Aktibista, sortzailea, pianista eta konpositorea da Clara Peya (Palafrugell, Herrialde Katalanak, 1986). Piano ikasketetan graduatua, hamabi urtez Leonid Sintsev izan du irakasle eta, 32 urte izanik, zortzi disko publikatu ditu, dagoeneko. Musikaz haratago, Inpuxibles antzerki konpainia abian du.
Musikaren munduan emakumea izatea zaila dela erraten duzu. Zergatik?
Orokorrean gizarte honetan zailagoa delako emakumea izatea. Argi dago kondizioak ez direla berdinak, eta musikan ere, hainbat eta hainbat dira topatzen ditugun mugak. Hasteko, musika ikasketak gauzatu nituenean, ez nuen sekula emakumezko erreferenterik izan, eta urte askotan, gizonezkoen piezak jotzen aritu nintzen. Agertokietan ere, ikusten nituen artisten %90a gizonezkoak ziren. Abeslariaren zeregina beti egon da okerrago baloratuta eta, hor bai, emakumezkoren bat ikusi zitekeen, musikarekin baino, estetikarekin lotutako perfila zelako.
Emakumea bakarrik ez, aktibista izateak zenbateraino zaildu du zure ibilbidea?
Ate asko itxi zaizkit, baina, bertze horrenbeste ireki. Tira, bizi garen gizarte honetan jendeak isilik egon nahi du, programatzaileak ez baitira konprometitzen. Edozein modutan, erantzun desberdinak jaso izan ditut nik, orokorrean, eta oso gogorra naizen arren, nire diskurtso musikalarekin jende askok konektatzen du.
Datuak kezkagarriak dira: Espainiako Estatuan salmentarik handiena duten kontzertuen %80an ez dago emakumerik, artista nagusi gisa. Zergatik?
Historikoki gizonezkoek aukera gehiago izan dituztenez, ikusgarritasun handiagoa dutelako gaur egun. Beraz, programatzaileen ardura aretoak bete eta dirua egitea bada, errazagoa izango dute gizonez osatutako Txarango, Manel, Els Amics de les Arts edo beste hainbeste talde kontratatuta. Kulturalki emakumeoi ez gaituzte ohitu geure burua saldu, geurekiko konfiantza izan eta sortzaileak izatera eta, argi dago, gauzak aldatzen ari diren arren, eta emakume ahaltsu asko dagoen arren musikagintzan, programatzaileek oraindik dirua lehenesten dutela generoaren ikuspuntua baztertuta.
Nola aldatu daiteke joera hori?
Kuoten bitartez. Paritateak derrigorrezkoa izan behar du, bai edo bai, kulturan. Hori baita orain arteko dinamika aldatzeko modu bakarra. Bada garaia gizonezkoek musikan duten pribilegio espazioan euren tokia uzteko emakumezkoei. Eta gizonezkoez osatutako talde horiek ez lukete onartu behar talde batean parte hartzea emakumezkorik ez dagoen bitartean.
Zailtasunak zailtasun, 32 urte dituzu eta, dagoeneko, zortzi disko publikatuta.
Zortzi disko atera baditut izan da autofinantzatu ditudalako: baliabideak ditut eta, zorionez, babestu nauen familia bat dut nire inguruan, nik ordaindu ahal izan ezean eurek ordainduko zuten. Are gehiago, beti azaltzen dut pianista naizela baliabide ekonomikoak dituen familia batean jaio naizelako. Eta nik piano ikasketak egin ahal izan baditut da, zorionekoa izan naizelako eta ez dudalako kopak zerbitzatzen ibili behar izan. Ezinbestekoa da hori kontuan hartzea, jende guztiak ez baitu hau bere alde.
Eta nire ibilbidean sormenari lehentasuna eman badiot, izan da, batez ere, baliabideak egon direlako. Bestela ez litzateke posible izango.
Historikoki zizelkatuta egon diren estereotipoak hautsi eta emakume menderaezinen figura aldarrikatzen duzu.
Gizarte patriarkalaren aldaketa ezinbestekoa da, eta, behingoz, desberdintasunak aberasten duela ulertzea, denontzako mundu bat eraikiz. Berandu goaz, horregatik aldarrikatzen dut emakume menderaezinen protagonismoa, espazioak okupatu eta ausartak izan behar dugulako. Eta bide honetan gizonezkoek bidelagun izan behar dute, eurek ere espazioak libre utziz.
Urrian Estomac diskoa publikatu zenuen. Nolakoa izan da lan berriaren harrera?
Oso pozik nago sekulako erantzuna jaso dudalako. Genero ikuspegitik amodio erromantikoa deseraikitzen duen bilduma da Estomac. Zortzi edo hamar bat kontzertu egin ditugu jadanik eta aurrerantzean ere beste horrenbeste egingo ditugu.
Zein dira zure erronkak aurrerantzean?
Musikan disko berri bat egiten ari naiz, urte eta erdi barru publikatuko dut, baina dagoeneko mamitzen ari naiz, goxo-goxo. Eta antzerkiari dagokionez, nire ahizparekin batera sortu nuen Inpuxibles antzerki konpainiaren bitartez aktibismo garbia egiten jarraitu nahi dut. Orain Painball izeneko ikuskizuna egiten ari gara, adierazpen askatasunaz diharduen kaleko ikuskizun interesgarria. Eta urtarrilaren 23tik otsailaren 3ra Bartzelonako Teatre Lliuren egongo gara AÜC, indarkeria sexualaren inguruan egin dugun ikuskizunarekin. Martxotik aurrera, azkenik, sufrimendu mentalaren inguruan sortu dugun Suite Toc ikuskizuna estreinatuko dugu Bartzelonako Beckett aretoan. Oso pozik nago ibilbide honetan.
Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Noiz: apirilaren 5ean.
Non: Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxean.
---------------------------------------------------------
Erosketetarako orgatxoa barazkiz beteta egin dut gaztetxerako bidea, eta haiek mozten eman dugu iluntzea... [+]
Poliorkêtês
Kerobia
Autoekoiztua, 2025
--------------------------------------------------------
Azken aldian, lerrootan asko nabil hausnartzen musikak izan beharko lukeen “misio historikoaz” eta abarrez. Eta, nolabait, zer egin beharko lukeen... [+]
Ezagutzen duzue Kneecap filma? Oscar sarietarako hautatu zuten. Belfasteko hirukote baten istorioa da. Kneecap Hip Hop talde ezaguna da gaur egun, eta hizkuntzaren aldeko jarrera (gaelikoa) argia dute, IRAren osteko belaunaldiaren gorabeherak kontatzen ditu filmak; drogak eta... [+]
Joan den martxoaren 7an Maurice Ravel, garai guztietako euskal konpositorerik onena, jaio zela 150 urte bete ziren. Eta ARGIAn omenaldia egin zitzaion konpositore horri, Bolero ospetsuak imajinario kolektiboan izan duen eragina gogoratuz.
Kasualitatez, Deutsche Grammophonek... [+]
'Espetxeak libre' manifestuan adierazi dute Eusko Jaurlaritzak "ataka txarrean" jarri dituela kulturgileak, espetxeetara kultur emanaldiak egitera sartu nahi dutenei dokumentu bat sinatzea eskatzen baitie, eta salatu dute ezin dutela sartu ez sinatuz gero. Kultur... [+]
Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.
------------------------------------------------
Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]
Antifa hardcore
Lee-Kore + Hoben
Autoekoizpena
---------------------------------------------------------
Tamalez ez da ohikoa Arrasaten hardcore kontzertuak egitea, bestelako musika eszenak nagusitzen direlako. Hala bada, joan den larunbatean herriko gazte batzuen... [+]
Hunkituta eta ilusioz egin dut Iruñetik Oronozerako bidea. Maite dut Olaia entzutea, baita hizketan ere. Herriko farmaziaren ondoan autoa utzi eta balkoitik agurtu naute hark eta bere zakur Arak. Grabagailua martxan jarri aurretik, bueltaxka egin dugu frontoira eta Arak... [+]
Bizitza eztia
Verde Prato
Plan B Records, 2024
--------------------------------------------------------------
Ousmane Sembène zinemagile senegaldar ospetsuari galdetu zioten ea bere pelikulak Europan ulertzen ote ziren. Erantzuna, epikoa: “Izan gaitezen... [+]
Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.
----------------------------------------------------
Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]
FITXA
Zer: OLBEk antolatutako Gaetano Donizettiren ‘La favorite’ opera.
Nork: Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (zuzendaria: Riccardo Frizza) eta Bilboko Operaren Abesbatzak (zuzendaria: Boris Dujin).
Noiz: otsailaren 18an.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.