“Etsitzen ez dut ikasi”

  • Gozo bezain gordin mintzo da bizitzaz. Zorrotza du begirada eta beltza umorea. Suitzan, “arazorik gabeko” estatu normalizatu kapitalistan ere, kartzelak beteta daudela oroitarazten digu. Kartzela barrutik presoen eskubideen alde egin zuen indar, eta kaletik Free Nekane kanpaina sortuz erantzun zioten. Gaur, Suitzan, Nekane Txapartegi kartzelaren eta torturaren aurkako borrokaren, feminismoaren eta preso politikoen ikur da. Eta misio hau darama motxilan, 1999an torturatu zutenetik: Espainiako Estatuaren tortura sistematikoa Europaren bihotzean salatzea eta borrokatzea.


2019ko urtarrilaren 14an

Zure izena errepresio tresna gordinenei lotuta agertzen da: tortura, kartzela, erbestea, estradizio eskaera... Horren guztiaren aurreko Nekanek zer arma zituen bizitzarako, gero bizi izango zuenerako?

Txikitatik izan nintzen oso kontziente, bizi nituen zapalkuntza anitzez: identitate, klase, emakume gisa... Adibidez, opariak eskatzerakoan ez nuen panpinarik nahi. Gustatzen zitzaizkidan, baina neska izateagatik ez nuen rol hori bete nahi. “Mutilak bezala izan nahi dut” zen nire jarrera. Ikastolan ez zitzaidan batere gustatzen aukeratu beharra: “edo mutilekin jolastu edo neskekin”. Gauza horiek amorru handia eman izan didate beti.

Frontoira joan eta handiek esaten zigutenean “alde hemendik, txikiak zarete!” nire jarrera zen “ez, hori ez dut onartzen”. Ez dakit berezkoa ez ote dudan esatea “ez, ez naiz utziko zapaltzen, niri inork ez dit esango nola bizi eta nola pentsatu behar dudan”. Gure amak esaten du hori txiki txikitatik zetorkidala.

"Gure amaren aita kalean utzitako umea zen. Iruñean aurkitu zuten, eta ez zioten utzi familia berriaren abizena hartzen eta elurretan bilatu zutelako, Nieve abizena jarri zioten. Nire abizena Nekane Txapartegi Nieve da. Beraz, batzuentzat espainolizatu beharreko euskalduna nintzen, Maria Dolores, eta PNV-rentzat berriz ez guztiz euskalduna"

Nire izena Nekane da, baina paperean Maria Dolores ikusten nuenean, amorratuta galdetzen nion amari: “Zergatik?”. “Faxistek ez zutelako uzten...”. “Baina nik aldatu nahi dut!” borroka etengabea zen. Egunerokoan oldartzea, hori zen nire jarrera naturala, ez isiltzea, nik nola sentitzen nuen esatea.

EAJren nazionalismoak ere zapaltzen ninduen, zortzi abizen behar ziren euskaldunak eta nik ez nituen. Gure amaren aita kalean utzitako umea zen. Iruñean aurkitu zuten, eta ez zioten utzi familia berriaren abizena hartzen eta elurretan bilatu zutelako, Nieve abizena jarri zioten. Nire abizena Nekane Txapartegi Nieve da. Beraz, batzuentzat espainolizatu beharreko euskalduna nintzen, Maria Dolores, eta PNV-rentzat berriz ez guztiz euskalduna.

Billabonako ikastolan klase zapalkuntza oso nabarmen bizi nuen eta amorru handia ematen zidan. Gure etxean aitak egiten zuen lan lantegian, ama etxeko andrea zen. Beti zegoen desberdintasun hori, aita bankuko langilea zuenen bat bazegoen gu baino gehiago zela usteko zuen.

Zapalkuntza guztiak continuum bat ziren, oso barrutik bizi nituen eta haserrarazten ninduten. Ikastolan, 8. mailan, lehenbiziko protestak egin genituen, gu baino zahartxoagoak zirenak atxilotu zituztelako. Bi aukera zeuden: onartu eta belauniko bizi edo borrokatu. Garbi nuen borrokatu egingo nuela.

 


PIPI LANGSTRUMPH ETA DOLORES IBARRURI

“Ikastolan azaldu ziguten behin Dolores Ibarruri nor zen,  eta niretzako begiak zabaltzea izan zen: garai horretan emakume bezala herriari hitz egiten... Hauxe pentsatu nuen: 'nik horrelakoa izan nahi dut baina euskaraz'.  Pipi Langstrumph eta Dolores Ibarruri ziren nire idoloak, biak ala biak indartsuak!

 


MARKATU NINDUEN LEHEN PASARTEA

“Joxe Arregiren hilketaren aurkako manifestazioa izan zen, 1981ean. Zortzi urte nituen. Ez nekien ezer torturari buruz baina nabaritzen nuen zer beldur zeukaten gure gurasoek, jendearentzako onartezina zen zerbait gertatu zela. Gurasoekin manifestazioan joan ginen, eta irudiak ditut buruan, Teodosioeneko paretik pasatzean (Zizurkilen) txakurrak, grisak, nola etorri ziren. Eta zer izu zabaldu zen. ‘Horiek dira txarrak, hemen gu zapaltzen eta beldurtzen ari direnak’ pentsatu nuen”.


 

Asteasuko zinegotzi aukeratu zintuzten 1995eko eta 1999ko hauteskundeetan. Zinegotzi zinen garaian borroka armatuaren eztabaida bero-bero zegoen.

HBko zinegotzi nintzen, 19 urterekin, eta tentsio handiko plenoak izaten ziren, oso gogorrak. Hildako bat zegoen bakoitzean “zuek zarete erantzuleak!” esaten ziguten, hatzaz seinalatuta. Egoera horretan joan behar izaten genuen presoen eskubideak errespetatzeko eskatzera.  Nik gazte eta emakume bezala gure eskaera eta ikuspegia ekarri nahi nituen udaletxera, herriko mugimenduetatik instituzioetara. Baina ez zen erraza kazikismoan funtzionatzen zutenei nazio eraikuntza, gazteen aurkako errepresioaz edo feminismoaz hitz egitea...

Espetxean nengoela berriro beste legealdi baterako hautatua izan nintzen. Gero ilegalizazioa ezarri zuten eta horrekin apartheid politikoa etorri zen, erakundeak galtzeak zer ekarriko zuen... erakunde publikoetan presente egotea lehenetsi zen eta dena baldintzatu zen legalitate horretara. Nik ezin izan nuen gehiago aurkeztu zerrendatan eta herri mugimenduetan jarraitu nuen beti bezala, lan instituzionala ez zen nire eremua.

"Komisari horretan egon nintzenetik motxila bat dakart, batzuetan beteago eta bestetan hutsago. Horrekin bizitzen ikasi dut, hori kudeatzen saiatu naiz. Baina nire zerbait komisari horretan geratu zen"

1999an atxilotu eta torturatu zintuzten. Zure bizitzan zer izan zen?

Hor beste bizitza bat hasi zen. Oraindik ez da fase hori bukatu. Komisari horretan egon nintzenetik motxila bat dakart, batzuetan beteago eta bestetan hutsago. Horrekin bizitzen ikasi dut, hori kudeatzen saiatu naiz. Baina nire zerbait komisari horretan geratu zen.

Zer da komisarian geratu zena?

"Nire burua eta gorputza une batean banandu egin ziren komisarian. Hain zen gogorra gertatzen ari zena, buruak alde egin zuen eta kanpotik ikusten zuen nola ari zitzaizkion neska gazte hari"

Nirea zen zerbait kendu zidaten, hain-hain barrukoa... nire zati oso intimo bat. Geroztik hori berreskuratzeko borroka bizi dut. Ikasi dut hori gertatu ez balitz bezala, beste pertsona bati gertatu balitzaio bezala bizitzen. Baina batzuetan konturatzen naiz “ez, ez, pertsona hori zu zara”.

Izan ere, nire burua eta gorputza une batean banandu egin ziren komisarian. Hain zen gogorra gertatzen ari zena, buruak alde egin zuen eta kanpotik ikusten zuen nola ari zitzaizkion neska gazte hari. Babesteko estrategia da. “Neska gaixoa!” esaten nuen, konturatu arte, neska hori ni nintzela eta orduan txikitzen nintzen.

Gertatutakoa barneratzeko lana gero egin behar izan nuen, eta oraindik ere egiten dut. Errelatoa kontatzerakoan, beste norbaiti gertatu balitzaio bezala kontatzen saiatu behar naiz, bestela ezin dudalako kontatu.

Niretzako aitorpena beharrezkoa da bizipen hori ixteko. Aitorpenak eramango nau nire zati hori hartzera, niregan integratu, itxi eta aurrera egitera.

Azaldu politikoki, egin zizuten tortura.

Estatu espainolak, eta beste estatu errepresibo guztiek, tortura arma politiko gisa erabiltzen dute disidentzia politikoa eta ideiak zigortzeko, eta gure inguruan izua sortzeko. Hori da mezua: “Borrokatzen duenari hau gertatzen zaio”. Komisarian garbi esaten zidaten, euren nahia gure ideiak eta borroka ukatzea da, anulatzea, damutzea...

"Nire kasuan zigor gogorrena emakume izateagatik izan zen"

Nire kasuan zigor gogorrena emakume izateagatik izan zen, beren mentalitate matxistan ez zelako sartzen borrokatzea nik erabaki nuenik. Beraien arabera norbaiten neskalaguna edo komandoko puta izan beharra neukan. Nik borrokatzea aukeratu nuelako, beren patriarkatuaren rolak bete ez nituelako ere, zigortu egin behar ninduten. Nire gorputza guda zelai gisa erabili zuten, txikitu nintzen arte. Emakumeen aurkako errepresio politikoak aurpegi sexista du. Hori ikusi eta jasan dut komisariatik hasi eta espetxeraino.

Tortura jasandakoan, zer erabaki hartu zenituen?

"Nik komisarian erabakia nuen handik bizirik ateratzea"

Nik komisarian erabakia nuen handik bizirik ateratzea. Torturatzaileek behin baino gehiagotan esan zidaten: “Badakizu nor zen Gurutze Iantzi? Hemen hil zen, Tres Cantosen”. Zenbat eta egur gehiago eman, oldartu egiten nintzen. Eta ni zenbat eta gehiago oldartu, orduan eta gogorrago zen tortura.

Uneren batean pipa bat eman izan balidate, agian nire buruari tiro joko nion, sufrimendu harekin bukatzeagatik. Madrilgo komisariara bidean exekuzio simulazioa egin zidaten, eta torturatu bitartean, behin baino gehiagotan pentsatu nuen exekuzioa benetan gertatu balitz nahiago nuela, hori guztia ekiditeko. Baina gero pentsatu nuen: “Ez. Ez, eta segi. Nire familiari ezin diot hau egin. Nik ezin dut hemen gelditu. Atera behar dun, neska”.

Txiki txiki eginda, kartzelara. Nola osatu?

Soto del Realen ez nuen laguntza psikologikorik eduki. Ez zidaten konfiantzazko psikologorik edukitzen utzi eta hori ez dago kartzela espainol bateko psikologoarekin lantzerik.

"Espetxean nengoela, salaketa idatzia egin nuen. Ez niregatik bakarrik, Iantzigatik, eta ezin izan zuten guztiengatik"

Bederatzi hilabete egon nintzen bertan. Espetxean nengoela, salaketa idatzia egin nuen. Ez niregatik bakarrik, Iantzigatik, eta ezin izan zuten guztiengatik. Obligazio bat zen. Eta ikusi nuen nire terapia salatzea zela. Baina hilabete batzuk behar izan nituen horretarako, lehenik nik barneratu behar nuelako egin zidatena. Hasieran kosta egin zitzaidan bizitu nuen horri hitzak jartzea ere. “Bortxaketa” hitza esatea lortu arte prozesu bat izan zen. Eta nire burua babestu behar nuen, errelatoa egiten nuen bakoitzean dena biziberritzen bainuen.

Beste batzuek ere gauza bera bizi izan zutela jabetzeak asko lagundu zidan. Torturatua izan zen beste preso politiko batekin egin nuen topo espetxean. Berak kontatzen zizkidan bizipenak nahiko antzekoak ziren. Adibidez, erruduntasuna, zure buruaren edo zure lagunen aurka hitz egin duzulako. Gauetan antsietatea etortzen zitzaidan eta pentsatzen nuen “agian nire izena ere norbaitek esan du”. Nire buruari barkatzen ikasi nuen: “Ezin nuen, eta kito. Egoera horretan zer egin nezakeen?”. Bortxaketarekin ere berdin, “joder, ezin izan dut gelditu!” erruduntasuna hor zegoen. Gero pentsatzen nuen: “Ezin zen”. Besteek ere antzerako sentimenduak zituztela ikustea ona izan zen ikasteko.

Atera nintzenean Torturaren Aurkako Taldearekin harremanetan jarri nintzen. Terapia eskaini zidaten eta esan nien nire terapia salatzea zela, horren beharra sentitzen nuela. Salaketa publiko egiten hasi nintzen, eta egiten nuen bakoitzean maila bat igotzea zen: “Kapaz izan naiz esateko, ez niregatik bakarrik, beste guztiengatik ere bai”. Norbait atxilotzen zuten bakoitzean, zerbait egiteko beharra sentitzen nuen. “Orain ariko da pasatzen nik pasa dudana” berritzen zitzaidan, “eta ni zer? isilik geratuko naiz, ezer egin gabe?”. Horregatik egin nuen lan TATen, torturaren aurkako nire terapia borrokatzen jarraitzea izan zen, eta oraindik ere hala da. Ozen esatea zer ari den gertatzen, baina horrekin batera zerbait egitea. Beharrezkoa dut.

Torturaren aurkako borrokan zer garaipen bizi izan dituzu?

Torturatu nindutenean gaztea nintzen, amatasuna urruti ikusten nuen, baina niretzat gogorrena mezu hori zen: “Bortxatuko zaitugu, dena egingo dizugu, ama ez izateko, ez dizugu utziko zu bezalako beste putakume bat egin dezazun...”. Ateratakoan, nire buruari galdetzen nion: “Gai izango ote naiz?”. Haurdun geratu nintzenean garaipen bat sentitu nuen, maila handi bat igo nuela: “Ahal izan dut”.

"Audientzia Nazionalean, torturaren aparatuaren bihotzean, altxa eta zer gertatu zitzaidan esatea, torturatzaileei begietara begiratzea... gogorra izan zen, baina ez nintzen komisarian bezain txiki sentitu"

Beste garaipena, Audientzia Nazionalean torturak salatu nituenean sentitu nuen. Tortura babesten duen epaitegian, torturaren aparatuaren bihotzean, altxa eta zer gertatu zitzaidan esatea, torturatzaileei begietara begiratzea... gogorra izan zen, baina ez nintzen komisarian bezain txiki sentitu. “Tortura bizi izan dut eta hemen nago, gai naiz zuei begiratzeko”. Horrek indarra ematen du salaketekin-eta jarraitzeko. Nahiz eta jakin bidea itxiko digutela... segi. Etsitzen ez dut ikasi.

1999an torturatu ninduten, eta lehenengo aldiz orduan, 2006ean kontatu ahal izan nuen egin zidatena, 18/98 makro-epaiketaren barruan. Ordura arte epaitegi guztietan idatziz geratzen zen nire testigantza eta ez zen aurrera joaten. Eskandalu hutsa izango litzateke emakume bat bortxatu eta handik sei urtera arte epaileak  hitz egiteko aukerarik ez ematea. Baina badakigu tortura gordetzeko estatuaren estrategia dela.  Eta hala ere aukera hori neukan, beste askok ez dute eduki. Egin behar nuela sentitzen nuen, ez niregatik bakarrik, ni bezala torturatuak izan diren emakume guztiengatik baizik.

Auzitegi Nazionalean deklarazioa egiteak gerora aterik zabaldu dizu?

Uste dut baietz, ateak ireki dituela. Suitzan Free Nekane kanpainarekin hasi zirenean, bideo hori ikusteak jendeari begiak zabaltzen zizkion. Alde batetik errelatoa sinetsi eta bestetik nire jarrerak, publikoki salaketa egiteak torturaren aurkako borroka luze eta gogorra erakutsi baitzien.

1999 esan nuen lehenengo aldiz publikoki komisarian bortxatua izan nintzela eta berriro Audientzia Nazionalean kontatu eta salatu nuen. Lehenengoetako torturatua izan nintzen tortura sexuala salatzen. Garai horretan hasi ziren tortura sexuala azalarazten. Nik neuk eta torturatuok orohar, baita ezkerrak eta gizarteak ere ez geneukan tortura sexualen irakurketa eta lanketa. Baina oraingoan bai, Free Nekane kanpainan tortura sexista erdigunean jarri genuen.

18/98ko bideoan nire errelatoa soilik agertzen da, torturatu izaera bakarrik baina bukaeran mezu hau ematea nahiko nuke: “Hau egin zidaten, baina hemen nago. Ideiak ez dizkidate kendu eta borrokan jarraitzen dut”.

Orduan ez nintzen oso kontziente; orain ikusita bai, kristorena izan zen.

Epaia ateratzerako erabaki zenuen ihes egitea. Zergatik?

"Aske izateko jaio nintzela sentitzen dut"

Banekielako erabakia jada hartua zegoela eta ez dudalako faxisten oinordeko den tribunalak jarritako epai politiko bat onartuko, eta bestetik, nire epaia torturapean nik nire buruaren aurka egindako salaketan bakarrik oinarritzen delako. Atxilotzen uztea, tortura eta Audientzia Nazionala onartzea eta legitimatzea litzateke.

Aske izateko jaio nintzela sentitzen dut. “Ama izan behar badut askatasunean izan dadila” ere pentsatzen nuen. Eta horrela izan zen.

Klandestinitatean/Ilegalitatean, nola eragiten du emakume eta ama izateak?

Asko. Normalki gizonak izaten dira klandestinitatean daudenak, eta askotan emakume bat izaten dute alboan, zaintza lanak edo haurraren legalitatea egiteko. Eguneroko bizitzaren ardura osoa, normalki, emakumearengan erortzen da. Nire kasuan, ni naiz klandestinitatean nagoena eta ama bakarra naiz, bikoterik gabe. Beraz, dena nire gain gelditzen da.

Nire esku dago beste bizitza bat, eta bere beharrak asetzea da nire helburua. Saiatu naiz beldurrik gabe eta gorrotorik gabe, nire alabari ahal den normaltasun handiena ematen eta gure bizitza berezia ipuin moduan azaltzen. Gure bizitza desberdina dela, piraten bizitza dela esan diot beti. Horrela jokatu dut, bihotzaren eta buruaren arteko orekan. Saiatu naiz indartsu egoten, berari egonkortasuna emateko.

"Klandestinitatean egonda ama izateak arriskua dakar. Umearekin ezin dut etxean gordeta egon, ume horrek eskolara joan behar du, sendagileak ... hori zen gakoa, arrisku eta beldur horiek nola kudeatu, umearen beharrak asetzeko"

Klandestinitatean egonda ama izateak arriskua dakar. Umeak behar batzuk ditu, eta horiei erantzuteko publiko egon behar du amak. Umearekin ezin dut etxean gordeta egon, ume horrek eskolara joan behar du, sendagileak ... hori zen gakoa, arrisku eta beldur horiek nola kudeatu, umearen beharrak asetzeko. Ezin nituen nire identitatea, nondik nentorren eta nola pentsatzen nuen azaldu. Baina saiatu naiz ahalik era naturalenean egiten, alabari ez beldurrik transmititzen eta beldurrak eta izuak kontrolatzen. Halere, berak dena nabaritzen zuen. Ez zuen hitzik behar nire gorputzaren tentsioa sentitzeko. Horrelakoetan zuzenean begietara begiratu eta "zer gertatzen da?" galdetzen zidan...

Zergatik Suitza?

Europako herrialde bat hautatzea zen errazena, bidaiatzeko. Entzuna nuen Suitzan haurren eskubideak bermatuak zeudela, eta umearen beharrak ahalik ondoen aseko nituen herrialdea bilatzen nuen.

 


BOSGARREN HIZKUNTZA, BELARRIZ IKASIA

“Gure herrian dugun historia eta kontzientziarekin, ezin nuen beste herrialde batera joan eta nire hizkuntzarekin bakarrik gelditu edo gainera inposatu. Suitzan hiru aukera nituen: euskaldun komunitate oso txikia, latinoamerikar/espainiar komunitatea edo hemengotzea. Azkenekoa aukeratu nuen, izan ere arriskutsua izateaz gain (ezagutzeko…) nire ideietatik oso urrun zegoen jendea zegoelako askotan. Horrela, umearekin parkera joaten nintzen eta ingelesez moldatzen naiz, frantsesez ere bai, baina nekizkien alemanezko bi hitzekin ekin eta ekin egiten nuen, belarriz ikasi nuen arte. Ezin nuen hizkuntza eskolara joan, batetik izena emateak arriskua zekarrelako eta bestetik, haurraren zaintzarako aukerik ez neukalako”.


 

Kanpotik bada Suitzaren irudi hori, Giza Eskubideen bermatzaile dela... Espainiako estradizio eskaerari erantzunez Suitzak atxilotu zintuenean bizitutakoekin, irudi hori aldatu zaizu?

Bai, asko. Teoria da bat eta praxia bestea. Ikusi dugu Europar Batasuna edo konstruktu hori babesteko, estatuek elkar babesten dutela. Hori da estatuen jokabidea: “Zu ez sartu nire subiranotasunean, ni ez naiz zurean sartuko, bakoitzak nahi duguna egiten dugu eta demokraziaz mozorrotzen dugu”. Atxilotu nindutenean, errealitate horrekin egin nuen topo.

"Ni torturatua izan nintzela onartu izan balu Suitzak, esaten ariko zen Europaren barruan estatu torturatzaile bat dagoela, beraz, txiringito horri ematen dioten demokrazia irudia hautsi egingo litzateke"

Nahiz eta guk elementu pila eduki torturatua izan nintzela eta Espainiako Estatuaren epaia guztiz politikoa zela frogatzeko... Suitzako Gobernua dena ukatzen saiatzen zen: “Estatu lagun bat da, eta estatu lagun batek norbait emateko eskatzen badigu...” eta azken esaldia beti zen: “Ondoren, atxilotuak nahi badu nazioarteko instantzietan salaketa jarri dezake”. Berdin-berdin zitzaien Giza Eskubideak zapaltzea, horrela estatu lagun bat eta beraien interes ekonomiko eta politikoak babesteko. Nahiz eta Suitzak Torturaren Aurkako Konbentzioa sinatuta eduki, garrantzitsuagoa zen beraien arteko interesak zaintzea, horretarako torturatzaileak babestuz.

Ni torturatua izan nintzela onartu izan balu Suitzak, esaten ariko zen Europaren barruan estatu torturatzaile bat dagoela, beraz, txiringito horri ematen dioten demokrazia irudia hautsi egingo litzateke. Bruselako parlamentura joan ginenean bizi izan nuen dagoeneko hori. Parlamentari askok esaten ziguten: “Badakigu torturatzen dela, baina ezin dugu esan, bestela hau erori egiten da”. Prest daude giza eskubideak urratzen uzteko, eraikuntza horrek funtzionatu dezan.

"Kaleko presioarekin eta gerora epaitegi internazionaletatik etorri zitekeenarekin suitzarrek estatu espainiarra konponbide bat bilatzera bultzatu zuten"

Baina ez zuten espero Suitzan halako elkartasuna sortuko zenik, eta horrek larri jarri zituen, espainolek egindako zerbait tapatzeagatik beraiek edo beraien irudia ari baitziren arriskuan jartzen. Suitzako gizarte zibila torturatuaren alboan posizionatu zen, niri sinisten zidaten. Komunikabideak ere bai, giza eskubideen aldeko elkarte guztiak ere bai... eta Suitzako Gobernua estatu torturatzailearen alboan geratzen ari zen, bakarrik. Bere burua neutraltzat duen herrialde batentzat ez zen irudi ederra eta gobernuko talde sozialdemokratarentzat ere ez. Gure ustez, estatu espainiarrak estradizio eskaera bertan behera uztea, egoera horren ondorioz etorri zen. Kaleko presioarekin eta gerora epaitegi internazionaletatik etorri zitekeenarekin suitzarrek estatu espainiarra konponbide bat bilatzera bultzatu zuten.

Zer suposatu zuen bigarren atxiloketak?

Suitzan atxilotzeak torturaren birtraumatizazioa ekarri zidan. Zauri guztiak ireki zitzaizkidan, eta oraingoan alaba kendu izanarekin uztartzen zen. Lehen egunetan, kasernan inkomunikatuta eduki nindutenean, nire alaba erabiltzen zuten ni psikologikoki torturatzeko. Adibidez, DNA hartu nahi zidaten eta ukatu egin nintzen. Ez banuen kolaboratzen alaba umezurztegira eramango zutela esaten zidaten. Biluztu egin nahi ninduten eta ezetz esan nien, emakume torturatua nintzela, bortxatua eta hori niretzako trauma bat zela. Eta gauza bera erantzun zidaten, ez banuen nire borondatez egiten indarrean egin beharko zutela eta alaba kenduko zidatela... egoera horretan sartu ninduten kartzelara, guztiz birtraumatizatuta.

Jarri zizkidaten espetxe baldintzak Estatu espainiarreko lehenengo gradukoak bezalakoak ziren: 23 ordu ziegan, bakarrik. Txikituta nengoen berriro. Espetxea Zurich erdi-erdian zegoen eta espetxe prebentiboa da. Oso kritikatua da espetxe prebentiboaren erregimena, ez dagoelako errugabetasun presuntziorik, kondenatuak baino gogorrago zigortzen zaituzte hasieratik. Helburua presoa txikitzea da, fiskalak egotzitako delitua onar dezan. Hori da preso sozialekin erabiltzen duten estrategia. Ni preso politikoa nintzenez, baldintza gogor horietara eraman ninduten, berriro ere nire ideiak zigortu asmoz.  Espetxealdi administratiboa zen eta kalean ere itxaron nezakeen erabakia: Espainiar Estatuak estradizio eskaera egin zuen, eta Suitzak aztertu egin behar zuen eskaera ongi egina zegoen. Ez ninduten zigortu beharrik, nik Suitzako herrialdean ez neukan deliturik. Preso politikoa nintzelako eta delitu eta epai politikoak zeudelako espetxeratu ninduten. Beraz, Suitzar gobernuak guztiz bat egiten du euskal preso politikoen aurkako estrategian.

Espetxe prebentiboko segurtasun ziegan sartu ninduten: 10 metro koadro baino gutxiago zituen, ur berorik ez, komuna itxi gabe (gortina bat zuen atean)... torturatu gisa niretzako estres handia zen, komunean zeundela, edozein momentutan sar zitekeen kartzeleroa. Tortura komisaria hartatik atera ezinik ibiltzea zen niretzako. Eta hotsak: kartzeleroen pausoek, atea “krak-krak” irekitzeak komisaria hartara eramaten ninduten... Gainera, asilo eskaera egiteko, berriz torturaren errelato osoa egin behar izan nuen, jakinda nire aurrean zegoen pertsonak ez ninduela sinetsi nahi, horrela ez zidalako asilorik eman behar. Hala ere Audientzia Nazionalean egin nuen bezala jasandako torturak nire ahotik entzun zitzan nahi nuen, gero ez zezan esan ez zekienik edo ez nuenik kontatu. Errelato guztia egin behar izan nuen eta torturaren bizipenak berritu ondoren berriz ziegan sartu behar, 23 ordu itxita.

 

 


BI GAUZA NEURE NEUREAK

“Bi gauza ditut betidanikoak: Biziraupen sena, batetik. Hori lehen, orain eta beti bera izango dut. Etsitzen ez dut ikasi. Are, ama izanik areagotu egin zait. Eta umorea, bestetik. Umore beltzaren bidez eman diet beti buelta egoera gogorrei. Kartzelan nengoela ere askok esan zidan: ‘Zure gutunak irakurrita barre egiten dut’.”


 

Kartzela kapitalista eta patriarkala dela diozu. Azaldu bi hitz horiek zer esan nahi duten, Suitzako kartzelako zure bizipenetatik.

"Espetxeak esaneko emakumeak bilakatu nahi gaitu"

Guztiz. Mezua argia da: Zu nirea zara eta zurekin nahi dudana egingo dut, esplotatu, sexualizatu, merkantilizatu, kontrolatu... Espetxeak, egitura hierarkiko eta patriarkalarekin, sistema kapitalistak eskaturiko esaneko emakumeak bilakatu nahi gaitu, patriarkatuaren rolak bete eta kapitalismoaren esanak onartuko dituena, gure esplotazioaren bidez sustengatzen jarraitzeko.

Kartzelak gizonek gizonentzako eginak dira. Emakume eta beste genero ez binarioak sistematikoki diskriminatuak  dira. Beraien behar espezifikoak ez dira aintzat hartuak eta jarduera guztiak heterogizonei zuzenduak daude. Emakume presoak beraien gizonen soberekin bizitzera behartuak gaude. Kartzela horretan guk ez genuen ezta  modulurik propiorik ere. “Modulu berezia” zuen izena, eta bertan geunden emakumeak, transexualak eta buruko gaixotasunak zituzten gizonak. Alegia, patriarkatuak diskriminatzen dituen guztiak, hor baztertuta. Ez dago ginekologoen zerbitzurik, hilekoarekin gaudenean non garbitu ere ez, ziegan ez baitago ur berorik eta asteko 10 minutuko bi dutxekin ez da nahikoa. Gainera produktu higienikoak geuk finantzatu behar ditugu eta konpresek edo tanpaxek egun batean lanarekin irabazitako dirua baino gehiago balio dute. Beraz, preso asko lan egitera, esplotatzen uztera behartuak daude produktu horiek erosi ahal izateko.

Hasierako sei hilabeteetan ukatu egin nintzen sistemarekin kolaboratzera. Baina momentu batean esan nuen: “Nola egingo diot honi aurre? Sozializatu behar dut, beste presoekin hitz egin...”. Isolamendutik ateratzeko aukera bakarra lan egitea da. Lana egiteko, patriarkatuaren rolak birproduzitu eta indartu egiten dira. Beste lanik ez zegoen emakumeontzat: lixatu, garbitu... niretzako moralki oso gogorra zen, politikoki eta batez ere emakume gisa borrokatutako guztiarekin... baina lehentasunak jarri behar nituen eta nire lehentasuna osasun mentala eta fisikoa ziren, itxialdian gorputza oso gogortuta geratzen baita eta birtraumatizazioa arintzeko aukera bakarra. Nonbaitetik bota behar nuen, askatu, barruan neraman guztia. Pentsatu nuen: “Hemen ere nire lan ideologikoa egingo dut bada. Saiatuko naiz beste emakumeak pixka bat kontzientziatzen”.

Zer emakumerekin egin zenuen topo kartzelan?

"Kartzela unibertsitatea izan zen niretzat: feminismo erreala espetxean landu nuen"

Gehienak migranteak ziren, pobreak, prostituzioan eta bizirauten dabilen jendea, gure herri edo hiri berean baina gugandik aparte bizi dena. Kalean banintz ez nituen ezagutuko. Kartzela unibertsitatea izan zen niretzat: nire feminismo erreala espetxean landu nuen.

Gehienak latinoamerikarrak ziren: batzuek erresidentzia paperak zituzten baina droga saltzeagatik zeuden kartzelan eta bizitza goitik behera izorratzen zitzaien, deportatuta amaitzen baitzuten. Suitzak gogorrago zigortzen zituen bertan bizi zirenak, delitua papera eman zien herriari egiten ari zirelako. Beste asko ziren pasadan, aireportuan drogarekin harrapatu zituztenak: “Emakume mandoak” esaten zaie: diru gutxiren truke droga kopuru handiak transportatzen dituzte, eta sekula ez dute pentsatu espetxean bukatu zezaketenik. Haiena drama bat zen, diru hori behar zutelako etorriak ziren, espetxean bukatzen zuten bertako hizkuntza hitz egin gabe, guztiz isolatuta. Urtebete edo egoten ziren, deportatzen zituzten eta zorrarekin itzultzen ziren, beraien umeekiko harremanak kaltetuta...

Harreman gehien bi transexualekin izan nuen. Brasilgoak ziren. Haiekin identifikatzen nintzen, ni identitate politikoagatik beraiek genero identitateagatik zigortuak ginelako eta bakoitza bere moduan oldartzen. Eguneroko borroka etengabea zen sistema binario eta patriarkalaren kontra. Asko hitz egiten genuen, “zuretzako nola da egoera hau, transexual bezala? niretzako, emakume bezala...”. Saiatzen ginen elkarri laguntzen, solidario izaten.

"Elkartasuna da nik kartzelan eman nuena. Sistema eta presoen artean posizionatu nintzen, presoek jasaten zituzten ostiak frenatzeko"

Elkartasuna da nik kartzelan eman nuena. Sistema eta presoen artean posizionatu nintzen, presoek jasaten zituzten ostiak frenatzeko. “Nik ez dut zuen beldurrik, zigortu nauzuen ideia berberengatik nabil borrokan eta nik badakit guk ere eskubideak ditugula” esaten nien kartzeleroei, haien hiztegian ez baita “eskubideak” hitza existitzen. Dena da “zigorra”, “debekua” eta eskubideak “pribilegio” bezala saldu nahi dituzte. Beste presoei ere esaten nien “guk ere baditugu eskubideak. Nahi dituzu irakurri? nik emango dizkizut”... “nahi duzu salaketa egin? nik lagunduko dizut”. Presoek ikusten zuten ni ez nintzela beldurtzen eta aurre egiten niela kartzeleroei eta beste presoentzat hori babesa zen. Horregatik zigortu ninduten behin baino gehiagotan, lana kenduz edo espetxez aldatuz “presoen eskubideen alde propaganda gehiegi egiten nuelako”.  Espetxe batetik bestera aldatu nindutenean, gutuna idatzi zidan aurreko kartzelako preso batek, eta zioen “Nekane, zu joan zarenetik espetxea espetxeago da”. Polita iruditu zitzaidan, baina gogorra.

Politizatu gabeko presoekin nola egiten da borroka?

Hasteko, terminologia erraza erabilita. Ez teorikoa, baizik eta praktikoa, eta adibide emanda. Harrokeriarik gabe. Gertutik gertura. Nola egingo dugu iraultza nik niretzako edo nire modukoentzako bakarrik hitz eta borrokatzen badut?

“Zergatik zaude preso?” galdetzen zidaten, eta nik “preso politikoa naiz”. Azaltzen nien zergatik atxilotu ninduten, eta espetxeek zer lortu nahi zuten gurekin.  Horren atzean sistema oso bat dagoela... “Zer da sistema?” galdetzen zidaten. "Gu zapaltzen gaituena" nik. Patriarkala dela espetxea. Horrelakoak ziren  elkarrizketak. Baita sexismoari buruz ere, eguneroko zapalkuntzei terminologia jarriz. Ondo iruditzen zaizu guk gure tanpoiak erosi behar izatea eta gizonezkoek bizarra kentzeko aitzurrak edo aparra doan jasotzea?”; “a, ba ez!”; “ba esaten dizudanean emakumeak diskriminatuta gaudela, hori da esaten dizudana”.  Inor ez da tuntuna, denok sentitzen genuen “kartzeleroek zergatik tratatzen naute horrela?” eta diskurtsoa jartzeak laguntzen zuen. Pixkanaka, patioan beste presoak ere hitz horiek erabiltzen hasi ziren, “sistema”, “patriarkatua”... “begira! zerbait lortu dut!” sentitu nuen.

Lagunek eta elkartasun mugimendu zabaletik bidalitako argazkiak erakusten nizkienean harrituta gelditzen ziren eta “zenbat lagun dauzkazun!” esaten zidaten eta erantzuten nien: “Bai, nire borroka kolektiboa denez orain elkartasun hori jasotzen ari naiz...”.

Niretzako oinarri nagusia zen gure artean garbi izatea presook elkartasunez aritu behar genuela, bat izan. Ezin genuela gure artean desberdintasunik egin. Ijitoekin bazegoen arrazakeriarako joera, bai presoen, bai kartzeleroen aldetik. Saiatzen nintzen inor ez zedin baztertuta gelditu. Gogor egiten nuen horrelakotan, ez nien uzten.

Eta niretzako beste oinarria zen ezin genuela kartzeleroekin jolastu, beraien lagun izatera, pribilegio batzuk lortzeko beste presoak izorratuz. Zigarro baten truke txibateo joerak izatea moztuz.

Preso batek esan zidan: “Hau ez zen horrela orain arte”. Talde nahiko batua osatu genuen, hizkuntza, klase... eta desberdintasun guztien gainetik. Nire urtebetetze egunean tarta erosi ahal izan nuen espetxean, eta kartzelariei esan nien ospatu egin nahi nuela baina inor baztertu gabe, denok edo inor ez. Azkenean utzi ziguten elkartzen. Tarta erdian jarri genuen, euskaraz postal bat egiten saiatu ziren beste presoak, opariak egin zizkidaten... Urtebetetze hori ez zait ahaztuko. Eguneroko gogor horretatik ateratzen saiatzen ginen, elkarrekin momentu goxoak bizitzen.

Presoen eskubideen defentsa nola egiten da kartzela barrutik?

Espetxea borroka eremu bihurtuz, kalean egindako borrokari jarraipen emanez. Kartzelariak ez zeuden ohituta presoek aurre egitera eta are gutxiago preso politikoek, neu bakarra nintzelako Suitzan. Batzuk beldur besteek errespetuz, beraiek areagotzen zuten nire izaera politikoa. Konfrontazioan hasten nintzenean kartzelariek esaten zuten “goitik agintzen didatena egiten dut nik...”. Ikusten nuen konfrontazio horrek ez zidala askorik ekartzen, beraien ustetan ez baitzuten ezer txarrik egiten.  Horregatik salaketak idazten hasi nintzen bai instituzioetara bai kalera. Kartzela sistemarentzat arriskutsu bihurtu nintzen, dena salatzen nuelako: lan baldintzak, nola tratatzen gintuzten, nola sexualizatzen gintuzten eta horrek oihartzuna zuelako medioetan...

Europar Batasuneko arauek markatutakotik behera zeuden Suitzako kartzelan bizi genituen baldintzak. Suitzako hainbat talde eta giza eskubideen aldeko elkarteei bidali nizkien salaketak. Ez beraien borondatean sinisten nuelako, baizik eta ez zezaten esan ez zekitenik. Hor zuten informazioa eta posizionatzeko eskatzen nien. Harrituta gelditu nintzen konturatzean benetan gutxi zekitela Suitzako espetxeetan ematen den tratu inhumanoa. Bai giza eskubideen taldeek bai gizarteak ez zekien harresi barruko berri edo ez zuen jakin nahi.  Eta ez zekiten, ordura arte inork ez zuelako salatu. Gainerako presoak salatuz gero kondenan eragingo zien beldur dira, eta ez zuten nik neukan kontzientzia politikorik eta babesik. Ni, aldiz, dagoeneko zigortuta nengoen, nire ideiengatik kondenatuta. Zer gehiago egin behar zidaten?

Salaketa horiek fruitua eman zuten Amnistia Internazionaleko emakumen sektorea eta horrelako elkarteek ipurdia mugitzen hasi behar izan zutelako eta Suitzar gobernuko torturaren prebentziorako komisio nazionala espetxera etorri zen bi alditan nik egindako salaketak egiaztatzera. Ikusten nuen espetxeko zuzendariak-eta urduri jartzen zirela. Baina egia da, baita ere, oso ongi antolatuta dutela dena batak bestea babestu dezan. Saiatzen nintzen, beraien egunerokoa deseroso izan zekien behintzat.

"Suitzako gizartearentzat espetxea tabua da. Espetxera frakasatu dutenak soilik joaten direla pentsatzen dute, edo migranteak... hemen ez dute gatazka politikorik, salbu daudela uste dute, beraiei ez zaiela inoiz tokatuko"

Suitzar askori begiak irekiko zizkion zure kasuak, bertako kartzelan zer errealitate bizi zenuten ikusteko.

Hemengo gizartearentzat espetxea tabua da. Espetxera frakasatu dutenak soilik joaten direla pentsatzen dute, edo migranteak... hemen ez dute gatazka politikorik, salbu daudela uste dute, beraiei ez zaiela inoiz tokatuko. Beraz, ez zaie interesatzen barruan zer egoeratan dauden jakitea. “Sistemak funtzionatzen du, beraz, zertarako horri buruz hitz egin?”. Nire helburua eztabaida sustatzea zen batetik eta bestetik, giza eskubideen aldarrikapena egiten den herrialde honetan horiek nola egunerokoan zapaltzen diren erakustea.

Kartzelan bizi nuena kanpora zabaltzeko artea erabili nuen. Borroka tresna bilakatu nuen eta isolamendu harresiak apurtzea lortu. Poesiak eta testuak idazten hasi nintzen, marrazkiak egiten... eta Free Nekane kanpainarako erabili zituzten. Jendeak eskertzen zuen eta aldi berean asaldatu, “inoiz ez genuen planteatu hau hemen gertatzen ari zenik”.

Zer...? Free Nekane kanpaina abiatzeko harremanak kartzela barrutik egin zenituen?

Abiatuta zegoen jada. Nik nabari nuen jendeak zer esaten nuen entzun nahi zuela eta berehala erreakzionatzen zutela. Hasieratik esan nien, niregatik ez baizik eta nirekin borrokatuko zutela. Presook ere kaleko borrokaren parte, subjektu izan nahi genuela. Beraz, idatziz eta bisitetan ematen nien nire ideien berri. Eguneroko zapalkuntzak hitz eta irudiekin bidaltzen nizkien kalean egiten ziren ekimenetan erabiltzeko.

Nola egiten da hori?

Idatzi eta idatzi. Garbi nuen nahiz eta nire gutunak zentsuratuak izan, ez nindutela geldiaraziko.

Eta idatzi horiek ez ziren lehendik ezagutzen zenuen jendearentzat...

Keba! Inork ez zekien Nekane benetan nor zen, ni kalean Amaia nintzen. Baina kartzelatu nindutenean, pertsona bezala ezagutzen nindutenek ez zuten bat-batean iritzia aldatu, medioek esandakoagatik. Alderantziz: “Ez da horrela” esan zuten. Ordura arte eskolan eta kalean oso presente izatea, lagungarri egin zitzaidan. Nik kalean egiten nuen bizitza Tetris bezalakoa zen, nire lagunarte batek ez zekien besteen berri eta horrela denak kanpainan elkar ezagutu zuten.

Bestalde, elkartasuna berehala antolatzen hasi zen eta Free Nekane kanpainan jende ezberdina biltzen joan zen. Ezkerra eta mugimendu sozialak talde txikietan antolatuta zeuden arren, denak bat egin zuten eta emakumeak* eta mugimendu feminista izan ziren motor, nik horrela eskatuta. Argi nuen emakume bezala jasan nuen eta jasaten ari nintzen zapalkuntza areagotua, erdigunean jarri nahi nuela. Eskaera horri gustura erantzun zioten kaletik, suari egurra botatzea bezalakoa izan zen.

Kartzela barruko eta kanpoko borroka ongi txertatzea izan zen gakoa. Kanpokoentzat  garrantzitsua izan zen nik barruan borrokan jarraitzea, ez etsitzea. “Berak jarraitzen badu, guk nola utziko dugu ba” sumatzen nuen. Barruko borrokak kanpokoari jana ematen zion eta kanpokoak barrukoari.

Barrua eta kanpoa nola komunikatzen zineten?

"Lora irratia oso garrantzitsua zen niretzako. Asteartero  aukera ematen zuten Euskal Herritik deiak jasotzeko. Hori nuen euskara entzuteko aukera bakarra"

Eskutitzez eta bereziki Lora irratia oso garrantzitsua zen niretzako. Programa bereziak egiten zituzten eta kalean egiten ari ziren borrokaren berri eman. Nik manifetarako edo beste ekitaldietarako bidalitako idatziak irakurtzen zituzten eta horrela jakiten nuen iritxi zirela.  Elkartasun politikoaz gain elkartasun afektiboa ere ekartzen zuen ziega hotzera.  Asteartero  aukera ematen zuten Euskal Herritik deiak jasotzeko. Hori nuen euskara entzuteko aukera bakarra. “Nekane zurekin gaude”... izugarria zen niretzat. “Ez nago bakarrik eta eutsi, segi” sentitzen nuen.

Geroago, ostiralero espetxe aurrean suziriak botatzen hasi ziren. Kristorena zen! Konturatzen nintzen elkartasun zabala zegoela eta presente negoela agenda politikoan,  baina kalera atera nintzenean uste baino are kanpaina  indartsuago eta zabalagoarekin topo egin nuen. Edonon Free Nekane pegatina, banderola, pintadak...

Ateratzean beste presoentzako  irratsaioa sortzea nuen buruan eta horretan gabiltza. Niretzako hain garrantzitsua izan zenez irratia, tresna hori eman nahi diet beste presoei, sistemaren aurka borrokatzeko.

Suitzan ezkerra oso atomizatuta zegoela entzun izan dizugu. Nola lortu zenuen Free Nekane kanpainan denek bat egitea?

Denentzako helburua oso garbia zen: ni ez estraditatzea eta askatzea. Kanpainaren ardatza tortura sistematikoaren gaia azaleratzea izan zen. Anarkistetatik hasi eta sozialdemokratetara, denek bat egin zuten helburuarekin, bakoitzak bere tresna eta borrokatzeko moldeekin. Nire kanpaina izan da denak bateratu dituen gutxietako bat.

Esan nuen kanpainaren motorra emakumeak izatea nahi nuela, emakume gisa bizi izandako eta bizitzen ari nintzen zapalkuntza patriarkalagatik, tortura sexista salatzeko... Suitzan feminismoa indartsu zegoen, baina kanpaina honek gehiago indartu zuen eta jende asko politikoki aktibatu: inoiz manifestaziotara joan gabekoak, batez ere neska gazteak...

Egiten ziren manifestazio eta ekintza ezberdin guztiak espetxe aurretik pasatzen ziren, ni agurtzeko.  Gutunak, postalak... etengabe iristen ziren herrialde guztitik baita nazio artetik ere. Esan bezala mugimendu anitzek bat egin zuten helburuan, eta horrek saretu zituen. Pena ematen dit ni kalean egonda bildutako indarra sakabanatuko den. Esaten diet: “Ni kalean nago baina ez naiz aske, oraindik espetxeak beteta daudelako”. Ea lotutako sare hori espetxeen eta torturaren kontrako borroka bihurtu dezakegun.

Torturatua izan den pertsona extraditatzeak nazioarteko araudia hausten duelako, extradizioaren aurka agertu ziren Amnistia Internazionala, Torturaren Aurkako Munduko Erakundea, Augenauf eta Humanrights besteak beste

Bai, lortutako aitortza soziala handia da. Orain, aitortza sozial horrekin borrokatu eta bultzatu behar dugu aitortza politikoa eta juridikoa lortzea. Hori da falta dena.

Espainiak eta Suitzak formula bilatu zuten zure estradizio eskaera bertan behera geratzeko: Auzitegi Gorenak zure kondena erdira murriztu zuen eta beraz, kartzelaldia dagoeneko beteta atera zinen Suitzako kartzelatik. Suitzako ezkerrak garaipen gisa bizi izan zuen. Zuk?

Hasieran amorru handia nuen berriro ere aitorpenik gabe utzi nindutelako eta nolabait atzeko atetik atera. Berriro ere suitzarrak posizionatu gabe geratu ziren espainiar estatuaren torturen aurrean. Hamazazpi hilabete kartzelan egon ondoren, asilo eskaera eginda... beste era batera atera nahi nuen.

"Bi estatu irtenbide bat bilatzera behartzea handia da"

Baina kanpora ateratakoan konturatu nintzen nire askatasuna elkartasunaren eta borrokaren lorpena izan zela, konponbide bat lortzera behartu genituela eta irtenbide hori juridikoki mozorrotu zutela. Bi estatu irtenbide bat bilatzera behartzea handia da. Abokatuek Audientzia Nazionalean eskaera sartu zutenetik bi egunetara etorri zen erabakia eta hori ez da ohikoa...

Suitzako kartzelan zinela, Nazio Batuen erakundeko bi kide, hain justu Istanbuleko protokoloa sortu zutenetako bi izan ziren protokoloa egin zizutenak. Eta egiazkotasuna aitortu zizuten.

Europako herrialde askok Istanbuleko protokoloa onartua dute baina ez dute errespetatzen, estatu espainiarra da adibide argi bat. Protokolo hori tortura kasuak argitzeko erabili beharreko eskuliburua izango litzateke. Torturatuak duen aukera bakarra, torturatua izan dela ziurtatzeko edo frogatzeko eta estatu batek horren aurrean izan ditzakeen zalantzak argitzeko. Torturatzaileek beti ukatuko dute egin dutena, eta torturatuak nola frogatu? Istanbuleko protokoloa horretarako da. Turkiaren errepresio masiboaren aurrean gutxieneko batzuk ezartzeko sortu zen, eta gutxieneko horiek estatu guztiek onartuak izateko. Suitzak ez du onartu eta ondorioz ez du erabiltzen. Erabaki guztiz politikoa da, horrela torturen salaketen aurrean bestaldera begiratu eta ez posizionatu behar izateko.

Protokoloa egin zidatenean nabaritu nuen tortura sexistaren sekuelak aztertzen baditu ere, ez dagoela atal berezitu batean landuta. Protokoloa sortu zutenei galdetu behar zaie zergatik sortu zuten termino horietan, zergatik ez den aldagai sexista sartu... Beste emakume torturatuekin batera hausnartu nahiko nuke, eta protokoloari ekarpenik egin badakioke, egin.

"Istanbuleko protokoloa pasatzerakoan adituek egin zizkidaten galderak ez dizkit orain arte inork galdetu"

Istanbuleko protokoloan sekuela psikiko eta fisikoak aztertzen dizkizute eta hortik abiatuta ikerketa lana egiten dute. Protokoloa pasatzerakoan adituek egin zizkidaten galderak ez dizkit orain arte inork galdetu. Epaile batek ez dit galdetu nola sentitu naizen elektrodoak jasotzean. Edo gorputzean horiek egindako markak nolakoak ziren.  “Hauek badakite zertan ari diren, badakite tortura zer den ” pentsatu nuen. Ordura arte niri ere  burutik pasa ez zitzaizkidan galderak ere egin zizkidaten. Uste dut erreminta inportantea dela, denek onartu beharko luketena.

Eusko Jaurlaritzak aginduta egindako Torturaren txostenean agertzen da zure kasua. Horrek badu bere balioa?

Ez dut dudarik Paco Etxeberriaren taldeak egin duen lana oso ona denik. Gainera hemen estatu espainiarrak euskaldunon aurka erabilitako tortura sistematikoa salatzen ari ginenean etorri zen aurkezpena eta horrek gure salaketa indartu zuen.  Baina horrekin, nora? Zertarako agindu du hori PNV-k, Europako eskakizunak betetzen dituela eta bere poliziak ez duela torturatzen  esateko?  Zertarako egin da, paperean gelditzeko? Hori da nire kezka: orain honekin zer?

Euskal gizarteak estutu beharko luke Jaurlaritza, Espainiako Estatuari salaketa jar diezaion, euskal herritarrei egindako torturengatik?

"Eusko Jaurlaritzak berak agindu duen Torturaren txosteneko kasuak aitortzen baditu, orain berari dagokio salaketa horiek bideratzea"

Nik uste nuen txosten hau horretarako egin zela. Sinistu nahi nuen behingoz Eusko Jaurlaritza lan hori egitera behartu zela, torturaren errealitatea gehiago ezin delako  ezkutatu. Istanbulko protokoloaren emaitza onartzen badu eta kasu horiek aitortu, orain berari legokioke alde batetik salaketa horiek bideratzea, hala nahi badugu gure ordezkari izatea edo tresnak ezartzea guk salaketa horiekin aurrera egin dezagun. Bestetik, gu osatzeko bidean terapiek edo beharrezko aukerak eskeiniz. Aitortza osoa lortu arteko bidean babestuko gaituzten tresnak emanez.  Edo nola egin behar dugu aurrera gastu ekonomikoak eta pertsonalak guregan hartuz? Nire kasua ere  txosten horretan egonda, nik ordaindu behar al dut Estrasbugora salaketaren bidea? Eusko Jaurlaritzak ordaindu beharko luke. Horrez gain akusazio bezala torturatu bakoitzarekin batera salaketa jarriz. Badituzte instituzioak hori bideratzeko  Arartekoa, Emakunde, edo nahi duten erakunde ofiziala. Baina borondatea da falta dena. Berak agindu du txostena egiteko, eta txostenak dioena onartzen badu, egin ditzala eman beharreko pausoak.  Nahi badu kolektiboki edo nahi badu banaka eta horretara bultzatu beharko genuke. Bestela betikoan gaude tortura legitimatzen duen instituzioarekin eta itxurakeriekin. Are okerrago, esperantza faltsuak eman eta torturarekin ere errentabilitatea atera nahi duten agintari eta partiduarekin.

Zer duzu lortzeko torturaren gaian?

"Tortura legedi europarrean ez da preskribatzen, estatu espainiarrean bai"

Lortutako aitortza soziala handia da. Orain, aitortza sozial horrekin borrokatu eta bultzatu behar dugu aitortza kolektiboa, politikoa eta juridikoa lortzea. Horrela bakarrik itxi baititzaket torturaren zauriak. Ostera prozesu judiziala atzetik aurrera abiatu beharko nuke, aurretik jarri nuen tortura salaketa itxita baitago, baina elementu berriekin berriz irekitzera saiatu beharko nuke: Istanbuleko Protokoloa, Suitzan egindako beste hainbat txosten eta erabaki, Paco Etxeberria eta bere lan taldearen txostena, Nazioarteko Torturaren Aurkako Taldeak Altsasuko kasuaz eta nireaz Espainiako Estatuari informazioa eskatu izana, uste duelako ez dela tortura aztertu... Auzia Tolosan edo Donostian hasi beharko nuke berriz, Auzitegi Gorenera, Espainiako Estatuko azken instantziara iritsi arte, han kasua itxi, eta orduan izango dut aukera Europako auzitegietara jotzeko.

Tortura legedi europarrean ez da preskribatzen, estatu espainiarrean bai.

 


CURRICULUMA

Bi anaia eta bi ahizpa dira etxean. Aita oso gaztetan hil zitzaienez, tabernan lana eginaz eta militantzian –presoen eskubideen aldeko borrokan, euskalgintzan eta internazionalismoan– eman zuen gaztaroa. 1995 eta 1999ko udal hauteskundeetan Herri Batasunako zinegotzi hautatu zuten Asteasun.

1999ko martxoaren 9an atxilotu zuten eta torturatu. Bederatzi hilabete egin zituen Soto del Realeko kartzelan. 18/98ko makro epaiketaren barruan izan zen epaitua, eta berau baliatu zuen, 2006ko urrian, Espainiako Auzitegi Nazionalean torturaren testigantza egiteko. Lau guardia zibilek bortxatu zutela salatu zuen. Torturapean eginiko autoinkulpazioa izanik bere aurkako froga bakar, 11 urteko kartzela zigorra ezarri zion Baltasar Garzón epaileak, 2007ko abenduan.

Hilabete batzuk lehenago Euskal Herritik ihes egina zen, ordea, Txapartegi. 2009tik Zurichen (Suitza) bizi da.

2009an bere zigorra murriztu zuen Auzitegi Gorenak 6 urte eta 9 hilabetetara, delitua erakunde armatuarekin kolaboratzea –ez kide izatea– zela ulertuta. 2015ean Espainiako Ministroen Kontseiluak extradizio eskaera egin zuen eta 2016ko apirilaren 6an Suitzako Gobernuak kartzelatu egin zuen.

Free Nekane kanpaina abiatu zuten ezkerreko erakunde anitzek Suitzan eta indar izugarria hartu zuen. Extradizioaren aurka agertu ziren esate baterako Amnistia Internazionala, Torturaren Aurkako Munduko Erakundea, Augenauf, Terre des Femmes eta Human Rights Watch. Nazio Batuen Erakundeko bi adituk Istanbulgo protokoloa egin eta sinesgarritasun osoa eman zieten Txapartegiren tortura salaketei.

2017ko irailaren 15ean libre geratu zen: izan ere, Auzitegi Gorenak otsailean bere aurkako zigorra murriztu egin zuen 3 urte eta 6 hilabetetara, eta kondena preskribatutzat eman zuen. Hau egiteko, 2015ean berritu zuen Zigor Kodeko artikulu bat erabili zuen auzitegiak, “larritasun txikiagoko delituengatik” zigorra murrizteko aukera ematen duena.

Free Nekane kanpainak ezkerreko mugimenduetan lortu zuen batasunaren adierazle da 2018ko Maiatzaren 1eko Suitzako ekitaldi jendetsueneko hizlari nagusia Txapartegi izan zela, Zurichen. Euskaraz eta alemanieraz, munduko preso politiko guztien askatasuna eskatu zuen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tortura
2024-06-28 | Ahotsa.info
Sakanan torturak utzitako aztarna aitortzeko beste urrats bat eman dute ‘Arg(h)itzen’ dokumentalarekin

Altsasuko Iortia Kultur Guneko Areto Nagusiaren harmailak jendez beteta zeudela egin da asteazkenean Arg(h)itzen dokumentalaren estreinaldiko emanaldia. Torturak Sakanan utzi duen aztarnaren kontakizuna da film hau, eta egun aproposa aukeratu dute lehen aldiz publikoki... [+]


Nafarroako Gobernuak 2005-2011 aldian torturatutako herritarrak onartu ditu biktima gisa

Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi du hemeretzi biktima berri onartu dituela Nafarroako Gobernuko Aitortza eta Erreparaziorako Batzordeak, horietariko bost 2005-2011 urte artean torturatu zituzten Mikeldi Diez, Iker Aristu, Oihan Ataun, Garbiñe Urra eta Mikel... [+]


Tortura sistematikoa salatu dute Sde Teiman izeneko Israelen atxiloketa eremuan

Presoak lotuak dituzte etengabe, pixoihalak jantzita eta jipoiak jasotzen. Hamaseko kideak diren susmopean ehunka pertsona bahituak dituzte sionistek, The Guardianen iturrien arabera.


'Bi arnas' proiektuaren ziklo amaiera ospatu dute
“Torturak ama eta alabarengan sorturiko zauria arintzen lagundu du dokumentalak”

Torturatu zuten Iratxe Sorzabal presoa eta haren ama ditu protagonista Bi arnas dokumentalak. Duela bi urte abiaturiko prozesua borobiltzeko ekitaldia egin dute eta bide horretan lortutako etekin ekonomikoak bi elkarteri eman dizkiote: Harrera eta Axut! Ekitaldiak une... [+]


2024-05-02 | Castillo Suárez
Eguna, ordua eta tokia

Tarteka bizitzak ekarrarazten dizkizu ahaztuta nahiko zenituzkeen oroitzapenak. Xafan-ekin geratu naiz gaur kafea hartzeko, Xabier Mendigurenen Oso latza izan da liburuari buruzko solasaldia dugulako gero, eta konturatu naiz inoiz ez diodala ezer galdetu aztnugal hitzarekin... [+]


Eneko Valdés eta Juan Calvo, Ertzaintzaren zaintzapean hilak: 30 urteko aldea, kointzidentzia gehiegi

1993ko abuztuaren 20an Juan Calvo bilbotarra hil zen Arkautiko Ertzaintzaren komisarian, atxilo zegoela. 2023ko uztailean ARGIAk heriotzaren inguruko informazio eta datu berriak argitaratu zituen, agerian uzten zituztenak Calvok jasotako tratu txarrak zein Poliziaren gezurrak... [+]


Joxe Arregi oroitu dute heriotzaren 43. urteurrenean, Zizurkilen

Torturapean hil zuten zizurkildarra gogoratzeko ekitaldia egin dute igandean. Tortura aitortu eta erreparatzeko bitarteko gehiago eskatu dituzte.


Euskal Herriko torturatu guztiak saretzeko ekimena aurkeztu dute Torturaren Aurkako Egunean

Euskal Herriko Torturatuak Saretzeko Talde Sustatzaileak aurkezpen agerraldia egin du Bilbon. Torturatu guztiak batuko dituen sare bat osatzeko lan egingo dute, eta topaketa bat iragarri dute urtebete barrurako. Torturaren aitortzan torturatuak agente aktibo izate aldarrikatu... [+]


2024-02-07 | Nekane Txapartegi
Ubelduak moretuz, tortura itzaletik argitara

1999ko martxoan Aiztondo bailaran jazotako gertaera latzak ez ziren eraso isolatuak izan, Espainiako Estatuak Euskal Herriaren aurka emandako beste urrats errepresiboaren zati baizik. “Todo es ETA” (Dena da ETA) doktrinaren menpean, atxilotu eta inkomunikaziopean gu... [+]


2024-01-19 | Euskal Irratiak
“Torturak Euskal Herrian ukan duen inpunitate-sistema ikertzea nuen xede”

Zazpi urtez landu ondoan, bere tesia aurkeztu du Pauline Guellek, zuzenbide publikoan doktore bilakatuz. Urte luze hauetan "torturaren zigorgabetasuna" landu du, Euskal Herriaren adibidea hartuz, Francoren garaitik 2022 urtera.


2024-01-17 | Hala Bedi
Meliton Manzanas torturatzaile frankista omendu du Espainiako Poliziak Gasteizen

Espainiako Polizia Nazionalaren 200 urteurren ekitaldia egin dute Gasteizen larunbatean. Polizia Nazionalak Betoñun edo Olagibel kalean bere egoitzetatik kanpo, kalean, ekitaldi publiko bat egiten duen lehen aldia da azken urteetan. Bertan izan dira, besteak beste, Maider... [+]


Eguneraketa berriak daude