Nohemí Esther Pérez Borjas hondurastarra giza eskubideen defendatzailea da. 1982an, AEBek Hego Ameriketan bultzatutako Segurtasun Nazionalerako Doktrinaren testuinguruan, bere neba Samuel desagerrarazi zuten. Anaia bilatzeko saiakerak oso gaztetatik bideratu zuen ekintzaile jardunera, eta egun arrisku egoeran da giza eskubideen defentsan borroka egiteagatik. Euskal Herrian izan da sei hilabetez, Giza Eskubideen Defendatzaileentzako Aldi Baterako Babeserako Euskal Programaren baitan.
CEAR Errefuxiatuei Laguntzeko Euskadiko Batzordeak Bilbon duen egoitzan egin dugu bilkura, luzez iraun duen hizketaldiari bide emanez. Ez da gutxiagorako, hondurastarrak ekintzaile modura 36 urteko bide luzea du atzean, eta sufrimendu haina esperantza biltzen duen motxila bete lepoan. Atzera begira jarri eta honaino ekarri duen ibilbidearen nondik norakoak azaldu ditu, Hondurasek bizi duen egoera politikoa ezagutzera emateko balioko duelakoan, premiazkoa deritzon egitekoa: “Hemen, Europan, jende askok ez daki Honduras existitzen denik ere. Are gutxiago zer bizitzen ari garen”.
Hamalau urte zituen Pérezek bere neba Samuel desagerrarazi zutenean. 1982a zen, eta Gerra Hotzaren testuinguruan AEBek Hego Ameriketako hainbat herrialdetako indar armatuak kutsu iraultzailea izan zezakeen oro gudukatzera bideratu zituzten, Segurtasun Nazionalerako Doktrina deiturikoaren bidez. Helburu horri jarraiki, talde paramilitarrek sistematikoki urratu zituzten giza eskubideak, tortura, hilketa eta desagerketa andana eraginez. Tartean harrapatu zuten hemeretzi urteko Samuel, giza eskubideen inguruan formatzera Kubara joan izanak jo-puntuan jarri baitzuen. “Kuba edo Nikaragua bezalako herrialdeetara joaten zena komunistatzat jotzen zen, subertsibotzat. Jendeak pentsatzeko eta beste ideologia bat izateko eskubiderik ez balu bezala”, azaldu du honen arrebak. Kubatik bueltan, Honduras eta Nikaragua arteko Guasauleko mugan autobusetik jaitsarazi zuten Samuel, Kuban ezagutu zituen beste lau hondurastar gazterekin batera. Bostak desagerrarazi zituzten.
"Erasoak, mehatxuak eta jazarpena pairatu behar izan ditut nire jardun politikoagatik, babes neurriak behar izateraino"
“Aita futbol partidu bat jarraitzen ari zela”, irratiko albistegiaren bidez izan zuten etxean Samuelen desagerpenaren berri, eta ordutik ez dute ezer gehiago jakin. Familiak galdutako kidea bilatzeari ekin zion, eta denborarekin ohartu ziren ez zirela senideren bat desagerturik zeukaten bakarrak. Egoera berberean zeuden pertsonak biltzen joan ziren, eta 1982ko azaroaren 30ean COFADEH (Hondurasen Atxilotu eta Desagertutakoen Familien Komitea) sortu zuten. Bertako partaide da ordutik Pérez, eta honen baitan bilakatu da giza eskubideen defendatzaile. “Politikoki trebatu naiz COFADEHn, baina besteak beste erasoak, mehatxuak eta jazarpena pairatu behar izan ditut nire jardun politikoagatik, babes neurriak behar izateraino”, azaldu du. 2009ko Estatu Kolpe militarra tarteko, Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak babes neurriak ezarri zizkion, eta arrisku egoera horrek bere horretan dirauenez, gurean izan da sei hilabetez.
Dio Pérezek herrialde eder batekin egiten duela amets, bere hitzetan “Samuelen eta desagertutako guztien ametsa” izan dena. Horregatik, etxera buelta egin eta “Honduras berrantolatzeko prozesura” batzeko gogoz dago, herrialdeak 2009ko estatu kolpeaz geroztik izandako bilakaera irauli asmoz. Urte hartako ekainaren 28an orduko presidente Manuel Zelaya bahitu eta atzerriratu zuten Honduraseko Indar Armatuek, eta Hondurasko Kongresuak Roberto Micheletti jarri zuen gobernuburu azaroko hauteskundeak arte. Herrialdea setio-egoeran murgildu zen aste batzuez, eta errepresioa biktimak eragiten hasi zen kolpearen aurka altxatzen zirenen artean. Azaroaren 29an, Alderdi Nazionaleko Profirio Lobo izendatu zuten gobernu-buru, kolpearen oinordekoen segidan lehen katebegia.
Zerabilen politika ezkertiarra gustuko ez zutelako, “estatu kolpea ematearekin bat, kolpearen aldeko agintariek Mel (horrela deitzen diote Zelayari herritarrek) arriskutsua zela esateari ekin zioten. Honduras Kuba edo Venezuela bezalako herrialde komunista bilakatzen ari zela, eta aipatu herrialdeekin harremana izateak jendearen jabetzak arriskuan jartzen zituela errepikatu zuten ase arte”. Jendeak ideia hori barruraino sartua zuela antzematen hasi zen Pérez, lagun artean ere zenbaitzuk berarekiko distantzia hartu zutela ohartuta. “Egoera inoiz baino txarragoa zela konturatu nintzen”, dio.
“Hemen, Europan, jende askok ez daki Honduras existitzen denik ere. Are gutxiago zer bizitzen ari garen”
Testuinguru horretan heldu zen 2013. urtea, eta hauteskundeak izan ziren ostera. “Hauteskunde iruzurtiak izan ziren, Estatu kolpetik hona eman diren guztiak bezala”, gogoratu du. Alderdi Nazionaleko Juan Orlando Hernández atera zen garaile, egun arte karguan mantendu dena. “Eskuin muturreko gizon honek Estatuko diru-kutxa garbitzeari ekin zion, segurtasun sozialetik lapurtu zuen, eta jendeak kuota ordaintzen jarraitzen duen arren inoiz ez dago medikamenturik. Hutsunea betetzeko, beraietako zenbait drogerien jabe direnez, irinezko pilulak fabrikatu zituzten, 3.000 hildako eraginez. Eta honen gainean ez dago ez ikerketa ez erantzulerik”, salatu du. “800 milioi lempira lapurtu zituzten beste kanpaina politiko bat ordaintzeko, lematzat ‘lau urte gehiago’ zeukana”, dio suminduta. Esan eta egin, 2017ko hauteskundeetan Hernández beste lau urtez agintean mantentzea lortu zuten.
Azken hauteskunde horiek izan zuten berezitasunik. Ordurako Diktaduraren kontrako Oposizioko Aliantza eratua zen, “eta jakina zen honek irabazteko guztiak zituela”. Baina bozketa egunaren amaieran, botoen kontaketa martxan eta Aliantza irabazten zihoala, itzalaldi informatikoa eman zen. “Momentuan jakin genuen zer gertatuko zen, biharamunean eskuinak irabazi zuela jakinarazi zuten”, azaldu du. Gertakaria hauteskunde-iruzurtzat jota, protestak eta istiluak sortu ziren kalean. Manifestarien kontrako errepresioak milatik gora atxilotu, ehunka zauritu eta 30etik gora hildako eragin zituen. “Ikaragarria berriz berdinera buelta egitea, esan daiteke errepresioa ohiko zerbait bilakatu dela Hondurasen”, atsekabetu da. Alabaina, jendea “esnatu” egin dela nabarmendu du: “Erratu egin ziren herria isilik geratuko zela pentsatzean”.
Azken hamarkadako testuinguru politikoak kriminalizazioa, desagerketak eta hilketak eguneroko ogi bilakatu ditu ostera ere Hondurasen. Herritar xumeek ez daukate erraz: “Honduras inpunitate, pobrezia eta indarkeria handiko herrialdea da. Armak erosteko dirua dago, baina ez osasun, hezkuntza eta elikadura bermatzeko. Guztia pribatizatu dute. Eskaintza onena egiten duenarentzat salgai jarri dituzte gure lurrak, transnazionalak nahieran dabiltza gurean. Hori gutxi ez, eta kargu publiko asko, kontseilariak tarteko, desagerketekin lotura duten norbanakoek betetzen dituzte”, azaldu du. Egoera hori izanik, ezinbestekoa deritzo giza eskubideen defentsan mantentzeari, nahiz eta etengabe kriminalizatzen dituzten.
“Ez dituzte giza eskubideen defendatzaileak errespetatzen, etsaitzat gaituzte. Eraildako 120 defendatzailetik gora ditugu, eta hainbatek erbestera jo behar izan dute. Zenbaitek, baina, ez dute atzerrira joan nahi erresistentzian jarraitu ahal izateko. Edozer gerta ere, beraien herrialdean borrokan jarraitzearen aldekoak dira”. Berta Cáceres jarri du adibidetzat, 2016an eraildako ekintzaile ekologista eta giza eskubideen defendatzailea. “Berta Cáceresek hitzaldi bat ematen zuenero, hil egingo zutela ohartarazten zuen”, azpimarratu du.
"Ez dituzte giza eskubideen defendatzaileak errespetatzen, etsaitzat gaituzte. Eraildako 120 defendatzailetik gora ditugu, eta hainbatek erbestera jo behar izan dute"
Bere zaurgarritasun egoeragatik babes programak Euskal Herrira ekarri duen arren, jatorrira begira mantendu da Pérez, borrokaren lehen lerrora noiz itzuliko zain: “Luze iraun dezakeen arren, borroka mantendu behar dugu”. Erresistentzia jardun horretan oroimen historikoa sustatzeari ezinbestekoa deritzo: Oroimenaren Ibilbidearen sortzaileetako bat izateaz gain, hilabeteko lehen ostiralero Tegucigalpan egiten den egia eta justiziaren aldeko elkarretaratzearen koordinatzailea da 1982tik. Denborarekin, izatez Plaza de la Merced deiturikoari Desargetuen Plaza izena eman diote, gaur gaurkoz jende askok bigarren izen hau darabilelarik. “Jendeari ulertarazi diogu plaza horretan gure desagertuak erresistentzian mantentzen direla, egiazko justizia eske”, dio harro. “Historiak jaso ditzan, Hondurasen eman diren giza eskubideen kontrako krimenak jakitera ematea”, horixe du borrokarako erregai iturri.
Elkar agurtu aurretik esperantza galtzen azkena dela gogorarazi nahi izan du: “Semea galdu zuen nire amari negar malkoak agortu zitzaizkion, eta neure buruari galdetzen diot ea noiz agortuko zaizkidan niri. Edonola ere, nire esperantza ez da agortuko. Azken momentura arte borrokan jarraituko dut. Bizi dudan eta bizitzen ari naizen txar oro alde batera, sinetsi iezadazu ez naizela ahuldurik ikusten”.
Hizketaldian zehar sarri mintzatu da migratzaileez Pérez. Bere arabera, Hondurasek bizi duen egoerari mozorroa kentzen ari da migrazioaren afera. AEBetara abiatutako migratzaileen karabanak “Hernándezen diktadura ez ezik, gobernuak inperialistengandik jasotzen duen babesa” ere agerian utzi duela dio. “Migratzaileen abiada gelditu ezean laguntza ekonomikoa kentzearekin mehatxu egin diote gringoek Hernándezen gobernuari”, azaldu du. Trumpen mehatxuen aurrean, “Honduras da Iparra” lema darabilte orain.
“Ezin daiteke esan migratzaile horietako gehiengoak kontzientzia politikoa zuenik, haiek indarkeria eta goseagatik egiten dute ihes. Baina bidean jabetu dira gure herrialdearen egoera negargarriaz, AEBen eta agintarien politika kaltegarriez”, dio.
Nebaren bila ekindako bideak familia ahuldu zuela dio Pérezek. Esan daiteke, hein handi batean, COFADEH bilakatu zela beronen bigarren etxe. Hastapenetatik gaur arte, barrutik bizi izan du komiteak egindako ibilbidea. Estatu terrorismoaren kontrako borroka ardatz, komiteak aurrera eramandako zenbait eginkizun esanguratsu zerrendatu ditu.
90eko hamarkadan deshobiratze lanei ekin zieten, hainbat kasutan gorpuak identifikatzea lortuz. 80ko hamarkadan desagertutakoen kontaketa ere egin dute, 184 pertsona erregistratzera helduaz. Alabaina, komiteak zifra altuagoa dela uste du: “Hori zerrenda ofizialak jasotzen duen datua da, baina komitean kasu gehiago eman zirelakoan gaude. Familia askok, beraien senideari gertatutakoa errepikatzearen beldurrez, salaketarik jarri ez dutela uste dugu”. Horrez gain, giza eskubideen alorrean formakuntzak ere ematen dituzte, agintearen jo-puntuan jartzen dituen eginkizuna: “Formakuntzarena ez dute gustuko, beren eskubideak exijitzen ez dituen herri ezjakina nahi dutelako”.
COFADEHren jardunak aginteari eragiten dion deserosotasunaren ondorioz, etengabe beraien kontrako kanpainak jasan behar izaten dituztela dio. Alabaina, nazioartean ere babesa daukatela azaldu du: “Desagertuen eta Atxilotuen Elkarteen Latinoamerikako Federazioko kide gara, eta babes sareak sortu ditugu”.
Presoen arteko liskar batek eragin ditu hilketak, polizia iturrien arabera. Azken urteetan Honduraseko espetxe batean gertatu den ezbehar handienetarikoa da.
Oqueli Domínguez erail zuten ekainaren 15eko goizean, bere amaren etxean. Urtarrilan erail zuten Ali Domínguezen eta Tocoako Ondasun Komun eta Publikoen Defentasarko batzordeko Reynaldo Domínguezen anaia zen.
Dabeylyn Juares (Alianza, Honduras, 1992) aktibista eta gizarte integratzailea da La Violetan, Bartzelonako ASSIS harrera zentroak kudeatzen duen inklusio bizitegi-zentroan. 2015ean Bartzelonara migratu zuen eta orduz geroztik zaintzari lotutako lanak egin ditu, ikasketekin... [+]
Berta Cáceres ekintzaile ekologista hil zutenetik sei urte bete direnean, Roberto David Castillo Mejía, Desa enpresa hidroelektrikako lehendakari exekutibo zena, 22 urteko espetxealdira kondenatu dute Hondurasen. Enpresa hori presak eraikitzen ari zen Lenca... [+]
Roberto David Castillo Mejía jo du auzitegiak Berta Cáceres ekintzaile lencarraren hilketaren arduradunetakotzat. Castillo lehendakari exekutiboa zen Desa enpresan eta berau Lenca herriarentzat sakratua den Gualcarque ibaian presak eraikitzen ari zen: eraikuntza... [+]
2016ko martxoaren 2an Berta Cáceres ekintzaile ekologista eta giza eskubideen defendatzailea erail zuten, goizaldean bere etxera sartu eta tiro eginda. Agua Zarca proiektu hidroelektrikoaren aurka ari zen borrokan: jatorrizko herrien lekualdatzea eta uraren pribatizazioa... [+]
Hondurasen debekatuta dago haurdunaldia etetea, kasu guztietan: bortxaketa, fetuaren malformazio larria edo haurdun dagoen emakumearen bizitza arriskuan egotea ere. Ostegunean Hondurasko Kongresu Nazionalak Konstituzioaren erreforma onartu du abortuaren debekua are gehiago... [+]
Etorkizun beltza iragarriko lioke askok Erdialdeko Amerikako herrialde txikienari. Azken ehun urtean apenas ezagutu dute bakerik El Salvadorren, armak hartu eta azala tatuatzea da gazte askoren irtenbide bakarra. Bide horrek, ordea, kartzelara edo lurrera bueltan eramaten du... [+]
Pew Centerreko datuen arabera, Hondurasko biztanleen %88k uste du homosexualitatea, eta beste edozein sexu-aniztasun, jokabide immorala dela. Iritzi hori argi eta garbi islatzen da legerian, diskurtso politikoetan eta elizetan entzuten diren sermoietan.
Getty Images AEBetako erraldoiarentzat lan egiten duen John Moore argazkilariak irabazi du 2019ko World Press Photo-ren lehen saria. AEBen eta Mexikoren arteko mugan egindako argazkia aukeratu du epai mahaiak 4.738 argazkilarik lehiaketara bidalitako 78.801 irudien artean.