Pasa den urrian ekin zioten. Hasieratik: zinema feministaren historiak zikloa martxan jarri zuten Tabakaleran, eta, hilean behin ari dira aztertzen zinemaren sorreratik bertatik emakumeek arte horri egindako ekarpenak. Historia posible bat da, beste hainbesteren artean. Egitasmoaren inguruan hitz egin nahian jo dugu Lur Olaizola Tabakalerako zinema eta ikus-entzunezkoen programaren koordinatzailearengana.
Hasieratik: zinema feministaren historiak zikloaren abiapuntuaz galdetu, eta hala erantzun digu Lur Olaizolak: “Azken batean, denok dakigu eraikitako narratiba bat dela historia, eta nahi genuke Tabakalerako zine-aretoa horixe izatea, behin eta berriro zinearen historia asma dezakegun leku bat”. Izenburu hori zergatik jarri zioten azaldu digu ondoren: “Guk, kasu honetan, ibilbide bat proposatu dugu; ez da historia bakar bat, baina hasieratik hasi nahi genuen”. Eta zein da, bada, hasiera hori? Izen bat aipatu digu Olaizolak: Alice Guy.
Hurrengo hiru hilabeteetako proiekzioak zehaztuta daude eta elkarlanean egingo dira Bartzelonako Films de Dones nazioarteko erakusketarekin
“Historia ofizialean kontatzen da [Georges] Mélièsek egin zuela fikziozko lehen pelikula, baina ez da horrela. 1895. urtean, Lumière anaien lehen proiekzioetako batean, hantxe zegoen Guy, eta proiekzioa ikusi zuenean, konturatu zen zinematografoak bazeukala historiak kontatzeko gaitasuna. Bera izan zen historian fikziozko pelikula bat egin zuen lehen zine-zuzendaria”. La Fée aux Choux zuen izena film hark, eta Guyk hiru bertsio egin zituen; lehena, 1896an.
Hala, zine-zuzendari aitzindariei eskaini zioten zikloaren lehen hitzordua, eta Guyrenarekin batera eman zituzten beste hiru emakume zinegileren film laburrak ere, obra guztien arteko lotura aprobetxatuta: Germaine Dulac-en La souriante Madame Beudet (1923) eta Étude cinématographique sur une arabesque (1929), Maya Deren-en At land (1946) eta Marie Menken-en Glimpse of the garden (1962). Aitzindarien ostean, beste hainbeste zine-zuzendari garaikideren obrak ekarri dituzte, adibidez, Věra Chytilová-ren Daisies (1966). Olaizolak nabarmendu duenez, eta sarri gertatzen den moduan, zikloan programatzen ari diren emakume askok ez zuten beren burua feministatzat hartzen, edo, bestela esanda, ez zituzten beren pelikulak ikuspuntu horretatik egin. “Guk, ordea, horixe proposatu dugu: egin dezagun ibilbide hau, eta ibilbide hau bada zinema feministaren ibilbide bat”.
Nola aukeratu sailerako filmak
Baina… zerk egiten ditu lan horiek feminista? Jo dezagun atzera. Zikloa bera abiatu baino lehen, beste proiektu bat sortu zuten Tabakaleran: programazio talde ireki bat. Olaizola: “Badago zinera behin eta berriro datorren jendea, baina, askotan, kosta egiten zaigu programatzaileen eta ikusleen arteko muga hori gainditzea, solasaldietan ere. Halako batean, gure buruari galdetu genion ea zer gertatuko zen jendea gonbidatzen bagenuen lan-talde batera eta hor hasten baziren eztabaidatzen zer pelikula ikusi nahi zuten. Proposatzeko espazio eta denbora hori eduki nahi genuen”.
Eta hortxe atera zuten, beraz, gaia mahai gainera: zerk egiten du pelikula bat feminista? “Gauza bat da emakume batek zuzendutako pelikula bat jartzea”, dio Olaizolak, “baina beste gauza bat da pelikula bera feminista bezala irakur daitekeen ala ez, hau da, emakume batek zuzendu dezake pelikula bat, baina zine horrek jarraitu dezake eskemarik edo lengoaiarik klasikoena edo konbentzionalena. Guri gehiago interesatzen zitzaigun lengoaiak berak puskatzea daraman zamarekin, eta hortik doa gure proposamena. Ez dira emakumeek zuzendutako pelikulak”. Ez behintzat hori bakarrik. Pelikulek eurek hausten dituzte ikusleak aurrez espero dituen formak. “Hor dago gauzak benetan aldatzeko aukera, bat-batean ikusle bezala deseroso sentitzen zarenean”.
Begirada maskulinoari planto
Adibide bat emateko eskatu diogu Olaizolari eta abenduko saioa ekarri du hizpidera. Laura Mulvey eta Peter Wollen-en Riddles of the Sphinx (1977) ikusi zuten orduan, eta saio berezia izan zen, gainera. Zikloan, filma ikusi aurretik, hizlari batek aurkeztu ohi du obra, eta Mulvey eta Wollenenari sarrera emateko, pertsona bakarra ez baizik programazio taldeko sei kide agertu ziren. Olaizolaren esanetan, ez zen izan norabide bakarreko hitzaldi bat: “Izan zen gure arteko elkarrizketa bat, ikusleei kontatuz zer nolako erreferenteak, galderak, zalantzak eta eztabaidak ibili genituen filma ikusi eta gero. Publiko egin genuen hori dena, ikusleek gure zalantzak ikusteko eta konpartitzeko”. Olaizolaren ustez, horrelako gauza txikiengatik da zikloa berezi.
Lur Olaizola: “Nahi genuke Tabakalerako zine-aretoa izatea behin eta berriro zinearen historia asma dezakegun leku bat”
Baina itzul gaitezen harira, merezi du-eta Mulveyri tarte txiki bat eskaintzea. 1973an, artikulu bat argitaratu zuen, “Visual Pleasure and Narrative Cinema” (Ikusizko plazera eta zinema narratiboa), eta sona handia bildu zuen. Olaizolak laburbildu digu haren ikuspuntuaren muina: “Mulvey zinema ikertzen hasi zen zinefilo handia zelako, Hollywood klasikoenaren zale porrokatua, eta momentu batean konturatu zen nola errepresentatzen zituzten emakumeak zine hartan. Konturatu zen, azken batean, begirada maskulinoarentzako eraikita zeudela film haiek”. Eta zer egin zuen orduan? Bada, horrekin moztu, eta zalantzan jarri. “Horregatik interesatu zitzaigun Riddles of the Sphinx, pelikulak berak egiten duelako proposamen zinematografiko bat, zinemaren ohiko lengoaia puskatuz”.
360 graduko plano zirkular asko jarraian ipinita, hala hautsi zuten Mulveyk eta Wollenek ohituta gauden lengoaia. “Askotan ez dira pertsonaien buruak ikusten, oso erritmo arraroa da, ez baita ezer gertatzen, eta, aldi berean, oso begirada horizontala da, ez baitaukazu gauza zuzen bat, baizik eta kamera bat, espazio bat erakusten dizuna pixkana-pixkana, eta zuk zeuk joan behar duzu hor gertatzen ari dena eraikitzen. Ez da gauza kriptiko bat, ez da gauza ilun bat, baina, ikusle bezala, beste era batean jartzen zaitu”, esplikatu du Olaizolak.
Otsailetik aurrera, hainbat hitzordu
Azaldu dizuegu, gutxi-asko, zertan datzan Hasieratik: zinema feministaren historiak zikloa. Orain, beraz, hemendik aurrera egingo dituzten hitzorduak aipatzea dagokigu. Lehenik, otsailaren 11n, programazio talde irekiko kideak bilduko dira, arratsaldeko lauetan, Tabakalerako sortzaileen gunean. Jendea animatu du Olaizolak: “Gogoa baldin badaukazue, etorri, horixe baita asmoa: elkartu, hitz egin, pentsatu, batek proposatu dezala gauza bat, besteak beste bat… Ez dago erantzun bakarrik. Gai hauei buruz hitz egiteko gogoa, denbora eta espazioa, hori konpartitu nahi dugu”.
Koordinatzailearen arabera, gauza finko eta konkretuak lagungarriak suertatzen dira halako talde irekiek aurrera jarrai dezaten, orokorrean jendeak gogoa bai, baina denbora gutxi edukitzen duelako. Zentzu horretan, zikloa antolatzea ekarpen positiboa izan da: “Elkarrekin film bat ikusten badugu hilabetean behin, eta entzuten badugu zer kontatzen digun Selina Robertsonek [ziklora gonbidatu duen hizlarietako bat da Robertson], ba gozamena izango da, eta listo. Gauza txiki bat da, baina oso handia aldi berean”.
Hurrengo hiru hilabeteetako proiekzioak zehaztu dituzte jada: elkarlanean antolatu dituzte, Bartzelonako Films de Dones nazioarteko erakusketako kideekin batera. Ibilbide luzea egin du jaialdi horrek, eta iaz haiekin ekindako lankidetzari eutsi dio Tabakalerak aurten ere. Katalunian asteburu bakarrean erakutsitako filmak hiru hilabetetan ikusteko aukera izango dugu, beraz, Donostian: otsailean hiru obra emango dituzte: Soy Cámara. La carcajada de la Medusa (Marta Nieto eta Marga Almirall, 2018), Older Women and Love (Camille Billops eta James Hatch, 1987) eta History of the World According to a Lesbian (Barbara Hammer, 1988). Martxoan eta apirilean, berriz, bana: The Gold Diggers (Sally Potter, 1983) eta De stilte rond Christine M. (Marleen Gorris, 1982), hurrenez hurren.
Zikloan izango da bestelako elkarlanik. Iaz jarri zen martxan Tabakalerako zine-eskola, eta hango ikerketa-talde bateko kideak programazio taldearekin batera aritu dira azkenaldian, Olaizolak kontatu digunez. “Zine eskolako ikerketa-talde bateko kideak Cinenova banatzaile feminista ikertzen ari dira, eta, horren harira, erabaki dute Sandra Lahire zinemagilean zentratuko direla. Beraz, seguru asko, zuzendari horrekin lotutako saio bat egingo dugu, agian maiatzean edo ekainean”.
Historiak narratibak direlako, zergatik ez guk kontatu gurea? Hartara, ez dezagun ahaztu, zinemaren sorreratik bertatik aritu direla emakumeak argi-itzalen magia lantzen.
Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurkeztu dituzte datu "kezkagarriak". Euskaraz eskaini diren estreinaldi kopurua ez dela %1,6ra iritsi ondorioztatu dute. Erakunde publikoei eskatu diete "herritar guztien hizkuntza eskubideak" zinemetan ere... [+]
Geroz eta ekoizpen gehiagok baliatzen dituzte teknologia berriak, izan plano orokor eta jendetsuak figurante bidez egitea aurrezteko, izan efektu bereziak are azkarrago egiteko. Azken urtean, dena den, Euskal Herriko zine-aretoak gehien bete dituztenetako bi pelikulek adimen... [+]
Otsailaren 24tik eta martxoaren 1era bitartean, astebetez 60 lan proiektatuko dituzte Punto de Vista zinema dokumentalaren jaialdian. Hamar film luze eta zazpi labur lehiatuko dira Sail Ofizialean; tartean mundu mailako lau estreinaldi eta Maddi Barber eta Marina Lameiro... [+]
Madrilen arkitektoentzako kongresu bat burutu berri da, arkitekto profesioaren krisiaz eztabaidatzeko. Arkitekto izateko modu tradizionala eta gaur egungoa desberdindu dute. Zertan den tradiziozkoa? Oscar bidean den The Brutalist filmean ageri den arkitekto epikoarena. Nor bere... [+]
Makroproiektu "berriztagarriek" sortzen dituzten ondorioak filmatu ditu Vidas irrenovables (Bizitza ez-berriztagarriak. Euskarazko eta frantsesezko azpitituluak prestatzen ari dira) dokumentalean Extremadurako (Cabeza del buey, Espainia, 1985) landagunean hazitako... [+]
Euskal herritar ugari saritu ditu Espainiako zine akademiak pasa den asteburuan banatu diren Goya sarietan. Artikuluaren bigarren partean, zeresana eman duten hainbat kontu aletuko ditugu.
Itoiz, udako sesioak filma estreinatu dute zinema aretoetan. Juan Carlos Perez taldekidearen hitz eta doinuak biltzen ditu Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andrakaren filmak. Haiekin mintzatu gara Metropoli Foralean.
Zeresana ematen ari da Rami Younis kazetari eta aktibista palestinarraren LYD animaziozko film-dokumentala. Fikziozkoa da, Israelek inoiz okupatu gabeko Lyd hirian kokatua, zeinean ez den sekula ere britainiarren koloniarik egon, eta juduak eta arabiarrak elkarrekin bizi diren;... [+]
Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.
ETB1ek Bizkarsoro filma estreinatu zuen Euskararen Egunean iluntzean. ETB2ri aldi berean gaztelaniazko azpidatziekin ematea proposatu bazioten ere, kate horretan Tasio eskaini zuten gaztelaniaz azkenean, eta horrek haserrea sortu du euskaldun askorengan sareetan.
Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]