Sobietar Batasunean erlijio ofizialik izan balitz, izotz hockeya litzateke, eta erlijio horren profeta nagusia zein zen galdetuko bagenu, erantzuteko zalantzarik ez zen egongo: Valeri Kharlamov mitoa. Jende gutxik dakiena da jokalari handi honen ama, Begoñita, 1937an Francoren tropetatik ihesi Santurtziko portutik bidalitako “gerrako haurra” zela.
Enrique Zafra historialariak argitaratutako zerrenden arabera, 1937ko ekainaren 13an Habana itsasontzian Euskal Herritik atera ziren haur errefuxiatuen artean Bilboko Oribe Abad anai-arrebak zeuden. Carmen, Diego eta Francisco, beste milaka bezala, Errepublikaren porrotak ekarriko zien etorkizun ilunetik aldentzeko gurasoen altzotik urrun bidali zituzten. Aita frontean hildako errepublikarra zen eta ama, militante komunista ezaguna, espetxean denbora emango zuena. Pauillacen (Okzitania) eskala egin ondoren Leningradon lehorreratu ziren ume gehienak eta hortik, hainbat hiritan banatu. Oribe Abad anai arrebak Moskura joan ziren.
Hamar urte pasata, Carmen Oribe, Begoñita ezizenez ezagutzen zutena, Sobietar Batasuneko gazte langilea zen eta igandero dantzalekura joaten zen Aeroflot hegazkin enpresako lankideekin. Bertan ezagutu zuen Boris Kharlamov, Kommunar lantegiko mekanikaria; uste baino lehen ezkonduta zeuden eta Begoñita haurdun. 1948ko urtarrilaren 14an izugarrizko elurtearen erdian, taxiak ezin aurrera eginik ibilgailuan bertan jaio zen haurra.
Ama eta jaioberria ospitalean zirela, oinez etxera zihoan Boris atxilotu zuten, lapurra zelakoan. Komisaldegian, egoera argituta, poliziekin edaten eta erretzen, haurraren izena erabaki zuen gizon hark: Valeri izango zen, Valeri Chkalov hegazkin pilotu sobietar ezagunaren omenez.
Bigarren Mundu Gerraren ostea, estalinismoa une gorenean, gogorra izan zen. Begoñita, Boris eta Valeri panelezko hormek zatitutako gela baten laurdenean bizi ziren. Valeri ume ahula eta gaixobera zen. Errazionamendu bidez banatzen zituzten elikagaiak eskasak ziren eta hotzak ez zuen osasun egoera hobetzen laguntzen. Laster arreba heldu zitzaion, Tatiana.
Frankismoko Bilbora itzulera
Stalinen heriotzak Gerra Hotza epeldu zuen eta “gerrako haurrei” Burdinazko Hesia zeharkatzeko aukera eman zitzaien. 1956an Bilbora itzuli ziren eta Valeri eskola frankistan hasi zen. Ikaskideek Rusito deitzen zioten; hain beldurgarria omen zen komunismoaren ordezkaria zen, eta gainera, hizkuntzarekin arazoak zituen. Geroko elkarrizketetan, ordea, gehien markatu zuena otoitz egiteko beharra izan zela zihoen Valerik. Sobietar Batasunetik heldu berrientzat, giro frankista ez zen erosoa eta zortzi hilabete pasata, behin betiko Moskura itzultzea erabaki zuten. Begoñitak bigarrenez utzi zuen bere sorterria.
Valeri hockey patinak janzten hasi zen orduan, hasieran aitarenak bere zapaten gainetik jarrita, geroago bereak. Beheko kategorietan ibiltzen zenean, 13 urterekin, bihotzeko gaitza antzeman eta kirola uzteko agindu zioten medikuek. Aitak entrenamenduetara eramaten segitu zuen ordea, ezkutuan, Begoñitak jakin gabe. Bikotekideen arteko desadostasun hori ez zen arazo bakarra: Valeriren biografoek aitaren alkoholismoa aipatzen dute behin baino gehiagotan. Ama euskalduna harro zegoen semeak lortutakoarekin, ez ordea senarraren jokabidearekin.
Gazteen mailan hasita, 1967ko urrian CSKArekin, Ejertzito Gorriaren taldearekin egin zuen debuta Kharlamovek. Gazteegia zela iritzi zuten eta hura utzita joan zen Zvezda taldera, Uraletara. Bertan jokalari bikaina zela frogatu zuen eta hurrengo denboraldian bere bizitza osoko taldea izango zenera itzuli zen. Laster Sobietar Batasuneko selekziorako hautatu zuten eta hortik aurrerakoa hockeyaren historia bizia da, 17 dortsalarekin asko izan baitziren lortutako balentriak.
Neguko Olinpiar Jokoetan bi urrezko domina (Sapporo’72 eta Innsbruck’76) eta zilarrezko bat (Lake Placid’80). Munduko txapelketetan zortzi urrezko, bi zilarrezko eta brontzezko bat. Hamaika aldiz Sobietar Ligako txapeldun eta 1979ko Challenge Cupeko irabazlea. Lehenengoa izan zen, AEBetako NHL ligan jokatu gabe, “Hall of Fame” jokalari ezagunen museoan sartzen eta Kanadako profesionalen kontrako partiduan nahita lesionatu zuten irabazi ahal izateko. Estatubatuarrek 1.200.000 dolar eskaini zioten, baina Gerra Hotzaren garaian etsaiaren aldera pasatzea pentsaezina zen.
1975ean Valerik dei bat jaso zuen etxean, Irina lagun zaharrarena zen. Haurra izan zuela eta aita bera zela jakinarazi zion. Alexander jaioberriaren aitatasuna onartu eta ezkontzea erabaki zuten. Laster alaba izan zuten, Begoñita, amama bezala. 1976an kotxe istripu larria izan zuen baina 1980ko Neguko Olinpiar Jokoetarako berriro hockeyra itzultzea lortu zuen. Hor, zilarra baino ez zuten lortu eta errudunak bilatu behar zirenez, Kharlamov izan zen seinalatua; ez zuten gehiago selekziorako hautatu.
Autoan jaio eta hil zen kondaira
1981eko Munduko Txapelketa Kanadan jokatu behar zen eta Kharlamov ez zegoen deituta. Oporretan zela, egun-pasatik Moskura bikotekidearekin bueltan kotxez zihoala, istripua izan zuten eta biak hil ziren. Auto batean jaiotako jokalaria, autoan bizia galduta bihurtu zen kondaira.
Hil osteko omenaldiak ikaragarriak izan ziren. CSKAk eta sobietar selekzioak 17 dortsala erretiratu zuten, urtero NHLko errusiar jokalari hoberenari ematen zaion saria Kharlamov Trophy da eta Errusiako gazteen mailako txapelketak ere bere izena darama. 2014an Valeriren bizitzaren inguruko pelikula egin zuten, 17 zenbakidun kondaira. Duela gutxi, bere aldeko monumentua aurkeztu dute Moskuko estadio olinpikoan, eta garrantzitsuena, milioika errusiar zaletuen oroimenean geratu da.
Semearen heriotza kolpe latza izan zen Begoñitarentzat. Biloben zaintzaz arduratzen saiatu zen baina hauek aitaren aldeko amonarekin bidali zituzten. Egoerak erabat tristatu zuen eta hilabete batzuen buruan hil zen txapeldunaren ama bilbotarra. Begoñitaren biloba, Alexander maila ertaineko hockey jokalaria izan zen. Haren semeak Valeri du izena, aitonak bezala. Valeri Kharlamov berriari hockeya ez zaio gustatzen ordea, nahiago du futbola.
Iruñea, 1939. Urte hasieran, hiriko zezen-plaza kontzentrazio-esparru modura erabili zuten frankistek. 3.000 gerra presorentzako edukiera izan zuen ofizialki; Nafarroan une horretan fronterik ez zegoenez, gerra presotzat baino errepresaliatu politikotzat jo behar dira han... [+]
Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]
"Gerraren Oroimena" izeneko ibilbidea osa dezakezue noiznahi Usurbilgo erdigunean.
Segundo Hernandez preso anarkistaren senide Lander Garciak hunkituta hitz egin du, Ezkabatik ihes egindako gasteiztarraren gorpuzkinak jasotzerako orduan. Nafarroako Gobernuak egindako urratsa eskertuta, hamarkada luzetan pairatutako isiltasuna salatu du ekitaldian.
Iruñerrian, eta Nafarroan orohar, une honetan memoria historikoaz hitz eginez gero, mahai-gainera indarrez aterako da Iruñeko Erorien Monumentuaren afera. Eraikina 1942an eraiki zen Francoren alde altxatutako hildakoei gorazarre egiteko. Elkarte memorialista... [+]
88 urte eta gero, Intxorta 1937 kultur-elkartearen ekimenarekin, lore eskaintza egingo da aurten ere, monolitoetan. Ostegun honetako ekitaldian, kultur-emanaldiez gain, kalejira eta ‘Orratz-begia’ erakusketara bisita izango dira.
CNT sindikatuak egin duen eskaera ofiziala babestu du udaleko koalizio abertzaleak, eta faxistekin batera lurperatu zituzten biktima guztiak bilatzeko eskatu du.
Gasteiztarrarekin bederatzi dira ihesaldian parte hartu zuten identifikatutako pertsonak. Guztira, Nafarroako DNA Bankua sortu zenetik 43 pertsonaren datuak lortu dituzte.
Badakigu gerra bat noiz hasten den, baina ez noiz amaituko den. Hainbatetan entzun dugu esaldi hori, eta topikoa dirudi, baina arrazoirik ez zaio falta, gaur egun munduan barrena bizirik segitzen duten gatazka ugariei erreparatuz gero. Gauza bera esan liteke 1936ko uztailaren... [+]
Aragoiko Asabón errekak zeharkatzen duen lurraldeak hainbat ustekabe eder gordetzen ditu. Ez naiz historialaria, eta, hortaz, ez dut halako kronika historiko bat eginen. Bereziki mendizale gisa mintzatuko naiz, aspaldi honetan nire gogoak –nire senak– halako... [+]
Otxandioko bonbardaketaren erantzule nagusietako bat da Angel Salas Larrazabal urduñarra. Hortaz, herritarren aurka Euskal Herrian eginiko lehen bonbardaketan parte hartu zuen.
Gurasoak hilik, etxeko ganbara husteari ekin zioten
seme-alabek. Hainbat gauzaren artean, koaderno eta paper sorta, argazkiak eta nahi beste agiri. Bego Ariznabarreta Orbeak aita aspaldi zenduaren gerrako memoria harrigarriak zurian beltz irakurri, eta jabetu zen altxorraz,... [+]
Larunbatean aldundian egindako ekitaldian Azconaren biloba María Jesús Fuertesek jaso ditu gorpuzkiak, bere seme-alabekin batera. Ekitaldian gogorarazi dute 1936-1945 urteen artean 376 pertsona exekutatu zituztela, horietatik 299 epaiketarik gabe.
Pilotari famatua izan zen, munduko txapelduna, baina tartean behin baizik ez zuen Euskal Herrian jokatu, Mexikon jaio, hazi eta hantxe bizi baitzen, gurasoak haraxe joanda 1936ko gerratik ihesi. Abertzalea, Mexikoko euskal etxeko presidentea, Jaurlaritzaren aholkularia,... [+]