“Euskara irakasten baino gehiago jendea kontzientziarazten saiatu nintzen”

  • Alkizan jaioa da baina Beterrin gabe, Goierrin egin du bizialdia Pello Joxe Aranburuk. Hiazinto Fernandorena Setien zenari segika, euskararen arloan lan egin zuen, estu, 60ko hamarkadan, eta lasaitu ederra hartuta, berriz, Franco diktadorea hil ondoko garaian.

Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.
Pello Joxe Aranburu Ugartemendia (Alkiza, 1936)

Apaiz ikasketak egina Saturraran eta Donostiako apaiztegietan. Ezkio-Itsasoko Alegi auzoan izan zuen lehen apaiz destinoa. Baserri Gaztedi eta Herri Gaztedi mugimenduan lan egin zuen. Apaiz langile izan zen, lantegian, gau-eskoletan, Goierriko Euskal Eskolan eta Lazkaoko Maizpiden. Irakasle jardun zuen urte askoan, erretiratu zen arte. Hainbat liburu ditu eginak. Gaur egun, mintzalagun talde bat gidatzen du Zizurkil bizitokian, eta hitanoa ere irakasten ari zaio besteren bati. Ahotsak.eus webgunean bildua dute Pello Joxe Aranbururen lekukotasun bizia.

Zer ari zara, hizlari txarra zarela esanez?

Bai, bada, txarra naizela hizlari.

Idatziz beharko genukeen, hortaz. Hainbat liburu idatzia zara.

Hogeitik gora.

Abade izan zinen...

Eta banaiz! Oraindik ez dut izate hori galdu.

Hizlari txarra, diozu, baina abade ikasketen barruan zen erretorika.

Donostiako apaiztegian guri euskara galarazten saiatu ziren. Galarazten. Jaime Sáez genuen erretore. Zioen, euskara baserritarren hizkuntza zela, ez zuela balio, ez zela hizkuntza kultua. Jendaurrean esaten zuen hori.

1936an jaioa Alkizan zu, Urruzola baserrian.

Gerra aurrekoa naiz. Gurean karlista ziren, ez dago dudarik, baina, gerra garaian, Errepublikaren aldekoek ordu artean alkate egin zuena kendu, eta gure aita jarri zuten. Bere ideiak bazituen gure aitak, baina ez zuen etxean askorik esaten. Anaia bat bazuen Donostiako Ogasunean lan egiten zuena, idazkari, eta gure aita haren menpe zegoelakoan nago.

11 urte zenituela hil zitzaizuen aita, istripua tarteko.

Eta jakin berri dut nola gertatu zen. Donostian hil zen, delako anaia horren etxean, eta gorpu ekarri zuten etxera. Akordatzen naiz leihotik nola ikusi nuen, anaia zaharrena eta biok begira geundela. Kontua da aita ehiztaria zela, erbi zalea, eta erbiaren atzetik ehizean zebilela hil zela, zaldi gainetik erbiari tiro eginda... Aita hil zenean, etxean niretzako soluzioren bat asmatu behar izan zuten, eta apaiztegira bidean jarri ninduten, erabat. Bazen apaiz bat, On Anjel Garmendia, Alkizakoa, Aretxabaletan zegoena. Hari zerbitzatzen lan egiten zuen gure izeba batek, eta haraxe eraman ninduten ni, gramatika ikastera, gaztelania, apaiztegira sarrera izan nezan.

Eta sartu zinen.

Baina ez lehenengoan. Urtea eman nuen gramatika ikasten, apaiztegira sartzeko azterketa prestatzen. Sarrera froga egin, eta ez nuen gainditu. Orduan, beste urte bat egin nuen sarrera froga hura prestatzen, baina Donostian, Miraconchan. Bazen mojetxe bat, eta hantxe. Azterketa bigarrenez egin, gainditu, eta Saturraranera. Han irakasle ziren Emiliano Iturraran, Andoni Basterretxea, Anton Garro, Juan Beristain... euskaltzale eta abertzale porrokatuak. Dantzak, ohiturak, kantuak... ikasi genituen Saturraranen. Akordatzen naiz On Andonik [Basterretxea] esaten zigula apaiz baino lehen ere, gizon izan behar ginela. Pertsona, alegia. Gu baino ikasle zaharragoak ziren, berriz, Joan Mari Lekuona, Juan Mari Aranalde, Joanito Dorronsoro, Hiazinto Fernandorena Setien... Ni, adibidez, Hiazintok zuzendu ninduen, geroago, nire bidean.

Saturrarandik atera eta Donostiako apaiztegira eraman zintuzteten.

Bai. Saturraranen lau urte eder eman eta gero, Donostiara. Kartzela zen hura. Saturraranen beti genuen futbola, beti hondartza... Donostian, horrelakorik batere ez. Hala ere, apaizgai gazteen artean bazegoen ezinegona. Lukax Dorronsoro, Jexux Gaztañaga, Juan Mari Aranalde, Hiazinto... haiek borroka asko egin zuten euskararen alde. Eta Boga, boga kantu liburua ere hantxe atera zen. Hiazinto, Boni Urkizu eta Iñaki Ugalde ibili ziren horretan.  

24 urte zenituela apaiztu zinen eta Ezkio-Itsasoko Alegi auzora destinatu zintuzten. Apaiztegiko kartzelatik, mundura.

24 urterekin apaiztu bai, baina urtebete egin nuen gotzainak destinorik ematen ez zidala. Bitartean, Alkizan egon nintzen, etxean. Jaime Font Andreu zen Donostiako Elizbarrutiaren gotzaina orduan. Urte erdia zain pasatu eta protestan joan gintzaizkion zenbait apaiz gazte, destino gabe geundenak, ez nintzen-eta ni bakarrik. Egoera berean ziren Felix Ormaetxea eta beste batzuk. Gotzainari joan, eta haren erantzuna: “Hamabik jaten duten lekuan hamahiruk ere jaten dute!”. Ordezko kartutxoak ginela esan zigun. “Ordezko kartutxoak!”, Font Andreuren hitzak. Zenbait apaizek Font Andreuren hitz horien berri emateko eskatu zidaten orduan, baina ez nuen kontua zabaldu.

Argazkia: Zaldi Ero.

1960an apaiztu zinen, eta urte hartakoa da hemengo 339 apaizek egindako eskutitza, non euskal kulturaren zapalkuntza salatzen baitzuten.

Bai. Gerora jakin nuen eskutitz horren berri. Dena dela, Alegira joan nintzenean, destinoa hartuta, han zegoen abadea, Ramon Aranburu, zigortuta zegoen, eskutitz huraxe sinatu zuelako. Giroa laster aldatu zen, handik gutxira, Bigarren Kontzilioarekin. Joan XXIII.a gertatu zen aita santu, eta orduantxe. Kontzilioak herriaren hizkuntzan hitz egin beharra ekarri zuen, eta hori guretzat lasaitu ikaragarria izan zen. Liturgia euskaraz abiatzea, sermoiak euskaraz egitea... Gauza handia izan zen. Eta, horrela, giro horretan, alfabetatzera egin nuen, Hiazintoren bitartez. Bestalde, Kontzilioak ekarri zuen mugimenduarekin batera bazen besterik ere, Valentin Zamorak-eta abiarazi zutena.

Baserri Gaztedi, edo Herri Gaztedi.

Bai. Ekintza Katolikoaren barruan zegoen mugimendua. Valentin Zamora zebilen buru Baserri Gaztedin, baina ondoan zuen Jaime Sáez, apaiztegiko erretore hura, zaintza lanetan. Badaezpada ere. Baserri Gaztedi zela eta, Donostiako apaiztegian biltzen ginen abadeok, Ekintza Katolikoaren babesean. Mordoxka biltzen ginen. Gu, Gipuzkoan, baina Bizkaian ere bazen mugimendua, Herri Gaztedi. Geroxeago, 1966an, fabrika lanean hasi nintzen. Egun berean hasi ginen fabrikan hiru apaiz: Karlos Lamikiz, Hiazinto eta hirurok. Elkarrekin hitz egin, adostu, kontaktuak baliatu, eta fabrikan hasi ginen 1966ko Pilarika bezperan. Herri txiki bana behar genuela erabaki genuen, lantoki txiki bana, fabrika handi batean lanean hasteko prestatuta ez geundela iritzita. Halaxe esan genion geure buruari, eta halaxe hasi ginen lanean. Hiazinto Ampo kooperatiban hasi zen, Idiazabalen. Lamikiz, Beasainen, herrian bertan, lantegi txiki batean. Ni, Ormaiztegin hasi nintzen, LETAG lantegian.

Zergatik hasi zineten fabriketan lanean? Zergatik apaiz eta langile?

Langileekin bat egin nahi genuelako. Beste bat garai hartan gu bezala lanean hasi zena, Iñaki Larrañaga, Siadecokoa. Gotzaindegitik jasotzen genuen estipendioa, dirua, ikastolari ematen genion. Horrelaxe erabakita geneukan, estatua-eta, eliza-eta, puskatu egin behar genituela, horrek ez zuela gure pentsamenduaren barruan sarbiderik. Horren kontra egin genuen, lehenbiziko momentutik bertatik. Garai hartan asko izan ginen lanean hasitako apaizak, asko. Batzuk fabrikan, beste batzuk ikastola inguruan...

Langileekin nahi zenuten, langile izan zineten, abade izateari utzi zioten askok.

Askok abadetza uztea etorri zen, bai. Abade izateari uztea etorri zen lehenengo, eta, gero, ezkontzea. Bolada izan zen. Sakramentinoak, pasiotarrak, beneditarrak, frantziskotarrak... askok utzi zioten abadetzari.

Eta zer moduz fabrikako lanean?

Ondo. Akordatzen naiz ni fabrikan lanean hasi bezperan nagusiak langileei esan ziela hurrengo egunean apaiza izango zutela lantokian, beraiekin batera lanean. Esan egin zien. Sotana eta guzti joan nintzen lanera lehenengo egunean. Baina segituan erantzi genuen hura lanerako. Gainerakoan, Alegi auzoan [Ezkio-Itsaso] beti ibiltzen nintzen sotana jantzita. Han “On Pedro” nintzen. Kar, kar... Lanean hasi ginenean ondo hartu gintuzten langileek, oso ondo ere. Lehenengo egun hartan, akordatzen naiz Lasa eta Garmendiako hiru nagusiak etorri zitzaizkidala eguerdian, hitz egitera. Ni, berriz, izerditan blai nengoen, jo eta ke lima lanean. Goiz partean egiten genuen lan, zortzietatik eguerdiko hamabiak arte. Arratsaldean, euskara zen gure lana.

Ikastola eta gau-eskolak abian ziren ordurako?

Bai, bada! Goierrin lehenengo ikastola, edo lehenengoetakoa, Lazkaokoa izan zen. 1963an sortu zen. Eta hantxe zebilen ordurako Hiazinto, buru-belarri hantxe sartuta. Gau-eskolak ere baziren, orduan edo geroago, eta han ere ibili ginen. Rikardo Arregi ere ezagutu nuen. Andoaindarra. Eta ni asko ibiltzen nintzen Andoainen garai hartan, han nuen-eta familia. Rikardo Arregi... Mendaron hil zen, auto istripuan.

Zu gau-eskolan irakasle, beraz, zeure burua alfabetatua zenuena.

Lantegi zaila zen hura. Eskola emateko materiala behar, eta ez genuen behar genuenik. Hasieran, Patxi Altunaren Euskera, hire laguna metodoa erabiltzen genuen. Beste ezer ez genuen. Azkenean, geuk sortu behar izan genuen materiala. Ni gau-eskolan, eta Hiazinto, berriz, ikastolako lanean, andereñoei eskolak ematen. Nik esango nuke Franco hil zenean hartu genuela arnasa, 1975ean. Ordu arte ezin izan genuena egin ahal izan genuen, eta egiten hasi ginen.

Lan gehiago egin zenuten.

Ni, esate baterako, orduantxe hasi nintzen euskarazko eskolak ematen, erabat. 1972an Lazkaora joan nintzen bizitzera, Hiazintorekin batera. Sasoi hartan, Beasainen egiten nuen lan, fabrikan, zortzi ordu. Orduan ez genuen eskolarik ematen. Gau-eskolan erabat, Franco joan zenean hasi nintzen, eta hantxe egin nuen bizimodua harrezkero. Gau-eskolak, AEK, Gerriko, Maizpide... Prozesu osoa bizitu nuen. Orduan, bai, zoragarria zen euskarazko eskolak ematea. Gustura jardun nuen: euskara, euskal kultura, literatura... Nik esango nuke euskara irakasten baino gehiago jendea kontzientziarazten saiatu nintzela.

Argazkia: Zaldi Ero.

1980an Israelen zaitugu, bidaian.

Imanol Berriatua frantziskotarrarekin batera joan ginen. Bi asteko bidaia zen, Israelgo esperientzia ikustea zen helburua, Israelen hebraiera nola berreskuratu zuten ikustea, alegia. 40ren bat lagun ginen, euskaltzainak batzuk, irakasleak beste batzuk, alfabetatze eta euskalduntzeko arduradunak... Akordatzen naiz Tel Aviveko aireportura ailegatu eta sekulako beroa egiten zuela. Kibutzak ikusi genituen, hebraiera biziarazteko zer lan egin zuten ikusi genuen... eta handik hona, euskara biziberritzeko nork bere plana ekarri zuen. Handik pare bat urtera, berriz, Dionisio [Amundarain] joan zen Israelera, eta hark bai, benetako plana ekarri zuen. Hango eredua Lazkaon aplikatu zuen. 1982ko irailean urte osoko ikastaroak antolatzen hasi zen, eta handik urte batzuetara, bide horretatik sortu zuen Maizpide 1988an.

Lehenago, hala ere, Gerriko dugu.

Bai. Goierri mailan zabalduta zeuden gau-eskolak, eta Gerrikok haiek denak batu nahi izan zituen, antolatu, 1977an. Goierriko Euskal Eskola zen Gerriko, lanak koordinatzeko sortutakoa.

Egindako lanak fruitu eman du?

Bai, dudarik ez.

Eta, honenbestez, nola ikusten duzu euskararen egoera oraingo egunean?

Hortxe! Ezinean bezala. Gaurko egunean euskarari... zerbait falta zaio, eta zerbait hori gauza konplexua da. Euskarak erakarri egin behar du jendea. Emozioak sorrarazi behar ditu, gauza atsegina gertatu... eta oraingo gazteek ez dute euskara horrela ikusten. Euskarak ez ditu gazteak erakartzen. Nire ustez.

Apaiztegia unibertsitate

“Askotan pentsatu izan dut apaiztegian unibertsitatean baino prestakuntza handiagoa ematen zela. Unibertsitatean ibilitako jende asko ezagutu dut, eta nire ustez, askoz prestakuntza handiagoa eskaintzen zuten apaiztegian, unibertsitatean baino”

Apaiz, ez apaiz

“Ez dut mezarik esaten, ez naiz elizara joaten, hiletaren bat ez bada, behintzat. Ez dut ezer erlijioaren kontra, bateko eta besteko apaizekin biltzen naiz Donostian hilean behin, eta honetaz eta hartaz hitz egiten dugu. Giro horretan bizi naiz. Apaiz, ez apaiz, ez nago linboan, baina airean bai!”

Dena zintzilik

“82 urte ditut, Zizurkilen bizi naiz, elementu jator asko ikusten ditut herrian, baina etorkizuna zail dagoela iruditzen zait, egundoko aldaketa garaia bizi dugulako. Aldatu da erlijioari buruzko sentipena, aldatu dira ohiturak... Ez dakit nora goazen. Dena zintzilik dagoela iruditzen zait. Zaila dago”

Azken hitza: Hiazinto Fernandorena Setien

“Hiazintok markatu zizkidan bideak. Mila gauza zor dizkiot berari. Besteak beste, 60ko hamarkadaren hasieran nire burua alfabetatzen jartzen hastea. Besteak beste, lantokira pausoa ematea... Besteak beste, hau, hori eta hura. Hiazinto nuen zuzendari espirituala, esateko moduan. Ez dut Hiazinto behin ere ukatuko”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
2024-08-22 | Euskal Irratiak
Maddi Kintana: “Gazte euskaldunen hizkeran frantsesak eragin handiagoa du”

Maddi Kintanak Baiona, Angelu eta Miarritzeko gazteen euskara aztertu du bere tesian. Hitz berriak sortzen dituzte baina baita hitzak beste hizkuntzetatik hartzen ere, besteak beste, interneten eraginez.


2024-08-14 | Kanaldude
EuskarAbentura: gazteen paregabeko espedizioa

Joan den uztailean, hilabete batez, 127 gaztek 400 kilometroko espedizioa oinez egin dute Euskal Herrian gaindi. Abenturazale haiek Jzioquitarrak deitzen dira eta 30 egunez, 27 herri bisitatu eta hainbat euskal eragile ezagutu dituzte. Aurten, EuskarAbenturako helburuak aise... [+]


2024-08-12 | Sustatu
Kip- eta Chep- izen horiek norenak diren

Faith Chepngetich Kipyegon keniarrak 1.500 metroko atletismo proba irabazi zuen larunbatean, Paris 2024ko azken-aurreko egunean, bigarren emakumezkoa bilakatuz historian atletismoan urrezko hiru domina olinpiko erreskadan lortu dituena. Gauzatxo bati ere erreparatu... [+]


“Euskararen patua independentziarekin lotzen badugu, euskarak jai egin du”

Xabier Zabaltza Perez-Nievas historialaria, idazlea eta EHUko irakasleak 'Euskal Herria heterodoxiatik' izeneko liburua plazaratu berri du. Bertan dio Euskal Herria ezinbestean euskara eta euskal kulturaren bidez eraiki behar dela eta horretarako funtsezkoa dela euskara... [+]


2024-08-05 | Sustatu
Martxan den proiektu bat, Euskal Herriko Historia 100 objektutan

Euskarazko Wikipediak ekimen interesgarri bati ekin dio 2024 honetan. Euskal Herriko Historia 100 objektutan. Ideia hartu zuten wikilari euskaldunek antzeko motiboarekin apailatutako liburu batzuekin. BBC-k eta British Museum Londreskoak Munduaren Historia bat egin zuten 100... [+]


“Musikak erroreari zor dio ondo emandako notari bezainbat”

Aspaldidanik Saran bizi den arren, goiza Bidasoaren ibarrean pasa behar zuenez gero, Hondarribiko parte zaharrean zitatu gaitu Ruper Ordorikak (Oñati, 1958). Goiz eguzkitsuan, puntual eta irribarretsu agertu da maldan gora, konsistorioaren parera, turista gazte kuadrilla... [+]


Jarrera baikorrak areagotzearen beharra

Euskaltzaleen Topaguneko kideek euskara sustatzeko jarreren inguruko datu kezkagarriak hauteman dituzte. Hori dela eta, Gero eta aldeko gehiago gizartean ikerketaren bidez, herritarrak euskarara hurbiltzeko estrategia berriak landu dituzte. Horretaz mintzatu dira, apirilean,... [+]


Ez da gelako elefante bakarra

Hizpidea jarri zuen Pello Salaburuk sare sozialetan, aipatuta hemendik hamabost urtera etorkinen pisua Bizkaian biderkatu egingo zela, biztanle guztien %22 izateraino, eta hori badela “zinez euskararen mehatxua”. Jakina, horrela botata, beste zehaztasunik gabe, azkar... [+]


2024-07-24 | Sustatu
Claude, euskaraz oso txukun egiten duen beste adimen artifizial bat

Ekainean kaleratu zuen Anthropic enpresak Claude adimen artifizialaren (AA) Claude 3.5 Sonnet izeneko bertsioa.  Eta joan den asteko nobedadea, Android aplikazioa. AA inbento hauek jada ohituta gauzkaten bezala, euskaraz oso txukun aritzen da. Beñat... [+]


Katixa Dolhare: «Frantsesa klaseetan literatura azkar lantzen da baina euskara klaseetan anitzez gutxiago»

"Euskara eta euskal literatura, programaketatik ikasgelara" jardunaldian parte hartu zuen Katixa Dolhare Zaldunbidek. Seaskak eta UEUk antolatu Udako Ikastaroen barne. Bere problematikak horiek ziren: Zer leku du literaturak hezkuntza programetan eta nola landu euskal... [+]


Eguneraketa berriak daude