Mondragon Korporazioak hainbat urrats emanak ditu eta ematen ari da euskararen normalizazioak bidea egin dezan. Norabide berean lan egin nahi duten hainbat enpresak bisita egin dio haren esperientzia ezagutu nahian.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak martxan jarri duen egitasmoa da Euskaragiletu. Euskara plana hobetzeko edo sortzeko asmoa duten enpresei zuzendutakoa da. Euskararen normalizazioan aurreratuta doazenei Euskaragileak deitzen diete, dozena bat daude talde horretan, eta Kontseiluaren ustez, baliatu beharreko harrobia da, beste enpresa batzuentzat eredu bihurtu daitezkeelako eta haietatik ikasi daitekeelako.
Dagoeneko hiru bisita egin dituzte. “Ikasleak” ondoko enpresak izan dira: Fagor Automotion kooperatiba, OBE Hettich, Gorosabel Elektrizitatea, Eika kooperatiba, Mutualia, LagunAro eta Ekide Group. Azken bisitaldia azaroaren 6an egin dute Mondragon Korporazioko Mondragon Zerbitzu Zentralak kooperatibara. Aholkularitza zerbitzua izateko aukera eskaintzeaz gain, etxeko euskalduntze prozesua aurkeztu diete.
80ko hamarkadan egin zuen hausnarketa Mondragon Korporazioak. Bisitariei azaldu dienaren arabera, euskara maila informalean erabiltzen zen kooperatibetan, barne harremanetarako. Maila formalera eraman behar zela erabaki zuten. Horretarako euskal hiztunak behar zituzten, hortaz, euskaldunak formatzen hasi ziren, euskara eskolak ematen.
Antzerako pentsamendua dute Euskaragiletu programan parte hartu duten enpresetako kideek. Enpresan, harreman informaletarako euskara erabiltzen dute hainbatek, lanerako, aldiz, ez. Euskara erabiltzeko aukera bermatzeak berebiziko garrantzia duela azpimarratu dute, bai langileei bai gizarteari oro har: “Gure lana ondo egiteko, langileek gustura egon behar dute. Euskaldunei aukera eman behar zaie euskaraz lan egin ahal izateko”. Hori dela eta, euskara planak martxan jarri dituzte horietako batzuek, eta Euskaragiletu programan parte hartzea erabaki dute: “Esperientzia gehiago duten enpresen bizipenak gertutik ezagutzea interesgarria eta oso baliagarria da, euskara planaren bilakaera eta onurak ezagutzeko, eta laguntza eta aholkuak jasotzeko”.
Mondragon Korporazioko kideak berriagoak diren urratsak azaldu dizkie bisitariei. 2006an, euskara dekalogoa idatzi zuten, Euskara Normalizatzeko Oinarriak. Dekalogoaren helburu nagusia euskararen aukera bermatua izatea da, eta horretarako oinarri batzuk ezarri zituzten: euskara ikasteko aukera bermatu eta horretarako baliabideak eskaintzea, langileen artean euskararen ezagutza bultzatzea, kontratatzerako orduan euskararen ezagutza kontuan hartzea, eta irudian eta komunikazio arloan euskarak lehentasuna izatea, besteak beste.
Prozesu horretan, kontrako jarrera irekirik ez dutela jaso adierazi dute Mondragon Zerbitzu Zentralak kooperatibako kideek. Hortaz, alde horretatik behintzat, ez dute arazorik izan. Bisitaldian egon diren enpresetako ordezkariek, aldiz, hainbat zailtasun agertu dituzte.
Bisitan izandako ordezkari batek azaldu duenez, atzerako bidea egin dute enpresan. Harremanak euskaraz zituzten orain urte batzuk: “Gu txikiak ginen, denak euskaldunak, eta dena egiten genuen euskaraz”. Azken urteetan, aldiz, enpresa handitu eta euskaraz ez dakien jendea kontratatu dutela adierazi du. Horrek ondorioak izan ditu, noski, orain erdia ere ez baitute euskaraz egiten, “konturatu gara bide horretatik ez gabiltzala ondo, eta buelta eman behar diogula egoerari”. Orain, sarri, jende euskalduna eta beti euskaraz komunikatu dena gaztelaniaz aritzen da lanean. Horrela adierazi du Euskaragileak batzordeko kidea den Cikautxo enpresako langile batek: “Nik euskaraz egin izan dut dena beti, lanera heldu eta gaztelaniaz. Hori ez naiz ni. Euskalduntze prozesuak lagundu nau ni naizena izaten”.
Kontratazioak egiterako orduan gutxieneko ulermen maila ezarri dutela azaldu du beste ordezkari batek: “Gurean bi lerro ditugu, prestakuntza eta kontratazioa. Gure eremua eta errealitatea oso erdaldunak izan dira beti, beraz, ikasteko aukera eskaini behar dugu. Bestetik, langileak kontratatzeko ezinbestekotzat jo dugu langileok gutxieneko ulermen maila izatea”.
Harreman informaletarako euskara erabili arren, lanerako ez dute gauza bera egiten askok. Horren arrazoia, hainbatetan, hiztegia da. Horrela adierazi dute bisitaldiko bileran: “Gure enpresan hiztegi oso teknikoa erabiltzen dugu, informatika arlokoa, ekonomia arlokoa… hizkuntza oso berezia da. Hortaz, lexiko hori ikasi behar dugu, baita gure hornitzaileek ere, bestela ez gaituztelako ulertzen, eta horietako asko atzerrikoak dira. Kanpokoekin komunikatzeko ezin dugu euskara erabili”.
Hainbatek aipatu du lan munduan euskaraz aritzeko beharra ikusten duten arren, bezeroak izaten dituztela Euskal Herritik kanpo, eta kasu horietan bilerak, aktak eta harremanak beste hizkuntza batzuetan egiten dituztela. Beste hainbatek azaldu du, aldiz, Euskal Herritik kanpo etorritako langile asko ari direla euskara ikasten.
Euskaragiletu programaren bidez, zailtasunak eta esperientziak partekatu ahal dituzte enpresek. Horietako batzuek azaldutakoaren arabera, bisitak balio izan die ikusteko beste batzuen ibilbidea eta beraiena oso antzekoak direla, eta hainbat kezka berberak direla. Denek egin dute bat ideia batekin: enpresaren dinamika apurtzea da urratsik zailena.
Kasu askotan jendea oso euskalduna da, baina beren arteko harremanak ez. Horretarako, irizpideak, oinarriak, helburuak eta abar idatzita izatea oso garrantzitsua dela adierazi dute Mondragon Korporazioko kideek. Plan Estrategikoa egin dute orain gutxi beraiek. Bertan ezarri dituzte, esaterako, ondorengo erronkak: euskara normalizatzeko oinarriei eustea, erakunde kulturan euskara aztergai izan dadin sustatzea, euskara normalizazio egoerara heltzeko estrategiak lantzea, eta Mondragon Korporazioan lidergo eta irudi euskalduna zabaltzea.
Programan parte hartu duten enpresek esan dutenez, bisitak “oso baliagarriak izan dira aitzindariek jarraitutako urratsak ezagutzeko eta aurkitu dituzten zailtasunez kontziente izateko”. Orain, enpresa barruan adosturiko erronka eta xedeak lortu ahal izateko baliabideak eskaintzea behar-beharrezkoa dela aipatu dute. Eta, noski, inplikazioa eta gogoa ere funtsezkoak direla esan dute. Izan ere, “lan munduan euskaraz aritzeko ohitura falta handia dago, baina ohiturak aldatzeko daude”.
Azken hilabete hauetan hainbat institututan lan egitea egokitu zait eta, uneren batean edo bestean, ikasleekin lan merkatuak eskaintzen dituen aukerez hitz egin behar izan dut. Ikasleen tipologia askotarikoa da eta hiri berean asko aldatzen da auzo batetik aldamenekora,... [+]
EHUn Medikuntza euskaraz ikasteko plaza gehiago behar al diren galdetuta, hori EHUk erabaki behar duela erantzun zuen berriki Jaurlaritzak. Orain, ordea, datorren ikasturterako Medikuntzan 40 plaza gehiago eskaintzeko akordioa egin du Jaurlaritzak unibertsitate publikoarekin,... [+]
Getxoko Udalak udaltzainen hamar lanpostu berri sortzea adostu du EAJ, PSE-EE eta PP alderdiek hitzartutako aurrekontuaren barruan. Hamar lanpostuetatik euskararen B2 maila bostek soilik egiaztatu beharko dutela adierazi du Udalak.
Lan munduaren euskalduntzea euskararen normalizazio-prozesuaren erronka nagusietakoa dena diagnostiko partekatua da euskalgintzan eta eragile euskaltzaleon artean. Hamarkadatan belaunaldi berriak euskalduntzen egindako inbertsio guztia (hor ere egiteko asko geratzen dela ahaztu... [+]
Udaltzaina 1992tik ari da lanean euskararen eskakizuna zuen lanpostu batean, eta egonkortze prozesua eskatzen duen lehiaketan euskarak baldintza gisa jarraitzen zuen. Udaltzainak helegitea jarri dio derrigortasun horri eta epaileak arrazoi eman dio.
Bizkaiko Foru Aldundiko langileak egonkortzeko bi prozesu eten ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren menpeko administrazioarekiko auzien epaitegiak. Epaiak ez dira irmoak.
Salbuespenezko prozedurak abiatu dituzte bi zuzendari izendatzeko, eta ondorioz ez dute euskara mailarik egiaztatu beharko. LAB sindikatuak salatu du egoera, eta azaldu du azken hiru hamarkadetan udal langileak euskalduntzeko egindako “ahaleginak zapuztuko” direla.
EAEko Berritzeguneetan hurrengo ikasturtean lan egiteko deialdira aurkezten diren irakasleek aldaketa bat ikusiko dute beren lana ahoz defendatzeko jarraibideetan: aurreko deialdian “defentsa euskaraz egingo da” zioen lekuan, orain dio “defentsa ahal bada... [+]
Naziometroaren arabera herritarren %56k uste du arreta euskaraz jasotzeko aukera izatea eskubide bat izan beharko litzatekeela; eta %32,5ak uste du ezetz.
Osasunbidean dauden hizkuntza eskubide urraketez mintzatu da Joseba Otano Administrazioan Euskaraz taldeko kidea.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Uliazpi Fundazioan 34 zaintzaile plaza betetzeko oposizioetan euskara eskatzea zilegi zela eta ez zela diskriminatzailea ebatzi zuen iaz Donostiako epaitegiak. Orain ebazpen hori bertan behera utzi du EAEko Auzitegi Nagusiak, langile publiko hauei... [+]