Zergatik diogu beldurra matematikari? Zer dela eta PISA kanpo probaren inguruan sortzen den psikosia? Zergatik finlandiarrak gu baino hobeak dira eskolan? Euskal Herriko hezkuntza sistema eta Finlandiakoa alderatu ditu bere liburuan Aitzol Lasa matematikariak. Zirkulu polarra koadratzeko hezkuntza euskaldun eleanitza giltzarria dela dio.
Matematikaria, Matematikaren didaktikan doktorea, NUPeko irakasle eta ikertzailea. Irakasleentzako ikerketa materialen egilea da. Euskal Herriko GeoGebra Institutuaren zuzendaria da. Gazteei zientzia eta matematika hurbiltzeko narrazioak idatzi ditu: Hodeietan (CAF-Elhuyar saria, 2011) eta Usategiaren printzipioa (Nekatoenea saria, 2014). Lehen saiakera argitaratu du: Zirkulu polarraren koadratura. Finlandia-Euskal Herria. Hezkuntza sistemen noosfera eta elkar-neurgarritasuna (Pamiela). Bizikleta zalea, txistularia, gitarra-jotzailea eta abeslaria.
Matematikaria eta ikertzailea zara. Zein da orain zure lana zehazki?
Azken boladan Bigarren Hezkuntzako masterreko ikasleentzako testuliburuak ari gara prestatzen, beste unibertsitate batzuetako irakasleekin elkarlanean, Espainiako Síntesis argitaletxearen enkarguz.
Espainian, ohikoa den bezala, hezkuntzan ere lehenbizi araua idazten da, eta gero, handik urte batzuetara, araua garatzen saiatzen dira, edo ez. Bigarren Hezkuntzako masterra abian jarri zenean dekretu bidez ezarri zen nolakoak izan behar ziren irakasgaiak, baina materialik gabe jarri zen martxan. Horrekin batera, Nafarroako Unibertsitate Publikoan klaseak ematen dizkiet Bigarren Hezkuntzako masterrean matematika berezitasuna egiten dutenei eta Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako maisu-maistrei.
Zergatik du horren fama txarra matematikak?
Goitik behera funtzionatzeko dugun moduagatik. Matematikaren curriculuma beti goitik eta modu zentralizatuan ezartzen da. Zenbat ordu eta zer landu zehazten da, baina gero gertatzen da irakaslerik ez dugula. Matematika ikasten duten graduatu gehienak ez dira irakaskuntzan aritzen. Orduan, nork ematen ditu eskolak? Ahal duenak. Normalean beste ikasketa zientifiko eta teknologikoetatik datozen irakasle birziklatuak dira eta ahal dutena egiten dute. Horretarako prestatuta ez egon arren, haiekiko exijentzia maila oso altua da.
Kontuan hartu behar da ikasleak ez daudela ohituta pentsatzeagatik ebaluatuak izatera. Katiximak irakasten dira. Buruz ikasi eta hori da ebaluatzen dena. Ikasleak oso azkarrak dira eta gainditzeko behar dutena baino ez dute egiten. Diziplina bakoitzak badu berezko metodologia eta irakasgai batek horren moldaketa izan beharko luke, baina ez da errespetatzen.
Matematikarako grina duzu, baina hizkuntza eta literaturarekikoa ere bai.
Unibertsitatera joaterakoan bi aukera nituen garbi: euskal filologia edo matematika. Bigarrena aukeratu nuen Bilbon ematen zutelako eta nahiago nuen hara joan. Hala ere, ez da batere arraroa. Izan ere, zientzialari gehienei literatura asko gustatzen zaie eta askok oso ongi idazten dute.
Nondik dator zientzia-letrak dikotomia?
Hezkuntza sisteman behartzen zaituztelako bide hau edo bestea aukeratzera eta ez dira bestelako bide mistoak kontuan hartzen. Finlandiako hezkuntzaren ezaugarrietako bat hori da, hain zuzen ere: moduluak dira eta ikasle bakoitzak hautatzen ditu libreki zeintzuk ikasi nahi dituen eta noiz.
Hemengo hautazko ikasgaien sistema ez da gauza bera?
Hemen teorian bada aukeratzerik, baina ikastetxeen antolaketa beharrengatik azkenean hautazko horiek paketeetan eskaintzen dira, ez banaka. Badirudi aukeratzerik badagoela, baina irakasgai multzoak dira. Finlandian 75 modulu osatu behar dituzte, tutore baten laguntzarekin. Horren ondorioz, adibidez, adin desberdineko ikasleak biltzen dira modulu berean. Hori da benetako aukera.
Euskal Herrian dauden hezkuntza sistemak eta Finlandiakoa alderatu dituzu. Finlandia estatua da eta gu ez. Nola egin duzu alderaketa?
Alderaketa egina dago finlandierazko murgiltze ereduaren eta euskarazko murgiltze ereduaren artean. Hori da alderagarria den bakarra. Hezkuntza sistemaren antolaketa administratiboari buruz ez da asko hitz egiten liburuan. Hori ezin da alderatu hemen EAEk, Nafarroak eta Euskal Elkargoak hainbat ezaugarri partikular dituztelako, baina gizarte eredua aldera daiteke. Gizartean dauden usteak edo adostasunak konpara daitezke.
Alderaketa horretan PISA azterketaren emaitzak datozkigu segituan burura. Zergatik dira gu baino hobeak beti?
PISA proban lehenbiziko postuetan egotea lortzen dute hezkuntza sistema bakarra eta kohesionatua dutelako. Oinarria da ulermenari berebiziko garrantzia ematea, eta kito, ez dago beste misteriorik. Lehen Hezkuntzako eskolari ulermen eskola esaten diote. Haiek bezalakoak izan nahi bagenu hizkuntza eredu bakarra izan beharko genuke, bateratua eta homogeneoa. Guk PISArekiko dugun katastroferik handiena da, uste dugula publiko-itunpeko eta hizkuntza ereduaren araberako hautaketa familiengan uzteak onura ekartzen diola gure sistemari, eta oso oker gaude. Aukeraketa horietako uste guztiak ideologikoak dira, eta ez dute oinarri pedagogikorik.
Zergatik diozu zure liburuan Finlandian PISA ez dela helburua, baliabidea baizik?
Han ikuskaritza administratiborik ez dute, hemen dugun bezala. 90eko hamarkadan krisi sakona izan zuten eta hori kentzea erabaki zuten, dirua aurrezteko asmoz. Horren ordez, ELGA Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak sortutako PISA proba hartu zuten haien lanaren autoebaluazioa egiteko tresna. PISAren emaitzetatik informazioa ateratzen dute, gero haien hobekuntza planak egiteko. Hemen, aldiz, sailkapen horretan gora egitea da helburu bakarra. Irakurketa planak dira horren adibide garbiak. PISAren arabera gure ikasleek irakurketan gabeziak dituztela esaten dugunean erne ipintzen gara eta berehala irakurketa planak jartzen dira abian. Gehienetan, gainzamak dira irakasleentzat.
Eta ez al da egokia?
Kasu jakin horretan ez da plan isolatu bat egin behar ikastetxean, baizik eta herriko liburutegiarekin lan egin irakurzaletasuna bultzatzeko, adibidez. Hemen epe laburreko neurri solteak hartzen dira eta ez doaz inora. 2006an gertatu zen. PISAko Nafarroako datuak oso txarrak izan ziren eta 2009rako “normaldu” ziren, plan horietako bat ezarri ondoren. Horrek, hala ere, ez du batere segidarik izan. Gaur egun inor ez da horretaz oroitzen. Ematen du hurrengo zaplaztekoaren zain gaudela, beste adabaki bat jartzeko. Beldur naiz, orain Euskal Autonomia Erkidegoan ezarri duten irakurketa planaren ibilbidean ez ote den gauza bera gertatuko.
Irakasleen trebakuntzari dagokionez, zeintzuk dira alde nagusiak?
Irakasle lanbidea prestigio handikoa da Finlandian, irakasle izateko ikasketak dauden eta gogorrenak baitira. Bost urteko berariazko ikasketa prozesua amaitutakoan, ikastetxeetako zuzendariek zuzenean hautatzen dituzte irakasle tituludunak. Ez dago oposaketarik. Aldi berean, udaleko alkateak izendatzen du ikastetxeko zuzendaria, zentroak munizipalak direlako. Irakaslea ikertzailea ere bada. Pedagogian eta didaktikan ikertzeko eta hobekuntzak egiteko teknikak ezagutzen dituenez, irakasleak ez du behar Ministerioaren curriculum orokor bat. Hori da gure esku ez dagoen gauzetako bat. Noizbait gure sistema bagenu, horretaz hitz egin beharko genuke hasiera-hasieratik.
Euskal Herriaren egoera soziopolitiko honetan zer egin liteke?
Desiren eremuan sartzen gara, baina sistema bateratu bakarra eta, aldi berean, malgua behar da. Horrek esan nahi du bertakoa den hizkuntza batean, gure kasuan euskaraz, egituratu behar dela. Eneko Bidegainek Lurraldea eta herria lanean planteatzen du gauza batzuk ez daudela gure esku, baina beste batzuk bai. Hiru administrazio daude Euskal Herrian. Hezkuntza gure eskumenetako bat da eta askoz gehiago egin genezake elkarrekin lan eginez gero. Espainiari ez diogu begiratu behar, esate baterako, Nafarroan Euskararen Legea aldatzeko eta zonifikazioa bertan behera uzteko. Gure etxeko lana da.
Bidegainek proposatzen duen bidetik abiatuta, adibidez, mugaz gaindiko curriculuma osa genezake, gure hiru eremu administratiboek partekatuko luketen eremu berria. Curriculum berri eta propioa, ez erdaraz ematen denaren kopia bat.
Hezkuntza kontuetan ematen du hurrengo zaplaztekoaren zain gaudela, beste adabaki bat jartzeko
Gero eta gehiago dira hezkuntza negozio gisa begiratzen dutenak?
Bai, hala da. Zirkulua koadratu nahi badugu, eskolen autonomiari positiboki eragiten dioten dinamika guztiak aintzat hartu behar dira, baina dinamika horiei kontrajarriak daude merkatu kapitalistak, hau da ELGA erakundeak bultzatzen dituenak. Alde batetik, argi dago enpresek ikastetxeen eta irakaskuntza sistemaren kudeaketan esku hartzeko asmo garbia dutela, eskolak landu behar dituen edukiak eta gaitasunak baldintzatu nahi dituztelako. Enpresek eskola ikusten dute euren etorkizunerako lan-eskua produzitzeko fabrika baten gisa. Eskolan pentsamendu kritikoa lantzea denbora galtzea dela iradokitzen dute. Eta beste aldetik, begi-bistakoa da enpresak negozio bila ari direla alor honetan: ikastetxeetako zerbitzuak eta frankiziak eskaintzen dira gero eta gehiago. Garai batean kalitate zigiluak banatzen ziren eta orain programak saltzen dira.
Horietako bat da Kiva, Ikastolen Elkarteak ikastetxeetan ezarri duena?
Bai. Eskola jazarpen-indarkeriari aurre egiteko proiektua da. Hasiera batean Finlandiako Turku hiriaren aldirietako bi ikastetxeren problematika zehatzak tratatzeko proiektua zen. Ikastetxeetako eta unibertsitateko adituak elkarrekin hasi ziren lanean. Gerora, irakasleen etengabeko trebakuntzaren testuinguruan diseinatutako hezkuntza berrikuntza horri protokolo izaera eman zaio, eta produktu gisa saldu da atzerrian.
Joera horri nola egiten ahal zaio aurre?
Herrietako eta auzoetako harreman horizontalak indartzen baditugu, hori da modu bat besteari galga ipintzeko. Adibide zehatz bat: hemen, Nafarroan, arazo larria dugu irakasleen trebakuntzarekin eta badirudi inork ez duela konpondu nahi. Hezkuntza Sailak ikastaroak antolatzen dituenean ezin ditu erabili NUPeko instalazioak. Ordaindu behar dizkio. Horiek mugak dira. Nola plantea dezakezu berrikuntza pedagogikoa baldintza horietan? Herriko baliabide publiko guztiek denon eskura egon beharko lukete.
Gurean eskola txikien filosofia izan daiteke sistema berri horren hazia?
Bai. Eskolak izan behar du ongizateari begiratzen dion entitatea eta herriko kolektiboekin eta udalarekin lan egiten duena. Tokiko produktuak eskolako sukaldeetan erabiltzea eta gisa horretako esperientziak dira behar ditugunak.
Nafarroan zerbait aldatu al da gobernu berriarekin?
Nafarroaren egoera partikularra da, egoera globalaren adibide garbia. Hezkuntzari buruzko kontsentsurik ez dago eta bandoen artean elkarri harrika egiteko erabiltzen da. Azken lau urteotan, zailtasunak zailtasun, saiatu dira inertzia batzuk apurtzen eta eztabaida piztu da. “Aukera ezazu nahi duzuna eta utzi niri egiten nahi dudana” da jokamolde nagusia, baina ez da ona. Gizarte ez kohesionatua eta kalte ugari dakartza. Gobernuaren saiakera, behintzat, polita da. Horregatik behar da beste legealdi bat gehiago, gutxienez, bide honetatik segitzeko, baina oraingoz ezin jakin zer gertatuko den hauteskundeetan. Nahiko interesgarri dago, ezta?
“Norberaren egoerari buruz diagnostikoa egiteko balio du PISAk, baina ez dago diseinatuta hezkuntza sistemak konparatzeko, herrialde bakoitzaren noosfera desberdina delako. Ikastetxeak elkar-eragina du gizartearekin, eta konexio funtzional horri noosfera esaten zaio”.
“Ezin da finlandiar hezkuntzaren arrakasta ulertu hizkuntzaren biziraupenarekin duen lotura aintzat hartu gabe. Zirkulu polarra koadratzeko, hezkuntza euskaldun eleaniztuna behar dugu”.
“Sortu dugu irudi bat non Europako iparraldeko herriak oso kultu, jakintsu eta aberats diren, baina finlandiarrek pobretzat dute beren burua. Bost milioi eta erdi pertsona besterik ez dira; baliabide natural urriko eremua da eta aspaldidanik Suedia eta Errusiaren menpe bizi izan dira. Hori dela eta, biziraupen kulturalerako estrategiak garatu behar izan dituzte eta hezkuntza sistema horretara bideratu dute ehuneko ehun. Duela mende bat, hemen Unamuno euskararen kontura barrabaskeriak esaten ari zenean, eta oro har euskara gutxiesten zenean, finlandiera ehiztari eta arrantzaleen hizkera literaturagabea izatetik estatu hizkuntza izatera pasa zen. Hori izan zen lehen urratsa”.
“Enpresak eta unibertsitate pribatuetako fundazioak, gure gertukoak ere bai, espezializatzen ari dira diru publikoa jasotzen, ikastetxeetan ustezko hobekuntzak ezartzeko argudioarekin. Gero, ikastetxe erosleek erositako marka saltzen dute beren burua ezaugarritzeko: ‘Gu Montessori gara’ edo ‘gu gara ez dakit zer’. Hori ez doa inora. Enpresak ari dira administrazio publikoen dirua arpilatzen”.
Scientia funts pribatuak Bilboko San Pedro Apostol eskola erosi, eta langileen eskubideak eta hezkuntzaren kalitatea hondatu dituela salatu dute. Bederatzi hilabete daramate langileek soldatarik gabe, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze eza kritikatu dute.
Gabonen erroa kristaua dela jakinda ere, erreferentzia katolikorik ez duten kantuak abestea erabakia du (edo eztabaida horretan dihardu) gero eta ikastetxe gehiagok, eskolaren printzipioetako bat laikotasuna dela oinarri hartuta.
Bilboko ikastolako ikasle eta ikasle ohien talde batek zentroko irakasle baten partetik jasandako sexu abusuak zerrendatu ditu, eta komunikatu baten bidez salatu du ikastetxeak gizona babestu duela. Gertakariak azalera atera direnean ikastolak “beren burua zuritu besterik... [+]
Zerk motibatuta bultzatzen da bi ikastetxeren arteko fusioa? Nola uztartu norbere eskola-proiektua, eredua eta ibilbidea ondokoarekin? Zein da bidea bi eskoletako hezkuntza komunitateak ados jartzeko? Zein da Eusko Jaurlaritzaren rola?
Urretxindorra Ikastolako (Bilbo) eta Azkue Ikastolako (Lekeitio) bi irakasleren aurkako salaketak egin dituzte zenbait emakumek sare sozialen bidez. Horren aurrean, Urretxindorra ikastolako irakasleak astelehen honetatik aurrera klaserik ez ematea erabaki du Ikastolen Elkarteak... [+]
Arratsaldeko lehen orduetan, 14:30ak aldera, Nafarroako ikastetxe publikoetako 30en bat langile sartu dira Iruñeko Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzan eta sarreran eserialdia egin dute. Lehen ekintza gisa planteatu dute eta, adierazi dutenez, honen bidez... [+]
II. kongresuan aurkeztu duen berritasun esanguratsuenetako bat da. Orain arte Bigarren Hezkuntzara zuen bideratua bere jardun politikoa eta hemendik aurrera unibertsitateetan eta Lanbide Heziketan ere arituko dira. Euskal Hezkuntza Sistema Publiko Komunitarioa aldarrikatu du... [+]
1994an EHUko Arte Ederretako ikasleek protestak abiatu zituzten. Bost irakasle euskaldun lortzeko hiru hilabeteko greba egin zuten, eta bitarte horretan Leioako fakultatea okupatu. Euskal jendartearen babes handia izan zuten, baina Poliziaren errepresioa ere jasan zuten; Bilboko... [+]
Andoaingo institutuan izan da Pape Niang, bere migrazio-esperientzia kontatzen. 16-18 urteko gazteek, aurrez Pape Niang, hasiera berri bat liburua irakurria zuten ikasleek, jakin-minez, gogoetez eta galderez bete dute aretoa. Bejondeiela, pertsona kritikoak heztea baita... [+]
Ongi ezagutzen ditu eskola partikularretara doazen ikasleak Aitziber Ibarbiak. 25 urte inguru daramatza matematika, fisika eta kimikako partikularrak ematen, batez ere Batxilerrekoei. Irakasle on eta txarrez, ikasgelan sortzen diren erritmo ezberdinez, azterketak zuzentzeko... [+]
Gogoratzen al duzue? Legebiltzarreko %90ak onartu zuen Hezkuntza Akordioa duela bi mende –barkatu, bi urte–. Ezkerraren biltzarkideen erreakzioa euforiaren eta neurriko gogobetetasunaren artean mugitu zen. Onarturiko dokumentuaren arabera, zentro pribatuek diru... [+]
Altxa Burua taldeak eskatu du bigarren hezkuntzako EAEko ikastetxeetan kendu ditzatela mugikorrak, debeku bat ezarrita arauz. Aste honetan eskaera eraman dute Eusko Legebiltzarrera, Hezkuntza Sailak ikastetxeak telefono mugikorrik gabeko esparru gisa izendatu ditzan.
Ostegun eta ostiral honetan 40 hizlari baino gehiago ariko dira EHUko Leioako campusean Lana eta sindikalismoa XXI. mendean Nazioarteko Lehen Biltzarrean. Lan munduaren eta sindikalismo eraldatzailearen erronkez eta estrategiez eztabaidatuko dute.