Marc’harid Bouffaut-Merdy zuzendari da Bretainiako Kemperle-ko Diwan ikastetxean. Bretoiera bizirik mantentzeko ahaleginean dihardu. Ez da erraza. Etena izugarria da. Zaharrenek dakite bretoiera, eta haur batzuek; tarteko belaunaldiek galdua dute. Bouffaut-Merdyk kontatu digu nola adinekoek harrituta begiratzen dieten Diwan eskolen bidez, ikasgai guztiak bretoieraz eskainiz, hizkuntza biziberritzen ari direlako. Hiztun zaharrak Frantziar Estatuak zanpatu zituen. Hiztun berriek sarraskiari bira eman nahi diote.
Bretoieraz mintzatzea debekatua eta zigortua izan zen 1830 eta 1960 artean. 1960an zigortzeari utzi zitzaion, Bretainiako eskoletan ez baitzen gehiago bretoieraz mintzatzen.
Tira, nire gurasoek ez zuten sufritu, ez ziren Bretainiakoak, baina nire senarraren gurasoek bai. Aita, 1936an jaioa, eskolara etorri zenean, jende askok bezala ez zuen hitz bakar bat ere ezagutzen frantsesez. Eta berehala, denborarik eman gabe, jakinarazi eta ulertarazi zitzaion frantsesez mintzatu behar zuela: iraindu eta makurrarazi zuten. Eta gero sinboloaren kontua dugu, forma desberdinak hartu zituen, zurezko eskalapoi bat, zulatutako txanpona edo atsedenaldian ahoan eraman beharreko pilota. Goizean irakasleak ikaslea bretoieraz mintzatzen harrapatzen bazuen, sinboloa ematen zion, eta arratsaldean zigortzen zuen, atzamar puntetan erregela batez joz, edo idazten geraraziz.
Plouc (arlote, abarkadun) gisa tratatu zituzten, landa eremuko jendea zen, nekazariak, mailarik beherenekotzat jotzen ziren. Frantsesa igoera sozialaren sinonimoa zen. Baziren posta-txartelak etxeko abereek eta nekazariek gela berean bazkaltzen genuela esaten zutenak [abereek eta baserritarrek bizitoki bera zuten]. Umiliatuak ginen. Bretoiera ez zen hizkuntzatzat hartzen, soilik abereekin mintzatzeko balio zuen.
Orain jende ugarik blokeo psikologikoa du bretoieraren gainean. Hainbeste jo, zigortu eta beheratu zituzten, ez dutela ulertzen zergatik atzera itzultzen ari garen.
Bretoieran eta Bretainiako identitate kulturalean murgiltzea, elebitasun goiztiarra, tolerantzia, ikasleen autonomia, Diwan eskoletan emandako heziketaren oinarria dira.
Ni txikienen andereño naiz. Ahal den guztia egiten dugu bretoiera ahalik eta lehenen entzun dezaten, baita haurtzaindegitik ere. Badira zientzialariak esaten dutenak onuragarria dela, ez soilik hizkuntza berrien ikasteko. Eta gero, beren gurasoak finantzaketa bilaketan engaiaturik ikusteak, elebitasuna babesteak,… gazteei munduko hiritar izatearen ikuspegia ematen die eta kanporantz irekiagoak dira.
Diwanek ba al dute berera egokitutako heziketa-curriculum berezirik? Nola sortzen da ikasmateriala?
Orain dela urte batzuk, Diwan eskolak eta bretoierazko eskola-elkarteak Bretainiako erregioak babestutako TES-aren (Ti embann ar skolioù), hots, eskoletako argitaletxearen zerbitzuak erabiltzen hasi ginen. Hasiera batean frantsesez idatzitako testuliburuak hartu eta bretoierara itzuli zituzten. Oraindik baditugu bat edo beste matematiken, historiaren, geografiaren arloetan, eta orain ere baditugu bretoieraz idatzitako jatorrizko lanak, argitaletxe hauetan lanaldi osoz lan egiten duten pertsonek sortuak. Horrela TES-eko langileek lan berriak sortzen dituzte, liburuak, ipuinak, haur txikienentzako eta handiagoentzako irakurtzeko albumak, edo lizeora bitartera ere erabiltzen diren eskola-liburuak... Laburbilduz, duela hogeita bi urte Diwanean lan egiten hasi nintzenean, itzuli behar ziren argitalpenak asko ziren.
Kemperle Bretainiako hego-mendebaldean dago. Zein da bretoieraren egoera eskualde honetan? Eta Bretainiako gainerako eskualdeetan?
Kemperlen bretoieraren egoera ez da hain txarra. Bertako mankomunitateak bretoieraren alde egindako lanagatik saria jaso zuen. Idatzitako komunikazio ofizial guztia eta telefonoz arreta ele bitan egiten dira. Kemperle herrian ere bai, seinaleak eta beste, ele bitan dira.
Eta udaleko arreta-langileek eskaintzen dituzten zerbitzuak?
Ez, oraindik ez. Udaleko zein mankomunitateko langileei hiru edo sei hilabeteko formakuntza ikastaroak eskaintzen zaizkie, baina ez dira nahitaezkoak. Langile batzuk izena ematen dute.
Familian transmisio etenagatik, ikasleen gurasoak ez dira bretoieraz mintzatzen.
Ikasleen gurasoen %90 ez dela bretoiera hiztun esan dezakegu.
Gutxitan entzun ditut bretoierazko elkarrizketak eskualde honetan. Zeintzuk dira zuen arnasguneak?
Ez dira espazio asko, baina izan badira. Hain zuzen, eskolatik kanpo bretoieraz hitz egitearren, mintzalekuak sortzeko ekimenak badira. Adibidez, hemen, Kemperlen baditugu mediatekan hilean behin elkartzen diren irakurketa-taldeak, orain dela urtebete baino gehiago zabaldu ziren. Ti ar Vro izeneko kultura bretoiko etxeak ere baditugu, bertan elkartzen dira bretoieraren sustapenerako eta beste kultur taldeak, eta bertan ere posible da bretoieraz mintzatzea. Haurrak ordea kanpamentuetara, udalekuetara eta oporretan egindako egonaldi laburragoetara joan daitezke. Horiek eskuragarri dira helduek bretoiera praktikatzeko ere. Asteburuetan ere elkartzen dira bretoiera apur bat dakitenak, lagunartean.
Hemen, eskolan, laguntza-batzordea da “kafe pemp eur” topaketa antolatzen duena, “kafea bostetan”. Hilean behin elkartu eta hizketa-gai baten inguruan solastatzen dira. Laguntza batzordeak antzezlanak ere antolatzen ditu umeentzat eta helduentzat.
Non ikas dezakete helduek bretoiera?
Ti ar Vro kultur etxeetan ikas daiteke, eta baita Diwan eskoletan ere. Diwan eskolak ez du funtzionatzen bakarrik eskola-ordutegi barruan, arratsaldez eta urte osoan bretoiera ikasteko ikastaroak antolatzen ditugu, hiru mailatan.
Berez, bretoiera hainbat elkartetan irakasten da, gaueko eskoletan, eta aipatutako kanpaleku edo egonaldietan, sei hilabete luze izan daitezkeenak, bretoiera ikasteko edo hizkuntzan sakontzeko. Etxean ere ikas daiteke ASSIMIL metodoekin (CD bitartez), baita internetez ere.
Zenbat dira bretoieraren dialektoak? Bada hizkuntzaren era estandarrik?
Lau dira dialekto nagusiak, gwenedera, nire txikiekin mintzatzen dudana, kernevera, leonera eta tregerrera; eta bretoiera batua [peurunvan (“guztiz batua” bretoieraz)] ere badugu, leoneran oinarritua, dialekto honetan hitzak osorik eta idazten diren moduan ahoskatzen direlako. Kerneveran eta tregerreran berriz sarritan hitzaren erdiko silaba, jan egiten da.
Baina egia ere bada, bretoiera batuaren aurkako jarrera ere badela eta KLT (Kernevera-Leonera-Tregerrera) izeneko sistema ortografikoa bada, baita ere KLTG sistema (Kernevera-Leonera-Tregerrera-Gwenedera).
1976tik Diwan eskolak bretoiera batuaren alde agertu dira. Hala ere, bretoieraren historian ortografia-sistema desberdinak ezartzen saiatu izanak harritu nau.
Bretoierak familia transmisioan etena jasan duenez, eta termino berriak sortzeko beharra dagoenez, Ofis Publik ar Brezhoneg (Bretoieraren Herri-Bulegoa) sortu zen, eta erakunde hori da hain zuzen hizkuntzaren erroetatik aurrera termino berriak sortzeko erakunde arduraduna. Horrela sortu dira neologismoak, adibidez, informatikaren arloan; hala ere, badira beste elkarte edo pertsona batzuk uste dutenak bretoiera batu hau ez dela nahitaez bretoiera ona, eta beraz, desberdin idatzi edo hitz egiten dute. Beraz, bretoiera oraindik guztiz bateraturik ez dagoela esan dezakegu. Diwan eskoletan, oinarri komun bera dugu, nahiz eta noizean behin irakasleei askatasuna eman eta bretoieraz ez idatzi gainerakoek egiten duten era berean. Nolanahi ere, eskoletako argitaletxeak sortutako edukiei esker, gero eta gehiago dira ortografia bateratua darabilten irakasle eta ikasleak.
EZAGUTZA
- Bretoieraz ongi edo aski ongi mintzatzen diren lagunak, biztanle guztien %5,5 dira (176. 000 pertsona inguru)
- Hiztunen populazioa zahartzen ari da eta 15 eta 59 urte bitarteko bretoiera hiztunak hiztun guztien %21 baino ez dira (40.000 pertsona baino gutxiago).
JARRERA
-Bretoien %34k bretoiera hitz egin nahiko luke.
-3 pertsonatik 1ek bere seme-alabek hitz egin zezaten nahiko luke.
-%70ak bretoiera gehiago nahi luke
Nola ikasi zenuen bretoiera?
Ez dut bretoieraz hitz egin etxean, nire gurasoak izan ziren Diwan eskoletako lehen ikasle gurasoetako batzuk, baina soilik bi urtez ikasi nuen bertan, 3 eta 5 urte izan nituen artean. Geroago ezin izan nuen jarraitu, guraso biak lan egiten hasi zirelako, eta ezin ninduten eskolara ekarri, bestela goizegi jaiki behar izango zuketen, beraz... ez zen posible izan. Hala eta guztiz ere, kultura bretoiarekin sentiberak izan ziren beti, eta sentimendu hori familian gorde genuen, nahiz eta etxean bretoieraz ez mintzatu. Gero, eskola publikoan bretoiera ordu batzuk izan nituen, eta hala batxilergora iritsi arte. Azkenik Rennes-era joan nintzen bretoiera ikastera, baina ez, ez naiz jaiotzez bretoiera hiztun.
Batxilergora arte ikasi zenuena nahikoa izan zen?
Ez nintzen ongi mintzatzen, astean soilik bi eskola-ordu izan nituelako, ez zen nahikoa. Fakultatean, elkarrizketetan parte hartzeko eta hiztegi zabalagoa irabazteko pixkanaka maila mantentzea lortu nuen.
Etxean eta etxetik kanpo euskara ikasi dutenak bereizteko euskaldun zahar eta euskaldun berri hitzak ditugu euskaraz. Bada bretoieran antzeko bereizketarik? Badira familian ikasitako bretoiera benetakoagoa dela uste dutenak.
Bretoiera ama-hizkuntza bezala ikasiz, egia da azentu ona dagoela, hiztegia badela, gramatika berezkoa dela, eurek ez dute hura nola esan pentsatu behar. Baina familiarengandik kanpo ikasten dugunean, tonua silaba zuzenean jartzen ikasi behar dugu, eta honek guztiak eragiten du gero maiz bretoiera etxean eta etxetik kanpo ikasi dutenen artean bereiztea. Etxetik kanpo ikasi dugunok bretoiera literarioagoa dugu, kimikoagoa, baina gurasoengandik ikasi dutenek ez dituzte hitz berri asko menderatzen, gurasoek ezagutu ez eta bretoieraren transmisioan etena gertatu zelako.
Diwan eskoletako araudiak irakasleengan arazoak eragiten ditu. Irakasle bati eskola bat esleitzen zaionean ez da nahitaez etxe ondoan duena. Bestalde, irakasle gisa, eskolaren tokiko bretoiera mintza dezagun eskatzen zaigu, eta pixkanaka ikasi. Eta hala gertatzen da, txikiak izanik aitona-amonekin bizi zirenean bretoiera belarriz ikasitako irakasleak ezin dira [hizkera berri batera] moldatu, belarriz ikasitako bretoiera izanik ezin dute utzi; guk ordea, helduak ginenean bretoiera batua ikasi genuenok, ez dugu dialektorik eta beraz lan egiten dugun lekura egokitzeko gaitasuna dugu.
Dialektoen arteko hiztegia desberdina da.
Ez nahitaez, baina hitzak ahoskatzeko modua oso desberdina da. Eta gure bretoiera kimikoarekin, dioten bezala [umorez dio], etxean haurtxo zirenetik bretoiera mintzatzen dutenengandik ikasi nahi dugunez, eta haiek joak eta beheratuak izan zirenez, ez dute lagundu nahi, ez dugu informazio asko jakiteko beren bretoiera nola ahoskatu. Bretoiera etxean ikasi zutenak gero eta gutxiago dira eta desagertzeko bidean daude oso zaharrak direlako, nire bizilagunak 92 urte zituen eta duela urte gutxi hil zen, bretoiera ikusgarria zuen. Edonon zaila da informazio hori eskuratzea. Irakaslea naiz eta hala esaten didate: “Zuk ikasi duzu, eskolara joan zara, beraz ezer ezin dizut irakatsi”, haiek duten ondasunarekin! Eskualdean, zaharrak ez dira ausartzen beraiek hitz egiten duten bretoiera erakusten, hain gogorra izan zen haurrak zirenean sufritu zutena. Horrela da, oso gogorra da.
Aurten, Diwaneko ikasle batzuek brevet-a bretoieraz egin eta azterketak ez dizkiete onartu. Gauza bera gertatu zaigu Euskal Herrian. Frantziako hizkuntz-politikak ez du hizkuntzaren garapenean laguntzen.
Frantziako hizkuntza minoritarioen garapena ez da burutuko, baldin Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua moldatzen ez bada. Artikulu honek dio hizkuntza bakarra dagoela, eta frantsesa dela. Beraz, konstituzioan aldaketa egin ezean ezin izango dugu aitzina egin, eta beraiek, gobernu desberdinetan, oso ondo dakite. Ordea, guk egin dezakeguna zera da: sostenguaren bila erregioetara jo, denok pairatzen baitugu, Euskal Herrian, Korsikan… leku guztietan!
Bestalde, eskainitako jarduera guztiak ez dira bretoieraz egin ahal. Hemen, Kemperleko Mankomunitatean ingurumenaren gainean eskolei jarduera bikain ugaritan laguntzeko elkarte komisionatuak daude eta ezin dira bretoieraz egin euren lantaldeetan bretoiera hiztunik ez dutelako. Beraz, jarduera batzuk frantsesez egin beharko ditugu, frantsesa funtsezko hizkuntza baita, eta frantsesa aukera bat da, ezta? [ironiaz, barre egin du]. Azkenik, irakasleak bi aukera ditu, eskolan geratu eta ia ezer ez antolatu eskolaz kanpo, edo jarduera egin. Horrela egiten dugu, eskolatik kanpo ikusitakoa bretoieraz berregiten dugu ikasgela barruan.
Diwan eskolak Bretainiako ikastolak dira.
Hala da, Diwan eskolak ikastolen eredua aintzakotzat hartuz sortu ziren, Korrika bezala, guk kopiatu genuen eta Ar Redadeg sortu. Antolatu genuen lehen urteaz oroitzen naiz, gauerdi ingurua zen, hemen Kemperlen txikiak esna zeuden, hunkituta. Ar Redadeg eskolaren aurrealdetik igaroko zen, eta han geunden umeekin zain; militarrak zeuden [segurtasun lanetan], iritsi eta axolagabekeriaz galdetu zuten: “Zer da Ar Redadeg?”. Aurreko egunetan, Ar Redadegen berria egunkarietan eta Bretainiako telebistan zabaldu bazen ere... Zaila da!
Nolakoa da zure ametsetako Bretainia?
Bretoieraz eta frantsesez mintzatzerik izango dugun Bretainia, non nahi dugun hizkuntza aukeratu ahal izango dugun, elebitasuna, nonahi, egoera guztietan.
Noiz sortu ziren Diwan eskolak?
Lehena 1977ko maiatzean sortu zen Lambaol-Gwitalmez herrian, ikasleen guraso batzuena zen etxe partikular batean. Bigarrena Kemper herrian ireki zen 1977ko irailean, ni eskolatua izan nintzen tokian.
Eta zergatik? Zein egoerari erantzunez?
Eskoletan bretoiera falta zelako. Orain gutxi, bretoierazko eskolen 40 urteak ospatu berri ditugu.
Nola daude egituratuta Diwan eskolak?
Diwan eskolak 1901 legeko elkarte asoziatiboak dira. Eskola berri bat sortu nahi dugunean, laguntza-batzorde bat eratzen da eta honek eskola-irekieran lagungarri izango den dirua biltzeko hainbat ekintza antolatuko ditu. Ondoren, eskola berriak beharrezko diren lokalak eta behar beste ikasle matrikulatu dituenean, hari buruzko informazio-txosten bat igorriko dio Diwan eskoletako egoitzari. Egoitzan erabakiko da eskola ireki edo ez. Behin sortuta, dirua biltzeko xedearekin ikasleen gurasoak eta Diwanen laguntzaileak dira laguntza-batzordean eta Association d’Éducation Populaire delakoan ekitaldiak antolatuko dituztenak (jaiak, bazkariak…), eta eskola bakoitzak ikasle kopuruaren arabera, finantza-baliabideak aurkitu beharko ditu eta eskola sareari eman. Ikasleen gurasoak enplegatzaileak izango dira, hau da kontratazioak kudeatzen dituztenak, eta langileak garbiketa lanak egiten dituztenak, haurrak zaintzen dituztenak…
Eta Frantziako administrazioak…
Frantziako Hezkuntza Ministerioaren elkarte gisa azpikontrataturik gara, hots, Hezkuntza Ministerioaren programa jarraitzen dugu. Baditugu Hezkuntza Ministerioaren sarbide-proba gainditu duten irakasleak, Diwan eskoletarako proba espezifikoa dena. Eta beraz, administrazioak ordaintzen ditu haien soldatak. Hala ere, baditugu ere sarbide-proba gainditu gabeko irakasleak, eta beraz egoitza nagusiak ordainduko ditu haien soldatak. Diwan egoitza nagusia Brest eta Kemper arteko Landernen dago, eta bertan dira Diwaneko idazkariak, kontulariak eta zuzendaria, eta haiek arduratzen dira egoitzaren, eskolen, eta hauetan lan egiten duten administrazio-langileen, zerbitzuetako langileen eta sarbide-probarik gabeko irakasleen soldata eta karga finantzarioaz.
Laguntza-batzordeak dirua biltzen du, eta Diwan eskolak doakoak dira... Ba al dago beste diru-laguntzarik?
Bai, udal bakoitzaren arabera, laguntza batzuk ere badira: jangela zerbitzua, elikagai banaketa. Ez da laguntza hutsala. Eskola batzuetan, eskola aurretik eta ondoren haurtzaindegi zerbitzua udalak eskainia da. Tira, ez da bretoieraz izango, baina aurre egiteko gastu bat gutxiago da. Udaletik udalera laguntzak oso desberdinak izan daitezke.
Maiatzaren 20an hasita, 2.022 kilometro egingo dituzte Bretainian, Gwitreg herritik Gwened herriraino. Oarsoaldeako AEK-k antolatuta, ordezkaritza bat joango da hara atxikimendua ematera.
ELEN Europako hizkuntzen berdintasunerako sareak eta Kevre Breizh Bertainieraren aldeko erakundeen kontseiluak Etnozidioa: Frantziako Tabua izenburuko jardunaldia antolatu zuten pasa den martxoaren 19an, Bretainiako Gwened herrian. Bertan izan zen Haizpea Abrisketa... [+]
Bi urtez jarraian ez egitea “eutsiezina” zela iritzita, Ar Redadeg bretoieraren aldeko lasterketa kalera ateratzea erabaki dute, osasun neurri zorrotzak betez. Euskal Herriko Korrikan oinarritua, 2008an hasi zuten ekimena Bretainian.
Familia liburua bretoieraz eta frantsesez izatea lortu du bikote batek Nantes hirian.
Diwan lizeoetako 15 ikaslek erabaki zuten baxoaren matematika proba bretoieraz egitea, nota apalena ukateko arriskua harturik.
Maiatzaren 13an iritsi zen bere helmugara bosgarrenez bretainiar korrika. Kemperretik (Penn-ar-Bed) maiatzaren 4an aterata, 10 egunetan bete zituen bere 1.800 kilometroak. Aurtengo gaia: "Bretoieraren mila koloreak". Izan ere, denetariko formak hartzen ditu hizkuntza... [+]
Abian da Ar Redadeg bretoieraren aldeko Korrika. Maiatzaren 4an hasi zen Kemperretik eta hilaren 12an bukatuko da Plougernen, 1.800 kilometro egin ostean. Hemen lasterketak orain arte utzitako bideo eta argazkien bilduma.
Ar Redadeg bretoieraren aldeko Korrika maiatzaren 4an hasiko da Kemperretik eta hilaren 12an bukatuko da Plougernen, 1.800 kilometro egin ostean. 2008an sortu zen Bretainiako korrika; aurten, beraz, hamargarren urteurrena ospatuko dute.
Uda honetan Bretainian ibili ginen. Bereiziki, famatu bilakatzen ari den Notre-Dame-des-Landes-eko ZAD-an(1). Han, mundu osoko lagun anitz topatu ahal izan genituen. Gainera, proiektu zehatz batentzat Euskal Herriko hainbat jenderekin ZAD-an elkartu ginen : leku intergalaktiko... [+]