Zeruko Argia sortu zelarik 1919an, I. Mundu Gerra birrintzailetik sendatzen hasi berria zen planeta. Espainiak gerra hartan zuzenean eskurik sartu ez zuenez, Hego Euskal Herriko enpresek Europara produktu gehiago esportatzeko abagunea baliatu zuten. Aldiz, Iparraldeko familiek larrutik pagatu zuten munduko potentzia handiek beren nagusitasuna jokatuz Europan eragin zuten hekatonbea. Ehun urte geroago, gerrak dira munduko errealitate konplexuaren datu garrantzizkoenetakoak.
Oro har Europatik eta mundu aberatsetik aparte gertatzen dira gaur sarraski gehienak, nahiz eta tarteka zipriztinak helarazi gureganaino, herenegun New York eta Londresera, atzo Bartzelona eta Parisera, berrikitan Estrasburgora… Zertan aldatu da gerra mende honetan?
Bruno Cabanes frantsesak aurten plazaratu du Gerraren historia XIX mendetik gaur arte liburua. Elkarlanean jarri dituzte zortzi herrialdetako ziento erdi historialari, soziologo, antropologo, politologo eta artearen aditu, aztertzen gatazka armatuen transformazioa bai fronteei –daudenean– eta bai atzegoardiari dagokienean, eta beren eraginak gizarte, kultura, ekonomia eta politikan baina baita ere ekologian, erlijioetan eta giza-soinetan.
Mende batean gerraren bilakaerak aldatu ditu gudariak, beren kodeak eta beren arrazoiak. Derrigorrezko soldadutzak aspaldi ekarri bazuen zibilen eta militarren arteko bereizketaren ia desagertzea, biak erabat nahasi ziren boluntario iraultzaile mota berriak azaldu zirenean. XIX. mende amaierako garapen industrialak eta teknikaren aurrerapenek gatazka armatuen suntsiketa ahalmena errotik itxuraldatu zuen.
Hamarkada batzuetan, pasatu gara infanteriaren eraso masiboak ikustetik bonba nuklearrera, eskualde jakinetara mugatutako liskarretatik mundu gerretara. Eta arras konplexuagoak dira gaur gudarien bezala zibilen aurpegiak, irudiak eta esperientziak. Aldaketa guztion mamiak laburbildu ditu obraren zuzendari Cabanes doktoreak liburuetan berezitutako La Vie des idées webgunean. Elkarrizketa horretatik eta Mediapart guneari eskainitakotik laburbildu dugu gerraren mende bateko bilakaeraren historia.
XIX. mendeko gerrek segitzen dute gutxi-asko Clausewitz teorikoak XVIII.ean zabaldutako eredua: estatuen arteko gerrak, gehienetan lurralde gatazken inguruan. Herritar-gudariz osatutako armadek egiten diote elkarri borroka gudu zelaia den espazio fisiko mugatuan eta denboraldi mugatuan, izan zitekeen egun bat edo gehiagokoak. Horra gerraren eredu klasikoa, XIX. mende osoan ikusi zena. Eredu hori krisian sartu zen 1914an lehertutako I. Mundu Gerran, batailen erabateko itxuraldaketarekin.
Batetik, guduak pasatu ziren hilabeteetan luzatzera eta borrokan ari ziren gizonen egoera ere erabat aldatu zen, amaitu zen ordu batzuetan gogor borrokatu eta gudu-zelaitik erretiratzen ziren garaia: orain lubakietan iltzaturik geratu behar zuten egun, aste eta hilabete luzeetan, lokatz eta izotzetan hiltzeko zorian. Arma berriek, izan gas, artileriaren obus edo bala, zauri larriagoak eragiten zituzten, ikaragarriagoak, gorputzak desagerrarazterainokoak. Guduen heroikotasun klasikoak han amaitu ziren betiko.
Gerra eredu klasikoaren bigarren krisi handia II. Mundu Gerrarekin iritsiko zen: 1945, lehen bonba atomikoaren leherketa. Jendeak masa handitan hiltzeko gaitasun harrigarria erakutsi eta gizadi osoa suntsitzea posible dela konstatatu zuen. Lehenbiziko aldiz gerra bateko gertakizun nagusia batailarik gabeko une gako batean gertatzen da. Eta hori gutxi balitz, urte berean hasten da zabaltzen gerra formatu berri bat, insurrekziozko gerra, gerrillen gerra.
Gerrillak eta insurrekzioak dira gaur egungo gerra formaturik hedatuenak, eta justu horrek bihurtzen ditu hain ulergaitz. 1950 eta 1960ko hamarkadetan, Gerra Hotzaren amaiera arte, eredu klasikoek balio zuten fenomeno berriak ulertzeko. Baina gaur egungo gerrak eta beren biolentzien dinamikak konprenitzeko gerraren historialariek gero eta gehiago jo beharra daukate antropologo eta etnologoengana.
Gatazka armatuak goxatu egin ote dira azken mende honetan? Ez, gerrak erradikaltzera jo du, zalantzarik gabe dio Cabanesek. Zergatik? Hasteko, guda egiteko baldintzak errotik aldatu direlako. Gudariek aurre egin behar diete arma berriei, artilleria izugarri bortitzei, gasei… Soldaduen gorputzek arrisku gogorragoak jasaten dituzte gaur XIX. mendean baino. Bigarren aldaketa handia, zibilen kontrako bortizkeriak: XX. mende hasieran zibilak ziren gerren biktimen %10-%20, II. Mundu Gerran %65, gaur egun %90 dira. Hirugarren aldaketa bortizkeria ideologikoetan datza, gerrak gero eta gehiago daude oinarrituta sustrai ideologikoak (etnia, arraza…) dituzten gorrotoetan, eta hau ere nahiko berria da.
Gainera, gero eta zailago bihurtu da bereiztea estatu barruko gerren eta kanpokoen artean, horra brutalizazioaren eredu famatua. Mundu gerra bat luza daiteke, esaterako, ondorengo gerra zibiletan.
Aldi berean, egia da jendeek erakutsi dutela gerra eta bere krudelkeriak arautzeko nahikeria. Horrela eraiki ziren zenbait arautze XX. mendean, nazioarteko hitzarmenetan bilduak batzuk eta beste batzuk kode militarretan. Hala ere, Hagako, Genevako eta antzeko arauek –biktimei, zibilei, zaurituei edo presoei buruzkoek–, Mendebaldeko jendeentzako baizik ez dute balio izan.
Gaur egun egoera paradoxiko batean bizi gara. Soldaduak desagertzen joan dira espazio publikotik, gutxienez XX. mende erdi aldean ezagutzen genituen soldaduak, desfileak, erakusketa handiak, uniformeak, derrigorrezko soldadutza… Gaur operazio antiterroristetan agertzen direnean harritu egiten dira herritarrak. Baina, aldi berean, gizartea militarizatzen ari da. AEBetara baldin bazoaz, armadaren irudia denean ageri da. Gerraren bortizkeria etengabe daukagu presente telebista pantailetan, film, joko eta entretenimenduetan. Hainbesteraino saturatu gaituztenez, bortizkeria banalizatzera iritsi gara eta azkenerako herritarroi erreakzionatzeko ahalmena kendu digute. Eta are kezkagarriagoa, atzerriko gerretan –izan Iraken edo Afganistanen– erabiltzeko ekoiztutako armak orain etxean hasi dira usatzen metropolietako poliziak.
Droneen erabilera da azken aldiko berritasunik handiena, eta hainbat kezka eragiten ditu. Droneak gai dira askoren artean harrapakin zehatz bat identifikatu, sarritan programa informatikoen bidez, eta hiltzeko honek erantzuteko aukerarik eduki barik. Bestetik, aurkitzen ditugu jende normalak goizean jaiki eta lasai ederrean bulego batera doazenak beren lan ordu batzuetan hiltzera milaka kilometrotara dauden beste jende batzuk, eta hau ere berria da.
Honek guztiak bakearen eta gerraren artean bereiztea zailtzen du. Gerra hainbeste aldatu denez, gerra saihesteko prebentzio lana ere konplikatuagoa da. Etika aldetik, arriskua ere badago gerra hutsaltzeko, azkenean gerra deitzeko edozein gatazkari. Uneotan arazo handienetakoa da gerra hasteko edo amaitzeko errito guztiak desagertu direla. Antzina, gerran sartu aurretik deklarazio bat zegoen, parlamentuaren onarpena eta abar. Orain gerran sartzen gara kasik oharkabean, herritarren ordezkariei kontsultarik egin barik. Gerra hasterako, lehen herritarren mobilizazioa deitzen zen. Frantziak azken aldiz 1939an egin zuen mobilizazio deia, AEBek 1942an… ikusi bata bezala bestea geroztik zenbat gerratan sartu diren.
“Gerra amaitzea”, berriz, gero eta gutxiago aipatzen dute historiagileek –Cabanesek dioenez– “gerratik irtetea” baizik. Hori hala da gerraren eta bakearen arteko porositateagatik, une batean bata dagoen ala bestea zehaztea oso zaila bihurtu delako. Herritarren artean izu berriak eragiten dituen terrorismoaren gaia ere hor dago: nola sailkatu hori, nola definitu, zein estatus eman erasotzen gaituenari, zein legeren arabera epaitu zaurituak edo preso hartuak? Gudarien desmobilizatzea ere arazoa da gaurko gerretan, estatuen arteko gerra klasikoetan hori prozesu ezaguna zen, baina gaurkoetan? Haurrak ere erabiltzen direnean guduetan, nola desmobilizatu behar dituzu haur soldaduak?
XXI. mendean, horra beste mutazio bat, potentzia handiek beren gerretarako gero eta gehiago mertzenarioak kontratatzera jo dute eta honekin historian berrehun urteko jauzia egin dugu atzera, gerra kontrata pribatu handien esku utziz antzinako errejimenaren tresna bat berreskuratu dugu.
Baina historia zirkularra izan ez arren espiralean garatu ohi denez… horra Mendebaldeko potentziak nola hasi diren berriro soldadutza unibertsala ezartzen. Emmanuel Macronek hori bertsio light batean egin duelako edo, gure inguruetan ez da protesta antimilitarista ozenik entzun. Helduko da hori ere. Agertuko diren bezala gerretako ahaztu aipa ezinak, desertoreak.
Mundu mailako erasoaldi inperialista betean gaude, mendebaldeko burgesiak gidatuta. Ofentsiba inperialistak hartu duen forma gerrarena da, aldaera guztiekin: gerra ekonomikoa, gerra kognitibo eta kulturala, lawfarea; eta, noski, gerra militarra. Mendebaldeko inperialismoak... [+]
Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak arrazoia eman dio Trumpi eta esan du "Europak inbertsio militarra handitu" behar duela.
Lau ardatz nagusiren inguruan egin dute 2024ko azterketa: indarkeria matxista; lurraldea; gerra eta gatazka armatuak; eta eskuin muturra. Euskal Herrian “erresistentziak metatzea” funtsezkoa dela ondorioztatu du Talaia Feministak, eta analisiaren sozializazioaren... [+]
Gerra Urte, Gezur Urte!
Horrela dio esaldiak eta horrela berresten du errealitateak.
Munduan eta Europan dagoen gerra-egoera, horren gorakada etengabea eta horrek Euskal Herrian izan dituen eta izango dituen balizko ondorioak aurreikusita, joan den abenduan hainbat... [+]
Abenduaren 26an, aireko eraso batean, Israelgo armadak bost kazetari palestinar hil zituen. Haiekin 130 kazetari palestinar hil zituzten. Albiste horrek gauza pare bat gogorarazi dizkit, lehenengoa, benetako kazetariek jasaten duten jazarpena munduko edozein lekutan, adibidez,... [+]
AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]
Centre Tricontinental erakundeak kongoarren erresistentzia historikoa deskribatu du The Congolese Fight for Their Own Wealth (Kongoko herriak bere aberastasunaren alde borrokan dihardu) dosierrean (2024ko uztaila, 77. zk). Kolonialismo garaian, Belgikako Force Publique-k... [+]
Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak kartel bat argitaratu du: Gure gorputza gudu zelai bat da du leloa, eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiek jaso dute. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek... [+]
Israel Katz da Defentsa ministro berria, orain arte Atzerri ministro izandakoa. Erabakiak israeldarren kexua eragin du eta milaka dira karriketara atera. Israelgo Gobernuko oposizioko ordezkariek prentsaurreko bateratua eskainiko dute azaroaren 6 honetan. Bizkitartean, Israelen... [+]
“Proposamen ausart, integral eta prestuen tenorea etorri zaigu (…) Euskal Herria munduko altxamenduen artean sar dadin berriro”, bota zuen Hartzea Lopez Arana adiskideak ARGIA aldizkarian 2018ko uztailean argitaratu zuen “Oldartze eraginkor baten... [+]
Japonia, 1945eko abuztuaren 6a eta 9a. AEBek bonba atomiko bana bota zuten Hiroshima eta Nagasaki hirietan milaka eta milaka hildako eraginez; kopuru zehatzik ez dagoen arren, urte horren bukaeran hildakoak gutxienez 210.000 inguru izan zirela diote kalkulu zuhurrenek. Baina... [+]
Kontatu –ezta iradoki ere– ez digutenez, imajinatu egin beharko dugu. Gertatu, halatsu gertatuko zelako, gutxi gora behera.
Domeka euritsu honetan, arduraz bizi dugu munduan dauden gatazka askotarikoak direla ezinegonean bizi diren pertsonen zoria. Urrunetik, badirudi boterera jokatzen duen hainbat agintariren eskuetatik ezin garela askatu. Beti bere burua babestu behar duen susmoarekin bizi da... [+]
2022an, urteko aurrekontuan onartutakoa baino %20 handiagoa izan zen inbertsio militarra; 2023an, %30 handiagoa. Europako herrialdeen gastu militarra Gerra Hotzaren amaierakoa baino handiagoa da une honetan.