publikoko irakasleok hamabost urtetan berriztu gabeko lan-hitzarmena eguneratzeko eta hobetzeko beharra eta eskubidea dugu. Horretarako, benetako negoziazio batean murgilduta egon beharko genuke, baina errealitatea negargarria da. Negoziazio batean, alde oro ados... [+]
Hirugarren greba zikloa iragarri dute Steilas, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek maiatzaren 12tik 16ra bitartean, hezkuntza publikoa indartzearen alde. Azaldu dute Hezkuntza Sailak helarazitako azken proposamenak ez diela euren aldarrikapenei erantzun egokirik ematen.
Nafarroako funtzio publikoan 30.000 langile zeuden grebara deituta asteazken honetan. Deialdiak jarraipen desberdina izan du sektorearen arabera, eta sindikatuek salatu dute foru gobernuak "abusuzko" gutxieneko zerbitzuak ezarri dituela nahita.
Ekonomialariei asko gustatzen zaizkie merkatuen jokabideak adierazten dituzten grafikoak, kurbak alegia. Deigarria egin zait zentzu horretan Pluralistic webguneko “The future of Amazon coders is the present of Amazon warehouse workers” artikuluan (Amazonen... [+]
Bost greba egun deitu dituzte apirilerako, "lanez gainezka" daudela eta giza baliabide eta material "oso murritzak" dituztela argudiatuta. ELA sindikatuaren esanetan, udalak "ez du mugimendurik egin nahi".
ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT-LKN, CNT, HIRU, EHNE eta ETXALDE sindikatuak, Sarek abiatutako Gotzon SOS kanpainara batu dira. 2019an antzeman zioten gaixotasun genetiko sendaezina 68 urteko preso politiko bilbotarrari. Sindikatuek gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelatik... [+]
Fabrika itxi eta 106 beharginak kaleratzeko asmoa dauka enpresako zuzendaritzak, eta zabalik dago lan-erregulazioari buruzko kontsulta-aldia.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako eta ELA, LAB, ESK, CGT, CNT, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek babestutako manifestazioak Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean izan dira. Bertan, Euskadiko eta Nafarroako gobernuei eskatu diete zerga eta aurrekontu... [+]
Guardian Llodio fabrikako behargin gehienek epaitegira jotzeko bidea bertan behera utzi ondoren, multinazionalak lortu du nahi zuena: enpresa errentagarri bat ixtea erabateko inpunitatearekin. Ez da egun batetik bestera sortutako estrategia, eta bide luzea izan arren, erabat... [+]
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleek urtarrilean abiaturiko greba zikloaren bigarren kolpea amaitu eta biharamunean deitu du bilera Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Begoña Pedrosa sailburuak adierazi du "akordio bat lortzeko nahia"... [+]