1993an inauguratu zuten Anoeta estadioa, eta 25 urte geroago eraberritze obrak ditugu protagonista. 50 milioi euroko aurrekontua onartu zen 2016an, eta kopuruak gora egin duen arren –60 milioi eurotan kokatzeraino–, horrelako obratzarra egiteko askoz diru gehiago behar da, beste proiektu batzuen kostua eredu hartuta.
Beraz, merkatuko prezioetatik oso behera egindako merkezurreko obra hau zein txanponekin ordainduko da? ELA sindikatuko Eraikuntza arduradun Igor San Josek jarraipen dokumentatua egin du obraren inguruan, eta arau-hausteak salatu ondoren, Lan Ikuskaritzaren eta Gizarte Segurantzaren erresoluzioek hau berresten dute: muturreko lan-baldintzak, dokumentazioen faltsutzea eta langileen legez kanpoko zesioak ohikoak izan dira Anoetan. Horiek guztiak ezagutuko ditugu LARRUN honetan, 25 urteotako ibilbidea biltzen duten datuak eman ostean.
Anoeta estadioa 1993an inauguratu zuten eta, 25 urte geroago, orduko hartan egindako 48 milioi euroko inbertsioa gaindituko duten berritze-obrak dira protagonista. Ez da harritzekoa, beraz, arduradun politikoek nabarmentzea estadio “berria” izango dela kasik. Hainbeste urtean “enbarazu besterik egin ez duen” atletismo pista kendu eta eserlekuak zelaira hurbilduta, hotz antzean zegoen giroa berpiztu nahi du Realak, Aitor Zabaleta animazio harmailan bildu dituzten zaleen bultzadak hauspotuta hein handi batean. Horrek ezin du nahikoa izan, ordea, tamainako obra justifikatzeko. Zertarako handitu eserleku kopurua 32.000tik ia 40.000ra, Anoetako partidetan nekez gainditzen denean 25.000 ikusleko langa? Zer nolako malabareak egingo ditu klubak, zale berriak erakarri eta beherantz zihoan abonatu kopurua geratzeko? Horrelakoak bideratzea Realari dagokiola dio gipuzkoar askok, klubak ikusi beharko duela zer den berarentzat onena, eta eskubidea duela estadioa nahi duen bezala kudeatzeko, bera omen delako eraberritze-kostuaren zatirik handiena ordaindu duena. Egiaz horrela al da, ordea? 60 milioi euroko gastu “ofizialak” utziko duen zuloa klubak estaliko du ia osotasunean?
ELA sindikatuak obrak hasi baino lehen ere maiz salatu duenez, denbora pasa ahala gorantz egin duen aurrekontuak bestelako errealitatea ezkutatzen du. “Zuloa estaliko dutenak langileak eta diru-kutxa publikoa dira”, azaldu digu sindikatuko eraikuntza arduradun Igor San Josek: “Prekarietatea eta iruzurra dira proiektuaren oinarria”. Moyua eta Altuna y Uria enpresek osatutako Anoeta Zelaia Aldi Baterako Enpresa Elkarteari adjudikatu zaio proiektuaren zati handiena (%90), mesfidantza eragin duen lehiarik gabeko prozesua medio, baina irregulartasunen erantzule nagusia Anoeta Kiroldegia sozietatea (Donostiako Udalak osatutakoa) dela esan digu ELAko kideak. Horretan sakondu aurretik, baina, atzera egingo dugu denboran, egoera zertan den ulertzeko lagungarri direlakoan Anoetaren inguruko azken urteotako datuak.
Anoeta estadioa 1993an inauguratu zuten. 32.000 eserleku zituen, eta hura eraiki eta ingurunea birmoldatzeko 48 milioi euro baliatu ziren. Kopuru horretatik %85 instituzio publikoek jarri zuten: Donostiako Udalak 18 milioi, Eusko Jaurlaritzak 13, Gipuzkoako Aldundiak 10 baino zertxobait gehiago, Kirol Kontseilu Gorenak (CSD) 3,6 eta Realak 3. Instalazioak Udalak kudeatzen ditu, Anoeta Kiroldegia sozietate publikoaren bitartez.
Ia inaugurazio egunetik bertatik zelaia inguratzen duten atletismo pistak eztabaida-iturri izan dira, eta urteetan apenas erabili direla ikusita, sektore batzuetatik maiz egin da korrikalarientzako eremua kentzeko eskaera, euren hitzetan harmailak joko-zelaira hurbilduta Atotxa zaharreko giroa berreskuratuko litzatekeelako. Baina dela krisiak eztanda egin zuelako edo instituzioak San Mames Barriara begira zeudelako –Donostia ingurutik interpretatu zen moduan–, proiektuak ez zuen aurrera egiterik lortu, harik eta Realak iragarri zuen arte eraberritze obren zatirik handiena klubak ordainduko zuela.
2016ko abuztuan sinatu zuten Anoeta Kiroldegiak (Eneko Goiak) eta Realak (Jokin Aperribay presidenteak) “hiritarrekin konprometitua” egongo den estadioa berritzeko hitzarmena, obrak 2019ko udazkenean amaitzeko intentzioarekin. Berez, proiektuak jasotzen du estadioak 42.000 eserlekurentzako tokia izango lukeela, baina 39.500 jarriko dituzte, haien arteko espazioa apur bat handituta zaleek “erosoago” ikusi ahal izan ditzaten partidak, Realak azaldu duenez. Zifrak handiegia dirudi halere, aintzat hartzen baditugu taldeak dituen abonatuak eta Anoetara doan ikusle kopurua (ikus 1. eta 2. koadroak; erreportajearen amaieran).
2016ko abuztuan Anoeta Kiroldegiak eta Realak sinatu zuten hitzarmenaren arabera, proiektu osoaren aurrekontua (BEZ gabe) 50,7 milioi eurokoa zen: Anoeta estadioaren eraberritze lanetara bideratuko zen zatirik handiena (44 milioi), eta gainerakoa mini-estadiora (2,8 milioi) eta beste zenbait eraikin eta erakundeen egoitzetara (Ernest Lluch kultur etxea, Kirol Etxea, Gipuzkoako Futbol Federazioa…).
Realak 36 milioi euro jarriko zituen, Eusko Jaurlaritzak 10 milioi eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 4 milioi. Realari dagokionez, zuzenean 24 milioi bideratuko zituen obretara, eta beste 12 Donostiako Udalera mailegu gisa, Anoetaren erabilera eta ustiaketarako kanon bezala. Kontraprestazio gisa, estadioa ustiatzeko epea 2033tik 2067ra arte luzatu zaio Realari. Udaleko bost alderdietatik lau (EAJ, PSE, Bildu eta PP) agertu ziren proiektuaren alde, eta bakarra (Irabazi) aurka.
Hain justu, Eneko Goiak, Donostiako alkate eta Anoeta Kiroldegiko lehendakariak, 2016ko urriaren 11n jakinarazi zuen sozietatearen administrazio kontseiluan Irabazik zuen ordezkari Loïc Alejandro kargutik kenduko zutela –EAJ eta PSEren botoekin–, “estadioaren birmoldaketaren aurka azaldu eta bere jardunak Anoeta Kiroldegiari kalte egin diolako”. Arrazoia da, labur azalduta, Irabazik Eusko Jaurlaritzako Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoari (KEAO) aurkeztutako helegiteak, partzialki onartua izan zenak, baldintza-agiriak aldatzera behartu eta obrak atzeratu zituela.
Hilabeteak pasata, hasierako 50,7 milioi euro horiek haziz joan dira eta, irailean azaleratutako datuen arabera, obren kostua 60 milioi eurotik gorakoa izango da (ikus 4. koadroa). Irabazi alderdiak salatu du igoerak agerian uzten duela benetako zifren inguruko informazio eza, eta ELA sindikatuak San Mames Barria estadioaren kasuan gertatutakoa ekarri du gogora: “150 milioi eurotan egin zen, 225 milioi euroko kostua zuenean, lan baldintza prekarioen, gehiegizko lanaldi eta erritmoen eta 7,5 euro/orduko –baita baxuagoak ere– legez kanpoko soldaten kontura”.
Zifra dantza etengabea da, halere. Hilaren 11ko akzionisten batzarrean Realeko presidente Aperribayk iragarri zuen 36 milioi euro ez, baizik eta klubak 46 milioi jarriko dituela Anoetarekin lotutako hainbat hobekuntza egiteko, eta horri gehitu behar zaizkiola Zubietako instalazioetara bideratutako 8 milioiak. 54 milioi beraz. Kopuruekin zoratzen ari garela esan diogu San Joseri, eta erantzun digu guztia nahasgarri samarra dela, edo nahasgarri egiten ari direla: “Berez, hasierako aurrekontua ezin dute %10 baino gehiago puztu; uztaileko igoerarekin %8,9an geunden jada, eta orain hau… badirudi tranpa nola egin pentsatzen dabiltzala. Ez dakigu zehazki 10 milioi hauek bideratuko ote diren Anoeta estadiora, aparteko zerbait ote den…”.
Iazko maiatzaren 23an hasi zituzten obrak. Gipuzkoako kultura eta kirol diputatu Denis Itxasok azpimarratu zuenez, "klubak hartuko du bere gain obra hau”¸ bere eginez realzale askok erabili duten argudioa tamainako proiektua defendatzeko. “Kasik estadio berria izango dena eraikitzeko hain ekarpen handia egin duen beste talderik ez dago Espainiako Liga osoan”. Estadio “berria”, ia osotasunean klubak ordaindua… Zer du egiatik horrek?
ELAk egindako kalkuluen arabera, kostu “erreala” ez litzateke, inondik inora, 70 milioi euroz azpikoa izango, eredutzat hartuta Donostian egin diren antzeko obretako baldintza, aurrekontu eta lizitazioak. Esaterako, besteak beste, Txomin Enea auzoan adjudikatu zen obra baten harira, sindikatuak dio Anoeta proiektua egin zuen arkitekto eta teknikari talde berak –Izaskun Larzabal buru– sinatu zuela, “oso bestelako prezioekin” ordea, Irutxuloko Hitzako kazetari Inaxio Esnaolak azaldu zuen moduan 2017ko uztailaren 14ko zenbakian. Sindikatuko eraikuntza arduradun Igor San Joseren hitzetan, dagoen diruaren arabera egin zuten Anoeta “eraberritzeko” aurrekontua¸ eta horrek merkatu du lan bakoitza egiteko prezioa, bide emanez “iruzurrari” eta “prekarietareari”, aurrekontuok ez dutelako irabazirako marjinarik ematen. Eta, aintzat hartuta enpresek dirua irabazteko lan egiten dutela, zer espero dute irabaztea obra honen truke?
70 milioi euro, beraz. Horrek esan nahiko luke Realak ez duela %50 jarriko, %33 baizik, kontuan hartuta zuzenean 24 milioi bideratu dituela, eta gainerakoa mailegu gisa, alokairu moduan. Zentzu horretan, “jasoko ez dugun alokairu” bezala definitu du San Josek Realaren eta Anoeta Kiroldegiaren arteko jokaldia. Estadioak izango dituen VIP zonak jarri ditu eredutzat: “Anoeta Kiroldegiak ez du BEZ desgrabatzen. VIP palkoak Realak erabiliko ditu. Nik ere egingo dut nire etxean zona eder bat eta pasako diot faktura Anoeta Kiroldegiari BEZ desgraba dezan. Zer arraio ari gara VIP zonak adjudikatzen?”.
Harira dator futbol taldeek laguntza publikoak jaso ahal izateko Europak markatzen dituen baldintzak aipatzea. Datu saltsa handia dago gai horren bueltako zenbait auzirekin: tokiko erakundeen babesak klub batzuk laguntzen ote dituen besteen kaltean, laguntzak ote diren estadioa berritzeko ala berria eraikitzeko, gehienez aurrekontuaren zein parte kubritu behar duten instituzioek, gizarteari zein ekarpen egingo ote dion azpiegitura horrek… San Josek azaldu digun moduan, Europa hasi zenetik San Mames Barria Estadioaren ingurukoak zorrotzago kontrolatzen, “tranpa” egiteko beste modu batzuk bilatu dituzte klubek, nahiz eta, Realaren kasuan bezala, lau haizetara zabaltzen duten kostuaren parterik handiena eurek hartuko dutela beren gain.
Egungo egoeraren oinarrizko arazoa obraren adjudikazioan bertan dagoela uste du San Josek: “Lizitazio-prezioek ez dute Langileen Estatutua betetzeko ematen. Aurrez pentsatutako lizitazioa da, badirudi kudeatzaile publikoen helburu bakarra dela Realak ahalik eta gutxien ordaintzea". Obren adjudikazioaren irteera prezio “merkeak” bultzatuta, soilik bi talde aurkeztu ziren obrako lehen lotearen lehiaketara : Moyua eta Altuna y Uria enpresek osatutako Anoeta Zelaia Aldi Baterako Enpresa Elkartea (ABEE) eta “protesta” moduan –esleipenaren bideraezintasuna salatzeko– Obegisa-Inviza ABEE, irteera prezioa %15 gainditzen zuen aurrekontuarekin. Lehenbizikoak irabazi zuen, noski. Bigarren loterako lehiaketara ere lau enpresa baizik ez ziren aurkeztu.
“Gauza bat da futbolarekiko zaletasuna edo kolore batzuei izan ahal zaien maitasuna, eta beste bat oso desberdina guztion dirua erabilita egindako iruzur planifikatua”, dio ELAk Anoetari buruz plazaratutako txostenean (pdf). Sindikatuarentzat “onartezina” da obrak lurraldearentzat proiektu handia direla saltzen diguten bitartean, “lurralde” kontzeptu hori bera ez izatea enpresentzako exijentzia, Gipuzkoako eraikuntza hitzarmen kolektiboa aplikatzea egokitzen denean. “Iruzurra, zuri-urdinez margotuta ere, iruzurra izango da”.
2019an bukatuko dituzte obrak, udal eta foru hauteskundeen urtean. San Joseren hitzetan Anoeta da Eneko Goia alkatearen (EAJ) “ikur nagusia”, eta hala jokatzen du, estadioa baliatuz kanpaina egiteko. “Gainerako alderdi gehienak isilik daude, jakitun Reala kritikatzeak botoak ken ditzakeela”, dio ELAko kideak. Agerraldi publikoetan hainbat aldiz esan duen moduan “Realeko presidenteak gehiago agintzen du alkateak eta diputatuak baino”. Realaz ari gara, baina Athleticen kasuan ere gauza bera gertatzen dela azaldu digu, San Mames Barriaren inguruko datuek erakusten duten moduan. Zerrenda nahi bezainbeste luza genezake. Zenbatetan entzun ote dugu, Araban, Alaves eta Baskonia klubetako buru Josean Kerejetak botere handiagoa duela hiriburuko alkateak eta arabar diputatu nagusiak baino?
Hauteskundeetarako arma izan ala ez, merkatuko prezioetatik oso behera egindako merkezurreko obra hau txanpon hauekin ordainduko da: muturreko lan-baldintzak, segurtasunik eza, dokumentazioen faltsutzea eta langileen zesioa ilegalki eginda. Jarraian helduko diegu banan bana.
Anoeta “eraberritzeko” lanak lizitatzeko pleguetan ez zen bermatzen Gipuzkoako Eraikuntzako Lurralde Hitzarmena aplikatuko zenik. Horregatik ELAko arduradun Igor San Jose obrak hasi eta berehala bildu zen (2017ko irailaren 22an) Anoeta Zelaia ABEErekin, eta “baietz esan ziguten, lan hitzarmena aplikatuko zutela, eta azpikontratek ere bai. Ordea, langile gehienek 10-11-12 orduko lanaldia egiten dute egunero, eta orduko 5-8 euro artean kobratzen dute bataz beste, eta hortik aurrera ez dute ez aparteko pagarik, ez oporrik, ez dietarik, ez indemnizaziorik... ”.
San Josek langileek kobratu gabe sartu dituzten ordu estren zenbaki gorriak egin ditu: “Langileek 9-11 ordu arteko lanaldiak egin dituzte, eta larunbatetan ere lan egin dute. 10 ordu eginda egunean, astelehenetik ostiralera hilean 40 ordu estra sartu dituztela esaten ari gara. Eta larunbatetan 5 ordu egin badituzte, guztira 60 ordu dira. Hori 10 hilabetean egin duenak, 600 ordu estra sartu ditu. Astakeria da. Legeak urtean 80 ordu estra egiten uzten du”.
Langileak lana gogor egin ostean galtzen duen dirutza handia da. Adibiderako, pagarik eta oporrik ez kobratzeak soilik, 4.700 euroko zuloa eragiten du langilearen poltsikoan urtebetean. Gehitu horri 600 ordu estren zenbatekoa eta irakurlea ez da harrituko bertako gazteak Anoetako lanetan ikusten ez dituelako. San Josek adibiderako jarri du Mohammed Saee enpresa pakistandarrak gaixorik zegoelako kalera bota zuen langilearen kasua: “3.584 euroko erreklamazioa egin genion enpresari lanean egin zituen 48 egunengatik. Langileari 1.690 euro soilik zioten ordaindua. Pentsa aldea! Eta bai, diferentzia ordaindu dute, enpresak ez duelako epaitegira joan nahi, badakielako zenbat froga ditugun". ELA sindikatuak kalkulatu du, “orain arte atera diren ebazpenak ikusita, enpresek 4,5 milioi euro zor dietela langileei Anoetako obran egindako lanagatik”.
Horrek guztiak esan nahi du Gipuzkoako Eraikuntzako Lurralde Hitzarmenak agindutakoa baino %60 gutxiago kobratzen dutela langileek. Hauen artean pakistandarrak dira zanpatuenak: ia %70 gutxiago kobratu dute.
Baina nola frogatu Anoetako lanak egiten dituzten enpresek ez dutela hitzarmena betetzen? ELAk egunero jarraipen zorrotza egin dio Anoetako eraikuntzari eta horri esker dokumentazio ugari lortu du (lan parteak, langileen nominak, transferentzia, kontratuak...). Dokumentazio horietan ageri da egun bakoitzean zein enpresetako zein langile aritu diren lanean. Langileen nominak eta banku transferentziak eskuan, erraz abiatu zuen Lan Gatazkak Ebazteko Prozedura: “Parteak erakusten du zenbat egunez aritu den langile bakoitza, eta langileen nomina eta banku transferentzietako kopuruak ikusita, zenbakiek ez dute ematen. Hor ikusten da ordua 5-8 euro ordaindu dietela. Froga hauek mahai gainean jarri genituen eta Anoeta Zelaia ABEEk erabaki zuen enpresa hauekin zituen kontratuak etetea: REIS, Maiztzi, EPB, Celema, Vilariño, Mendihotz, Saram Saifi Muhammad...”. Aipatutako pakistandarraren kasu partikularra irabazi ostean, urriaren 16an salaketa kolektiboa jarri zuen ELAk Ikuskaritzan: “Nomina ikuste hutsa nahikoa da konturatzeko ez dutela hitzarmenik betetzen, ez dela eraikuntzako nomina bat. Nomina honekin ikusita aldea zenbatekoa den, kalkulu bera eginda atera daiteke oso erraz gainerakoen kasua, denena antzekoa baita”.
Horrez gain, langileen Gizarte Segurantzako datuek argitu dute EPB enpresak ez duela egindako lana erabat kotizatu: “Laneko parteak esaten zuen langileek hemen hiru hilabete zeramatzatela lanean baina ikusi genuen ez zutela egunero kotizatzen. Larunbata eta igandetan baja ematen zieten, eta astelehenetan berriz alta. Beraz, hilero 22-24 egun kotizatzen zituzten, ez 30”.
Hitzarmena aplikatu ez zaielako salaketa jarri duten 100 langile ingururen kasuan, Gizarte Segurantzak kotizazio diferentziak zehaztu ditu bakoitzarentzat eta enpresak (Vilariño, Azurex-Habitat eta Eraieder) behartu ditu kantitate horren arabera kotizatzera. Langileei iritsi zaizkie jakinarazpenak, kotizazioak aldatu egin direla. Baina orain langilea da enpresari bere zatia erreklamatu behar diona. San Josek penaz dio langile erdiek ez diotela enpresari dagokien dirua eskatuko, “beldurra dutelako”.
Obraren promotorea den Anoeta Kiroldegiarekin uztailaren 12an bildu zen lehen aldiz ELAko Igor San Jose. Horrela kontatu du bertan izandako elkarrizketa: “Harritu aurpegia jarri zuten gertatzen ari zena azaldu nienean. Esan zidaten haiek pertsona bat kontratatu dutela lan baldintzen gaia eramateko eta ez dutela hainbeste ikusi... Nik esan nien 'goazen behera, eta ekarri iezadazu pertsona bat, bakarra, hitzarmena aplikatzen zaiona'. Erantzunik gabe geratu ziren. Azaldu nien nominez-eta nuen informazioa, eta ez zekiten non sartu. Urrian Lan Gatazkak Ebazteko Prozedurara jo genuen , eta nik dudan dokumentazio ugari eman nien. Azaroan azken aldiz bildu ginen obraren promotorea den Anoeta Kiroldegiarekin eta bertan esan ziguten dokumentazioa aztertzen jarraitzen zutela zer neurri hartu erabakitzeko”. ELAk ahal den azkarren erantzun bat ematea exijitu dio.
San Josek oroitarazi du obra berez kostatzen dena baino askoz merkeago egitearen ondorioa direla langileen baldintza larriak: “REIS enpresak berak onartu zuen ez zuela hitzarmena betetzen eta Anoeta Zelaia Aldi Baterako Enpresa Elkarteak ordaintzen zionarekin ez zuela aukerarik hitzarmena aplikatzeko”. Sakonean motibo bera eman zuen Azurex-Habitatek, San Joseren hitzetan: “Ez zuela hitzarmena betetzen frogatzera joan ginen eta hitzarmenetik deslotzeko eskaera aurkeztu ziguten, baina horretarako zerbait alegatu behar da, eta 'kausa ekonomikoengatik' zela adierazi zuten. Hori guri arrazoi ematea da: obra honen aurrekontuak ez du ematen”. San Josek UTEkoei deitu zien jakinaraziz deslotzea onartuz gero ELAk epaitegira joko zuela: “Deiren bat jaso behar izango zuen Azurexek, berehala erretiratu baitzuen deslotze eskaera”. San Josek Azurexi bilera eske deitu zion, baina enpresariak ulertu zuen promotorearekin ari zela hizketan. Hauxe izan zen bien arteko elkarrizketa bitxi bezain argigarria: “Iritsi zait jakinarazpena, deslotze eskaera erretiratu duzula” San Josek, eta Azurexeko arduradunak erantzun “ados, baina berdin jarraituko dut e! ”.
San Josek galdetzen du ez ote den ezinbestekoa lan baldintza eskandalagarri hauen aurrean bestaldera begiratzea, promotoreak diren Realak eta erakunde publikoek ere: “Nork egingo luke obra prezio hauetan, gainera legea aplikatzea exijitzen ariko balitzaie? Eta noski, Ikuskaritzak ez du ekiten, eta ekiten badu da dagoeneko ez dakielako non sartu”.
Ikuskaritzaren aurrean frogatu zuen ELAk Maiztzi enpresak 31 langileren mediku azterketak faltsutu zituela. Langileek hitzez esana zioten San Joseri inongo froga medikurik pasa gabe hasi zirela Anoeta eraberritzeko lanetan. Froga hauen garrantzia azpimarratu du sindikatuko arduradunak: “Arrisku handiko lana da, pentsa langile horrek bertigoak baditu edo beste edozein zailtasun. Azterketa fisikoen arabera lan horretarako gaitua den edo ez egiaztatu behar du mediku batek”.
Mediku frogen agiria eskatu zion enpresari, eta honek erakutsi. “Baina langileak ez duela froga egin esaten badit, nik beti langileari sinesten diot. Ikuskaritzan salaketa jarri nuen, ikuskariak deitu zuen medikua eta honek esan zuen hura ez zela bere sinadura”. Maiztzik faltsutu egin zituen logoa, menbretea, mediku espezialistaren firma... eta enpresa kanporatua izan zen proiektutik.
Enpresa obratik kaleratuta ere, San Josek dio jaso duen isuna eskandalagarria dela: “Ikuskaritzak proposatu zuen isuna eta Lan sailak erabaki: 20.491 euro ordaintzea dagokio Maiztziri. Legebiltzarrean esan nuen, lotsagarria dela eta aiptu nien ereIkuskaritzak esandakoa: dokumentu bat faltsutzea, edo 31 edo 100 faltsutzea, isuna bera da. Entzun egin behar da hori! Horrela bada, berriro gertatuko da. Froga medikua egitea 50-70 euro kostatzen da. Denbora irabazteagatik faltsutu zuten, diruagatik baino gehiago. Presaren kontuak dira”.
Maiztzi ez da bakarra: lau enpresa dira mediku azterketak faltsutu dituztenak eta guztira 130 lagunetik gora egin dute lan Anoetan, dokumentazioa faltsututa. Saram Saifi Muhammad, Ararat eta Garbiondo dira beste enpresak: “Estreinatu aurreko egunetan Anoeta garbitzeko Bilbotik etorri zen jendea, Garbiondo enpresarekin. Prezioa oso merke bota zuen. 5 eguneko lana zen, eta 50 langile baino gehiago etorri ziren, mediku azterketarik pasa gabe, dokumentuak faltsututa”.
Eraikuntza lanen zati nagusia Altuna y Uria eta Moyua enpresek osatutako Anoeta Zelaia Aldi Baterako Enpresa Elkarteak (ABEE) eskuratu zuen. San Josek ziur esan du: “Enpresa hauek bere langileekin egin balute, eraikuntza ez zen aurrera aterako. ABEEak gutxienez 100 langile behar zituen obra honetan, baina sortu zenean bat edo bi zituen, eta orain 10 ditu. Beraz, lana azpikontratatu dute. Baina legez ezin da edozer azpikontratatu, lan zehatz eta kualifikatuak baizik. Azpikontratatutako enpresa horiek beren erremintekin etortzen dira, bere materialarekin, bere enkargatuarekin, eta obraren barruan bere lanez soilik arduratzen dira. Aldiz, Anoetan azpikontratatu dena eskulan merkea izan da, Altuna y Uria eta Moyuako enkargatuen aginduetara egoteko”. Azpikontratatzeko motiboa ezaguna da, baina San Josek zenbateko zehatzak eman ditu: “Altuna y Uria eta Moyuari bere langile baten ordua 25 euro kostatzen bazaio, azpikontratatutako enpresek langileak jartzen dituzte orduko 12 eta 16,5 euro arteko e lan sariaren truke". Hori “zesio ilegala” da eta ELAko kideak adierazi du Anoetako langileen %70 iruzurrezko kontratuarekin aritu dela lanean.
Berriz ere obrako parteak hartuta eta langileei argazkiak aterata, ELAk lortu zuen frogatzea zesio ilegala egiten ari zirela: “Argazkitan ikusten da enpresa ezberdinetakoak izanik elkarrekin lan egiten zutela, dumperrak eta erreminta berak erabiltzen zituztela txandaka, ABEEarenak izan behar zuten ohiko lanak zirela hauek egiten zituztenak... ”. Anoeta Zelaia ABEEko enkargatuak egunero sinatzen dituen parte horietan ikusten da nola dagoen antolatua obra, San Joseren hitzetan: “ABEEak orduka azpikontratatzen ditu beste enpresak. Obrako partean, ABEEko enkargatuaren sinadurak akreditatzen du egun bakoitzean zenbat ordu sartu dituen enpresa bakoitzak, ondoren enpresak egindako lanaldien arabera kobratu dezan. Horrek adierazten du, Anoeta Zelaiak bere langileak erabili beharrean beste enpresa batekoak erabili dituela”.
Uztailaren 16an jakinarazi zien Ikuskaritzak Anoeta Zelaia ABEEri eta ELAri langileen zesio ilegala egin zela. Kasu horietan, langileek aukera dute bere enpresan finko moduan geratzeko edo bestela azpikontratatu dituen ABEEra pasatzeko. Sei langilek Anoeta Zelaia ABEEra pasatzea erabaki zuten abuztuaren 1ean, eta beren lan baldintzak nabarmen hobetu ziren: egunean 10 ordu lan eginda 1.400 euro kobratzetik, egunean 8 ordu lan eginda 1.900 euro irabaztera pasa dira. Irailaren 19an Ikuskaritzak argitaratutako ebazpenak Anoeta Zelaia ABEEri 25.001 euroko isuna ezarri zion, eta Vilariño enpresari beste hainbestekoa. “Oso gutxi da”, San Josek dioenez: “Soldata diferentziak erreklamatu dituzte langileek, garai hartan zesio ilegalagatik gutxiago kobratu zutena berreskuratzeko, eta diferentzia dagoeneko 50.000 eurotik gorakoa da”. Baina Ikuskaritzak Vilariño enpresaren kasuan arrazoi eman dienez, ELAk antzera dabiltzan beste enpresei jarri die salaketa: “Eraieder, Tecozam, Azurex-Habitat eta Sober de Obras. 70 langilez ari gara”.
“Prezio eta epe hauekin segurtasuna errespetatzea zaila da” esan du San Josek. Jarraian kontatu duenez, abenduaren 27an, futbol zelaiaren atzean zegoen lonaren erdia erori egin zen, haizeak botata. 70 metro zabal eta 9 metroko altuera zituen. Zelaiaren atzealdeko obrak estaltzeko edergarri jarritako lona zen. Oihalak berak bere pisua izango bazuen ere, ez da makala oihalari eusten zion burdinazko egitura haizeak bota izana. Kontuan izanik, inguruan etengabe ari zirela langileak lanean.
San Josek adierazi duenez, “ez zen kasualitatea izan lona erori izana. Hasieran, lonaren burdinazko egitura bermatzeko, atzealdean euskarriak zituen lurrera josita. Eraikuntza aurreratu ahala, atzeko aldea zulatzen ari ziren, eta iritsi zen unea lonari eusten zion atzeko egitura kendu behar izan zutena. Istripuaren egunean, erabat kenduta zegoen egitura. Horregatik bota zuen haizeak burdinazko euskarria eta oihala”.
San Jose Anoetara bertaratu zen egitura erori zela jakin orduko, eta bertan aurkitu zuen panorama salatu du: “Ez zegoen Ikuskaritzako inor, eta ikusten nuen langileek lanean jarraitzen zutela. Kamioiak zebiltzan atzera eta aurrera. Zer gutxiago, zona hori geratu eta egitura zergatik erori zen ikustea baino, beste erdia erortzeko arriskurik ba ote zegoen frogatzeko? Guk deituta etorri zen Ikuskaritza obrara. Eta berez enpresak deitu behar zion, kalte materialak zeudelako. Biharamunean salaketa jarri nuen”.
Biharamunean ere hartu ziren neurriak ez zitzaizkion taxuzkoak iruditu San Joseri: “Kamioiek lanean jarraitzen zuten bertan. Kargu hartu nien, eta 'ingurua kordonatzeko' agindua emana zutela erantzun zidaten. Kordonatzea zer da, lurrean lau kono jartzea? Berriz jarri nuen salaketa, Ikuskaritzari kasu zipitzik egiten ari ez zitzaizkiolako. Jaso nuen erantzuna izan zen araudia jarraituz jokatu zutela. Beraz, zer esan behar diet langileei? Segurtasuna bermatu dutela dagoeneko? ”.
Langileez gain, jokalariak eta futbol zaleak ere arriskuan jarri dituztela azaldu du San Josek: “Irailaren 15ean ireki behar zen Anoeta, Barçak jokatzen zuelako. Derrigor bukatu beharra zegoen ordurako. Gogoratu behar da Ligak eskaini ziola bi aste gehiago atzeratzea lehen partida, baina bai zera! Beraz, eroen moduan aritu ziren lanean azken txanpan. 10-15 egun lehenago hormigonatzen ari ziren eta hormigoiak 28 egun behar ditu lehortzeko. Teknikariek esan zidaten: '10 egunean jada hartzen du gogortasunaren %70, eta %100 gogortzeko prozesua mantsoago doa, eta horregatik behar dira 28 egun'. Ados, adieraziko dugu 10.000 pertsona egongo diren harmailetan gogortasuna %70ekoa dela, orain hormigonatzen ari zaretelako? erantzun nien". Ligako lehen partidarako harmaila denak ez zeudela erabat bukatuta esan du San Josek, eta gune horietan ertzetako hesiak 2 torlojurekin lotu zituztela 4rekin egin beharrean: “Kasu batzuetan ezta hori ere! Pentsa istripurik izan balitz”.
Hori gutxi balitz, Anoetan gaztetxoek jokatutako lehen partida, estadioak erabilera baimena jaso baino lehenago egin zutela salatu du San Josek: “Donostiako Sozialistak udal taldearen txioa da froga. Haserre egon behar zuten goiz horretan EAJko politikariek argazki alderdikoia atera zutelako Anoeta eraberrituan, eta erantzun modura sare sozialetan zabaldu zuten mezua, Enrique Ramos zinegotzi sozialistak ostiralean, irailaren 14an zuela aurreikusia Anoetari irekiera baimena ematea. Bada ostegunean Errealeko kadeteek partida jokatu zuten eta oraindik estadioak ez zuen lizentziarik! Eta ostiral goizean Errealak Anoetan entrenatu zuen. Han nintzela, udaleko teknikoak etorri ziren eta eraikuntzaren arduradun bati esan nion 'ez zarete lanean ariko, ezta? Erreala jokatzen ari da, eta orain ari zarete erabiltzeko moduan ote dagoen frogatzen?'. Arratsaldean argitaratu zuen sare sozialetan Enrique Ramosek lehen aldiz erabiltzeko lizentziaren argazkia. Baina ordurako estadioa bi bider erabilia zuten”.
Anoetako obretako gora-beherak egunero bertatik jarraitu dituen San Josek ondorio hau atera du: “Epeak eta irudiak guztiaren gainetik daude, baita segurtasunaren gainetik ere”.
2018ko martxoan 25.016 bazkide zituen Realak; bakarkako 22.707 abonatu eta gainerakoak korporatiboak –taldearekin harreman komertzial-instituzionalak dauzkaten enpresa eta erakundeenak–. Realaren asmoa da 2019/20 denboraldia 30.000 abonaturekin hastea, baina horretarako azken urteotako tendentzia kolpetik aldatu beharko du, kopurua beherantz ari zelako etenik gabe. Azken 15 denboraldietako abonatu zifrarik altuena (27.888) 2003koa da; estreinakoz urte hartan jokatu zuen Realak Txapeldunen Ligan.
Egiari zor, kopurua hazi egin da hilabeteotan: pasa den maiatzeko datuen arabera klubak 27.700 bazkide baino gehiago zituen; eta hilaren 11n Aperribay presidenteak jakinarazi du banakako 26.338 bazkide dituela Realak, 29.575 orotara, korporatiboak –itxaron zerrendan daudenak barne– ere gehitzen baditugu. Kopurua hazi bada, eraberritzeak –pistak kentzeak– berez erakarri dituen zaleak albo batera utzita, bereziki izan da gazte eta familientzako prezio merkeagoengatik.
Realak ezinbestekoa baitu zaleen artean “fitxaketa” berriak egitea, ez soilik obren neurrira egokitzen hasteko, baita telebista eskubideengatik diru gehiago jasotzeko ere. Eskubideon %50 banatzen da Espainiako lehen mailako 20 taldeen artean –bakoitzari puska bera–, eta %25 klub bakoitzak sailkapenean lortutako postuaren, %8 audientzien eta %16,5etik gora saldutako sarreren eta abonuen bitartez lortutako irabazi ekonomikoen arabera. 2016-17 denboraldian 1.246,7 milioi euro banatu ziren ikus-entzunezko eskubideengatik, eta horietatik 53 milioi jaso zituen Realak. Futbol kontuetan (ere) auzokoari begira bizi garenez, Athletic-ekiko duen desabantaila murrizteko Realak aspalditik duen asmoa gauza dezakeela nabarmendu du zenbait kirol kazetarik, Joseba Iturriak esaterako martxoaren 26an Gara egunkarian plazaratutako analisian. Izan ere, aipatu denboraldian 71 milioi euro jaso zituzten zuri-gorriek, nabarmen diru gehiago Osasunak (43 milioi), Eibarrek (42 milioi) eta Alavesek (39 milioi) baino, hurbileko kasuak aipatzearren.
Abonatu kopurua urtez urte
1993: 16.130
1994: 19.117
1995: 19.527
1996: 21.025
1997: 22.900
1998: 23.956
1999: 26.933
2000: 26.257
2001: 25.633
2002: 26.157
2003: 27.888
2004: 27.535
2005: 25.453
2006: 22.242
2007: 20.636
2008: 20.998
2009: 19.770
2010: 21.341
2011: 25.469
2012: 25.238
2013: 24.716
2014: 26.402
2015: 25.019
2016: 23.213
2017: 22.830
Iturria: El Mundo Deportivo
Azken denboraldietan norbanako/bakarkako abonatuen datuak hartu dira aintzat, korporatiboak albo batera utzita.
Anoeta birmoldatzea “ezinbestekoa” zen beraz zale berriak erakartzeko, baina ez da nahikoa. Estatuko beste futbol zelai batzuetan gertatutakoak ikasgai izan beharko luke. Bartzelonan, Vigon, Bilbon… estadioak berrituta ere, ikusle eta bazkide kopurua lehen kolpean hazi egin zen arren, beherantz jo zuen gero, RealSocialismo! taldeko kide Oier Marigilek nabarmendu duen bezala pasa den abuztuan hainbat hedabidetan plazaratutako idatzian. Espanyol taldeak 35.000 abonatu bazituen 2009an Cornellá –40.000 lagunentzako estadioa– estreinatu zuenean, 25.000 inguru –eta 19.000 ikusle– ditu gaur egun. Athleticen kasuan, San Mameseko (53.000 eserleku) ikusle kopurua 42.000tik 38.000ra jaitsi da bi urtean. Anoetako datuak are kaskarragoak dira.
Denboraldi honetako zifrarik altuena lehenbiziko partidakoa da: Bartzelonaren aurkakoak 26.756 lagun erakarri zituen. Gainerakoek 25.000 ikusle baino gutxiago bildu dituzte, estadio berriak izango dituen 39.500 eserlekuen azpitik nabarmen. 2016-17 denboraldian, eta aurten ere bidean doa, Anoetak zuen edukieraren %66,81 bete zen etxeko partidetan. Espainiako Ligako bosgarren emaitzarik txarrena da hori. Kasu, Alavesek %79,50 bete zuen Mendizorrotza estadioa, Athleticek %77 San Mames, Eibarrek %75 Ipurua, eta Osasunak %74,75 Sadar.
Ikusle kopurua (2018-19)
· Barça (09-15): 26.756
· Rayo (09-26): 21.510
· Valencia (09-29): 23.577
· Girona (10-22): 20.997
· Sevilla (11-04): 24.882
· Celta (11-26): 17.744
· Celta (12-05): 21.000 (Errege Kopa)
· Valladolid (12-09): 23.260
Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.
Jokin Aperribay Real Sociedadeko presidenteak azaldu du gertaturikoa “argitzeko” eskatu diola Polizia autonomikoari. Zauritutako Amaia Zabarteren familiak klubari egotzi dio publikoki ez gaitzestea erasoa.
Realak Israelgo Tel Aviv-eko Maccabiren kontra jokatuko du ostegunean Belgradon. Segurtasun arazoak direla-eta, ez dute Israelen jokatuko. Talde txuri-urdineko zaletu batzuek Realari eskatu diote Palestinaren aldeko keinuren bat izateko, baina Jokin Aperribay presidenteak argi... [+]
Realeko futbol taldeko entrenatzaile Imanol Alguacilek, Nizan, Europako Ligako partiduaren aurretik eskainitako prentsaurrekoan euskarazko hedabideei euskaraz erantzuten ari zela, hainbat kazetariren kexa entzun behar izan du. Duela astebete antzeko egoera gertatu zen... [+]
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak orain arteko bertsioari eutsi dio. Bestalde, esan du Amaya Zabartek, martxoan PSGren kontrako futbol partiduan Anoetan larri zauritutako Realeko zaleak, ez zuela bere deklarazioan aipatu ertzain batek ostikoa jo zionik.
Lurrean zela, polizia batek Realeko zaleari ostikoa jo ziola ikus liteke Ertzaintzak bere ikerketan erabilitako bideoetako batean, Noticias de Gipuzkoa-k zabaldu duenez. Martxoan, Realaren eta PSGren arteko Donostiako futbol partidaren testuinguruan izandako istiluetan zauritu... [+]
Emakumea Donostia ospitalean ingresaturik dago, foam jaurtigaiak buruan jo eta odol isuria eragin ostean. Realaren eta Paris Saint Germainen arteko futbol partiduaren aurretik polizia agenteek egindako kargetan zauritu dute. Ertzaintzak barne ikerketa zabaldu duela jakinarazi... [+]
Bultzada Realaren jarraitzaile taldeak jakinarazi duenez, ez da joango ostiraleko Vila-realen kontrako partidara, eta Aitor Zabaleta harmaila itxita mantenduko du, jasaten ari den “errepresioa” salatzeko.
Ostiralean 25 urte beteko dira Ricardo Guerra faxistak Aitor Zabaleta Realeko jarraitzailea hil zuenetik. Zabaletaren oroimenez eta faxismoaren aurka, manifestazioa antolatu du Bultzadak Donostian.
Martxoaren 16an izan zen norgehiagoka, eta istiluak izan ziren bi taldeen arteko zaletuen artean. Orduan hiru lagun atxilotu zituen, eta Ertzaintzak jakitera eman du operazioa zabalik dagoela eta atxilotu gehiago egon daitezkeela.
Iñaki Badiola Realeko presidente ohia akusatuen aulkian eseriko da asteartetik aurrera. Fiskaltzak 66 urteko espetxe zigorra eskatu du berarentzat, Gipuzkoako politikari, epaile eta kazetarien aurkako ustezko irain eta kalumniengatik. Epaiketa hainbat egunez luza... [+]
Reala euskara hutsezko prentsaurrekoak egiten hasi da dagoeneko gizonezkoen lehen taldeko jokalariekin, eta laster hasiko dira emakumezkoen taldekoak ere. “Horrela, aldian-aldian, Realeko lehen futbol taldeetako jokalariek ohiko prentsaurrekoak euskara hutsean eskainiko... [+]
Realeko Administrazio Kontseiluak jakinarazi du klubak ez duela ABEEE Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienterik (gaztelaniaz ERTE) proposatuko, eta gizonezkoen lehen taldeko jokalarien soldata %20 murriztuko dela (%5 baldin eta Liga amaituko balitz). "Erabaki horrek... [+]
Realaren hockey eta futbol taldeek hiriko aitorpen nagusia jaso dute astelehen eguerdian alkatearen eskutik. Emakumezkoen kirolak gizartean merezi duen lekua aldarrikatu eta orain arteko bidea egin dutenen lana eskertzeko baliatu dute saria.