1939ko uda amaieran Lezoko goi-nafar euskarari hitz berri bat gehitu zitzaion: Trabajadorea. Esanahi zehatza zuen eta du, lan behartuak egitera zigortutako langileak izendatzeko erabiltzen baita, gerraostean herri hartara eta ingurura eramanak. Trabajadoreak izan ziren Jaizkibel mendiko errepidea ireki zutenak, gaur egun GI-3440 dena.
Gerra Zibilaren 1939ko garaipenak ez zuen Franco lasaitu, izan ere, urte bereko irailean Bigarren Mundu Gerra hasi zen eta inbasioaren beldurra obsesio bihurtu zen ejertzito frankistako agintarien artean. Balizko eraso baten aurrean defendatzeko estrategian baino ezin da ulertu Lezotik Hondarribiko Guadalupe gotorlekura doan errepidea. Logika militarrak agindutako bidea da, izan ere, inguruko herriguneak lotzeko ez zuen eta ez du inolako baliorik.
Errepidea Estatuak berak eraiki zuen, kanpoko inolako enpresa pribaturen parte-hartzerik gabe. Errepidea egiteko eskulana jarri zuten langileak hiru motatakoak izan ziren. Hasierako hilabetetan gerrako presoak ziren, Langile Batailoiak, suntsitu omen zutena konpondu behar zutela zioen teoriapean zigortutakoak. 1940ko amaieran Soldadu Langileen Zigor Batailoiek hartu zieten lekukoa. Bigarren Errepublika garaian soldadutza egin zutenak ziren honakoak, baina erregimen berriak ez zien zerbitzu hori aitortu eta berriz egin behar izan zuten.
Lezoarrek Sotxo deitzen dioten zonaldean, oraindik ikus daitezke frankismoko esklaboek egindako zuloak; adar hosto eta iratzeekin estali eta hantxe egiten zuten lo
Haietaz gain, desafecto izenarekin zigortutakoak zeuden: ez ziren delitugileak, baina familia, lanbidea edo zehaztu gabeko arrazoi batengatik “Espainia Berriarekin” erabateko adostasuna erakutsi ez zuten herritarrak ziren eta lanarekin ordaindu behar zuten “gabezia” hori. 1943tik aurrera sententzia irmoa zuten presoak ariko dira espetxe zigorra laburtzeko asmoz lan egiten. Azken hauek amaitu zuten errepidea 1946an, baina 1951ra arte ez zen ofizialki inauguratu, Francoren bisitetako bat aprobetxatuz.
Errepideaz gain, beste mota batzuetako lanak ere egiten ibili ziren langileok, beti ere balizko inbasio horren aurrean proiektaturikoak. Ezagunak dira, adibidez, Gaintxurizketa eta Arkale inguruetan eraikitako bunkerrak, Vallespín lerro gotorraren ibilbidean, Setas de vanguardia izen militarrarekin ezagutzen zirenak, edo bunker arteko galeriak –bada 300 metroko luzerakorik–. Asko dira kontserbatzen direnak eta bisitatzeko moduan daudenak.
Esklabo-zuloak eta kanpamenduak
Errepide berriaren eraikuntza Lezo eta Pasai Donibane arteko mugan hasi zen, Pasaiako Badiatik gertu, Erroteta izeneko zonaldean. Bertan jaso zen lehenengo kanpamendua, hamar eraikinez osatua: errepidearen bi alboetan zegoen eta trabajadoreen lotarako tokia, sukaldea, ofizialen etxebizitzak eta hainbat biltegi zituen. Handik abiatzen ziren egunero lanera. Bidea ireki ahala, Erroteta urruntzen joan zen eta lan egiten zuten leku ondoan hasi ziren trabajadoreak gaua pasatzen. Hasieran zoruan bertan eta ondoren propio egindako zuloetan. Adar, hosto eta iratzeekin estali eta halaxe egiten zuten lo.
Lezoarrek Sotxo deitzen dioten zonaldean, gaur egun oraindik ikus daitezke frankismoko esklaboek egindako zuloak. 1939-1940ko negua bereziki gogorra izan zen, hotz handia egin zuen, euria erruz eta elurra ere bai. Zuloak urez betetzen ziren eta ezinezkoa zen haiek erabiltzea. Baldintza horietan, trabajadoreak gaixotzen hasi ziren –tifusa eta gripeak ohiko bihurtu ziren–, eta lana atera behar duena gaixotzen denean, ez da negozio onik agintarientzat. Hori izan zen bigarren kanpamendua egiteko arrazoia. Geroko dokumentuetan Campamento Lezo Alto izena badu ere, bertakoek ondoko baserriaren izena erabiltzen dute, Iparragirre, hain zuzen ere.
Lezoko biztanleek beti izan dute kanpamendu horren berri, baina orain dela hiru urte arte ezkutuan egon da, sasiek estalita. Iparragirre ondoko baserriko semea da Mikel Salaberria, Martizkonekoa. Ederki gogoratzen ditu umea zeneko trabajadoreen joan etorriak eta bera izan zen kanpalekuaren toki zehatza seinalatu zuena. Garbiketa lanak egin ondoren, gaur egun ere ikusgai daude eraikinak. Batzuk egoera oso onean daude, beste batzuk ez, baina denetan antzematen da obra horren tamaina.
Beste bi kanpamenduren berri ere badago, bata Jaizkibelgo tontorretik gertu, Frantsesenea izeneko zonaldean, inolako arrastorik geratzen ez bada ere, eta azkena Guadalupeko gotorlekuan, orain gutxi arte kantina izan den eraikinean.
Lezotik Zumaiako hildakoen biltegira
Trabajadoreen lan baldintzak gogorrak zirela esatea ez da gauza berria. Gaixotasunak ohikoak ziren, eta gauza bera esan dezakegu lan-istripuez. Horien ondorioz hilzorian geratutako langileak Zumaiako ospitalera eramaten zituzten eta haietako asko han hil ziren, aztarna dokumentalik apenas utzi gabe. Ez zen hori Marcelino Camacho sindikalista espainiar ezagunaren kasua izan, Lezotik Zumaiara eta handik hildakoen biltegira eraman bazuten ere, osasuna berreskuratu eta bizirik ateratzea lortu zuen, Confieso que he luchado memoria liburuan kontatzen duen bezala.
Gerrako presoek, Soldadu Langileen Zigor Batailoietako kideek, eta 'desafecto' deituriko zigortuek egin zuten errepidea, besteak beste
Ahozko iturrien bidez badakigu luizi bat ere izan zela, dirudienez trabajadore ugari harrapatu zituen, baina horren berri idatzirik ez dugu aurkitu. Beste heriotza batzuk baieztatu ahal izan dira ordea. “Su armaz” hiru lagun hil zituztela diote Lezoko Erregistro Zibilean aurkitutako dokumentuek: 1940ko otsailean Angel Fidel Martínez Posada, urte bereko maiatzean Carlos Corral Alcalá eta 1946ko irailean Adolfo Gutierrez García. Agiriek ez dute zehazten ihesaldi kasuak izan ote ziren, fusilatu egin zituzten edo bestelako istiluetan hil ote ziren. Ofizialki horiek dira aipatzen diren bakarrak.
Zigor publikoak herriko plazan
Errepidearen eraikuntza eta haren inguruko gertaerak ezagutzeko eta zabaltzeko lanean ari dira Lezoko Memoria Historikoaren Taldeko kideak. Herrian sinbolismo handia duen izena aukeratu dute: Etxetxo. 1936an matxinatuek Lezon egin zuten lehen sarraskia izen bereko baserrian izan zen: hango ama eta hiru semeak baionetaz hil zituzten Nafarroako Tertzioen tropek, herria hartu baino egun batzuk lehenago.
Talde memorialista burubelarri dabil trabajadoreen lana eta herrian utzi zuten aztarna berreskuratu nahian. Lezok 1939an 1.200 biztanle inguru zituen eta, Etxetxoko kideen kalkuluen arabera beste horrenbeste langile heldu ziren herrira.
Gehienak mendian bizi ziren, baina ofizialek eta intendentziako langileek Kale Nagusian zuten egoitza, besteak beste, Elias Salaberria margolari ospetsuaren etxe azpiko sotoan. Noizean behin, presoak Gurutze Santuko elizara eramaten zituzten meza entzutera, eta beste batzuetan, Lezoko plaza erdian zigortzen zituzten, “indiziplinagatik”. Herritar nagusienen oroimenean jipoiak eta presoen garrasiak geratu dira iltzatuta, baita kolpeak emateko ardura zuen militarraren ezizena ere: Pinotxo.
Elkartasun historiak
Historia ilun horren erdian, trabajadore eta lezoarren arteko harreman politak ere sortu ziren. Esaterako, Kale Nagusian bizi ziren emakumeek presoei arropa garbitu, lisatu eta askotan josi ere egiten zieten. Batek jasotzen zuen enkargua, eta lan handiegia zenez, laguntza bilatu eta laster elkartasun sare zabala osatu zuten. Trabajadoreek, noski, ez zuten ordaintzeko dirurik eta trukean bertako emakumeei egurrezko eskultura txikiak ematen zizkieten. Lezoar batek oraindik gogoan du egur landu haietako bati atontzeko zeukan oihala kendu zionean hartu zuen sustoa: Muera Franco zeukan idatzita.
Harreman haietako batzuk sendotuz joan ziren eta preso zenbait, behin aske geratuta, Lezon bizitzen geratu ziren eta ezkondu zenik ere badago. Gutxienez sei ezkontza izan zirela badakigu; gaur egungo lezoar batzuk, gizon zein emakume, haien ondorengoak dira.
Emakume solidario eta preso horien ondorengoak –bai Lezon bizi direnak bai beste toki batzuetatik etorritakoak ere– 2016ko urriaren 9an herrian antolatu zen ekimenaren protagonista izan ziren. Barrakoietara bisita egin eta gero Jaizkibelgo errepide hasieran eskuinaldean dagoen txoko batean plaka inauguratu zuten; obra horren egileak frankismoko esklaboak izan zirela gogorarazteko balio du. Garaiko gertaeretan oinarritutako kale antzerkia ere egin zuten hainbat herritarrek, eta amaitzeko omenaldia herriko plazan, trabajadoreek zigorrak jasaten zituzten toki berean.
Oroimena eta ingurumena berreskuratzeko auzolana
Etxetxok, herriko beste taldeekin elkarlanean, helburu bikoitza duen auzolana antolatu ohi du. Alde batetik, kanpamenduko barrakoiak berreskuratzea, eta bestetik, Lezoko Ekoloji Taldeak bultzatuta, inguruko basoa txukuntzea bertako espezieak landatuz. Lan horietarako egun bereziak aukeratzen dituzte gainera, aurtengo udazkenean, esate baterako, Urriaren 12an eta Abenduaren 6an jardun zuten, jai egun espainiarrak biak. Horrez gain, bisita gidatuak ere egiten dituzte, gehien bat ikasleekin, baina baita beste taldeekin ere.
Lezoko Kale Nagusiko emakumeek trabajadoreei arropa garbitu eta lisatzen zieten. Batek jasotzen zuen enkargua, eta lan handiegia zenez, laster elkartasun sare zabala osatu zuten
Epe ertaineko helburuak ere badituzte lezoarrok. Herriko Udalaren babes osoa izan dute orain arte, baina beste erakundeen inplikazioaren bila dabiltza orain. Iparragirreko barrakoiak dauden lursaila pribatua da, eta gauzak dauden bezala, ondare hori arriskuan egon daiteke. Eremua mantentzeko Ondare Historiko izendatu beharko lukete lehenik, eta hori lortu ahal izateko Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Eusko Jaurlaritzako Gogora institutuarekin harremanetan daude.
Epe luzerako helburua, aldiz, lurrak erosi eta memoriaren zentro bat eraikitzea da, garaiko barrakoien errekonstrukzio bat egitea eta ibilbide historikoa osatzea, Jaizkibeletik oinez, bizikletaz edo kotxez pasatzen garen bakoitzean, asfalto horren azpian milaka trabajadoreren izerdia eta odola dagoela ez dezagun ahaztu.
Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]
Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]
"88 urteko isiltasuna nahikoa da; gure herritarrek behingoz aitortza ekitaldi bat merezi dute"
Espainiako eta Frantziako Estatuak “nazio askapen mugimendua ito” nahi dutela ohartarazi du Sortuk, eta Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko militanteen erailketak estatu biek egiten duten “gerra zikinaren parte direla” adierazi du.
Saturraran Elkarteak antolatuta, Oroimen Eguneko ekitaldian batu dira larunbatean 1939tik 1944 bitartean Saturrarango Emakumeen Kartzela egon zen inguruan, bertan preso egondako emakume eta umeak oroitu eta omentzeko.
Egun hartan Espainiako Poliziak bost langile hil zituen eta dozenaka zauritu. Orain, identifikatu gabeko beste zazpi zauritu aurkitu dituela iragarri du Martxoak 3 elkarteak. Oraindik, alabaina, ez dute lortu zauritutako beste 20 pertsona identifikatzea.
Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]
Gaur gauean, urriak 17, 88 urte faxistek Jose Ariztimuño, Aitzol, hil zutena. Fusilamendu pelotoiaren aurrean ez zuela isilik gelditu nahi irakurri berri dut. Soldaduei tiro egitea kosta egin omen zitzaien, behin eta berriz agindu behar izan omen zieten su egiteko. Hala... [+]
“Gaur eguerdiko albistegian, zuen hiriburuko alkatea ikusiko duzue, torturatu gintuen gorputz militarrari hiriko plaza nagusia eskaintzen. Gaur eguerdiko albistegian, gure lagun eta senideak hil zituen egitura ikusiko duzue gure kaleetan desfilatzen. Eta guk, beste egun... [+]
La Cumbre Jauregia biktimen aitortzarako, erreparaziorako eta dibulgaziorako gune bilakatzeko proposamena egin dute memoriaren inguruan dabiltzan hainbat taldek eta Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren senideek. Memoria Demokratikoaren Legearen arabera, eraikina Donostiako Udalaren... [+]
1944an, Stauffenberg-en agindupean, Hitler bonba batekin hiltzen saiatu ziren, soldadu eta herritar alemaniar batzuen artean prestatutako ekintza baten. Hurrengo hilabeteetan naziek 90 pertsona exekutatu zituzten ekintza haren ondorioz.